IHESALDIA Hiru neskatila mestizo atzean lotuta Movingundatik irten zenean, haserre zegoen John O’Shea polizia-agentea. Estazioko1 hiru gizon zuri bakarrak begira egon ziren, barrez eta adar-joka, O’Sheak zaldi gainera igota alde egin bitartean. Emakume aborigenek eta zakurrek osaturiko saldo batek atzetik jarraitu zion, uluka. Gizonezko natibo gehienak kanpoan ziren ganadua biltzen. «Jainkoari eskerrak» pentsatu zuen O’Sheak, «konplikatuagoa zatekeen bestela». Emakumeek eta zakurrek milia luzez jarraitu zieten, garrasika eta intzirika. Neskatilek ere garrasi eta intziri egiten zuten haiei begira. Emakumeak atzean gelditu ziren azkenean; neskatilek, ordea, negar-zotinka eta zizpuruka jarraitu zuten. O’Shea polizia-agenteak lasaitu ederra hartu zuen sastraken babesera heldu zirenean, eta Lorganserako bideari jarraitu zioten lehorteak zakartutako lur idorretan barrena. Egun argia zen, hotza eta eguzkitsua. Goi-lautada hartatik ordoki zabala ikusten zuen, urdin grisaxka, neguko itsasoa bezalakoa. Muino-multzo urdin ilunagoa zeruertz urrunari gainjartzen zitzaion. Inguruko mulgak2 hilda edo hilzorian zeudela zirudien, aurreko egunetako euriak bidexkaren alboan putzuak eratu zituen arren. Berde freskoa beren inguruko lur gorria orbantzen ari zen, burdinazko harri-koskor beltzez osatutako sarean puska koloretsuak sortuz. Aborigenen Departamenduaren aginduz neskatila mestizoak jaso eta gobernu-erakundeetara eraman beharrak nahigabetu egiten zuen O’Shea.3 Ez zuen uste zeregin egokia zenik aginpidearen ospea mantendu eta urruneko eskualde batean legea eta ordena ezarri behar zituen gizon batentzat. Baina agindu zioten Movingundako hiru neskatila mestizo eramateko hilaren zortzian Lorgansetik pasatuko zen trenera. Beraz, haurrak jaso eta trenean etorriko zen funtzionarioari entregatzea beste aukerarik ez zuen. Desatsegina izan zen gaztetxoak amengandik banantzea. A zer jarduna oihuka eta txilioka, marruka eta erreguka, haurrak ezkutatzen eta haiekin sastraketarantz ihes egiten saiatzen ziren artean! Emakume aborigen bat erreka ondoko zuhaitz batera igo zen izuak hartutako alabarekin batera, eta ilundu arte ezin izan zuen neskatila hura harrapatu, bertatik jaitsi eta suaren ondoan lokartu ziren arte itxaron behar izan zuen eta. O’Shea polizia-agentea izerditan zegoen, eta biraoka ari zen gertatutako guztia buruan zebilkiola, gogoratuz zein barregarri geratu zen Movingundako gizon zurien aurrean. Haietako batek ere ez zion laguntzarik eskaini, eta bazekien alferrikakoa zatekeela eskatzea. Murphyk ere parte hartu zuen iseka haietan. Haurretako baten aita zen, baina ez zuen hori onartzeko adorerik. Ulergarria zen: garai hartan zigorra zegokion emakume natiboren batekin elkartzen zen gizonezko orori. Baina Fitz Murphy haietako batekin bizi izan zen hainbat urtez, eta haur ugari izan zituen harekin. Guztiek zekiten hori. McEacharnek bere ikuspuntua adierazi zuen behintzat: —Ez —esan zuen—, ez dituk nire alabak. Izango balira, ez hituzke eramango, O’Shea. Artean, izapide ofizialak egiteko zeuden. Neskatilei izena jarri behar zitzaien, gurasoak aipatu ere egin gabe, izan zuriak zein beltzak. Haurrak bereizteko modu bat baino ez zen. «Denbora galtzea» esan zion O’Sheak bere buruari, bidaiaren helburua umeak guraso aborigenengandik eta giro horretatik banantzea baitzen. O’Shea polizia-agentea nazka-nazka eginda zegoen mukizu mestizoentzat izenak asmatu ezinik. Aurretik ere erregistratu behar izan zuen haur multzorik. Posible zen neskatilek kanpamentuan edo estazioan zituzten izenak erabiltzea, baina abizena ere esleitu behar zitzaien. O’Sheak arautegia madarikatu zuen. Kasu honetan bazekizkien haurren benetako izenak: Mynie, Nanja eta Coorin. Molly, Polly eta Dolly errazagoak ziren gogoratzeko; beraz, Molly, Polly eta Dolly gisa erregistratu zituen. Abizenak asmatzeko, ordea, luze hausnartu behar izan zuen. Ezin ziren neskatilen aiten deiturak erabili, baina estazioen edo herrixken izenak hartu eta moldatzea onargarri izan zitekeen kasu batzuetan.
