PARRANDA
Eduardo Blanco Amor

A esmorga, 1959
euskaratzailea: Ramon Etxezarreta
Igela, 2015

 


 

I. KAPITULUA

 

      —Ez, jauna, ez zen horrela izan, ulertu dudana asko izan ez bada ere, irakurri didaten paper horretan dagoen bezala, ze paperek gainean jarritako guztia eramaten dute. Hemen, gizonak, asko korritzen zuen irakurtzen, eta, gainera ez gaude gazteleraz irakurtzen aditzera ohituak, hemen ez baitugu hori hitz egiten; eta señoritoa ez den bat horrela hitz egiten hasten denean kastrapoz hitz egiten duela esaten dugu... Baina, hala eta guztiz, ez zen horrela izan guardia zibilak, izeba Motxailek edo sulsunkordiak esaten badu ere, berorren aurpegiaren premisoarekin. Ez gauzen hasieraz, ez ondoren gertatu zenaz, ez akaberaz inork ez daki, inork ez baitzuen ikusi, edo ikusi bazuten ez ziren konturatu, ikustea baita bat eta konturatzea bestea.

      —

      —Ni, esan nuen bezala, eta hor ez zuten apuntatu, neure lanera nindoan. Neure lanera nindoan, hala eraman nazala Jainkoak, inoiz neure etxetik edo Pinttoarenetik, horretarako bata bezala bestea berdintsu denez, ez nintzela atera, orduan adinako lanerako asmoarekin. Larunbatean obretara joan zitzaidan bila Pinttoa eta baketu egin ginen, beragatik, ondo maite baitut, eta, batik bat, txikiagatik, lau urte bete behar ditu eta, argia da eta ulertzen ditu bizi honetako kontuak. berarekin lo egin nuen larunbatean eta igandean, premia ederra ere baneukan eta, ze emakume asko dago, baina hura bezalakorik, niretzat behintzat... Hura eta bestea, hainbeste jardun zidan... Halakoxe hotza egiten zuenez eta estuturik lo eginaz, entzun beste erremediorik ez nion, eta gainera, arrazoia zeukan... Hainbeste jardun zidan, beste emakumerekin, amarekin ezik, pasatu ez zitzaidana pasatu zitzaidan, negarra erakarri zidan, amak negar eginaraztea ez da lotsa gizon batentzat. Eta hitzetan arrazoia edukiz bukatu zuen, bere haragietako mamietan beti eduki duen bezala, ni beragandik luzaro bereizi ezineraino, nahiz eta Saiheskik, berea ondo jakin arren, asko egin. Pinttoak, horretaz gain, badu zerbait hitz egiteko moduan, belarrian maliziatsu husten duena eta aldietan hats soila dela dirudiena. Eta bere buruaz hitz egin zidan, eta sapagorriaz, eta mundu kabroi honetako gauzez, berorren aurpegiaren premisoarekin.

      Zeren, gizon batek eta emakume batek elkarrekin etzaten direnean gertatzen direnak paseak zeudenean, eta gazte zarenean gauzak behin eta berriro egiten dira, eta beste bat eta behar diren guztiak gehiago, hilabetetik gora baikeneraman juntadizorik gabe, ba, pixkana—pixkana zer egin ez dakizula geratzen zara, ahituta bezala, emakumearen besoetan. Besteekin denean, agudo alde egiten dut zeren kiratsu jartzen direla iruditzen zait eta apo usaina dutela, berorren baimenarekin. Baina Pinttoarekin oheko epelean gelditzen zara eta mutiko bihurtzen, bere titiartean ezkutaturik, hain zabala eta ederra daukana, zeure ama balitz bezala, nahiz eta neu baino gazteagoa izan.

      Gainera nahiko baino gehiago arrazoi zuen. Haurrak ez zeukan jaiotzearen errurik eta ezta bere ama urdanga eta bere aita mozkorra izatearenik ere. Mozkorra baina ez golfantea, gauzak diren bezala esan behar dira. Han zegoen gizajoa ohe ondoan trapu pila eta estalki zahar artean bildurik. Nire beharrak egitera joateko kandela piztu nuenean, begiak zabalik zeuzkan, bere amonak bezalako bihurriak eta urdinak zeuzkan, eta irribarre bat bota zidan. Lo hartuz eta esnatuz zegoen, eraman nizkion erroskillak tartean behin hozkatuz. Berriro jaiki behar izan nuen han zebilkion sagu bat uxatzeko, eta sutontzi ondoan berotzen geneukan azukre eta erromerodun ardo hartatik zurrutakada bat eman nion. Haietako batean hau ere esan zidan inozoak:

      —“Zergatik jotzen duzu ama?”

      —“Nik ez diat jotzen. Zergatik esaten duk hori?”

      —“Negar egiten duelako, isilean negar egiten entzun diodalako”. Mutikoek dena igartzen dute, argia bezala iluna... Eta esan nion:

      —“Beno, lo egin ezak...”. Eta hotzak al zegoen galdetu nion. Eta, jauna, ba al daki berorrek zer erantzun zidan?

      —“Zu etxean zaudenean ez naiz hotzak egoten, nahiz eta ohean ez egin lo...”. Zeren nire mutikoa oso da argia, eta batzuetan mamiak ere urratzen dituzten gauzak esaten ditu, neuk ere, horrela, jende nagusiak bezala, hitzik egingo ez balu nahi izateraino. Marieztenek askotan esana nauka guztia amaren erakutsia dela ni biguntzeko; baina ez da egia zeren ni haurra nintzenean ere horrelakoxe ateraldiak omen nituen. Zeren Lisardiño nirea.

      —

      —Bai jauna, bai; banator harira. Kontua jarraitzen bestetan ez naiz ari, hala ematen ez badu ere. Gizonen bizitzan, nahiz ni bezalakoenean, ez duzu dena barrabaskeria, gauzek beren hasiera behar baitute, eta askotan ikusten dena ikusten ez denetik ateratzen da, eta guztia esan behar da, begiratu batera asuntokoa ez badirudi ere... Ba gaiari helduz, kontua da Don Pepitok, medikuak, zera esan zidala, Pinttoak zeukan gaitza, nahiz eta asko nabarmendu ez, zaintzen ez bada elbarrian buka daitekeen horietakoa dela eta berari lagundu beharra neukala kontuak okerrera jo ez zezan. Berari eta semeari, bestela Miserikordiako monjetara eraman beharko genituela, nondik gutxira denak zimel—zimel eginda ateratzen diren. Eta batek, arimako gibelak aski handiak izan arren, ez du umea egiten simaurretara botatzeko, berorren aurpegiaren baimenarekin, eta, ilunpe haietan dekomisoko ogi gogorrarekin ur beroa irentsiz eta justiziatu beharko balituzte bezala abemariak furfuriatuz, edukitzen dituzten bezala edukitzearen poderioz odoleko alegrantzia zurrupa diezaioten. Ene txikia!

