MURAMBI
Boubacar Boris Diop

Murambi, le livre des ossaments, 2000
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2019

 

      — Zoroki maite dute elkar bi horiek. Eta hara, gertaerek haien ezkontza-data atzeratzera behartu dituzte.

      — A ! Lucienne eta bere lagun Valence Ndimbati… Tristea da, esan dut axolagabe.

      Azkar ohitzen gara guztira. Bere jaioterrian, Nyamatan, Theresa Mukandori lagunarekin aterpe baten bila gabiltzala, bi emakume zintzoen moduan kalakan  egiteko modua aurkitu dugu. Geldituz, bat-batean galdetu dit:

      — Benetan uste duzu hori egingo dutela?

      Gezurrak esaten ikasi dut.

      — Ezinezkoa da, Theresa. Beldurra eragitea bilatzen dute. Egun batzuetan lasaituko da.

      Hemendik aitzina edozein unetan edonork erailda egon daitekeela ideia benetan arraroa egiten zaio.

      Nik neuk bizimodu bikoitza daramat. Gauza batzuetaz ezin dut inorekin hitz egin. Ezta Theresarekin ere.

      Biseserotik jasotako mezua, adibidez, 1994ko apirilaren 8ko data daramana. Aurkitu eta hil zezaten baino lehentxeago sektore hartako gure kide Stephane Nkubitok idatzia. Ez dute hartu, iruditzen zait, hura galdekatzeko denbora ere. Ez zuten zalantzarik Biseseron ziharduen FPRko kideetako bat zenik. Gure kidearen gutunak argiro adierazten du hiltzaileak zein antolatu eta erabakiak diren. Oraingo honetan denerako prest dira.

      Stephanek ohartarazten dit 1994ko apirilaren 7an Abel Mujawamarya , Kigaliko negozio-gizon bat, iritsi zela Gisovura matxetez beteriko bi kamioirekin. Olivier Bishirandraren etxean utzi zituzten armak. Hau, tailerrean labea daukana, berehala hasi omen zen matxeteak zorrozten. Parmehutu/MDRko kidea da Olivier, eta Gisovuko alkate izan zen 70etan, Kayibanda presidentearen garaietan.

      Bilera bat antolatu zuen berehala Abel Mujawamaryak. Eta haren baitan, matxeteak eta granadak banatu dizkie hutuei. Orduan Interahamweak tutsiak beldurrarazten hasi dira, esanez hauek hil dutela haien presidente maitea, Juvenal Habyarimana. Tutsien etxeak arpilatzen eta su ematen hasi dira, eta batzuk hil dituzte.  Tutsiak etxeetatik ihesi joan dira, Kibingo eta Mubagako parrokietan eta Mugoneroko ospitalean abaroa hartzera. Beste batzuek nahiago izan dute mendira.

      Stephane Nkubitok esaten dit ohartzeko eta zabal dezadala  Biseseroko herritarrek, soldadu fierrek, erresistitzeko asmoa daukatela. 1959 ezkeroztik, masakreak egon izan diren guztietan, antolatu dira eta lortu dute erasotzaileak gibelaraztea. Lortu izan dute, zigor-espedizio arriskutsuetan, baita lapurtu zizkieten aziendak errekuperatzea ere. Horregatik Ruanda osoan ezaguna da haien garaitezintasun ospea. Errefuxiatuak nonahitik datozkie. Baina Stephaneren gutunak bere beldurrak iragazten ditu: berak dakienagatik, gobernuak asmoa dauka Abaserokoen garaitezintasunaren mitoarekin amaitzeko —Abasero deitzen diegu eremu hartako tutsiei—. Armadak egingo du lanik handiena, eta Interahamwe milizianoen errefortzuak izango dituzte, Gisenyi eta beste toki batzuetatik etorriak, han biztanle tutsien kopurua txikia baita eta masakreak beste toki batzuetan baino lehenago amaitu dira.

      Behin eta berriro irakurtzen dut Stephaneren mezua. Orrialdearen behealdean, marrazki txiki bat lerro honekin: “Jessica Kamanzi garaipenaren keinua egiten”.

      Jessica Kamanzi ni naiz. Irri egiten dut zerurantz garaipentsu igotako ene bi hatzak ikusiz. A, bai, garaipena ziurra da. Ez dut inoiz zalantzan jarri. Baina hain mikatza izango da…

      Stephane Nkubitoren oroigarri gisa marrazkia gordeko nuke. Baina uko egin diot azkenik: kidea zaintzapean ikusten zuen bere burua. Mezua suntsitu dut.

