TOLLUND-EKO GIZONA Familiako bat bezala, senide artera tarteka baino agertzen ez den horietako bat, eta bat-batean logelako bazter batean esertzen dena, aurpegiera zakarreko erregea, lazkaz eta isilpez betea, ez dagoena lo, baina bakean dautzana.
Ez du har bakar batek jan, geu gara, geure begirada gartsuz haren piztia saldoa orain.
Jainko, kantu, gerra, itsasontzi eta mendeku garai hartan larruzko soka batez ito zuten, zeuzkan ondasun artera botatzeko gero: zorua, izotzezko eta burdinazko aroa.
Liho hazien arrastoa, garagar talo batena eta belar gaiztoena hesteetan: neguan hil zen, airearen bila eta zohikaztegiko lokatzetan gatibu.
Inguraturik zuten herriko gizonek, uhala lepazamarrean estutzen, baiezka denak, udako fruituen ohorez sakrifikatua. Edo hiltzaile bat zen? Herexea? Desertorea?
Hutsunean belauniko, gorputzak zuena haztatu zuen: lurra, eta zuen ez abarrik ez zuhaitzik aurkitu; ez zuen mendekuak hartu haren gogoa irribarrez baitago gorde duen paduran.
Kutxa usteltzen ari da, haitzak hauts, bazka lasto eta idoi bihurtzen ari da; baina bera hor dago, etxekoa zaionarekin gizona, etortzeko dauden mendeen aurrean.
(“Neure onenean nengoenean eta zamalkatzen zintudanean zoragarria zitzaidan mundua
hondamendien gainean arranguraz dirdira egiten nuen arte.
Orkatzak, txakurrak, ardiak bezala egiten zenuen deiadar zure semea ernarazi nizunean.
Limaondo egurrezko aihotz nintzen larre amaigabe horretan, zure azalean”)
Gorde zuen azidoa belardian hazten da. Tolesaren toles, justizia zain dago izan zen horregatik guztiagatik.
Odolik bada: gogortua. Bizitzarik bada: denborarik gabeko gasean zikindua, urteen aztarna digitala. Urdinik bada: zure begietakoa bezala ezabatua, urte batzuk geroago.
(“Buztinezko gizon bat ari zaizu hizketan. Hil egin nuen eta hil egin ninduten. Txoriak mendebalderantz doaz”)
Amoniakotan eta simaurretan, arantza beltzetan, berunezko kaputxapean: nire heriotza.
Bortxatzailea izan naiz akaso? Ihes egin diot borroka egiteari?
Amak dena ikusi zuen marrubi, sugegorri eta lilizko mundu honetara, tranpa honetara eta bere bizitzako urmaeletako laino artera sortu ninduenean.
Nik ez nuen inoiz jakin. Eta horregatik irribarre hau polderrean gero eta sakonago hondoratzen ari naizela, sabeleko minez den abere adarduna legez.
Zuzen dabiltza haurrak beharbada, barregarri nago, hain lizun.
Eurek badakite zer den justizia, Haren goseak gehiegi arduratzen ez baditu ere.
Igaro da lintxatu nauteneko unea, nire lepoko azala zimurtuko den arren datozen urteetan, eta soin-giltzetaraino haserre bazaude ere egin zidatenagatik.
Mihia atera da, eta dagoeneko ez dut hitzik egiten, zure arropetara katigatuta datozen urteetan, eta irrintzi zure irribarrean nire odolez, mukiz, haziz.
Ni halako banaiz, hala zara zeu ere.
Keinuren baten bila aztarrika, horra zeure burua nire heiagoran, egunek amaieraraino lausotua.
Zer adin duzu orain?
Sua izango duzu zigorra ala lehertu arte puztuko zara?
Biktimak justizia egin du.
Ni nola aldatzen naizen, hala mugitzen zara zeu, eta zeu ere begiratzen duenetakoa zara, eta argitasun itsusi horrek argitzen zaituen artean, zuk biltzen dituzu gure txatal guztiak.
TOLLUND-EKO GIZONA |