MURAMBI
Boubacar Boris Diop

Murambi, le livre des ossaments, 2000
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2019

 

      Txoferraren aldamenean eseri naiz. Motorra piztu eta motzean galdetu dit, ohi bezala:

      — Nora, nagusi?

      — Salto batean etxera, Danny. Zaharrak nirekin hitz egin nahi du.

      Hauts hodei batean abiatu gara. Eskuarki, trafikoa handia da Kibungoko inguru hauetan. Arratsalde honetan kaleak hutsik daude. Duela bi egunetik bizilagunak euren etxeetan itxita daude. Kalean bakarrik dabiltza segurtasun indarretako eta Interahamwe miliziako kideak, ni adibidez.  Dannyrekiko  kitzikadura berezi bat sentitu dut.  Ez diot ezer esan, baina berak badaki gertaera garrantzitsuak jazoko direla. Bilera batetik bestera narama azken 48 orduetan. Bart gauean, azkenean ni gabe itzultzeko esan behar izan diot, garbi baitzegoen goiz-alba baino lehen ez zela amaituko prefetekin eta alkateekin geneukan batzarra.

      Etxeko atea bultzatu dut. Nire arreba Hortense bananak erretzen hastera doa kanpoaldeko sukaldean, sarrerako atearen ezkerretara.

      — Kaixo, arrebatxo.

      Hurbildu da eta belarri aldera lerratu alaiki, isilgordekako itxuretan:

      — Zoaz azkar zaharrarengana. Baina jakizu: zurekin haserre dago.

      — Oso lanpetuta ibili naiz. Ezin du hori ulertu?

      — Ezagutzen duzu. Seme makurra zarela esan du.

      Nire ahotsa entzunda, zaharraren gelatik irten du amak. Atarian gurutzatu gara. Plater txiki bat darama eskuan. Algodoi zatiak dauzka, zorne, odol eta Daquingo alkoholetan igeri.

      — Bendarena egin diot, esan du amak.

      — Sendatzen ari zaio besoko zauria?

      Isildu egin da ama une batez. Ez da oso berritsua eta akaso ez du nahi ez erantzun. Ezetz esan du buruaz, azkenean.

      — Zatoz, esan diot. Mediku batek ikus dezan behartuko dugu.

      — Gelatik egotzi nau. Gizonen artean mintzatu behar duzuela esan dit.

      Begiak jaitsi ditut. Zaharra beti oso gogorra izan da harekin.  Alabaina, sufritu badu ere, sekula ez du halakorik erakutsi.

      Errezela kenduta, segundo batzuk egin ditut atalasean, gelako iluntasunera begiak ohitzeko tartea. Agureen ganbera guztiak bezala, are txiki eta itogarriagoa egiten duten alferrikako trepetez betea dago. Bi argazki zintzilik horman, justu oheburuaren gainean. Haietako batean, Gregoire Kayibanda, Ruandako lehen presidentea, Belgikako Balduino erregeari bostekoa ematen ageri da. Kayibanda harro ikusten da une historikoa bizitzeaz, eta belgikarren erregeak, berriz, eskularru zuritan, itxura apur bat axolagabea du, are  erdeinuzkoa. Beste argazkia Juvenal Habyarimana jeneralaren potret ofiziala da. Gure etsaiek erail berri duten horrexerena. Irribarretsu dago eta inteligentzia pindarra dario.

      Ohatzearen erdian eserita dago gure aita. Hileta-musika dario aldamenean duen transistoreari. Bere begiek apenas ikusten duten, baina sentitu nau eta bi eskuak luzatu dizkit. Hartu egin dizkiot, haren mina ez berritzeko.   Bere ezkerreko besoa biltzen duen benda txuriari likido horixka dario. Kirats pixka bat du.  Duela urte batzuk sendoa zena, ihar, zaurgarri eta korkoil ageri da orain. Irratia itzali eta ohean bere ondoan eserarazi nau, ia bere kontra. Hunkitu nau konplizitate keinu samurrak.

      Berehala galdetu dit aitak:

      — Beste horiek benetako gizontzat ala emaztekitzat hartzen gaituzte?

      Erantzuteko betarik eman gabe, erantsi du oraingo honetan “”haiek” mugak gainditu dituztela”. Politika bere hizketagai gogokoena izan da beti, baina ez diot sekula “tutsi” hitza entzun. Beti “haiek” deitu izan die, edo “Inyenzi”, alegia “labezomorroak”.

