AHUNTZ-HERRIKO BIDE-GABEA
Ugo Betti

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Susa, 1986

 

 

BIGARREN EKITALDIA

 

 

 

Lenengo agerraldia

 

(Jesten dagoz Agata eta Pia. Euren aurrean trankil jezarrita dago Anjelo. Zenbait denpora pasatu da. Putzua estalduta dago).

 

ANJELO.— Ez deutsuet inois kontatu zer gertatu jatan behin Greziako botilla ardao bategaz? Guztiz ardao bakana zan. Denda batean aurkitu neban...; anuntzioak holan inoan: «Greziako ardao miragarria; probatu egizue...» eta probatu gurea sartu jatan, baina pagatu barik, dirurik ez nendukan-eta. (Neurritik kanpora barre egiten dau Piak). Abere harek, pistia zikin harek, begiratu egin eustan. «Argi eta garbi dino kanpoko txartelak». «Baina nik...». «Probatu egizue, baina pagatuta gero». «Baina erosle batek...». «Hemen probatzen dauanak pagatu egiten dau». Eta kanpora bota ninduan. (Piak barre egiten dau, beti behar dan baino geiago. Anjelo leihora hurreratzen da). Nire eta haren artean hil arteko gerra bat gelditu zan deklaratuta. Silbia ez da oraindik etorri?

PIA.— Ez.

ANJELO.— Nora joan da?

PIA.— Ez dakit.

ANJELO.— Beraz hiru astean ez nintzan handik agertu. Eta barriro joan nintzanean mandatariaren itxurea hartu neban. «Ardao-saltzaile jauna, gobernadore jaunaren izenean nator, eta gobernadorearen ardao-gordetzailleak gobernadorearentzat Greziako hiru edo lau zagi ardao erostera bidaltzen nau. Baina ezer tratatu baino lehen, mesedez zuk zeuk deituko dozu gobernadore-tegira hiru, lau edo bost zagi nahi dituen itauntzera». (Piak barre egiten dau). Gizona nire esku artean nendukela ulertu neban. Berak billatu eban telefonoaren numeroa, berak markatu eban, eta gero errespeto haundiagaz emon eustan telefonoa. Bertatik entzun nituan hitzak bakanak eta iraingarriak izan ziran. Baina nik ez neutson kasorik egin. Nire erantzunak gobernadorearen ardao-gordetzaileari emoten neutzazan. Ardao-saltzaileak maitaro begiratzen eustan: «Gobernadorearen ardao-gordetzaileagaz berba egin dau? Bai. Bost zagi... Baina lehenago...». «Lehenago probatu egin behar dozu, ez da? Arrazoia dadukazu; laster emongo deutsut baso eder bat. Oraindik lehengo txartela bera egoan bertan: «Greziako ardao miragarria. Probatu egizue...». «Ez eskaparatean dagoana ez. Hotz-hotz probatu behar dozu. Zuretzat botilla bat zabalduko dot». Barrura sartu zan korrika. Beste botilla bategaz bihurtu zan. Aurrean ipiñi eustan; eta begira gelditu jatan. Esan neutsan: «Hotz dago?». «Hotz-hotzik». «Greziako ardao botilla zabaldu barria?». «Greziako ardao botilla zabaldu barria». «Edurragaz?». «Edurragaz nahi dozu?». «Eta maitaro besarkatu ninduan. Esan eustan: «Ederto! Haundia zara zu! Edurragaz emongo deutsut». Barrura sartu zan barriro, edurra hartu eban nigana etorri zan, basoa bete arte bota eban ardaoa, eta aurrean ipiñi eustan. Begiratu eta begiratu egiten eustan. Edan neban. Izerdia legortu neban. «Gustatzen jatzu?» «Bai» «Beste baso bat hartuko zenduke?» Dudatu egin neban. Orduan abere saskol hasarreagaitik lehertu zan. Boz izugarriagaz deadar egin eban beste baso bete edan behar nebala, osterantzean poliziari deituko eutsala. Barriro edan neban. Gero esan neutsan: «Es dago txarto». «Ah, ah, ah! Listoa zara, e? Engañatu nahi izan nozu? Zu zeu sartu zara tranpearen barruan. Telefonoaren numeroa ez zan gobernadorearena, neure kuñatearena baino. Hau ez da Greziako ardaua, zazpi urteko binagrea baino. (Piak barre egiten dau). Azido sulfurikoa baño txarragoa da. Gaur gabean hospitalean egongo zara! Bihar, kanpo-santuan!». Esan neutsan: «Beste baso bat emango zeunskit?» (Isil aldia). «Beste baso bat?» «Bai». «Zure burua hil nahi dozu?» «Bai» Edan neban, behin eta barriro. Botillea hartu neban, hutsitu neban, ardao-saltzaileari mosu haundi bat emon neutsan bekokiaren erdian, eta joan nintzan. Momentu baten buruan nire bizkarrean holango zarata ikaragarri bat entzun neban. Piztia zantar harek, bera edurraren bila joan zanean botillak kanbiatu neutsazala ulertu eban. (Isil aldia). Min hartu eban bihotzean, eta sinkope batetik hil zan.

PIA.— (Barre eginda gero). Anjelo zu zara komediantea.

ANJELO.— Zergaitik?

PIA.— Kontatsen dituzun ipuin guzti horreik gezurreskoak diralako. Zu tunante bat zara.

ANJELO.— Tunante bat, bai. Nik beti autortzen dot. Kuidadoz betetzen nozue, noretzat lan egiten dozu, jaten emoten deustazue, jantziak eta oinetakoak eskeintzen doustazuez, eta nik holango pagua emoten deutsuet. Ez dozue Silbia ikusi?

PIA.— Ez.

ANJELO.— Ba dakizue zer egin behar dodan. Zigor bat hartu behar dot, eta nire buruari jo egin behar deutsat.

PIA.— Poz-pozik ikusiko genduke holangoren bat.

ANJELO.— Bai, pikaro nagi alper bat besterik ez naizalako. Gauza hutsetan galtzen naiz, eta gezurra dinot beti. (Jagitzen da, leihotik begiratzera doa, eta barriro jezartzen da). Parasito bat naiz.

PIA.— Bai, hori zara! Zorri bat zara, alper bat!.

ANJELO.— (Estitazunaz). Ondo dago, maitea; batzuk lanera makurtzen dira, eta beste batzuk ez hainbeste. Goizaldean hor nengoan, egurra egiten: bat-batean pizkatean deskantzatzeko gogoak emon eustan, jezarri nintzan, eta bat-batean... (Isildu egiten da. Atearen ondoan Silbia agertu da. Andre biak bertara begiratzen dabe).

