AREAGO MAITATU ZINTUDAN
Abu Salma

euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2020

 

Zugatik borrokatu nintzenero, areago maitatu zintudan.

Zer beste lur dago, musketa eta anbarezkoa?

Zer beste zerumuga, perfumatua?

Zure lurra babestu nuenero,

izatearen adarra ernatzen zen

eta gailurren gainetik, Palestina,

hegoak zabaltzen nituen.

 

*   *   *

 

Izen iradokitzaile eta magikoa zurea, Palestina!

Beltzaranak dituzu masailak:

Edertasuna beltzarana da.

Artean irakurtzen dut Abqarren poema zure begietan,

Akreko olatuak zure urertzean hausten direlarik.

 

*   *   *

 

Geratzen zaigun malkotik jaio ote zen limoiondoa?

Pinu-txoriek ez dute honezkero goizalba besarkatzen,

ez gaueko izarrek Karmelo gainean beila egiten.

Ortuak, gu ments, negarrez hasi ziren

eta lorategiak idortu.

Mila belotan puskatu dira mahatsondo gorriak.

 

*   *   *

 

Ikusi, Palestina, zure gorputzaren irudi zoragarria,

exodoaren eta iraultzaren sutan mendekua hartzen!

Herria askatzen baldin bada egiten da aske aberria.

 

*   *   *

 

Gizaki guztiek dute etxe bat,

laute bat eta ametsak.

Baina nik, neure herriaren historia bizkarrean garraio,

estropezu egiten dut. Hautsez zikin jarraitzen dut, zarpail,

bideetan barna.

 

*   *   *

 

Zure izenak nigan hegan egin zuen bakoitzeko,

poemarik poemena izan zen.

Nire hitzek irrikaz ereiten dituzte kanpamenduak,

Erbeste eta basamortu guztietarako zuziak dira.

 

*   *   *

 

Palestina!

Ez dago maitatuagorik, gozoagorik, aratzagorik!

Zugatik borrokatu nintzenero, areago maitatu zintudan!

 

AREAGO MAITATU ZINTUDAN
Abu Salma

euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2020