 

      Theresak besoa ukitu dit:

      — Hemen da, esan du ahapean.

        Nyamatako parrokiaren inguruetan gaude, sortzez brasildarrak omen diren aita salesiarren geletatik hurbil. Eukalipto eta akaziek osatutako errezelaren atzetik, jendea trumilka ikus dezakegu elizara sartzen, ehunka.

      — Ni joango naiz, esan du Theresak, zuk ere hobe zenuke nirekin etortzea, Jessica.

      Justu kontrakoan nago ni. Kigalin sartu nintzenean neuzkan borrokakideek erakutsi zidaten biktimak elizetan sartzera bultzatuko zituztela, gero errazago akabatzeko. Baina nik ez daukat beste proposamenik Theresarentzat.

      — Zorte on, esan diot hari begiratzea saihestuz.

      Hurrengo larunbatean Lucienneren ezkontzara joatekoak ginen eta txirikorda lodi zoragarriak dauzka buruan.

      — Jessie, hori ezingo dute sekula egin jakinda Jainkoa begira daukatela.

      Nire kontra estutu dut erantzun ere egin gabe.

      Bueltako bidean, dena ondo joan da.

      Aroa gozoa da Kigalin. Kaleak hutsik daude eta luzeagoak dirudite batzuetan. Konturatu naiz oharkabean —guztiok dauzkagun bezala— erreferentziak ditudala eginak hirian. Denda txiki bat kalexka baten ertzean. Motozikleta konpontzaileak Petrorwandako gasolindegi aldamenean. Halako gauza txikiak. Presidentearen aurkako atentatuaren albistea jakin zenetik, irudi bizi hauek denak desagertu egin dira. Haien etxeetatik irteten ausartzen diren bakarrak atzerritarrak dira, edo, jakina, hutuak. Edo nortasun-agiriak hutu direla jartzen dutenak dituztenak. Nire kasua da hori. Beste guztiak ahal duten tokian ezkutatu dira.

      Eszitazio larri eta era berean alaia dago hiri osoan. Interahamwe taldeak dabiltza, banana-hostoz apaindutako jantzi zurietan,  kantari. Tankeetan zutik, militar eta jendarmeek begia denean jarria dute. Denek dute transistore bat belarri ondoan. Irratiak dio: “Lagunok, gure presidente zintzo Habyarimana hiltzera ausartu dira, egiaren ordua iritsi da!”. Ondoren musika eta jolasak. Saioaren gidariak, su-pindarretan, entzuleei galdetzen die: nola ezagutu Inyenzi bat? Entzuleek telefonatzen dute. Erantzun batzuk benetan irrigarriak dira: eta beraz irri egiten dugu. Bakoitzak bere deskripzioa ematen du. Eta saioaren gidaria seriotu egiten da, are larritu: “Diberti zaitezte ongi, lagunok, baina ez ahaztu zain duzuen lana”.

      Kigali kanpamenduan hamar kasko zuri belgikar hil dituzte. Belgika badoa. Ez du deus gehiago jakin nahi. Gainera, hango herritarrak mehatxatuak sentitzen dira eta kontroletan frantsestzat aurkezten dira. Parisen nonbait funtzionario bizarroek eskuak igurzten dituzte: Kigalin egoera kontrolpean da, FPR ez da pasatuko. Haien lastozko gizonek Armadako jeneral eta komandanteak bildu dituzte. Hitz izugarriak esan dizkiete: “Muhere iruhande”. Hitzez hitz: “Saihets batetik hasi”. Auzoz auzo. Etxez etxe. Ez indarrak alferrikal hilketa desordenatuetan. Denak hil behar dira. Zerrendak eginda daude. Agathe Uwilingiyimana lehen ministroa eta beste ehunka politikari hutu moderatu hil ditu dagoeneko guardia presidentzialak. Agathe Uwilingiyimanari zer egin dioten kontatzea nire indarren gaindikoa da. Emakume gorpu profanatua. Haiek ibyitso, konplizeak, deitzen dieten horien ostean, tutsien txanda izango da. Haiek izatea da hauen hobena, eta beraz eternitate osoan errugabe izatea debekatua dute.

