Europarra
Slawomir Mrozek

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

     Krokodiloa gelan sartu zaidalarik, neure artean pentsatu dut ez ditugula gauzak diren baino handiagoak egin behar. Ez krokodiloa gogoan, neure burua baizik. Izan ere, nire lehen erreflexua eskua telefonora luzatu eta larrialdietako hiru zenbakiak konposatzea izan da: polizia, suhiltzaileak eta anbulantzia. Baina erreakzio hau, hain zuzen, espantukeria iruditu zait. Descartesen espirituan hezitako europarra naizenez, higuina ematen didate muturkeriek, era arrazionalean pentsatzen dut eta ez dut ezein oldarren mende etsiko aurrez aztertu gabe.

     Tapakiaren azpian gorde dut burua beraz, eta lanketa intelektualari eman diot.

     Lehenik, ondorioztatu dut, gelan krokodilo bat azaltzea zentzugabekeria da, eta beraz, pentsaketa logikoaren arabera, zentzugabekeria baztertu egin behar da arrazonamenduan, zentzurik ez daukalako. Bestela esanda, ez dago krokodilorik. Ondorio honek lasaiturik, azaldu egin naiz nire tapakiaren azpitik, eta honenbestez ikusi ahal izan dut krokodiloa artean irentsitako telefonoaren haria ari dela irensten. Eskua eztarrian behera urdaileraino sartuta larrialdietako zenbakia konposa nezakeen arren, komunikazioa etena zen.

     Hurbileneko telefono kabinaraino joatea erabaki dut gero, dagokien telekomunikazio zerbitzuei nire telefono pribatuaren matxuraren berri emateko, eta horrela, espezialista taldeak matxurarekikoa amaitzen zutenean, kontaktatu ahal izanen nuelakoan krokodiloarekikoa egin lezakeen erakundearekin. Gizon zibilizatua izaki, haatik, ezin ninteke etxetik pijamatan jalgi, baina krokodiloak neure galtzak irentsi ditu orduantxe. Jakina, ez ziren dauzkadan galtza bakarrak. Nire bizi mailaren hobekuntzari esker —behar bestekoa izan ez bada ere—, baditut galtza batzuk armairuan. Ondikotz, janztea pentsatu ditudanak, ongien harmonizatzen dutelako neure Ives Saint Laurent longainarekin, ez daude armairuan, gobadategian baizik. Non ote zegoen ordea gobadategitik ateratzeko ezinbestekoa dudan galtza haien jabea naizelako agiria? Agiria bilatzeari ekin diot herren apur bat eginez, krokodiloak, ohartu naizenerako, zango bat jan didanez. Ez nintzen zangoaz arduratua, galtzei buruzko arrangura gero baino gero handiagoa zelako. Krokodiloa bigarren zangoa irensteko zegoen egiaren garratza asmatu dudanean: berak jan agiria! Ez ditut inoiz eskuratu ahal izanen nire galtzak!

     Neure eskuokin ito dut krokodiloa. Aitor dut aberekeria izan dela, eta, are okerrago, menderatu gabeko bihotzaldi baten eraginez. Aitor dut neure kabuz jokatu dudala, erakunde konstituzionaletan fidatu ordez. Baina gobadategiko agiria irenstea ere... Arau zibilizatuak hautsi beste irtenbiderik ez dagoen egoera horietarik bat izan da.

 

Europarra
Slawomir Mrozek

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013