PAZKO BEZPERAKO GAUA
Martha Gellhorn

Night Before Easter, 1941
euskaratzailea: Edorta Jimenez
Euskal Herria Museoa, 2021

 

 

PAZKO BEZPERAKO GAUA

 

      Chicagoko gizonak bere urtegunak zirela iragarri zuen.

      —¿Qué? —esan zuen nire alboan jesarritako gizonak—. ¿Qué dice?

      —Su santo —esan nuen—. Beraren santuaren eguna.

      Ez nago ziur horrek gazteleraz zer esan nahi duen, urtebetetze eguna den ala zerikusiren bat ote duen norberaren bataio-izenarekin eta izen hori jartzeko tenorean gogoan izan duten santuaren izenarekin, eta hortixe “su santo”; haren urtegunak edo santu-eguna zen, bada.

      —Hogeita hemeretzi —esan zuen Chicagoko gizonak, irri eginez—. Zaharra. Akabo.

      —Zorionak —esan zuen taxizaleak—. Goazen edatera.

      Gora altxatu genituen basoak. Whiskey-eta-soda edaten ari ginen gu denok, Felix izan ezik, hura Coca-Cola edaten ari baitzen, biharamun gauean frontoian partida izango zuela-eta. Garbi igarri zuen gu denok gau luze baten lehenengoetan ginela eta beraz bere buruaren ardura hartzen hasia zen.

      Lehenago sekula ikusi gabe nuen basko batek, haren ile argia eta zoriontsu errugabearen irria alde batera utzita Carusoren antz-antzekoa zena, kantatzeari ekin zion; Carusoren pare. Ahots benetan hunkigarria zuen eta Patxik, pilota-otzarak zeramatzanak, Carusoren alboan jesarrita, bere aulkiari sakatuz harengana hurreratu eta harekin kantuan bat egin zuen. Taxizaleak zezenaren boza zuen eta Felixek, doinu denak eta hitzik gehienak zekizkien eta halako bozik ez zuen arren, kantatu egin zuen baita ere. Goizaldeko ordu biak orduantxe ziren eta, kaleetan lagun asko zebilen arren, kafea husten zihoan. Kantuak kanpoko jendea erakarri zuen, ostera, eta kafeak bere ateak hiru kaleetara zabalik dituenez jendetza polita batu zitzaigun. Koloreko bost mutiko han zeuden, gure mahaitik gertu behearen gainenean, zer kantatzen zuten ardura ez balitzaie bezala txalo eta txistuka eta aditu nahi zituzten kantuen izenak ozen oihukatuz eta kantu batetik besterako tarteetan baskoek zera esaten zieten, “qué va, gu geure kantuak kantatzen ari gara, ospa, utz gaitzazue baketan”.

      Arrotz bi mahaira hurreratu zitzaizkigun. Batek begi bat elbarriturik zeukan, egosi egin izan baliote legez, eta halaxe begiratzen zigun; begia bestea baino handiagoa zen, esnezkoa eta geldia. “Ondo dakizu neure semea bazina legez maite zaitudala”, eta Felixek barre egin zuen, eta esan zion “Jesarri eta egon trankil, hartu trago bat”.

      —Ezagutzen duzu hori, Felix? —galde egin nuen.

      —Tarteka hemen ikusi izaten dut.

      —Oso maite zaituela igartzen da.

      —Gizagaixo zoro bat —esan zuen Felixek

      Beste gizona antza laguna zuten. Garaje batean lan egingo balu bezala zirudien.

      —Nor da? —galdetu egin nuen—. Zergatik ez diozu trago bat ateratzen?”

      Ile argiko Carusok trago bat eskatu zuen.

      —Nor da? —esan nuen.

      —Gizona Asturiasekoa da —esan zuen Patxik, hartara esan beharreko guztia esanda balego moduan.

      Kantatzeari ekin zioten.