 

 

 

Bigarren agerraldia

 

ANJELO.— (Hitzegiten zegitzen dau, ezer ikusi ez baleu legez)... eta bat-batean burutazino bakanak etorri jatazan gogora... gauza ederrak, delikatuak, eta pekatu haundia egingo neban, alde batera apartatu banitu, barriro egurra egiteagaitik. Itsas-ontzi haundi eta aberatzetan egin ditut bidajeak; eta zer? Hemen nadukazie Ameriketan eta eternidadean pentzatzen dodala. Arranoak ez leuke hain agudo hegaz egingo. Holangoa da arimoa. Bai. Silbia maitea, ez zara zu iritzi horretakoa? Jakina. Gauza bat ikusten dot, leku batean zartzen zaranean zugatik argitzen dala guztia; miroten zaitudan bakoitzean halan iruditzen jat. Gaur, beste egunetan baino ederrago eta atseginago dirudizu. Zer gertatzen jatzu, maitea, ez zara ondo aurkitzen? Bart ez zenduan eraz lo egin? (Besteai) Gainerakoan itxura ederra daduka.

PIA.— (Mingotstasunez). Erantzun egiozu, Silbia (Silbiak aurrera egiten dau, inori begiratu barik, eta entzungo ez baleu legez).

ANJELO.— (Beti atsegintasunez). Bero horregaz kanpoan zengozala arduraturik gongozan. Arriskugarria da, ez zenkian? Beroa kalte egingo eutsun. (Besteari). Neskatilla hau luzaroegi egoten da etxetik kanpoan. Bateonbatek errez pentsatuko leuke bere gogoko ez dan zerbait edo norbait aurkitzen dauala etxean. Holan baldin bada...

PIA.— (Silbiari). Ago hori zabaldu egizu, zentzun-bako.

ANJELO.— (Aurrera doa)... holan baldin bada, danak egongo ginake prest, danak izango ginake zoriontzuak, horreri erremedioa bilatzeko, ez da egia? Agata, esaiozu zuk. Eta zuk bere, Pia, zuk bere esaiozu. (Pia, agiriko areriotasunaz, jagi egiten da, eta aterantza doa. Hasarre-hasarre). Pia, Pia, zuri egiten deutsut berba! (Piak urten dau. Momentu baten buruan, kanporantza doalarik, barriro atsegintasunez). Morroia banaiz bere, holan hitzegiteko ausardia hartu dot, zoritxarrez Silbiak gugaz pasatuko dituan asken orduak honeik dirala jakin dodalako. Badoa, itxi egiten gaitu. Gaur bertan, denpora gutxi barru, uste dot. Pena dot. Ba dakit, estudioak, Unibersidadea.

AGATA.— (Alabeari). Edoardo zaharrari deitu deutzazu?

SILBIA.— Bai, kaminotik deituko dau berak. Maletea nik eroango dot bertara.

AGATA.— Dana dago prest?

SILBIA.— Bai.

ANJELO.— (Atetik, boz bajuan). Dana dala, Edoardo zaharra gaba egin baino lehen ez da etorriko. Bera heldu baino lehen Silbia asmoz aldatzen bada, danok poza hartuko dogu. (Joan da).

 

 

 

Hirugarren agerraldia

 

SILBIA.— (Geldiro hurreratzen da, eta Agata eta Pia josten egon diran erropen artean zerbait erakusten dau). Jake horregaz gogoratzen naiz. Aitak elizara joateko janzten eban.

AGATA.— Bai, halan uste dot.

SILBIA.— (Trankiltasunez). Lan asko egin beharko dozue. Anjelo aita baino azkozaz lodiagoa da.

AGATA.— Galduko zan bestela. Orain balio izango dau.

SILBIA.— Aitaren komodan beste gauza bat egoan. Baina ez zuek gura dozuen ezer. Nik hartu dot.

AGATA.— Zer? Zer esan nahi dozu? Zer hartu dozu?

SILBIA.— (Ez dau erantzuten). Ama, ni joatea beharrezkoa zan; lehenago joan behar izan neban kolejiora. Gainera bero hau, eremu hau; gogaitzen hasia nago. Lehengo gabean, leiho madarikatu horren erruz, ez neban lo egin. Hemen jarraitzen ba dot, gaisotu egingo naiz...

AGATA.— Bai, maitea, zuen lagun artean etxetik kanpoan biltzeak mesede egingo deutsu. (Atzerantz doa).

SILBIA.— Ba zoaz?

AGATA.— Eroango dituzun gauzak gertatu behar dira.

SILBIA.— Ez, ama, itxadon. Zugaz berba egitera etorria naiz. Joan baino lehen zerbait esan behar deutsut.

AGATA.— Bai, hemen nadukazu.

SILBIA.— Begira, ama, aspaldi honetan oso gutxitan berba egin dogu alkarregaz; behar bada okasino egokirik ez dogu eduki. Horregatik gai jakin bat ez dogu inoiz tratatu... Horrek eta beste gauza batzuek gogaitu egin nabe. Ez nengoan gogoz. Ulertu egin behar nozu.

AGATA.— Gizon hori gorrotatzen dozu?

SILBIA.— Bai.

AGATA.— Gizon bat behar genduan. Holango lan gogorretarako emakumeak ez gara gauza.

SILBIA.— Baina honek ez dau lanik egiten, ez dau ezer egiten.

AGATA.— Hasteko denporea beharko dau.

SILBIA.— Honek ez dau inoiz ezer egingo, ama.

AGATA.— Zelan dakizu? Eta holan baldin bada, despeditu egingo dogu. Bedarrak segatuta gero.

SILBIA.— Baina bera ez da joango, ez da joango.

AGATA.— Zergaitik? Beste eragozpen askoren artean, hemen bera egotea legearen kontrakoa da. Nahi bagendu preso hartu-erazoko genduke. Trankil egon geintekez.

SILBIA.— Ama.

AGATA.— Esan.

SILBIA.— Lehengo egunean korreora joan nintzan, eta gero botikara.

AGATA.— (Pazientziaz). Zergaitik?

SILBIA.— Geroago Edoardo zaharragaz egin neban berba.

AGATA.— Txarto egin zenduan, ero bat besterik ez da.

SILBIA.— Mundu guztiak gure eta gizon horren gainean hitzegiten dauala esan eustan.

AGATA.— Eta zer dinoe?