      —

      —Bai jauna, bai, jarraituko dut. Utz iezadazu patxada pixka bat hartzen zeren honen zerarekin. eztarria korapilatzen zaio bati... eta... Beno, ba, esan dudan bezala, ni ez nenbilen parrandan, ez baitzen hura, bezperakoaren segizioan ez bada, parrandan ibiltzeko ordua. Ni neure lanera nindoan, errepide berriko obretara. Bosten bat hilabete neramatzan han, udatik, obrak Alongos aldean zeudenetik. Esana dut hau, mundu guztiak baitaki eta ez daukat berriro zer esanik. Jornal ona ateratzen dut; egun bat bestearekin sei erreal, eguzkitik eguzkira harri pikatzen, badaude lan okerragoak eta ez naiz kexatzen... Txikia zela eta Monfortinaren etxetik alde egin zuenetik Pinttoa bizi zen etxe zaharra, gurasoetatik etorri zitzaion tratuan hasi zenean saldu zituen lur batzuekin. Mariñamansa baino harantzago dago, beraz ilunpetan atera beharra neukan handik goizeko zazpietan Ervedelon, zuk esaten didazun bezala, errepideko obran ari diren tokia, han ari bainaiz lanean, diputatua pasatu ahal izateko, hauteskunde aitzakian datorren hilean omen dator eta, korrika eta presaka jasotzen ari diren zubian egoteko... Pintto gaixoak artean, hemen, zintzurra berotzen zidan baratxuri zopa prestatu zidan; atera nintzenean eta gorputz osoa harrapatu zidan goizeko freskurarekin topo egin nuenean, nire barruan bero neukan gauza bakarra zopa sentitzen nuen, alajainkoa! Gau osoan izotza egin zuen eta lokatza gogortua zegoen gurpil arrastoetan, errepideak harrizkoa zirudien putzuzuloak beira lodizkoak balira bezala, gainean ibil zitekeen, bazterretako belarretako ihintzak ere distira botatzen zuen lurpetik argia baletorkio bezala, artean ez baitzen ezer ikusten.

      Hanketako juntura guztiak harrapatzen zizkidaten ospelekin hauts egindako hankekin nenbilen, berorren baimenarekin, eta kolpetik min ematen zidaten txokoloek bideko kozkorrekin topo egiten zutenean, horrela, belarretatik joan beharra neukan, nahiz eta samurra ez egon, izoztutako lokazti hura baino samurragoa baitzegoen. Hankez aparte Pinttoa zoparen piperrarekin nahastu egin zen eta dena mina jarri zuen, horrela urdaila berotik errera igarotzen zitzaidan. Honekin guztiarekin eta halako joketan igarotako gauarekin, jenio guztiz txarrean nindoan lanera, eta pare bat basoerdi txuritarako taberna irekiren batekin topo egiteko unea noiz iritsiko, ze, nahi dutena izango naiz, baina ez dozena erdi bat uxualekin, bertako pattarrarekin alegia, gosaltzen dutenak bezalakoa.

      Pixka bat joan, eta Ziraunarena esaten dioten ostatura ia iritsi nintzenean, eguraldiak epeldu egin zuen, ia kolpera, hegotik altxatzen ari zen lainoarekin, beltza nire bekatuak bezalakoa, baina lagunaren etxetik ateratzean aurpegia aurrez jo zidan labanazko hotz hura baino eraman hobekoa. Zeru goian, orain pixkanaka argitzen ari zena, nagikeriaz bezala, belztutako lainokera altxatzen ari zen eta eguraldia trumoia jotzera zetorrela nabaritzen zen. Laneko eguna izorratzera zihoakidala ikusten nuen, baina ez neukan baliozko izan nezakeen aitzakiarik obretara ez joateko, bestetan edozein aitzakiari heltzen nion bezala. Oraingoan arrastaka bederen joan egingo nintzen emandako hitzari eusteko. Kapatazari egun horretarako beste txapuza bat eskatuko nion txaboletan, asuntoa, konplitzea baitzen, eta gainera errementaritzan eta harri-zulatzaileen pistoletak sartzen, pikatxoiez eta gainerakoez ere badakit zerbait.

      Beraz, eskuak zamarraren patriketan sartu eta hortzak estutuz, txokoloetan itsatsi bezala askatu egiten zitzaizkidan ospel madarikatuengatik, eta areago elur arantza bat banerama bezala erretzen zidan urdailagatik, neure bidean jarraitu nuen kuraiaz. Honetan nindoala, “langileen bizimodu zakurrean” pentsatuz, orainaldian egiten diren eta “mitinak” esaten zaien laneko juntadizo horietan Serantesek esaten duen bezala, eta ez du arrazoi faltarik, obretako arotz bat besterik ez bada ere, laino artean, han, kamino parean dauden zumar lodi haietako batean ezkutatu edo egin nahi zuten bi itzal ikusi nituen. Baina ez zen horrela izan, zeren batek pospoloa sutu zuen zigarroa pizteko, eta hanken paretik ere kea zerion, horregatik pentsatu nuen, berorren aurpegiaren baimenarekin, arbolaren kontra piza egiten ari zirela, ez dakit bestela zertarako hainbeste disimulu ez baitzen ageri arima bizirik inguruetan, edo agian nahiz eta inork ere ez ikusi horrela egitea delako gizonezkoen ohitura egiten zuten. Beraz, neu ere zigarroa xehatzeko gelditu nintzen eta handik aldegiteko denbora eduki zezaten, zeren ez baitut atsegin aurpegia behar bezala erakusten ez duen jendearen aurrean pasatzea eta, ez eta ere, fidagaitz edo beldur izango banintz bezala bidetik okertzea ere. Eta aurrera egin nuen poliki—poliki txiskeroari eraginez han nengoela kontura zitezen, nahiz eta seguru nengoen ikusia nindutela, edo entzuna ferratuta dauzkadan txokoloen trikili-trakalagatik, eta areago errepide erditik abiatua nintzelako. Eta orduan atera ziren bi gizonen itzalak enborretik eta nigana etorri ziren korrika eta brinkoka, bi mamuren antzera, manta bat buruen gainean, lau hankak bakarrik ikusten zitzaizkiela. Berehala sumatu nuen ezagunen batzuen txantxaren bat izango zela, baina, bai ala ez, eskua labanan tinkotu eta gelditu egin nintzen. Nigana iristean manta erortzen utzi zuten, barrez lehertuz eta Ahohandi eta Milagizon zirela gertatu zen.

      —

      —Bai, jauna, bai; berberak. Hor paperetan dauden Juan Fariña eta Eladio Vilarchao, Ahohandi eta Milagizon gaitzizenez, horrela ezagutzen baitugu guztiok elkar hemen, eta inor mindu gabe, zeren Xan eta Aladio edozein izan daitezke, baina Ahohandi eta Milagizon direnak bakarrik izan daitezke, ni Cipriano Canedo izan eta Cibran edo Castizo deitzen didaten bezala, zeuk gustuko duzun bezala, zeren nire aitak txerrapo bat zeukan zerramen lanak egiteko, zeure baimenarekin. Ezkabiatxo edo Txapelustel ere deitzen didate, umetan pasa nuenean mutildu arte iraun zidan, eta txapela oso sartua erabiltzen nuen.

      —

      —Ez, jauna, ez; hobeto ulertzeko bestetarako ez zen, zeren konturatzen ari naiz berori ez dela hemengoa.

