PARRANDA
Eduardo Blanco Amor

A esmorga, 1959
euskaratzailea: Ramon Etxezarreta
Igela, 2015

 


 

DOKUMENTAZIOA

 

      Ni mutil koskorra nintzela, oraindik ere jende zintzoak hitz egiten zuen gertatutako hartaz Aurian, nire jaioterri eta gertaeren hirian. Era askotara kontatzen zuten baina amaieran bakarrik egiten zuten guztiek bat, gauza nola bukatu zen esaterakoan, alegia.

      Gerora, gazte ia eta idaztera tematu nintzenean, garai hartako jendearekin hitz egin nuen, batzuei eta besteei galdezka ibili nintzen eta paper artean arakatu eta Zaldunen Kasinoan saguek janda bezala, nahaspilatuak, aurkitu nituen hiriko boletin zaharrak irakurri nituen. Kasinoa “indar bizien” eta tratalari maragatoen biltokia zen baina, tresillo eta museko jokalari sutsuak izaki, ez ziren hauek historia edo literatura bihur zitezkeen herriko kronikak irakurtzeko batere zale, ez eta gauzak bildumetan jaso eta gordezaleak ere, beren kontabilitateak eta espedienteak izan ezean behinik behin.

      Banuen osaba bat, Epaitegiko “ministroa” zena —orduan halakoxe izen tristez esaten zitzaien aguazilei— eta gai honi buruz inoiz hitz egin nahi izaten ez zuena, ez bere kabuz behintzat, bera izanik, zalantzarik gabe, bizien artean hartaz gehien zekiena. Mutiko nintzen bitartean ez zidan ezer esan nahi izan baina ez zitzaiola arrazoirik falta jabetu nintzen gero. Gazte zentzudun ikusi ninduenean, beti liburutzarrekin tratutan ibiltzen nintzela —nire gurasoek zurginen gremio jatorrera bideratu nahi baninduten ere— eta señorito estudianteekin ibiltzen nintzelako edo, orduan ez beste inoiz hasi zitzaidan, hiru parrandari ospetsuen historia tamalgarria nahiz eta alditan irriz kontatua, berak entzuna eta ikusia pixkana-pixkana kontatzen, ondareari uko egiten dion jabearen moduan.

      Zaharkitua zegoen ordurako osaba, eta memoriak ere huts egiten zion. Gainera, hiztotelduta zegoen adinaren eraginez, urte askoan taberna eta tertulietan hizketari aparta eta preziatua izan ondoren. Makina bat pitxer ardo ordaindu behar izan nion, eta koparen bat edo edo beste, hizketarako gogoa eta adorea emateko. Horretarako, Granxako bidera eramaten nuen askotan, neguko arratsaldeetan eguzkia hartzera, bertako ardoaren usainak erretiratuen melankolia leuntzen baitzuen hango tabernetan. Sakrifizio hauek nire gain hartuz gertakarien alderdi bizia jakin eta ezagutu nahi nuen, hain zuzen ere auziaren paper ihartuek, beren prosa loti eta jakineko egia desitxuratzeekin, ez zidaten aski ematen herriko kontuek beren ohiko fantasia eta guzti soberan ematen zidatena.

      Urregoraize jostunarekin egon nintzen gero. Jostuna zen hau ere bere aita bezala, irakurleak aurki ezagutu eta —gustu guztiak berdinak izango ez badira ere— bizitza osorako gorroto izango duela uste dudan Milagizon jostunaren lankide izana. Aita, zahardadean, kasu honi buruz atertu gabe hitz egiten aritzen omen zen. Hogei edo hogeita hamar modu ezberdinetan kontatzen zuen nonbait —kontaketarakoan jotzen zion umorealdiaren arabera— baina betiere grinaz eta hain gozoz gertakizun haietan protagonista izan bailitzan eta ez garaikide, garaikide hutsa alegia, berrogeita hamar urte lehenago gertakari haiek ezagutu zituzten beste asko bezala —nire herrian jendeak amaierarik gabeko temarekin jarraitzen baitu—. Bigarren eskuko edo, hobeto esanda, bigarren hariko testigantza haiek susmagarriak iruditu zitzaizkidan oso; irudimen eta xehetasun gehiegi erakusten zuten, jostunen testigantza guztietan gertatu ohi den legez, ofizio egonzaleak ematen dien apaingarrietarako eta ederkeria joeraren ondorioz.

      Horrela bada, neure kasa batetik eta bestetik, edo izaera sumatuetatik, jasoz, hasi naiz kronika hau idazten orain, hain dokumentazio hauskorra jaso nuenetik ia berrogei urte eta gertakizuna bera izan zenetik ia laurogeita hamar igaro direnean. Horregatik, gertatutakoaren egiarekin izango du akatsik, idatzi hau jakinean atxikitzen zaien formula errealista guztiei gertatu ohi zaien bezala, eta egileak aurrez onartzen ditu adierazpen hori dela eta ondoriozta daitezkeen irain eta laidoak.

 

 

PARRANDA
Eduardo Blanco Amor

A esmorga, 1959
euskaratzailea: Ramon Etxezarreta
Igela, 2015