SILBIA.— Berari dirua emon eta mantenitzegaitik zorrak hartzen ei doguz.

AGATA.— Horrek ez daduka zentzunik, ederto dakizu.

SILBIA.— Hiru andre eta gizon bakar bat etxe baten barruan bizitza ez ei da dezente.

AGATA.— Holangoak eta txarragoak esaten zituezan hurira estudiatzera bialdu zindudazanean. Neskatila bakar bat, huri batean, hainbeste gizonen artean ez oi zan dezente. Gainera zu ba zoaz; zure prestutasuna salbo gelditzen da. Ez dot ikusten zergaitik arduratzen zaran horrenbezte. (Aterantz doa). Eta nire aldetik, gauza bakar bat jakin nahi dot, jente hori gaiztoa eta argala dala. Ez deuzt ardura.

SILBIA.— (Tristuraz). Itxadon, ama, itxadon. Jenteak ez deutsu ardura. Baina nik ardura deutsut?

AGATA.— (Atzera etorriaz, jezarri egiten da. Guztiz nekaturik balego legez). Zergatik itauntzen deustazu hori?

SILBIA.— Zerbaitek niri min emoten badeust, zuk bere min hartzen dozula dakidalako. Ama gizon horrek aitaren jantziak erabili dagizala eta bere gelan lo egin dagiala ez jat gustatzen.

AGATA.— Lurrean lo egingo eban, osterantzean.

SILBIA.— Baina niri ez jat guztatzen. Aitagaitik; lehen ba zirudian berari itxadoten geuntzala; orain ez, ez dirudi.

AGATA.— (Bista-makurrik). Bai, aitagaitik! Azken hila honeitan, bera hilda gero, askotan entzun deutzut barre egiten. Zu ahaztu zinan aitagaz lenengoa.

SILBIA.— (Diadarrez). Baina ni bere alabea naiz bakarrik.

AGATA.— Eta ni barriz bere emaztea. Eta horregaitik ez dot ahaztu behar. Maitea, senar-emaste batzuren arteko bizitzea, berak niri zor eustana eta nik berari zor neutzana, inor bitartean sartu dadin kontu gaitzegiak dira. Eta honen gaiñean, seme-alabak ez dira familia-barrukoak. Honen gaiñean, ez dakie ezer. Euren iritziak ez dira justuak. Ikusiko dozu Silbia, zelan gaurko gauza inportante asko txikiak eta apurrak izango diran. Zure lagunakaz egongo zara, ondo deskantzatuko dozu. Eta hobeto etorriko jatzu.

SILBIA.— Nire osasuna, ez da? Nere osasuna! Ama, egun batzuk dira berba egin nahi deutsudala. Egun batzuk dira nerbioz eta ikaraturik nabillala.

AGATA.— Esaizu zergaitik.

SILBIA.— (Jsil-aldi luzea). Pia.

AGATA.— Pia?

SILBIA.— Bai. Piak gizon hori maitatzen dau.

AGATA.— Uste dozu?

SILBIA.— Bai, ez nago oker.

AGATA.— Pia holangoa da. Ez dago zergaitik kasorik egin.

SILBIA.— (Nekez). Ama, bakartade honek bildur emoten deust, hemen bakarrik egote honek pentsamentu batzuren kontra burrukatze honek. Gauzarik harrigarrienak, normal, eskuaren aldeko, errez, iruditzen jakuz... ametsetan bagengoz legez... Hortik irakurtzen ditugun gertaera izugarri horreik holan jazotzen ei dira.

AGATA.— Maitea, baina zu gabean joango zara.

SILBIA.— Katea itsusi batek dana iruntziko dauala iruditzen jat.

AGATA.— (Begiak makur). Dana? Zer da dana?

SILBIA.— Ama, gizon hori Piagaz konpontzen da.

AGATA.— Zer esan nahi dozu?

SILBIA.— Bien artean zerbait dagoala.

AGATA.— Ez dot uste. Anjelori txantzetan ibiltzea gustatzen jako. (Bat-batean). Silbia, honen gainean ez dot gehiago berba egin gura.

SILBIA.— Zalatan egon natxake.

AGATA.— (Hasarre). Zergaitik portatu zara halan? Zergaitik? Zergaitik? (Lenera bihurturik). Dana dala, horrek ez dau zentzunik. Ez dot sinistutzen.

SILBIA.— Entzun dautzet. Zer esan nahi dodan ulertzen dozu?

AGATA.— Ez, maitea. Ezetz dinotsut. Erratu egin zara. Horreik zuk asmatutako gauzak dira. Naiko da, Silbia, mesedez. Ez dagigun denporarik galdu.

SILBIA.— Ama, gela honetan sartu naizenetik esan nahi dautsudana ez ulertzeko aleginak egiten dituzu.

AGATA.— Baina zer gertatzen da?

SILBIA.— (Ia negarrez). Ama, ederto dakizu zer gertatzen dan. Gizon hori eta zu... gainera gauzea ezkutatzeko ez zarie larregi alegintzen. Zu eta gizon hori... Zu eta gizon hori... Ez egizu ezetz esan!

AGATA.— Ez neutsun ezetz esaten. Erregutu egiten neutsun. Ama alaben artean esan behar ez diran gauzak ez esateko eskatzen neutsun. Baina zuk ez dozu nahi izan. Zergaitik?

SILBIA.— Alkarregaz ikusi zaituet. Zu eta gizon hori... ez-ezagun bat, eskeko pobre bat. Horregaitik joaten naiz, ulertzen dozu?

AGATA.— Ederto dago, ba zoaz; eta ezer esan ez bazendu, hobe izango zan. (Isil-aldia; tristuraz). Silbia, alkar-berbeta au ez zendukan zergaitik hasi. Gertaera asko eta pentsamentu asko trankiltasun haundiagaz ontzat emoten diran mundu batean nagusitu gara. Gure liburuak, gure edukazinoak eta gure adiskideak ulertzera ohitu gaitue. Ez zara hume bat, eta zure egintzan erantzun-beharra zure gain dago. Inoiz eskatu deutzut ezer?

SILBIA.— Zuzen zagoz. Barregarri egin dot. Baina oraindik ez dogu dana esan. Beharreskoa izan ez balitz uste dozu berbeta hau hasiko nebala?

AGATA.— Erregutu egiten deutzut, Silbia. Hia probatzen deustazun gusto ona dadukazula. Maite nauenak gelditzeko ate bat dago. Gainera ez dot uste holango gauzak inportantzia haundirik dadukiela. (Mingotstazunaz). Miseriak dira.