      — Erakutsiko diegu gu errespetatzen, esan dut gogoeta tarte baten ostean. Prest gaude.

      — Badakit zure herriaren alde gauzak  ondo egiten ari zarela. Lagunak etorri zaizkit zoriontzera. Zutaz harro naiz.

      — Lan ona egin dut, bai.

      — Badakit.

      — Egoera kontrolpean daukagu muinoetan eta herrialdeko herri handi guztietan, baina iparraldean zailagoa izanen da.

       — Mulindiko haien gerrillagatik?

      — Bai. Jakin dugu Kigalirantz mugitzen ari direla ostiralaz geroztik.

      — Hori ere esan didate.

      — Ondo informatuta zaude, arraioa, esan dut irribarretsu.

      Irri egin du hark ere, losintxatuta. Gero, banpez larri jarriz:

      — Ez daukazu huts egiteko eskubiderik.

      Deseroso jarri nau bere oharrak. Zuzena izan baita bere bizitza.  Nahiz eta galera fisikoa, gogoa harrigarriro bizia dauka zaharrak. Arrazoi du: tutsi guztiak ezabatzea lortzen ez badugu, historiako gaiztoak izango gara. Ondo antolatutako deitoreak eskainiko dizkiote haiek munduari, eta guretzat biziki zaila izango da. Gure arteko uzkurrenek ere badakite:  lehen matxete kolpearen ondoren, amaieraraino iritsi beharra dago, derrigorrean.

      — Ez dakit, aita. Zuri esan diezazuket: ez da erraza izango FPRren aurkako gerra buruz buru egitea, eta gainerakoa.

      — Gainerakoa? Mespretxu airez bota dit. Egiteko daukazunaren lotsa izaten ez zaitezela has.

      Nire erabakitasunaz zalantzan dela inpresio dorpea daukat. Nahigabetua nago mindua bainoago, hari bihotz zabalik hitz egiteko gogoa baitaukat.

      Oihu egiten du eta aurpegian jasotzen dut haren hats txarra. Atzera egiten dut pixka bat.

      — Zaila izango da.

      — Ondo ezagutzen duzu Fronte Patriotiko Ruandar gerrilla inyenzi honen historia?

      Honelako galderak egiten ditu bere pasadizo sarri horietako bat kontatzeko asmoa duenean.

      — Bai, jakin izan ditut gauzak FPRri buruz, erantzun diot zuhurki.

      — Eta badakizu haien buruak nolatan egin zion heriotzari ihes,  gutxigatik, 1961ean?

      — Ez, adierazi diot atzerago joanez.

      Gero eta gutxiago jasan ahal dut haren hatsa. Esan beharra dago hori ez datorkiola soilik urdailetik. Hesteek kalteak egin dizkiote gure Cyanguguko senideen etxean hiru asteko egonaldia egin zuenetik.

      —Gitaraman ginen gu, hutuak, indartsuen. Gureak arpilatzen eta bortxaketan zebiltzan bitartean, lau urteko haur bat eta bere gurasoak auto baten zain zeuden, Mutaranzko norabidean ihes egiteko. Bat-batean, gure gizonek familia hau autoan arrapataka sartzen ikusi zuten. Korri egin zuten, korri. Baina beranduegi zen. Hara nola ergel horiek ospa egiten utzi zioten, duela hogeita hamazazpi urte, gaur egun gerrillako burua den mutiko hari.

      Ondo ezagutzen nuen istorioa, baiki. Baina ez nuen hura kontatzetik zaharra kendu nahi. Esan niezaioke gertakaria Nyarutovuko muinoan jazo zela, Ntambweko herrian. Gure instruktoreengandik milaka aldiz entzuna genuen. Adibide horixe jartzen ziguten erakusteko zenbaterainoko arriskutsua izan daitekeen haurrak lanetik salbu uztea. Kontakizunak aldaera asko dauzka.  Bertsioetako batean mukizua gure gizonen zain egon eta barrea eragin omen zien hitz emanez: “Ez naiz sekula gehiago tutsia izango”. Esaten da, halaber, guretarren autoa abian jartzean norbaitek umea ikusi eta txoferrari gelditzekoa egin ziola, baina honek uko egin ziola ume koxkor bategatik denbora galtzeari. Aldaera bakoitzak ditu zaleak. Gure hezitzaileetako batek burlaizez esaten zuen Nyarutovuko umeak ez zuela hitza bete, bana hori esperotzekoa zela inyenzi baten aldetik. Kontrara, gure etsairik arriskutsuena bilakatua zen eta ahalik eta hutu gehien hiltzeko grina zeukan. Instruktorea orduan —Leonar Majyambere zuen izena— ilara artean ibiltzen zen Interahamwe on batek hortik zer ondorio atera behar zuen galdetuz. Alprojenek ere bazekiten erantzuna.

