MEXIKO
Vladimir Maiakovski

1925
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus

 

      Veracruz. Etxetxo apal eta txikik zipriztintzen duten kosta. Musikoentzako glorieta bat plaza nagusian. Soldadu pelotoi bat martxa ikasten itsasertzean.

      Kable kordoi batek geldiarazi gaitu.

      Hiru metroko kapelua daramaten ehunka gizontxo oihuka eztarria urratu beharrez ontzira igo nahirik zenbaki bat dutela kapeluan. Maletariak. Borroka beren artean puskak eramatearren eta makur eginda jaisteko zamaren larriaz. Itzuli, aurpegiko izerdia xukatu eta ostera ere oihuka, zamatu egiten ziren.

      — Eta non daude indioak? —nire galdera.

      — Hauexek dituzu indioak —arrapostua.

      Hamabi urte bete arterainokoan Fenimore Cooper-en eta Mayne Reid-en araberako indioekin egin nuen amets. Eta hona non, balditurik ikusten dudan nire begien aitzinean paumak oilo bihurtzen.

      Zigor ederra nire lehen kamusada.

      Berehala hasi zen aduanako iskanbila, harrigarrizko eta ulertezinezko bizi bat.

      Mailurik eta igitairik gabeko estreinako bandera ikusi nuen bi solairuko etxe bateko leihoan. Ez da inolako kontsulatu sobietikorena. Ohitura baten bandera zen. Mexikar batek hartzen du etxe bat eta bandera paratzen du leihoan, alegia “Atsegina zait etxe hau, baina ez dut alokairurik ordainduko”. Horixe besterik ez. Saia zaitez botatzen.

      Itzal estuan barrena, oholezko hesi baten ondotik, gizonezko beltzaranak.

      Eguzkitan ere egin liteke oinez, baina orduan, ohartzeke, eguzkiak burua hartzen ahal dizu.

      Berandu samar ikasi nuen eta bi aste eman nituen eguzkitan oinez, ahoa eta sudur hegalak zabalduz aire uhertu apur bat hartzearren.

      Dendetatik zintarrira luzatutako toldo marradun batzuen azpian burutzen da bizitza osoa, aferak, bilerak, otorduak.

      Herritar nabarmenak dira distiratzaileak eta loteria saltzaileak. Nik ez dakit zertatik bizi diren distiratzaileak. Indioak oinutsik dabiltza, eta oinetan zer edo zer janzten badute, espartinaren antzeko zer edo zer izaten da, distira ateratzeko zaila. Botak edo zapatak daramatzan bateko badira gutienez bost distiratzaile.

      Baina are ugariagoak dira loteria saltzaileak. Milaka dabiltza, zigarro paperean inprimaturiko bileteekin, arrunt inskripzio txipitan. Hurrengo goizean, milioiko sariak kopuru murritz batera jaitsi dira. Ez da loteria, menturazko joko bat da, erdi kartetakoa, berezia. Denek erosten dute, Moskun eguzkilore haziak erosten ditugun gisa berean. Veracruzen ez dabiltza diru xehearekin. Erosten dute bilete poltsa bat, trukatzen dute dolarretan, zilarrez txanponez betetako poltsa saman hartu eta badoaz geltokira tiketa erosteko hiriburura, Mexikora.

      Poltsatan ibiltzen dute dirua Mexikon. Gobernuak maiz aldatzen direnez (hogeita hamar lehendakari berri hogeita zortzi urtean), ez diote fidantziarik paperdiruari. Horregatik erabiltzen dituzten poltsak eta poltsa txipiak zilar xeherako.

      Bidelapurrak dauzkate Mexikoan. Aitor dut konprenitzen ditudala bandoleroak. Zeuk ere ez ote zenuke tentaldirik, muturraren aurrean poltsa bete urre dakarren gizon bat ikusita?

