LEGEZ KANPOKOA
Ursula K. Le Guin

itzultzailea: Jasone Larrinaga
armiarma.eus, 2013

 

                          ...Eta musu batek 

                          Esnatu behar al du etxe isila, txori-kantuen eremu soilak? 

                                                                     Sylvia Townsend Warner

 

 

Umea nintzen lehenengoz heskai handira heldu nintzenean. Perretxikoen bila nenbilen, ez dibertitzeko, damek eta zaldunek egiten duten bezala, horrela irakurri izan dut, baizik eta premiagatik. Beharrizanik gabe ehizan aritzea nobleen pribilegioa da, hala diote. Nik esango nuke gizon bat noble bihurtzen duen ekintzetako bat dela, horixe da pribilegioa. Gose zarelako ehizatzea plebeioen halabeharra da. Isil-ehiztari baino ez zaitu bihurtzen. Ni perretxikoen bila nenbilen, legez kanpo, Erregearen Basoan.

    Aitak kanpora bidali ninduen goiz hartan otzara batekin eta agindu honekin: "Ez hadi etorri beterik egon arte!". Banekien jo egingo ninduela ez banintzen itzultzen otzara jateko gauzaren batekin beteta zegoela, perretxikoak kasurik onenean, urtearen sasoi honetan, edo leku bakan batzuetan lur hotzetik agertzen ari ziren iratzeen kapituluak. Aitzurraren kirtenarekin edo makila batekin kolpekatzen ninduen sorbaldan, eta ohera afaldu barik bidaltzen ninduen bera gosetuta eta dezepzionatuta zegoelako. Bera baino gosetuago sentiarazten baninduen, eta minberatuta eta lotsatuta, gutxienez beste pertsonaren bat baino hobetoxeago zegoela pentsatzen zuen. Tarte baten ondoren amaordea isil-isilik pasatzen zen txabolako nire bazterretik eta lastairan edo eskuetan uzten zizkidan bere afari eskasetik lortu edo gorde ahal izan zituen hondarrak, ogi-koskorra, ilar-pastelaren zati bat. Haren begiak adierazgarriak ziren: "Ez esan ezer!". Nik ez nuen ezer esaten. Inoiz ez nion eskerrik eman. Ilunetan jaten nuen.

    Aitak sarritan jotzen zuen amaordea. Nire patua zen, zorionekoa edo zoritxarrekoa, hura kolpatuta ikustean bera baino hobeto ez sentitzea. Alderantziz, inoiz baino lotsatuago sentitzen nintzen, negarretan eta jipoituta zegoen emakume hura baino txarrago. Ezin zuen ezer egin, eta nik ezin nuen hargatik ezer egin. Behin txabolan ginarra pasatzen ahalegindu nintzen amaordea zelaian lanean ari zen bitartean, gauzak beren lekuan egon zitezen hura bueltatzen zenerako, baina egin nuen gauza bakarra zikinkeria astintzea izan zen. Aitzurrean aritzetik etorri zenean, lohi eta nekatuta, ez zen ezertaz konturatu eta berehala joan zen sua egitera, uraren bila eta beste gauza batzuk egitera, eta aita, emakumea bezain lohi eta nekatuta, txabolako aulki bakarrean eseri zen zizpuru handi batekin. Eta ni haserretu egin nintzen, ez nuelako, azken batean, ezer egin.

    Gogoratu nuen aita berarekin ezkondu zenean, ni oso txikia nintzenean, amaordeak beste ume bat bailitzan jolasten zuela nirekin. Labanak jaurtitzeko jokoak zekizkien, eta erakutsi egin zizkidan. Letrak erakutsi zizkidan berak zeukan liburu batekin. Mojekin hazi zen eta bazekien irakurtzen, koitaduak. Aitari bururatu zitzaion irakurtzen ikasten banuen agian fraideen monasterioan sartzen utziko zidatela, eta familia aberastu nezakeela. Hori ezerezean geratu zen, jakina. Amaordea txikia eta ahula zen, eta ez zion lanean laguntzen, amak egiten zuen bezala, eta gauzak ez ziren hobetu guretzat. Irakurtzeko lezioak arin bukatu ziren.

    Amaordea konturatu zen ni ehiztari trebea nintzela eta zer bilatu behar nuen irakatsi zidan: perretxiko urre-kolorekoak eta nabarrak, egurretako perretxikoak eta karraspina horailak eta beste onddo batzuk, basoko ernekatzak, sustraiak, baiak eta arkakaratsak beren sasoietan, berroak ur-korronteetan; berak irakatsi zidan butroiak egiten; aitak untxiak harrapatzeko lakirioak jartzen erakutsi zidan. Berehala jarri zuten nire gain janariaren zati handi bat lortzeko ardura, gure lursailean hazten zen guztia Baroiarengana joaten baitzen, jabea zelako, eta ortu txiki bat lantzen baino ez ziguten uzten, horrek ez gintzan Baroiarentzako lanetik urrundu. Nire ibilaldiez harro nengoen, eta pozik joaten nintzen basora, beldur barik. Ez ginen, bada, basoaren ertz-ertzean bizi, ia-ia bertan? Ez nituen, bada, gure txabolatik kilometro batera zeuden bide eta soilgune eta zuhaizti guztiak ezagutzen? Neure jabetzatzat hartzen nuen. Baina, hala ere, aitak joateko agintzen zidan, goizero, bere agindua beharko banu bezala, eta mesfidantzarekin apaintzen zuen: "Ez hadi etorri otzara beterik egon arte!".

    Ez zen hain erraza batzuetan, udaberriaren hasieran, ezer ez denean hazi, heskai handia ikusi nuen lehen egunean bezala. Elur zaharra haritzen itzaletan zegoen oraindik, zikin. Aurrera egin nuen, baina ez nuen perretxiko edo lore-buru bakar bat ere aurkitu. Sasietatik masusta momifikatu batzuk zintzilikatzen ziren, garraztuta. Ez zegoen arrainik sarean, ez untxirik lakirioetan, eta karramarroak lokatzetan ezkutatzen ziren oraindik. Inoiz baino urrunago joan nintzen, iratze berri bat aurkitzeko itxaropenez, edo katamixar baten intxaur-zuzkidura aurkitzeko itxaropenez elur izoztuan eta porotsuan utzitako sidurriak batuz. Nahiko erraz nenbilen orain, ia-ia harbide bat bezain ona zen bidexka bat aurkitu bainuen, baroiaren oinetxera zeraman etorbidea bezalakoa. Eguzkiaren argi hotza albo banatan zeuden pago garaien artetik zetorren. Harbidearen amaieran itxitura moduko zerbait zegoen, baina garaia, hain garaia ze, hasieran hodeiak zirela uste izan bainuen. Basoaren amaiera al zen, munduaren amaiera al zen?

    Begiratzen jarraitu nuen aurrera egiten nuen bitartean, baina ez nintzen gelditu. Zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta harrigarriagoa zen, pago zaharrak baino altuagoa zen heskaia, eta ezkerretara eta eskuinetara ikus nezakeen lekuraino heltzen zen. Edozein itxitura bizitan bezala, zuhaixkak eta zuhaitzak elkarrekin gurutzatu eta kiribildu egiten ziren hazten ziren heinean, baina izugarri altuak ziren, eta trinkoak eta arantzadunak. Urtearen sasoi honetan adarrak beltz eta biluzik zeuden baina inon ezin izan nuen aurkitu zirrikiturik edo zulorik txikiena beste aldera begiratu eta zer zegoen ikusi ahal izateko. Berebiziko sustrai haietatik gorantz, arantzak modu zeharkaezinean zeuden maratuta. Aurpegia haren kontra estutu nuen eta urradura ederrak lortu nituen nire ahaleginen truke, baina enbor begitsu eta adar beldurgarrien anabasa ilun eta amaiezin bat besterik ez nuen ikusi.

    Ondo, pentsatu nuen, sasiak badira, masusta piloa aurkitukodut sikeran, udan! Izan ere, janaria besterik ez neukan buruan umea nintzenean. Nire zeregin bakarra eta interes nagusia zen.

    Hala ere, ume baten gogoak hegan egiten du. Batzuetan, afaritarako nahikoa jan nuenean, gure su txikiari begira etzaten nintzen, eta arantzen heskai handiaren beste aldean zer ote zegoen galdetzen nion neure buruari.

    Heskaia masusten eta baien altxorra zen, benetan, eta sarritan joaten nintzen udan eta udagoienean. Goizaren erdia behar izaten nuen hara heltzeko, baina heskai handiak fruituak ematen zituenean, otzara eta zakua behingoan betetzen nituen masustekin edo baiekin, eta gero egunaren beste erdia neukan gura nuen moduan igarotzeko, neu bakarrik. Gehienetan egin nahi izaten nuena heskaiaren ertzetik ibiltzea zen, hango eta hemengo masusta beltz fin bat jatea, formarik gabeko ametsak amesten. Ez nekien ipuinik orduan, aitaren, amaordearen eta nire ipuin ikaragarri sinplea baino ez eta, hortaz, nire liluramenduek ez zeukaten itxurarik ez istoriorik. Baina aurrera egiten nuen bitartean, adi nengoen heskaiaren beste aldera joateko balioko lukeen edozein zulo edo irekidura ote zegoen ikusteko. Neure buruari kontatzeko istorio bat baneukan, horixe zen: Heskai handia zeharkatzeko bide bat dago, eta nik aurkitzen dut.

    Gainetik igarotzea pentsaezina zen. Inoiz ikusi nuen gauzarik garaiena zen, eta altuera itzel horretan, adarretako arantzak nire atzamarrak bezain luzeak eta jostorratzak bezain zorrotzak ziren. Masustak biltzean ez banenbilen kontuz, nire arropak katigatu eta tarratatu egiten ziren, eta nire besoetan urratu gorrien eta beltzen sare bat agertzen zen uda guztietan.

    Baina hara joatea gustatzen zitzaidan, eta haren ondotik ibiltzea. Uda hasierako egun batean, heskaia lehenengoz aurkitu eta urte batzuetara, bertara joan nintzen. Goizegi zen masustetarako, baina arantzak loratzen zirenean lore-txortak bata bestearen gainetik igotzen ziren hodeiak bezala zeruraino, eta hura ikustea gustatzen zitzaidan, eta haien usaina hartzea, okela edo ogiaren usaina bezain sakona zen, baina gozoa. Eskuinetarantz jo nuen. Erraza zen heskaiaren ondotik ibiltzea, sasoi batean han errepide bat egon izan balitz bezala. Basoko pago zaharren adarrek eguzki-orbanak sortzen zituzten baina ez ziren horma arantzadunera heltzen; lore-sorta garaienak zuhaitzen adaburuak baino askoz altuago zeuden. Gerizpetsu zegoen hormaren azpian, masusten loreen usain sakonarekin eta haizerik gabeko beroarekin. Beti zegoen oso isil han, heskaiaren beste aldetik zetorren isiltasuna.

    Aspaldi kargututa nengoen ez nuela inoiz txorien kanturik entzuten beste aldean, nahiz eta udaberriko txorrotxioek basoko igarobide guztietan durundi egin. Noizbait txoriak ikusi nituen heskaiaren gainetik hegan, baina inoiz ez nengoen ziur txori berbera ote zen bueltan etortzen ikusten nuena.

    Beraz, aurrera egin nuen isiltasunean, belar apatzean, nire gogokoenak ziren perretxiko marroi-gorrixka txikien bila, eta gauza arraro bat igartzen hasi nintzen belarrean eta zuhaitzetan eta heskai loretsuan. Uste nuen inoiz ez nintzela horren urrun joan, baina sarritan ikusi izanaren itxura zeukan denak. Ez al nuen ezagutzen urki gazteen multzo hura, haietako bat aurreko neguko elurtzak okertua? Orduan, urkietatik ez oso urrun, bide belartsuaren ondoko arakatz baten azpian ikusi nituen otzara bat eta korapilo batez itxitako zaku bat. Beste norbait zegoen han, inoiz arimarik aurkitu ez nuen lekuan. Norbait lapurretan zebilen nire jabetzako lurretan.

    Herrixkako jendeak beldurra zion basoari. Gure txabola basoko zuhaitzen ia-ia azpian zegoenez gero, jendeak guri zigun beldurra. Ez nuen inoiz ulertu zerk ikaratzen zituen. Otsoei buruz egiten zuten berba. Behin otso baten aztarnak ikusi nituen, eta batzuetan ahots bakartiak entzuten nituen neguko gauetan, baina otsorik ez zen inoiz etxeetara edo zelaietara hurbildu. Jendeak hartzei buruz egiten zuen berba. Gure herrixkako inork ez zuen inoiz hartzik edo hartz baten aztarnarik ikusi. Jendeak basoko arriskuez egiten zuen berba, galzoriez eta xirmi-xarmez, espantuz begiratzen zuten eta marmar egiten zuten, baina nik memelo hutsak zirela pentsatzen nuen. Nik ez nekien ezer aztikeriez. Basoan hara eta hona ibiltzen nintzen eta nire etxeko ortua balitz bezala korritzen nuen, eta ordura arte ez nuen inoiz beldurtzeko ezer aurkitu.

    Horregatik, gure txabola eta herrixkaren artean zegoen kilometro erdia egin eta hara heltzen nintzenean, jendeak errezeloz begiratzen ninduen eta mutil basatia esaten zidaten. Eta ni harro nengoen basatia esaten zidatelako. Agian zoriontsuago izango nintzatekeen irribarre egin izan balidate eta nire izenez deitu izan balidate, baina gauzak horrela, nire harrotasuna neukan, nire jabetzako lurrak, nire eremu basatia, non inor ez zen sartzera ausartzen, ni izan ezik.

    Hortaz, ikaraz eta nahigabez begiratu nien arrotz baten, sudurluze baten, aurkari baten seinaleei, poltsa eta otzara haiek nireak zirela konturatu nintzen arte. Heskai handiari buelta eman nion. Biribila zen. Nire basoa kanpoan zegoen. Beste aldea, edozer zela ere, barruan zegoen.

    Arratsalde hartatik aurrera, heskai handiaren inguruan neukan jakinmin alferra barrura sartzeko grina eta erabaki bihurtu zen, leku ezkutu hura, sekretu hura barrutik eta nire kabuz ikusteko. Gauean, etzanda, txingarrak begiratzen nituela, heskaia zeharkatzeko zein tresna beharko nituen pentsatu nuen, eta tresna horiek zelan lortuko nituen. Gure zelaia lantzeko erabiltzen genituen aitzur eta pikotxa txikiek ozta-ozta urratuko zituzten enbor eta adar handi haiek. Benetako xafla bat behar nuen, eta harri on bat hura zorrozteko.

    Horrela hasi zen nire lapur ibilbidea.

    Herrixkako egurgin zahar bat hil egin zen; egun berean entzun nuen azokan. Banekien bakarrik bizi izan zela, eta zekena zela esaten zen. Agian berak zeukan nik behar nuena. Gau hartan, aita eta amaordea lo zeudenean, narrasean irten nuen txabolatik eta herrixkara itzuli nintzen, iretargiaren argitan. Etxeko atea zabalik zegoen. Sugarrik gabeko sua zegoen kezuloaren azpian. Etxeko bizilekuan, sutondoaren ezkerretara, emakume pare batek hildakoa jantzi eta etzan zuten. Haren ondoan zeuden eserita, berriketan, eta lantzean behin alarau bat edo bi egiten zituzten, gogoratzen zirenean. Lantegia zegoen aldera joan nintzen, zaratarik egin barik; sua emakumeen eta nire artean zegoen eta ez ninduten ikusi edo entzun. Behia hausnartzen ari zen, katuak begiratu egin ninduen, suaren bestaldeko emakumeak ahapeka eta barreka ari ziren, eta gizon zaharra gogortuta zetzan lastairan, hil-jantzia soinean. Tresnen artean begiratu nuen, isilik, baina presa barik. Han zeuden aizkora on bat, zerra latz bat eta zorroztarri biribila, euskarri eta guzti, altxorra niretzat! Ezin nuen euskarria eraman, baina kirtena alkandoran sartu nuen, tresnak besazpian hartu nituen eta harria esku biekin oratu nuen, eta kanpora irten nuen. "Nor dago hor?" esan zuen emakumeetako batek, interesik gabe, eta ardurabako aiene bat bota zuen.

    Harriaren pisuaren pisuaz, besoak ia-ia errotik atera zitzaizkidan gure txabolara heldu baino lehen. Bertan ezkutatu nuen, eta tresnak eta kirtena basora eraman nituen eta sastrakartean gorde nituen. Leihorik gabeko txabolako iluntasunera itzuli nintzen eta ukituka joan nintzen nire lastairara, sua amatatuta baitzegoen. Luzaroan egon nintzen etzanda, bihotza taupada azkarretan, nire istorioa kontatzen: Armak ostu nituen, orain heskai arantzadun handia setiatuko nuen. Baina ez nituen berba horiek erabili. Ez nekien ezer setioei, gerrei, garaipenei edo historia handiaren kontuei buruz. Nire istorioa baino ez nekien.

    Oso aspergarria izango litzateke liburu batean irakurtzeko. Ezin dut askorik kontatu. Uda oso hartan, eta udagoienean, neguan eta udaberrian, eta hurrengo udan, eta hurrengo udagoienean, eta hurrengo neguan, nire gerra egin nuen, nire setioa jarri nuen: moztu eta ebaki eta zulatu egin nuen sasien eta arantzen txaraka. Enbor lodi eta gogor bat ebaki nuen, baina ezin izan nuen atera bere adarrekin katigatutako beste berrogeita hamar adar moztu arte. Askatu nuenean kanpora atera nuen eta gero hurrengo enbor lodia ebakitzen hasi nintzen. Nire aizkora txikia mila bider kamustu zen. Euskarri bat egin nion zorroztarriari, eta bertan zorroztu nuen aizkora mila bider, masaila metalaren lodieran higatu eta ahorik eduki ezin zuen arte. Lehen neguan, zerra txikitu egin zen tximistarria bezain gogorra zen aieta baten kontra. Bigarren udan, aizkora handi bat eta zerrote bat ostu nion basoan, Baroiaren oinetxera zeraman errepidetik gertu, kanpatuta zegoen egurgile talde bati. Basoan, nire jabetzan, egurra osten ari ziren. Ordainetan, lanabesak ostu nizkien. Bidezko tratua zela pentsatu nuen.

    Aitak erremuskada egiten zuen luzaroan egoten nintzelako kanpoan, baina sartu-irtenekin jarraitu nuen, eta hainbeste lakio neuzkan nahi beste alditan jaten baikenuen untxia. Hala ere, orain ez zen ni jotzera ausartzen. Hamasei edo hamazazpi urte neuzkan, uste dut, eta ondo helduta egon ez arren, edo altua edo oso indartsua izan ez arren, bera baino indartsuagoa nintzen, berrogei urteko edo gehiagoko gizon zahar eta akitua zen-eta. Amaordea nahi beste bider jotzen zuen. Amaordea emakume txikia eta zaharra, haginbakoa eta begi gorriduna zen orain. Oso gutxitan egiten zuen berba. Hitz egiten zuenean, aitak zaplaztekoa ematen zion, andrazkoen berriketa eta zinkurinengatik ekinean. "Ez al haiz inoiz isilduko?", oihukatzen zuen, eta amaordea uzkurtu egiten zen, burua makurtutako sorbalden artean ezkutatuz, dortoka bat bezala. Eta, hala ere, batzuetan, gauean zapi batekin eta txingarretan berotutako ur-ontzi batekin garbitzen zenean, tapakiak irrist egiten zion eta azal fineko gorputza ikusten nion, bular leunak eta mokor biribilak, suaren argitan zehaztubakoak. Buelta ematen nuen, ikaratuta eta lotsatuta zegoelako hari begira nengoela ikusten zuenean. "Seme" esaten zidan, bere semea ez nintzen arren. Lehen, aspaldi-aspaldian nire izenez deitzen zidan.

    Behin jaten ari nintzela begira neukala konturatu nintzen. Uzta ona izan zen lehen udagoien hartan, eta negu osoan eduki genituen arbiak. Aurpegian begirada bitxia zeukan, eta banekien orduantxe galdetu nahi zidala, aita etxetik kanpo zegoen bitartean, zer egiten nuen egun osoan basoan, zergatik nire alkandora eta gerruntzea eta prakak beti zeuden urratuta eta zati-zati eginda, zergatik neuzkan maskurrak esku azpietan eta eskugainak mila ebakirekin zergatik zeuden marratuta. Galdetu izan balit esango niokeen. Baina ez zuen galdetu. Itzaletara bueltatu zuen aurpegia, isilik.

    Itzalek eta isiltasunak betetzen zuten heskai handian ireki nuen pasabidea. Zuhaitz arantzadunak hain garaiak ziren eta adarrak hain zarratuta zeuden haien artetik ez zela inolako argirik igarotzen.

    Lehen urtea bukatu zenean pasabide bat ebaki eta zerratu eta moztu nuen hesian, gutxi gorabehera nire altuerakoa eta nire neurriaren bikoitza luzeran. Aurretik beti bezain zeharkaezina zen, beste aldean egon zitekeenaren aztarnarik edo adarren korapiloa mehatsagoa izan zitekeen zantzurik eman barik. Gauetan, sarritan egoten nintzen etzanda eta aitaren zurrungak entzuten, eta neure buruari esaten nion bera bezain zaharra nintzenean azken adarra moztuko nuela eta berriro aterako nintzela basora. Bizitza emango nuen sasi-sail handi eta biribil batean tunela egiten, barruan beste ezer ez zegoelarik. Amaiera hori kontatu nuen nire istoriorako, baina ez nuen sinesten. Beste amaiera batzuk kontatzen ahalegindu nintzen. Esan nuen, zelai berde bat aurkituko dut hesiaren barruan... Herri bat... Fraide-etxe bat... Oinetxe bat... Harriz betetako zelai bat... Ez nekien zer gehiago aurki zitekeen. Baina amaiera horiek ez zuten nire irudimena luzaroan pausatzen; berehala ari nintzen pentsatzen zelan moztuko nuen nire bidean zegoen hurrengo enbor lodia. Nire istorioa adar arantzadunen sasitza amaigabe batean bidea zabaltzearena zen, eta ez beste ezer. Eta hori kontatzeko, egiteko bezain beste denbora beharko nuen.

    Egun batean, neguaren amaiera gertu zegoenean, negua ez dela inoiz bukatuko pentsarazten duen egun horietako batean, egun hotz, heze, ilun, gogaikarri, goseti batean, egurginen zerrarekin ari nintzen elorri zuri begitsu eta korapilatsu bat ebakitzen; nire aldaka bezain lodia eta altzairua bezain gogorra zen. Erabil nezakeen leku urrian kukulumuxu jarri nintzen eta zerrari eragin nion, buruan zerratzea baino ez neukalarik.

    Heskaia arin hazten zen, arinegi, sasoian eta sasoiz kanpo; negu gorrian ere kimu lodi eta zurbilak hazten ziren nire pasabidean, eta udan egunero eman behar nuen denbora apur bat aldakaitz berriak garbitzen, izerdi erresumingarriz betetako txorta berde arantzadunak. Nire pasabide edo tunelak bost metro inguru zeuzkan orain, baina metro erdiko garaiera baino ez zeukan, amaiera-amaieran izan ezik. Herrestan sartzen ikasi nuen eta amaieran baino ez nuen mantentzen pasabidea gizon baten altueran, aizkora edo zerra erabiltzeko leku nahikoa izan behar nuen-eta. Makurtu egiten nintzen lanerako, zutik egotearen erosotasunari uko egiteko pozik, horren truke aurrera egiten bainuen.

    Elorri zuriaren enborra zatitu egin zen ustekabean, sasitza hartako zuhaitzek zeukaten modu eragozgarri eta zital hartan. Zerra airean joan zen eta ia izterrean jo zidan, eta zuhaitza berarekin katigatuta zeuden beste batzuen gainean jausi zenean adar luze batek aurpegian astindu ninduen. Arantzek betazalak eta bekokia zarrastatu zizkidaten. Odolak itsututa, begiak zauritu nituela pentsatu nuen. Belaunikatu egin nintzen eta nekearengatik eta ezusteko istripuarengatik dardakadan neuzkan eskuekin kendu nuen odola. Azkenean begi bat argitu zitzaidan, eta gero bestea eta, kliska eginez eta begiratuz, argia ikusi nuen nire aurrean.

    Erortzean, elorri zuriak hutsune bat utzi zuen, eta adar beltzen labirinto eta elkarloturan hutsune hura espazio txiki eta ireki bat zen, eta handik barrena ikusi egin zitekeen, hormako arrakala bat balitz bezala: eta espazio txiki argi hartan gaztelua ikusi nuen.

    Orain badakit zelan deitu. Orduan ez neukan izenik ikusi nuen gauza hartarako. Eguzkia ikusi nuen harri beilegizko horma batean. Gertuagotik begiratuta, horman ate bat zegoela ikusi nuen. Atearen ondoan figura batzuk zeuden, zutunik, gizonak agian, gerizpetan, geldi; tarte baten ondoren harrian zizelkatutako figurak zirela pentsatu nuen, fraideen elizako ateetan ikusi izan nituenak bezalakoak. Ezin nuen beste ezer ikusi: eguzkiaren argia, harri distiratsua, atea, zehaztugabeko figurak. Gainerako lekuetan, heskaiko adarrak eta enborrak eta hosto maskalak nire aurrean metatzen ziren aurreko urte bietan egin zuten moduan, ilun eta zeharkaezin.

    Pentsatu nuen, sugea banintz zulo hori herrestan igaro nezake! Baina ez nintzen sugea, eta lanari ekin nion zuloa handitzeko. Eskuek dar-dar egiten zuten oraindik, baina aizkora hartu eta adar metatu eta gurutzatuak jo eta jo egin nituen. Orain banekien zein adar moztu, zein zurtoin pikatu: nire begien eta urre-koloreko horma haren artean, atearen artean zegoen edozein. Ez ninduen arduratzen pasabidearen altuerak edo zabalerak indarrez egin ahal banuen aurrera, besoetako eta aurpegiko eta arropetako urratuei kasurik egin barik. Nire aizkora kamutsa hain indartsu astintzen nuen adarrek hegan egiten zutela nire aurrean; eta bidea egiten nuen heinean heskaiko adarrak eta enborrak gero eta finagoak eta ahulagoak ziren. Argiak zeharkatu egiten zituen. Neguak belztuta eta gogortuta egotetik berde eta samur izatera pasatu ziren nik aurrerantz ebakitzen nuen heinean, eskuarekin albora egiteko gai izan nintzen arte. Azken geruza kendu nuen eta lautxakur irten nuen belar distiratsuko zelai batera.

    Goian, zeruak uda hasierako urdin argia erakusten zuen. Nire aurrean, heskaitik distantzia gutxira, aldats behera, harri beilegizko etxea zegoen, gaztelua erretenean. Banderak geldi zintzilikatzen ziren dorre zorrotzetatik. Airea bare eta epel zegoen. Ez zen ezer mugitzen.

    Han makurtu nintzen, gainerako beste gauzak bezain geldirik, nire arnasa izan ezik, luzaroan zaratatsu eta estu atera baitzitzaidan. Nire esku izerditsu eta odolez marratutakoaren ondoan erle txiki bat hirusta-lore batean zegoen, mugitu barik, eztiz hordituta.

    Belaunikatu egin nintzen eta ingurura begiratu nuen, arretatsu. Banekien hori oinetxe bat izango zela, herriaren gainean zegoen Baroiaren oinetxearen modukoa eta, hortaz, arriskutsua izango zela bertan bizi ez edo bertan lan egiten ez zuen edonorentzat. Baroiaren oinetxea baino askoz handiagoa eta finagoa zen, eta ikaragarri ederragoa; fraideen eliza baino ere handiagoa eta ederragoa. Horma beilegiekin eta teilatu gorriekin lorea ematen zuela pentsatu nuen. Ez nuen beste gauza askorik ezagutzen harekin alderatzeko. Baroiaren oinetxea dorre zaparro bat zen eta inguruan txabola eta ukuiluen lerro lausotu bat zeukan; eliza grisa eta goibela zen, eta atearen ondoan zizelkatutako figurek aurpegia galdu zuten denboraren poderioz. Etxe hau, edozer zela ere, dotorea eta ederra eta freskoa zen. Gainean jotzen zuen eguzkiak gogora ekarri zidan suaren argia, nire amaordearen bularretan.

    Erretenera zeraman aldats zabal eta belartsuaren erdibidean, behi batzuk etzanda zeuden eguerdiko lozorroan, buruak gorantz, begiak itxita; hausnartu ere ez zuten egiten. Urruneko aldapan artalde bat sakabanatuta zegoen, eta sagasti bateko azken loreak erortzen ari ziren.

    Airea oso beroa zen. Alkandora eta jaka urratuta eta apurtuta neuzkan eta izerdia soinean hoztean dardakadan egongo nintzatekeen heskaiaren beste aldean, negua baitzen han. Hemen jaka erantzi nuen. Urradura guztietako odola sikatzen ari zen, horrek azala luzatu zidan eta azkura eman zidan, eta erreteneko ura irrikaz begiratzen hasi nintzen. Urdina zen, ispilu baten antzekoa, kilikagarria benetan. Egarri ere banintzen. Nire ur-botila pasabidean geratu zen, ia hutsik. Hartaz gogoratu nintzen, baina ez nuen burua jiratu atzerantz begiratzeko.

    Inor ez zen mugitu zelaietan edo etxearen inguruko lorategietan edo erretenaren gaineko zubian heskai handiaren gerizpetan belauniko egon nintzen denbora guztian, nahikotu arte begiratzen. Behiak harrien modura zeutzan, baina lantzean behin ikusten nuen mehaka marroi bat astindu egiten zela euli bat uxatzeko, edo buztan baten punta nagikeriaz kizkurtzen zela. Beherantz begiratu nuenean erle txikia hirusta-lorean zegoen oraindik. Hegoa ukitu nion ikusminez, hilda ote zegoen jakin nahian. Bere adarrek dardara txiki bat egin zuten, baina ez zen mugitu. Etxerantz begiratu nuen berriro, leihoetara eta adarren artetik lehenengo aldi hartan ikusi nuen atera —alboko ate bat zen—. Konturatu nintzen, une bat behar izan nuen, atearen ondoan zizelkatuta zeuden figura biak gizon bizidunak zirela. Atearen albo banatan zeuden, prest lorategietatik edo ukuiluetatik norbait etorriko balitz ere. Batek makila bat zeukan eskuetan, besteak pika bat; eta biak zeuden hormaren kontra jarrita, luze eta zabal lo.

    Ez ninduen harritu. Lo daude, pentsatu nuen. Ohikoa zirudien, hemen. Uste dut orduan konturatu nintzela nora nintzen etorria.

    Ez dut esan nahi istorioa ezagutzen nuenik, zuk ezagutzen duzun moduan. Ez nekien zergatik zeuden lo, zer gertatu zen haiek lo egoteko. Ez nekien zein zen haien istorioaren hasiera, ez amaiera. Ez nekien nor zegoen gazteluan. Baina banekien denak zeudela lo. Oso arraroa zen, eta beldurra izan behar nukeela pentsatu nuen; baina ezin nuen beldurrik sentitu.

    Halandaze orduan ere, zutundu nintzenean eta belardi eguzkitsutik behera astiro-astiro erretenaren ondoko saratsetara joan nintzenean, tipi-tapa joan nintzen, ez amets batean banengo bezala, ezpada ni neu amets bat banintz bezala. Ez nekien nor zegoen ni amesten, neu ez banintzen, baina ez zeukan lebarik. Saratsen gerizpetan belaunikatu nintzen eta esku minberatuak erreteneko ur hotzetan sartu nituen. Eskuaren helmenetik apur bat harago urre-koloreko pikardadun zamo bat zegoen ur gainean, lo. Zapatari bat geldi-geldi sostengatzen zen ur-azalean lau elutxa ñimiñoren gainean. Zubiaren azpian elai bat eta bere txitak lo zeuden lokatzezko habian. Leiho bat zabalik zegoen gazteluaren goiko aldean; zeta-itxurako adats beltz bat ikusi nuen beso potolo baten gainean etzanda, leiho-ertzean.

    Arropak erantzi nituen, geldo eta isilik nire mugimendu onirikoetan, eta uretan sartu nintzen. Igerian jakin ez arren, sarritan bainatu izan nintzen sakonera txikiko erreketan, basoan. Erretena sakona zen, baina horma-txapelari heldu nion; gero harrien artetik agertzen zen sarats-sustrai bat aurkitu nuen. Burua uretatik kanpo neukala eser nintekeen, eta ur garden eta itzaltsuan zegoen urre-koloreko pikardadun zamoa ikus nezakeen.

    Azkenean irten nuen, freskatuta eta garbi. Nire alkandora eta prakak garbitu nituen harriekin igurtziz, neguko zikinkeria eta izerdia kentzeko, eta eguzkitan lehortzeko zabaldu nituen belarretan, saratsak baino harago. Jaka eta txokolo mardul eta lastoz betetakoak heskaiaren azpian neuzkan. Alkandora eta prakak erdi lehortuta zeudenean jantzi egin nituen, fresko eta busti-usain gozoarekin, eta atzamarrekin orraztu nuen ilea. Gero zutitu egin nintzen eta zubi altxagarriaren muturrera joan nintzen.

    Gurutzatu egin nuen, geldiro eta isilik, beldurrik edo presarik gabe.

    Atezain zaharra gazteluko ate handiaren ondoan zegoen eserita, kokotsa bularrean. Zurrunga luze eta leunak egiten zituen.

    Haritzezko ate altu eta burdinazko tatxetekin apaindutakoari bultza egin nion. Krakada txiki batekin ireki zen. Ehiza-txakur bi, itzelak, harlauzazko lurrean zeuden, luze eta zabal lo. Bat "ehizan" zebilen ametsetan, hanka handiak astintzen, eta gero geldi geratu zen berriro. Gazteluaren barruko airea barea eta itzaltsua zen, kanpoko airea barea eta distiratsua zen bezala. Ez zen ezer entzuten, ez barruan, ez kanpoan. Txoriek ez zuten kantatzen, emakumeek ere ez; ahotsek ez zuten berbarik egiten, oinak ez ziren mugitzen, eta kanpaiek ez zuten ordua ematen. Sukaldariak lapikoen gainean zeuden lo sukaldean, neskameak garbiketa- eta joste-lanen gainean zeuden lo, erregea eta bere zaldizainak lo zeuden zalditegiko patioan loak hartutako zaldien ondoan, eta erregina bere damen artean zegoen lo bordatzeko euskarriaren aurrean. Katua lo zegoen sagu-zuloaren ondoan, eta saguak hormen artean zeuden lo. Sitsa artilezko arropen artean zegoen lo, eta musika juglarearen arparen harien artean zegoen lo. Ez zegoen ordurik. Eguzkiak zeru urdinean egiten zuen lo, eta saratsek uretan egiten zituzten gerizak ez ziren inoiz mugitzen.

