AHUNTZ-HERRIKO BIDE-GABEA
Ugo Betti

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Susa, 1986

 

 

HIRUGARREN EKITALDIA

 

 

 

Lenengo agerraldia

 

 

(Ilun dago oraindik; eguna urratu baño lehen. Mahaiaren gainean kriselua pizturik dago. Agata bakarrik dago, bazter batera, ilun-erdian, honela iztant batzutan. Beatz-puntetan sartzen da Silbia; gelditzen da).

 

AGATA.— (Boz bajuan). Ezer nahi zenduan?

SILBIA.— Ama, ez dozu Iorik egin?

AGATA.— Ez dot nik iñoiz lo luzerik egin.

SILBIA.— Ez zatoz? Zerbait jango dogu.

AGATA.— Gerotxuago. Ezer nahi zenduan?

SILBIA.— Ez, ezer ez. Ama, zergaitik ez zatoz?

AGATA.— Gero. Baiña zer gertatzen jatzu? Ez zagoz ondo? Goizak hotzak dira. Zoaz, zoaz Piagaz; hemen ez dadukazu zer eginik. (Isil-aldia). Ezer behar dozu?

SILBIA.— Ez.

AGATA.— Esnearen bila joan zarik? (Isil-aldia). Egun gutxi barru garbitu egin beharko dogu. (Trankiltasun haundia igarritzen jako bozean).

SILBIA.— Bai. (Isil-aldia). Ama, bildur naiz.

AGATA.— Broma bat besterik ez dala ondo dakizu.

SILBIA.— Bai, ba dakit. (Isil-aldia). Zergaitik ez zatoz? Hemen gatx egiten da berba egitea.

AGATA.— Gero. (Isil-aldia). Ez dakizu zertan pentzatzen neban? Kolejioan, erlijioa irakatsteko zendukan maisuarengan; zer esaten euskun gure buruaren barruan eternotasunaren idea sartzeko. Esaten euskun: «Noizean behin bere hegal flakoak mobitzen dituen mitxeleta bat ekarri egizue gogora. Brontzezko bola baten gainean dago pausaturik. Noizean behin holan hegalak mobiturik brontzezko bola horretan markarik txikiena egiteko zeinbat tardatuko dauen, ekarri egizue gogora. Gero hegal flako horreik bola gastatzen zeinbat tardatuko dauen, ekarri egizue gogora. Eta gero gogora ekarri egizue bola hori mundua, ilargia, epezria, eta planeta eta izar guztiak baiño haundiagoa dala, eta mitxeleta apurrak bere hegalen karizia bigunarekin guztiz gastatu behar dauala eta hori gastatu eta hauts bihurtutera gero, beste bategaz hasi behar dala, eta gero beste bategaz, eta holan kontua galdu arte. Eta guztiak amaituta gero eternotasuna ez dala oraindik hasi. Eternotasunaren idea ez da gizonaren buruan kabitzen».

SILBIA.— Ama. Ez dau barriro berba egin? (Zenengoz begiratzen dau putzura).

AGATA.— Ez, azkenengo bi orduetan.

SILBIA.— Zer uste dozu?

AGATA.— Ez, hil ez da egin. Bertara hurreratzen bazara, eta belarriak adi-adi jartzen badituzu, arnasea hartzen entzungo dautsazu. (Putzura hiru edo lau pauso emoten ditu Silbiak bildurrez). Hasarratu-xamar dagoalako isiltzen da. Noizean bahin hasarratu egiten da. (Barre egiten dau isilik).

SILBIA.— Orain bi ordu berba egin eban?

AGATA.— Bai.

SILBIA.— Zer esaten eban?

AGATA.— Ezer ez; urduri-xamar egoan. Deadar egiten eban. (Barre egiten dau isilik).

SILBIA.— Eta orain, zer egiten dau?

AGATA.— Pentzatu egiten dau.

SILBIA.— Eta lehen zergatik egiten eban garraisia?

AGATA.— Ez zan konturatu, ez eban ulertu.

SILBIA.— Zer ez eban ulertu?

AGATA.— Broma bat dala guk egiten deutzaguna.

