Maizter misteriotsua
Sheridan Le Fanu

euskaratzailea: Luigi Anselmi
Erein, 1991

 

 

2. ATALA

 

      Laborria eta tristura nagusitu ziren gure etxeaz. Umearen heriotzak izua ez ezik mina ere ekarri zigun neurri berean. Esan gabe doa, emazteak eta biok erabat sinistuta geundela, heriotza hori zoritxarreko egun batean geure etxean onartua genuen izaki nardagarri haren ezkutuko deabrukeriek eragindakoa zela; hortaz, definiezinezko ikaraz begiratzen genion.

      Beste ezbeharren bat gertatu behar zitzaigula susmatzen nuen. Ez nuen uste libratu ahal izango ginenik gure etxean egonda bizileku osoa sorgintzen zuen gizaki gaizto eta doilor hartaz, bere botere anker zitalaren beste frogarik erakutsi aurretik.

      Nire emazte gaixoaren errezeloak are izugarri eta itogarriagoak ziren, baina nireak bezain zehaztugabeak. Ezin zitekeen inoiz lasai egon gure alabatxoa ikusi ezean; ikaraturik beti, gure mutiko maiteari, bion ustez, bizia ebatsi zion eragin gaiztoaren agerpen berri baten zain zegoen. Lurtarra ez zen halako etsaigo ikutuezinaren aurka ez zegoen gordetzerik, eta ezintasun horrek are larriagotzen zuen gure egoera. Haren erlijio oinarria bera kordokarazten zuten zalantzek hagorandurik, eta otoitzaren esperientzia izugarriari itzuriz, zakur amorratua ur txosperriari bezala, handik aurrera ezin izango zuen, mina beste iturritatik etortzekotan ere, erlijio suspergarriari darion kontsolamendua aurkitu. Triste, izutu eta deabruturik geunden biok.

      Bizkitartean gure etxetiarraren ohiturak ez ziren batere aldatu. Eta egia esan, haren gelatik zetozen soinuei kasu emanez gero, bera eta bere menpekoak inoiz baino erneago zeuden. Ezin esan diezazuket, irakurle on hori; ez dago hitzik zuri adierazteko nire buruak, argi edo ilun baina etengabe, jasan behar izaten zuen susmo beldurgarria —batzuetan ia erotzen ninduen bizitasunez—: guztion kaltetan etxean hartu nuen hura herioa edo deabrua haragi jantzian ez ote zen susmoa, alegia.

      Gure ume txikia hilobiratuz geroztik gau batzuk paseak bide ziren; berandu samar oheratu ginen eta zenbait ordu neraman lokarturik, nik uste, emazteak iratzarri ninduenean, izuak soilik ematen duen sendotasunaz niri helduta zegoelarik. Ez zuen deus esaten baina oratu eta inarrosten ninduen berea ez zen indar batekin. Niganantz lerratua zen eta makurturik zegoen burua izaren azpian zuela.

      Gela erabat ilun zegoen, beti bezala, ez baikenuen gau kandelarik erabiltzen; baina bera zetzan ohe aldetik, bertan, burua gortinen artean, eserita zegokeen norbaiten ahotsa zetorren, eta... ai ene! hura gure maizterraren ahotsa zen!.

      Gure umearen heriotzaz ari zen, erabili ohi zuen iseka antzeko tonu herratsu eta suminduan jainkoaren zuzentasun, erruki eta ontasunaren aurkako erretolikak botatzen. Sofisteriaren sinesgarritasun izugarri batekin ari zen, enfasia eta zehaztasuna ahantzi gabe. Haietatik zera iradokitzen bide zen: «Badut zerbait zuei esateko, eta zuek nahita edo nahi gabe, aditzera emango dut esatekoa».

      Esatea haserretu egin nintzela haren intrusioagatik edota izu zalantzakorra ez zen beste edozein zirrara mota sentitu nuela, ez litzateke egia izango. Hotz eta arnasarik gabe nentzan, izozturik bezala, mugi ezinik, berba egin ezinik, deabru haren ahotsak ene belarrien ondoan mozorrorik gabeko birao eta tentazioneak ilunpera isurtzen zituela. Azkenean ahots larderiatsua isildu zen. Ezin esan nezake hizlaria geratu ala joan zenentz. Agian xede ezkutu eta donge bati begira, mantenduko zuen isiltasun hura; izan ere, bere mintzoa baino are ikaragarriago zitzaidan.

