ANBROSIO
Flann O'Brien

Idatz&Mintz, 69
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2021

 

        Usain txarra egoten zen beti gure etxean, nire ume denboran. Batzuetan hain-hain  txarra,  ze, pauso bat beste baten atzetik ematen jakin barik ere, eskolara bidaltzeko eskatzen nion amari. Handik pasatzen zirenak ez ziren inguruan gelditzen, eta ez zuten oinez normal segitzen ere, arineketan hasten ziren, zoroen pare, gure atea atzean utzi arte, eta ziztuan segitzen zuten hats hartatik milia erdira-edo egon arte. Bidez bide, beste etxe bat zegoen guretik berrehun bat metrora, eta egun batean, hatsa ikaragarria zen batean, ospa egin zuten bertan bizi zirenek, denak joan ziren Amerikara, eta ez ziren egundo itzuli. Hango jendeari kontatu ei zioten Irlanda herri ederra zela, baina hango airea fuerteegia zela. Ai, gure etxean ez zen inoiz aire garbirik izan!

        Hatsaren errua etxeko bizilagun batena zen. Anbrosiorena. Zaharrak kariño handia zion. Anbrosio Sortxaren kumea zen. Sortxa gure txerri-ahardia zen, eta umatzen zenean, ugari izaten zituen kumeak. Errape-erro asko bazituen ere, beste txerrikumeak handik edaten egonez gero, bape barik geratuko zen Anbrosio. Anbrosio kokolotxoa zen, eta gose gorriak txerrikumeak harrapatzen zituen bakoitzean (espezie berekoak denak batera eta ezustean harrapatzen ditu beti), Anbrosio koitadua jan barik geratzen zen. Zaharra konturatu zenean ha txerrikumea ziztrintzen ari zela, eta indarra galtzen, berarekin sartu zuen etxean, azpigarriekin ohe modukoa egin zion sutondoan, eta lantzean behin esnea ematen zion botila zahar batetik. Anbrosiok aurrera egin zuen denbora gutxian, mardul hazi zen eta sendo eta lodi paratu zen. Baina, ai, Jainkoak gura izan zuen kriatura bakoitzak bere usain propioa izatea, eta txerrien usaina ez da normalmente atsegina izaten.

        Anbrosiok, txikerragoa zenean, usain txarra zuen. Hazi zenean, hatsa ere halaxe hazi. Handia egin zenean, hatsa ere handia. Hasieran, situazioa egunez ez zen hain txarra, ze leihoak zabal-zabalik izaten genituen, atea zarratu barik eta haizea etxe guztian batetik bestera korrontean. Baina gaua heltzen zenean, Sortxa eta beste txerrikumeak lotara etorrita, orduantxe hasten zen benetan ahoz zein idatziz kontatzeko modurik ez dagoena. Behin baino gehiagotan pentsatu genuen ez ginela hurrengo goizera osorik ailegatuko. Sarritan ama eta Zaharra altxatu eta hamar milia oinez ibiltzera irteten ziren zaparrada azpian kiratsetik alde egitearren. Anbrosio etxean hilabete-edo izan eta gero, Txarliek, zaldiak, ezetz erabaki zuen, ez zela gauean sartuko, eta goiz guztietan topatzen genuen mela-mela eginda (ez genuen gau bat zaparrada barik izaten), eta, hala ere, bastante umore onean, euri-jasa gogorra sufritu eta gero. Berez, neuk sufritu nuen gehien ha egoera latza, ze artean ez nekien oinez ibiltzen eta ez nuen mugitzeko beste modurik.

        Holantxik izan ziren gauzak denboraldi batean. Anbrosio bizkor loditzen zen, eta Zaharrak esan zuen laster egongo zela sasoi onean, beste txerriekin batera aire zabalera irteteko moduan. Zaharraren abere kuttuna zen, eta horregatik amak ezin zuen ha txerri potrozorria makilaka kanpora bidali, nahi-ta haren osasunak txarrera egin, kirats ustelaren erruz. Derrepentean, konturatu ginen Anbrosio –gau batean–  itzel handitu zela. Txerrama bezain altu zegoen, baina askoz ere totoloago. Tripa-zorroa lurreraino ailegatzen zitzaion, eta arkuak, handitu-handituak, beldurra emateko moduan zituen,. Egun hartan Zaharra, txerriarentzat lapiko bete patata egosten ari zela, konturatu zen gauza ez zela normal-normala.