—Zer esan nahi dik Movingundak beltzen mordoiloan? —galdetu zion McEacharni. —Ant-hill 'inurri-mendixka, inurritegia'. —Horrek balioko ziguk —esan zuen O’Sheak irribarrez, eta Anthill gehitu zuen Mollyren alboan. —Eta zuek zer, mutilak? —jarraitu zuen—, haurren bati zuen abizena jartzerik nahi? —Ezta pentsatu ere! —esan zuen Murphyk, harrokeriaz. —Esaten duan oro hire aurkako frogatzat har zitekek, ezta, Murphy? —esan zuen O’Sheak, lehor. Gizonak barrez lehertzen ari ziren. —Multzo madarikatu osoari nire abizena jar diezaiokek nahi baduk —marmartu zuen McEacharnek—, Jainkoak bazekik ez dudala emakume aborigenik ukitu. —Ados! O’Sheak McEacharn zirrimarratu zuen hurrengo haurrarentzat. —Eta gazteena? Mick Donovani, estaziora hornigai bila etorria zen esploratzaile zaharrari, irria atera zitzaion: —Bera duk horrenbeste korrika eginarazi ziana, sarjentu. —Jar iezaiok Small 'txiki' eta kito —iradoki zuen McEacharnek. O’Sheak esker onez hartu zuen proposamena. —Horra —esan zuen, txostena tolestu eta paper sorta batekin batera uniformeko goiko poltsikoan gordetzen zuen bitartean—, neskatilatxo hauek goi-mailako deiturekin irtengo dituk hemendik, bizimodu berri dotoreari ekiteko moduan. Okerrena zen ez zuela gogoratzen zein zen zein. Haurrek ere ez zekiten zeini zegokion Molly, zeini Polly eta zeini Dolly, eta beren sorterriko izenez deituz gero soilik erantzuten zuten. Baina, zer arraio, gizon batek ez luke horretaz kezkatu behar. Departamenduak sailkatu beharko zituen nolabait. O’Shea polizia-agentearen aldartea ez zen hobetu zaldi gainean zihoala. Zaldi ahaltsua, urduria bezain basatia, bere airean ibiltzen zen gehienetan, eta gainean zeramatzan hiru neskatila gogaikarriek haserretu egiten zuten. Ez zuten uso aldra basati batek baino askoz gehiago pisatzen, baina haurren hanken kulunkek eta ipurditxo hezurtsuek minberatu eta atsekabetu egiten zuten Chief zaldia. Behin baino gehiagotan saiatu zen denak lurrera jaurtitzen, gorputza inarrosiz eta ipursaltoka. Baina umeak izainak bezala itsasten zitzaizkion, elkarri uhalez estekatuta bazeuden ere. Zaharrena O’Shearen gerrikoari lotuta zegoen, eta gainerakoak, berriz, hari. Bero egiten zuen eguerdian, zerua urdin eta garbi zegoen eta eguzki-argiak begiak itsutzen zizkien. O’Sheak egarria sentitu zuenean, umeei trago bana eman zien ur-zakutik, eta baita ogi eta haragi zati bana ere, estazioko sukaldariak prestatutako jatekotik. Haurrak hain zeuden beldurtuta, non begiak zabal-zabalik begiratzen baitzioten hitz egiten zienean. Ez zuten hitz bakar bat ere esaten. O’Shea ohartu zen beste jatordu bat ere egin beharko zutela, eta kontu handiz banatu zituen anoak. Otordu hori ez zeukan aurreikusita. McEacharn autoarekin haurrak Lorgansera eramateko moduan izango zela espero zuen. Hark, ordea, atsekabetu itxurak eginez, aditzera eman zuen ezingo zuela halakorik egin; hitzordu garrantzitsu bat omen zeukan Ethel Creeken, ehun miliara kontrako noranzkoan. Eta estazioko zalgurdia beste kanpamentu batean zegoen, ganadu-bilketara joandakoek eramanda. Hiru eguneko epean neskatilak trenez bidali behar zituzten; beraz, O’Shea polizia-agenteak ondo asko zekien bere ardura zela haurrak treneraino eramatea. Neskatilak bere atzean hartzea beste biderik ez zuen, eta gainera aire zabalean pasatu beharko zuen gaua. Sandy Gap estaziora joatea eta arduradunari hirurentzat gaua pasatzeko tokia eskatzea ere pasatu zitzaion burutik, baina barre-algarak eta isekak entzun beharko zituen berriz. Ezta hurrik eman ere! Deserosoa izango zen gaua bide ertzean pasatzea eta aldi berean umemokoak kontrolpean izatea. Ez zuen mantarik, eta suaren babesean egin beharko zuten lo. Euritakoa erabiliko zuen azpiko babesgarri zein estalki gisa, eta zela, berriz, burko gisa. Ilunabarrean, haurrak zaldi gaztainkara handitik jaitsi zituenean, gustura askatuko zizkien gerri-bueltan lotuta zituzten uhalak, baina ondo asko zekien zer gertatuko zen neskatilak aske utziz gero: hanka egingo zuten ziztu bizian. Movingundara itzultzeko gai izango ziren, gazte-gazteak izanagatik ere O’Sheak berak baino hobeto ezagutzen zituzten-eta lur haiek. Txotxolo itxura galanta izango zukeen neskatilen atzetik estaziora itzuli balitz, zer eta haiek berriz harrapatzeko eta atzera bideari ekiteko. Egoera ohikoa izan balitz, Charley Ten aztarnari beltza arduratuko zatekeen umeak zaintzeaz eta sua pizteaz; baina Charley Meekatharran zegoen, natiboen epaiketa batean deklaratzen.4 Haurrak lotuta mantendu beharko zituen, beraz, eta sua bere kasa piztu. Ez zuen beste aukerarik.