      —  Inportanteena, esan du zaharrak, ez zen ume hau ez hil izana…

      Erne begiratu nion. Nora joan nahi zuen?

      — Bizirik utzi behar zen ? Beti esaten duzu gizon adoretsu batek azkeneraino joaten ausartu behar duela.

      — Jakina, egin du zaharrak, eliminatu behar zen. Baina arazoa ez zitzaigun sortu ere egingo gure gizonak, lapurretan eta hordikerian jardun beharrean, haien lana egiten kontzentratu izan balira. Azal iezaiezu zure agindupekoei halako portaerek energia eta denbora galaraziko dietela.

      Nire kautan pentsatu dut zaharrak ez duela jada errealitatearen zentzurik.

      — Noski, aita, diziplina alorrean ekina izango naiz.

      Berehala konturatu da bere aholkua ez dudala benetan serio hartu eta eztabaida saihestea baino ez dudala nahi. Ez dio ezerk ihes egiten. Mespretxuz bota du:

      — Nahi duzuna egizu, baina 1959az geroztik akats berberak errepikatu ditugu.

      Unea hondatzen hasia da.  Isilik iraun dut. Baina zaharra adoregabetzeko gehiago behar da.

      — Adituko zenuen noski frantses hari buruz, euren gerla handian inyenzi zuri guztiak akabatu nahi izan zituena…

      — Alemana zen.

      — Nola zuen izena?

      Amorratuta nago. Sekula ez zait gustatu erantzuna ondo asko dakien galderak egiteko daukan mania hori…

      — Hitler?

      — Hitler zer? segitu du begi gaiztoez beha.

      — Adolf. Adolf Hitler. Fuhrer deitzen zioten, erantsi dut, hurrengo galdera aurrezte aldera.

      — Esadazu beraz: lortu al zuen Inyenzi zuri guztiak eliminatzea?

      Segitzeari uko egin diot hor. Aski dut bere burugabekeriekin. Hainbeste denbora galtzen…

      Esan diot:

      — Beste batean hitz egingo dugu. Joan beharra daukat.

      Oihu egin du, koleratuta:

      — Zuri hori zuek baino hobekiago antolatua zen eta halere huts egin zuen. Handinahi txiki batzuk baino ez zarete!

      Altxatu egin naiz.

      —Lana zain daukat, adierazi dut trankil azaldu guran.

      — Beltzuri egiten didazu, ezta ? Zure aitari muturra egiten diozu?

      — Ez haserretu. Joan beharra daukat hemen, Kibungon, gaur gauean hasiko garelako.

      Arrai  erantzun dit:

      — Zoaz… Ezgauza belaunaldi bat zarete.

      Ahotsa beheratu du indar osoz adierazteko bera oraindik ere gauza dela, hartara bere hitzak are izugarriagoak eginez.

      Maite dut zaharra. Gure aita da. Baina pertsona edadetu hauetakoa da, heriotzaren ohatzean daudelarik aurkitzen dituztela arazo guztietarako irtenbide mirakuluzkoak. Gauzak ez dira hain sinpleak. Nik betidanik jakin izan dut Interahamwe bilakatzean jendea erail beharko nuela akaso, edo haien kolpeekin ni neu hil.  Hori ez dut arazo izan. Gure herriaren historia ikasia dut eta badakit tutsiek eta guk ezin izango dugula sekula elkarrekin bizi. Sekula ez. Trufatzaile askok nahi du kontrakoa, baina nik ez dut sinesten. Nire lana zuzen egingo dut. Eta bat nator zaharrarekin: hiltzera doan bati oieskeriak orro egiten dizkiozun bakoitzean, denbora ematen diozu beste bati ihes egin dezan. Ez naiz horretaz ez ohartzeko bezain ergela. Baina nola nire gizonen kaskoan sarrarazi? Interahamwe milizian sartu dira beraiek baino boteretsuagoak diren gizon eta emakumeak langen kontra jartzeko. Tutsi guztiak akabatzeaz trufaka ari dira. Gutxigatik, batzuei ihes egiten utziko diete, baina nahikoak hurrengo errebantxa odoltsuetarako.