      “Hator, hator, nire maiteena, hator, hator, adoratzen haut eta...” Musika alaia zen, ontzietako kantuen antzeko soinuarekin. Koloredun mutilek ondo zegoela uste zuten. Ondoren himno baskoa kantatu genuen, musikaltasun zoragarrizkoa bera, kantatzen zenuenean nahiz bestek kantatzen aditzen zenuenean errespetuzko aurpegiera egokiarazten zizuna, axolarik ez zein mozkorrik egon zintezkeen. Zuzenean gora egiten duen kantua da, sendoa eta tragikoa eta haiek doluetan eta jendartekoetan beti kantatzen dute. Hura aditzeak negarra eragiten dizu eta ikara sentiarazten dizu bizkarrezurrean gora eta behera eta erraz daukazu ohartzea halako kantua bezalakorik sortu eta hain ederki kantatzen duen jendeak zein maite izan behar duen bere herria.

      Inguruan hara eta hona zebiltzan zerbitzari biek, noiz joango ginen galdezka, baina haserre eta gogortuta egon gabe, ondoko mahaian eseri ziren eta himno baskoa amaitzean “Olé, Olé” egin zuten.

      —Urtebetetze festa polita —esan nion Chicagoko gizonari.

      —Hobe espainiarra banintz —esan zuen.

      —Ulertzen dut nola sentitzen zaren.

      Zutiturik, nire alderantz etorri zen eta ondoko mahian eserita zegoen gizonari aulkia uzteko eskatu zion.

      —Zurekin hitz egin nahi dut —esan zuen. Walter Thomas zuen izena. Haren ezagupidea frontoian egin nuen, Habanan izan nintzen azken aldian. Patxik aurkeztu zidan, zera esanez, “hona zure aberkide bat, negozio gizon trebea da; begetalen zerean dabil”. Zirudienez Kubara ananak edo, tomateak edo, beharbada beste fruitu edo begetal bila etorria zen. Basko haiek, antza, Chicagon ezagutu zituen, Rainbow Gardens-en jokatzen zuten aldian eta, hain zuzen ere, sarritan hartzen zituen etxean, janari baskoa sukaldatu, ardoa edan eta kantuan egitera gonbidaturik. Ordura arte harekin inoiz benetan hitz gabe nengoen, edonola ere lagun on zituen baskoak, jende zoragarria; gogoko zuen pilota jokoa eta, hordirik egon zein ez, beti egoten zen aldarte onean, eta lotsaz bezala.

      —Begira mutiloi —esan zuen—. Inoiz ez dute bizi ahal izateko ahaleginik egin behar izan. Ez dira inoiz ezertan ahalegindu. Eta hara non, bete-betean bizi dira, horretarako ezer egin beharrik

      gabe, eta nik ordea nire bizi guztian denetarik egiten ahalegindu izan naiz, eta ahalegintzen ari naiz. Hura niretzat berria zen. Uste bainuen hura pilotarekin zoraturik zebilen negozio gizona zela.

      Eginak zituen gauzen zerrenda egin zidan. Ikuskizunetan banjo jole, olio-lekuetan langile, itsasgizon arrunta ere izana zen, eta eskolak eman zituen, leku guztietara bidaiatuta zegoen, dirutza politak zituen eginak eta era berean galduak, biak ere biak zenbait aldiz (eskarmentu oso argigarria izan bide zuela esan nion). Artean hogeita hemeretzi urte zituen eta bazekien baskoak bera baino askoz jakintsuagoak, zati handiz hobeak eta sendoagoak zirela, eta hori horrela zen mutil haiek galdutzat jo zitzakeen herrialde bateko herrixketatik etorriak izan arren, bizi guztia pilota jokoan zein besteei jokatzen lagunduz eman arren, kubatar egunkariak besterik irakurri ez arren, eta bizi ahal izateko ahaleginik egin beharrik ez zeukatela eman arren.

      —Ongi —esan nuen, ezinean. Urtebetze batek goibeldu egin gaitzake, urtebetzeak kontuak egiteko abagunea izaten dira. Ez daukazu horretatik ihes egiterik, eta pittin bat mozkorrik bazaude okerrago izan ohi da, ze gauzak argiago ikusten dituzu eta zure harrotasuna alkoholizatuta dago eta ez diozu gezurrik esaten zure buruari, ezta ere beste inori.

      —Ongi —esan nuen—. Guztiz ez ohikoak dira mutilok, ados.

