Ulises
[zatiak]
James Joyce

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 2022

 

 

[1]

 

      Punpeziaz, Buck Mulligan potoloa, xaboi-aparra katilu batean eta haren gainean ispilu bat eta bizar-labana gurutzatuta zeramatzala, eskailburutik etorri zen. Goizeko haize epelak orekan eusten zion haren bizkar aldean gerrian lotu gabeko txabusina hori bati. Katilua buruz gain altxatu, eta intonatu zuen:

      —Introibo ad altare Dei.

      Gelditurik, ilunpetako eskailera kiribildua arakatu, eta zakar esan zuen, oihuz:

      —Igo hadi hona, Kinch. Igo, jesuita izu hori.

      Handikiro urrats batzuk aurrera eginda, kanoi-oinarri biribilera igo zen Mulligan. Burua pixkanaka biraraziz, hiru bedeinkazio egin zizkien, serio, dorreari, inguruko lurrei eta mendi esnatu berriei. Gero, Stephen Dedalus begiz jota, gurutzeak egin zituen azkar airean harenganantz makurtuta, gurgurka eztarrian eta burua astinduz. Stephen Dedalusek, muzindurik eta erdi lotan, eskaileraren gainaldean besoak ezarri, eta hotz begiratu zien bera bedeinkatu ondoren gurgurka astintzen ari zen buruari, zaldiena bezalako luzexka baitzen, eta tontsura gabeko ile argiari, haritz gaztearen marra horixkak nabari baitzituen tarteka.

      Buck Mulliganek, ispiluaren azpira une batez kirikatu eta gero, arretaz estali zuen katilua.

      —Kuartelera berriz! —esan zuen, serio.

      Sermolari-tonuan gehitu zuen:

      —Hau, ene maite bihotzekook, bene-benetako kristina da-ta: gorputz eta arima, eta odol eta zauri. Musika geldia, otoi. Itxi begiak, jaunok. Une bat. Arazo txiki bat dugu globulu zuri hauekin. Ixo, guztiok.

      Zeharka begiratuz txistu-dei luze bat eginda, gogo-bahiturik gelditu zen tarte batez, hortz zuri berdinetako urreguneetatik distira-printzak han-hemenka zabaltzen zitzaizkiola. Chrysostomos. Bi txistu-hots zolik erantzun zioten isiltasunean barrena.

      —Eskerrik asko, lagun —hots egin zuen bizi-bizi—. Primeran moldatuko gaituk horrekin. Kenduko al duk argi-indarra?

      Kanoi-oinarritik aldendurik, so zuenari serio begira, zangoen inguruan bildu zituen txabusinaren tolestura lasaiak. Aurpegi itzaltsu potoloak eta kokots obal zakarrak apezpikuren bat ekartzen zuten gogora, Erdi Aroko arte-bultzagileren bat. Irribarre atsegina agertu zitzaion bat-batean ezpainetan, isil-gordeka.

      —Barregarria duk gero! —esan zuen, alai—. Hire deitura absurdu hori, norena eta agure greziar batena.

      Hatzaz txantxetan apuntatuta, parapetora hurbildu zen, bere kolkorako barreka. Stephen Dedalusek gorantz jarraitu zuen, ibilera pisuz erdi bideraino Mulligani lagundu, eta kanoi-oinarrian eserita gelditu zen, hark, ispilua parapetoan bermatuta, brotxa katiluan sartu, eta masailetan eta kokospean xaboia nola ematen zuen begira.

      Buck Mulliganen ahots alaiak honela jarraitu zuen:

      —Nire izena ere absurdua duk. Malachi Mulligan, bi daktilo. Baina soinu helenikoa dik, ez? Jauzkari eta alaia, basahuntza bezala. Atenasera joan behar diagu. Etorriko al haiz izebari hogei libera ateratzen badizkiot?

      Brotxa alde batean utzi, eta, gogotsu barre eginda, oihu egin zuen:

      —Beste hori etorriko ote da? Jesuita txepela.

      Isildu, eta arretaz jarraitu zuen bizarra kentzen.

      —Esadak, Mulligan —esan zuen Stephenek astiro.

      —Bai, maitea, zer duk?

      —Noiz arte da egotekoa Haines dorre honetan?

      Buck Mulliganek masail bipildua erakutsi zuen eskuineko sorbaldaren gainetik.

      —Beldurgarria mutila, ezta? —esan zuen tolesik gabe—. Saxoi astuna. Ez omen haiz jaun benetako bat. Alajainkoa, ingeles alu hauekin ez zagok! Diruz eta indigestioz lepo. Oxfordetik datorrelako. Badakik, Dedalus, hik dituala Oxfordeko manera benetakoak? Hiri ez dik tankerarik ematen. A, hiri jarri diadan izena duk hoberena: Kinch, labana-xafla.

      Kontu handiz kendu zuen kokotseko bizarra.

      —Pantera beltz batekin eldarnioan eman dik gau osoa —esan zuen Stephenek—. Non du arma-kutxatila?

      —Ero errukarria —esan zuen Mulliganek—. Izutu egin al haiz?

      —Bai —esan zuen Stephenek kementsu eta gero eta beldurtuago—. Hemen ilunpetan, pantera beltz bati tiro egiteaz eldarnioan eta intzirika ari den ezezagun batekin. Hik badituk batzuk itotzetik salbatuak. Ni ez nauk inolako heroia, ordea. Hori gelditzen bada, ni banoak.

      Buck Mulliganek begirada makurra egin zion bizar-labanan zegoen aparrari. Bere kotatik jauzi batez jaitsi, eta galtza-patrikak miatzen hasi zen itsumustuan.

      —Kaka zaharra! —oihu egin zuen ahots lodiz.

      Kanoi-oinarrira hurbildu zen, eta, Stephenen goiko poltsikoan eskua zakar sartuz, esan zuen:

      —Emaiguzu gaur zure sudur-zapia, nire labana garbitzeko.

      Musuzapi zimurtu zikin bat mutur batetik helduta ateratzen utzi zion Stephenek, eta esekita agerian edukitzen. Buck Mulliganek arretaz garbitu zuen labana-xafla. Gero, musuzapiari erreparatuz, esan zuen:

      —Bardoaren mukizapia. Gure poeta irlandarrentzat arte-kolore berria: muki-berdea. Kolorea ez ezik, gustua ere hartzen zaiok ia, ez da hala?

      Parapetora igo zen berriro, eta Dublingo badiara begiratu zuen, bere ile haritz-kolore argia haizeak mugitzen ziola:

      —Jainkoarren —esan zuen astiro—. Itsasoa ez al da, Algyk esaten duen bezala, ama gozo bikain bat? Itsaso muki-berdea. Itsaso eskroto-estutzailea. Epi oinopa ponton. Ai, Dedalus, ai Greziarrak! Irakatsi behar diat. Jatorrizkoan irakurri behar dituk. Thalatta!, Thalatta!. Bera duk gure ama gozo ederra. Etorri ikustera.

      Stephen jaiki, eta parapetora hurbildu zen. Han bermaturik, uretara begiratu, eta posta-ontziari so gelditu zen, Kingstowngo bokalea atzean uzten ari baitzen une hartan.

      —Gure ama ahaltsua —esan zuen Buck Mulliganek. Bat-batean jiratu, eta bere begi gris arakatzaileak itsasotik Stephenen aurpegira zuzendu zituen:

      —Izebak uste dik hik hil huela ama —esan zuen—. Horregatik ez dik nahi nik hirekin inolako harremanik izaterik.

      —Norbaitek hil zian —esan zuen Stephenek goibel.

      —Belaunikatu besterik ez huen, madarikatua, amak hilzorian belaunikatzeko eskatu zianean —esan zuen Buck Mulliganek—. Hi bezain hiperborearra nauk. Baina pentsatze hutsa amak bere azken arnasaz erregutu ziala belaunikatzeko eta bere arimaren alde otoitz egiteko. Eta uko egin hiola. Hik baduk zerbait parte txarrekoa barruan...

      Bat-batean isildu, eta apar pixka bat eman zuen beste masailean. Irribarre onbera batek kizkurtu zizkion ezpainak.

      —Baina komediante ederra haiz, hala ere —murmurikatu zuen bere kolkorako—. Kinch, munduko komedianterik ederrena!

      Bizarra kentzen jarraitu zuen, berdin eta kontu handiz mozten, isilean, serio.

      Stephenek, ukondo bat granito lakarrean bermaturik, esku-azpiaz bekokia estutu, eta jaka beltz distiratsuaren mahuka baten ertz listuari erreparatu zion. Oraindik maite-minaren parekoa ez zen min bat jaten ari zitzaion bihotza. Isilik, ametsetan agertua zitzaion hil eta gero ama hil-jantzi marroi zabal batean bilduta, bere gorputz ahituak argizagiaren eta palisandroaren usaina zabaltzen zuela eta gainera botatzen zion arnasa mutu kargu-hartzaileari errauts bustien usain arina zeriola. Mahuka-mutur saretuan barrena itsasoa ikusten zuen, aldameneko ahots ondo elikatuak ama gozo edertzat goretsia. Likido-masa berde hits bat zegoen bilduta badiak eta zerumugak osatzen zuten eraztunean. Amaren hil-ohearen ondoan portzelana zurizko katiluan behazun lirdinga zegoen, okada zaratatsutan eta intzirika bere gibel usteldutik berak erauzia.

      Buck Mulliganek berriro garbitu zuen bizar-labanaren xafla.

      —Petxero gaixoa! —esan zuen ahots onberaz—. Alkandora eta musuzapi sail bat eman beharko dizkiat. Zer moduz bigarren eskuko galtzak?

      —Nahiko ondo —erantzun zuen Stephenek.

      Buck Mulliganek beheko ezpainaren azpiko sarguneari ekin zion.

      —Barregarria duk gero! —esan zuen txantxetan—. Bigarren hankakoak esan behar litzaiekek. Auskalo zer putazalek botako zituen bazterrera. Beste batzuk baditiat, bikainak, marra mehe batekin, grisak. Ez nauk txantxetan ari, Kinch. Sekulako planta daukak hik, alu horrek, ondo jantziz gero.

      —Eskerrik asko —esan zuen Stephenek—. Grisak badira, ezin ditiat jantzi.

      —Ezin ditik jantzi, grisak badira —esan zion Buck Mulliganek ispiluko bere islari—. Etiketak agintzen dik. Ama hil, bai. Baina ezin jantzi galtza grisak.

      Labana astiro tolestu, eta hatz-muturrez aurpegiaren leuntasuna haztatu zuen kolpetxoka.

      Stephenek kearen koloreko begiekiko aurpegi potolora aldatu zuen begirada itsasotik.

      —E.p.o. omen daukak. Erotasunaren paresia orokorra -esan zuen Buck Mulliganek—. Hala esan zidaan atzo nirekin Shipen izan zen lagun horrek. Dottyvillen zagok. Conolly Normanekin.

      Buelta-erdi bat eman zuen ispilua eskuetan altxatuta, orain eguzkipean distira hedatzen zuten olatu urrunetarantz bristadak igortzeko. Ezpainalde bipildua irribarre egiteko kizkurturik, hortzen ertz zuri distiratsuak gelditu zitzaizkion agerian. Algarak osorik astindu zion gorputz sendo eta tinkoa.

      —Begiraiok heure buruari —esan zuen—, bardo izu horrek.

      Makurtu zen Stephen pitzadura-marra oker bat zuen ispilura begiratzeko. Ileak tente. Horrelakoxea ikusten naitek berak eta besteek. Nork aukeratua ote aurpegi hau niretzat? Petxero gaixoa, zorriak kendu behar zaizkiona. Hori ere galdezka diat.

      —Neskamearen gelatik manejatu diat —esan zuen Buck Mulliganek—. Hari balio ziok. Izebak beti neskame zatarrak edukitzen ditik Malachirentzat. Ez dezazula utzi tentazioan erortzen. Eta Ursula dik izena —berriro irribarre eginez, Stephenen begi arakatzaileetatik baztertu zuen ispilua.

      —Calibanen amorrua, ispiluan ikusten ez zuelako bere aurpegia —esan zuen—. Oscar Wilde bizirik balego, hi ikusteko.

      Atzera eginez eta hatza luzaturik, garraztasunez esan zuen Stephenek:

      —Arte irlandarraren sinbolo bat duk. Neskame baten ispilu pitzatua.

      Buck Mulliganek bat-batean besoaz Stepheni besotik heldu, eta bira osoa eman zuen dorre gainean, bizar-labana eta ispilua patrikan sartuta klinki-klanka zituela.

      —Ez nikek hiri honela adarra jotzen ibili beharko, Kinch, ez da hala? —esan zuen adeitsu—. Jainkoak ondo zakik horietako edozein baino kementsuagoa haizela.

      Berriro ere iskin egin zidak. Beldurra ziok nire artearen bisturiari, nik berearenari bezala. Altzairuzko luma hotza.

      —Neskame baten ispilu pitzatua! Esaiok hori behealde horretako idi gisako horri, eta ateraiok ginea bat. Diruz ustelduta zagok, eta hi ez omen haiz jaun bat. Horren aitak zuluei jalapa salduz egin zian dirua, edo gisako iruzurren batekin. Kinch, biok elkarrekin lan egingo bagenu, egingo genikek zerbait uhartearen alde. Helenizatu.

      Cranlyren besoa. Haren besoa.

      —Eta zerri hauei erreguka ibili beharra daukaala pentsatze hutsa... Nik bakarrik zakiat zer haizen. Zergatik ez duk fede gehiago nigan? Hainesengatik? Zarata egiten badu, Seymour ekarraraziko diat, eta Clive Kempthorperi egindakoa baino okerragoa egingo zioagu.

      Gazte dirudunen ahotsak Clive Kempthorperen geletan. Musu-zurbilak: saihets-hezurrei eutsiz elkarri helduka. Ai! Lehertuko nauk. Berriak pixkanaka eman neskari, Aubrey! Hilko nauk bestela! Alkandoratik tarrataturiko litsak airean zartaka ari, saltoka eta balantzaka inguratu zian mahaia, galtzak orpoetan, Ades Magdalenekoa jostun-guraizeak harturik atzetik zuela. Txekor izutuaren aurpegia, marmeladaz urreztatua. Geldi nire galtzekin! Ez hasi alukeriatan!

      Gazteen oihuak leiho irekitik arratsa aztoratzen patioan. Lorezain gor bat, mantala soinean duela, Matthew Arnolden aurpegiaz maskaraturik, sega-makinari bultzaka soropil itzaltsuan, zorrotz begiratuz belar-izpi hegalariei.

      Gu geu... paganismo berria... omphalos.

      —Geldi dadila —esan zuen Stephenek—. Ez dik inolako okerrik, gauekoa kenduta.

      —Orduan, zer duk? —galdetu zuen Buck Mulliganek urduri—. Bota esan beharrekoa. Ni ez nauk ibiltzen hirekin gezurretan. Zer duk nire kontra?

      Gelditu egin ziren Bray Heed lur-mutur kamutsera begira, zeinak uretan lokartutako balea etzanaren muturra baitzirudien. Stephenek besoa askatu zuen poliki.

      —Nahi duk esatea? —galdetu zuen.

      —Bai, zer da? —erantzun zuen Buck Mulliganek—. Ez diat ezer gogoan.

      Stepheni aurpegira begiratzen zion hitz egitean. Haize arin bat pasatu zitzaion bekokitik ile orraztu gabea emeki hedaraziz eta estutasun-puntu zilarrezkoak mugiaraziz haren begietan.

      Stephenek, bere ahotsak berak gogo-apaldurik, esan zuen:

      —Gogoan duk ama hil eta hurrengo egunean nola izan nintzen hire etxean?

      Buck Mulliganek, bat-batean bekozkoa jarriz, esan zuen:

      —Zer? Non? Ez diat ezer gogoan. Ideiak eta sentsazioak baizik ez ditiat gogoratzen. Zer, bada? Zer gertatu zen, Jainkoaren izenean?

      —Tea egiten ari hintzen —esan zuen Stephenek—, eta nik eskailburua gurutzatu nian ur bero gehiago ekartzeko. Hire ama eta bisitariren bat atera zituan egongelatik. Hire gelan nor zegoen galdetu zian.

      —Bai —esan zuen Mulliganek—. Zer esan nuen? Ahaztua diat.

      —A, Dedalus da, esan huen —erantzun zuen Stephenek—, ama piztia bezala hil zaiona.

      Masailetan agertu zitzaion gorritasunak itxura gazteago eta erakargarriagoa eman zion Buck Mulligani.

      —Hori esan al nuen? —galdetu zuen—. Eta? Zer dago txarrik hor? —Urduri iskin egin zion Stephenen hertsadurari.

      —Eta zer da, bada, heriotza? —galdetu zuen—, hire amarena, hirea edo nirea? Hik heure ama baizik ez duk ikusi hiltzen. Nik egunero ikusten ditiat lehertzen Mater eta Richmond erietxeetan, eta tripak aterata disekzio-gelan. Basati samarra duk, baina besterik ez. Ez dik bat ere axola, hori duk kontua. Hik ez huen belaunikatu nahi izan amaren alde errezatzera, hilzorian eskatu zianean. Zergatik? Barruan ezpal jesuitiko hori daramaalako, alderantzira injektatua, ordea. Niri dena iruditzen zaidak zentzugabea eta basatia. Garuneko lobuluek huts egiten ziotean. Sir Peter Teazle deitzen zioan doktoreari, eta ohe-estalkitik urrebotoiak biltzen zebilean. Hiltzera zihoala izandako azken nahia ukatu hion, eta nirekin haserretzen haiz, negar-intzirika hasten ez naizelako Lalouette’s-eko hiletari alokatuak bezala. Absurdua! Bai, esango nian hori, seguru aski. Baina ez nioan hire amaren memoriari laidorik egin nahi.

      Hitz egin ahala, ausartago ari zen. Stephenek, hitz haiek bihotzean eragindako zauri zabalak estaltzeko, esan zuen:

      —Ez diat buruan nire amari egindako laidoa.

      —Zer duk ba? —galdetu zuen Buck Mulliganek.

      —Neuri egindakoa —erantzun zuen Stephenek.

      Buck Mulligan zegoen leku berean jiratu zen.

      —O! Pertsona zaila haiz benetan! —hots egin zuen.

      Parapetoaren buelta osoa emanda, azkar aldendu zen. Stephen bere lekuan egon zen, itsaso bareaz harantzagoko lur-muturrerantz begira. Itsasoa eta lur-muturra ilunpean gelditzen ari ziren orain. Begietan taupadak sentitu zituen, ikuspegia lausotzen, eta masailetako sukarra nabaritu zuen.

      Dorre barrutik ozenki galdetu zuen ahots batek:

      —Hor al haiz, Mulligan?

      —Oraintxe noak —erantzun zuen Buck Mulliganek.

      Stephenenganantz jiratu, eta esan zuen:

      —Begiratu itsasoari. Zer axola zaizkio horri laidoak? Utzi alde batera Loyola, Kinch, eta etorri behera. Sassenach horrek bere goizeko hirugihar-zerrendak behar ditik.

      Haren burua une batez eskailburuan gelditu zen, sabaiaren parean:

      —Ez ibili egun osoan horren hausnarrean —esan zuen—. Ni ganorabakoa nauk. Utzi alde batera gogoeta ozpintsu horiek.

      Desagertua zen arren, haren ahotsaren burrunbak irauten zuen eskaileretan behera zihoan bitartean.

 

            Eta ez baztertu gehiago gogoeta egitera

            Maitasunaren misterio garratzaz

            Fergusek gidatzen baititu brontzezko gurdiak

 

      Oihan-itzalak isilik pasatzen ziren goizeko bakean eskailburutik itsasorantz, begira zegoen alderantz. Ur-ertzean eta barrurago uraren ispilua zuritzen ari zen, oinetako arinekiko oin presatiek zapaldurik. Itsaso hitsaren bular zuria. Azentuak bikotetan, binaka emanik. Esku bat harpa-hariei eragiten eta akorde binakatuak batzen. Berba uhin-zuri ezkonduak itsasgora goibelean ezarian distiraka.

      Hodei bat eguzkia pixkanaka estaltzen hasi zen, badia berde ilunagoan murgilduz. Bere atzean zeukan, ur mingotsen katilu. Fergusen abestia: etxean ari ninduan kantatzen bakarrik, akorde ilunak luzatuz. Haren atea irekita zegoan: nire musika entzun nahi zian. Begirunez eta errukiz, isilean hurbildu nintzaioan ohe-burura. Negarrez zegoan bere ohe errukarrian. Hitz horiengatik, Stephen: maitasunaren misterio garratza.

      Orain, non?

      Haren sekretuak: lumazko haize-emaile zaharrak, musketaz haustutako dantza-txartel borlatxodunak, anbar-alezko apaingarri purtzil bat tiradera giltzatuan. Txori-kaiola bat esekita etxeko leiho eguzkitsuan, neska zenean. Royce zaharra entzun zian Turko beldurgarria pantomiman kantatzen, eta besteekin batera barre egin, Roycek honako hau kantatu zuenean:

 

            Ikusezintasuna

            Mutil honek dauka

            Beti bere eskura

 

      Irri-karkaila fantasmala, tolesturik gordea, musketa-lurrinduna.

 

            Eta ez baztertu gehiago gogoeta egitera

 

      Tolesturik gordea izadiaren oroimenean bere jostailuekin. Oroitzapenak erasoan gogamen gogoetatsuari. Sukaldeko iturriko urez betetako edontzia, komunioa hartu zuenean. Sagar zuztargabetu bat, azukre beltzez betea, harentzat erretzen labean udazkeneko arrats ilun batez. Azazkal zainduak, umeen alkandoretako zorri kraskatuen odolak gorriturik.

      Ametsetan, isilean, agertua zitzaion ama, gorputz ahitua hil-jantzi arre zabal batean bilduta, argizagiaren eta palisandroaren lurrin arin bat zeriola, haren arnasa, hitz mutu sekretuzkoez bere gainera makurturik, errauts bustien usain arin bat.

      Haren begi hitsak, heriotzatik finko begira, nire arima kordokatu eta makurrarazteko. Nigan iltzaturik. Zuzi fantasmala haren agonia argitzeko. Argi fantasmala aurpegi torturatuan. Arnasaldi erlats zaratatsua, guztiak belaunikaturik errezatzen ari zirenean. Begiak nigan finkaturik ni zerraldo botatzeko. Liliata rutilantium te confessorum turma circumdet: iubilantium te virginum chorus excipiat.

      Gorpujalea! Hilotz-murtxikatzailea!

      Ez, ama. Utzi ni izaten eta bizitzen.

      —Aupa, Kinch!

      Mulliganen ahotsa kantuz aditzen zen dorre barruan. Eskailera-zulora hurbildu zen ahotsa, eta berriro dei egin zuen handik. Stephenek, bere arimaren garrasiaren eraginez dardarka artean ere, eguzkiaren argiaren lasterkada goxoa entzun zuen, eta adiskide-hitzak hegan bere atzean:

      —Dedalus, jaits hadi, izan hadi txintxoa. Gosaria prest zagok. Desenkusatuko duk Haines bart gu biok esnatu izanaz. Konponduta zagok.

      —Banoak —esan zuen Stephenek jiratuz.

      —Etorri, Jainkoaren izenean —esan zuen Buck Mulliganek—. Nire izenean, eta gu guztion izenean.

      Burua desagertu eta berragertu egin zen.

      —Esan zioat zein den hiretzat irlandar artearen sinboloa. Oso irudi argia iruditu zaiok. Ateraiok libera bat. Aterako diok? Ginea bat esan nahi nian.

      —Gaur goizean jasoko diat soldata —esan zuen Stephenek.

      —Eskola-zulo horretakoa? —esan zuen Buck Mulliganek—. Zenbat? Lau libera? Utzi bat maileguan.

      —Behar baduk —esan zuen Stephenek.

      —Lau subirano distiratsu —hots egin zuen Buck Mulliganek atsegin handiz—. Druidak harritzeko moduko mozkor loriatsua bilduko diagu.

      Eskuak goratu, eta harrizko eskaileretan behera jaitsi zen, azentu cockneyz desafinatuz:

 

            Ez al da ospatzekoa

            Edanez whiskia, biera, ardoa

            Koroazioa,

            Nola ez ospatu ba

            Koroatze-eguna

            Koroazioa?

 

      Leinuru goxoa itsasgaina alaitzen. Apar-katilu nikelatuak distira egiten zuen, ahaztuta, parapetoan. Behera eraman beharko ote nuke? Zergatik? Ala bertan utzi egun osoan, adiskidetasun ahaztua?

      Katilua jasotzera joan zen, zer hotza zegoen sentituz une batez eskuetan eduki, eta brotxa sartua zegoen aparraren lirdinga likatsua usaindu zuen. Halaxe eramaten nian intsentsu-ontzia Clongowesen. Orain beste bat nauk eta orduko hura bera aldi berean. Morroia orain ere. Morroi baten morroi.

      Dorreko egongela gangadun ilunean Buck Mulliganen forma txabusinaduna bizi-bizi mugitzen zen tximiniaren ondoan batera eta bestera, haren distira horia agertu eta ezkutatzen zelarik. Egun-argi gozoaren bi errainu erortzen ziren goi-goiko kuku-leihoetatik zorura: eta bien errainuen elkargunean ikatzaren eta hirugihar-koipearen ke-hodei bat zebilen airean zirimolaka.

      —Itoko gaituk —esan zuen Buck Mulliganek—. Haines, ireki atea, mesedez.

      Stephenek arasan utzi zuen apar-katilua. Figura altu bat jaiki zen hamakatik, non eserita egona baitzen, atalasera joan, eta barne-ateak zabaldu zituen.

      —Giltza hor duk? —galdetu zuen ahots batek.

      —Dedalusek dik —esan zuen Buck Mulliganek—. Dedio! Ez ahal gaituk itoko!

      Sutatik begirada altxatu gabe oihu egin zuen:

      —Kinch!

      —Sarrailan zagok —esan zuen Stephenek aurreratuz.

      Giltzak biratzean karraska lakarra egin zuen bi aldiz, eta ate astunak utzitako tartetik argia eta aire garbi desiratua sartu ziren. Haines atalasean gelditu zen, kanpora begira. Stephenek mahairantz erakarri zuen bere maletatxoa, zutik utzia baitzuen, eta zain gelditu zen eserita. Buck Mulliganek ondoan zeukan erretilura atera zuen frijitutakoa. Gero, erretilua eta te-ontzi handi bat mahaira eraman, astunki gainean utzi, eta hasperen egin zuen lasaiturik:

      —Urtzen ari nauk —esan zuen—. Halaxe esan zian kandelak... Baina, ixo. Hitzik ere ez gehiago gai horretaz. Kinch, esna hadi. Ogia, gurina, eztia. Haines, sar hadi. Pentsua prest zagok. Bedeinka gaitzazu, Jauna, eta baita zure opariok ere. Non da azukrea? Ai! Kaka! Ez zagok esnerik.

      Stephenek ogia, ezti-ontzia eta gurin-hoztekoa atera zituen arasatik. Buck Mulliganek bat-batean amorratuta:

      —Zer putetxe da hau? —esan zuen—. Esan nioan ba zortzietan etortzeko!

      —Esnerik gabe hartuko diagu —esan zuen Stephenek—. Arasan bazagok limoia.

      —Popatik hi eta hire moda paristarrak —esan zuen Buck Mulliganek—. Sandycoveko esnea behar diat.

      Haines atalasetik sartu, eta esan zuen astiro:

      —Hor zatorrek emakumea esnearekin.

      —Jainkoaren bedeinkazioa hirekin —hots egin zuen Buck Mulliganek aulkitik jauzi batez jaikiz—. Eseri. Zerbitzatu tea. Azukrea poltsan zagok. Tira, ezin nauk hasi arrautza aluekin denbora alferrik galtzen.

      Erretiluan zeuden hirugihar-zerrendak zatitu, eta hiru plateretan banatu zituen, esanez:

      —In nomine Patris, et Filii eta Spiritus Sancti.

      Haines eseri egin zen tea zerbitzatzeko.

      —Bi azukre-kozkor bakoitzarentzat —esan zuen—. Baina, aizak, Mulligan, ondo fuertea egiten duk tea, ez?

      Buck Mulliganek ogi-xerrada lodiak ebakita, esan zuen atso maltzurraren ahotsez:

      —Tea egiten dudanean, tea egiten dut, Grogan amandreak esan zuen bezala. Eta ur-isuria egiten dudanean, ur-isuria.

      —Alajainena!, hau behintzat tea duk —esan zuen Hainesek.

      Buck Mulliganek ogia xerratzen eta atso mainatiarena egiten jarraitu zuen.

      —Halaxe egiten dut, Cahill andrea, diotsa hark. Jainko maitea!, andrea —diotsa Cahill andreak—, Jainkoak degizula biak ontzi berean ez egiteko grazia!

      Ogi-xerrada lodi bana bere labanan paldotuta luzatu zien txandan Buck Mulliganek mahaikideei.

      —Hor duk herria, Haines, hire libururako —esan zuen, oso serio—. Bost lerro testu eta hamar ohar, Dundrumeko jendeari eta jainko-arrainei buruz. Ahizpa bitxiek inprimaraziak haizete handiaren urtean.

      Stephenenganantz jiratu, eta ahots mehe harrituaz galdetu zuen, bekainak goraturik:

      —Ba al duk gogoan Grogan amandrearen te-ontziaren eta ur-isuriaren kontua aipatu ote den Mabinogionean edo Upanishadetan?

      —Ez diat uste —esan zuen Stephenek serio.

      —Ziur dakik? —esan zuen Buck Mulliganek tonu berdinean—. Hire arrazoiak, arren?

      —Nik esango nikek —esan zuen Stephenek jateari utzi gabe—, ez zela existitu, ez Mabinogionean ez hortik kanpo. Grogan amandrea, esan litekek, Mary Annen ahaidea-edo izan zela.

      Atseginezko irribarre bat agertu zen Buck Mulliganen aurpegian.

      —Xarmagarria —esan zuen ahots mainatian, hortz zuriak agerian utziz eta begiak atseginez kliskatuz—. Hala zela uste duk? Xarmagarria benetan.

      Gero, bere hazpegiak osotara lausoturik, ahots erlats lakarrez karrazka egin zuen, beste ogi-xerrada batzuk gogotsu ebakiz:

 

            Zeren Mary Ann xaharrari

            Bost axola esamesak...

            Eta azpiko gona jasota...

 

      Zartaginean frijitutakoaz ahoa mukuru beteta, bere kantaren kalakarekin jarraitu zuen, murtxikatzeari utzi gabe.

      Sartzean, norbaitek atalasea ilundu zuen:

      —Esnea, jauna.

      —Aurrera, andrea —esan zuen Buck Mulliganek—, Kinch, ekarri ontzia.

      Amona bat sartu zen, eta Stephenen ondoan jarri.

      —Goiz ederra, jauna —esan zuen—. Aintza Jainkoari.

      —Nori? —esan zuen Mulliganek, emakumeari begira—. A, bai, noski.

      Stephenek atzera egin, eta esne-ontzia hartu zuen arasatik.

      —Uhartekoek —esan zion Mulliganek Hainesi bestela bezala—, maiz aipatzen ditek prepuzio-biltzailea.

      —Zenbat, jauna?

      —Bi pinta.

      Esne-neurrira lehenik, eta handik ontzira isuri zuen behi-esne lodia, ez berea, Stephen begira zuela. Titi zahar zimurtuak. Beste ontzikada bat eta txorrotada isuri zituen. Zahar eta isilkor, egunezko mundu batetik sartua zen, agian mezulari. Esnearen bikaintasuna goretsi zuen, isurtzean. Behi egonarritsu baten ondoan kokoriko egunsentian larre gizenean, bere onddo pozoitsuan eseritako sorgina, hatz zimelduak, errapetik esnea ateratzen. Marrakaz haren inguruan ihintz-zetazko abelgorriak, ezagutzen baitzuten. Abelgorriaren zeta eta amandre gaixoa, antzina eman zitzaizkion izenak. Amona alderraia, hilezkor baten behe-forma, bere menderatzailearen eta traidore alaiaren mirabe, bien erdi-banako ohaide engainatua, goiz sekretuaren mezulari. Zerbitzatzeko ala errieta emateko, ezin berak esan: baina gorroto zuen hari mesede eske ibiltzea.

      —Aski da, andrea, benetan —esan zuen Buck Mulliganek kikaretara esnea isuriz.

      —Proba ezazu, jauna —esan zuen emakumeak.

      Eskaerari jaramon eginez, edan egin zuen.

      —Honelako elikadura izango bagenu huts-hutsik —esan zion ahots aski goraz emakumeari—, ez genuke herrialdea betea izango hortz ustelez, heste ustelez. Istinga batean bizi gara, mantenu merkea janez, eta kaleen zorua hautsez, zaldi-gorotzez eta hetikadunen karkaxez betea duen batean.

      —Medikutarako ikasten duzu, jauna? —galdetu zuen amona xaharrak.

      —Bai, andrea —erantzun zuen Buck Mulliganek.

      —Hara nik asmatu —esan zuen emakumeak.

      Stephen amorraturik ari zen entzuten, isilik. Ozenki mintzo zaion ahots bati makurtzen ziok buru xahar hori, bere petrikiloari, bere sendagileari: ni, berriz, gutxietsi egiten naik. Makurtzen ziok hilobiratu aurretik konfesioa adituko dionaren ahotsari eta olioztatuko dionari bere gorputzetik gelditzen den guztia, salbu eta bere emakumezko aldaka-arte lohia, giza haragi Jainkoaren irudira egina ez dena, sugearen harrapakina. Eta makurtzen ziok harridurazko begi urduriz orain isiltzeko diotsan ahots ozenari ere.

      —Ulertzen duzu zer esaten ari zaizun? —galdetu zuen Stephenek.

      —Zer hizkuntzatan ari zara, jauna, frantsesez? —esan zion amonak Hainesi.

      Hainesek berriro hitz egin zion emakumeari, berbaldi luzeagoa oraingoan, konfiantzarekin.

      —Irlanderaz —esan zuen Buck Mulliganek—. Gaelikoa barnean duzu?

      —Irlandera zela pentsatu dut —esan zuen emakumeak—. Soinuarengatik. Mendebaldekoa al zara, jauna?

      —Ingelesa naiz —erantzun zuen Hainesek.

      —Ingelesa da —esan zuen Buck Mulliganek—, eta uste du Irlandan irlanderaz hitz egin beharko genukeela.

      —Horixe hitz egin beharko genukeela —esan zuen emakumeak—, eta niri lotsa ematen dit ez jakiteak. Esan didatenez, hizkuntza handia da, jakintsuen iritziz.

      —Handia ez da hitzik egokiena —esan zuen Buck Mulliganek—. Erabat zoragarria. Emaguk beste te pixka bat, Kinch. Tea nahi duzu, andrea?

      —Ez, eskerrik asko, jauna —esan zuen emakumeak, esne-neurriaren kirtena besaurrean behera irristaraziz, abiatzeko prest.

      Hainesek esan zion:

      —Kontua hor duzu? Hobe genikek ordaintzea, ezta, Mulligan?

      Stephenek hiru kikarak bete zituen berriro.

      —Kontua, jauna? —esan zuen emakumeak geldituta—. Ba, zazpi goiz dira, pinta bana eguneko, bi penikean, beraz, zazpi aldiz bi, beraz, txelin bat eta bi penike, eta hiru goiz hauek bina pinta lau penikean, beraz, sei pinta da, txelin bat, eta bat eta bi dira bi eta bi, jauna.

      Buck Mulliganek hasperen egin zuen, eta, bi aldeetatik gurinez ondo hornitutako ogi zati batez ahoa beterik, zangoak luzatu, eta bere galtza-patriketan miatzen hasi zen.

      —Garbitu kontua eta alaitu aurpegia —esan zuen Hainesek irribarrez.

      Stephenek hirugarren kikara bete zuen, te-koilarakada bat, kolorea apenas aldatu ziona esne lodi urintsuari. Buck Mulliganek florin bat atera zuen, hatzen artean birarazi, eta oihu egin zuen:

      —Miraria!

      Mahaian barrena emakumearenganantz bultzatu zuen, esanez:

      —Ez eskatu, andrea, sos gehiago niri.

      Nuen guztia eman dizut, eder hori.

      Stephenek haren esku irrika-gabean jarri zuen txanpona.

      —Bi penike zor —esan zuen.

      —Bada denbora, jauna —esan zuen emakumeak txanpona hartuz—. Nahiko denbora. Egunon, jauna.

      Gur eginda atera zen, Mulliganek bere ahapaldiekin jarraitzen zuelarik:

 

            Ene bihotzekoa, gehiago balego

            Oin aurrean zenuke utzia gehiago.

 

      Stephengana jiratu, eta esan zuen:

      —Benetan, Dedalus. Xahututa nagok. Segi ezak hire eskola-zulo horretara, eta ekarri zerbait diru. Bardoek edan eta dotore jan behar ditek gaur. Gizon bakoitzak bere eginbeharra beteko duela espero du gaur Irlandak.

      —Horrek oroitarazten zidak —esan zuen Hainesek, jaikiz— gaur behar dudala zuen liburutegi nazionalera joan.

      —Lehenbizi gure igerialdia —esan zuen Buck Mulliganek.

      Stephenengana jiratu, eta goxoki galdetu zuen:

      —Gaur al duk hileko garbiketa-eguna, Kinch?

      Gero, Hainesi esan zion:

      —Bardo satsua tematuta zagok hilean behin bakarrik garbitzearekin.

      —Golkoko ur-lasterrak Irlanda osoa garbitzen dik —esan zuen Stephenek, ogi-xerrada baten gainera eztia emeki isurtzen utziz.

      Hainesek, painelua tenis-alkandoraren lepo zabalean nasai lotzen ari zen txokotik mintzo, esan zuen:

      —Hire esaeren bilduma egiteko asmoa diat, baimena ematen badidak.

      Niri ari zaidak. Horiek garbitzen eta bainatzen dituk, eta baita kraka kentzen ere. Agenbite of inwit. Kontzientzia. Hor, hala ere, orban bat zagok.

      —Egiaz bikaina duk neskame baten ispilu hautsia Irlandako artearen sinboloa izatearena.

      Buck Mulliganek Stephenen oina jo zuen mahai azpitik, eta tonu gozoan esan zuen:

      —Ikusiko duk Hamleti buruz hasten denean.

      —Benetan ari naiz —esan zuen Hainesek, artean ere Stepheni mintzo—. Horixe nian buruan, amona gaixo hori sartu denean.

      —Eta dirua irabaziko al nuke horrekin? —galdetu zuen Stephenek.

      Hainesek barre egin, eta, hamakaren kakotik bere kapela gris biguna hartuz, esan zuen:

      —Ez nauk ziur.

      Urrats batzuk egin zituen aterantz. Buck Mulliganek Stephenenganantz burua makurtu, eta esan zion zakarkeriaz, zorrotz:

      —Hanka sartu duk berriro ere. Zertarako esan duk hori?

      —Zer, ba? —esan zuen Stephenek—. Kontua dirua ateratzea duk. Nori nahi duk ateratzea? Esnezaleari ala berari? Txanpona botaz erabaki beharko diagu.

      —Hemen ari ninduan ni hire kontuekin horri burua berotzen, eta hi etorri, eta hor hasten haiz hire lerdo-keinu horiekin eta jesuita-ateraldi ilun horiekin.

      —Ez diat itxaropen handirik ez batari ez besteari ezer ateratzeko.

      Buck Mulliganek tragikoki intziri egin, eta eskua Stephenen besoan ezarri zuen.

      —Orduan, niri, Kinch —esan zuen.

      Tupustean, esan zuen tonua aldatuta:

      —Jainkoaren hitza baino egia zinezkoagoa esateko, arrazoi duk, nik uste. Horretarako balio ez badute, probetxu ederra zaukaagu horiekin. Zergatik ez diek ziria sartzen, nik bezala? Doazela guztiak pikutara! Goazemak putetxe honetatik.

      Zutitu zen, eta, gerrikoa askatu eta txabusina serioski erantziz, esan zuen etsipenez:

      —Mulligan bere soinekoez gabetua.

      Patriketan zuena mahai gainera atera zuen.

      —Horra hire mukizapia.

      Eta alkandora-lepo gogorra eta ttattar errebeldea janztean, hitz egiten jarraitu zuen, besteei agiraka eginez, eta baita bere kate-erloju dilindariari ere. Eskuak janzki-kutxan murgildurik, barrukoa nahastu zuen, musuzapi garbi baten bila. Agenbite of inwit. Egin beharreko paperaren arabera jantzi beharko, eta kitto. Eskularru zorri-koloreak eta bota berdeak beharko ditiat. Kontraesana. Neure buruarekin kontraesanean ari ote? Ederki, orduan. Neure buruarekiko kontraesana. Malachi merkuriala. Jaurtikin beltz bigun bat atera zitzaion esku hiztunetatik.

      —Eta hemen duk Auzo Latinoko kapela —esan zuen.

      Stephenek hartu, eta jantzi egin zuen. Hainesek atetik deitu zien:

      —Bazatozte, lagunok?

      —Prest nagok —erantzun zuen Buck Mulliganek, atera hurbilduz—. Atera hadi, Kinch. Guk utzitako guztia jango huen, noski?

      Etsita, urrats handiak eginez, kanpora aterata esan zuen, espantuka, ia nahigabez:

      —Eta atera zenean, Butterly aurkitu zuen.

      Stephen, esku-makila harturik bermatuta zegoen tokitik, atera zen besteen atzetik kanpora, eta, eskaileretan behera jaitsita, burdinazko ate astuna bildu, eta giltzaz itxi zuen. Giltzatzarra barne-patrikan sartu zuen.

      Eskaileraren oinean Buck Mulliganek galdetu zion:

      —Giltza ekarri duk?

      —Bai —esan zuen Stephenek aurrea hartuz.

      Aurrera jarraitu zuen. Buck Mulligan bere bainu-toaila astunaz garoaren edo belarren zuztar garaiak astintzen entzuten zuen atzean.

      —Geldi, jauna. Nola ausartzen zara, jauna?

      Hainesek galdetu zuen:

      —Errentarik ordaintzen duzue dorre honengatik?

      —Hamabi libera —esan zuen Buck Mulliganek.

      —Gerrarako estatu-idazkariari —gehitu zuen Stephenek sorbalda gainetik mintzo.

      Gelditu egin ziren, eta Hainesek, dorreari erreparatzen egon eta gero, esan zuen azkenean:

      —Goibel samarra neguan, ene ustez. Martello esaten diozue?

      —Billy Pittek eraikiarazi zitian —esan zuen Buck Mulliganek—, frantsesak itsasoan zebiltzan garaian. Gurea, ordea, omphalosa duk.

      —Zer iritzi duk Hamletez? —galdetu zion Hainesek Stepheni.

      —Ez, ez —oihu egin zuen Buck Mulliganek atsekabeturik—. Ni ez nauk gauza oraindik Tomas Akinokoari eta bereari eusteko dituen berrogeita hamabost arrazoiei aurre egiteko. Itxaron pinta batzuk edaten ditudan arte.

      Stephenengana jiratu, eta esan zuen bere gerruntze primula-kolorearen behealdeko erpinak txukun-txukun beherantz tiratuz:

      —Ezin moldatuko hintzateke hiru pinta baino gutxiagorekin, ezta, Kinch?

      —Hainbeste denbora itxaron duenez —esan zuen Stephenek, geldo—, ez dik gehiago itxaron ezinik.

      —Jakin-mina piztu didak —esan zuen Hainesek adiskide-tonuan—. Paradoxaren bat al da?

      —Booo! —egin zuen Buck Mulliganek—. Badiagu adina, Wilde eta paradoxak alde batera uzteko. Oso sinplea duk. Algebra bidez frogatzen dik Hamleten biloba Shakespeareren aitona dela eta bera bere aitaren mamua.

      —Zer? —esan zuen Hainesek, Stephenenganantz hatza luzatzen hasita—. Bera bere aitaren mamua?

      Buck Mulliganek lepo inguruan toaila estola moduan zintzilik paratu, eta, algara lasaia eginda makurtuz, esan zion Stepheni belarrira:

      —O, Kinch zaharraren itzala! Jafet aita baten bila.

      —Goizean beti nekatuta egoten gaituk —esan zion Stephenek Hainesi—. Eta luze joko likek orain kontatzeak.

      Buck Mulliganek, berriro ere aurrera eginez, eskuak altxatu zituen.

      —Pinta sakratuak bakarrik aska zezakek Dedalusen mingaina —esan zuen.

      —Zera esan nahi diat —argitu zion Hainesek Stepheni aurrera zihoazela—, dorre honek eta labar hauek Elsinore ekartzen zidatek gogora, bere oinarritik itsasorantz konkortzen dena, ezta?

      Buck Mulligan Stephenenganantz jiratu zen une batez, baina ez zuen ezer esan. Isilune argitsu mutuan, Stephenek bere doluzko jantzi merkearekin besteen jantzi alaien artean zeukan piura ikusi zuen.

      —Kontakizun zoragarria duk —esan zuen Hainesek, berriro besteak geldiaraziz.

      Begiak, haizeak freskatutako itsasoa bezain zurbil, are zurbilago, tinko eta zuhur. Itsasoaren jaun, hegoalderantz begiratzen zuen badiara, hutsik baitzegoen, salbu posta-ontziaren ke-gandorra, zerumuga distiratsuan lauso, eta belaontzi bat, Muglins aldean bira hartzen ari zena.

      —Irakurria diat nonbait horren interpretazio teologiko bat —esan zuen, gogoetatsu—. Aitaren eta Semearen ideia hori. Semea Aitarekin berradiskidetu nahian eginahalean. —Buck Mulliganek bat-batean zoriontsu-aurpegia jarri zuen, irribarre zabalarekin. Besteei begiratu zien, aho ondo egina pozik zabalduta, begiak, zeinetatik kendua baitzuen bat-batean maltzurkeria guztia, alaitasun eroz kliskatzen zituela. Panpina-buru bat bezala mugitu zuen berea batera eta bestera, bere panama-kapelaren ertzak dardararaziz, eta ahots txoraize alaian hasi zen salmodiatzen:

 

            Inoiz izan den gazterik bitxiena hona! Ni

            Ama judua dut eta aita, berriz, hegazti.

            Joxepe arotzarekin ados ez nago oso,

            Hemen naiz ikasleentzat prest Kalbariorako.

 

      Ohartarazpen-keinua egin zuen hatz erakuslea altxatuz:

 

            Inork uste baldin badu Jauna ez dela nigan

            Nik egindako ardorik ez du edango doan

            Ura edan beharko du, ur huts eta purua

            Hala izaten da nire ardo ur bihurtua.

 

      Stephenen lizar-makilari tirakada azkar bat egin zion agur gisa, eta, labarraren ertz baterantz lasterrean besteei aurrea hartuz, eskuei gorputzaren ondoan hegalak edo hegatsak balira bezala eraginez, jarraitu zuen lehengo doinuan:

 

            Agur, agur idatz orain noizbait esan nuena

            Esan kristo guztiari piztu dela hil zena

            Hezurrean sustraiturik bikain ditut hegalok

            Oliamendin badabil haizea, agur, lagunok.

 

      Dantza-saltoka aurreratu zitzaien Berrogei Oineko Putzurantz, eta bere esku hegal bihurtuak astinduz jarraitu zuen, saltoka bizkor, haize hozkirriak merkurio-kapela dardararazten zion bitartean haren txorrotxio goxoa zeramakielarik atzekoei.

      Hainesek, algararik gabe barrez aritua baitzen, Stephenen ondoan jarraitu zuen aurrera, eta esan zuen:

      —Ez genikek barre egin behar, nik uste. Birao-kutsu dezentea dik. Ni ez nauk sinestuna, egia esan. Hala ere, alaitasun horrek gaiztakeria kentzen ziok nolabait, ezta? Nola deitu dio? Joxepe Arotza?

      —Jesus Arraiaren balada duk —erantzun zuen Stephenek.

      —A! Entzuna huen lehenago, ala?

      —Hiru aldiz egunean, otorduen ondoren —esan zuen Stephenek, lehor.

      —Hi ez haiz sinestuna, ezta? —galdetu zion Hainesek—. Alegia, sinestuna, hitzaren adiera hertsian. Kreazioa ezerezetik eta mirariak eta jainko pertsonal bat.

      —Hitzak adiera bakarra dik, nire ustez —esan zuen Stephenek.

      Haines gelditu egin zen zilarrezko kutxatila leun bat ateratzeko, non distiratzen baitzuen harribitxi berde batek. Kliskada bat eraginez ireki zuen hatz lodiaz, eta Stepheni eskaini zion:

      —Eskerrik asko —esan zuen Stephenek, zigarro bat hartuz.

      Hainesek beretzat beste bat hartu, eta kutxatila itxi zuen. Alboko poltsikoan sartu, eta gerruntzeko patrikatik pizgailu nikeleztatu bat atera zuen, kliskadaz hura ere ireki, eta, bere zigarroa pizturik, metxa sutua Stepheni luzatu zion eskuez bilduta.

      —Bai, noski —esan zuen, berriro abiatu zirenean—. Sinesten duk ala ez duk sinesten, ezta? Nik neuk ezingo nikek irentsi Jainko pertsonal baten ideia. Hi ez haiz horren aldekoa izango, noski?

      —Librepentsamenduaren adibide beldurgarri bat ikusten duk nigan —esan zuen Stephenek goibel eta gozakaitz.

      Aurrera jarraitu zuen, besteak zer esango, esku-makila alboan eramanez herrestan. Makilaren txurroa arinki zerraion bidexkan, orpoetan kurrixka eginez. Nire pameriala diat atzetik, Steeeeeephen oihuka. Marra bihurrikatu bat bidean zehar. Gaur gauean gainetik pasatuko dituk, ilunpetan hona etorrita. Giltza hori behar dik. Nirea duk, neuk ordaindu diat errenta. Orain, beraren ogi gatzduna ari nauk jaten. Emaiok giltza ere berari. Guztia. Eskatuko dik, bai. Begietan ezagun zian.

      —Azken batean —hasi zen Haines...

      Stephen jiratu, eta ikusi zuen berari neurria hartzen aritua zen begirada ez zela erabat zakarra.

      —Azken batean, nik esango nikek norbera gai dela bere burua askatzeko. Norbera duk bere buruaren jabe, nire ustez.

      —Ni bi nagusiren morroi nauk, bada —esan zuen Stephenek—, bata ingelesa eta bestea italiarra.

      —Italiarra? —esan zuen Hainesek.

      Erregina txoro bat, zaharra eta jeloskorra. Belaunika hadi nire aurrean.

      —Eta hirugarren batena ere bai —esan zuen Stephenek—, noizbehinkako lantxoetarako behar naik hirugarren horrek.

      —Italiarra? —esan zuen Hainesek berriro—. Zer esan nahi duk?

      —Britainiar estatu inperiala —erantzun zuen Stephenek, aurpegia gogortuz zihoakiola— eta Erromako Eliza Katoliko eta Apostolikoa.

      Hainesek beheko ezpainetik tabako-izpi batzuk kendu zituen hitz egin baino lehen.

      —Nahiko ondo ulertzen diat hori —esan zuen lasai mintzatuz—. Irlandarrak hala pentsatu beharra zaukak, esango nikek atrebentziarekin. Ingalaterran nahiko bidegabeki tratatu zaituztegula iruditzen zaiguk. Historiari eman beharko errua.

      Titulu haidor ahaltsu horiek brontzezko kanpaien garaipena durundatzen zuten Stephenen oroimenean: et unam sanctam catholicam et apostolicam ecclesiam: erritu eta dogmaren hazkunde eta aldaketa motelaren gogoeta bitxiak bezala, izarren kimika bat. Martzelo aita santuaren mezako apostoluen sinboloa, ahotsak ongi bateginik, bakoitza baiespen irmoan ozenki abestuz: eta haien kantikaren atzean Eliza militantearen aingeru zaintzailea heresiarkek desarmatu eta mehatxaturik. Heresia-horda bat mitrak alboka dituztela ihesean: Fozio eta isekarien kasta hori, zeinetarik baitzen Mulligan, eta Ario, bere bizi osoa borrokan Aitaren eta semearen substantziakidetasunaren kontra, eta Balendin, Kristoren gorputz lurtarra gutxiesten baitzuen, eta Sabelio heresiarka afrikar sotila, zeinak aldezten baitzuen Aita Bera zela Bere Semea. Mulliganek lehentxeago isekaz arrotzari esandako hitzak. Iseka alferra. Hutsa ditek zain haizea ehuntzen duten horiek guztiek: mehatxua, desarmatzea eta egurra, Elizako guduzale guztien eskutik, Mikelen gudarostearengandik, beren lantza eta ezkutuez beti babesten baitute Eliza borroka-aldietan.

      —Hori! Hori! Txaloaldi luzea. Zut! Nom de Dieu!

      —Noski, ni britainiarra nauk —esan zuen Hainesen ahotsak—, eta halaxe sentitzen nauk. Ez diat nahi nire herrialdea judu alemanen eskuetan erortzerik, hori ere ez. Hori duk, oraintxe bertan, gure arazo nazionala, nik uste.

      Bi gizon zeuden labarraren ertzean, begira: negozio-gizona, itsas-gizona.

      —Hor zoak ontzia Bullockeko porturantz.

      Itsasgizonak iparralderantz seinalatu zuen buruaz, destaina-zantzu batez.

      —Bost braza zaudek hor —esan zuen—. Ordu bata aldera alde horretara eramango dik itsasgorak. Badituk bederatzi egun.

      Ito zen gizona. Bela bat badia hutsean biraka, zain, mulko puztu bat ur gainera noiz aterako, eta bere aurpegi handitua noiz jiratuko, gatzez zuritua, eguzkirantz. Hemen nauk.

      Bide bihurgunetsutik jarraitu zuten kalatxoraino. Buck Mulligan harri baten gainean jarri zen, mahuka hutsetan, ttattar askea sorbalda gainean haizearen mende. Haren ondoan gazte bat zegoen harkaitz bati helduta, astiro mugitzen zituen hanka berdeak, igelen antzera, uraren jele sakonean.

      —Anaia hirekin al da, Malachi?

      —Westmeathen duk. Bannondarrekin.

      —Oraindik han? Postal bat bidali zidaan Bannonek. Azukre-koxkor bat aurkitu omen dik han. Argazki-neska esaten ziok.

      —Bat-batekoa, beraz? Esposizio laburra.

      Buck Mulligan botak askatzeko eseri zen. Adineko gizon batek harkaitzaren ondoan aurpegi gorri bat agerrarazi zuen bat-batean uretan puzka. Harrietan gora igo zen lau-hankan, ura buru gainean eta ile urdinduzko girlandan dirdaika zuela, ura bularrean eta sabelean behera zihoakiola irristadan, eta ur-xirripak zerizkiola bere gerripeko beltz puztutik.

      Buck Mulliganek beretzat lekua egin zuen ondotik pasa zedin, eta Hainesi eta Stepheni begira zeinatu zen, erpuruaz gurutzeak eginez debozioz, bekokian, ezpainetan eta bular-hezurraren gainean.

      —Seymour itzulia duk hirira —esan zuen gazteak, berriro ere harkaitzari helduz—. Medikuntza utzi dik, eta Armadara zoak.

      —A, doala Jaunaren bakean! —esan zuen Buck Mulliganek.

      —Datorren astean joatekoa duk kakanahaste horretara. Ezagutzen duk Carlisleko ile-gorri hori, Lily?

      —Bai.

      —Bart ibilia duk Seymourrekin esku-sartzen nasan. Aita diruz usteldua zagok.

      —Eta zertuko zian, noski?

      —Hori berari galdetzea hobe.

      —Seymour ofizialgai madarikatua —esan zuen Buck Mulliganek.

      Bere buruari baiezkoa egin zion galtzak eranztean, eta zutik gelditu zen, pellokeria hau esanez:

      —Ilegorriak, ahuntzak bezain saltalariak.

      Bat-batean asaldaturik isildu zen, alkandora irekiaren azpian saihetsa haztatuz.

      —Hamabigarren saihets-hezurra joana diat. Uebermenscha nauk. Kinch horzgabea eta biok supergizonak.

      Alkandora indarrean erantzi, eta bere atzera bota zuen, arropak zeuzkan lekura.

      —Hemen bainatu behar al duk, Malachi?

      —Bai, egin lekua ohean.

      Gazteak atzerantz bota zuen bere burua urean zehar, eta kalatxoaren erdialderaino iritsi zen bi besada luze garbitan.

      Haines harri baten gainean eseri zen, erretzen.

      —Ez al duk sartu behar? —galdetu zion Buck Mulliganek.

      —Geroxeago —esan zuen Hainesek—. Gosaldu berritan, ez.

      Stephen jiratu egin zen.

      —Banoak, Mulligan —esan zuen.

      —Eman giltza, Kinch —esan zuen Buck Mulliganek—, nire alkandora zabalduari eusteko.

      Stephenek giltza eman zion. Buck Mulliganek bere arropen gainean gurutzaturik utzi zuen.

      —Eta bi penike —esan zuen—, pinta baterako. Bota itzak hor.

      Stephenek arropa-mulko bigunaren gainera bota zituen bi penikeak. Jantzi, erantzi, Buck Mulliganek tente, esku elkartuak bere aurrean jarrita, esan zuen punpeziaz:

      —Behartsuei osten dienak Jainkoari ematen dio. Hala mintzatu zen Zaratustra.

      Haren gorputz potoloa uretan pulunpatu zen.

      —Berriro ikusiko haugu —esan zuen Hainesek, Stephen bidexkan gora zihoala irlandar basatiei irribarreka.

      Zezenaren adarra, zaldiaren apatxa, saxoiaren irribarrea.

      —Shipen —oihu egin zuen Buck Mulliganek—. Hamabi eta erdietan.

      —Ondo zagok —esan zuen Stephenek.

      Gora egin zuen bidezidor bihurrian.

 

            Liliata rutilantium

            Turma circumdet

            Jubilantium te virginum

 

      Apaizaren ninbo grisa diskrezioz janzten ari zen txokoan. Ez diat hemen lo egin nahi gaur gauean. Etxera ere ezin joan.

      Ahots bat, tonuz goxoa eta luzatua, deika ari zitzaion itsasotik. Bihurgunera iritsita, eskuaz agur egin zuen. Berriro beste dei bat. Buru arre leun bat, itsas txakurrarena, han urrunean uretan, borobila.

      Usurpatzailea.

 

 

Ulises
[zatiak]
James Joyce

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 2022