KONSPIRAZIO-TEORIARI GORAZARRE Konspiratzea Etimologikoki: elkarrekin arnas hartzea. Beraz, lehenengo galdera: Ez al dituzte gure nagusiek Hasperen berak egiten Gure jardun eskasegiaren aurrean? Eta ez al dute bulego obalatu beretan Amarruz armatzen Nola zukutu Gure odol-tantetan azkena? Eta zigor egokiak asmatzen Zeren gure aurrean dantzarazten duten azenarioak Agian ez digu sinetsaraziko Jainkoak berak diseinatu zituela Haien produktibitate-grafikoak?
Konspirazioa, hitz izugarria, Adur txarreko oihartzunez josia; Ate itxien bristadak Isilpean emandako aginduak Asmo gaiztoak. Ezinezkoa, diozu, Ez zaitzala engaina Eskuinaren propagandak. Zure burua zeharkatzen duen Bala hori, armatua zegoen Gu biontzat Kapitalismoaren lehen garaietatik. Baita soldata-murrizketa hura ere, Hain sakona, sakelak ere urratu zizkigun Eta galtzak hautsi, Den-dena sistemaren logikaren parte da. Beraz, kontuz Historiaren konspirazio-teoriarekin. Ezin susmorik izan guk, anai-arrebok, Ezin begiak ñarrotu Lerroartean irakurtzeko.
Ezta gure nagusien urratsen atzeko Odol-arrastoei jarraitu ere. Akzioak, bonuak eta mozkinak ditugu hizpide. Urrearen prezioa jaitsi al da?
Hilketak izan dira Hegoafrikan. Interes-tasak igo al dira? Nigerian gosez hiltzen ari gara. Horixe da Dagoena, eta halaxe dioskute.
Baina nik badakit akzioak ez daudela armaturik Eta paper-bonuek ezin dutela erabaki Kutxa bat esneren prezioa Haurrak gosez hilaraziko dituena Inperioaren bazter-auzoetan. Eta ezein enpresaburuk ez ditu bidaltzen Esku odolez blaituak Gauez arakatzera El Salvadorko kalezuloak Haien mozkinak berdinduko dituen Haragi zauritua bilatzera.
Akzioen eta langabezia-ilararen artean Bonuen eta tortura-ganberen artean Bilerak daude Gizon mordo batenak, Batzuk basatiki adoretsuak, Beste batzuk kikilduak Egun-argitan Adreilu altxatu berriaren azpiko zizareen gisan. Erromes asaldatuak Limusina korazatuetan Biltzen dira Haien hilketen Meketan: New York, Londres, Geneva. Hor hartzen diren erabakiek Izu-olatuak hedatuko dituzte Mundu kapitalistaren Luze-zabalean.
Ez dela konspiraziorik, diozu? Orduan, zer asmakizun linguistikoz Izendatu behar dut ekintza eta momentu hori non Gizon gutxi batzuek, zigarro-puntak zanpatuz, Adosten duten % 100eko igoera Eta gure mahaietatik janaria kentzea Eta gure loa aztoratzea Behin eta berriz kalkulatzera behartuz Bizirauteko dugun aukera?
Hara, ba Utziguzue gorazarre egiten Historiaren konspirazio-teoriari. Zeren eta gutako inor Hil dezaketen ekintzak Armatzen dituzten gizonak diren artean, Ezein ihes kontzeptualek Ezein hitz-trikimailuk Ez dit eragotziko ondorioztatzea Gure aurka konspiratzen ari direla Port Harcourt, Nigeria, 1985
KONSPIRAZIO-TEORIARI GORAZARRE |