O’Sheak bere zorigaiztoa madarikatu zuen, mulga-enbor batzuk bildu eta sua ematen zien bitartean. Behinola izan zuen promozio-gosea madarikatu zuen, landa-eremu urrunera eraman zuena. Murphy ere madarikatu zuen, eta baita mestizoak sortu zituen ipar-mendebaldeko gizonezko oro ere. McEacharn madarikatu zuen, ageri-agerian utzi zuelako ez zuela asmorik erraztasunik emateko gaztetxoak bere estaziotik ateratzeko. Aborigenen Babeslea5 eta Departamendua madarikatu zituen, polizia-agenteak toki galduetara bidaltzen zituztelako zuhurkeriaz, Aborigenen Departamenduko funtzionarioek egin beharko zuketena egitera. Asmo oneko gizon-emakumeak madarikatu zituen, hain zuzen, neskatila mestizoei laguntzeko gobernuak “zerbait” egin beharko lukeela ziotenak, “zerbait” hori zehazki zer den jakin gabe. Hiru neskatilak lurrean eserita zeuden, gizonari begira. Sei begi ilun ederrek haren mugimenduei jarraitzen zieten, erne bezain mesfidati. Hiruretan zaharrena bederatzi urteko adinarekin erregistratu zuen; beste biak zortzi eta zazpi urteko adinekin. O’Shea, neurri batean, haurrek begiratzen zioten moduagatik zegoen haserre, baina ez zuen hori onartu nahi. Ezin zuen jasan neskatilek beldurrez begiratzea, une batetik bestera jan zitzakeen ogroa balitz bezala. Gizon gazte, erakargarri eta jatortzat zuen bere burua, eta harro zegoen bere betebeharrak zorrotz baina krudelkeriarik gabe betetzeaz. Gizon batek halako barruti batean arrakasta izan nahi bazuen, ondo ikusia behar zuen izan. O’Shea polizia-agente bakarra zen ehun bat miliako itzulinguruan, eta estazio-jabeen eta meategietako arduradunen laguntza ezinbesteko zuen larrialdietarako. Egiteko honek ez zion onarpenik ematen estazioetan, eta gorrotatu egiten zuen. Nahiago zuen dozena bat mozkorren arteko borrokan sartu eta guztiak atxilotu, esaten zuen, Aborigenen Departamenduaren izenean neskatila mestizoen bila irten baino. Zergatik ez zuen lan zikin hura Departamenduak berak egiten? O’Shea nahigabetu egiten zuen ezarri zioten betebeharra lan zikina zela pentsatzeak. Emakume batek nolatan nahiko zukeen bere haurrak besoetatik kentzea, jakinda ia ezinezkoa izango zela haiek berriz ikustea? Nola hartuko zukeen hori bere emazteak, esaterako? O’Shea polizia-agenteak irudikatu zuen norbaitek beren hiru alaba ile leundunak eta semetxoa banantzen zituela bere Nancyrengandik, eta irribarre egin zuen. Baina, haur aborigenei janaria eta ur trago bana eman ostean, ondu gabeko larruzko zerrendekin lotu zizkien eskuak badaezpada, gerri-bueltan lotutako uhalak askatu eta ihes egin ez zezaten. Umeek lo hartu zuten elkarren ondoan estu bilduta. Pixka batean negar-zotinka aritu ziren aurretik, ihesteko inongo itxaropenik gabe. O’Shea polizia-agentea suaren beste aldean etzan zen luze, baina gaizki eta deseroso egin zuen lo. Bigarren eguneko iluntzea zen O’Shea Lorgansera heldu zenean, mendi-lepotik barrena bidezidor bati jarraituz. Apropos heldu zen ilunabarraren ostean, inork ez ikusteko moduan. Urte luzez, abandonatutako meatze-herri horietako bat izan zen Lorgans, meategi zahar baten hondarrak eta dorre-armazoia, taberna bat eta denda-ilara baten arrastoak besterik ez zeukana behinola izan zuen oparotasunaren erakusgarri. Baina burdinbidea bertatik gutxi gorabehera milia batera zegoen oraindik eta, meategia berriz zabaldu zutenean, biziberritu egin zen herria. Urrea bere fruituak ematen ari zen. O’Shea polizia-agente izendatu eta gutxira, mugimendu handia hasi zen mendi-barreneko lautadan. Putzu berriak zulatu zituzten, eta hondakinen artean dendak agertzen hasi ziren. Lorgansek hirurehun edo laurehun biztanleko populazioa lortu zuen hilabete gutxian, eta O'Sheak beretzat herriaren sarreran eraiki zuten polizia-etxe berri eta dotorera eraman zituen bizitzera emaztea eta familia. O’Shea zaldi gainetik jaitsi zen etxe-atzeko lorategiko burdin hesira heldu zenean, eta Mynie, Nanja eta Coorin ere lurrera jaitsi zituen. Ez zuen nahi emazteak horrela ikusterik, haurrak atzean pega-pega eginda, barrez hasiko zen-eta seguru. Erruz egin ohi zuen barre. Emakumearen arabera, bere umoreak mantentzen zuen lodi eta alai toki galdu horretan; baina O’Sheak, ahal izatera, ez zion bere bizkar barre egiteko aukerarik eman nahi. Zakur bat zaunkaka hasi zen O’Shea gerturatu orduko. Zaunka-hotsak aditu bezain laster, O’Shea andrea presaka irten zen etxetik. Seme-alaba txikiak inguruan biraka zebilzkion. Emakume handi eta ilehoria zen, gazte samarra, bular-harroa eta mardula. Haurrek haren antza zuten: ile horia eta arrosa-koloreko azal leuna zuten. Aita agurtzera joan ziren lasterka, pozez eta irrikaz. O’Sheak besotan hartu zuen semea, eta alabak tinko atxiki zitzaizkion. O’Shea andreak topatu zituen hiru mestizo txikiak, elkarrekin uzkurtuta, begiak zabal-zabal emakumearengan josita, triste. —Oi, Jack —jaulki zuen andreak—, gaixoak! Zer egingo duzu hauekin? —Zuk zer uste duzu? —galdetu zuen O’Sheak, ezinegonez—. Maskota gisa hartuko ditudala?