      —Zer daukazu zuk, nik ez daukadanik? —esan zuen—. Horra jakin nahi nukeena. Zurekin hitz egin nahi nuke, luzaz, lasaitasunez, eta zer hori zertan den jakin. Zuk egin duzun guztia neuk ere egin dut. Hor zehar ibilia naiz. Zer da hori, dena dela? Hor nonbait zuhaitz baten gerizpetan eseri eta egun osoa berbetan eman nahi nuke.

      Ez nuen sartu nahi ezelango elkarrizketa saminetan, eztabaidetan; ez nuen iluntze on bat mozkortien arrunkeriez berba eginez galdu gura. Kantatu egin gura nuen, behin tonua harrapatuz gero behintzat, edo bestela Felixekin berba egin, ze, ez da oso argia izango baina, beti interesgarri zaizkidan gauzak esaten dizkit, eta gogoko zait horiek aditzea. Gainera Felixen aurpegiak hunkitu egiten nau eta atsegin osoa da hari berba egitea, haren irria ikustea.

      —Gizon jatorra zara, Walter —esan nuen—. Denek hala uste dute. Ez duzu zertan zure buruaz kezkatu.

      Mahiaren beste aldetik Felixek Carusoren antza zeukanari zuzendu zitzaion. “Angel —esan zuen— kantatu egik ‘Todos los negros tomamos café’”.

      —Angel, egiazko izena da? —galdetu nion.

      —Zergatik diozu? —esan zuen Felixek, nahasirik.

      —Izen polita da —esan nuen.

      —Hirurak dira, puntu-puntuan —esan zuen Angelek—. Etxera sartzean berba gozo batzuk aditu beharko ditut.

      —Noren ahotik? —galde egin nion.

      —Amaginarreba, badakizu, zera, emakume bitxia da.

      Pilota-zestak atxikitzen zituztenetako batek ingelesez esan zidan, “Beran amaginarreba benetan gogorra da, badakizu, agure gogorra. Bere etxera joan nintzen, eta atzetik jarraitu ninduen”

      —Zigorra hartu behar badok, dena dela, zergatik ez haiz kanpoan geratzen gau osoan? —esan zion Felixek—. Hain dok berandu ze, zigorra berdin-berdina izango dok.

      —Pues —esan zuen Angelek—, egia dinok, goazen kantetan.

      —Ahots liluragarria dauka —esan nuen.

      —Gizon horri, kantatzearren, ordaindu egiten diote —Felixek miresmenez esan zuen—. Dirua irabazten du, abestuz. Horretan bada halako zuhur jokatze bat. Kantuan zaharra zaren arte ihardun dezakezu. Ez da pilotan legez. Lan atsegina dauka, erraza, eta gaur egun orain hamar urte zen bezain ona da.

      —Ni neuk kantu pila ezagutzen dut, baina ez dira kantu onak —esan zuen Walter Thomasek.

      —Baita nik ere.

      —Zera esan nahi dut —ekin zion gizonak—, asko jo ditut eta beste asko ezagutzen ditut, eta ez da nabaritzen. Beste edonor bezalakoa naiz. Arrunta. Eta hona mutilok eta zu zeu. Ezin dut ulertu.

      Ohartu nintzenez bere buruarekin asperturik eta zorigaiztoko sentitzen zen, baina, nik gogoko nuen café hura, lagun girokoa zelako; inork ez zintuen estutzen ordaintzeko, jana ona zen, whiskey botila mahaian uzten zizuten eta zeuk zenbat trago hartu zenituen esanda horiexek kobratzen zizkizuten; espainiar café haietakoen antzekoa ere bazen, bestalde, eta hartan espainiarrekin egon ahal izatea, kantuan ari ziren (une hartan baskoek gerran kantatu ohi zituzten kantuak abesten ari ziren), eta dena hain ederra eta laketgarria zen, ze, ez nuen Walter Thomasen arazoetan nahastu nahi. Gizon jatorra zen, bai, baina, niretzat, beste edonor bezalakoa zen, eta azken batean haren eguneroko arazoak beste edonork dituen arazo berberak ziren. Hori alde batera, gauaroa zegoen eta ilargia lauso ageri zen, eta lehenago, arrastian, tarte handiz niretzat ordura arteko pilota partidarik ederrenak ikusita nengoen eta hain izan zen ziragarria ze, han egon nintzen, artez paraturik, arnasari eutsiz, minutu bakoitza sentituz eta pilotak hegan eta kolpeak frontisaren kontra jotzen ikustean jokalarien gorputz mugimenduk zeure gorputzean senti zenitzakeen eta era berean sentitu kolpeak zeure buruan zehar. Egiatan gau ederra izana nuen, eta ez zegoen bukatuta.