      Zaharrarengandik askatu orduko —eskaini diodan bostekoa ematera ere ez da samurtu—, ideia arraroak hasi zaizkit erasoan. Momentuan esanahia ilun egiten zaizkidan hitzak. Pentsaezina pentsatzea. Aitaren hats kirastuna. Hiltzen bukatzen ez duen aita. Momentuoro norbait madarikatzen edo bere etxetik kasatzen. Eta hil beharreko tutsi horiek guztiak. Ez nuen uste hainbeste zirenik. Ematen du planeta tutsiez populatua dagoela. Gu bakarrik garela munduan tutsi ez direnak. Hain zen erraza, behiala, trumoi ahotsaz orro egitea: “Tubatsembatsembe!” Denak akabatu behar dira!

      Arrebak eta auzokoak topatu ditut atarian, amaren ondoan eserita. Aulki batean eseri eta Louisek te baso bat eman dit.

      Amak errieta egin dio:

      — Menda pixka bat jarriozu. Ondo dakizu Faustinek tea mendaz bakarrik hartzen duela.

      Honetaz eta hartaz  mintzatu gara. Ez ditut jendeak sekula hain urduri ikusi. Kordoka garaiotan norbera azaltzen zaigu begien aurrera guztioi. Gehiago jakin nahi dute, baina ez dut gertakariei buruzko aipamenik egin. Ama da lasai iraun duen bakarra. Oraingoan ere, ezin izan dut haren aurpegian deus irakurri. Horrek egiten du bakar munduan. Inork ez du inoiz haren buruan sartzea lortu. Eta beraz, beti dago gauza mordoa pentsatzeko moduan. Haren buru-indarra apartekoa da. Ezinezkoa da jakitea gaurko prestatzen ari dena onartzen duen edo ez. Agian gu guztiok munstrotzat hartzen gaitu hark? Galdera hauek darabiltzadala, arrebak eta auzoak begiez jana naukate. Louise, txikiena, oso harro dago bere senargaia, Adrien, nire taldekoa delako. Antzinako eszena haietarik bat bizitzeko irudia daukat, gudaren aurretik gerlariaren adorea goratzen zen garai hura. Zintzoa izateko, ni isila izanik, honek guztiak trabatzen nau pixka bat.  Ni ez noa gerlara. Nik ez daukat arriskurik. Kibungon, Ruanda osoan bezala, gu goaz tutsiak kontroletako langen kontra jarri eta akabatzera. Bakoitzak bere erronda. Haietako asko elizetan eta eraikin publikoetan babesten ari dira. Uste dute hala salbu direla, garai batean bezala, nire aitaren garaian bezala. Aspaldiko haien akatsik larriena da. Aitzitik, lana errazten digu. Defenditzen ez den hainbeste jende hiltzeak azkenerako arazoak emango dizkigu. Luzera monotonoa eta akigarria izan daiteke. Zaharra oker dago. Inork ezingo du galarazi gure gizonek edatea, kantuan egitea eta dantza egitea haien buruei lanerako bihotz emateko.

      Apur bat ekin behar izan diet joaten utz ziezadaten.  Agurrak, hunkigarriak, ez dira amaitzen. Zuhurra izateko gomendatu didate auzoek, eta arrebek nekez disimula dezakete haien emozioa.

      Amak isilik iraun du. Ez dute gure begiek inongo momentutan topo egin.

      Ez dakit biotatik zeinek egiten dion ihes bestearen begiradari.

      Jendearen buruak ikusi ditut auzoko etxeetako leiho itxietan autoko atea irekitzean. Pajero autoak, berri-berria, ederki aztoratu behar ditu ni jaio nintzen auzune txiro honetakoak.  Erraza da asmatzen haien begirada grinatsuetan zer esatera doazen: “Lortu du, Casimir Gatabazi zaharraren semeak! Norbait bilakatu da Faustin txikia!”. Ez naiz hipokrita izango: atsegin dut hori.  Beti da betegarria besteren begietan ikustea norberaren lorpenaren froga.