SILBIA.— Ama...

AGATA.— Erregutu egiten deutsut barriro, naikoa da, itzi nagizu bakarrik, naikoa da. Gutxienez eskubide hau dadukagu guztiak, bakarrik gelditzekoa. (Isil-aldia; amaitzeagaitik, baina sinistua izan gura barik). Ez dozu ondo ulertu, oker zagoz.

SILBIA.— (Bat-batean, biguntasun haundiagaz). Ama, berba egiten hasi garanetik asko sufritu behar izan dozu. Guzurre esan, humildu egin behar, zu, beti hain harroa eta egiaztia! Ama, zer gertatu da, hori zelan da posible? Honena zer eskubideak nakarren galdetu deustazu. Zure alabea naiz. Nire ama zara.

AGATA.— (Zurbil, buru-makur). Zure ama, paper busti moduko bat, letra bat. Zure ama; arrazoi horregaitik ez naiz gauza bizi bat. Zure ama. Lurpean aurkitzen naiz.

SILBIA.— (Berdin). Ez ama, ez da hori. Hume-denporan ni zugaz enamoratuta nengoan, nik bizitza zugaitik sakrifikatuko neban, liburuaren orriak bueltatzen nituan, eta noizean behin begiratu egiten neutsun, kriseluaren argiak zure ullean kontra emoten eban...

AGATA.— (Mingotstazunez). Lastima da hori guzti hori ez zala bertan gelditu, erretrato batean legez, geldi-geldiro kolorea galtzen; holan ez genduan inoiz horretaz pentsatuko. (Isil-aldia). Lastima da, dana aldatu, eta orain ez naiz ordukoa. (Isil-aldia). Baina zu bere ez, ez dakizu? Ni bere zure boz arinaz gogoratzen naiz. Haunditu egin zara, Silbia, andretu egin zara, beste bat zara, ez dakit zer zaran. Orain ez nozu behar; zure bozak, batzutan, aspertu egiten nau. Txoritxua haunditzen danean, ameak moko-kolpeka botatzen dau kabitik. Naturalezea egiaztia da; gu ez, guk gure hildakoai lurra emoten deutsegu.

SILBIA.— Baina zu..., niretzat, munduko gauzarik onena izan zara beti. Neugaz zengozanean, dana iruditzen jatan garbi.

AGATA.— Eta zuek zer zenkien nitzaz? Bakarrik nengoan, beti egon naizan legez. Begiratu edo berba egin deustazue inoiz; hor nengoan bitartean, argiak ulleen kontra emoten eustala edo gaberdian itzartzen nintzala, inoiz itaundu dozue zer pentzatzen neban? Esagutzen ninduzuela seguru zengozien?

SILBIA.— Baina hemengo zure bizi-modua, zure ideak...

AGATA.— Bai, gezur asko aditu ditut eta gehiago esan. Engañatu egin nabe eta engañatu egin dot. Ezagutzen ninduzuela seguru zagozie? (Desesperazinoz). Ezagutzen ninduzuela zeguru zengozien? (Isil-aldian). Ez nagizu oñazeztau, Silbia, naikoa da!

SILBIA.— Eta Pia? (Didarrez) Eta Pia?

AGATA.— Ze ardura dau Piak?

SILBIA.— (Isilik begiratzen deutsa; bat-batean frenesiz). «Ze ardura dau Piak?» Nik baino hobeto dakizu! Dana jakin dozu beti! Horren aurrean bere makurtu zara! Gauza likits hori gertatu zedila permititu dozu, gizon horrek mando pare bat korta batean legez zu eta Pia menderatu zengiezala permititu dozu! Zure andretasuna ukatu dozu. Eta bihar niri tokatu balitxakit, bardin permitituko zenduke.

AGATA.— (Boz bajuan, agintari). Isilago berba egin, Silbia. Seguru asko, Pia nunbait egongo da entzuten, eta horrek barregarriago egiten dau gauzea.

SILBIA.— Dana ikusi dot, dana entzun dot, zuen sispuruak kontatu ditut.

AGATA.— Zer erretolikea! Gauza alper eta baliorik bakoakaitik zer zarata! Zer nahi dozu nigandik? Itzi egidazu bakean, arazo honetatik gelditu zaitez kanpoan! Zergaitik deadar egiten dozu holan? Zergaitik zagoz hemen?

SILBIA.— (Eskale). Ez egidazu holan berba egin ama.

AGATA.— Eta zuei ni zer naizan edo zer egiten dodan ze ardura deutsue? Nire bizitza guztian gogortasun honetara aurkitu naiz kondenatuta! Baina egia dinotsut erratuta nengoala, kantsatuta gertatu nintzala! Zeinbat guzur! Ardura dauana ez da hori, ezpada zer garan ulertzea eta hori izatea! Orduan dana da erraza! Holan gertatzen da kantsaturik gagozanean, eta loak hartzen gaituanean, eta pentsamentuak bata bestearen igarotzen izten dogunean; hurrundu egiten dira eta gu trankil zentitzen gara azkenean ganora-bakoak dirala ulertzen dogulako! Danak ganora eta zentzun bakoak! Azkenean bedarraren gainean etzuten gara, abere legez, herriak legez. Hori nahi dot: deskantsatu. Gainerakoak ez deust ardura.

SILBIA.— (Ikaraturik, boz bajuan). Ez egidazu holan berba egin ama!

AGATA.— Esan dozunari ez deutsat inportantziarik emoten. Berbak dira, zure aitari askotan entzunak; haren antza dadukazu. Zuk bere ez deustazu ardura, Silbia. Berba eragiteagaz txarto egin dozu; behin baino ez da bizitzan gertatzen. Danak aspertzen nau, eta laster amaitu dadila itxadoten dot. Zoaz!

SILBIA.— Ama, zer gertatu da? Berak egin deutsu! Abere baten moduan sartu da hemen...

AGATA.— Baina, maitea, eta hari obeditzea gustatzen bajat? Bere bozak kemen emoten deust.

SILBIA.— (Dardarka). Bai, ba dakit. Bere boza entzun dot, eta zurea. Ulertzen ez dodala uzte al dozu? Hiru hilabetean gertatu da holan. Zuk ez zeunskio ezetz esango.

AGATA.— (Desafioka). Ez, ez neuskio ezetz esango. Edozer gauza. Gainera gauza guztiak bardin deustie. Benetan hori da deseo dodana; bakarrik nengoan eta aizeak berekin eroaten ninduan. Besteak deitu egiten eustien, baina nik ez neban erantzuten... Hori oso gauza erraza da! Nik nahi izan dot.

