Grace Paley
sarrera laburra

 

     Grace Paley 1922ko abenduaren 11n jaio zen New York hiriko Bronx auzoan eta 2007ko abuztuaren 22an hil zen Vermont-eko bere etxean. Istorio laburrak, poema eta entseguak idatzi zituen; horrez gain, aktibista politikoa eta irakaslea izan zen.

     Grace Paleyren gurasoek Ukrainatik Ameriketako Estatu Batuetara emigratu zuten eta beren etxean errusieraz eta yiddishez egiten zuten, ingelesez gain. Hemeretzi urterekin W.H. Auden idazlearekin ikasi zuen Paleyk eta sarritan aipatzen da Audenen ardura soziala eta ironiaren erabilera eragin handia izan zirela Paleyren lanetan, batez ere poesian.

     Paley aktibista politikoa eta bakezalea izan zen. Bere esanetan "bakezale borrokalaria eta anarkista kooperatiboa" zen, bere kontraesanak agertuz. 1960ko hamarkadan, Vietnamgo gerraren garaian, zenbait aldiz atxilotu zuten gerraren aurkako protesta egiteagatik. 1978an espetxeratu egin zuten Etxe Zuriaren aurrean arma nuklearren aurkako pankarta bat zabaltzeagatik.

     Paleyk istorio laburren hiru bilduma (The Little Disturbances of Man, 1959; Enormous Changes at the Last Minute, 1974; Later the Same Day, 1985), poesia liburuak (Leaning Forward, 1985, Long Walks and Intimate Talks, 1991, New and Collected Poems, 1992) eta artikuluen eta entseguen bilduma bat (Just As I Thought, 1998) argitaratu zituen.

     Bere istorio laburrak New York hirian gertatzen dira eta protagonistak kaleko pertsona arruntak dira. Gehienak emakumezkoak dira eta batez ere guraso bakar diren andrazkoetan jarri zuen arreta, irrika sexualaren eta berebiziko nekearen artean harrapatuta daudenak. Ez dira AEBetako erdi-mailako etxekoandre tipikoak. Emakume gazte eta ezkongabeak dira, senarrek eta maitaleek abandonatutakoak. Hala ere, emakume horiek ez daude bakarrik, umeak eta beste andrazko batzuk dauzkate ondoan. Alaitasuna eta ironia dira haien ezaugarriak. Izan ere, ironia da atsegin ez duten egoera baten aurrean sentitzen duten frustrazioa uxatzeko modu naturala.

     Protagonista horien bidez, Paleyk arraza, generoa eta klasea aztertzen ditu. Bere hizkera arina da, indartsua, zorrotza eta garratza. Bere estilo eliptikoa da, ez dago deskribapenik eta irakurleak adi-adi egon behar du ekintzaren zein lekutan dagoen jakiteko eta nork hitz egiten duen jakiteko. Hala ere, pertsonaiek argi uzten dute beren nortasuna hitz egiten dutenean eta badirudi Paleyren istorioak ozen irakurtzeko idatzi direla. Nabarmentzekoa da umorearen erabilera eta protagonistek eguneroko bizitzan dauzkaten borrokak modu tragikomikoan erakusteko modua.

     Kritikari askok diote trama edo korapiloa falta dela istorio hauetan eta kontaketak gauzen erdi-erdian hasten direla, hasierak eta amaierak zabalik daudela. Izan ere, ez dela ezer gertatzen esan ohi dute. Baina horixe da helburua, ekintzaren ordez elkarrizketak eta ahotsak erakustea, ahots horien tonua.

 

Grace Paley
sarrera laburra