PAZKO BEZPERAKO GAUA
Martha Gellhorn

Night Before Easter, 1941
euskaratzailea: Edorta Jimenez
Euskal Herria Museoa, 2021

 

 

 

“40 urte baino gehiago daramatzat idazle lanetan. Bera ezagutu aurretik idazlea nintzen eta utzi ondoren ere idazlea nintzen. Zergatik izan beharko nuke haren bizitzan oin-ohar soil bat?”

Martha Gellhorn

 

 

 

 

MEREZI IZAN ZUEN, MARTHA

 

Edorta Jimenez Ormaetxea

 

      Merezi izan zuen. Nevadara joan izana, bai. Besteak beste han Martha Gellhornen obra ezagutzeko aukera izan nuelako. Ezagutza horretakoen artean Night Before Easter izeneko narrazioa gailentzen da. Apartekoa da. Ez literaturaren aldetik dituzkeen balioengatik, horiek zein diren edo ez diren ez bainuke esaten jakingo. Halakorik ezin bihotza ostu dizun ezein kontakizunekin. Izan ere horrexegatik da niretzat apartekoa narrazioa: bihotza ostu zidalako.

      Martharen Night Before EasterPazko bezperako gaua— ipuinaren hasieran horra hor Chicagoko gizona. Ernest Hemingway da hori, hurrean.

      Ipuineko gizona idazlea bera bada, eta berrogei betetzeko urte bat falta badu, 1938ko urtean gara. Pilotarien giroko Habanan. Pilotarien giroko Habanan gara, ze hortxe da fikziozkoa ez den Ermua pilotaria, hortxe Carusoren moduan kantatzen duen pilotaria, —Gillermo Amutxastegi, arean—, eta hortxe Patxi Ibarluzea pilotaria, Ernest Hemingwayren lagun mina. Hain mina ze, idazleak, handik sei urtera, First Poem to Mary in London Lehenengo poema Maryri Londresen— delakoan sartuko baitu haren izena, Paxtchi idatzita:

 

      “Non zaude orain Wolfie? Non zaude Paxtchi?

      Jar ezazu ikastaro madarikatuan. Nori axola zaio kabroi horiek? (...) Faltan botatzen dut Paxtchi, bere kabinaren armadura hartu zuena itsasoan hobeto moztu zezan, eta inoiz ez zituen erortzen itxi genuenean eseri ziren gas-danborrak.”

 

      Martharen narraziora itzulita, narratzailearen ninietakoa da Felix. Hori haren hitzetan ageri da, garden, aratz, erakargarri, ipuinean aurrera egin ahala nabarmenagoa. Felix Areitio Ermua, 1915ean Ermuan jaioa eta hortixe ezizena, hortxe-hortxe hogeita hiru urte dituen gazte librea, hunkibera zaio. Bada, hogeita hamar urteko emakume Marthari berari pilotari gaztea begietan barrura bihotzeraino sartu bide zitzaion, narratzaileari legez.

      Night Before Easter narrazioak kontatzen duena —tituluak dioena gorabehera— ez da gaua, gaupasa baino. Eta gaupasak dakarren hunkiberatasun bafada gozoetan dantzan dabil Martharen bihotza, Felixen irribarreak konkistatu baino lehen euskaldunen himnoak bereganatu duen bihotz hori berori, bai. Euskaldun haien himnoa zein ote zen, ez dakit.

      Habanako bazterretan hitz egiten da, hitz egiten denez, «hankak lepoan hasten zaizkion emakumea» —definizioa Hemingway berarena da— eta pilotariaren arteko balizko, edo ustezko, aferaz. Afera sinesten ez dutenek pisuzko arrazoi bat badute horrelakorik ez sinesteko.

      —Jo eta bertan seko utziko likek Ernest Hemingwayk —diote horiek.

      Martharen narrazioa ezagutu gabe, noski. Hori, 1941ean argitaratuko duen The Heart of Another liburuan bildurik etorriko da. Senarra haserretu egin omen zitzaion emazteari, liburuan Martha Hemingway ipini beharrean Martha Gellhorn ipini zuelako. Auskalo.

      Martharen liburua ordurako kalean, 1941eko udagoienean ezkonberriak Sun Valley aldean dira. Abenduaren 3an badoaz handik, beribilez.

      Biharamunean Grand Canyonen —Arroila Handian— dira. Hortxe harrapatuko ditu Pearl Harborkoak. Hilaren 12an edo 13an, Kuban dira.

      Bien arteko gerra antzeko harremana egiazko mundu gerrarekin batera hondatuko da. 1945ean, bigarrena amaitu berritan —bikotearena urtebete lehenago amaitu zen— Mexikoko Cancha aldizkariak Felix Areitio Ermuak sinaturiko elkarrizketa zekarren.

      Elkarrizketatua? Ernest Hemingway bera.

      Behin hura irakurrita eta hango argazkiak ikusita zer esan behar zuten Martha eta Felixen arteko aferaz mintzatu izaten zirenek? Hipotesiak legendak bezain zilegi dira, batez ere beste norbaiten bihotzaz, edo beste norbaitzuen bihotzez, ari garelarik. Titulu ederra da The Heart of Another, Beste norbaiten bihotza.

      “Merezi izan zuen, Martha” ez dakit titulu legez ederra denetz.

      Egiazkoa da, horra.

      Narrazio hau argitaratu ahal izateko bidean Iñaki Sagarna ikerlariarekin egin dudan zorra bezain egiazkoa.

      Esker mila.

 

(Hemingway eta euskaldunak
zerbitzu sekretuetan.
Susa, 2003.
Liburuari ostua eta honetarako egokitua).

 

Mundakan, 2021eko otsailaren 3an.

 

PAZKO BEZPERAKO GAUA
Martha Gellhorn

Night Before Easter, 1941
euskaratzailea: Edorta Jimenez
Euskal Herria Museoa, 2021