Bere alabek zer gertatu zen igarri zuten, eta atergabe galdezka hasi ziren: —Zaldi gainean ibili al dituzu, aitatxo? —Eta guk zergatik ezin dugu zaldi gainean ibili? —Nik ere Chiefen gainean eseri nahi dut, zure atzean, aitatxo! —Zaldi gainean eramatea nahi dut… —Eta nik ezin dut zaldi gainean ibili, aitatxo? Mestizoek harri eta zur begiratzen zieten beste haurrei. Nola zen posible polizia-agenteari horren lasai eta arduragabe hitz egitea? —Baina ezin dituzu horrela lotuta eduki —kexatu zen O’Shea andrea, neskatila errukarriez kezkatuta oraindik. —Txoriak bezain basatiak dira —azaldu zuen O’Shea polizia-agenteak, suminduta—. Aukera emango banie, Movingundara alde egingo lukete ziztu bizian. Eta ez dut bizi behar izan dudan guztia errepikatu nahi haiek berriro harrapatzeko. Ezta ordainduta ere! Semea lurrean utzi zuen, eta uzkurturiko burdin txapaz egindako etxola baten ondora gerturatu zen. Etxolak txarrantxadun leihotxo karratu bat zuen. Sarraila ireki eta atea zabaldu zuen, zakar. —Zuek, erdu hona —dei egin zien—. Eztotsuet minik eingo. Nire andriek ekarkotsue janarijje laster. Mynie, Nanja eta Coorin aterantz hurbildu ziren mantso-mantso, herabe. Etxola ilun hartatik libratuko zituen zerbaiten bila ari ziren, etsipenez beteriko begiekin. Etxola hura ziega gisa baliatzen zen, baina ez zuten asko erabiltzen: noizbait mozkor liskartiren bat edo preso natiboren bat giltzapetzeko baino ez. —Ez itzazu hor sartu, Jack —erregutu zion emazteak—. Beldurrak airean egongo dira, eta gauetan asko hozten du azken aldian. —Ezin dituzu etxe barrura sartu —aurka azaldu zen O’Shea. —Eta galeriaren hondoko gelara eramaten baditugu? —O’Shea andreak bereari eutsi zion—. Han ez dute trabarik egingo. Neuk eramango ditut zuk Chief bazkatu bitartean. —Nahi duzun bezala. Bihar, ondo igurtziz garbitu eta desinfektatu egin beharko dira. O’Sheak uniformeko jaka urdin iluna erantzi, zutoin batean zintzilikatu eta zaldiari zela kentzeari ekin zion. —Etorri, umeak —deitu zien emakumeak mestizoei, pozik.
Atzetik jarraitu zioten, emakumeak mantso-mantso lorategia zeharkatzen zuen bitartean. Bere seme-alabek ere jakin-minez jarraitu zioten. —Joan zaitezte afaria amaitzera —esan zien amak—. Eta erne ibili, Phyll: Bobbiek ez dezala kakaoa mahai-zapiaren gainera isuri. O’Shea polizia-agenteak zingilari eta zelaren petralei tiratu zien zakar, beso batean hartu zituen eta zaldi gaztainkara handiak zalditegira jarraitu zion. Oparo bazkatu zuen zaldia, karatoxatu zuen eta, etxe barrura alde egin aurretik, zalditegiaren ate-ondoko aska urez bete zuen. Mutikoa haur-aulki altu batean eserita zegoen, eta hiru neskatilak, mestizoen adin bertsukoak, poz-pozik berriketan ari ziren, otordua amaitu bitartean. Itxura fresko eta xarmanta zuten oso: ilea txirikorda txukunetan jasota zuten, eta amantal estanpatuak zeramatzaten soinekoen gainean. Nancy ama aparta zen; beti lortzen zuen haurrak garbi eta apain izatea afaritarako, eta guztia distiratsu eta atsegingarri edukitzea, senarra landan zeharreko bidaia luze horietakoren batetik itzultzen zenean. Baina, gau hartan, senarrarentzat haragi-xerra sutan erretzen ari zela, kezka aurpegia zuen Nancyk. Lorganseko bizimoduaren aurrean erakutsi ohi zituen patxada eta xalotasuna agortzen ari zitzaizkiola zirudien. —Poztuko naiz hemendik joaten garenean —esan zuen, haragi-xerraz, ur irakinetan egindako arrautzaz eta patata frijituz osaturiko platerkada handi bat senarraren aurrean jartzen zuen bitartean—. Haurrak bahitze honek neure onetik ateratzen nau. —Kokoteraino nago ni ere; zeu baino gehiago —erantzun zion O’Sheak, muturturik—. Departamenduak egiteko hau esleitu behar badit, auto bat utzi beharko dit, edo zalgurdi bat behintzat. —Onartezina eta lotsagarria da neskatila hauek beren amengandik horrela banantzea —jaulki zuen O’Shea andreak—. Datozen hilabeteetan emakume aborigenak behin eta berriro etorriko zaizkit Movingundatik, beren haurrak non dauden galdezka. Zer erantzun behar diet? —Esaiezu, orain arte esan diezun moduan, hegoaldera eraman dituztela neska dotore bihurtzera. —Ez didate sinesten: aborigenak ezin dira engainatu. Ez dituzte beren umeak berriz ikusiko; hori bakarrik dakit nik. Neskatilek ez dituzte beren amak gogoan izango, eta amek beren arrastoa galduko dute. —Haurrak natiboen kanpamentuetako bizimodu gaiztotik salbatzea da asmoa —gogorarazi zion O’Sheak. —Oso ondo, bai —kexatu zitzaion emaztea; sutan zegoen—. Zein da plana, ordea? Neskatilek irakurtzen eta idazten ikasiko dute, eta neskame bihurtuko dira. Baina erdiak baino gehiagok, berdin-berdin, bizimodu gaiztoa izango du hirian. Hegoaldean okerragoa izaten da haientzat, ezezagunekin