      Geltokian ikusi nituen lehenengo militarrak. Kapelu handi lumaduna, aurpegia horail, metro erdiko mustaxak, lurrerainoko kapa, txarretera berde-horiak eta beltz txarolatua nonbait.

      Interesgarria da Mexikoko armada. Inork ez daki, ezta gerra ministroak ere, zenbat soldadu dauzkan Mexikok. Soldaduak jeneralen manupeko dira. Jenerala lehendakariaren aldekoa bada eta mila soldadu baditu, hamar mila dituela esanen du harro. Hamar milarako hornidura hartzen duenean, saldu egiten du bederatzi milari dagokion guztia. Jenerala lehendakariaren aurkakoa bada, kexa egiten du mila soldadu besterik ez dituela, eta behar den unean hor azaltzen da hamar milarekin borrokan.

      Horregatik, gerra ministroak, zenbat soldadu dituen galdegiten diotenean, hauxe erantzuten du:

      — Nork daki, nork daki… Hogeita hamar mila beharbada, baina izan litezke ehun mila.

      Antzinako eran bizi dira tropak, karpatan, emazteekin eta haurrekin. Soldadu, andra eta ume nahaste hau dena mobilizatzen da gerra zibiletan. Armada bietakoren batek balarik ez baina artoa baldin badauka eta etsaiak balak bai baina artorik ez, bataila bertan behera laga eta trukaketa arin bat antolatzen dute familiek. Batzuek balaz betetzen dituzte sakelak, besteek artoz. Eta ekin gatazkari berriro.

      Geltokirako bidean hegazti multzo bat harrotu zuen automobilak. Mexikon bada da zeri beldur izan. Beleak bezain beltz, zintzur soil eta moko handi, hegan haizatu ziren. Zopiloteak dira, Mexikoko aura ezkabiatsu lasaiak. Era guztietako hondakinez elikatzen dira.

      Munduko ederrena omen da Veracruzetik Mexikorako bidea. Hiru mila metroko garaieran, bihurguneek amildegien gainetik egiten dute aitzina, mendien arteko baso tropikalak zeharkatuz.

      Ez dakit. Ez dut ikusi bide hori.

      Baina gure leihoen ondotik iragaten zen gau tropikala ere ezin ederragoa zen, sekulakoa. Guztiz urdina zen zerua, ultramarinoa, haren azpian bideko artista bohemio tximaluzeak ziren palmondoak. Bat egiten zuten zeru-lurrek. Izarrak goi eta behe. Goian, geldi, zeru zabaleko  argi atxigaitzak; behean ipurtargiak, izar hegalari.

      Geltokietara hurreratu arau, zikindaderik izugarriena, astoak eta mexikarrak azaltzen zaizkigu, beren kapelu handiekin eta sarapeekin: kolore ugaritako alfonbra antzekoak, zulo bat erdian burua sartu eta bizar-sabelak estaltzeko.

      Zutik, guri beha. Ez dagokie zirkinik egitea.

      Nahaste horren gainetik goragalea ematen duen usaina, gasolina gehi pina eta platano ustelduena.

      Goiz jaiki nintzen. Plazara irten nuen. Iruntzira gertatzen zen dena.

      Inoiz ikusi horrelako lurralderik. Irudikatu ere ez, bazenik ere ez.

      Goiznabar gorri bat hondo zutela, itzelezko kaktusak tente, tantatxo gorriz. Kaktusak baino ez, belarri eta garatxo handiz beteak, astoen gutizia.

      Maguei luzeak, aizto zut eta zorrotzekin. Pulkea sortzen diote, indio gosetuak horditzeko erdi vodka edo erdi garagardoa. Nopal eta magueien ostean beste kaktus mota bat, gizon garaietakoak, kontserbatorioko organoaren hodiekin, baina berde ilun kolorekoa, orratzez eta garatxoz.

      Bide horretatik sartu nintzen Mexikoko hiriburuan.

 

MEXIKO
Vladimir Maiakovski

1925
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus