Ursula K. Le Guin
sarrera laburra

 

    Ursula Kroeber 1929an jaio zen Berkeleyn (Kalifornia) eta bertan hazi zen. Aita, Alfred, antropologoa zen, eta ama, Theodora, psikologoa eta idazlea. Ursulak Frantziako eta Italiako literatura ikasi zituen Columbia Unibertsitatean eta Fullbright beka bat lortu zuen Frantziara joateko. 1953an Charles Le Guinekin ezkondu zen Parisen, eta Portlanden (Oregon) bizi dira 1958tik.

    Ursula K. Le Guinek poesia eta prosa idazten ditu, eleberriak, istorio laburrak, entseguak, itzulpenak eta bere lanetan oinarritutako gidoiak. Lan horiek hainbat generotan sailkatu izan dira: zientzia-fikzioa, fikzio errealistikoa, fantasia, ume txikientzako liburuak, gazteentzako liburuak, eta abar. Hala ere, berari ez zaizkio genero-sailkapenak gustatzen: "Pazientzia galtzen dut generoa kalitatearen labela denean".

    Hala ere, etiketa batzuk "egokiak, gutxi gorabehera" direla onartu du: nobelagilea, erradikala, feminista eta taoista. Bere istorioen eta pertsonaien bidez sexualitatea, generoa, arrazismoa, politika, erlijioa, etnografia, soziologia, antropologia, ekologia eta aurrerapen teknologikoak landu ditu. Adibidez, Le Guinen lanaren ezaugarri nabarmen bat da arrazaren tratamendua: pertsonaia nagusi gehienak ez dira zuriak, beltzak edo kobre-kolorekoak baizik. Elkarrizketa batean adierazi zuen: "Hori apropos egin dut munduko pertsonarik gehienak ez direlako zuriak. Zergatik pentsatu behar dugu etorkizunean horrela izango dela?".

    "Itsaslurreko liburuak" (A Wizard of Earthsea eta sail bereko ondorengoak) dira, agian, bere lanik ezagunenak. Hainbat sari irabazi ditu: Hugo saria bost aldiz, Nebula saria sei aldiz eta Locus saria hemeretzi aldiz, besteak beste. 2002an PEN/Malamud Saria jaso zuen.

 

Ursula K. Le Guin
sarrera laburra