UTZI AMERIKARI BERRIZ AMERIKA IZATEN
Langston Hughes

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2017

 

Utzi Amerikari berriz Amerika izaten.

Utzi izan ohi zen ametsa izaten.

Utzi izan dadin esploratzailea lautadan

etxe baten bila non libre izango den.

 

(Amerika niretzat ez zen inoiz Amerika izan.)

 

Utzi izaten ameslariek amestutako ametsa—

izan dadila amodioaren lur sendoa

non ez baita inoiz onartu erregerik ez tiranoen amarrurik

ez eta gizon batek zapal dezan azpikoa.

 

(Amerika niretzat ez zen inoiz Amerika izan.)

 

O, utzi nire lurrari izan dadin gunea

non askatasuna ez den koroa abertzale faltsuz koroatzen,

eta non aukerak benetako diren, eta bizitza askea,

eta berdintasuna arnastu egiten den.

 

(Ez da niretzat inoiz izan berdintasunik,

ez “askeen lur” honetan askatasunik.)

 

Esan, nor zara zu, ilunpetan zabiltzana marmar batean?

Eta nor zara zu, oihala zabaltzen zabiltzana izar artean?

 

Zuri gaixoa naiz, engainatu eta baztertua,

beltza naiz esklabotzaz orbaindua,

gizon gorria naiz lur gabetua,

etorkina naiz bilatzen dudan itxaropenari heldurik—

eta topatzen duena betiko plan ergel bera soilik:

zakurrak zakurra jan, ahula indartsuek zapaldurik.

 

Ni naiz gizon gaztea, indar eta itxaropenez beterik,

eta antzinako katean nago korapilaturik,

non dena baita etekin, indar, irabazi, hartu lurra!,

hartu urrea!, hartu bitartekoak beharrak betetzeko!,

gizonak lanera!, hartu ordaina!,

egin guztiaren jabe sabelkeria asetzeko!

 

Nekazaria naiz, lurraren menpeko.

Makinari saldutako langilea naiz.

Beltza naiz, zuek denak zerbitzeko.

Jendea naiz, umila, gosetua, zekena—

Gosetua, ametsa gorabehera.

Kolpatuta baita gaur ere — O, esploratzaileak!

Aurrera egiterik izan ez zuen gizona naiz,

urtez urte trukatutako langilerik pobreena.

 

Eta halere, ni naiz gure oinarrizko ametsa amestu zuena

Mundu Zaharrean oraindik erregeen esklabo zela,

amestu zuena amets bat hain indartsu, ausart eta egiazko

ezen bere erronkak abesten baitirau oraindik

adreilu eta harri guztietan, eta arrasto guztietan,

zeinek bilakatu baitute Amerika gaur egun dena.

O, ni naiz etxetzat hartu nahi nuenaren bilaketan

itsaso goiztiar haiek nabigatu zituena,

eta Poloniako lautada, eta Ingalaterrako belardiak,

eta ni naiz, Afrika Beltzeko xerloetatik erauzia

“askeen lur” bat eraikitzera etorri zena.

 

Askeak?

 

Nork esan du askeak? Ez nik?

Ziur nik ezetz? Eta atseden egunean diren milioiak?

Greban zirela tirokatu zituzten milioiak?

Ordainik jasotzen ez duten milioiak?

Amestu ditugun amets guztien ostean,

eta abestu ditugun abesti guztien ostean,

eta izan ditugun itxaropen guztien ostean,

eta zintzilikatu ditugun bandera guztien ostean,

ordainik batere jaso ez duten milioi horiek—

salbu eta ez bada amets erdi hil hori.

 

O, utzi Amerikari berriz Amerika izaten—

oraindik izan ez den lurraldea—

baina izan behar duena— gizon guztiak libre diren lurra.

Nire den lurra —pobrearena, indioarena, beltzarena, nirea—

guk egin baitugu Amerika,

gure izerdi eta odolak, gure min eta fedeak,

gure eskuek fundizioan, euripeko gure goldeak,

guk berpiztu behar baitugu berriz amets indartsua.

Noski, baduzu ni izendatzeko nahi duzun hitz itsusia hautatzea—

askatasunaren burdinak ez du herdoiltzerik.

Berreskuratu beharra dugu gure lurra

jendearen bizitzak izainen pare xurgatzen dituztenen eskuetatik,

Amerika!

 

O, bai,

eta ez diot hitz erdika,

Amerika sekula ez da izan niretzat Amerika,

eta zin dagit, halere—

izango da Amerika!

 

Gure gangster heriotzaren hondakin eta zarpailez,

bortxaketa eta txertaketen usteldura, ezkutukeria, eta gezurrez

guk, jendeak, erredimituko ditugu

lurra, meatzeak, ibaiak, landareak.

Mendiak eta lautada amaigabeak—

Guztia, alderik aldeko estatu berde handion zabalera—

eta Amerika egingo dugu ostera!

 

UTZI AMERIKARI BERRIZ AMERIKA IZATEN
Langston Hughes

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2017