SILBIA.— (Urdurik xamar). Broma bat. Baiña oso luzea da, ama. Bi egun eta bi gau, denpora luzea da broma baterako.

AGATA.— Ez da hainbeste. Zuek bere konforme egon zinien, barre egin zenduen.

SILBIA.— Bai, hori egia da.

AGATA.— (Barre egiten dau isilik). Eta zer dira bi egun eta bi gau? Gainera, eta gerran ibili zanean? Hori txarragoa izan zan. Eta gainera, hor bean, oraingo, botillak gelditzen jakoz.

SILBIA.— Botillak? Zelan dakizu?

AGATA.— Noizean behin kristal apurtuak entzuten diralako.

SILBIA.— (Barreka) Eta edaten dau?

AGATA.— Bai. Entzun deutsat. Esan egin deust, gainera.

SILBIA.— (Barreka). Mozkortu egiten da? Hor barruan?

AGATA.— Halan uste dot. Hala emoten dau denporea. Trankil egon zaitekez ez da asko tristetzen, hor behean.

SILBIA.— Seguru zagoz?

AGATA.— Bai.

SILBIA.— (Urduri-xamar). Ez dago zergatik bildur izan. Ganera, egun bi eta gau bi...

AGATA.— Ez da hainbeste. Gehiago egin behar dau.

SILBIA.— Lezio bat izango da beretzat; haren beharrean egoan, ez da?

AGATA.— Bai, ba.

SILBIA.— Bai. Merezi dau.

AGATA.— Behar ez zan lekuan egoan zerbait. Gu ez gengozan gustora. Zerbait aldatu da beragan; hor behetik hitzegiten dagonean, batzuetan barre-gurea emoten deust. (Isil-aldia).

SILBIA.— (Bat-batean). Ama, zergatik ez deutsazu deitzen? Entzun nahi deutsat, hia zer dinoan. Deitu egiozu ama.

AGATA.— Obe dogu ez deitzea. Hemen norbait dagoala ulertzen badau, trankildu egiten da; berba eta deiadar egiten dau; erantzunari etxadoten deutsa. Inori entzuten ez badeutsa, barriz... orduan bildurra sartzen jako.

SILBIA.— Zeren bildur, ama?

AGATA.— Ez dakit. Zuk bere boz bajuan hitzegiten dozu, behatz-puntetan emoten dituzu pausoak. Zergatik?

ANJELO.— (Putzutik, ilun durundioz, erraldoi batura legezkoa). Silbia! (Silbia, bildurrez putzutik apartatzen da).

 

 

 

Bigarren agerraldia

 

ANJELO.— (Trankil). Silbia. Hor zagozala ba dakit. Erantzun egidazu. Entzun zaitut. Erantzun egidazu.

SILBIA.— (Amari, isil-isilik). Zuk erantzun egiozu.

AGATA.— (Boz bajuan). Ez deust niri deitzen.

ANJELO.— (Beti trankil). Pia! Zu al zara, Pia? Ederto entzuten zaituet. Ez dakit zertako ibiltzen zarie ornutzik. Pia! Silbia!

PIA.— (Sarturik baju eta angustiaz). Ezin aditu neikio! Gure temea itzi behar dogu, gauza arriskosoa da. Bota egiozu soka bat, eta kito!

AGATA.— Zuk bota egiozu.

PIA.— Bildurra emoten deust; hasarratuta eta zoratuta dagoela dirudi. Bildurra emoten deust.

ANJELO.— Pia! Silbia!

PIA.— Ezin entzun neikio horrela.

AGATA.— Zergatik jatsi zara? Goian egoteko esan neutsun; goitik ez da ezer entzuten.

PIA.— Goitik bere entzun egiten jako, leku guztietatik. Baita kanpotik bere; inor pasatzen bada kaminotik, entzun egingo deutsa zeguru asko.

AGATA.— Ez dot uste; ganera ez da inor pasatzen.

PIA.— Gau osoan egon da holan.

AGATA.— Ez da egia. Zuk entzun nahi deutzazu; isilik dagoanean bere entzun egiten deutsagu.

ANJELO.— Pia! Silbia! Pia! Silbia!

PIA.— Baina zergatik deitzen deusku guri bakarrik? Zergatik deitzen deusku guri bakarrik, eta zuri ez?