      —Ondo zaude? —esan nuen, pittin bat ernegaturik—. Guztiz ondo?

      —Zer gertatzen zaio, ba? —galde egin zidan Felixek. Beste aldean jesarrita zegoen.

      —Ez nazazu utzi —esan nion—. Samindurik dago, eta hitz egiteko gogoz, eta nik ez dut hitz egin nahi. Hala da ze, ez nazazu utzi, ezergatik ere.

      —Goazen kabareten batera eta egin dezagun dantzan —esan zuen Patxik, denon artean beharbada zoriontsuena; goizero zoriontsu itzarturik egun horretan egin ditzakeen gauza atseginak hartzen ditu gogoan, nahiz eta diru aldetik urri ibili. Habanako denak ezagutzen ditu, eta denekin laguna da, eta denetarikoak egitea gustatzen zaio.

      Taxian bost baino ez ginen; besteak antza mahaia eta kalearen artean galdurik lotu ziren. Artean Angelek kantatzen segitzen zuen.

      Night club-a izatez halako patio ireki bat zen; zenbait mahai barruko pareten kontra jarrita baziren ere gehienek zerua zuten sabai, hala nola dantza-guneak, eta patioa mugarritzen zuten eraikinaren porlanezko aldeek Tunisiako etxeetako hormak ziruditen, ilargia han goian zutelarik. Oholtzako ikuskizuna aurrera zihoan. Aldean izpilikuzko zimurrak zituen rumba soineko estilizatua zeraman emakumezko beltz bat orkestraren aurrean zutunik ari zen bere atzealdea astinduz, ezker-eskuin, zirkuluetan, gora, behera, azkenean soinekoa zirkulu oso bat eginez astindu zuen, perkusio joleak aldi berean zinbalak kolpatzen zituelarik; emakumearen ipurmamien mugimendu errazak dena mekanika hutsez egiten ari zela ematen zuen, gurin irabiagailuak bezalaxe. Orkestra ozenki jotzen ari zen eta audientziek edan eta berba egiten zuen, eta ez zion hari begiratzen.

      —Horko horrek gau osoa eman lezake dolar biren ordainetan —kopetilun esan zuen Walter Thomasek, bizitzako dena zein hutsala den adierazi nahirik bezala; dena zure eskumenean zeneukan eta eskuratuta zenuenean, hara, ez zeneukan ezer.

      —Dolar bi? —esan nuen, harriduraz—. Garestiagoa ematen izan dit.

      —Zer da diozuna? —galde egin zidan Felixek.

      —Walterrek dio dantzaria dolar biren trukean eskura zenezakeela.

      —Zertan ez? —gadetu zuen Felixek—. Hori berori zein beste asko, eta asko baino gehiago ere bai.

      Beltz gehiago agertu ziren, lehena baino argalagoak, urre ilunkarakoak, itzulipurdika, lehengoaren soinekoaren airekoak baina hori kolorekoak jantzita; jantziak bularra estaltzen zien eta atzealdean isats antzeko luze bat osatuz zangoak biluzirik uzten zizkien. Hemen jaietako konpartsetan dantza egiten den bezalaxe dantzatzen zuten, hiru pauso eskuinetarantz eta sabelaldea behera eta gora astindu, hiru pauso ezkerretarantz eta bat-bateko bultzada arin batez sabelaldea gorantz, horrekin aldi berean burua atzera eginez; aurrera bultzaka beren burua, aldakak alboetarantz higituz; dantza soila da, danbor kolpeen hotsez zuzendua; halakoak, Habanako kaleetan karnabal gauetan ikuskizun basati eta oso kilikagarri bilakatu ohi dira. Dantza horrek ez dizu dantzariaren aurpegira behatu beharra eragiten, baizik eta begiak gorputz astindu harrotuetara zuzenarazten, eta azkenean ez zara beste ezertaz jabetzen dantzarien sabelaldeaz eta zangoez baino. Hain ongi, harro eta lotsarik gabe, beltzek beste inork ezin egin dezakeen dantza da. Mahaietako jendek ez zion beste ezeri so egiten.

