Haroldo Conti
Aurkezpena

armiarma.eus, 2016

 

      Langileen Alderdi Iraultzaileko kide zela aitzakia hartuta, Haroldo Conti 1976ko maiatzaren 5ean bahitu zuten bere etxetik eta orduz geroztik Argentinako diktadura militarrak desagerrarazitakoen zerrendan dago.

      1925eko maiatzaren 25ean jaio zen Buenos Aires herrialdeko Chacabuco herrian.  Bertako haurtzaroan hazi zitzaion idaztearekiko engaiamendua, zinemarik ez eta lagunarteko txotxongilo saioetarako gidoiak sortu beharrarekin batera. Aita ahozko literaturaren maitale sutsua zuen. Kalerik kale, herririk herri era guztietako tretxuak saltzen aritzen zelarik, ipuinak kontatzea zuen laket. Contiren narraziogintzan behin eta berriz agertzen den ezaugarria da aitak erakutsia: ahozko herri kontagintzaren zimentarrietan eraikitako literatura da Haroldo Contirena, hasierako urteetan Argentinari artozki lotua, bertako arrantzale edo nekazarien bizitzari atxikia,  Sudeste lehen eleberrian ageri den gisa, eta gerora,1971n Kubara egindako bidaiaren ostean, Amerika bizi zuten herritarren bizitzeko modua literaturara ekartzeari emana, Mascarò el cazador americano nobela iraultzailea adibide. Contiren narraziogintza zinemaren narrazio kodeen arabera irakurri behar da. Irudiek, formek, koloreek, izenek, soinuek… kezkatzen dute. Nobelak sekuentziaka antolatzen ditu, kapituluka baino gehiago. Halandaze, erreferentzia zehatz horien ezagutzeak mugatzen edo zabaltzen du Contiren literatura. Argentinako Delta eta bertako arrantzaleen bizimoduaren berri ezagutzeak asko errazten du Sudeste eleberriko protagonisten mundu ikuskera ulertzen edota, berbarako, Amerika osoko ahozko literaturan bizitzaren eta heriotzaren arteko harremanez ageri den fantasia barneratu ezik, nekez gozatu daiteke La balada del Alamo. Haroldo Contik pertsonen istorioak kontatzen ditu, bere obra osoa denboraren joanak eragindako ahanzturaren aurkako borroka etengabea da, denborak izen eta abizendun pertsonak betiko ahantziarazi ez ditzan idazten du. Bere narrazioetako pertsonaia asko haren benetako lagunak dira. Askok aurpegiratu zioten Argentina diktadura militar ezin ankerrago baten menpean zelarik, zergatik ez zuen idazten herri oso baten sufrikarioari buruz, gizon bakar jakin baten malurei buruz idatzi beharrean. Iraultzak pertsonek egiten dituztela erantzuten zien Contik, pertsona bakar baten sufrikarioetan zein ametsetan irakur daitezkeela herri oso baten historia zein utopia. Juan Gelman, Paco Urondo, Rodolfo Walsh edota Miguel Bonassoren antzera, Haroldo Conti ere  diktaduraren indarkeriaz beteriko eguneroko zurrunbilo odoltsuari militantzia politikoarekin ez eze, literaturarekin aurre egiten ahalegindu zen.

 

Haroldo Conti
Aurkezpena

armiarma.eus, 2016