SILBIA.— Ama, ezin agoantatu leiteke, ezin agoantatu dot.

AGATA.— Eta nork eskatzen deutsu? Ze ardura deutsu? Zoaz!

SILBIA.— (Bat-batean). Ama, ba dakizu zer esaten daben herrian? Neugaitik bere bai! Neugaitik bere esaten dabe, ulertzen dozu? Hirurak, ahuntz-alde txiki baten moduan. Eta horrek zoratu egiten nau, ezin agoantatu dot. Lehen aitaren kajoietan billatu dot. Bere pistolea aurkitu neban, hartu eta nigaz daroat, faltrikaran.

AGATA.— (Astindu egiten dau alabea). Zoaz, Silbia! Kontu honegaz zuk ez dadukazu zer ikusirik. Zure problemea errez da konpontzen. Zoaz eta kitu!

SILBIA.— Ez naiz joango. Bera bila zionazala aurpegia ikusi deutsut. Piarena. Zuen bozak entzun ditut. Ikaratu egin nozue, eta beste pentsamenturik ez dadukat buruan. Geisotu egin nozue. Inork begiratzen ba deust, lotsatu egiten naiz. Lo egiten dodanean orduan bere ikusten dot zikintasun hau! (Lurrean dago; amari belaunak besarkatzen deutzaz). Ama, goazen, zatoz nigaz!

AGATA.— (Askaturik). Ez.

SILBIA.— Zatoz nigaz, mesedez.

AGATA.— Ez. Itzi egidazu.

SILBIA.— Honegaz nik amaituko dot. Hil egingo dot, ama. Dana preparatu dot, zehastasun guztietan. Honera etortzeko eskatuko deutsat, horrera begiratzeko, aitaren arropen artera begiratzeko esango deutsat. Makurtu erazo egingo dot. Eta orduan, atzetik, oso hurretik, kokotera botako deutsat tiroa. Pistola ba dadukat.

AGATA.— (Begiratu egiten deutsa, trankiltasun haundiagaz). Ez, ez deutsazu tirorik botako, ez dozu holangorik egingo, seguru nago. (Bat-batean). Silbia, zer sentimentuk bultzatzen zaitu orretara? Zergaitik etorri zara honera, zergaitik esan dozu guzti hori? Zergaitik egon zara zalatan, zergaitik egiten dozu hain beste deadar? Zergaitik ez zara joan, zergaitik ez zara joaten? Zergaitik? Zergaitik? (Iges egiten dau. Silbiak atera begiratzen dau, begiak zabal-zabalik; bat-batean bihurtu egiten da).

 

 

 

Laugarren agerraldia

 

PIA.— (Bere aurrean dago; oraintsu sartu da, geldiro aurreratu da, lehengo agerraldiak ziranan bitartean). Zuri zagoz, Silbia. Zer gertatu da?

SILBIA.— Ezerbez. Nun dago Anjelo?

PIA.— Hitz egin behar deutsazu?

SILBIA.— Bai.

PIA.— Orain?

SILBIA.— Albait ariñen.

PIA.— (Boz bajuan). Esango deutsazuna pentsatuta dadukazu?

SILBIA.— Bai. (Begiak poltsan sartzen ditu).

PIA.— Jezarri zaitez, Silbia. Izerditan zagoz. Orain ñoake deitzara. (Jezarri-erazotzen deutsa. Silbiak makinaldi obeditzen deutsa. Ba doa Pia eta kanpoan entzuten jako deitzen). Anjelo! Anjelo! (Hurrunago). Anjelo... Anjelo... (Oraindik hurrunago). Anjelo... Anjelo... (Silbia orain bere senera bihurtzen da).

ANJELO.— (Beste atearen ondoan dago, eta geldiro hurreratzen jako). Silbia maitea, ez neban zu hemen aurkitzea espero. Norbaitek deitzen eustan, baina agiri danez, zuk ez. Jarraitu dagiela nire bila. Etxe honetan bata bestearen atzetik joan eta alkarri billatu besterik ez dogu egiten, baina nik zure amak eta zure izekoak baino aguduago egiten dot korrikan egiazko katu bat naiz. (Barre egiten dau). Silbia, hemen aurkituko zindudazanik ez nenkian baina egia esan behar badot, itxadon bai egiten neban. (Silbia geldiro jagitzen da). Jagi egiten zara? Bazoaz? Ez? Nigaz egon nahi dozu, eta hau da aspalditik itxadoten neban suertea. Silbia maitea, kobardekeria barik esango deutsut argi eta garbi; zure billa ibilli naiz. Bakarrik egon zintezela itxadoten neban. Zure joaera madarikatuaz hitz egin nahi neban. Ba dakit gorrotatu egiten nozula eta arrazoia dadukazu. Harrea zara, eta arrazoia dadukazu. Baina dolorez ikusten zaitut, egondituta. Gazte zara eta oso atsegina, eta ezin permititu dot. Horregaitik nago hemen. Zugaz hitzegin nahi neban.

SILBIA.— Neuk bere bai.

ANJELO.— Zeuk bere bai? Azkenean! Poza hartzen dot. Momentu honek heldu behar eban. Silbia maitea, esaidazu. Artega nadukazu jakiteagaitik. (Isildu egiten da. Silbia, mahaira hurreratzen da, eta bertatik poltsea hartzen dau). Silbia maitea, behar bada, zerbait bota beharko deustazu arpegira. Nik barkazinoa eskatuko deutsut, eta aurrerantzean ez zaitut ofendituko. Bekatu egin dot, gauza askotan. Edo zure ama eta zure izekoa dira bekatu egin dabenak? Eurak bere oker egon leitekez. Baina danon artean erremediatuko dogu. Silbia maitea, joango ez zarala seguru nago. Zer ez jatzu gustatzen? (Silbiak, aitaren jantziak erakutsirik, eskua luzatzen dau). Zure aitaren jantziak? Egia da. Egia da, maitea. Nik erabiltzea ez zan gauza giña izan, nire aldetik. Horregaitik sufritu dozu. Silbia maitea, zure aitarenak izango dira, hemendik aurrera ez ditut ikutuko. Hori nahi zenduan? Hori baino ez?

SILBIA.— (Arnas-estuka). Behean. Makurtu. Begiratu. Ondo begiratu.