bizi behar izaten baitute gainera. Neska mestizo batek hemen haur bat izaten badu, normaltzat jotzen da. Hegoaldean, ordea, zorigaitza da. Dena den, neskatilei zergatik ez zaie hona itzultzeko, estazioetan lan egiteko eta ezkontzeko aukerarik ematen? Landa-eremu urrunean hain emakume gutxi dagoenez, emazteki mestizoak lehen lerroan jartzen direlako. —Ez da nire errua. Gizona biratu eta sutondoko besaulki batean eseri zen zabal-zabal. Zaldiketarako botak tiraka kendu zituen, eta hanka luzeak luzatu zituen. Eskuz jositako galtzerdi lodiak zeramatzan soinean, galtza bonbatxoen ertzeraino igota. —Gogoan duzu Koolija estazioko Emmalina —jarraitu zuen O’Shea andreak—. Bere alabatxoa hegoaldera eraman zutenean, gure lorategiko burdin hesiaren ondoan eserita eman zituen egunak, negar-intzirika. Inoiz bihotza hautsita emakumerik hil bada, Jack, Emmalina izan da. —Jainkoaren izenean, Nancy —kexatu zen O’Shea—, ez larritu neskatila horiengatik. Kokoteraino nago ume horiekin eta, basati txiki horiek neroni lotuta landan zehar nabilenean, tontolapiko legez agertzearekin. Mynie, Nanja eta Coorin lurrean eserita zeuden. Elkarrizketa aditu zuten alboko gelatik: beren zoriari buruzko zer edo zer entzuten zuten lehen aldia zen. Adi-adi zeuden, txarrantxadun leiho karratutik begira. Beren zentzumen zoliei esker, mugimenduen eta ahotsen soinuen arabera, sukaldeko suaren argitan gertatzen ari zena irudikatzen zuten erabateko bizitasunaz, sukalde hori ozta-ozta ikusi zuten arren galeriatik igaro zirenean. O’Shea polizia-agentea jaten ikus zezaketen, eta emaztea ondoan zutik, senarrari hizketan. Alabetako batek marmeladadun ogi gehiago eskatu zuenean, emakumea ogia mozten entzun zuten, eta baita mutikoak hatzak marmeladatan sartzeagatik jaso zuen belarrondokoa ere. Marruka hasi zen, eta aitak haur-aulki altutik jaso eta bere magalean eseri zuen, sutondoan. Neskatilek ere aitaren altzoan eseri nahi izan zuten, baina O’Sheak mehatxu egin zien berehala ohera bidaliko zituela, isiltzen eta txintxo portatzen ez baziren. Familia ondo janda eta ase geratu zenean, “koitadu horiei” jateko zerbait eramango ziela iragarri zuen O’Shea andreak. Galeriaren hondoko gelako sarraila zabaldu zuen handik gutxira. Plater bete ogi eta marmeladarekin azaldu zen, eta te-katiluak ere bazekartzan erretilu batean. Esmaltatutako katilu bana jarri zien aurrean, eta erdian utzi zuen ogiz eta marmeladaz betetako platera. Bitartean, begira-begira zituen Mynie, Nanja eta Coorin. Ez zuen janaria hiru zatitan banatu beharrik; bazekien neskatilek tentu handiz egingo zutela hori. Haurrak elkarri uhalez lotuta zeuden, eta eskumuturrak ere lotuta zituzten. O’Shea andrea beren inguruan zebilen zalantzati, irribarrez eta amatasunez, neskatilak lasaitu nahian. Ezin zuen jasan umeak horren beldurtuta, horren mutu ikustea. Hain ziren txikiak eta argalak... Begi marroi handiak eta betile kiribilduak zituzten, eta orraztu gabeko ile gaztainkara-beltzaxka. Gina-ginak baino ez zituzten soinean: marguldutako kotoi puska urdinak, beren gorputz eskasen estalgarri. Funtsean, izena kenduta, zelda bat zen gela hura, giltzapetu errespetagarriagoekin erabiltzen zutena. Aulki bat eta mahai bat zituen, eta manta gris-urdinkarek estalitako ohe bat. Leihoak ez zuen beirarik, alanbre arantzadunezko sare bat baino. «Atea giltzaz itxita badago, ezinezkoa da bertatik ihes egitea» esan zion O’Shea andreak bere buruari. Beraz, justizia bere esku hartzea erabaki zuen. Belaunikatu egin zen eta, bere hagin zuri sendoekin, haurrak estekatzen zituen larruzko uhala askatu zuen; laxatu zituen larru-zerrendak ere, umeen eskumutur ilun eta meharrak estutzen zituztenak. Bazekien Jack sutan jarriko zela egindakoaz ohartuz gero. Hurrengo goizean berriz lotuko zituen haurrak, eta uste osoa zuen umeak eta bera izango zirela gertatutakoaren lekuko bakarrak. Bazekien fida zitekeela; ez zuten ezer esango. Nolanahi ere, O’Shea andrea ziur zegoen ez zuela begirik batuko koitadu horiek buruan izanik, txorimaloak bezala elkarri lotuta, hotzak eta gupidagarri. Ohean jarrita zegoen manta bati tiratu zion eta lurrean zabaldu zuen haurrentzat. —Horra —esan zuen amultsuki—, txintxo portatuko zarete, ezta? Ez zarete ihes egiten saiatuko, ez da hala? Hemengo Nagusiak hil egingo ninduke bestela... Atea giltzaz itxi eta bertatik aldendu zenean, Myniek, Nanjak eta Coorinek marmeladadun ogi-xerra lodiak eskuetan hartu zituzten, eta zanga-zanga edan zuten te gozo eta epela, esne kondentsatua gehiturik egina. Leiho karratuak mugatutako eta alanbrezko sareak marratutako zeru zati izartsua salbu, ilunpean zegoen gela. Marmeladadun ogi-xerra eta tea amaitu