GUTUNA NIRE IRAKURLE ESPERIENTZIAGABE ETA BAKETSUARI Irakurle esperientziagabea eta baketsua: Aurki irakurriko dituzun orriok biolentziarako gonbidapen esplizituak eta urgentziazkoak dira. Zu lasaia izango zara, noski. Jeneralean, halakoxeak zarete liburuen irakurleak. Desagertzear dago giza espezie hori; otzantasun horri esker, hain zuzen, bai eta eskola sistemak arrakastaz abian jarri duen analfabetizazio-lan metodiko eta kapilarrari esker ere, «Ingelesa-enpresa ekimena-internet» zuzentarauen pean. Egia esan, liburuak ez daude desagertzeko zorian; gero eta gehiago idazten ditugu, gero eta gehiago inprimatzen. Liburuz josita daude liburu-dendak; eta noizean behin saltzen dute baten bat. Baina oso gutxi irakurtzen ditugu, eta, oro har, ezkutuan. Apaingarri gisa erabiltzen ditugu; hain dira politak haien kolore biziko azalak. Han eta hemen ipintzen ditugu: mahai gainean, apaletan, baten batzuk komunean ere bai. Orain gutxi, editore sortuberri bat konpetentziari gailendu zaio, errotik jaitsi baititu liburu-azalen prezioak, barnean orrialde zuriak besterik ez dituzten eta oharrak hartzeko eta bestelako erabilera ez hain nobleetarako oso erabilgarriak diren liburuen azalenak. Denok dakigu nartzisizmo larriz gaixo direnek idazten dituztela liburuak —bikotekideen eta lagunen gustukoak izateko, batez ere—, eta autoreak direla aleak erosten dituzten bakarrak —elkarri oparitzeko—. Beste ale guztiak birringailuetara joaten dira zuzenean eta horrela ari da puzten argitaratze ekonomiaren loraldia. Gero eta lan handiagoa dute paper-saltzaileek, linotipistek, koadernatzaileek, banatzaileek, igorleek, liburu-saltzaileek, bai eta, autorearen izena beharrean haiena agertu dadin, argitaraldi handiko liburuen azalak alokatzen dituzten kantari eta futbol-jokalari ospetsuek ere. (Argitaletxeetako erredaktoreak zerrendatik kanpo geratu dira. Izan ere, aspaldi desagerrarazi zituzten, seta gaiztoz liburu inteligente eta, beraz, salezinak argitaratu nahi izateagatik. Haien ordez, zuzendari komertzialak dituzte orain, saneamenduaren eta animalientzako elikagaien sektorean eskarmentu eraginkorra izandakoak). Halere, irakurle ezjakin horrek, beharbada zera galdetuko diozu zeure buruari: nondik ote datozen irabazi handiko business honetan diharduten horrenbeste langileren soldatak ordaintzeko etekinak. Hori ere ez da sekretu bat; liburuen papera birziklatzeko industriatik sortzen da dirua. Liburu-dendetan egonaldi laburra egin ostean, editoreari itzultzen zaizkio ia guztiak, eta hark birringailuetara igortzen ditu. Papera birsortzeko prozedura papera ex novo ekoiztea baino askoz ere errentagarriagoa da, baiki. Gainera, ordainsariak eta dirulaguntza ekologikoak lor daitezke, basoguneak larri kaltetzea ekiditeagatik. (Papera birziklatzea oso kutsakorra dela esatea; eta, aldiz, ikuspuntu guztietatik egokiena —etekinak ateratzearen aldeko ikuspuntua alde batera utzita— zuhaitzak moztu eta berriz ere landatzea dela esatea funtsik gabeko intsinuazio bat da, teknologia berrien eta globalizazioaren betiko etsai ultraerreakzionarioen propaganda besterik ez). Eta zuk, irakurle axolagabe horrek, poz-pozik parte hartzen duzu megairuzur honetan; are, zeu zaitu peoi nagusi, izateko arrazoi. Eta halere, otzana zara eta ez litzaizuke bat-batean zeratarako gogo bortitza piztuko: papergileak, linotipistak, tipografoak, azalen diseinatzaileak, koadernatzaileak, banatzaileak, igorleak, liburu-saltzaileak eta, zer esanik ez, kantari eta futbolari ospetsuak birringailuetara eta birziklatze-guneetara bidaltzeko gogoa. Ez dituzu haien kontrako bulkada hiltzaileak elikatzen, bizia ematen baitiote duzun mundurik onenari, zure ihesari, zure paradisu galduari, egunero mintzen eta umiliatzen zaituzten ezbeharretatik eta gizatxarkeriatik babesteko duzun zorioneko aterpeari. Baina