      —

      —Ez, jauna, ez; ez da axola ez zaidalako, berorrek uler nazan baizik, zeren kapataz bat izan genuen, murtzioetakoa zena eta bere hizkeran hitz eginda ere ez genion elkarri ulertzen. Harira joanez, bada, Xanciño Ahohandi, edo Alifante, edo Zezenbular, eta Aladio Milagizon, edo Harijale, edo Zazpiator, edo Marikallas ziren, hemen ere berorrek gustukoen duena, hemen denok baitugu non aukeratua. Etorri eta inguratu egin ninduten barrez eta saihetsak ukabilez kilimatuz, eta Milagizonek hankartea atximurkatzen zidan, duen ohitura putan, manta neure gainera bota nahian. Kakoren tabernan utzi nituen, bi egun aurretik, larunbatean, Auria eta inguruetan parrandari guztien artean hain sonako egin ziren parranda haietako batean, halakoetan hasi eta ez baitzuten bukatzen leher eginda erori artean, kaletzar eta herriz kanpoko bidezidorren batean auzoek edo udaltzainek jasotzen ez zituzten arte, perrerara botatzeko mozkorra joan artean, edo anaiak beren galdezka joan arte, zeren bien anaiak gizon langile eta ezpal onekoak dira, familian horrelako galduak edukitzeaz lotsatzeraino, ez baita desgraziarik falta jenderik onenaren artean ere. Eta hau ez da neure lagunez gaizki esaka aritzea, ez eta inork ez dakien tatxarik jartzea ere, alegia.

      —

      —Bai, jauna. Zergatik ukatuko dizut? Neu ere sartzen nintzen horrelakoetan behin edo bestetan. Baina oraingoan ez zen horrela izan. Ez zen horrela izan zeren aurreko astearen hasieratik, alajainkoa!, baketzeko asmotan nenbilela neure. beno, Pinttoarekin, eta jornala larunbatero entregatzekotan tentaldietan ez erortzeko. Egi—egia da. Sinesten bada, ni ez naiz eurak baino ez zuzenagoa eta ez okerragoa, baina oraingoan neu aurrerantzean beste jite batekoa izateko asmotan nengoen, edo beste era batera portatzekotan, berdinak dira bi gauzak. Eskuetatik heldu zidaten eta beraiekin bueltak emanarazi zizkidaten, eta barre eginarazi zidaten, eta hirurok barrez genbiltzan kanpaibueltaka, eta hiruron algaratik Milagizonen ahotsak gain hartzen zuen, eta niri ez gustatzen haren barre egiteko modua, oiloa baitirudi, horregatik ez zait gustatzen berekin barre egitea jende asko dagoen lekuan, nabarmen—nabarmena gertatzen baita. Eta askotan, hor zehar ibiltzen ginenean dituanak emanaz, tabernaz taberna, nik ez nuen barrerik egiten berak señoriten kukurruku hura jo ez zezan, guztiek begiratzen baitzuten nondik ote zetorren eta gutaz barre egiten zuten eta.

      Garbi zegoen, zerbait esateko, parranda itzel baten azkenetan zebiltzala, baina aski edanak artean. Milagizonek manta gerrikoan sartu zuen, atorra legez, eta dantzari eman zion, El Morrongo kantatuz, Gorputzetako festetara Mendenuñez kafera etorri zen berritsu baten imintziotan. Ahohandiren inguruan ari zen dantzan alfer zuri aurpegierak jartzen, eta besteak bere ondotik bidaltzen duenak bezala egiten zion, euliak uxatzen dituenak bezala. Gero beragana hurbildu zen eta atximurka hasi zitzaion bera zirikatuz, eta biek lehertzear egiten zuten barre, eta Milagizonek sudurretako goietatik egiten zuen barre, bere jostun algaratxoarekin. Gero manta gainera bota zuten berriro eta kastrapoz platikatzen hasi ziren, señorito eta señoriten hizkera imitatuz.

      —“Como esta voste?”

      —Moi bien? aunque medio amollado por la temperatura.” Ez dakit zergatik, tenperatura esaterakoan parrez urtzen ziren, ito egin behar zutela iruditu arte.

      Niri nazka ematen zidan hark —askotan esana nion—, eta aurrera abiatu nintzen neure bideari jarraituz. Baina pauso gutxi eman ondoren Ahohandik deiadar handi bat botatzen zuela entzun nuen, eta besteak parteetatik heldua zeukala ikusi nuen, parrez lehertzen bihurritzen zizkiolarik. Baina Ahohandik berehala hartu zituen hatsak eta guztiz bonbo hots baten zarata atera zuen eta bete— betean eman zion bularraren erdiz erdi eta Milagizon luze—luze eraitsi zuen lurrera. Argi zegoen Ahohandi behintzat ez zegoela hain edana, zeren mozkorren kolpeak ez dira horrenbestetarainokoak izaten. Milagizon, zutitzerik lortu gabe, ofenditzeko hain egoki aukeratzen zekien irain haiek botatzen hasi zitzaion, eta bestea gainera joan zitzaion bigarrenez ostikada batzuk emateko. Batzuk eman zizkion ni iritsi nintzen arte eta bien tartean jarri nintzen, eta Ahohandiri abiada gelditu nahiarekin, ia neu ere eraitsi ninduen, ze hura bezalako zezenik ez dut nik ikusi, eta gainera gizon batekin joka hasten denean itsutzen denetakoa da. Beraz, Milagizon isildu egin zen eta han gelditu zen luze—luze lantutan, oraingoan haur ahotsarekin. Niri errukia ematen zidan eta ez nekien zer egin. Ahohandi alde batetik bestera zebilen gorputz makurtuarekin balantzaka, ahopean biraoka, min handia duen baten antzera eskuak barrabiletan, Aladiori jaikitzen lagundu eta esan nien:

      —Hori edariarekin kontuz ibiltzen ez jakiteagatik pasatzen zaizue”.

      —“Eltzeak esan behar zartaginari”, furfuriatu zuen Milagizonek, inoiz, nahiz eta hiltzen egon, ez baitzekien isilik gelditzen. Eta halaxe manta buru gainean jarri eta oinez abiatu zen.

      —“Geldi hadi hor, kaka zaharra...! Zuzen jartzen naizen orduko jango dizkiat gibelak; ezta amak ere ez dizkik kenduko...!”

      —“Kalte egingo ditek”, jo zuen kukurruku besteak bere jostun barretxo artean, korrikari ekinaz zango motzek eta pauso larriek ematen zioten guztiarekin. Ahohandi kolpera zuzendu zen eta lau pausotarako azpian etzana zeukan, bizkar gainean, fierki saihespetan joaz eta hortzak lepazamarreko mamietan sartuta, arima apartatuta zakur amorratuak bezalaxe. Milagizon jiratu egin zen, hortzak estutuz, kexatzeko ere aukerarik gabe. neureak eta bi kostatu zitzaidan haiek apartatzea eta oraindik uste dut lortu banuen, une hartan mandasoka bat zetorrela ikusi zelako izan zela, mandoen txintxilinak eta mandazainen hitz hotsak entzuten zirelako, alegia.