zituenean, Mynie leihorantz hurbildu zen isil-misilka. Kanpora begiratu zuen ezkutuka. Etxe-atzeko lorategiaren, ukuiluen eta zaldien itxituraren beste aldean, mendi-ilarak harresi beltz bat osatzen zuen. Myniek O’Shea polizia-agenteak hartu zuen bidezidorra ikusten zuen, meategiaren eta herri zaharraren inguruan sigi-saga, zuhaitz multzo ilun batek irensten zuen tokira arte. Sudur-hasperen baten soinua eta senezko erabakiaren ondorioz bat-batean egin zuen gorputz-ikara aski izan ziren kideak jakinaren gainean jartzeko. Begi ilunak berehala komunikatu ziren, zuhur eta ernai. Hormaren kontra bermatuta, ilunetan, txarrantxa haztatzeari ekin zion Myniek. Alanbre arantzadunari eusteko, iltzeak zeuden sartuta egurrezko markoan, eta txarrantxak errenkadak osatzen zituen horrela. Myniek, atzamar ilunak kakotuz eta bihurrituz, banan-banan eta poliki-poliki aztertu zituen errenkadak. Halako batean, hainbat alanbre-ilararekin saiatu ondoren, burua jiratu eta Nanjari eta Coorini so egin zien, begiak dir-dir. Isilka gerturatu ziren neskatilak, eta iltze pare bat kili-kolo zeudela ikusi zuten. Sekuoia-egurra maskaldu egin zenez, ateratzeko moduan zeuden iltzeak; beraz, txarrantxa tolestuz gero, haur bat bertatik sartzeko moduko zulo bat sortzen zen. Hiru neskatilak lehengo tokira itzuli ziren isil-misilka, eta lurrean eseri ziren atzera, ingurura begira eta zain. Coorin lokartu egin zen, eta haren burua Nanjaren sorbaldaren gainera erori zen. Bien bitartean, sukaldeko gorabeherak entzuten ari ziren Nanja eta Mynie, urduri bezain adi. O’Shea andreak semea oheratu zuen. Garbitzera eta ilea orraztera bidali behar izan zituen alabak; ez zuten ohera joan nahi. Polizia-agenteak hiru txerrikumeri buruzko ipuin bat kontatu zien. Musu eman zioten gero, “gau on, aitatxo!” errepikatuz behin eta berriz, eta lasterka joan ziren, barrez eta solasean. —Ez ahaztu otoitzak —esan zien O’Shea andreak ozenki. Txandaka, neskatila zuriek otoitz egin zuten, corroboree bateko abesti baten hitzak gogoratzen ariko balira bezala:
Josutxo, nire antzera, ume txiki zara zu; horregatik maite nauzu eta nik maite zaitut.
O’Shea andrea neskatilen logelan sartu zen urrats arinez, musu eman zien eta argia itzali zuen. Harrikoa egiteko zeukan oraindik. Buru-belarri aritu zen platerak jasotzen, senarrari energiaz eta alaitasunez hitz egiten zion bitartean. Gizonak aharrausi egin zuen, eta nagiak atera zituen, luze. Azkenean, jaulki zuen: —Neka-neka eginda nago, arraioa! Egingo al dugu lo pixka bat? Etxearen aurrealdeko gela batera joan ziren. Erantzi bitartean, batetik bestera mugitzen entzun zituzten Myniek eta Nanjak. Oheak kirrinka egin zuen etzan zirenean. Polizia-agentea eta emaztea hizketan aritu ziren tarte batez, goxo-goxo. Noizean behin, barretxo batek ihes egiten zion emakumeari. Gero isiltasuna gailendu zen. Arnasketa erregularren hotsek soilik eragiten zituzten bibrazioak holtz meharretan zehar. Bi lagun entzuten ziren lo sakonean, lasai, eta hasperen hanpatuak eta zurrunga luze sakonak ere bai tarteka. Myniek eta Nanjak ez zuten hitz egin beharrik izan. Coorin esnatu zuten. Berehala ulertu zuen zergatik egin zuten hori. Desira berberak menderatzen zituen hirurak. Ez zekiten sinetsi edo ez sinetsi polizia-agenteak emaztea hilko zuela, larru-zerrendak eta uhala askatu zizkiela jakinez gero. Baina ezin zuten horretaz pentsatu. Senak ihes egiteko besterik ez zien esaten: mendixka eta lautadetan barrena senideengana itzultzeko, beren herrixkako miahetara. Lur latz eta arrotzak zeharkatu beharko zituzten. Ordura arte beren munduaren muga izan ziren mendi haiek, eta mugaren beste aldean zeuden orain. Wonkenaren arabera, gnarlua bizi zen muino urdin misteriotsu haietan; Movingundan corroboreeak egiten zirenean, igelen moduan ilunetik saltoka irteten zen gnarlu hura. Behin baino gehiagotan entzun zituzten emakumeak abesten, gnarlua beldurtu eta uxatu nahian. Eta gnarlua kanpaldi-sura gehiegi hurbildu zen hartan, ikusi zuten Nardadu andere zaharra nola zutitu zen eta nola jaurti zion makila goritu bat. Gnarluaren lurraldea zeharkatu beharko zuten gauez, eta hori pentsatze hutsak beldurrak airean jartzen zituen. Baina Myniek pentsatu zuen, hain txikiak eta ezdeusak izanik, gnarlua ohartu gabe egin ahal izango zutela Movingundarako bidea. Nolanahi ere, izuari aurre egiteko moduren bat aurkitu beharko zuten, urrutira eramango zituzten-eta bestela, beren amengandik eta beren lurretatik betiko bananduta. Mynie herrestan gerturatu zen leihora eta iltzeak haztatzeari ekin zion. Atera egin zituen. Neskatilaren begiek lorategia aztertu zuten. Geldirik zegoen guztia. Berriz tolestu zuen alanbre