TRISTANEN PIZTIATEGIA OINETAKOAK ZULATURIK DAUZKAN IGELA
Oinetakoak zulaturik dauzkan igela karitate eskean dabil. Zuhaitzek eman diote orbel eta hosto ihar.
Txanpinoiek eman diote kapeluko lau bixar.
Katagorriak eman dio kapa izandako bi piltzar.
Belarrak eman dio hiru bihi txilar.
Zeruak gozoen dio egin hats.
Baina igela eskean ari da beti karitatea behar du zulaturik baititu beti oinetakoak.
COLORADOKO TXORIA
Coloradoko txoria jaten ari da eztia eta pastisak xokolata eta mandarinak arbendol turroiak intxaurrak mugurdiak maskor gozoak izozkiak eta karamelu beratzak.
Coloradoko txoria edaten ari da xanpaina eta ziropea marrubi zukua eta ostruka esnea pina birrindu izoztua pegarra betean mertxika odola eta arbia whiskia menda eta kafea.
Coloradoko txoria lo txipi bat ari da egiten ohe handi batean gero hegan joanen da hodeietaraino irudiak ikustearren eta jolasean jarduteko euriarekin eta eguzkiarekin.
ARRANGURARIK GABEKO ARRAINA
Arrangurarik gabeko arraina egunon esaka gabon esaka. A! zeinen ezti zeinen hezi arrangurarik gabeko arraina.
Ez da apirilaren beldur eta hainbat gaizto arrantzalearentzat agur beita agur pita eta arraina gurinetan egostea.
Bere aperitifa hartzen duelarik Conflansen Suresnesen edo Charentonen Cardiffeko ikatza erretzen duten atoiontziek ez diote poxelurik egiten manera fineko edataile honi.
Txorrotako urak kulunkari kantatzen duen berunezko hodietan barrena bidaiatu baitu askako harriaren gainean lo hartu aitzin. Korronteek bazter mortuetara daramatzaten botiletan ere bidaiatu baitu naufragatuak lagunei egin agurrarekin.
Arrangurarik gabeko arraina egunon esaka gabon esaka a! zeinen ezti zeinen hezi arrangurarik gabeko arraina gabeko arraina gabeko arraina Aranguren gabeko Aranalde arranik gabeko arranbera arrangurarik gabeko arraina.
ARMIARMA BIBOTEDUNA
Armiarma biboteduna ez da Napoleon III hotzak dagoenean gogaitzeko.
Armiarma bibotedunak satinezko soinekorik ez dauka goizean ibiltzeko ttarrapattaka.
Armiarma biboteduna maiatzeko erregina da ez du hartuko bizarlabana.
Baina A baina baina bai baina
Armiarma biboteduna gaztelu batean bizi da Gaztelun bele gazte bat lagun.
Baina
Armiarma biboteduna argitzen da izarrekin eguzkia du zartagin.
Baina
Armiarma bibotedunak jantziak ditu betaurrekoak klarinetean egiten ditu joak danborrean tronpetan espantu ahots gardenez egiten du kantu itzulipurdi mordoa egun argiz festa latza gau eta gauerdiz piztia handiak nahirik xarmatu
A, baina!
DEUSEN ANTZIK EZ DAUKAN KATUA
Deusen antzik ez daukan katua biziki dabil egun kezkatua.
Auskultatu dio bihotza eta doktoreak diotsa
Zure bihotza ez dabil ongi ez diot hartzen deusen antzik honi.
Getariatik Getariaraino ez dago bitxiagorik hau baino.
Etorri zaio laguna ikertu dio garuna.
Zure garuna ez dabil ongi ez diot hartzen deusen antzik honi.
Ez dago lurraren gainean honen berdinik agidanean.
Horra zergatik dabilen egun kezkatua deusen antzik ez daukan katua.
HANKA BAKARREKO ELEFANTEA
Hanka bakarreko elefantea honela mintzo Ponzio Polatosi ezagun duzu bi esku ukaiteak on egiten dizula kontsolagarri dukezu izatea Erromako kontsula.
Ni ordea makilarik gabe zurezko hankarik gabe koartza baten pare naiz ez korri ez edan ezein edabe. Eta logelara iristeko ez dut ekarriko ahora nolako lanak dauzkadan eskaileretan gora.
Horrenbeste desio nuke eskuak garbitu xaboi larrosaz dela Palmolive edo dela Cadum nik ezin garbitu eta ibili behar txukun itxura barregarria daukat kalean zutun.
Tristura afrus hau kontsolatzeko ez daukat neure suhiltzaile tronpa besterik eta hanka sartzen badut platerean gauza onik ez oilasko errean.
Urriki, Ponzio Pilatos, urriki miseria hau ez dago handiagorik lurraren gainean. Ezagun duzu bi esku ukaiteak on egiten dizula kontsolagarri dukezu izatea Erromako kontsula.
TRISTANEN PIZTIATEGIA |