Ulises
[zatiak]
James Joyce

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 2022

 

 

[18]

 

Bai izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala gaixo-ahotsarekin dena itxura hutsa txoratua zeukala uste zuen Riordan atso haren aurrean interesantearena egiteko eta gero xentimorik ere utzi ez ziguna dena beretzat eta bere animaren aldeko mezetarako munduan sekula izan den mixerableena beti beldurrez 4 penike likore metilikodunean gastatzeko neri bere ajeak kontatzean kontua eta xaborra franko politika eta lurrikarak eta munduaren azkena utzigun aurrena pixka batean dibertitzen emakumea Jainkoak goarda emakume guztiak bera bezalakoak balira akabo gure bainujantzi eta eskote zabalak inork bera halakoekin ikusi nahi ez zuenak noski nik uste inongo gizonek sekula bi aldiz begiratu ez ziolako zela elizkoia ez ahal naun sekula bera bezalakoa izango harritzekoa gure aurpegiak estaltzea nahi ez izatea baina buruz jantzia zunan emakumea dudarik gabe eta aze kalaka ematen ziguna Riordan jauna gora eta Riordan jauna behera nik uste gizona pozik egongo zela emazteaz eta beraren txakurraz libratu zenean han ibiltzen baitzen beti nere larruei usnaka eta azpiko gonen azpitik sartzeko ahaleginetan bereziki halakoetan hala ere estimatzen zionat nere gizon honi hain edukazio onekoa izatea holako emakume edadekoekin eta zerbitzariekin eta are eskaleekin ez baita batere harroa ezertan ez beti ordea honek inoiz benetan ezer seriorik izan ezkero hobe ospitalera joatea han dena garbi egoten baita baina hilabetez ari beharko niken honi alamena ematen buruan sartzeko bai eta orduan erizainen bat izango geniken hurrena hankapean eta hau han bapo baten batek handik bota arte edo mojaren bat beharbada berak daukan argazki likits horretakoa bezalako moja bai ni naizen bezalatsuko moja bai izan ere hain ditun ahulak eta mainontziak gaixo daudenean emakume bat behar diten sendatzeko sudurretik odoletan hasi ezkero ematen din zera dela tragikoa eta hego-ingurabidean ginela oinean zaintiratua egin zuenean koruaren festako hartan hura begirada hilzorian den norbaitena sugarloaf Mendian soineko hura jantzia nuen egunean izan zunan Miss Stack hura loreak eramaten saskiaren azpialdean aurkitu ahal izan zituen kaxkarrenak edozein gauza gizon baten logelan sartzeagatik bere neskazahar-ahotsarekin burua berotuta hau berarengatik hiltzeko zorian zegoela etsita ez dut berriro zure aurpegia ikusiko nahiz eta honek ohean bizarra pixka bat hazitako gizonaren itxura hobea eduki beste ezer baino aita iguala zunan eta gainera aze nazka ematen didan bendak jartzeak eta botikak prestatzeak hatza moztu zuenean bezala bizar-labanarekin maskurrak kentzen ari zela odola ustelduko zitzaiola-eta beldurtuta baina baldin bada gauzarik nazka ematen didanik ikusiko geniken zer gertatuko zen emakumeok ordea ezkutatu egiten dinagu gizonek ematen duten adinako gerra ez emateko bai honek jo din nonbait apetituan ezagun din garbi-garbi dena dela maitasunik behintzat ez tartean edo bestela apetitua galduta ibiliko luken hura buruan balu beraz edo purtzil horietako bat izan dun alde hartan ibili bada bai horixe ibilia dela eta hoteleko istorio hori gezur mordo bat non ibili den ezkutatzeko asmatua dena prestatua Hynesek entretenitu nau norekin topo egin dut A bai gogoratzen zara nor den Menton eta beste zein itxoin nik ikusi ordea ume-aurpegiko kankailu hori neska gazte bat zirikatzen Pooles Myrioraman oso aspaldi ezkondua ez zela eta bizkarra