HAURTZAROAZ BURUTAZIO LABUR ZENBAIT
Miroslav Holub

Hegats-5, 1991
euskaratzailea: Maite Gonzalez Esnal
armiarma.eus, 2023

 

Haurtzaroko zelai urdinxketan haurtzaroa

besterik ez dago.

Orobat ez dago ezer zeru horixkan ere, ez

horma okre biluzietan,

ezta horma okre biluzien atzean, ez

ekialdeko zerumugan, ez

zerumugaz haruntza ere, ez etxe ttipian,

ez dianan, ez ispiluan ezta ispiluaz

bestaldean ere.

Haurtzaroa ezik.

Gauzak bitxiak eta arrotzak zaizkigu,

lehendik zeuden eta hor egongo dira.

Oroimena iristen zaidaneraino, beraz,

haurtzaroa izenik ez xederik ez duten gauza

eta gizaki konfederazio

baten erdiko bakardadea da.

Izenak eta helburuak geuk beranduago

pentsatuak dira.

Halatan uste dugu hormak zerbait beste

zerbaitetik

bereizten duela,

etxeak ekaitzetik babesten gaituela

eta urretxindorrak zoriona barreiatu duela

kantuz ipuinetan zoragarrietan.

Hauxe da guk sinesten duguna. Baina agian

ez da horrela.

Etxeen hustasuna mugagabea baita,

mugagabea ere

urretxindorren ankerkeria, eta ataka batetik

besterainoko

xendrak ez du amaierarik.

 

Eta bilatzeaz batera galdu egiten dugu, eta

aurkitzean ezkutatu.

Zeren oraindik haurtzaroaren peskizan

baikabiltza.

 

HAURTZAROAZ BURUTAZIO LABUR ZENBAIT
Miroslav Holub

Hegats-5, 1991
euskaratzailea: Maite Gonzalez Esnal
armiarma.eus, 2023