      — Nora? atzera Dannyk.

      Ordulariari begiratu diot.

      — Kuartel Nagusira joan aurretik akaso badut tarterik  Marie-Helenerekin egoteko, Danny. Ez dakit berriro noiz ikusiko dudan. Koleratua izango da, hura ere.

      Irribarre egin du Dannyk, dakienaren trazaz:

      — A, emakume ona da Marie-Helene.

      Niri plazer emateko mintzo da, badakielako zoroki maiteminduta nagoela Marie-Helenerekin.

      — Barka barruan hainbeste denbora egin izana, Danny. Aita oso berezia dut.

      —A, aita! Hura ere ona da!

      Horretan badakit Dannyk hitz erdi bat ere ez duela pentsatu. Dannyk badaki nire aitak berari buruz egin zuela ikerketa. Zaharrak susmoa zuen —inolako arrazoirik gabe— inyenzi klandestinoa zela, FPRko gure etsaiek unea iritsita ni akabatzeko agindua zuena.

      Zubira iristean, Kibungoko merkatuko errepidean, guardia presidentzialeko soldaduek ezagutu egin naute. Eskuaz keinua egin diet gelditu ere egin gabe.

      Segidan Le Royal jatetxearen aurretik pasatu gara eta orduan akordatu naiz atzodanik ez dudala apenas jan. Buelta-erdia egiteko esan diot Dannyri.

      Hutsa dago Le Royal. Alphonse Ngarambe, jabe tutsia, bi langilerekin eztabaida hastekotan da. Isildu da ni sartzen ikustean. Normaltasun osoz diosal egin eta gero, atzeko leihoaren aldamenean jarri naiz. Gure toki faboritoa da, Marie-Helene eta biona. Alphonsek ongi ezagutzen nau. Baina, egoera kontuan hartuta, ezin dit beste egunetan bezalako adeitasunez  egin harrera. Ia ez dauka jatekorik sukaldean. Eginahalak egiten ditu Alphonsek, deabruak moduan bezala, mandioka eta arrain frijitu pixka bat paratzearren. Beste asko bezala, bere bizitzako unerik lazgarrienak bizitzekotan da. Zerbitzatzen didanean dardaraka du gorputz osoa. Nik itxura egiten dut han dagoen modako aldizkari nazioarteko bat irakurtzen ari naizela. Bere beldurra niri ezkutatzeko Alphonsek egiten dituen ahaleginek gero eta gehiago nahigabetzen naute. Ez dit pagatzen utzi nahi, baina nik insistitzen dut. Apur bat nahasten nauen irribarrea du, aitortu beharra daukat. Azkar atera naiz jatetxetik.

      Marie-Heleneren etxera joan naiz. Ez dit errietarik egin. Aitzitik, adierazi dit ulertzen duela herrialdea une erabakigarriak bizitzekotan dela. Bortxaketa istorioak aipatu ditu, ezarian.  Egia da askotan hitz egin dugula.  Gazteenak asaldatuta dabiltza nahi dutenean sexua izan ahalko dutelako emakume gazteekin, besterik gabe.  Beti esan izan diegu emakume baten intimitaterako bidea luzea dela, zaila eta maiz etsigarria. Eta orain atseginez deskubritu dute gauzak azkar alda litezkeela.  Marie-Helenek ez du nahi horretan nahas nadin. Hitza eman diot, ez berehalakoan: “Nork bere arazoak” .

      Kuartel Nagusian nire gizonen hurra alaiek harrera egin didate.

      Seguruenik oso berandu lotaratuko gara. Zaharrari esan diodanaren kontrara, bihar hasiko dira gauza serioak guretzat. Gau osoan gure matxeteekin jolastuko gara ezpatekin ari bagina bezala “Tubatsembatsembe” oihukatuz. Jolasa da matxeteak zerurantz jasotzea bata bestearen kontra igurtziz. Atsegingarria da, zarata eta txinpartak, eta gainera hala sorbatzak zorrozten ditugu. Gutxienekoa da nire mutilek zertan sinesten duten. Ez nago horretaz oso ziur, baina egiten uzten diet.

 

MURAMBI
Boubacar Boris Diop

Murambi, le livre des ossaments, 2000
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2019