eman nionan isipua hanka artean zuela handik aldegin zuenean to baina behin neronei zirika hasteko lotsagabekeria ere izan zinan ondo merezia harroputz begi-lizun halakoa ezagutzen dudan baboetan baboena eta horri abokatua deitzea ere ez balitz ohean edo beste inon istilu luzetan ibiltzeak nazka ematen didalako edo bestela bazterren batean topo egindako likitsen bat edo ezkutuka ezagututako norbait sikiera ezagutuko balute nik bezain ondo bai izan ere herenegun zerbait zirriborratzen ari zunan eskutitzen bat sarrera ondoko gelara joan nintzenean Dignamen heriotzarena erakusteko egunkarian zerbaitek hara bultzatuta bezala eta xurgapapera jarri zinan gainean honek negozioei buruz pentsatzen ari balitz bezala itxurak eginez beraz berarekin txotxolotuta dabilela uste duen baten batentzat izango zunan seguruena izan ere gizon guztiak holaxe jartzen ditun pixka bat honen adinean bereziki berrogeira arrimatzen direnean orain hau bezala ahalik eta dirurik gehiena losintxaka ateratzeko ez baita erorik ero aitondua baino eroagorik eta gero zer eta neri ipurdia musukatzera etorri hori dena ezkutatzeko neri orain bost pito norekin jotzen duen edo nor ezagutu zuen lehenago alde horretatik nahiz eta jakin nahiko nukeen betiere ez badauzkat biak egun osoan hankapean Ontario Terraceko Mary likits hura bezala bere ipurdi faltsua betegarriz puzten ea hala bero-bero eginda jartzen ote zuen hau eta gainera emakume zarpiatu horien kiratsa usaindu behar itsatsita ekartzen baitu behin edo bitan izan ninan susmoa hau neregana arrimarazten saiatuta txaketan ile luze hura aurkitu nion beste hura ahaztu gabe eta sukaldera sartu eta ura edaten ari zelako itxurak egiten harrapatu nuena emakume 1 ez diten aski hauek dena bere kulpa noski neskameak esku leunez tratatu eta gero gure mahaian esertzea bazeukala Eguberri egunean mesedez bai to nere etxean ez behintzat nere patatak eta ostrak dozena 2 txelin eta 6 penikean lapurtzen bere izeba ikustera zihoala mesedez lapurreta garbia ni seguru nindunan ordea bazuela zer edo zer purtzil harekin ez bainaiz makala holakoez jabetzeko berak esan zinan ez duzu frogarik bera nahiko froga bai horixe izeba oso ostrazalea baitzuen baina aurpegira esan nionan zer iritzi nuen berataz eta beste hau berriz ea kanpora joateko asmorik ba al nuen berarekin bakarrik egoteko ez ninan nahi neure burua beheratu bien zelatan ibiltzera aski izan zitunan neretzat bera kanpoan zen ostiralean gelan aurkitu nizkion ligak nahikoa eta gehiegi izan ninan horrekin amorrazioz ondo aurpegi puztuarekin joan zunan pardela emanda bidali nuenean eta primeran moldatu ni gainera hobe halakoen laguntzarik gabe moldatzea gelak neronek azkarrago egiten ditinat bai okerrena sukaldeko lan madarikatua eta zaborrak ateratzearena bai garbi utzi nionan behintzat bera ala ni bietako batek alde egin beharra dauka etxetik ezingo ninan hau ukitu ere egin pentsatzen banuen gezurti zikin lotsagabe eta alfer batekin zebilela hura bezalakoa ukatzen neri aurrez aurre eta kantari han eta hemen are komunean bai dudarik gabe zeren eta bazekinan babes ona zeukala izan ere honek ezin din inola ere etsi zertu gabe hain luzaroan eta norbaitekin ari behar eta azkenekoz ipurdi gainera korritu zitzaidanean noiz izan zen hori Boylanek eskua gogor estutu zidan gauean Tolkaren ertzetik gindoazela nere eskuan beste bat sartu da eta nik bi aldiz pentsatu gabe berea estutu nionean hatz lodiaz ordainetan kantatuz maiatzeko ilberria maitasunez distiraka izan