Soldaduaren estatua
Slawomir Mrozek

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

     Soldadu Ezezagunaren estatua bat daukagu 1905az geroztik gure hirian. Gizon hau tirano batek hil zuen behialako matxinadan, horregatik jaso zioten bere herritarrek lehenik pentoka txipi bat, eta haren gainean, berrogeita hamar urte geroago, oinarri bat eraiki zuten idatzi zizelkatu honekin: "Betiko aintza". Ondoren, kateak hausten ari zen gizon gazte bat atxiki zioten oinarriari. Estatua honek estreinako ospakizun ofizial handi bat ukan zuen 1955ean. Diskurtso bana egin zuen mundu guztiak. Anitz lore eta koroa paratu zen.

     Handik urteetara, matxinatua omentzea erabaki zuten bigarren hezkuntzako zortzi ikaslek. Historiako irakasleak, hizlari talentu aparta baitzeukan, hain sakon hunkitzea lortu zuen ikastaldietan ezen bildu egin ziren klasea amaitutakoan eta partxoa egin zuten lore koroa baten erosteko. Segizio txipi bat osatu zuten gero, eta soldaduaren monumenturantz abiatu ziren.

     Aurreneko bihurgunean itsasurdineko soingaineko batekin jantzia zetorren luzera ertaineko gizonezko batekin egin zuten topo. Erneki zituen ikertu, eta gero haien gibeletik joan zen tarte bat utziz.

     Merkatuko Plaza Zaharra zeharkatu zuten. Jendeak ez zien kasu eman. Segizioak kontu arrunta ziren.

     Egia esan inor ez da bizi Merkatuaren Plaza Zaharrean, eraikin guti ditu. San Joan eliza, bulegoak bihurturiko antzinako etxeak eta museo bat.

     Estatuaren aurrera heldu zirenean, soingainekoarekin jantzi gizonezkoa gerturatu zitzaien urrats arinean.

     —Agur! —esan zuen ahots sendoz—. Beraz, omenaldi txipi baten egitera? Hagitz ongi. Urteurrenen bat noski? Hain nabil lanpetua, ez bainaiz oroitzen zehazki...

     —Ez, besterik gabe etorriak gara, horrela...—arrapostu zion ikasle batek.

     —Horrela, "horrela"? —Eta sudurra harrotu zuen haizea usnaka—. Horrela, "horrela"?

     —Herriaren askatasunaren aldeko borrokan hil zen iraultzailearen memoria ohoratu nahi dugu.

     —Baiki! Auzoko zelulakoak zarete beraz?

     —Ez, gu eskolakoak gara.

     —Nolaz hori? Inor ez auzoko?

     —Ez.

     Pentsakor geratu zen.

     —Eskolak behartu zaituzte menturaz?

     —Ez, geure gisa etorriak gara.

     Alde egin zuen. Ikasleak koroa pausatzen ari zen, haietako batek oharteman zienean:

     —Badator ostera!

     Halaxe zen. Berriro azaldu zen soingainekoduna. Honakoan, hamabosten bat metrotara gelditu zen, eta galde egin zien:

     —Agian iraultzaile ezezagunen aldeko omenaldien hilabete trinkoan gaude?

     —Ez —erantzun zioten aho batez—. Gu bakarrik etorri gara.

     Alde egin zuen. Ikasleek beren koroa pausatu zuten eta etxeratzekotan ziren hirugarrenez azaldu zitzaienan, baina oraingoan miliziano bat zekarrela aldamenean.

     —Zuen paperak, otoi —esan zien milizianoak ikasleei.

     Beren eskola kartilak eman zizkioten. Banan-banan ikertu zituen eta agurra egin zuen.

     —Ongi da —esan zuen.

     —Ez ba, hau ez da batere ongi! —egin zion buru soingainekodunak, eta ikasleengana itzuli zen—. Nork agindu dizue koroa honen ekartzeko?

     —Inork ez —arrapostu zuten.

     Argitu egin zitzaion begitartea.

     —A! Azkenik, aitortu duzue! —egin zuen oihu—. Zeuek esan duzue oraintxe Iraultzaile Ezezagunaren omenaldi honen egiteko, ez zaretela antolatuak izan ez eskolako zuzendaritzak ez Gazteria Poloniarraren Batasunak ez auzoko komiteak ez hirikoak, ez barrutikoak!

     —Jakina ezetz.

     —...Koroa horren pausatzea ez dela izan Emakumeen Ligak ez 1905eko Lagunen Elkarteak eragina!

     —Ez.

     —...Zuek ez duzuela inolako zirkularrik jaso! Zeuen gisara etorri zaretela...!

     —Gu bakarrik.

     Bekokia xukatu zuen musuzapiarekin.

     Sarjentua —esan zuen—, zuk badakizu nor naizen. Konfiska iezaiezu koroa orain berean. Eta zuek, berriz: barreia zaitezte!

     Isilean urrundu ziren ikasleak. Haien gibelean urrundu zen koroaz zamatu milizianoa. Urdinitsasoko soingainekoa zeraman ekintzailea geratu zen soilik monumentuaren aitzinean. Mesfidantzaz ikertu zituen estatua eta estatuaren inguruak. Euria hasi zuen orduan. Tanta meheak jausi ziren urdinitsasoko soingainekoaren eta matxinatuaren harrizko jakaren gainean. Hodeiak metatzen hasi ziren eta ilunera egin zuen eguraldiak. Tanta zilarreztatuak lerratu ziren estatuaren buruan, dardaraka gelditu ziren petentak iduri belarri azpian, granitozko nini hutsetan distiraka.

     Horrelaxe geratu ziren biak, buruz buru.

 

Soldaduaren estatua
Slawomir Mrozek

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013