ANJELO.— (Hasarraturik). Euren artean eser badago? Nik ikusi ez dodan ezer? (Makurturik jantzi bat mobitzen dau eta neskatilleari bihurtzen jako). Ez dot ezer aurkitzen. (Barriro begiratzen ditu jantziak; belaunbikatu egiten da. Silbia hurreratu egiten jako, eskua poltsearen barruan daroala; bestearen gainean dago).

PIA.— (Kanpotik). Anjelo! Anjelo! (Silbia alde batera apartatzen da. Anjelo bere, jagirik, apartatu egiten da).

 

 

 

Bostgarren agerraldia

 

(Arineketan sartzen da Pia; begiratzera gelditzen da; gero Anjelori hurreratzen jako).

 

ANJELO.— Zer jasotzen da?

PIA.— (Boz bajuan) Hil egin nahi zaitu. Pistola bat daduka.

ANJELO.— (Isildu dadin señale bat egiten deutsa eskuagaz, eta Silbiari begiratu barik gogoeta egiten dau momentu batez; gero atsegintasunez dino). Eskerrik asko, Pia. Esan deustazuna inportantea da; holan esatera arineketan etortzeak merezi izan dau, benetan. Orain joan zeintekez. (Pia mobitu barik gelditzen da, begira. Anjelok barriro begiratzen ditu jantziak, makurturik). Silbia maitea, zure aitaren jantzien artean ezer aurkitzen ez dodala esaten neutsun. Hobeto begiratuko dot. Ondo dago honelan? Edo gehiago makurtu egin behar dot? Belaunbikatu egin behar dot? Ah, bai, badakit hemen zer aurkitu behar neban. Heriotze aguru bat. Idiari matadorean emoten jakon heriotzea. (Beti atsegintasunez). Hil gura ninduzun?

SILBIA.— (Ia bozik barik). Bai.

ANJELO.— (Bajuago). Harmea dadukazu?

SILBIA.— Bai.

ANJELO.— Emoistazu. (Silbiak emoten deutsa. Anjelok hartu eta begiratzen deutsa; gero bere buruari dinotsa, lehenago konturatu ez balitz bezela). Hil nahi ninduan, bizitzea kendu nahi eustan. (Harritasun haundiagaz). Gorrotatu egiten nau! (Piari) Gorrotatu egiten nau, konturatzen zara? Bera bizirik dagoan bitartean, nire bizitzea arriskuan dago. (Silbia negar-zotinka hasten da. Anjelo izugarriro hartzen dau ikareak). Ene! Ene! Ulertu egin dozu, Pia? Ni orain, hor egongo nintzan, hilda. Ederto kalkulatu edukan. (Pantomina batean legez). Ni hemen nengoan... makurtu... belaunbikatu egiten nintzan... eta bitartean bera... e? Nun jarri nahi zeunstan harmea, maitea? Kokotean, e? Hemen. Eta ni lurrera, arpegia harrien artean; aginak bere apurtuko jatazan. Eta gero...hemen egongo nintzan, arraultze apurtu baten moduan, odoletan, legortuta... (Bat-batean, izugarrizko koloreagaz, turuta bakan bat balitz legez). Zitala! Pistia likitza! Puta gaiztoa! Kapaz izan zara... kapaz izan zara... hil nahi ninduzun! Puta gaiztoa, puta gaiztoa! (Neskatilleagana oldartzen da, jo egiten deutsa, burrusatik, ulleetatik eusten deutsa, lurrera jausi erazotzen deutsa, beti deiadarka). Puta gaiztoa, puta gaiztoa! (Itzi egiten deutsa. Agata agertzen da; urduri, penaz, alabearen gainean makurtzen da).

SILBIA.— (Lurrean zotinka). Hil nahi neuke. (Isil aldia).

ANJELO.— (Bat-batean, damuz). Txakur baten moduan portatu naiz! Lotsatu egiten naiz! Gauza guztiz itxusia nik egin dodana! (Agatari). Gure Silbia errukarria kapaz izan da... (Agin-karraskotska). Geisorik, geisorik dago. Erremedio bat aurkitu behar deutsagu, osatu dadin. Nik bere alde bizitzea ez-ezik, edozer gauza emongo neuke.

SILBIA.— (Lehen legez). Hil nai neuke.

ANJELO.— Ez neuke holangorik siñistuko; errukarriak gorrotatu egiten nau. Bakartadeak daduka errua. Bakartadea bentzitzeko guertoa izan behar, bestelan pentsamentu zitalak sortzen dira... odola pizoatzen eta zikintzen dabe... automatak bagina legez portatzen gara, eta edozer gauza egin geinke. Kapaz izan da... Gutxigaitik salbatu naiz. Silbia gixajoa. Hemen gertatzen danerako makalegia da.

SILBIA.— (Zotin-artean, beti lurrean). Hil egin nai neuke.

ANJELO.— Hil egin nahi nauala dino. Errukitasunak halan deseatzera bultzatzen gaitu... Silbia gixajoa hain makala eta delikatua bera, eta holango gaitz itsusi batek jana; Silbia gixajoa, bera gure artean onena; egiazko lore bat, denporeagaz usteltzera eta zikintzera kondenatua. Bai, zikintzera eta usteltzera! Engañatu eta burlatua izatera; loditasunez eta bekatuz betetzera. Ia deseatzekoa izango litzake... errukitasun misteriotsu batek, makurturik, lorea hartu eta jausiera zikinetik salbatu dagiala. Hartu dagiala eta salbatu dagiala, hola ez dadin galdu. (Isil-aldia). Ez dakit ametsetan ikusi dodan; gabia zala iruditzen jatan, orain legez, eta Silbiak negar egiten ebala. Ez ebala beste gau batean bere, leihoaren zarata hori agoantatuko. Dinba eta danba! Gabezko zarata horrek zorotasuna eragin deutsa gure Silbia urrikariari. Eta bat-batean ba inoan: «Leiho hori itxitera joan behar dot». Eta nik: «Baina Silbia maitea, arriskua dago, desgraziaren bat jazoko jatzu». Orduan berak irribarre egiten eustan, eta holan iñostan: «Anjelo, suerteak erabagi dagiela. Kaso batean edo bestean leiho hori ez dot barriro entzungo. Eta trankil deskantsatuko dot» (Isil aldia. Gaba jausten da).

SILBIA.— (Geldiro zutundu da). Ama.

AGATA.— Zer?

SILBIA.— Ama, egun batean desesperantzeak eta gorrotoak hartuta nengoan. Bera ikustera joan natxaken, etxetik botatzera... Ama, neu bere, galduta nago! (Agata geldiro bihurtzen da, alabeagandik apartatzen da). Ama. (Isil-aldia).