ere zerbaiten susmoa hartua zigun hari eta bioi ez baita hain inozoa kanpoan afalduko dut esan din eta Gaietyra joango naiz baina ez zionat gusto hori emango alajainkoa Jainkoak bakarrik zekin bera aldaketa bat ote den ezin ba ibili beti kapela berberarekin non eta ez dudan pagatzen planta oneko mutilen bat zertzeko ezin baitut neronek bakarrik mutil gazte bat gustatuko litzaidaken nahastuko niken biok bakarrean utziko nioken ikusten liga berriak noski eta gorrituko luken ni berari begira jarrita izan ere mutila txoratzen bazekinat horiek zer sentitzen duten masailetan zera hori aterazen zaienean igurtzi horiekin beti zera ateratzen orduero galdera eta erantzuna egingo al zenuke hau eta hori eta hura ikatz-zalearekin bai obispo batekin bai egingo nuke zera kontatu niolako aldamenean dean bat edo obispo bat eseri zitzaidala juduen elizako jardinetan jertse zera hura egiten ari nintzela Dublingoa ez zen arrotz bat non izan zen eta oroitarriez kalakan eta asperrarazi nindinan estatuekin bera animatzen okerrago jartzen berez dena baino nor darabilzu buruan orain esadazu norekin ari zaren pentsatzen zera al da esan haren izena nor esaten zidanan nor enperadore alemana bai imajinatu ni bera naizela eduki bera buruan sentitzen al duzu hura horra ba bera ni puta bihurtu nahian lan ederra ere bere adinean utzi beharko liken hondamena edozein emakumerentzat eta inolako satisfakziorik ez horretan aritzean eta gustatzearen itxurak egin behar bera korritu bitartean eta gero ni nerea errematatzera dena dela ezpainak zurbildu egiten ditun hala ere kitto behingoz horrenbesteko kalaka jendeak horrekin lehenbiziko aldia dun bakarra eta gero betiko zera egin eta ahaztu lehenbailehen zergatik ezin zaio gizon bati musu eman lehenago berarekin ezkondu gabe batzuetan irrika izaten dun sekulakoa hola sentitzen haizenean goitik behera gozo-gozo ez zain beste biderik gelditzen noizean behin nahiko niken hau aurrean dela gizon bat etorri eta heldu eta nerekin musuka hastea besotan hartuta ez baita ezer musu luze eta bero baten parekorik animaraino sartzen den horietakoa ia paralizatu egiten hau gero a ze nazka konfesioak Aita Corriganengana joaten nintzenean ukitu egin nau aita eta hala egin badu ere zer eta non eta nik tuntun halakoak kanalaren ertzean baina zure gorputzaren zein ataletan ene haurra zangoan atzealdean goian eztala bai nahiko goian non esertzeko aldean bai Jainko maitea ezin al zuen esan koplarik gabe ipurdia eta kito eta horrek zer axola zion eta egin al zenuen ahaztua dinat nola galdetzen zuen ez aita eta neri beti benetako aita etortzen gogora zer jakin nahi zuen izan ere nik ordurako konfesatua nionan Jainkoari esku eder lodia zeukanan esku-azpia beti hezea ez litzaidaken inportako haztatzea eta berari ere ez nik uste haren lepagorapeko zezen-lepoa ikusita ezagutu ote ninduen konfesonarioan aurpegia ikusten nionan nik berak nerea ez noski sekula ez baitzen jiratzen eta ez baitzuen ezer seinaletzen uzten baina begiak gorrituta zeuzkanan aita hil zitzaionean emakumea falta ezkero galduak ditun izugarria izan behar din gizon batek negar egiten duenean zer esanik ez horiek mutil gazte bati gustatuko nintzaioken hola jantzita eta intsentsu-usaina dariola aita santua bezalako batek musukatzea gainera ez zegon batere arriskurik emakume ezkondua izanda ederki arduratzen baitira beren burua zaintzeaz gero Aita Santuari zerbait eman penitentzia gisa eta kito lortu ote du nerekin asetzea izan ere badun gauza bat gustatu