AGATA.— Zuek errezagoak zarielako, gasteagoak.

ANJELO.— Pia! Silbia!

AGATA.— Nahi badozue, putzura estaldu egizue. Tapea hor dago.

SILBIA.— Komeniko jaku.

AGATA.— Gutxiago entzungo jako.

SILBIA.— (Damututa). Ez, estaldu ez.

ANJELO.— (Trankil, oso trankil). Ohe! Agata bere hor dago, ez da egia? Ba dakit. (Isil-aldia; gero barri-algara luze bat entzuten da, bihotzetik urtena, durundioetan; bere boza oso atsegina da orain). Ederto. Batzutan hasarratu eglten naiz; baina gero niri bere egiten deust grazia. Maistra batzuk egindako broma da hau, primerakoa, bikaina, autorten egiten dot. Lagun bategaz nire herrian holan burlatu ziran; baiña gero guztiz ondo amaitu zan guztia, afari eder bategaz, gau atsegina eduki genduan, ondo gogoratzen naiz. Afari ederra, bai! Ni bere han egon nintzan.

AGATA.— (Isilik). Entzuten deutsazue? Hori boza!

SILBIA.— (Harriturik). Trankila.

AGATA.— Ba dakizu zer esan nahi dauan trankiltasun horrek?

SILBIA.— Zer?

AGATA.— (Geldiro). Bildurra. Orain hasten jako. Bildurraren hotza. (Tristerik). Arriskuan dagoala ulertu dau, eta ez dau autortu nahi. Bere buruaren eta gure jabe jarraitu nahi dau.

ANJELO.— Maitiak, pezkat kastigatu nozue, baiña pazientzia hartu behar dot, merezita nendukan, gauza guztietan sartzen nintzan-eta. (Barre egiten dau). Bizarrak urten deust, eta kentzeko ez daukat hemen behean labañarik. Zorionez botilla honeik daukadaz. Sobrako diranak gora jasoko ditut. (Barre egiten dau). Prisa hartu egizue, bestelan botilla guztiak hutsituko ditut eta behertu arte mozkortuko naiz. Kantatzea permititzen deuztazue? («Esebe urtu sehe» hasten da kantatzen, baiña kantua, momentu batzuen buruan aspergarri egiten da).

AGATA.— (Errukiturik). Zeruko Jauna, benetan dago ikaratuta. (Kantatzeari utzi dio).

PIA.— Zergaitik egiten deutsagu hau?

AGATA.— Berak esan dau; gauza guztiotan sartzen zan. Ondo gogoratzen naiz eta guztiak gengozan konforme.

SILBIA.— (Ametsetan balego legez). Baina orain naikoa da, orain gora jaso behar dogu, ez da?

AGATA.— (Barreka). Bai.

PIA.— Orain! Oraintxe bertan!

AGATA.— (Barreka). Bai.

ANJELO.— (Bat-batean, ikaraturik, errukiorra, ez ezaguna). Silbia, mesedez... sokea... soka bat bota egistazu, mesedez... Heriotzea emon nahi deustie... Zure amak. Hemen barruan heriotzea jatortan arte itxadon nahi dau. Agudo indarrik ez dadukat, konortea galduko dot. Agudo... Silbia, Pia! Joan egingo naiz, ez naiz zuekaz geratuko, obeditu egingo deutsuet. Baina ez egidazue hemen hiltzen itzi. Mesedez... (Galdu egiten da. Silbiak, bat-batean, arineketan egiten dau, soka bat hartzen dau, putzura daroa; bertan dagozan korapiloak soltatu nahi ditu. Piak Silbiari laguntzen deutsa. Baina bat-batean biak gelditzen dira. Anjeloren boza, opelipsiak hartua, basatia, gizontasun barik jatorkie). Gaizkilleak! (Isil-aldia). Gaizkilleak! Igotzen dodanean, hiruroi jango deutsuet bihotza! Milla zatitan apurtuko ditut zuen gorputzak! (Isil-aldia). Denuntziatu eta kondenatu-erazoko zaituet! Urkatuta! Hirurak! Gaizkilleak! (Pia eta Silbia, bildurturik, putzutik hurruntzen dira; sokea eskuetatik jausi jakie). Hirurak konforme! Gaizkilleak! Kontuak emongo dituzue! Zuek soltatu dozue eskallerea apropos! Zuek, zuek! Hirurak konforme!