      Jendearen ibileran bertan nabari daiteke tentsioa unetik unera igotzen doala. Fisikoki ere sentitzen dut ia. Denak doaz korrika edo gutxienik urrats bizietan. Gero eta gehiago gurutzatzen ditut itzulinguruka ibiltzeko itxura duten paseariak. Beste argi moduko bat dago haien begiradetan. Guraso direnekin pentsatzen dut, ezin seme-alaben begi angustiatuei eutsi eta ezin ezer esan. Haientzat herrialdea zepo erraldoi bat bihurtu da. Herio nonahi dabil. Defenditzearekin ezin dute amets ere egin. Dena zehaztasunez prestatua izan da aspaldian: administrazioa, armada eta Interahamwe miliziak elkar hartuta ibiliko dira ahal dela haietako azkena ere hil arte.

      Nik han egotea erabaki dut. Sasian dauden gure buruek, Mulindin,  konfiantza eman didate eta nik onartu. Azaldu digute Arushako bake-hitzarmenak onena edo txarrena ekar lezakeela eta FPRk hiri handi guztietan daukala jendea eduki beharra.

      Abiatu bezperan, asko akordatu naiz gure aitarekin. Nire neba eta ahizpen arabera, ni naiz haren maiteena. Berak ere, bestalde, ez du ezkutatu izan. Bujumburan ginenean noizbehinka esaten zuen: “Nire haurren artean Jessica da nire antz handiena duena”. Gizon on bitxi bat, Jonas Siborama. Haren soin zikatrizez betea erakusten zigun eta esaten zigun bere ondasun guztiak utziko zizkiola bere gorputzean hark adina zikatriz bil zitzanari. Nire neba Georgesek, deus seriotan hartzen ez zuenak, erantzuten zion orduan: “Hain sosik gabea zaude, Jonas zaharra, saiatzeak ere ez duela merezi”. Borroka egiteko imintzioa egiten zuten biek eta hura laket genuen, haiek korrika ikustea etxearen inguruan. Pierre Muleleren erresistentziakoekin aritua zen Kwilun. Ez zen noski inor garrantzitsua izango han. Laborari haietarik bat izango zen, armak eman zizkietenak eta azkar batean azaldu nortzuk ziren etsaiak. Hori bai, aferan bizitza utz zezaketen, baina ez izena. Jonasek esan zigun Che Guevara ikusi zuela kubatarra Kongora gerrilla antolatzera etorri zenean. Kabila ere ezagutzen zuen eta beti hitz egiten zuen gaizki hartaz. Larri gaixotu zen batean, Bujumburan, deitu egin zidan: “Zoaz Buyenzi auzoan bizi ginen etxera  eta esaiozu jabeari zure aitak, Jonas Siboramak, bidali zaituela. Ulertuko du”.  Etxejabeak eta biok pakete bat aurkitu genuen harraska ondoko zulo batean. Ireki egin nuen. Hiru fusil zahar zeuden, ordurako herdoilduak. Bueltan ikustera etorri nintzaionean, barre egin genuen haren txantxaz.

      Uste dut horrek bultzatu ninduela hemezortzirekin ikasketak utzi eta Mulindiko gerrillara batzera.

      Dena datorkit zehaztasunez. Hamabost gazte ginen gauez Bujumburatik Mushibako errefuxiatu-gunera bidea egitekoak. Bezperan abiatu ginen, ilunsentian —beti gauez ibili behar baikenuen— Tanzaniako Mwanza aldera, non Victoria ontziaren zain astebetez egon behar izan genuen. Horren ostean Bukoban ibili ginen. Han moilan geldituriko kamioi gorri bat atzeman behar genuen. Patrick Kagera —geroago lehen lerroan jausi zen 1990eko urriko ofentsiban— dena begiratzen hasi zen, erne. Kapeladun gizon handi batek, fularra lepo inguruan, bere aldamenetik igaro eta azkar esan zion, gelditu ere egin gabe: “Zu zara?”. Geroago, Mutukura eta Kampala izan ziren, han utzi genion elkar ikusteari. Natete auzunean aterpetu ninduen familia batek. Iluntzeetan, zangoak pixka bat mugitzeagatik kalean urrats batzuk egiten nituelarik, harriduraz begiratzen nien autoei ezkerretik zirkulatzen. Bitxia da, baina horixe dut Nateteko oroitzapenik nagusiena, autoak kontrara ibiltzen. Nire eginbeharra zen joateko abisuaren zain egotea. Eta ulertu nuen nire ostalariei ez niela galderarik egin behar.