arantzaduna, lehenago askatu zuen toki beretik. Ozta-ozta, baina sartuko zen txarrantxa-sareko zulotik barrena. Nanjak Coorin altxatu zuen, eta Myniek zuloan zehar bultzatu eta lurrean utzi zuen. Nanjak, erdi-trabatuta, ahaleginak egin behar izan zituen besteekin elkartzeko. Etxe-kontran geratu ziren une batez, mugitzeko beldurrez; ez zuten zakurra berengana oldartzerik nahi, zaunkek O’Shea polizia-agentea eta emaztea esna zitzaketelako. Ondoren, katamarka, etxearen beste aldera igaro ziren galeriaren azpitik. Urratsak kontu handiz eginez, hartxintxardun eremua zeharkatu zuten bidera heldu arte, harritxo bat ere mugitu gabe ia. Mendi-ilararako bideari ekin zioten bizi-bizi baina isilka, oin biluzi eta gogortuekin. Minutu gutxian, atzean utzi zuten herria. Mendi-lepora bidean, zuhaitzek irensten zituzten. Mulga iluna kirrinkaka eta xuxurlaka zebilen ahots bitxiekin. Elorriak eta minnereechiak itzal beltzak irudikatzen zituzten; itzal horiek hedatu egiten ziren, heldu egiten zieten eta irristaka urruntzen ziren, barre ozen eta lehor artean. Nanjak eta Coorinek gertutik jarraitzen zioten Mynieri. Hildako zuhaitz baten beso ihartuak berengana kulunkatu zirenean, neskatilak elkarren ondora bildu ziren estu-estu. Aurrera jarraitu zuten bizkor, sasi artean. Sastrakak gero eta sarriagoak ziren. Zuhaixka bakoitzetik silueta bihurdikatu batek begiratzen zien maltzurkeriaz. Atzamar mehe eta hezurtsuek hanketatik heldu eta harramazkak egiten zizkieten, eta gina-ginak urratzen. Aurrera jarraitu zuten, bi mendi handiren arteko haitzarte batera heldu ziren arte. Mendi-barrenean urmael bat zegoen. Mynie handik aldendu zen, ordea, bazekien-eta parte txarreko izakirik gaiztoenak ilunpeko uren inguruetan egoten zirela zelatan. Urmaeletik irtendako uauk, uauk! beldurgarri batek mendian gora bidali zituen arrapaladan. Harritzar higatuak ez ziren horren beldurgarriak zuhaitzen aldean, baina beti horma-kontra igo ziren, herrestan, harritzar batetik bestera. Noizean behin, bihotz txikiak taupa-taupa zoroan zituztela, belarriak zorroztu eta ingurura begiratzeko gelditzen ziren, isilka aurrera jarraitu aurretik. Ilargia irten zen gero; zilarrezko plater histu bat, gorantz tira eta tira mendi-hegalaren atzeko aldean. Ozta-ozta erdiraino igota zegoenean, silueta mozkote eta astun bat pasatu zitzaion aurretik, salto-saltoka neskatilenganantz. Mynie, Nanja eta Coorin ziur zeuden gnarlua zela: espiritu gaizto eta beldurgarria, corroboreea izan zen hartan kanpaldi-sutara salto-saltoka hurbiltzen ikusi zutena, oraingo modu bertsuan. Ez zuten itxaron gnarlu hark orban zuri berberak ote zituen egiaztatzeko; oraingoan ez zegoen Nardadu makila goriarekin hura beldurtu eta uxatzeko. Mynie biratu egin zen eta ihesari lotu zitzaion, Nanja eta Coorin atzetik jarraika zituela. Etorri ziren bidetik itzuli ziren, haitzartea eta sastraka ilunak zeharkatuz, azkenean meategietara, herrira eta polizia-etxera zeraman bidera heldu arte. Egunsenti aurreko argiantzak bete zuen zerua, neskatilak polizia-etxera heldu baino lehen. Burdin hesiaren azpitik irristan pasatu ziren, etxe-ondoko hartxintxardun eremua zeharkatu zuten eta, katamarka, etxearen beste aldera igaro ziren galeriaren azpitik. Leihoa estaltzen zuen alanbre arantzaduna neskatilek utzi zuten moduan zegoen, zulo eta guzti. Bertatik barrura iraulkatu zen Mynie. Nanjak Coorin altxatu zuen, eta gero bera igaro zen leihoaren bestaldera. Lurrean eseri ziren atzera, elkarren ondoan estu bilduta. Beren begiek topo egin zuten konplizitatez. Ez zuten hitz egin beharrik, hirurak bat zetozen eta: bizi izandako amesgaiztoaren aldean, hutsala zen etorkizunari zioten beldurra. Aringarria zen polizia-agentea eta emaztea lasai-lasai lotan entzutea, eta are aldian-aldian hasperen hanpatuak eta zurrunga luze sakonak aditzea ere. Mynie leihora hurbildu zen isil-misilka. Leiho-hegian utziak zituen iltzeak hartu, atzera zulotxoetan sartu eta alanbre arantzaduna sigi-saga tenkatu zuen. Nanja eta Coorinengana itzuli zen gero, lurrean luze etzan zen eta tiralditxo bat eman zion mantari, hirurak estaltzeko. Ordu batzuen buruan, O’Shea andreak olo-ahia eta esnea eraman zizkienean, neskatilak lo zeuden oraindik, manta zarpailduan bilduta, krisaliden moduan. —Zuek bai neska jatorrak —esan zuen pozik—, banekien zuetaz fida nintekeela. Pixkatxo bat baino ez duzue beltzetik; eta zuritik ere baduzue zerbait. —Yukki! —egin zuen hasperen Myniek, bere buruari galdetuz ea horregatik itzuli ziren gizon zuriaren etxera. O’Shea andreak uhala hartu eta neskatilen gerrien bueltan lotu zuen atzera. Kontu handiz, barkamen eske ia, eskumuturrak lotu zizkien larru-zerrendekin.