AGATA.— (Bihurtu barik). Asko maitatu zindudazan zure txiki-denporan. Guztiz makala izan zinan; pena emoten zeunstan. (Silbia zutunik dago; geldi-geldiro atera hurreratu eta joaten da).

 

 

 

Seigarren agerraldia

 

PIA.— Nora doa orain?

ANJELO.— Zergaitik itauntzen dozu? Nik baizen ondo dakizu. Lehenago edo beranduago, ganbara madarikatu horretara igongo dau. (Gora begiratzen dau). Orain egon leiteke bertan. (Erropara begiratzen dau). Ni bere orain hor egon neinteke...; gorputz hilotara euliak doaz. (Gora begira). Galazotzeko eskubiderik dadukagu? Berak, Aduaz, erantzungo dau... bai ala ez. Zuk, Agata, zuk zer dinozu? Zuri tokatzen jatzu. Berba egizu, Jainkoarren, zure alabea da-ta. Behar-bada gure gantasia izango da, aguduegi dabilena. Eta ni? Gutxi falta dot. Hor. (Gora begira). Ezer gertatzen ez dala argi dago. Baina arnas-estuka nago. Zer egin behar genduan? Inozentzia, gizontasuna eta bizitzea gordetzea gauza gaitza da. Zergaitik egingo eban Silbia gureak holangorik? Zelan heldu da holango gauza zikinetara? Zergaitik? Zergaitik?

PIA.— Anjelo, munduko gizonik tontoena zara!

ANJELO.— Zergaitik?

PIA.— Bildurrak burua ilundu deutsu. Zergaitik hori egin dauan? Zugaz enamoratuta dagoalako.

ANJELO.— (Geldi geratzen da, idea barri horrek harrituta). Gizonaren azioak zelan dira misteriotsuak! Batzuetan kontra bi aize jatorkoz kandela bakarrari. Nire iritzian... (Bat-batean, Agatari, frenesiz). Zure alabeari deitu egiozu. Haren bila zoaz. (Deadarrez). Zoaz bila! Pizkor! Deitu egiozu! (Bera doa). Silbia! Silbia! Silbia!

 

 

 

Zazpigarren agerraldia

 

ANJELO.— (Barriro dator, berarekin Silbia dakarrela; hau konortea erdi-galduta). Aulki bat. Hotziturik dago, ezin egon leiteke zutunik. Eutsi egiozue, senera ekarri egizue; espainak busti egiozuez, zerbait edan dagiala. (Agata eta Pia neskatillearen ondoan; Anjelo bazter batera). Hori! Halan da! Zuek hirurak, hain batuta, hain akort eta maitasunez ikustea! Trankildu eta kontsolatu egiten nau halan ikusteak! Itsurik gengozan. Eta hain gauza erreza!

AGATA.— Zer da erreza?

ANJELO.— Dana.

AGATA.— Zer?

ANJELO.— Gure Silbia maitea ez da joango, ez gaur ez inoiz. Edoardo etorriko da, baina bakarrik joango da gure zaharra. Silbia hemen geratzen da, bakean eta pozik. (Isil-aldia). Laurak. (Isil-aldia, Piak bat-batean barreak egiten ditu histeriaz). Lur hau odoltuta ikusi nahiago zenduke? Edo or kanpoan, lurraren gainean ganbariagaz batera Silbiaren gorputza? Harrotasuna, beti harrotasuna, harrotasun madarikatua. Laurak. Zergaitik dana desegin? Zergaitik alkar gorrotatu?

PIA.— (Barreka). Anjelo, zororik zagoz.

ANJELO.— Nik animalitxorik txikienari bere ez deutsat kalterik egiten. Bizirik dagoena makalik dabil, eta gutxi diran, zertako anker izan? Gure arimeak deseatzen dauana inuzentea da. Bere eskua luzatuko dauan humea legez.

PIA.— Zororik zagoz, zororik! Agata, entzuten deutsazu? Nik neure burua ganbaratik botako dot. Nik neure burua ilgo dot! Kobarde, hondatu egin gaituzu.

ANJELO.— Pia, nire maletearen bila zoaz. Ni banoa. Edoardogaz joango naiz. Holan dana erremediatzen da.

PIA.— Zu zoazala? Ojala ikusiko baneu holangorik!

ANJELO.— Txantzetan nagoala uste dozu! Hemen, gaiztakien artean, gorrotoen artean... eta arriskuan, ez nintzake geldituko. Laster egongo naiz prest, lau trapu zahar baino ez dot hartu behar. (Ba doa).

AGATA.— Anjelo, zer egiten dozu?

ANJELO.— Ba noa.

AGATA.— (Eskatzen deutsa). Itxaron.

ANJELO.— Ez gauza bat erabagita dadukadanean, ez dot atzera pausorik emoten.

AGATA.— Oraindik ez da ezer erabagi. Itxadon.

ANJELO.— Ez, joan nahi dot. Neure bizitzea defenditu behar dot. Neri baino, inportantzia gehiago emoten deutzozue gorrotoai eta aurrera-iritziai. Ni ba noa hemendik.

AGATA.— Ez, itxaron. Alkar ulertuko dogu azkenean.

ANJELO.— Dana dago esanda gure artean. Jainkoak nahi izan daualako bizirik nago. Eta gainera ez zarie neugaz fidatzen, humildu egiten nazue...

AGATA.— Ez zaitu inork humiltzen...

ANJELO.— Biotz-falta, gaiztakeria.

AGATA.— Erregutu egiten deutsut, Anjelo, mesedez. Holan ez dadukazu zergaitik joan. Hemen zagozala hile luzeak dira... Etorri, itxadon... (Isil-aldia. Anjelo geldiro bihurtzen da atzera).

PIA.— (Bat-batean, eta deadarka). Baina, zer pasatzen da? Zer gertatzen da hemen? Zororik bihurtzen gara? (Anjelori). Kobarde! Enbustero! (Anjelok belarrondoko bat emoten deutsa. Pia mututu egiten da. Isiltasunean Edoardo zaharraren bozinea entzuten da).

ANJELO.— Silbia, hor dadukazu. Edoardo zaharra, eta bere kamioia. Gelditu egiten, eta erabagia zure eskuan dago. Libre zara. Gure artean pasatu danagaz ez dot baliatu nahi. Aukeran dadukazu joatea ala geratzea. Hor dadukazu, gelditu egin da, deitu egiten dau. (Bozinea entzutean bihurtu egiten da. Silbiak, bat-batean, aterantz egiten dau ariñeketan. Albotik pasatzen jakonean, gelditu-erazo egiten deutsa Anjelok. Piari). Zuk Pia, ez doala esaiozu, beste egun batean berba egingo dogula.