        — Jainkoarren! —esan zuen zarataka—, hau errementatu beharrean zagok!

        Anbrosiori adi-adi begiratuta, argi ikusi genuen lauoineko koitadua ia bola biribila eginda zegoela. Ez dakit jaten larregi emateagatik, edo hidropesiak edo beste gaitz beldurgarriren batek jota zegoelako. Baina ondino ez dut dena kontatu. Hatsa ordurako insoportablea genuen ia, eta amari larriak eman eta jausi egin zen etxearen zoko-zuloan, osasuna galduta ha kirats berria zela eta.

            — Txerri honek segituan ospa egiten ez badu —esan zuen etxearen zoko-zuloan etzanda zegoen kamainatik—, nik su emango diet azpigarri hauei, eta hortxe amaituko dira etxe honetako miseriak. Eta gero denok infernura bagoaz ere, sikieran ez dut egundo entzun han txerririk dagoenik.

            — Andrea, kume koitadua gaixorik dago, eta horrela kili-kolo ez nago prest kale gorrian uzteko. Egia da kirats hau neurriz kanpokoa dela, baina ez duzu ikusten txerria bera ez dabilela aieneka, nahiz eta berak ere sudurra daukan zuk daukazun lez?

            — Kiratsak mututu egin du -esan nuen nik.

            -Orduan -esan zion amak Zaharrari-, su emango diet azpigarriei. Matrakan ibili ziren zati batean, eta azkenean Buruzuriak kasu egin zion andreari, eta onartu zuen Anbrosio handik botatzea. Hasi zen txerriari koipea ematen, txistu, txortxor zentzugabe eta  balakuekin, atera joan zedin, baina pataria zegoen moduan geratu zen mugitu barik.

        Txerriak zentzumenak hatsagatik sorgortuta zituen segurutik, eta ez zuen Zaharrak zioena entzuten. Edozelan ere, Zaharrak makila bat hartu zuen eta txerria sutondotik ateraino eroan zuen altxaka, bultzaka eta zarta eta zarta egurtuz. Atepera ailegatu zenean, konturatu ginen haren gorputza lar lodia zela handik pasatzeko. Libre utzi genuen atzera, eta sutondoko bere etzalekura bueltatu eta lo geratu zen atoan.

            -Jainkoarren! -esan zuen Zaharrak zarataka- Koitadua totoloegi zagok, eta atea meharregia duk harentzat. Handik zaldia pasatzeko lekua sobran zagok ba!

            -Hola bada -esan zuen amak ohetik-, ez dago buelta gehiago eman beharrik, zaila da-eta suerteak ekartzen digunetik eskapatzea.

        Haren ahotsa makala zen, eta motela, eta nik banekien orain benetako gogoa zeukala txerriaren usteltzearen eta adu beltzaren aurrean makurtzeko, eta prest zegoela arima Goi-goikoari emateko. Baina, halako batean, su itogarria izetu zen etxearen zoko-zuloan: amak su eman zion etxeari. Zaharra salto batean itzuli zen, zaku zahar pare bat bota zuen kearen gainera, eta makulu lodi batekin astindu zituen zakuak sua amatatu arte. Orduan ama jotzen hasi zen, eta bitartean kontseju onak ematen zizkion.