AGATA.— (Bazter batera). Ez da egia. Halan suertatu da.

ANJELO.— Gaizkilleak! Urkatu-erazoko zaituet! Gaizkilleak! Bihotza jango deutsuet! Zatitan apurtuko zaituet! (Orain ez da bere boza, orroa izugarri bat baizik, zarata fuerteakaz nahastatzen dana).

PIA.— (Ikaraturik, baju berba egiteaz ahasturik). Tapea! Agudo ipini dagigun tapea bere gainean!

SILBIA.— Igon egiten dau. Jauna! Bildur naiz.

PIA.— Gainera zerbait bota dagiogun, harri bat! (Dana da orroa izugarri bat. Gero arnasa estu bat. Askenean isiltasuna).

SILBIA.— Jausi egin da.

AGATA.— (Adituta gero). Arnasea hartzen dau. (Besteri tristerik). Ezin igon leike. Aproba egin eban lehen bere; gau honetan bere gora igotzen saiatu da.

PIA.— Aprobea egin eban?

AGATA.— Bai, behin baino gehiagotan; entzun egiten neutsan nik. Baina harriak ez eutsien eusteko lekurik emoten.

PIA.— Baina guztiz hasarratuta dago.

AGATA.— Orduak aurrera doazan bitartean, hasarrea haunditzen jako, baina indarrak txikitu. Eta orain artean ez badau igon, ez dau inoiz igongo.

SILBIA.— (Aginak dardar egiten deutsio). Baina, orduan... zer egin behar dogu? (Isil-aldia).

AGATA.— (Boz guztiz bajuan). Ezer ez. Ez dago zer eginik. (Alboko argia gehitu da; laster urratuko da eguna).

SILBIA.— Eta zer gertatuko da?

AGATA.— Ezer ez.

SILBIA.— Zer esan nahi dozu?

AGATA.— Bildur naiz...

SILBIA.— Zeren bildur zara?

AGATA.— Berandu dala.

SILBIA.— Berandu? Zertarako?

AGATA.— Nik ez neuke gizon hori hortik urtetzen ikusi nahi. Gauza izugarri bat ikusiko dogu lurpetik urtetzen: deabru bat. Bene-benetan, zatitan apurtuko gaitu, edo bestela denuntziaturik, hirurak urkatu-erazoko gaitu. Ez legoke salbazihorik.

SILBIA.— Orduan?

AGATA.— Laguntzen ez badeutsagu ez dau hortik urtengo. (Isil-aldia). Gela honetatik joan zaitezie, eta zerbait jan egizue. Laster joango naiz zuekaz ni bere. (Isil-aldia).

PIA.— Baina ni ez naiz erruduna. Honegaz nik ez dadukat zer ikusirik. Nik ez dot ezer egin...

AGATA.— Hori da, ez dau inork hemen ezer egin. Gertatu da. (Isil-aldia). Honera heldu zan legez. Nork deitu eutsan? Eskillarako untzeak soltatu dira. Inork ez ditu ikutu, eta eurak bakarrik soltatu dira. Berak guri botatzen deusku errua, baina ez da gurea. Eta bere alde, zer egin geinke? Hau da guri gertatu jakuna katea harrigarria! Argi eta garbi dago, zerbait ez egoala bere leku egokian. Nahastatuta egozan gauzak, eta ez dau iraun. (Isil-aldia). Lurrari lotzen gaituan sustrai bat ikusi eban berak guregan..., errai moduko bat edo odolezko kordel bat; eta berak ukabillean endredatu eban eta bertatik tiratzen eban. Ahuntzaren illeak gure larruan urtetzeko eta beraren antzean lau ankatan ibilltzeko, gutxi falta izan jaku. Hori ez da gure eskuetan egon. Gertatu behar eban. Eta gertatu da.

SILBIA.— (Dardarka). Ama, zuk ba zenkian. Zuk galarazo zeinkean.

AGATA.— Ez neinkean...

SILBIA.— Zuk ondo ulertu zenduan.

