ITZULIKO GARA
Abu Salma

euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2020

 

Palestina maitea, nola egingo dut lo

Torturaren mamua artean begietan dudala.

Mundua purifikatzen dut zure izenarekin

eta zure maitasunak agortu ez banindu,

gordean izango nituzkeen ene sentimenduak.

Egunen karabana badoa eta mintzo da

etsaien eta lagunen konspirazioaz.

Palestina maitea! Nola biziko naiz

zure bailara eta muinoetatik aparte?

Odolez tindaturiko mendien oinak

deika ari zaizkit

eta zerumugan  tindura ageri da.

Hegi malkodunak deika ari zaizkit,

eta nire oihartzun malkodunak, denboraren belarrietan.

Erreka iheslariak deika ari zaizkit,

arrotz bihurtzen ari dira haien lurrean

Zure hiri zurtzak deika ari zaizkit

eta zure herriak eta kupulak.

Lagunek galdetzen didate: “Elkartuko gara berriro?”

“Itzuliko gara?”

Bai! Musukatuko dugu lur ihinztatua,

desira gorriak gure ezpainetan daude.

Bihar, itzuli egingo gara

eta belaunaldiek entzungo dute

gure urratsen oin-hotsa.

Ekaitzekin itzuliko gara,

Tximista eta trumoiekin,

Itxaropen eta kantuekin,

Arrano hegalariarekin,

Basamortuei barre egiten dien ilunabarrarekin,

Itsasoko uhinetako goizalbarekin,

Ikurrin odolduekin,

Eta azkon eta gezi distirantekin.

 

ITZULIKO GARA
Abu Salma

euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2020