        Jainkoak libra gaitzala!, inoiz ez zen bizimodu txarragorik izan Anbrosiok hurrengo aste bietan eman ziguna baino: ezin da esan zelako hatsa zegoen. Argi ikusten zen txerria gaixorik zegoela, eta harengandik bapore moduko bat altxatzen zen, hilabete osoa lurra eman barik zeraman gorpua gogora ekartzen zuena. Haren erruagatik etxea ustelduta eta sats eginda zegoen goitik behera. Denboraldi horretan gure ama atzean egon zen etxearen zoko-zuloan zutunik eutsi ezinik eta berba egin ezinik. Handik hamabost egunera bere bedeinkazioa eta agurra eman zizkigun, indar barik eta isil-isilik, eta aurpegia Eternitaterantz zuzendu zuen. Zaharra ohean zegoen, gau osoan bere pipari gogor tiratzen ibili zen, kiratsari aurka egiteko edo. Orduan amagana egin zuen zapart, eta tatarrez atera zuen bide ondora. Horrela, gau hartan heriotzatik libratu zuen, biak ondo bustita geratu baziren ere. Hurrengo egunean oheak atera genituen bide erdira, eta Zaharrak esan zuen handik gora bertan geratuko ginela, izan ere, “hobe da etxe barik egotea bizi barik egotea baino, eta gauean euri-jasak hiltzen bagaitu, hobe da heriotza hori kanpoan, bestea barruan baino”.

        Egun hartan Máirtín Ó Bánasa pasatu zen bidetik, eta ohe hatsituak aire zabalean eta etxea hutsik ikusi zituenean, gelditu egin zen eta berbetan hasi zen Zaharrarekin.

            — Egia esan, ez diat bizitza konprenitzen, eta ez zakiat ze arrazoi dagoen azpigarri-oheak kanpoan egon daitezen, baina hara: etxea sutan zagok.

        Zaharra etxeari begira paratu zen eta burua mugitu zuen.

            — Hori ez duk sua —esan zuen—, daukagun txerri ustela duk. Etxetik irteten dena eztuk hik uste duanez kea, Máirtin, txerri baporeak dituk.

            — Ez ditiat gustuko bapore ostia horiek —esan zuen Máirtínek.

            — Ez zaukatek ezer onik, ez -erantzun zuen Zaharrak.

        Máirtínek pentsatzen geratu zen tartetxo batean.

            — Ez ote duk egia izango txerri hori maite duala, eta ez dioala lepo egin gura, eta lurra eman gero?

            — Bai, egia duk, Máirtín.

            — Orduan —esan zuen Máirtínek— neuk lagunduko dizuet.

        Etxeko teilatu gainera igo zen eta zohi batzuk ipini zituen tximinia ahoan. Gero atea zarratu zuen eta lupetz eta sorkiekin itxi zituen leiho biak, airerik ez sartzeko ez irteteko.

            — Orain —esan zuen— ordubete, tenplau-tenplau, itxoin baino besterik ez diagu.

            — Jainkoarren! —esan zuen zarataka Zaharrak—, ez diat konprenitzen hik egin duan hori, baina gauza harrigarriak pasatzen dituk gaur egun, eta egin duanarekin pozik bahago, ez diat nik kontra egingo.

        Ordubete pasata, Máirtín O´Bánasak atea zabaldu zuen eta denok sartu ginen ama izan ezik, ondino azpigarrizko kamaina bustian botata zegoen eta. Anbrosio luze eta zabal zegoen, hotz eta hilda sutondoan. Bere keruak tragatu zuen bera, eta ke beltzezko laino batek ia ito gintuen gu. Zaharra triste-triste zegoen, baina Máirtíni eskerrak eman zizkion bihotz-bihotzetik eta hiru hilean lehenengoz utzi zion bere pipa erretzeari.

        Anbrosio errespetuz eta behar den moduan lurperatu genuen, eta ostera ere ederto batean egon ginen denok etxean. Amak gaixoaldia pasatu zuen, eta atoan osatu zen, eta hasi zen gogo itzelaz patatak egosten, lapiko handi bete patatak beste txerrientzat.

        Anbrosio txerri sano espeziala izan zen, eta gurago nuke ez egotea inoiz bera lako besterik. Onena opa diot, munduren batean bizirik badago gaur.

 

ANBROSIO
Flann O'Brien

Idatz&Mintz, 69
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2021