      Ahohandi bestearen gainetik altxa zen, eskuak ahotik pasatuz eta tu eginaz. Eguna motel zetorren eta lainokerak zapaldua, baina niri lotsa ematen zidan inork jite hartan ikusteak: bata alkandora guztiz zarratatuarekin eta, bestea, ahozpez makurtuta, guztiz hauts eginda, hilda bezala. Baina beraiei ez zitzaien gehiegi sinestatu behar. Beti ibiltzen ziren horrelaxe haserretuz eta elkarri jipoi ematen, bietako batek leher egin arte, gero berriro elkarren bila hasteko. Inoiz ez zen garbi jakin izan elkarri txera ala amorru zioten, baina ezin zuten batak bestea gabe ibili eta inoiz ez nituen bakarka mozkortuta ikusi, elkarrekin ibiltzeko edan beharra balute bezala. Eta parrandan ez zebiltzanean elkar ez zutela ezagutzen zirudien, elkarri ia hitzik ere ez zioten egiten; agurra agurraren truke, batak bestearen lotsa balu bezala. Baina elkartzen ziren orduko oso modu txarrean borrokan egitea besterik ez zuten egiten. Eta harrigarriena zera zen, inork Milagizoni trufa egiten bazion, han ateratzen zela bestea bere bila, asko baitziren Xanciñoren gai horregatik antzeko zipriztinagatik aurpegia emateagatik armatutako liskarrak Milagizonek, bere mazkal eta potxolotasunarekin, gurinarena bezala, ez zeukan ondo jotako ostia erdi bat, eta horretaz baliatzen zen eskandalu haiek ateratzeko bestez irri eginaz, jendeari begiratzeko bere modu harekin, irribarretxoa eta hizkera haiekin, lokatza paretara bezala botatzen zituenak, beti minik handiena eman zezakeen lekuaren bila, horretarako aproposa baitzen. Inoiz ezer esaten zitzaionean trufaz bere sastre lanbideagatik: “zazpik ez dute gizon bat osatzen” edo antzekorik, halakoxe benenoak tu egiten zituen batek ez zuela asmatzen bere gain hartu ala muturrak besakadaka hautsi, zer egin.

      Beraz, berriro jaso nuen, besteari beso batetik heldu eta bultza egin nien kuneta zuloan sar zitezen, han sakon samarra baitzen. Neu, bidera itzuli nintzen mandasoka pasatu bitartean; eta zalantzarik gabe zalapartako zerbait ikusi zuen tratanteetako batek gelditu ninduen sua eskatzeko, zeharretara begiratuz besteak makurtuta zeuden lekura.

      —“Pozik gabiltzala dirudi” —esan zuen, zurrupada artean zarramuskatuz.

      —“Ez dezala odolak errekaraino egin, Astelehen Deunaren kontuak!” .

      —“Horrela hobe. kontuz ibili ba, pareja Seixalvon topatu dugu—eta uxualak hartzen. Bart herriko tabernan istilu ederren bat atera duen norbaiten bila omen zebiltzak. Honantz zetozak, txandan. Beraz. osasuna!

      —“Berdin diotsut”.

      Axola ez dionarena egiten gelditu nintzen, mandoen ilara luzea pasatzen uzteko, eta gero besteei txistua jo, irten zezaketela imintzioak eginaz, nengoen tokitik mugitu gabe, zeren tratante arraio haiek burua atzeraka jiratuz zihoazen. Ezkutalekutik ateratzen ez zirenez, bertara joan nintzen, isilka egurrean ez ote ziren arituko pentsatuz, mozkorrena baita hitzik egin gabe borrokan aritzea. Han aurkitu nituen, Jainkoak ez zidan gehiagotarako emango, uste nuenaren alderantziz, Xanciño kuneta zuloan eserita zegoen bestea magalean zuela bere gainean jarrita, kantarillako putzu zikinean bustitzen zuen zapi batekin lepazamarreko zauria igurtziz.

      —“Gezurra eta dena zirudik. ” esan nien zerbait esateagatik. “Eskerrak adiskide minak zareten!”

      —“Eta hiri zer arraio axola dik?”, berotu zen Milagizon aurpegi emanaz, “Sar hadi heurean hauek geure kontuak dituk eta”.

      —“Nigatik biak larrutu zaitzatela. Bata bestearentzako modukoak zarete. Neure lanera niak!”.

      —“Nora hoa motel?”, esan zuen modu onean Ahohandik, altxatu eta bestea bultzadizo batez apartatuz, berriro berekin bihurrituko balitz bezala. “Euria bete— betean ari dik eta ez duk lanik izango. Gainera ezin duk jada listara iritsi. eta hirekin hitz egin beharra zeukaat...”. Halaxe nigana etorri zen, bizkarretik heldu zidan eta nirekin abiatu zen errepide erditik, poliki—poliki ibiliz, hitzak ia nire belarrietan utziz aho isilik hitz eginaz:

      —“Ez nazak horrekin bakarrik utzi, bestela, bertan nagoen bezala hil egingo dudala”. Milagizon zapia garbitzen eta kantari ari zen ezer ez balitz bezala.

      —“Ez zekiat berarekin ibiltzeko ze premia daukaan.”

      —“Ez al duk ikusten itsatsi egiten zaidala, ezin diodala ihes egin?”.

      —“Itsatsi egiten zaiala! Zera itsatsiko zaik hiri! Ez haiz bada heu izango bere bila dabilena?”. Ahohandi pentsatzen hasi zen une batez, ondoren erantsi zuen:

      —“Horixe duk bada izorramendia! Bera gabe ez nauk dibertitzen. Eta berarekin ibiltzen baldin banaiz, une bat iristen duk derrigor borrokan egin behar izaten duguna, alegia, ez hau eta ez hori, berari eman egin behar izaten diodana... Baina bera gabe ez nauk dibertitzen, horixe duk kontua.”

      —“Alde hakit, motel!”, esan nuen parrez. “Beraz, menderatuta hauka. Ederra kontua...”.

      Xanciñok nireetan kateatu zituen bere begi urdin handiak, oso irekiak, kopetape gorriztatuan leizetutakoak, su hotza botako balute bezala.

      —“Cibran, ez iezadak horrelako gauzarik esan ezta txantxetan ere. Aski estimatzen bahaut ere ezingo nikek eraman, eta jenioa soberan ezagutzen didak”.

      —“Ea motel! Orain horrekin. Gorde itzak heure erronkak sinesten dituztenentzat, ze niri belarri batetik sartu eta bestetik ateratzen zaizkidak eta. Badakik edozein adina gizon naizela, edozeinen parekoa, eta ez dezagun horretaz ezer gehiago esan, eta utz iezadak lanera joaten”.

      —“Benetan esaten diat, Cibran. Kakazu honek nire borondatea menderatua daukala pentsatu hutsak erotu egiten naik. Ez hadi ikaratu pentsatua zeukaat eta. Atsoen sorginkeria zirudik, kauendios! Baina egin iezadak mesede, ez nazak berarekin bakarrik utzi. Neuk ordainduko diat soldata, txanponak bazeuzkaat. Gelditu hadi gurekin. Lagun bezala eskatzen diat mesede”.

      Benetan hanketako minez nengoela eta oso indargetua sentitzen nintzela Pinttoarekin baketze haregatik, jardun handikoak izan ziren bi gau eraman baitzizkigun eta batzuetan egunez ere bai, nik neukan bere gogoarekin eta berak nirearekin, eta bai eta ere denbora guztian elkarri itsatsita ginduzkan hotzarekin.

      Horrezaz gain, “pentsamendua” zetorkidala sentitzen hasia nintzen, beti horrelaxe hasten baitzait, indargetze horrekin, nahiz eta nekea ez izan, nekearekin zerikusirik ez duela, zeren boladak berdin etortzen zaizkit ondo betetako gau oso baten ondorengo lotatik jaikitzean. Eta, gainera, eguna, benetan, goian nahasia zetorren eta euria gogor ekiteko moduan hasia zen lanbroa egiten, zeren hemen hasten denean. Eta, zer arraio, ez zen harria xehatzen jartzeko kontua, zetorkidan indargetze harekin eta Jainkoak eman ahala euriarekin, lanean euriak harrapatu ninduen beste aldietan bezala.! Eta neure buruari esan eta egin nion, Xanciñok esan zuen bezala, ziurrenik obretan lanik ez zela egingo, zeren injineru berriak, Madrildik etorriak, bi hilabeteko galera generamala esaten zigun eta egun onetan lanean lehertzen gintuen eta lau tanta erori orduko lurralde honetako euriaz ernegatzen hasten zen eta gurekin zakur amorratua bezala ibiltzen zen, errua gurea balitz bezala. Eta gainera, non ote ziren goizeko zazpi eta erdiak, listazaleak erretiratzeko ordua! Noski nik hitza emana nuela.