PIA.— (Leihora doa). Ez doa. Ez, gaurkoz hemen geratzen da. (Kamioia entzuten zelan barriro martxan jartzen da. lsil-aldia).

ANJELO.— Gauza erreza izan da. (Atsegintasunez Silbiari). Ez zaitut behartu. Danak gagoz konforme. Zuek hirurok pizkat bultzatirak izan nahi zenduen, hau da kidatuak, lagunduak. Hona hemen nun gagozan laurok. Ez gauza zikin eta lizunetan. Nebarrebak legez. Asko deiadar egin dogu, asko egin dogu burrukan alkarregaz, baina orain... hau da bake ederra! Gaba jausi da lurraren gainean, ilargiak urten dau zerura.

AGATA.— (Bat-batean, boz bajuan, hitzik barik, lehengo kantuagaz). Esebi utu sehe.

ANJELO.— Itxi, Pia. Leihoak eta ateak itxi, aldabea behera bota. Ze ardura deuskue Edoardok eta munduko besteak? Kanpotik jatorkuz eltxoak eta dudak. Itxi! (Agatak eta Piak itxi egiten dabe). Kanpora dana. Gu bakarrik. Hau intxaur bat balitz legez, kanpotik baltz eta barrutik gozo. Edo itsasoaren erdiko ugarte bat; zidarrezko ondarrak dadukazan ugarte bat; gu laurok zeharo bakarrik gagoz bedarraren gainean, bedar ederra, aize arin batek bigunki kariziatzen dauana... Aize horrek hodeiak sakabanatzen ditu... eta gero... laurok bakarrik. Libre! Libre! Gau honetan jai egin behar dogu. Mahaiaren gainean dagoan gauza ona ipiñi daigun. Putzura jatsiko naiz, botilla-billa. Zuk, Agata, aparia apaindu, zua piztu. Zuk bere, Pia. Agudo. Askar. (Silbiagaitik). Ez dadila ikusi gure arrebatxoak negar egin dauala; orraztu egizue, garbitu egizue, edertu egizue. Jai hau bere onorean emongo dogu. (Andre biak, esan jakena egiten dabe. Anjelo putzura abiatzen da). Zamaurik ederrena ipiñi, basorik finenak atara. Arrebatxoak! Zuen artetik batek sufritzen badau, eguzkia ilundu dala idurituko jat. Azkar, Pia, lagundu egiozu Silbiari, eta apaindu eta hornitu dadila. Pia arrenkuratsua da, mingots-xamarra; baina gero zerbitzalea eta obedientena da. Silbia, barriz, hemengo lorea da... (Pia eta Silbia kanpora). Pia, bere soinekorik politena jantzi dagiala! Eta zuk, Agata...

 

 

 

Zortzigarren agerraldia

 

AGATA.— (Mahaira apainduaz). Ni? Zaharra naiz.

ANJELO.— (Sokazko eskallerea habiltzen dau). Zu zara hemen inportantiena. Zugaitik etorri nintzan hurrundik, eta zugaitik geratzen naiz hemen. Gauza bat ekartzen deustazu gogora, zelan nire lurrean gabaz ez daben basora andrerik bidaltzen.

AGATA.— Zergaitik?

ANJELO.— Deabruagaz ez ditezen aurkitu. Andre guztiak deabruagaz egin nahi dabe amodioa. Baina berak ez dau gehienetan nahi. (Barre egiten dau).

AGATA.— Orduan?

ANJELO.— Baina batzuetan, medikuaren bila edo beste kontu bategaz, gabaz bialdu behar dira.

AGATA.— Bai?

ANJELO.— Orduan, ba dabiz, eta bat-batean, ilargiak zeruan argirik egiten badau, geriza bat ikusten dabe eurenaren aldean. Bidazti bat da, laguntza emoten dautsena.

AGATA.— Zer egiten dautse?

ANJELO.— Ezerbez. Usaina hartzen dautse.

AGATA.— Usaina?

ANJELO.— Bai, hia kearena dakarren. Hori da, kea, gizakumearen usaina, beste bapere izakik ez dau-eta surik piztutzen eta lapikorik egosten. Usaina hartzen deutse.

AGATA.— Eta kearen usaina emoten ba dabe?

ANJELO.— Iges egiten dau. Andrexkak dira, herriko alabak. Negar-anpuluak; deabruak gorrotatu egiten ditu. Noizean behin, batek ez dau kearen usainik emoten.

AGATA.— Zeren usaina dau?

ANJELO.— Ez ezeren usainik. Nere lurrean dinote aizearena. Goiko Egileak oker egin dau. Doe bakar hori beste izaki arraroago batentzat zan, inportanteago batentzat. Jaungoikoagandik hurrago batentzat. Horregaitik holango andreak tristeagoak dira, Agata, zure antza dabe, kea dagoan lekuak gorrotatzen dituzue, eta kerik ez dagoanetan aspertzen zarie. Gizonak grinaz maitatzen zaituegu; esaten deutsuegu: «Arima neurea», baina zuek, sarri askotan pozoatu egiten gaituzue. Ez da inun eurentzat leku naiko ederrik, ez-eta paradixuan bere. Andre horreri deabruak itxadoten deutsa gabaz. Hori ez da bildur; eta hagaz eskapatzen da (Azken hiltzak putzutik datoz. Anjelo barrura jasten da).

AGATA.— (Putzutik zarata bat entzuten dau). Zer da?

ANJELO.— (Putzutik). Ezer ez, eskallerea soltatu eta jausi da.

AGATA.— Zer egin behar dot?

ANJELO.— Soka bat bota egidazu.

AGATA.— Bai, oraintxe. Denpora gutxi barru. (Sokea hartzen dau, eta putzura doa; ez da erabagitzen, eta sokoa izten dau).

ANJELO.— Aurkitu dozu?

AGATA.— Oraintxe botako deutsut, itxadon pizka batean. (Bihurtzen da. Silbia sartzen da, Pia atzean joakola; soineko argia dakar, eta buruan loreak. Agatak geldiro begiratzen deutsa). Silbia, lore asko dakazuz.

PIA.— (Buruaren ganetik altzatzen dau eskuan dakarren kriselua). Eta Anjelo? Nun dago?

 

AHUNTZ-HERRIKO BIDE-GABEA
Ugo Betti

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Susa, 1986