      —Aspergarria, oso —esan zuen Angelek.

      —Erdipurdiko lekua —esan zuen beste baskoak; bere negozioa zeukan eta egunero bulegora joaten zen gizon lasaiak, hain zuzen.

      —Frantses Kasinora joan beharko genuke —esan zuen Walterrek.

      Leku zoragarria dela uste nuen. Zestak zeramatzanak dantzan egiteko eskatu zidan. Hirian gizon guztiz ezaguna zen, oholtzan dantzan ari ziren guztiei hitz egiten zien. Jai-Alai frontoiaren atzealde ederra bistan geneukan; gau hartako partida bikainean garaileetakoa bat ezagutu nuelarik, gelditu egin nintzen, zein ondo jokatu izan zuen esatera.

      “Regular”, esan zuen, “Regular”, bere buruarekin fio denaren harrotasunaz lepoa goratuz, horretara apaltasunezko hitz hura gezurtatuz eta bikain jokatu zuela eta agian zuk ez duzula inoiz jakingo zein zoragarriro jokatu zuela bazekiela adieraziz. Neska altu, oso argal, ile urrekarako eta hil-aurpegiko batekin ari zen dantzan.

      —Nor da? —galde egin nion Patxiri.

      —Señorita bat —esan zuen—. Pilotarien artean orain boladan dago señoritekin ibiltzea.

      Musika eten zenean mahaira itzuli ginen eta Felixek aldarri egin zuen jendez beterik zen aretoaren beste aldeko beste mahai batekoei zuzenduz; hiru gizon zeuden haren inguruan jesarrita.

      —Olé! —aldarri egin zien—. Lagunei dirua dutenean baino ez diezue hitz egiten, ala?

      Hirurek barre egin zioten, eta keinu.

      —Bene-benetan —esan zuen Felixek, burua astinduz—. Gaurkoa ez da ona izan.

      —Bihar jokatu behar baduzu ez zenuke hobe lo apur bat egitea? —esan nion.

      —Ez. Dantzan bai?

      Beste pilotari bikain baten albotik pasatu ginen. Gau hartako galtzaileetakoa bera, mahaiaren inguruan beste askorekin, ez zuen hitz egiten eta behegainera begira zegoen.

      —Triste dago —esan nuen.

      —Qué va, triste. Nekatuta dago.

      Felixek dantzan egin, benetan dantza eginez gero zer litzatekeen beldur izango balitz moduan egiten du. Dena kontrolpean, dena menderaturik du eta, beraz, lasai hartzen zaitu eta horrezkero badakizu zer litzatekeen estuago bereganatuko bazintu. Mugimendua haren gorputzari atxikia da eta horrelaxe sentitzen duzu, haren besoek gerrialdea emeki inguratzen dizuenean. Baina bada han imajinatu ahal duzun mugimendu bat eta ikusi gura dudan zeretariko bat Felix bera da, horditurik eta aske, ardura ez dion emakume batekin dantzan ari denean. Felix ez da ezkondua eta gauez baino ez da emakumeekin ibiltzen, arin-arin, horiei dirua ordainduta zein dohainik, beharraren arabera, norekin egon den berriro sekula akordatuko ez zaiolarik. Ezkondu balitz zera berezia izango litzateke haren emaztearentzat; nolanahi ere ez dira emakumeen premiarik edota zertarakorik izateko heziak, ez baldin bada oherako, izan emaztea zein izan besteak. Mutilok enera etortzen dira tenisean jokatzera pilota partida ez duten egunetan, eta guk Espainiako gerra dugu gure artean, gerraren akordua eta nondik norakoaren ulermena, eta horrek haiekin lagun egiten nau. Nire posizioa bakana da eta haiek beren bizitzetan tartekaturiko halako fenomeno bat banintz moduan begiratzen naute, beste arau batzuk dituzte eta.

      Beraz Felix nirekin dantzan ari zen, dantza egiteak ardura ez balio moduan ari ere.

