DANIELEN GEOMETRIA KARRATU PUNTADUNA
Karratuak lau ertz ditu baina lau bider da puntaduna Mundua bezala. Lurra biribila dela diote ordea nire burua bezala biribila eta biloria eta mundorria: ipar-sartaldera doan antiziklona… Mundua biribila da, lurra biribila da baina izan, izan ere lau bider da puntaduna Eki Ipar Hego Mendebalde puntaduna da lurra espazioa karratua da.
BIRIBILA ETA IZARRA
Bost adarreko izarra egiteko edo seikoa edo gehiagokoa biribil bat egin behar da lehenik
Bost adarreko izarra egiteko… Biribil bat! Ez dute horrelako konturik izan hainbeste adarreko zuhaitza egiteko! Izarrak estaltzen dituen zuhaitza! Zuhaitza! Beterik zaude habiaz eta txori kantariz orriz eta adarrez estalia zaude eta izarretaraino zara igotzen!
PLANOAN KOKATURIKO PUNTU BATETIK
Planoan kokaturiko puntu batetik perpendikular bakarra pasarazi liteke plano horretara. Hala diote… baina nire planaren puntu guztietarik gizaki guztiak pasarazi litezke, lurreko animalia guztiak. Horregatik dit barregura sortzen zuen perpendikularrak. Eta ez bakarrik gizakiak eta animaliak baita beste gauza asko ere harrixkak loreak hodeiak aita eta ama oihalontzi bat labearen hodia eta nahi izanez gero laurehun milioi perpendikular.
MOEBIUSEN UZTAIA
Korrika noan bidea ez da bera izanen bueltatzen naizenean maite dut zuzenki jarraitzea beste lekuren batera narama itzulika ari naiz baina zerua aldatu egiten da atzo haurra nintzen orain gizondua naiz mundua gauza bitxia da eta bitxiloreen arteko bitxiloreak ez du beste ezein bitxiloreren antzik.
HARTUTAKO ANGELUTIK
Hartutako angelutik… Eta aurrena zer angelu? Nik ez dut ezagutu nahi neure burua bermatzen dudana besterik kuku-gordeka atxikitzen natzaionean.
Angelu zu nire kapelu elezaharren Angeluterra Ederra zuk ni nauzu belutzen nauzu beldurtzen.
Begiak bildurik gaua niretzat hartutako angelutik…
PARABOLA 1
Parabola nire titiama… Parabola batek gogait egin du kaiolan. Parabola batek adarrean pausatu nahi luke adarra sobera beheiti dago eguzkia sobera goi Txorien hegaldiei behatzen diet beheiti eta gero goiti adarra sobera beheiti dago eguzkia sobera goi txori arraroak dira nonbait hor daukate habia lurretik aski urrun adarra sobera beheiti dago eguzkia sobera goi.
PARABOLA 2
Parabola nire titiama… Parabola batek asper egin du kaiolan. Parabola batek adarrean pausatu nahi luke adarra sobera beheiti dago eguzkia sobera goi Txorien hegaldiei behatzen diet beheiti eta gero goiti adarra sobera beheti dago eguzkia sobera goi txori arraroak dira hor nonbait daukate habia lurretik aski urrun adarra sobera beheiti dago eguzkia sobera goi.
DANIELEN GEOMETRIA |