Katharine Susannah Prichard. Aurkezpena
Jone Makazaga Irurtia

armiarma.eus, 2021

 

      Kazetari, ezkerreko aktibista politiko eta idazlea izan zen Katharine Susannah Prichard (Levuka, Fiji, 1883 - Greenmount, Mendebaldeko Australia, 1969). Aita kazeta-editorea zuen, eta ama jostuna, aitaren enpresa-porroten ondoren. Haurtzaroan, Fijitik Melbournera, gero Tasmaniara eta berriz Melbournera aldatu zen gurasoekin. Etxeko egoera ezegonkorraren ondorioz, ezin izan zuen unibertsitate-ikasketarik egin, eta etxe-irakasle gisa jardun zuen gaztetxotan; gero, kazetari-lanetan hasi zen Melbournen. 1908an Londresera aldatu zen, eta freelance kazetari gisa lan egin zuen baita Parisen eta Ameriketako Estatu Batuetan ere; urte horietan India, Sri Lanka eta Malaysia ere bisitatu zituen, besteak beste. 1916an itzuli zen Australiara (Emerald hirira, ipar-ekialdeko Queensland estatuan), eta 1919an ezkondu zen; Mendebaldeko Australiako Greenmount inguruan jarri ziren bizitzen, Perth hiriburutik ez urruti, orain KSP Writers' Centre erakundearen egoitza den Katharine's Place etxean. 1921ean Australiako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen, eta bizitza osoan ibili zen bakearen aldeko mugimenduetan, arma nuklearren kontrako aldarrikapenetan, langabetuen eta justizia sozialaren aldeko ekimenetan, ezkerreko emakumeen taldeetan eta idazle-elkarteetan.

      1907an idatzi zuen lehenengo eleberria (The Wild Oats of Han, 1928an argitaratua), baina The Pioneers (1915) izan zen haren lehenengo nobela arrakastatsua. Hurrengo urteetako nobeletan, beti hartzen dute protagonismoa Australiako jendeak (lehen herriak, kolonizatzaileak eta mestizoak), haien lanak (gehienbat landa-eremuan eta meategietan) eta Australiako lurrari loturiko naturak. Working Bullocks (1926) eta Coonardoo (1929) dira, seguruenik, Pricharden nobelarik ezagunenak, baina beste hauek osatzen dute zerrenda: Windlestraws (1916), Black Opal (1921), Haxby's Circus (1930), Intimate Strangers (1939), Moon of Desire (1941), The Roaring Nineties (1946), Golden Miles (1948), Winged Seeds (1950) eta Subtle Flame (1967).

      Bizitza osoan argitaratu zituen narrazio laburrak ere, askotan zatika, aldizkarietan. Hauek dira Katharine Susannah Prichard bizirik zela argitaraturiko bildumak: Kiss on the Lips and Other Stories (1932), Potch and Colour (1944), N'Goola and Other Stories (1959) eta Happiness (1967). Kontuan hartzekoa da, azkenik, Ric Throssell semeak 1988an editaturiko bilduma hautatua: Tribute: Selected Stories of Katharine Susannah Prichard. Narraziogintza sozialean kokatu ohi dira Pricharden lanak.

      Bi poema-bilduma argitaratu zituen: Clovelly Verses, 1913an, kazetari-lanetan Londresen zegoela, eta The Earth Lover and Other Verses, 1932an.

      Hamazazpi antzerki-lan idatzi zituen eta horietako batzuk bere garaian antzeztu ziren, baina bi dira liburu gisa argitaratu eta gehien zabaldu direnak: Brumby Innes eta Bid Me to Love, biak 1927an idatziak, lehenengoa urte horretan saritua eta antzeztua. Agit-prop erako antzerki-lanak ere idatzi zituen, besteak beste, Women of Spain (1937, Espainiako errepublikazaleen aldeko elkartasuna erakutsi eta dirua batzeko idatzi eta antzeztua) eta Solidarity or the Penalty Clause (1940, meatzarien ingurukoa).

      The Real Russia (1935) Prichardek Melbourneko The Herald egunkarian 1934an argitaraturiko hamalau artikuluren bilduma da. Kazetari-erreportaje itxurako lanak dira eta 1933an Sobietar Batasunean zehar eginiko bidaian ikusitakoak kontatzen ditu, berak hitzaurrean dioen moduan, “irudiak bere oroitzapenen lanbroaz lausotuta”.

      Child of the Hurricane (1964) Katharine Susannah Pricharden liburu autobiografikoa da.

      Azkenik, 1965ean, Katharinek berak Joan Williams kazetari, idazle, adiskide eta gogaidea aukeratu zuen bere lan hautatuen bilduma osa eta edita zezan: On Strenuous Wings: a Half-Century of Selected Writings from the Works of Katharine Susannah Prichard (Pricharden zazpi nobelatatik hautaturiko zatiak, antzerki-lan bat, zenbait narrazio labur, hiru poema, zenbait hitzaldi eta saiakera...).

 

Katharine Susannah Prichard. Aurkezpena
Jone Makazaga Irurtia

armiarma.eus, 2021