ez zaidana atalondoan halako konfiantzaz eman didan ipurdikoa nahiz eta barre egin dudan ez bainaiz zaldia edo astoa eztala bere aitarenak izango zitinan gogoan inondik ere esna ote dago nitaz pentsatzen edo ametsetan eta ni tartean nork eman ote dio erosi duela esan duen lore hori edariren baten usaina ekarri din ez whiskiarena edo stoutarena edo beharbada kartelak pegatzeko pasta gozo-usain horrena likoreren baten xurrupa bat hartuko niken gustora operako kapelekiko aktore-zale horiek hartzen dituzten edari lodi horixka eta berde garesti horietako bat behin probatu ninan katagorria zeukan amerikar haren edarian hatza sartuta aitarekin zigiluez ari zela eginahalak egiten aritu dun loak ez hartzeko azkeneko saioaren ondoren oportoa edan eta haragi potoratua jan eta gero gusto gazi fina zinan bai izan ere bapo sentitzen nindunan eta nekatuta eta loak hartu nain gozo-gozo ziba banintz bezala ohera zuzenean etorri orduko trumoi-hotsak esnatu nauen arte Jainkoa erruki zeruak burrunban gainbehera zetozela pentsatu dinat gu zigortzeko eta aitarenka hasi eta Abemaria errezatzera Gibraltarko oinazkar izugarri haiekin bezala munduak ziplo bukatu behar zuela ematen baitzuen eta gero esango diten ez dela Jainkorik eta zer egingo huke balitz korrika itsumustuan hasi ezer ez damu osoko egintza bat besterik ez Whitefriars Streeteko kaperan arrats hartan maiatzean piztu nuen kandelak mesedea ekarri zidan orain begira nahiz eta berak iseka egingo lidakeeen entzungo balu izan ere sekula ez dun joaten mezatara edo ospakizunetara eta esaten din nola zure anima zuk ez duzu animarik barrenean materia grisa besterik ez da izan ere honek ez zekin zer den anima izatea bai argia piztu dudanean izan ere 3 edo 4 aldiz korritua izango zunan berak duen tresnatzar gorri alimaleko horrekin pentsatu dinat zaina edo zera arraio hori lehertu egin behar zitzaiola nahiz eta sudurra ez duen horrenbestekoa gero nere zera guztiak erantzi ditinat pertsianak jaitsita ordu luzetan apainketan eta perfumea ematen eta orrazten eman eta gero burdinazkoa edo barra sendo baten tankerakoa tente denbora guztian ostrak janak izango zitinan dozena batzuk nik uste ahotsa bikain zeukanan kantatzeko nik uste ez behin ere ez dinat nere denboran hainbestekorik ukitu leporaino beteta sentiarazteko modukoa arkume osoa jana izango din ondoren eta gero zeini bururatu zitzaion gu holakoak egitea gure erdi-erdian zulo haundi bat dugula Garaño batena bezalakoa barreneraino guri sartzeko izan ere horixe dun nahi dutena horixe besterik ez beren begirada kokin sarkor horrekin nik begiak erdi itxi behar hala ere ez din hainbesteko hazi mordorik zera aterarazi eta muki-lirdinga nere gainera isurarazi diodanean ikusi dudanez kontuan hartuta zer traste puska daukan hala hobe badaezpada behar bezala garbitu gabe gelditzen bada ere ez zionat gehiago neure barrenean bukatzen utziko polita asmakizuna emakumeon zuloarena gizonak berentzat gusto guztia ateratzeko baina baten batek emango balie ondorengotik probatzeko adina ikasiko liketen airoso asko zer pasa nituen nik Millyrekin inork ez liken sinistuko hortzak atera zitzaizkionean berdin eta Mina Purefoyren senarrarenetik Jainkoak goarda hobe ez aditzea ume batez edo bizkiz urtean behin kargatzen baitu erlojua bezain erregularra beti ume egin berriaren usaina dariola budgers edo holako zerbait esaten diotenak beltzek bezalako ile-mataza din galanta umea beltza da-ta azkena izan nintzenean han zebilenan sekulako kuadrilla