 

 

Badakit, badakit ez zela nire aztikeria. Nik bidea urratu, moztu, ebaki, indarrez zabaldu nuen hara barruraino. Badakit legez kanpokoa naizela. Inoiz ez nuen ikasi beste ezer izaten. Nire basoa ere, nik nire jabetzatzat neukana, inoiz ez zen nirea izan. Erregearen Basoa zen, eta erregea lo zegoen hemen bere gazteluan, bere basoaren bihotzean. Baina aspaldi-aspalditik inork ez zuen erregeari buruz berbarik egiten. Baroi zekenek basoaren inguru osoa menderatzen zuten, egurginek egurra osten zuten, nekazarien umeek untxiak harrapatzen zituzten; galdutako printzeak lantzean behin pasatzen ziren handik, agian oreinak ehizatzen, jabetza pribatu batean sartzen ari zirela jakin barik.

    Nik banekien jabetza pribatua zela, baina horretan ez nuen kalterik ikusten. Jakina, bertako janaria jan nuen. Sukaldari nagusiak labetik atera berri zuen orein-pastelak hain usain zoragarria zeukan pertsona gosetu batek ezin baitzion eutsi. Sukaldari nagusia jarrera erosoago batean ipini nuen sukaldeko arbelezko zoruan, txanoa buruazpiko modura tximurtuta; eta orduan pastel handi hari ekin nion, eskuekin mutur bat kendu nion eta ahoa bete nuen. Oraindik epel zegoen, gozo, zaporetsu. Nahikotu arte jan nuen. Sukaldera joan nintzen hurrengoan, pastela osorik zegoen, ukitu gabe. Aztikeriak eutsi egiten zuen. Ametsa zelarik, ezin al nuen loaren errealitate sakon hartako ezer aldatu? Zenbat-gura jaten nuen, eta zopa-lapikoa beti zegoen berriro beterik eta ogi-xerrak beti zeuden despentsan, azal marroiak oso-osorik. Ardo beltzak gainez egiten zuen seneskalaren eskuaren ondoko kopan, nik hamaika bider altxatu, eskerrak emanez diosala egin eta edan arren.

    Gaztelua eta inguruko lorategiak eta eraikinak aztertzen nituela —beti ere presa barik, gela batetik bestera, sarritan geldituz, sarritan luzatuz eszena pintatu baten edo itzelezko tapiz baten aurrean, edo eskulangintza fineko tresnen edo apaingarrien edo altzarien aurrean, sarritan gortinadun ohe eroso batean edo lorategiko bazter belartsu batean lo egiteko etzanez (hemen ez zegoelako gaurik, eta nekatuta nengoenean egiten nuen lo eta atseden hartu ondoren esnatzen nintzen)— gela eta bulego eta soto eta korridore eta ukuilu eta zerbitzarien gela guztietatik nenbilela, han eta hemen lo zeuden pertsonak ezagutu nituen, zerbaiten gainean bermatuta edo eserita edo etzanda, ia-ia haiek ere altzariak balira bezala, aztikeria gainera erori zitzaienean eta begiak ezin zituztenean zabalik eduki, arnasa lasaitu zitzaienean, besoak eta hankak erlaxatu eta gelditu zitzaizkienean zeuden modu-moduan. Artzain bat, muinoan, marraskari baten zuloan txiza egiten aritu izan zen; lurreraino irrist egin zuen eta lo zegoen, pozik, zalantza barik marraskaria lur azpian zegoen bezalaxe. Sukaldari nagusia, esan dudan moduan, lurrean zegoen eta bazirudien tximista batek gogoz kontra suntsitu zuela bere artearen unerik gorenean, eta hamaika bider ahalegindu nintzen arren burua ondo jartzen eta besoak eta hankak erosoago ipintzen, beti jartzen zuen bekoki iluna, "Ez egin enbarazurik orain, lanpetuta nago!" esaten ari balitz bezala. Sagasti zaharreko goiko aldean maitale-bikote bat zegoen, nire moduko nekazariak. Mutila, praka baldarrak jaitsita, neskarengandik atera zen moduan zegoen, aurpegia lorez betetako belarretan, loan eta asetasunean murgilduta. Neska, emakume gaztea, garaiera txikikoa eta bular handikoa, masail eta titiburu gorri-gorrikoa, etzanda zegoen, gonak gerriraino altxatuta, izterrak zabalik eta besoak luze, ametsetan irribarrez. Berriro ere, pertsona gosetu batek eutsi zezakeena baino gehiago zen. Neskaren gainean etzan nintzen, kontuz, titiburu gorrietan musu eman nion eta bere gozotasun eztian sartu nintzen. Ametsetan irribarre egiten zuen berriro, egiten nuen bakoitzean, eta batzuetan plazer-urrumada txiki bat egiten zuen. Gero haren ondoan etzaten nintzen, beste aldean zeukan lagunaren kide izateko, eta lo-kuku bat egiten nuen, eta sagarrondoen adarretako azken loreak ez zirela erortzen ikusteko esnatzen nintzen. Han, heskai handiaren barruan lo egiten nuenean, inoiz ez nuen ametsetan egiten.

    Zeri buruz egin behar nuen ametsetan? Zalantza barik, desiratu nezakeen guztia neukan. Hala ere, igarotzen ez zen denbora igarotzen zen bitartean, bakardadera ohituta egon arren, bakarrik sentitzen hasi nintzen; lotan zeudenen konpainia kantsagarria egiten zitzaidan. Baketsuak eta kaltebakoak izan arren, eta euren artean bizi nintzen neurrian haietako asko niretzat kuttunak bilakatu arren, ez ziren ume baten egurrezko jostailuak baino lagun hobeak niretzat, umeak bere ahotsa eta arima eman behar baitizkie. Lana bilatu nuen, ez bakarrik jatekoa eta ohea ordaintzeko, azken finean behar egitera ohituta nengoelako baizik. Zilarreria garbitu nuen, zoruetan behin eta berriro pasatu nuen erratza, hautsa hain geldo zegoen-eta, lotan zeuden zaldi guztiak eskuilarekin garbitu nituen, apaletako liburuak arteztu nituen. Eta horrek eraman ninduen liburu bat irekitzera, alfertasun hutsean, eta hango berbei turdiduta begiratzera.