      —“Zer erabakitzen duk, Castizo? Ez duk hainbeste gorabehera ibiltzeko. Esan diat soldata ordainduko diadala. Horrezaz gain hik badakik adiskide mesede bat eskatuko bahit...!”

      —“Beno goazik basoerdi batzuk jotzera, gero ikusiko diagu. Oraingoz oinetakoak kendu behar ditiat pixka batean, gehiago ezin diat eta”.

      Beraz, ja eta bidean behera abiatu ginen, Milagizon gure atzetik pauso batzuetara genuela. Posiotik hurbilera iristerakoan izeba Motxaileren tabernan sartu ginen, tratanteak ere gelditzen diren tokian. Su ederra zegoen sukaldean, eta bertan ari ziren mandazainak lukainka errea gari—ogi eta ardo berriarekin gosaltzen. Nik, esan dudan bezala, “pentsamendua” nerabilen bueltaka, sarritan pixkanaka etortzen zait egin behar ez nituzkeela dakidan gauzak egiten hasten naizenean. Egia da oso penatua eta triste sentitzen nintzela neure lanera ez joateko hargatik, gutxienez euria zela eta lanik ez zela egingo jakiteko, eta lasai gelditzeko nire aldetik Pinttoari egin nion promesa konplimendurik gabe ez uzteko, ze artean etxetik atera nintzenean aspaldian ez bezain gustura nindoan eta.

      Han barruan haize epela zebilen, txeratsua eta neguan tabernek izaten dutena, eta bihotzari hain atsegin zaion eta han sartzerakoan batek ganbaran daramatzan gauza amorragarriak uxatzen dituen lurrin horrekin betea. Usaina zegoen, gainera, lukainka erreena eta ardo berriarena, begiratu hutsarekin ikusten zitzaion txispa ona zeukala kikaratan erori orduko desegiten ziren aparrak. Kanpoan euria goian behean ari zuen, bete eta zerratu, eta eguna ilun jarri zen atzera itzuliko balitz bezala. Atea zabaltzen zenean sukalderaino sartzen ziren haizealdiak kekada zabalduz eta sukalde gainean esekitako lukainka sortak astinduz.

      —

      —Nola, jauna? Ez naiz istoriotik ipitzik ere ateratzen. Gauzak bere hasieratik esaten ari naiz, batzuk besteetatik etorri ziren eta batzuk gertatu ez balira besteak ere ez.

      —Zera izango dira aitzakiak! Nik ez daukat ezeren aitzakia beharrik nik ez dut ezer egin eta, zeren inoren aurrean gertatzen direnak begiratzea ez da norbere errua nahiz eta berari egotzi edo egotzi nahi izan.

      —Gertaerak? Denak dira gertaerak, bai baten baitan gertatzen direnak eta bai baten kanpoan gertatzen direnak. Pasatu zena, pasa zen. Eta orain ez da jada ezer gelditzen baten kanpoan pasa zenetik, barruan pasatutakotik baizik. Orain dena nire barruan dago, eta barruan daukadana husteko gogorik ez baldin badut, ba... gertatu zena gerta ez balitz bezala gelditzen da.

      —

      —Jainkoak gorde gaitzala! Berorrek merezi duen begirune guztia diot. Baina gauzak ere dakizkidan bezala esan behar ditut eta ezin ditut bestela esan, eman nahi zaizkion buelta guztiak emanda ere. Horretaz gain, gertaerak, berorrek erakusten didan bezala, ez zaizkit burura etortzen batzuk besteen ondoren, denak errenkadan, denak batera eta nahasian baizik, denbora ere nahastuko balitz bezala eta ordu guztiak nahastu balira bezala batzuk besteengandik bereizi nahi ezean. Egunez izan zena, hausnartzen jartzen baldin banaiz, oraindik ere txukun antzean gogoratu dezaket. Baina gauez pasatu zena. Gaua gauzaz gainezka dago, denak hain batera non hainbestetarako denborarik ez zela egon iruditzen zaidan, gau asko batera izan balira bezala, bat bestearen ondoren edo oso gau luzea, tartean egunik gabea; edo gauza desegokiak bezala, aurrerik eta ondorenik gabea, nik neuk ere ulertzen ez dudala. Horretaz gain bolada askotan eduki nuen “pentsamendua”, oso jarraian etortzen zitzaidan, eta orduan denboraz eta denaz askatuko banindute bezala da, banengo eta ez banengo bezala.

      Kontura etorriz, beraz, izeba Motxailek, txanpon usaina entzun zuenez, patata, txorizo eta tipula tortilla eder bat eta piper frijitu batzuk ere egin zizkigun, sukaldean jan genituen, sutondoan, mandazainak zaku batean zekartzaten gaztaina berriak erretzen ari ziren lekuan.

      —Noski, jauna! Hori ez nioke nik inguru hauetako inolako kristauri galdetuko. Nola jango genuen bada lehorrean? Tanke batzuk hustu ziren.

      —

      —Ez dakit, jauna, Ahohandik ordaindu zuen dena eta, baina bakoitza bi edo hiru tanke erdiko bi edo hiru txarro ziren, ez da asko, egia esateko, inguru hauetako hiru gizaseme gazterentzat. Ardo berria eta orratz onekoa nola zen, grasiosa balitz bezala sartzen zen, ia sentitu ere egin gabe. Txarrena izan zen Milagizonek, katarroa zeukala esaten zuen, pinta erdi bat pattar eskatu arteko onik ez zuela izan. eta zer edo zer lagundu genion.

      Gauza eginda, ni neuregatik handik mugitu ere ez nintzen egingo. Oso ondo egoten zen, epelean, jaten, edaten eta tratanteen ateraldiak entzuten sukalde ondoan saldatarako su ederrarekin gaztainak erretzen, kanpoan Jainkoak eman ahala euri ari zuela. Baina Milagizon tente zebilen, burua atzera makurtua, haizeari begira bezala, eta lepoa korkox baten gisa sorbalda artean sartuta. Lepazamarrean asko nabarmentzen zitzaion zauri txartua, gaiztotzen ari zitzaiola bistakoa zen, eta noizean behin behatzekin zirikatzen zuenean odol jarioa ateratzen zitzaion, biraoka hasiaz egiten zuen aldiko. Mandazainetako batek galdetu zion ea inguru hauetako gaitza ote zen kokotean ateratzen zitzaizkion zaldar haiek. Han ordubete baino gehiago igarota geundela aparte deitu ninduen izeba Motxailek, aurretik mandazainetako batekin ikusia nuen, guri begira, mozkor haiek handik eraman nitzala eskatzeko, gorputzean jada bazeuzkatela eta bi pinta erdi pattar eta artean gehiago eskatzen ari zirela; pareja bederatziak inguruan pasatzen zela erreleborako eta beti tabernan egiten zutela keda, eta bere etxea tratalari eta ferizaleen ostatua zela, guztiak ezaguera oneko eta formalidade handiko jendea, eta ez herriko parrandarien taberna, eta ongi egingo nuela Pinttoaren etxera edo neure amarenera itzuliko banintz lanera jarraitu ezin banuen.