orain, irakurle babu hori, liburu honen irakurketan barneratu ahala, lerroz lerro, zerbait aldatuko zaizu barnean, are gorputza ere eraldatu egingo zaizu apurka. Liburu hau emeki orriuldu ahala, kakotu eta gaiztotu egingo zaizkizu pixkanaka-pixkanaka hatz potolo eta zurixkak. Odoletan hasiko zaizkizu begiak, keinu sataniko batek aurpegiera deformatuko dizu... Kieto, lasai, erlaxatu. Gezurra zen dena, txantxa bat. Zure kontura apur bat barre egiteko idatzi dut; funtsean atsegina eta gogotsua zara. Hala eta guztiz ere, ez zenuke itsuki liburuetan irakurtzen duzuna sinetsi behar; are ez zenuke behin ere sinetsi behar. Liburuak ez dira irakurtzen haietatik zersinetsiren bat ateratzeko. Eta orduan, galdetuko didazu: zertarako irakurri? Ez dizut esango, irakurle alferrontzi halakoa, zeure kabuz deskubritu beharko duzu. Halere, durduzatu samar sumatzen zaitut, estu, eta beldur ere banaiz inoiz ez ote duzun lortuko. Eta zurekin atsegina izatera behartua nagoenez —izan ere, bestela zer egingo ote nuke nik zu gabe?—, ahapeka bada ere, hauxe esango dizut, horren ergela izanik, merezi ez duzun arren. Lehenik eta behin, argi izan ez dela irakurri behar emozioak sentitzeko, poza edo tristura, malenkonia edo bozkarioa. Koadro baten edo musikaren bidez antzekoren bat lortu nahi izatea bezain ergela litzateke. Batzuek egiten dute, eta ametsetan ibiltzen dira, zorionak jota, euren buruaren isla ikusten dutela sinestarazten dien zabor kutsatzaile horrekin, eragin lasaigarria eta atsegin emailea baitu haiengan. Dena dela, lan autentiko batek (liburu, koadro, musika) beste zerbait ikusarazteko balio dizu; edo, hobeto esanda, zure ikuspegia, gauzei eta munduari antzemateko zure modua aldatzeko; errealitatearen alderdi ezezagun batzuen gainean duzun begirada argiztatzeko; zu, errobot sonanbulo baten egoeran egon ohi zaren hori, une batez astintzeko. Gutxitan bada ere, zu esnarazteko; ezezaguna den horrek zorabioa sor diezazun, kaiolatzen eta anestesiatzen zaituzten arauak hausteko lain. Zalantza handiak ditut, irakurle atsegin hori, zalantzak ditut benetan beste begiradaren bat lortuko ote duzun. Orri hauek —hala espero dut–, lausoki bada ere, ikusaraziko dizute, egunkarietako eta telebistako hitzen atzean, komunikabideetako informazioaren bortizkeriaren atzean —ia beti munduko gauzen bertsio deformatu eta faltsua kontatzen digun horren atzean—, errealitate ezkutuen eta artegagarrien berri ematen diguten leizeak irekitzen direla. Lerroak apur bat lardaskatu, ikuspuntua desplazatu, déjà vu-ak alboratu...; ez duzu beste ezer egin behar. Irakurle kaxkar hori, ez dut espero, ez noski, mundu hau –bikain enpaketatuta eta kiratsa dariola eskaintzen dizutena– aurkaratuko edo alde batera utziko duzunik. Beste batzuk saiatu ziren eta penagarri bukatu zuten (liburu honetan erregistratu denez). Beraz, segi lasai, zure koloretako azalek ergelduta, egin amets –baita nahi duzunarekin ere–, babes ezazu zure burua, egin ihes pozik, bazter guztietan kokatutako iragarki handietan ageri diren jaunen, diru gehiago eta kaka gehiago eskaintzen dizuten horiexen irribarre ergelen pean. Halere, kasualitatez, bizitzako uneren batean, dena hausteko bat-bateko bulkada geldiezinen bat izaten baduzu, behingoagatik, ez ahal duzu geldiaraziko; atera daitezela urtea joan urtea etorri irentsi eta zure baitako birringailura bota dituzun adierazi gabeko bortizkeria tonelada horiek. Leher daitezela keinu zoro batean, pentsatze hutsak tente jartzen dizkizu ileak: hartu harrikozkor eder bat eta, inork ikus ez zaitzan erne, jaurti gorantz eginahal betean, aukeratu zerorrek zeren kontra: a) publizitate-afixakoaren muturra; b) semaforo gorria; c) ilargi betea; d) murru gainean dagoen katua; e) hortxe bertan duzun bankua...
GUTUNA NIRE IRAKURLE ESPERIENTZIAGABE ETA BAKETSUARI |