AGATA.— Eta zuk ez? Goratu da. Eta orain beharrezkoa da norbait geldi egon dadila eta pentsatu dagiala. Obligaziño itsusia da, eta nire gain hartzen dot. (Egoerak menderaturik). Ez dozue ikusten ni bere dardarka nagoala? (Baina bildurra garaitzen dau). Gu hemendik joango gara. Denpora gutxi barru, etxea eta putzua lurrera jausiko dira. Herbesteko bat egoan, eta alde egin dauala usteko dabe; zelan etorri, halan joan. Bien bitartean, hemendik joango zarie zuek.

SILBIA.— (Deiadarrez). Baina nik... ezin agoantatu dot... Gauza hori... hor barruan... ezin...

AGATA.— Gauza asko dagoz munduan zuk agoantatzen ez dituzunak! Baina zorionez, ni jaio nintzan dana agoantatzeko. Eta denpora barru, bera bere trankildu egingo da, egoera batetik eskapurik ez dagoenean, trankil gelditzen da-ta gizonaren gogoa. Gauza agudua izango da. Txorabio bat; konortea galduko dau; ur gutxi badago bere, bere gorputza estalduko dau. Eta geldi eta bakean geratuko da guztia.

PIA.— Ai Jauna! Ene tristea! Zeruko Ama Birjina! Ni hemendik ba noa! Bai, ba noa!

AGATA.— Hobe dozu. Zu bere, Silbia, beragaz joan zaitez. Inork ez deutsue konturik eskatuko.

PIA.— Etxe honetan ez naiz beste minutu batean bere geratuko! Gerturik dadukadaz nire gauza danak! Etxe hau beti izan da gartzela bat neretzat.

AGATA.— Bai maitea; Vienara zoaz. Galaz jantzita afaltzera joango zara bertan.

PIA.— Bai, ba noa! Bildurra emoten deustazu.

ANJELO.— (Bat-batean). Lurrera bota egizue Agata, lotu egizue, zororik dago! Pia, Silbia, bidegabe hau kometitzea ez egiozue permititu. Berak zuekatik egin ditu beti barreak, gorrotatu zaitue. Lagundu egidazu, heriotzearen hotza sentitzen dot-eta. Bera izan da, errua berea dau! Berea dau!

PIA.— Bai, bera izan da.

SILBIA.— Zu izan zara.

ANJELO.— Zu! Zu!

AGATA.— (Bat-batean deiadarrez). Ondo dago, bai. Ni izan naiz. Orain artean guzurra esan dot.

PIA.— Zu izan zara, hasieratik. Zuk soltatu zenduan eskallerea!

AGATA.— Bai, nik! Deseo neban. Gauza hari geldi-herazo behar neutsan. Ganean leiho batek kolpeak emoten dituan legez. Norbait jagi behar dau itxitera.

ANJELO.— Ez, Silbia! Zeloakgaitik egin eban. Zure enbidia eukan!

AGATA.— Ba leiteke. Gizon hori laster gogaituko zen nigaz, humilduko ninduan, zuretzako bentajan, Silbia. Ba leiteke. (Burlaka). Maitasunean kontrarioak. Baina nik irabazi dot.

ANJELO.— Silbia, zure aita bere hil egin eban! Bere eskuakaz itoko baeban baino zeguruago.

AGATA.— Hori bere egia izan leiteke. Halan engañatu eta humildu ninduan! Komedia luze eta triste bat izan zan guztia. Trankil nago orain. Lastima da lurpean zagozala orain, han behean, Afrikan, Henriko biotzeko; bestela ondorioak ikusiko zendukez.

PIA.— Bildurra emon deustazu beti, basoko espiritu gaiztoa! Zoritxarra ekarri deuskuzu guztioi!

AGATA.— Baita neure buruari bere. Inork nire beharra izan baleu, hobeto bizi izango ginan guztiak. Baina ez dot inorentzat baliorik izan.

ANJELO.— Ez-ezagun bateri entregatu zatxakoz, beste barik, narru-pillo baten gainean.

AGATA.— Bai.

ANJELO.— Eta gero kuñatearen ogera eroan ninduzun.

AGATA.— Bai.