      Aholkua ona zen, baina berriro txokoloak jantzi beharra eta berriro lokaztian zalapartan ibili beharra pentsatzeak hotzikara sartzen zidan gorputzean, larrututako ospelak zirela eta. Horixe esan nion, eta handik gutxira etxe barrenera deitu zidan eta galtzerdiak erantzarazi zizkidan, Jainkoa eta izarrak denak ikusi nituen, zure baimenarekin. Gero baratxuri ur bero pertzekada batean sarrarazi zizkidan hankak eta gaiztotutako zatiak pasatu zizkidan baratzetik ekarri eta eskutan tu eginaz jotako, eta zerri gantzetan, berorren aurpegiaren baimenarekin, igurtzitako kimu hostoekin, oso gozatua gelditu nintzelarik. Bukatzen ari zela, aholkuak emateari utzi gabe, gure amaren lagun handia baita eta kreditu handiko emakumea, besteak azaldu ziren, total eginda jada, burla nazkanteak eginaz ohean eserita harrapatu nindutelako, gure ama izateko edadea daukan izeba Motxailerekin jostetan ari nintzela esanaz bezala.

      Elkarri eman zizkioten besakada eta atximurkadekin eta kopekin eta suaren hurbiltasunarekin aurpegiak handiak eta gorriak jarri zitzaizkien tximino muturjeraren gisan. Horrela ikusirik, haiekin ez ateratzeko burutazioak egiten ari nintzen une berean, mandazaina azaldu zen, oso presaka hitz eginez, guardia zibiletako pareja sartu zela esateko, errepidean zalaparta handian ari ziren astapotro batzuen bila zebiltzala, sarritan hirira barazkiak saltzera etortzen diren emakume errekardari batzuek esan zietela, eta larunbat iluntzean Urputzuren tabernan beste sarraskia armatu zuten berberak zirela uste zutela. Nik ez nion sinetsi, ikusten baitzen tratalari hura berritsu hutsa zela, errekardariek ikusi gintuztela esaterakoan. Ziur nengoen ez zela pasa beste inor haiek elkarri arima ere berotzen ari zirenean, eta beraiek zirela kontua kontatu zutenak, zeren oso gizon azeriak ziren, maragatoen barra horretakoak, eta gainera mundu honetako ibilietan ikasten den azpikeria horretako askorekin.

      Baina, baietz ala ezetz, alde egitea komeni zen. Baratzetik atera ginen beraz eta arnasarik hartzeko betarik ematen ez zuen putzu haren azpitik abiatu ginen eta baratze batzuk zeharkatzen zituen bidezidor batean sartuz Larruputzuetako Zubira atera ginen. Zerua behetik zetorren, kizkurra eta beltza, eta haizealdi hotzekin barruak irekitzeko moduko euria ari zuen. Barbañaren ertzetik jarraitu genuen Burgako aldirietara iritsi arte, han zubipean babestu ginen, mozkorrarekin hankak ia mugitu ezin zituztela, mantan bildu ziren lurrean etzanda eta, handik gutxira, arima apartatuta, zerriak bezala hasi ziren zurrunkaka. Hiriak zeruaren etenik gabeko hustu harekin putzua zirudien, bihotza tristatzeraino. Ni damutzen hasia nintzen gehiago ez edana, zeren gauza batzuengatik edo besteengatik, “pentsamendua” urrutitik bezala, izorramentuetan hasia zitzaidan, neure gainera erortzeko eta bere belztasunean sarrarazteko gogoz, beti gertatzen zen bezala.

      Esnatu zirenean, ordubete geroago edo, arre jarraitzen zuen, euria eta eguna oraindik eta beteago zegoen, gaua baletor bezala. Harantz eta honantz joatea esan zuten, baina eguraldi harekin inora joaterik ez zegoenez eta haiek barraskokeriarik egin gabe egon ezin zirenez, Milagizoni tema sartu zitzaion Andradatarren lorategira igotzeko, han gertu antzean baitzegoen, paretara igoaz ea etxekoandrea ikusten genuen, zeren herrian esaten zenez goizero egunsentian lorategira ematen duen galeriara agertzen zen txoriei ogi papurrak emateko, dirudienez hauek eskura etortzen baitzitzaizkion erretxiotxio handia ateraz, berarekin hitz egiten zutela irudituz eta dena.

      Neuk entzuna neukan kontua, mundu guztiak bezala, Fernando de Andrada jauna eta bere emaztearen istorio hura, eta alferren herri honetan batzuengandik besteengana joan eta etorri ibiltzen diren beste esamesa asko adina sinesten nituen. Hemen urtean zazpi hilabetean euria egiten duenez, jendea mahaiaren bueltan eta sutontzi inguruan berriketan entretenitzen da, edo taberna edo kafeetan pantasia horiek asmatuaz.

      Ematen duenez, urteak zirela murmurikatzen zen bezala, neuk umetatik jada entzuten nuen, Andradatarren maiorazkoak, kutsatu zitzaien eta banan—banan eraman zituen bularreko tisikis batekin hildako familia osotik bizirik gelditu zen bakarrak, bere gaztaro guztia atzerrian igaro zuen, gaitza ez kutsatzeko hara bidali baitzuten. Handitasun askoko gauzak kontatzen zituzten beraz, pobreek aberatsez hitz egiten dutenean beti ohi duten bezala, hainbesteraino izan gabe agian... Jokoko edo amodiozko gertaerak direla, gurekin zer ikusirik ez duen jendearekin gerra batean ibili zela han aurrean, ezkutuka erregina baten adiskidea izan zela, zeren esaten dutenez besterik ezagutu ez den bezalako mutil eder eta bikaina zen; mundu guztiko hizkuntzak hitz egiten zekiela eta horrela, zer dakit nik.? Pentsatzen dut denak atso kalaken jardunak izango zirela, mingainari eragiteko bizioa duten eta besteren ondretan ixurrean ibiltzen diren sastre edo jostunena. Egia dela dirudiena itzuli zela da, lardaskatu samarra jada bere munduko ibilerekin, bere herentziaren kargu egitera, zera handikoa zena esaten dutenez. Herentzia kontuak ez zituen inorekin egin eta abokatu batzuek besteekin konpondu zituzten, diotenez, burutik eginda hil zen amari puska ederra kendu zioten frantziskotar fraideei zati eder bat kentzeko, ni horretan ez naiz sartuko. Eta berriro Jainkoaren lur horietara itzuli omen zen, eta urte batzuek barru berriro iritsi zen berekin halako edertasuneko dama bat ekarriz, non hura ikusi zuten gutxik inoiz antzeko gauzarik ez zutela ikusi esaten zuten. Baina inork ez zuen berriro ikusi iritsi zen egunetik, hori dela hamabi urte dira, orduan entzun nuen nik hau kontatzen. Dirudienez, Andradako jaunak jauregian sartu zuen bere andrea, ateak itxi zituen eta mundu honetako inorekin inoiz traturik ez zuen izan eta inoiz gehiago ez zen herrian ikusi, ez eta erregeren etorreran, ez Ferreiria auzoak su hartu zuenean, eta hori sua pazoko hormak miazkatzen ibili zitzaiolarik, herri aldera jotzen duen aldetik. ziotenez, inoizkoan Santa Kruzeko aldirietan daukan beste pazo bateko lurretan zaldiz ikusia zuten, baina herribide edo ferradunen bideetatik kanpo, bidezidorretatik gehiago, gauez askotan, eta gainera beldur handia eragiten zuela diote janzten zuen eta gorputz osoa estaltzen zion arropatzar bat eta kaputxa zirela eta. Esan, asko esan zen, baina nik ez dut ezagutzen benetan aurpegi aurrean izan duen inor. Zeren esan, esan ere egin zen ibili zen lurralde haietatik ekarri zituen morroiek ez zutela hitz egiten guk bezala, eta urtero aldatzen zituela, edo sarriago, herriko edo auzoko inorekin hitz egin zutela jakiten bazuen, baina nik ez dut haiekin hitz egindako inor ezagutzen; honela hazten baitira istorioak eta beti mingainari eragiten dabilen jende alperrak harrotzen dituen gezurrak. Eta horrekin eta guztiarekin, herriko jendeari amorraziorik handiena ematen ziona bere andrea itxian edukitzea zen, jeloskortasunagatik omen zen, eleek ziotenez, sudurzuloetatik sartzen zitzaion haizearekin ere halaxe zelarik; zeren ziotenez adiskideren batekin hutsegin omen, hor aurreko lurralde horietan, eta derrigorrean ekarri omen zuen bizi zen artean berekin edukitzeko, etxean sartuta presondegian bezala. Eta beste batzuek ziurtatzen zutenez hil egin zuen eta lorategian lurperatu, jakin ezazu, zeren nik ez sinetsi egiten dut eta ez sinetsi gabe gelditzen naiz, batzuek esaten duten arren erreka hotsa dabilenean ura daramalako dela.