    Ez nuen eskuetan liburu bat eduki amaordearen abeze hartatik, eta elizako abadearen liburua besterik ez nuen ikusi, gabonetan mezatara joaten ginenean. Hasieran irudiak baino ez nituen begiratzen, zoragarriak ziren eta asko entretenitzen ninduten. Baina hitzek irudiei buruz esaten zutena jakiteko nahia etorri zitzaidan. Letren formak aztertzeari ekin nionean, gogoratzen hasi nintzen: a eseritako katua bezalakoa, b eta d tripa-handiak, t arotzaren eskuaira, eta abar. Eta e-z "ez" zen, eta k-a-t-u "katu" zen, eta abar. Eta irakurtzen ikasteko nahiko denbora, nahiko denbora eta nahikoa baino gehiago, ni geldoa izan arren. Horrela ikasi nuen irakurtzen, lehenik erreginaren geletan, lehenengoz irakurtzen hasi nintzen lekuan, bertan zeuden erromantzeak eta istorioak, eta gero erregearen liburutegian gerrei eta erresumei eta bidaiei eta gizon ospetsuei buruz zeuden liburuak, eta azkenik printzesaren ipuin-liburuak. Horrela dakit nik orain zer den gaztelu bat, eta errege bat, eta seneskal bat, eta istorio bat, eta neure istorioa idatz dezaket.

    Baina inoiz ez zitzaidan gustatu dorreko gelara sartzea, non ipuinak zeuden. Lehen aldian sartu nintzen; lehen aldi horren ostean, atearen ondoko apalean zeuden liburuen bila besterik ez nintzen joaten. Liburu bat hartzen nuen, apalera soilik begiratuz, eta alde egiten nuen segituan eskailera kiribiletik behera. Behin baino ez nion printzesari begiratu, lehen aldian, aldi bakarra.

    Bakarrik zegoen bere gelan. Eserita zegoen leihotik gertu, bizkarralde artezeko aulki txiki batean. Iruten ari zen haria altzoan zeukan eta lurreraino zintzilikatzen zen. Haria zuria zen; bere soinekoa zuria eta berdea zen. Ardatza bere esku irekian zegoen. Orkoroa sastatu zion, eta punta oraindik ageri zen hatz-koskor txikiaren gainean. Bere eskuak txikiak eta delikatuak ziren. Ni hona etorri nintzenean nintzena baino gazteagoa zen, nekez umea baino gehiago, eta inoiz ez zuen lan gogorrik egin. Argi zegoen hori. Euretako edozeinek baino lo gozoagoa zeukan, beso potolo eta zeta-itxurako iledun neskameak baino gehiago, atezainaren etxeko kuman zegoen umetxo musu-gorriak baino gehiago, bai eta hegoaldeko gelan zegoen amamak baino, huraxe maite bainuen gehien. Amamarekin hitz egin ohi nuen, bakarrik sentitzen nintzenean. Geldi zegoen, leihotik begiratzen ari balitz bezala, eta erraza zen sinestea niri entzuten ari zela eta erantzun baino lehen pentsatzen ari zela.

    Baina printzesaren loa hura baino ere gozoagoa zen. Tximeleta baten loa bezalakoa zen.

    Jakin nuen, bere gelan sartu nintzen bezain laster jakin nuen; lehen aldi horretan, aldi bakar horretan, bera ikusi bezain laster jakin nuen bera, bera bakarrik gaztelu osoan, esna zitekeela edozein unetan. Jakin nuen bera, haien artean, gu guztion artean, bera bakarrik, ari zela ametsetan. Jakin nuen dorreko gela hartan hitz egiten banuen entzun egingo zidala: agian ez zen esnatuko, baina bere loan entzungo zidan, eta bere ametsak aldatu egingo lirateke. Jakin nuen ukitzen banuen edo beste barik beregana hurbiltzen banintzen bere ametsak aztoratuko nituzkeela. Ardatz hura ukitu besterik ez banuen egiten ere, orkoroa ez sastatzeko mugitzen banuen —eta hori egiteko irrikan nengoen, ikusteko mingarria zelako, baina hori egiten banuen, ardatza mugitzen banuen, odol gorriko tanta bat aterako litzateke astiro hatz-koskorraren gaineko mami delikatuan. Eta bere begiak ireki egingo lirateke. Bere begiak geldiro zabalduko lirateke; niri begiratuko lidake. Eta aztikeria desegin egingo litzateke, ametsa bukatu egingo litzateke.

    Hemen, heskai handiaren barruan bizi izan naiz nire aita inoiz izan zena baino zaharragoa izan arte. Hegoaldeko gelan dagoen amama bezain zaharra naiz, nire ilea urdindu egin da. Urte askotan ez dut eskailera kiribila igo. Orain ez ditut ipuin-liburuak irakurtzen, ez naiz ortu gozora joaten. Lorategian esertzen naiz, eguzkitan. Printzea zaldi-gainean datorrenean, eta hesi arantzadunean barrena bidea zabaltzen duenean —nire urte biko lana— bere ezpata pribilegiatu eta distiratsuaren zartada batekin, eskailera kiribila oinkada luzeekin igotzen duenean dorreko gelara joateko, printzesari musu emateko makurtzen denean, eta ardatza haren eskutik erortzen denean, eta odol-tanta bat errubi txiki baten moduan agertzen denean bere azal zurian, printzesak begiak astiro zabaltzen dituenean eta aharrausi egiten duenean, printzeari begiratuko dio. Gaztelua astintzen hasten denean, lore-hostoak jausten hasten direnean, erle txikia mugitzen eta burrunba egiten hasten denean hirusta-lorearen gainean, printzesak printzeari begiratuko dio ametsaren lainoen eta hondarren artean, mendebeteko ametsen artean; eta zalantza daukat, une batez printzesak ez ote du pentsatuko: "Hau al da ikusten nuela amestu nuen aurpegia?". Baina ordurako kanpoan egongo naiz, simaur-piloan, eurak inoiz egon diren baino lo sakonagoan.

 

LEGEZ KANPOKOA
Ursula K. Le Guin

itzultzailea: Jasone Larrinaga
armiarma.eus, 2013