GERNIKAZ ERRANAK
Bernard Manciet

Lo Dider de Guernica
euskaratzailea: Luzien Etxezaharreta
Maiatz-21, 1994
armiarma.eus, 2023

 

I.

 

-Eguraldi ederra Gernikan?
-Egun ederra hodei legunekin
Eta ezkongaien antzeko zuhaitz loratuekin

-Ez al duzue elurrik Gernikan?
-Akazia ondoek itsas gainera Lekeition elur egiten
Eta Bermeon itsasoa udaberri

-Goizalde polita, goiztiri hotza?
-Hegoaren hats epela dugu Gernikan
Eta gure gudariek goiza lez mendiak estaltzen

-Etxetik ortzantza ez duzue entzuten?
-Lilizko galernak ditugu eta mendiak kizkurtzen
Eta Gernikako Haritza lili soil bihurtu

-Etxetik tximistak ez dituzue ikusten?
-San Migel mendian haserrearen aingeruak ditugu ikusten
Eta euskaldunak tximisten anai

-Alo! zuek gernikarrek beldurra etortzen ez duzuela
ikusten?
-Bi mila urte beldur eta ikara dauzkagu
Eta aspaldiago gure gainetik mendiak egan

-Egia al da odola etortzen ez duzuela ikusten?
-Mendiak txurrutaka urtu Mundakaren gainera
Jesu Kristoren zauriak atseginez berrireki


II.


-Alo! bilbotarrak! ez daukagu ardo eskasik
Bart arrats osoan ardoak polkan ararazi gaitu
Gardoki txikiak txistua jotzen zuela

-Ez dugu -Alo!- janari eskasik
Katuak niauka ihesi eta txakurrak negarrez
Astoa karkailaka hasi hiltegiaren aurrean

-Ametralladorak badauzkagu eta atabalak
Eta Unzeta fabrikaren tresnak indar betez
Eta arrats osoan arrosarioen metralla

-Hegazkinak, Stukak Gernikan badauzkagu
Alo Bilbo! teilatu gainean bi karmeldar besoak zabalik
Enarabeltz eta hazi hegaldunez bazterrak bete

-Bonba txirulariak -Alo Bilbo!- nahikoak dauzkagu
Okinaren adarra entzun behar zenukete
Eta Oizmendin mila bular zulatu

-Arrosak ufatzen dituzte, arrosa xirulaka dabil
Gernikan bonba argi botatzaile beharrik ez
Gardeniako Andre dena Mariaren - ave rosa mystica -
Supiztekoa badugu

-Alo! - ez dugu lur eskasik
Ez eta lubaki, pala edo aitzurrik
Egoitzak hilobietan dauzkagu jarririk


III.

 

-Eguraldi ederra Gernikan?
-Iparraldetik datozen eguzki ilunek
Gure kanpaidorreetako ezkilak oro errondan kantarazten
dizkigute

-Alo! - etxen eguraldi lasaia?
-Juan Plazaren amona arroltze otarrearekin jaisten ari da
Eta Don Tello kaleko atso xaharrak biharko eltzekarirakoak
xuritzen

-Euria al zenukete? Alo Gernika!
-Zilarrezko euria dugu leinuru azukratuen gainetik
Gozoki egilearen langilesak azukrean hiltzen ari dira

-Aizue - aizue ekaitz arramantza hori etxen duzue?
-Sutan lasterka doatzin azokako idiak baizik ez dira
Dabiltza jendearen gainetik

-Udaberria azkenean Gernikan?
-Gerezi basa molkoek zazpi metroko punpeak egiten
Gure gerezi basa ondoek haur molkoak dakarzkate

-Arratsa ote da azkenean zuen Haritzaren goian?
-Goiztiria da infernuan eta Haritza ikaran
Mende honen goiztiriaren agurtzeko

Guk ikusi dugu - Bazko garaian gara - hilen artetik
Armaggedonen zaldi hila jauziz jalgitzen
Erresorta iduri eta gure hil guzien gainera erortzen

-Alo hemen Parise! Gernikak ez digu gehiago erantzuten

 

GERNIKAZ ERRANAK
Bernard Manciet

Lo Dider de Guernica
euskaratzailea: Luzien Etxezaharreta
Maiatz-21, 1994
armiarma.eus, 2023