elkar-gainka eta marruka belarrira esandakoa ere aditzerik ez zegoela sanoa omen horiek ez ditun asetzen gu elefanteak edo auskalo zer bezala puztuta utzi arte beste ume bat izatera arriskatuko banintz ez ordea berarenik hala ere ezkondua balitz ume eder sendoa izango liken hori seguru baina nere Poldyri geldituko ote zaio hazirik bai ederra kontua seguruaski Josie Powellekin eta hiletarekin topo egin eta nerekin eta Boylanekin gogoratzean berotuko zunan pentsa dezala nahi duena batere onik egiten badio bazekinat elkarri urrumaka ari zirela pixka bat agertu naizenean Georgina Simpsonen etxeberriratzearen festan berarekin dantzan eta kanpoan eserita egon zen bezala eta gero sartu nahi izan zidanan ez zuela gogoko emakumea han baztertuta bakarrik ikustea gaixoa horregatik izan geninan politikari buruzko istilua bera hasi zunan ez ni esaten Gure Jainkoa arotza zela azkenean negar eginarazi zidanan jakina edozein gauzatan hain baikara sentikorrak emakumeok neure buruarekin kiskalita egon nindunan gero amore eman nuelako izan ere banekinan txoratuta zegoela nerekin eta esan zinan lehenbiziko sozialista Bera izan zela alajaina eta gero ezin baretu ni ordaina emateko gauza izan ez nintzelako halaz guztiz ere gauza mordo bat zekin edozertaz bereziki gorputzari eta barren-aldeari buruz neronek ere askotan ikasi nahi izan ditudanak zer dugun barrenean etxeko medikua esku-liburuan ahotsa beti nabarmentzen zitzaionan gela gainezka zegoenean eta zelatan egon nindunan eta gero itxurak egiten ibili harekin nuen harremana hoztua balitz bezala berarengatik izan ere bera zeloso-antza ibiltzen zunan galdetzen zidanean nora joan behar duzu eta nik Floeyrengana eta Byronen poemak oparitu zizkidanan eta hiru eskularru pare eta hala horrekin bukatu zunan hura oso erraz lortzen ninan baketzea noiznahi are berarekin hasiko balitz berriro eta nonbait berarekin elkartzera joango balitz ere antzemango nioken tipulari muzin egingo balio modu asko ezagutzen baititut esate baterako berari eskatzea blusaren lepoa beheratzeko edo nere beloarekin eta eskularruekin ateratzerakoan pasaeran ukitzea musu 1 aski bailitzateke zeharo txorabiatzeko horiek hala ere tira ikusiko dinagu doala orduan berarekin nahi badu izan ere hari hain zoragarria irudituko litzaioken honekin txora-txora eginda dagoela itxurak egiten ibiltzea ez litzaidaken hainbeste inportako harengana joan eta galdetuko nioken maite al dun eta begietara zuzen begiratuko nioken ez lidaken ziririk sartuko ez baina baliteken honek pentsatzea bera enamoratuta dagoela eta deklarazio bat egitea hari bere hizkera ponpoxoan neri egin zidana bezalakoa nahiz eta kristorenak eta bi kosta ateratzea berari baina horrexegatik gustatu neri izan ere horrek erakusten zinan gauza zela bere burua mendean edukitzeko eta eskatze hutsa ez zela aski herorrekin eramateko deklaratzeko zorian egon zunan sukaldean patata-pastelaren gaineko masarekin ari nintzen gauean ere bada gauza bat esan nahi dizudana baina neronek etsiarazi nionan amorrazita banengo bezala eginez eskuak eta besoak irin-pastaz beteta dena dela bezperan gauean ametsei buruz hizketan gehitxo dantzatu nuenez mingaina ez ninan nahi berari komeni zitzaiona baino gehiago jakiterik eta Josie besarkadak ematen eta igurtzika ibiltzen zitzaidanan beti hau bertan zenean eta dena berari zuzendua noski eta esan nuenean goitik eta behetik garbitzen nintzela ahal nuen lekuraino eta ahal ua garbitzen ahal huen galdetu zidanan emakumeak beti