      Eta horrela izanik ere beste gizon gehienekin baino hobea da; denbora guztian egiten du berba berak dakien moduan, melankolia itxurak eginez, esanez niri zein bizimodu samina duen, beti kanpoan gauez, edanean, putekin eta bizimodu galduko beste batzuekin tratuetan, eta zein gogaiturik dagoen beti kabaretera joateaz; eta denbora guztian ari zara ikusten guztiz mutil zoriontsua dela, bere lanerako talentu handia duena, eta oraindino bere askatasunaz eta bere diruaz gozatzeko bezain gaztea dela, eta gai dela gau osoa zutunik eman eta gero bereganatu ahal duen edozein emakumerekin lo egiteko.

      Gero Angelekin egin nuen dantzan, itsaso harrotuan aurrenetan ibili moduan. Mahaira itzuli ginenerako Walter Thomas joana zen.

      —Non da gure amerikanoa?

      —Frantsez Kasinora joan da, nonbait. Lagun bat dauka han. Dibertigarriago zaio. Ulertzen duzu, ezta? —esan zuen basko lasaiak.

      Lekuaren errespetagarritasuna Angeli beherakadatxoa eragiten hasia zen, dantza arteko isilunetako batean kantatzeari ekin zion. Besteek harekin bat egin zuten eta aida batean kabaretean ziren besteak gure ingurura hurreratu ziren, aditzera, eta orkestrakoek, aukera baliatuz, tresnak kutxetan sartu eta danborrari argia kendu zioten, etxerako prest.

      Frontoian apustuetako artekari ziharduen beste batek ere, gizon txiki zilar ilekoa bera, polito kantatu zuen, eta ondoren bere mutil jatorrei utzi zien txanda. Angelek gorbata eta samakoa askatu zituen, zintzurra hanpatuz, eta kantua, patioaren inguruko etxeetako hormetatik bueltan, ozenago eta sendoago hazi zen.

      Bat-batean hantxe zen bueltan Walter Thomas, eta harekin bazetorren emakumezko bat, larru ilunekoa, ez polita, ez gaztea, ez ondo jantzia, ezta ere oso garbia, buruan belodun kapela txikia, aurpegian pikor eder bi eta aldean oliba berdeko soinekoarekin. Walterrek hura aurkeztu eta nik eskuak estutu nizkion eta Patxik txantxazko aipamentxo arin bat egin zuen, gazteleraz.

      —Patxik dio, ba —azaldu zuen Chicagoko gizonak—, guztiz pozik dagoela señorita ezagutu izanaz. Dena bost dolarretan, pena merezi du.

      —Non topatu duzu?

      —Gertuan, horko bar horretan —esan zuen—. Zurekin hitz egiteko gogoz segitzen dut. Ez da diru kontua. Dirua ez da arazo, eduki dezaket. Zer da ba kontua?

      Niri bost zertan den kontua, pentsatu nuen. Bostak baino beranduago zen. Baskoek kantuan segi zezaten nahi nuen. Aurpegia gorriturik eta kemenez gainezka, guztiz zoriontsu sentitzen nintzen.

      —Halako emakume suerte ideal bat zara —esan zuen Walterrek. Orduantxe ohartu nintzen; larru iluneko neskak eskutik heltzen zion, sendo, haren jabe eginda. Ez zuen gizona galdu nahi; beste edozein topatzeko jadan berandu zen.

      —Zer naizela? —galdetu nion. Pozez zoratzen nengoen eskutik nola oratzen zion ikusirik.

      —Mirna Loy lakoa —esan zuen—. Filma horretan, zera, Gizon argala. Era horretako emakumea. Ideal moduko bat.

      —Begira —esan zuen Felixek, barreka—, putak galde egin dit zer gertatzen den hemen. «Hori», galdetu dit, «nirekin dago, ala bestearekin dago?». «Zurekin, alu hori!», erantzun diot; horrezkero atxikirik du, seguru harrapatuta daukala ziurtatzearren.

      —Bere burua ondo harrapaturik ikusten du horrek, dena ondo.

      —Oporretan etorri da —esan zuen Felixek—. Zera, bost, hori baldin bada bere gustua.

      —Hori jakiteko mozkortuegi dago.

      —Argitasun honekin beharbada ez du ondo ikusten. Egiazki dena baino hobea dela uste du, nonbait.