      Gaur egun hau kontatzen badut, irudi luke harrotzen naizela. Ez da hala. 1959 ezkeroztik, Ruandako gazte guztiek, haien bizitzako une batean, galdera berari erantzun behar izan diote: hiltzaileei besoak antxumatuta itxaron behar zaie, ala saiatu behar da zerbait egiten herrialde normal bat lortu ahal izateko? Gure etorkizunaren eta gure artean ezezagun batzuek matxete erraldoi moduko bat landatu dute. Badaukazu zeregina, beraz; ezinezkoa da kontuan ez hartzea. Tragediak azkenean denak harrapatzen ditu. Zeren eta jende bat iritsiko da gauez zure etxera eta zure familia osoa txikituko dute. Zeren eta zu erbestean bizi zaren herrialdean, azkenean soberan sentituko zara. Bestela, zertaz egon ninteke ni harro, ni, Jessica Kamanzi? Beste batzuek bizia eman dute gure borrokaren alde. Nik ez dut sekula fusil bat hartu edo gerrillaren ekintza militarretan parte hartu. Ia denbora guztian Mulindin egona naiz sasian ekintza kulturalez arduratuz. Bai, Arushan egona naiz negoziazioen garaian. Dokumentuak kopiatu eta transkribatu ditut eta noizbehinka ordezkarientzako laburpenak egiteko enkargatu didate. Baina lan xumeak izan dira, dudarik gabe. Egian da ni egun Kigalin egotea arriskutsua dela. Nire bizia arriskuan jartzen dudan lehen aldia izango da. Herritar guztiak egun eta gau zaintzapean dauden herrialde honetan, nire nortasun-agiri faltsuak ez dit luzaro babesa emango. Etengabe mugitu behar dut. Baina laster topatuko dut norbait nik gaizki erantzungo ditudan galderak egingo dizkidana.

      Oinez noala, gure gauetako beilekin akordatzen naiz. Kantatzen genuen: “Hirurak borrokan erortzen badira, geratuko diren biek askatuko dute Ruanda”. Hitz oso soilak. Ez genuen finezia poetikoetarako astirik. Hitzok oihartzun moduan datozkit eta indarra ematen didate. Askapenaren ordua iritsia da. Gaur goizaz geroztik, gure unitateak mugimenduak egiten ari dira Kigalirantz. Baina iritsiko ote dira garaiz? Ez, ondikoz. Zenbait tokitan triskantza hasia da.

      Kyovutik hurbil, ehunka gorpu ikusi ditut kontrol batetik metro batzuetara. Bere kideek biktimei lepoa egin eta haien matxeteekin burumozten dituzten bitartean, kontrol-langetatik hurbil, miliziano Interahamwe batek nortasun agiriak ikuskatzen ditu. Bisera alderantzizka jantzia du eta, zigarroa ezpainetan, izerditan ari da. Paperak eskatu dizkit. Poltsatik ateratzen ditudan bitartean, ez dit begirik kendu. Beldur keinu txikiena eginez gero, galdua naiz. Lortu dut odol hotz eustea. Nire inguruan, garrasiak nonahitik datoz. Triskantzen lehen ordu hauetan Interahamweek harritu naute haien diziplina eta erabakitasunarekin. Daukaten onena emateko prest dira, benetan, hola mintza baliteke odolzale oies hauetaz. Geroago azkentzeko zauritu duten emakume bat nigana dator.  Eskuin matraila eta bularra odolez blai ditu. Tutsia ez dela zin egiten du eta kontrolekoari hori azal diezaiodan eskatzen dit. Azkar urrundu naiz harengandik. Berak insistitzen du. Lehor esan diot bakean uzteko. Hori ikusiz, Interahamwe milizianoak bere aldekoa naizela egin du.  Algara batean bota dit:

      — A! Gogorra zara gero, zu ere, arreba! Errukia izan behar da, aizu!

      Eta gero zakar bultzatu du emakumea zintzurlariengana, nortasun agirien kontrola berriro hartuz.

 

MURAMBI
Boubacar Boris Diop

Murambi, le livre des ossaments, 2000
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2019