zirikatzen alde horretatik nabarmenkeriekin bera han bada ohartzen ditun bere begi maltzur hori pixka bat kliskatzen baitu paso egingo balu bezalako itxurak egiten bera den bezalako zerbaitekin topo egiten dutenean eta horrek alferrik galtzen din hau ez dun batere harritzekoa izan ere hau oso itxura oneko gizona zunan garai hartan Lord Byronen tankerakoa izan nahian beti gustatzen zitzaidala esan nuelako politegia aukeran gizona izanda eta hura halakoxea baitzen ezkon-hitza baino lehentxeago gerora ordea hark ez zinan oso gogoko izan algaraka lehertzeko zorian nenbilen egunean bezala tuntun-irri haiekin ezin bainintzen gelditu ileko orratz guztiak bata bestearen atzetik lurrera erortzen zitzaizkidala orduan neukan matazarekin umore onean ibiltzen haiz hi beti esan zidanan bai izan ere bera aztoratu egiten zunan bai baitzekien horrek zer esan nahi zuen izan ere gure artean gertatzen zenaren zera gehienak kontatzen nizkionan ez ordea denak juxtu lerdea zeriola jartzeko adinaxe baina nere kulpa al zen bera ez bazen gurera azaldu gu ezkondu eta gero nolakoa ote da bizitzea bere senar txoro horrekin nekatu-aurpegi argaltzen hasia sumatu nionan azkenekoz egon ginenean harekin istiluren bat izan eta gero inondik ere berehala konturatu bainintzen eginahalean ari zela senarren gaia atera nahian hizketan jarraitzeko eta bereari buruz hitz egin eta larrutzeko zer izan zen esan zidana A bai batzuetan gizona bota zikinak jantzita sartzen zitzaiola ohera eroaldiak ematen zionean pentsa zer izango den oheratu beharra horrelako atalaje batekin edozein momentutan bat hiltzeko gauza dena hori gizona begira hori ez dun erotzeko dagoen modu bakarra Poldyk behintzat edozein gauza egiten duela ere beti garbituko ditin zapatak lanpasean etxera sartzean eguzkia ala euria izan beti lustreatuko ditin botak eta erantziko kapela kalean norbaitekin topo egitean eta horra ero hori hor zabilen orain £10000 atera nahian E P ep Ai May bihotza jartzen duen postal batengatik holako gauza batek ez al lioke edozeini hil nahi izateko adinako nazka emango pentsa botak ohean sartu aurretik kentzeko ere ergelegia den bat esango al didazue zer egin litekeen holako gizon batekin lehenago 20 aldiz hil horien sexuko beste batekin ezkondu baino noski berak ez din aurkituko inon nik bezala agoantatzen duen pareko emakumerik ni ezagutu nahi nauzu ba zatoz ohera nerekin eta berak ere bazekin horrenbeste bere bihotzaren sakonean har dezagun esate baterako Maybrick andre hori bere senarra pozoitu zuena zertarako nik nere artean beste gizonen batekin maiteminduta bai jakin zitenan hori zela tartean ez al zen bilau galanta emakume hori holako gauza bat egiteko horixe gizon batzuk izan daitezkeela izugarri karganteak bat bere onetik ateratzeraino eta beti arrazoi txarra ezpainetan zertarako eskatzen digute orduan berekin ezkontzeko hain txarra balitz dena horregatik besterik ez dun bai izan ere ezin ditun gu gabe bizi Artseniko zuria nahastu zionan teari euli-hiltzeko paperetik aterata noski zergatik deitzen ote diote hola honi galdetuko banio esango liken grekeratik datorrela utziguk bakean gure ezjakintasunean emakume hori txora-txora eginda egongo zunan inondik ere beste morroiarekin urkabidean jartzeko arriskatu bazen noski berari bost berez behar halakoa zer egin zezakeen hark gainera ez ditun izango emakumea urkatzeko bezain basatiak hori seguru eztala

[...]

 

 

Ulises
[zatiak]
James Joyce

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 2022