      Bada, honetaz guztiaz hitz egin genuen hirurok, eta bakoitzak zekiena esan zuen, gaitabuztanez edo, esaten duten bezala, mamuez jardutea bezala zen; baina handik ateratzerik ez zegoenez, zerbaitetan aritu beharra zegoen. Guztiarekin ere, Milagizonek pareta igotzeko temarekin jarraitzen zuen. Eta Ahohandik, hasieran hizketan sartu ere egiten ez zena, berari ere amak kontatu ziola esanaz bukatu zuen, ziur esan ziola maiorazkoak bere emaztea erail egin zuela.

      —“Erailtze kontu hori ez duk egia!” —saltatu zuen Milagizonek—, “nik ikusi egin nian eta, begi hauekintxe, orain bi urte edo!”

      —“Zera ikusiko huen hik, atsokaka horrek...! Amets egingo huen edo besteetan baino mozkor handiagoa harrapatu huenen batean ikusi huen”, esan nuen nik, ez bakarrik sinesten ez niolako, bestea astarra baino egoskorragoa zelako Milagizoni jarraitu nahi horretan, zeren hura, ondo nekien hori, bakarrik ez zen ausartuko.

      —“Bertan ikusten zaituztedan bezalaxe, ikusi nuela esaten dizuet! Neuk eta Nerbiok ikusi genian”.

      —“Eta bestela, goazen kanposantura berari galdetzera”.

      —“Eskuragoko lekukorik ezin jarri!”

      —“Egun bateko egunsentian igo genian, paretatzarreko huntzetik lau hankan. Parrandan ibiliak gintuan bezperan, baina ez geundean edanak, oraintxe bezalaxe, niri horrelaxe alde egiten zidak, eta hik hori badakik... Une bat bakarrik izan huen nik eskutan indar asko ez eduki eta eutsi ezin izan nian, eta eskuak larrutu egin zitzaizkidaan lau hankakoan. Eta Nerbio, badakizue nola zegoen gizajoa, ez zekiat nola eduki zuen goraino igotzeko adina indar. Une batez ikusi genian eta liluratuta gelditu gintuan halako gauzarekin, orain arte ez genioan inori kontatu nahi izan... Besteren batzuek beste aldiren batean lortu omen ditek igotzea, baina pareta gainera azaltzerakoan, han, ikusten?, jangela ikusten den lekura, pazotik botatako gatzezko tiro batekin jaitsarazi gintiztean. Zurrupalauza izan huen eta Gurpilzale bestea, esaten didatenez fundizioan lan egiten duena”.

      —“Nik ez zekiat hori guztia egia den ala ez” —esan zuen Ahohandik serios—, “baina honek kontatzen duen hori berori entzun nioan Nerbiori behin. Ez nioan kasu handirik egin fantasiatsua zelako emakumeez aritzerakoan; zeren diotenez, hortik etorri zitzaioan hil zuen gaitza, haietaz hainbeste pentsatzearekin urtu zuena, besterik ez zian eta egiten, gau eta egun. Eta inoiz ez ikusi eta ez amestu zuen emakumerik ederrena zela ere entzun nioan, eta ikusi zuenez geroztik, luzaroan ibili zela loa galduta”.

      —“Hori gaitz tisikoa duten guztiei gertatzen zaiek asko, bularreko batetik hil zen nire lehengusu bat ere lorik ezak jo.”

      —“Ba egiten zidak kilima asunto horrek!”, esan zuen Ahohandik erabakia hartzen zuenean jarri ohi zitzaion begi zorrozkerarekin. “Nik, neuregatik, ikustera igoko nikek. Zertarako gaude ba hemen?”

      —“Ez zekiat, ba, gauza izango naizen, honoko piztia honek egin didan hozkadarekin minez mugitu ezinik zeukaat masaila. Baina zuekin joango nauk nola egin behar duzuen esateko. Eta neuk ere igo ahal banu!”

      —“Zer diok hik?” galdetu zidan Ahohandik. Pixka bat pentsatu eta esan nion:

      —“Erokeria iruditzen zaidala! Euri honekin gainera. Nirea badakizue ez dela beldurragatik. Benetan, ez diat sinesten atso eta ero kontu horietan. Orain. hala nahi baduzue. Egia esan, ez zekiat nola moldatu beharko dudan ferratutako txokolo hauekin eta hanketako min zerri honekin. Baina horretara gabiltzanez, zuekin joango nauk, lagunarteko legea duk”.

      Ez ziren aitzakiak haren erabakiari jartzen nizkionak, egia ziren oso. Hankak apur eginda baneuzka bezala sentitzen nituen eta berna—hezurretaraino iristen zitzaidan mina. Baina adiskide artean gehienek egiten dutena egin edo berengandik bereizi egin behar da.

      Atera ginen beraz zubipetik eta han dagoen zelaia korrika gurutzatu ondoren Adradatarreneko lorategiko paretaren alde batek egiten duen kalezuloan sartu ginen. Begiratu gora eta handik ezingo lukeela tximino batek ere igo ikusi nuen.

      —“Madarikatua!” —esan zuen Milagizonek—. “Huntza ebakiarazi dik eta ertzetako puntetara karea bota dik. Gu etorri ginenean ez zegoan horrela. Buelta emango zioagu, igotzeko beste lekurik ote dagoen”.

      Pareta jarraitu genuen, hari buelta ematen diona, eta pixka bat ibili ondoren ikusi genuen, ia estalia obra lur pilo batekin, lurraren pareko zulo bat, paretaren euskarrietan mehatze bat zabalduz bezala sartzen zena. Inor ez zen ari lanean, euriagatik noski. Hura zer izan zitekeen pixka bat pentsatu ondoren, kanal berriko urak ekartzeko kainuak sartzeko zirela konturatu ginen, beste etxe askotan egiten ari ziren bezala, zeren diotenez orain jende aberatsak iturria bere etxean edukiko du, ikusi arte sinetsiko ez dudana. Hala, dena zerri eginda geldituko baginen ere, zeren hura guztia lokazti egina zegoen, lurpetik sartzen zen zulotik sartu ginen eta, pauso gutxitara, zerua ikusi genuen eta gainean arbola adar puntak pikean igotzen zen beste zulo batetik.

