SEI GUTUN KARTZELATIK
Antonio Gramsci

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

   Delio maitea:

   Plazer bat egin zait pintzanak eta arrain txikiak dauzkazun txoko bizi bat antolatu duzula jakitea. Pintzanek kaiolatik ihes egiten badute, ez dira hegoetatik edo hanketatik harrapatu behar, ahulak dira eta hautsi edo dislokatu egin litezke: ukabilean bilduta harrapatu behar dira, estutu gabe. Gaztea nintzelarik txori asko hazi nituen, baita bestelako animaliak ere: aztoreak, hontzak, kukuak, mikak, belatxingak, karnabak, kanarioak, pintzanak, etab. etab. Suge txiki bat ere hazi nuen, erbinude bat, triku batzuk eta dortoka batzuk.

   Honela ikusi nituen nik trikuak sagar uzta biltzen:

   Udazkeneko arratsalde batean, ilundutakoan baina ilargiak distiran argitzen zuela, beste mutiko batekin, laguna, fruta arbolez eta bereziki sagarrondoz beteriko alorrera joan nintzen. Sastraka artean ezkutatu ginen, haize kontra. Horra, handik laster, non ageri diren trikuak, bost: bi handi eta hiru txikitxo. Lerroan sagastira abiatu, belarretan itzuli batzuk egin, eta lanari ekin zioten: mutturrak eta hankatxoak lagun, pirrilaka eragiten zieten haizeak zuhaitzetatik botatako sagarrei, eta denak batera ipintzen zituzten, bata bestearen hurre, zabaldegi batean.

   Baina, antza denez, lurrean zeuden sagarrak ez zituzten aski: triku handienak, mutturra jasorik, bere inguruan begiratu zuen, zuhaitz makur bat hautatu eta hartan goran abiatu zen bere emazteak jarraitzen ziola. Adar astundu batean jarri ziren eta balantzaka hasi ziren batera: haien mugimenduek adarra mugitu zuten gero eta azkarrago kulunkatuz astindu zakarretan, eta sagar gehiago jausi zen lurrera. Hauek ere aurrekoen ondoan metatu zituztenean, triku guztiak, handiak eta txikiak, bola bana bihurturik, fruituen gainean etzan ziren arantzak tente, aldean beste ziztatuz: batzuek (triku txikiek) sagar gutxi zeuzkaten sardeturik, baina aita-amek lortu zuten sei edo zazpina sagar sardetzea.

   Beren gordegiara itzultzen zirelarik, gu irten egin ginen gure ezkutalekutik, trikuak zaku txiki batean sartu eta etxera eraman genituen.

   Nik aita eta bi umetxo hartu nituen, eta hilabete askoan eduki nituen, librean, ukuiluan: denetariko zomorrotxoak harrapatzen zituzten, labezomorroak, mantangorriak, eta frutak eta uraza orriak jaten zituzten. Izugarri maite zuten orri freskoa, eta horrela hezi ahal izan nituen apur bat: azkenean ez ziren bola bihurtzen jendea hurbil zutelarik. Hala ere, beldur handia zieten zakurrei. Ni laketu egiten nintzen, ukuilura suge batzuk bizirik eramanda, trikuek nola harrapatzen zituzten ikusten. Sugea sumatzen zueneko, trikuak arin batean egiten zuen jauzi bere lau hankatxoen gainean, eta oldartu egiten zitzaion kemen handiz. Sugeak burua jasotzen zuen mihia erakutsiz eta ziztuka, trikuak kirrinkatxo bat egiten zuen, eusten zion sugeari aurreko hankekin, ausiki egiten zion lepatxokoan eta jan egiten zuen zatika-zatika. Halako batez, ostendu egin ziren trikuok: baten batek, eiki, jateko eraman zituen.

   Idatziko dizut beste batean erbien dantzaz, txori ehuleaz eta hartzaz, eta gainerako abereei dagokionez, kontatu nahi nizuke umea nintzela ikusi eta entzun nuen gauza gehiago: moxalaren istorioa, azeriarena eta isatsa jai egunetan bakarrik zeukan zaldiarena etab., etab. Ezagutzen dituzu noski Kimen historia, Oihaneko ipuinak eta bereziki Itsas txakur zuriarena eta Rikki-Tikki-Tawirena, ezta?

   Musu,

   Antoniok.

 

SEI GUTUN KARTZELATIK
Antonio Gramsci

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017