ITZULTZAILEAREN OHARRAK
The Flight narrazioa 1938an argitaratu zen lehenbizikoz, Sydneyko The Home goi-mailako aldizkarian. Gero, Katharine Susannah Prichard autorearen lanez osaturiko hainbat bildumatan berrargitaratu da, gehienetan Flight izenburuarekin, testuan aldaketa batzuk sartuta; Australiako idazleen eta emakume idazleen lanen bildumetan ere argitaratu da. Guk euskaratu dugun bertsioa 1967an autorearen onespenarekin argitaraturiko Happiness bildumakoa da. Autoreak arreta berezia jarri zuen herri aborigenen eta emakumeen zapalkuntza-egoera bere lanetan islatzen eta salatzen, eta haren lanak mende hasierako narraziogintza sozialean kokatu ohi dira. Baina, XXI. mendeko ikuspegitik azterturik, bistan da, are jarrera aurrerakoi horretatik abiatuta ere, genero-rol atzerakoiak esleitzen dizkiola emakumeari, eta pertsonaia aborigenen eta mestizoen irudia okupatzaile-kolonizatzailearen ikuspegitik marraztu dela. Gure itzulpenean, bere horretan eman nahi izan dugu 1938ko idazlearen testuingurua islatzen duen idatzia. Herri aborigenekiko sinpatia nolabait azaltzeko modua da, Pricharden lanetan, lehen herrien hizkuntzetako hitzak txertatzea. Euskaraturik aurkezten dugun narrazioan agertzen direnak hemen bildu ditugu, bakoitza bere azalpenarekin, testua oin-oharrez ez betetzearren: corroboree: 'batzar errituala'. miah: 'etxola'. minnereechi: 'enbor gogorreko sastraka'. gina-gina: 'soinekoa'. gnarlu: 'espiritu gaiztoa'. yukki: harridura-oihua. 1.- Estazioak (stations) Australiako abeltzaintza-ustiategi handiak dira, XIX. mendean kolono europarrek sortuak. Lurrik gabe geraturiko pertsona aborigenak estazioetan jarri ziren bizitzen; gizonezko aborigenak eskulan merke bihurtu ziren estazio-jabeentzat, eta haien familiak ere estazioan bertan bizi ohi ziren, baldintza kaskarretan. 2.- Australian mulga deitzen diote hango barnealdean ugari den zuhaixka mota bati. Akazia mota bat da: Acacia aneura. 3.- Azken urteetan asko argitaratu da Lapurturiko Belaunaldiei buruz (Stolen Generations). Dokumentu bat aipatuko dugu, horien artetik: Bringing them Home. Report of the National Inquiry into the Separation of Aboriginal and Torres Strait Islander Children from Their Families (https://humanrights.gov.au/our-work/bringing-them-home-report-1997). Historiari dagokion atalean, Mendebaldeko Australiakoa (7. kapitulua) da Katharine S. Pricharden kontakizun honen testuingurua gertuen duena. 4.- Meekatharra Mendebaldeko Australiako hiria da, Mid West eskualdean kokatua. Hain zuzen Mendebaldeko Australiako jurisdikzioan, 1936an, Native Administration Act 1936 deritzonaren arabera, Natiboen Arazoetarako Auzitegiak (Courts of Native Affairs) ezarri ziren, zeinak 1936-1954 tartean izan baitziren indarrean (Katharine S. Pricharden kontakizun hau 1938an argitaratu zen lehenengoz). Auzitegi horietan, lekua eman zitzaion pertsona aborigenen justizia tradizionalari, baina epaiak are gogorragoak izan bide ziren pertsona aborigenen aurka, lege orokorraren arabera epaitu izan balira baino. 5.- Aborigenen Babesle Nagusia (Chief Protector of Aborigines) hamasei urtez azpiko haur aborigen ororen legezko tutorea zen eta, haren eginkizun nagusia haur aborigenen eskubideak bermatzea bazen ere, umeak euren familiengandik urruntzeko eskumena zuen. Kargua 1898tik 1936ra bitartean egon zen indarrean Mendebaldeko Australian.
IHESALDIA |