MAITE ERESI BETIKORRA
Julio Florez

euskaratzailea: Jon Beistegi
Olerti, III-IV, 1967
armiarma.eus, 2023

 

Orro dagi itsasoak, kizkurtu eta handitu;

ilazkia, argi-txori, hegarako gertu;

eta aurpegia altxatzeko leiar-liparrean,

pa eginaz itsasoari gorantza doa usu.

 

T'ekaitzak hok ohi dituen bidutzi mukerrak,

behera eta gora haziaz beti dabilenak,

haren txera nabarituz hasperenka dago...,

eta bere haitz-kaiolan dagiz zirgit leunak.

 

Gizaldiak gizaldi, aspaldi batetik,

maitez dar-dar dagie udako gauetan;

«harek» bere dirdirak damotsoz ederrik,

«honek», bitxi-koralak eskaintzen uretan.

 

Maitale zahar minduok, harroarren puztuz,

maite-minak dabiltzaz elkarri agertuz;

«harek» dirautso «maite zaitut» bere islatan,

eta «honek» hots «laztantxo» bere orroetan.

 

Loa dakartso «harek» bere argi hutsez,

eta itxasoak betikor oihuz du urrungatzen;

bere joran-saminak dizkio iragartzen

mugagean hots zakar dagien ahotsez.

 

«Hark», laru baizen zurbil, dantzutso eta, igorik,

maitez hitz dagi zerutar hizkeran,

eta lainoen atzean musua estaliz

dardarka barrun daukan mina du gordetan.

 

Bere maitasuna badaki ezin dena;

itsasoak hartzen duela galtzarro kolokan,

eta trumoiak hots dagien bidutzi oztinean

leiar higikorrean begitzen da bera.

 

Eta, mendi-sail hotz atzetik, beherantza jaistean

itsasoak hots: «Erretzen nago zure sutan!

Ez zaitez, ene izar, hain arin etzan!

Ene izar kutun ori, ez zaitez joan, ez!

 

Sista bat, arren!... Goza egidazu kirats hau,

busti bainauzu zeure ortzi-argi mehean!

Ez zaitez joan!... Aratz ez dakusu ñir-ñir

zure iduria ene errai oztinean?»

 

Eta «hark» intziri, bere gogaldi eroan:

«Heriok nau non-nahitik hesiz inguratzen!»

Eta ezin naiz gelditu, ene bidutzia!

Hiltzear gaixoari izan errukia!

 

Azken lera-musua dizut bidaltzen;

nire atzen erlantza zure musuz batzen!...»

Eta husguneko haizaro sakonetan hotsik,

hilotz bihurturikan, jausten da bertatik.

 

Orduan itsasoak, buru batetik bestera,

bere erostazko bagak izur itzultzean,

mugage, itun, babesik bako eta bakarti,

urertzak ditu betetzen bere negarrean.

 

Eta ilargi zuriaren oinatz dizditsuak

oihal ilun arteko begi ematean,

inartxi-minez dar-dar dagie izarkiak

zerupeko eremu bakar sakonean.

 

Dana ixil!... Lo itsasoak eta akar-esatean

ez du bere basakar gedarrez gogaitzen,

eta amets dagi ilargia duela musutzen

gauaren galtzarreko ezkon-ohe beltzean!

 

MAITE ERESI BETIKORRA
Julio Florez

euskaratzailea: Jon Beistegi
Olerti, III-IV, 1967
armiarma.eus, 2023