      —“Jar hadi hi hemen!” —agindu zuen Ahohandik horrelakoetan obeditzea beste erantzunik ez zeukan bere agintera harekin. Pixka bat makurtu nintzen eta manta bat nire sorbaldara bota ondoren, gainera igo zitzaidan ia goiko muturra harrapatu arte, ukalondoekin eutsiz. Pixka batean egon zen eusten eta salto batean jaitsi zen paretaren kontra kieto gelditzeko, begiak gugan iltzatuak.

      —“Hortxe zegok” —totelkatu zuen ikaratuta oso.

      —“Motel, zein?”

      —“Andrea, señora hori.”

      —“Ez hadi txantxetan hasi!”

      —“Esaten nizuela! —argudiatu zuen Milagizonek, egia izatea damu balu bezala—. “Baina ondo ikusi al duk?”

      —“Sandios!, ez zirudik mundu honetako gauza. Arnasa gelditu zaidak.”

      —“Utzi itzak txantxak. hogeita lau urte zeuzkaat eta sorginetan sinesteko denbora pasa zitzaidaan”.

      —“... sandios! —hizketan jarraitu zuen gu ez bageunde bezala—. “Jarri hadi hor, utz iezadak beste pixka bat ikusten”.

      —“Orduan, nik ere ikusi nahi diat zer den hori.”

      Aladiok tabernan harrapatu zuen pattar botila bat atera zuen zamarrako poltsikotzarretik, eta trago onak jo genizkion animoak hartzeko. Gero han zeuden hesola batzuk, apeo tankerakoak, hartu genituen eta gora zihoan zuloko lur bigunean sartzen joan ginen geuk igo ahal izateko. Nik txokoloak erantzi nituen eta lepotik zintzilik lotu nituen. Aurrena igo nuen. Zuloa kamelia arte batera ateratzen zen, eta dena hain ilun zegoen, loreek koloretako argiak ziruditela. Beldurtu egin nintzen, mundu honetako beste ezerekin ez bezala, ez bainaiz mundutik edo ez dakit beste inondik ager zitekeen ezeri beldurra diotenetakoa. Euri tanta mardulek kamelia hostoetan kanpai hotsekin jotzen zuten. Besteak iritsi artean ez nuen zutitu nahi izan, eta ezer ikusi gabe jaisteko gogoa ere egin zitzaidan. Baina honetan etorri ziren eta nire ondoan gelditu ziren etzanda.

      —“Zer?” —murmuriatu nuen isilean, Ahohandiri ukalondokada bat emanaz.

      —“Hortik begiratu behar dik”, eta ezpelezko hesi batean zegoen ataka adierazi zuen.

      Hala egin genuen. Han galerian, leiho bat zabalduta zeukan, nik, halakorik pinturan ere, ikusia nuen emakumerik ederrena zegoen. Zeruko amabirjina berbera bezalaxe luzitzen zuen, inor iraindu gabe. Zuri—zuria., ile beltz—beltzarekin. Besoak biluzik, alajaz beteak, leihotik kanpora atereak euriak busti zitzan nahiko balu bezala, eta soineko zuri bat eta mehea, egiten zuen eguraldiarentzako, zeukan jantzita, hotzak ezer axola ez balio bezala. Buruaren gainean mantelina bezalako bat edo belo urdin bat zeukan, eta haren puntak leihotik irtenda haizeak astintzen zituen. Eta, señora hain geldirik zegoenez oihal hark ematen zuen beregan zegoen gauza bizi bakarra. Irribarre egiten zuen geunden tokira begiratuz, betazalik mugitu gabe eta begiak beltz, handi eta oso zabal, halako beldur modu bat edo eraginez ...

      Honetan, lausotutako kristaletatik, gizon itzal bat ikusi zen galeriatik zetorrela, gogoa korapilatu zitzaigun hari begirik kendu gabe. Gutxira, leihora iritsi zen eta andrearen ondoan jarri zen, gizon garai, lerden oso, bizar gorria eta itxia, fraide edo apaizen tankerako kaputxa batean sartua. Puru luze bat erretzen ari zen eta begi urduriak zeuzkan, beldurtuak, zoroarenak bezalakoak. Lorategira begiratu zuen eta ulertzen ez ziren hitzak furfuriatzen hasi zen, eta ahotsa gutxitzen zuenean ez zion ezpainak mugitzeari uzten, esan eta esan. Gero andre ederrari buruan jarri zion eskua eta bizarrarekin lorategia erakutsi zion, zerbait ikusarazi nahi balio bezala murmurio jardunari utzi gabe, amaierarik ez zuten haserre handiko ziruditen hizketekin; andre ederrak ezer erantzuten ez bazion ere, irribarrea ez zuen uzten. Horietako batean, gogor heldu zion berari, sorbalda batetik, eta bultzadizo batez atzera bidali zuen, bota gabe, andrea gurpildun zerbaiten gainean eserita balego bezala, eta han. Berriro gizon hura azaldu zen, hizketan eta hizketan, deiadarka oraingoan, eta bizarrari tiraka hasi zitzaion gero bizarrei ahurretik gogor putz eginez haizera botako balitu bezala. Kolpera ikaragarrizko algara egin zuen, eta zeruari begira kakazotz eginaz, leihoa itxi egin zuen, hainbesteko tiradaz non ez dakit nola ez ziren kristalak hautsi.

      Niri hark guztiak halakoxe estutasuna eman zidan, apeotan hankarik jarri gabe azaldu nintzela zuloaren sakonean, ipurdia lokatzetan eta dardarka perlesiak harrapatu banindu bezalaxe. Besteak ere jaitsi ziren, nola edo hala, eta hirurok izerditan geunden labe atakan bezala. Hitzik esan gabe jaiki egin ginen, beste trago eder bat jo genion botilari, eta hanka egitera gindoazenean, eskopetakada bat entzun zen eta kamelia hosto puskak erori zitzaizkigun gainera.

      —

      —Bai jauna, egia da guztia, eta dena esan dudan bezalaxe izan zen. Aita zenaren memoriagatik dagiot zin.

      —

      —Ez jauna, ez nekatua nago eta ez goseak. Gainera, gauza hauek kontatuz asko lasaitzen zait “pentsamendua”, guardia zibilen kuartelilloko kalabozoan eduki nauten denbora guztian, izorratu samarra, barkatuko du hitza, egon bainaiz, zer gertatu zen ere kabilatzen uzten ez zidala.

      —

      —Berorrek nahi duen bezala baina, hemen itxoiten uzten baldin badit, berorri eskatzen diot fabore handi hori. Zeren kuartelillora itzultzen baldin banaute ez dakit zer gerta daitekeen. nahiago dut, behingoz, espetxera eramaten banaute. Gizon gazte eta odol oneko bati ezin dio inork atzaparrik aurpegira erantsi, eskuak eskuburdinetan lotuak dauzkanean, bertan hiltzeko gogorik izan gabe. Hori ez da gizonen legea, eta ez dakit beraiek bezain kristauak direnei horrelakoak egiteko gai diren kristauak. Beraz, mesedez eskatzen diot.

      —

      —Jainkoak ordain diezaiola berorri, Jainkoak berorri. Berorrek agintzen duen bezala... eta gero arte jainkoak nahi badu...

 

 

PARRANDA
Eduardo Blanco Amor

A esmorga, 1959
euskaratzailea: Ramon Etxezarreta
Igela, 2015