      — “Vamos,” —esan zuen Angelek— Amaginarrebaren aurpegia ikusteko gogoz nagok.

      —Frantses Kasinora joango gara —esan zuen Walter Thomasek.

      —Etxera joango naizela uste dut —esan nuen—. Ez nago goi-bizimodu honetara ohituta.

      Felixek ordaindu egin zuen. Beti berak ordaintzen zuela ematen zuen.

      Aterantz joaten hasita ginen, Walter Thomasek niri besotik oratuz, eta putak ostera harena atxikitzen zuelarik. Nire artean egin nuen ea hura ez ote zen egiazko tirabira bilakatuko.

      —Denetariko ahaleginak egin ditut —esan zuen—. Denetarikoetan lan eginda nago. Mota guztietako jendeak ezagutzen ditut. Horregatik ez dut ulertzen.

      Ordurako kalean ginen eta Angel leunkiro ari zen kantatzen, bere buruarentzat eta inguratuak zitzaizkigun taxi-gidarientzat; “Wanna taxi, Mees. Wanna taxi, Meester” zioten, eta nik ostera oinez joateko, hemendik gertuan bizi naiz, eta Chicagoko gizonak berriz goazen Frantses Kasinora, ez nazazu laga.

      Dena dela hantxe utzi genuen, zoruan gainean zutunik, kale lanpara baten argipean, emakumearen beretzakotzat zeukan eskuari bere eskuaz oraturik, gorputza haren gorputzari atxikirik, bakarrik eta pittin bat ikaraturik zirudien.

      Gizona nirekin beste zerbaitetan ahalegintzera doa, pentsatu nuen, eta ez hala ere du ezer ulertuko

      Baskoek barre egiten zioten han hala ikustean, guztiz gogorik gabe baina guztiz harrapatuta; kalean behera joan ginen.

      Hotela neukan hartuta hirian, nire etxea margotzen ari zirelako eta pintura-lohiez beteriko gizonak zeudelako eta kiratsa zegoelako.

      —Chicos, zer ordu da? —galde egin zuen Angelek hoteleko atarian.

      —Hamabost minutu seietarako —esan zuen Felixek.

      —Ha gizon, mezatara joan behar dut —esan zuen Angelek—. Arin. Ez daukagu zertan etxera joan beharrik eta atsoak ez du gosaldu ondoren arte hitz egiteko aukerarik izango.

      —Mezatara? —nik.

      —Pazko mezatan kantatu behar dut —Angelek mugimendu txiki bat egin zuen, hatz lodia beste hatzekin igurtziz, eta horrek “dirua” esan nahi du.

      —Goazen denok —esan zuen Patxik—. Angelek zein eder abesten duen entzuteko.

      —Ohera joateko lar berandu dok —esan zuen Felixek, zuhur—. Horrez gainera musika ederra jagok elizan.

      —Pues —esan zuen basko lasaiak—, joan zuek; ni, etxera.

      —Zergatik ba, gizona? —esan zuen Patxik—. Zer dela eta utzi behar gaituk? Musika ederra egongo dok elizan.

      —Ez dok hori —esan zuen besteak—. Hogeita sei urtean ez nok mezatan izan.

      —Hator ba orduan —esan zuen Felixek—. Minik ez deua emongo. Ez hago beste ezertara behartuta.

      —Hator —esan zuen Angelek—. Elkartasunagatik.

      —Okay —gizon baketsuak ingelesez—. All-ri.

      —Eta zu? —esan zuen Patxik.

      —Ez —esan nuen—. Baina eskerrik asko dena dela, beste domekaren batean agertuko naiz Angel entzutera.

      Hurrengo Pazkoan beharbada. Lo apur baten premian nago.

      —Erokeria da —Patxik—. Txartoago sentitzea besterik ez duzu lortuko.

      —Ez. Eskerrik asko eta gabon.

      —Salud —esan zuten—. Hasta pronto.

      Kalean behera joaten aditu nituen. Angel, zorion arduragabekoaren ahotsaz latinez kantatzen zihoan.

 

PAZKO BEZPERAKO GAUA
Martha Gellhorn

Night Before Easter, 1941
euskaratzailea: Edorta Jimenez
Euskal Herria Museoa, 2021