BURGESAREN LAUDAMENA Lauda dezadan burgesa! Soseko burgesa burgestuburgesa! Sao Paulok duen bazkalondoaren ederra! Sabel-zakua! Ipur-zakua! Frantsesa, brasildarra, italiarra izanik beti poliki-polikiko sudur-gizona!
Lauda ditzadan zuhur-aristokraziak! Alferbaroiak! Egonkondeak! Astadukeak! Haserre gabeko harresi barruan bizi dira txakurtxiki batzuei odola zukutuz esan ahal izateko emaztearen alabek frantsesez egiten dutela eta azkazalekin dituztela jotzen Udaberriak.
Lauda dezadan goibel-burgesa! Babalapikoa, usadioen jabea! Utikan etorkizuna algoritmatzen dutenak! Ikus gure irailen bizia! Euri? Eguzki? Txoriburua! Baina arrosadien eurian lilurak beti Eguzki!
Lepoa gizenari! Lepoa garuneko gantzari! Lepoa kintzenaren burgesari! Zinema-burgesari! Berebil-burgesari! Suitzako okindegia! Adrianori lepoa gordin! —Izan ere! Zer nahi duzu zorionetan, Katherin? Lepoko bat? Mila eta bostehun...! Goseak hilko gaituzu!
Jan! Jan ezak heure burua, o, memelo mermelada! O, moralezko patatapurea! O, sudur iletxoak! O, soilburuak! Gorroto ditut izaera bareberak! Gorroto ditut haragi erlojuak! Lepoa lotsaizunari! Gorroto dut batuketa! Gorroto ditut idorrak eta bustiak Gorroto ditut damurik eta mudarik gabeak, berrizko betikoak! Eskuak atzera! Nire konpasean! Ea! Binakako lerroan! Lehen posizioa! Aida! Denok neure gorroto hordigarriaren Egoitza Nagusira!
Gorroto eta irain! Gorroto eta amorru! Gorroto eta gorrotoago! Jainkoa sinetsi gabe erlijio lurrinetan belaunikatzen den burgesari, lepoa! Gorroto gorria! Gorroto emankorra! Gorroto ziklikoa! Sorkuntzazko gorrotoa, gupida bakoa! Utik! Utikan! Utikan burges zintzoa!
BURGESAREN LAUDAMENA |