ANJELO.— Eta gero alabea! Hirurak!

AGATA.— Aitzakiren bat bilatuko neuskizu, baina bardin deutsa. Sustraian halan gertatu da.

ANJELO.— Hirurak! Hirurak!

AGATA.— Bai, eta ez edukan irauterik. (Isil-aldia) Orain amaitu da.

SILBIA.— Ama!

AGATA.— Zer gertatzen da?

SILBIA.— Ezin joan naiteke. Ezin itzi neinke gizon hori hor. Ez deust ezer ardura. Baina kanpora atera nahi dot. Bera barik ezin bizi neinteke.

AGATA.— (Indarrez). Ez da egia, Silbia. Zuek nire ejenploari segitu deutsazue bakarrik, nik ekarri zaituet honera. Erru barik ez zaituet itzi nahi izan. Zuekaz errukitzen naiz. (Boza bajatuaz). Eta naskea emoten deustazue.

SILBIA.— Igon dagiala nahi dot! Deitzen deustanean edozer gauza itziko neuke beragaitik! Obeditu nahi deutsat!

AGATA.— Hitz horreik nereak dira, ez zureak! Nik hutsatu zaitut!

SILBIA.— Igon dagiala nahi dot! Neure burua botako dot barrura! (Negarrez aurreratzen da). Ama, momentu honetan ni zera egon neinteke...

AGATA.— (Eutsirik, astindu egiten dau alabea). Zagoz isilik, ganora-bako hori! Ez dozu zentzunik buruaren barruan. Ernari egon zaitekez ez da egia? Baina hori emakumeei gertatzen jakie; eta zu emakume bat zara. Ni zugaz ernari nengoanean, sabelean eroaten zindudazanean, neure buruak naskea emoten eustan. (Isil-aldia). Ez zagoz, Silbia. Zentzun bako histeriko bat zara, besterik ez. Ene! Zergaitik nagusitu zara, zergaitik egin zara andre? Ume denporan hain maitagarria ziñan... Hain goixorik egon zinaan uda aretan, zergaitik ez zinan hil? (Bere nerbioak menderatu ditu). Isildu eta joan zaitez. Hemen ez dago ordenarik, hemen kaos ikaragarri bat dago. Bertatik kanpoan nik bakarrik dadukat aterata; nik bakarrik egiten dot pentsatu. Trankil nago. Nire gain hartzen ditut erru guztiak. Orain berak ulertu dau, guk ulertu dogu; eta ez dago beste zer esanik edo zer eginik; berandu da. Orain amaitu behar dauan gauzea da. (Isil-aldia).

ANJELO.— (Trankilik eta malenkoniaz). Agata, zeugaz hitzegin nahi dot.

AGATA.— (Bera ere trankil eta bigun). Entzuten deutsut, Anjelo; berba egin. (Isil-aldia).

ANJELO.— (Malenkoniaz). Etsi behar dot.

AGATA.— (Berdin). Ni bere etsi naiz.

ANJELO.— Zuk irabazi dozu.

AGATA.— Ez dakit hain zeguru. Obeditu besterik egin ez dodala iruditzen jat.

ANJELO.— Hemen hil beharko dot?

AGATA.— Anjelo, beste erremediorik ez dago.

ANJELO.— Min emoten deust, ikara emoten deust, hemen behean, ilunpe honetan, hil beharrak. Gazte naiz oraindik.

AGATA.— Neuk bere zuk hainbat sufritzen dot.

ANJELO.— Erregutu egiten deutsut, Agata. Libratzera etorri zakiztan deitzen deutsut. Zuk eskuetan munduko gauza atsegin eta on guztiak dituzu.

AGATA.— Nik bere libratu nahi zindukedaz.

ANJELO.— Eta zergaitik ez nozu libratzen, Agata? Ni ikustea eta niri obeditzea gustatzen jatzun.

ANJELO.— Bai, hori zan ardura eustan gauza bakarra.

ANJELO.— Zure bizitzea, ni barik, ez da ezer izango.

AGATA.— Ba dakit.

ANJELO.— Orduan, zergaitik ez nozu hemendik ateratzen? Zergaitik egiten deustazu hau?

AGATA.— Ikaraturik nengoan eta ezin agoantatu neban gehiago. Seguru asko, lehen legez iraun bagendu, gauza txarragoak gertatuko ziran.

ANJELO.— Dana aldatuko da.

AGATA.— Orain ez. Ez dot deseo. Ur-tanta bat jausi denean, pentsamentu bat pentsatua izan danean, jausia eta pentsatua izan dira betiko. (Isil-aldia). Anjelo, atzera bihurtzerik ez dago. Nigandik joango zarala, zelan ikusiko neuke?

ANJELO.— Baina orain bidegaberik haundiena kometitzen dozu.

AGATA.— Beharrezkoa da. Barriro gelditu gaitezan trankil.

ANJELO.— (Beti trankil). Inoiz ez zara aurrerantzean trankil geldituko! Agata gixajoa! Betiko izango zara kondenatu eta madarikatua!

AGATA.— Horrek trankiltzen nau, merezi dodana edukitzeak.

ANJELO.— (Hurrunduko balitz legez). Agata gixajoa! Agata gixajoa!

AGATA.— Errukitasunean ez dot sinistuten; konfundituko ninduke, argitasunaren erdian mantxa zikin baten modukoa izango litzake. Neure errua maitatzen dot. (Pentzakor). Momentu batean zer ezan behar dogun aukeratzen dogu. Hasieran da; oraindik ez dago ez, libertadean dago guztia; eta begia, eskerrak ematera eta atsegintasuna hartzera bihurtzen da; edo bestela, bestekaldera. Hortik hasten da; baina gu garana izaten bagara konformidadez, bakea jatorku azkenean; kondenatueri poz hau eta kontsolamentu hau emoten jako. Nik neurea ontzat emoten dot. (Isil-aldia). Silbia... egun batean... zu oso txikia zinan... morroiak holango antxume polit bat ekarri euskun, guk hil behar genduana. Hor egin eutsan lepoa, harriaren gainean, kutxilloa estarrian sartuaz. Narrutu eta ebagi egin eban; hesteak atera eutsazan; aldamenean ontzi bat egoan, odol baltzez betea, kea eriola; eta nik morroiari laguntzen neuntsan, eta eskuak gorriturik nendukazan; antxumearen begiak zabalik gelditu ziran. Bat-batean, atzera bihurtu nituan begiak... (Bene-benetan ikaraturik). Eta zu zengozan hor, Silbia, atearen ondoan, eta ordu-erdia zeneroan bertan! Mobitu ezinik, zuriturik, begiak zabal-zabalik! Zuk ez zenduan lehen holangorik ikusi. Txikiegia zinan! Negar egin zenduan. A zan, bai, negar lastimagarria! Ezin kontsolatu zindudan, eta zer egin bere ez nenkian. Hasiera batean, ikutu bere ezin zindudazan eskuak odolez gorriturik nendukazan-eta... Orduetan eta orduetan egin zenduan negarrez; nik erregutu egiten neutsun, holako gauza miragarriak prometitzen neutzuzan, belaunbikatu egiten nintzan zure aurrean, egia ez zala esaten neutsun... Gero loak artu zenduan. Orduan ikaratzen nintzana ni nintzan! Orduan nik egiten neban negar, ni nengoan izerditurik eta ikaraturik! Ez dakit ondo zer zen prometitzen neban, zer esaten neutsan deadarrez neure buruari. Baina zu, ez! Humea ez! Humea garbi. Humea salbo. Neretzat barriz, esku gorriak, odolezko ontzia, heriotzea, haragia, lurra; niretzat izerdi guzti hariek. Kondena hau... aberearen usaina... putzua. Humea ez, kanpoan, salbo, hurrun. Zoaz. Silbia. Eta egiaz barruan ezer badaukazu... (Alabeari hurreratzen jako eta karizia egiten deutsa bigunki). Zelan haunditzen zinan, zelan aldatzen zinan ikustea ez jatan gustatu... Beti itxadoten dogu humeak... gu baino hobeak izango dirala. Baina humeak holangoak dira. (Isildu egiten da. Putzura doaz hirurak. Bertatik arnasa ostu bat entzuten da, hatzeskol hots bat, zarata bat).

PIA.— (Deiadar zoro bategaz). Igon egiten dau! Igon egiten dau! (Zarata hori zelan gorantza datorren, zelan haunditzen dan, zelan putzitzen dan, ikusten da, esperantza barik, zelan hurreratzen dan, ikaragarri; putzuaren hormatik laster esku bat ikusiko dalakoan gagoz. Harri behurturik begiratzen dabe andreak. Bat-batean asar honetan hots bat entsuten da. Baina ez aldarririk. Zerbait jausi danaren hotsa. Piak korrika egiten dau aterantz, eta desesperoz deituten dau). Edoardo! Edoardo! Zatoz! Agudo! Zatoz! (Momentu batzuetan luzatzen da itxadoera; gero Edoardo zaharra agertzen da atearen ondoan).

 

 

 

Hirugarren agerraldia

 

EDOARDO.— (Aurreraturik). Zer gertatzen da? (Silbia suspuruka hasten da). Zer gertatu da?

PIA.— (Arnas-estuka). Entzun; egarrituta egon behar dozu. Edan nahi dozu? (Historiaz, ia deiadarka, esaten deutsa barriro). Edan nahi dozu? Hortik (Putzura erakusten deutsa). Hortik. Ur piskat atera.

EDOARDO.— (Harriturik). Bai, egarri naiz. (Putzura hurreratzen da, eta gauzak mila bidar ezan lituanaren boz kantzatuan). Eguzki honen aspian kamioi zaharra alde bateik bestera eroateko zaharregia naiz... (Putzura heldu da; barrura begiratzera makurtzen da...)

AGATA.— (Bere aldean, trankil). Hartu egizu. (Agurearen ostean dago, jarrotik urez beste dauan baso bat eskeintzen deutsa).

EDOARDO.— (Bihurtzen da. Edaten dau. Barriro itauntzen dau). Baina, zer gertatu da?

AGATA.— Nere alabea ba doa etxetik, eta kuñateak lagundu egiten deutsa. Kamioan itxadon egiozu, gerturik dagoz-eta.

EDOARDO.— (Erreseloagaz). Eta euren gauzak.

AGATA.— Beste egun batean.

EDOARDO.— Eta zu?

AGATA.— Hemen geratzen naiz.

EDOARDO.— Eta herbestekoa?

AGATA.— Joan da.

EDOARDO.— (Ba doa). Ez eguzkiak, ez, aize honek, aize honek errotzen gaitu. (Piari eta Silbiari). Kamioian itxadoten deutzuet. Azkar ibili. (eta ba doa).

 

 

 

Laugarren agerraldia

 

AGATA.— (Bat-batean, hasarrez). Joan zaitezie. (Pia arineketan doa Edoardoren atzean. Silbiari.) Biok joan zaiteze! Bakean itzi egidazue! (Silbiak bere iges egiten dau, ikaraturik. Agata entzuten geratzen da, eta bat-batean, isiltasuna agertokiaz jaundu danean, putzura abiatzen da). Anjelo! Anjelo! Anjelo! Itxadon... (Atzera bueltatzen da, eta soka bat jaurtigitzen dau barrura). Eutsiozu horreri! Anjelo! Anjelo! Zatoz! (Apurka apurka hurruntze bat nabaritzen jako bozean). Anjelo! Anjelo! Anjelo! (Zutundu egiten da; bere eskuak sokeari izten deutsa; leihora doa apurka, apurka, atera; eta dana itxiten dau; gelia ilunpean geratzen da; kriseluaren ondoan geratzen da, mahaiaren gainean oraindik izaturik darraiana; bere buruari egiten deutsa berba, trankil). Anjelo maitea etorri. Kastigatzera zatozkit, gusto badozu. Oraindik aurrean nai añean egongo gara alkarregaz. (Hurrenean bozinearen oihartzuna entzuten da. Gero isiltasuna). Orain biok gagoz bakarrik, eta erreza izango da guztia. Zu dudabarik, ez zara hemendik mobituko, ez eta neu bere. Alkarri deituko deutzagu, alkarregaz burrukatuko dogu amairik bako eternidade guztia. (Teloia).

 

AHUNTZ-HERRIKO BIDE-GABEA
Ugo Betti

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Susa, 1986