      Emaztea eta biok atzarririk geunden, higitzen edo berba egiten ausartu barik, arnasa ere nekez hartzen genuela, baina estu-estu elkar besarkaturik, harik eta azkenean egunargia ate zabalduan barrena gelara borborka sartu arte, zerbitzaria deitzera etorri zitzaigunean. Esan gabe doa gure bisitari gautarra joana zela.

      Beharbada irakurle eskuzabalaren eritziz, azkar baino azkarrago galtzak eta botak jantzi ondoren, berehala abiatu beharko nuen etxetiarraren logelara eta eskaileratan behera ate nagusiraino ez ezik kanpoko errepideraino ere ostikoka bidali, bere bisitaldi desegokiaz emazteari eta bioi egin zigun laido eskandalagarriaren ordainez. Izan ere, garai hartan ez nuen inola ere adorerik falta, eta gainera suminkor samarra nintzen. Hala ere onartu beharra daukat arrotz beldurgarriari aurre eman ordez, ikusi ahala atzera egingo nuela haren begiei zuzen so egiteko ere gai izan gabe, hain zen handia, bada, era isil baina eutsezin eta donge batean, etxeko guztion gainean —ni barne— erdietsia zuen manupea.

      Apopiloari denok genion ezinikusi ikaragarriak ez zuen haren infernutar homiliaren eragina indargabetu. Gure buruei aurkeztu ziena ez zen bitxi edo berri izan. Sotiltasun izugarria zegoen haren iradokizunen zerrendan. Berak esandako guztia nire gogotik pasea zen lehenago ordenurik batere edo logika-jostaririk gabe. Ene bihotz errebelatutik bertatik gogoeta gaizto berberok sortuak ziren eta laster desagertu, azti baten pertzeko lurrunean agerkunde hitsen antzera. Guzti honen laburpena bezala izan zen berea, ene sentimendu eta fantasien isladaketa, baina zehaztasun eta ordenu izugarri batera bildurik, hala nola argudio sofistikatuen azalaz jantzita. Horren ondorioa sendoa izan zen. Zirrara gaizto hauek berpiztu eta handiagotzen zituen —bideratuz eta justifikatuz— eta hasiera batean laino eta loka baino ez ziren bulkada eta zirrarei sistema baten trinkotasuna ematen zien.

      Nire zorigaitzak, beraz, nasaitu barik neure onetik ateratzen ninduen. Gertaeren Ordenatzaile Handia gizakumearen ezbeharretan plazera hartzen zuen giza askaziaren jazartzaile bilakatu zitzaidan. Galde egiten nuen ea zergatik herioak eraman zuen ene haur errugabea; eta zergatik era horretan —deabru batek soilik erabil zezakeen gaiztakeriarik krudelenaz— hagorandu eta nahigabetu zuen ene emazte maitea; zeinaren lehen xedea, ongi nekien bezala, bere Egilea zerbitzatu eta gurtzea izan baitzen. Zinkurinatu eta birao egin nuen, eta ene agonian betiereko tormentuari buruzko erronka egin nion Jainkoari berari, deabru baten indargabeko amorru eta etsipenaz.

      Ene saminduran ezin itzuri nenkiokeen gure bisitari gautarraren lengoaiaren errepikapen ozarrak egiteari, nire emaztea aurrean nuelarik ere. Atsekabe gorrian, ia laztasunez entzuten zidan berak. Nizkion amodio eta errukia hain handiak izanik, begirunez hartzen nuen haren ahulezia —halaxe izendatzen bainuen Zeruko zigorren aurrean agertzen zuen menekotasun apala—. Baina haren sentikortasun gurgarria ez mintzen saiatu arren, haren eroapena ikusteak areagotzen zuen nire amorru zentzakaitz goibela.

      Aldarte txar honetan hirirantz oinez abiatzen nintzela, seme txikia ehortzi zuteneko goizean hilerrian ene solaskide izana zen jaunarekin topo egin nuen. Jauna deitzen dut, baina ez dakit zein ote zen haren gizarte-maila; sekula ez dut honetaz pentsatu. Haren begitartea, mintzamoldea eta itxura sotil, garbi, urrikalkor eta argia edertasun berezi batekoak ziren, errege baten antza ematen ziotelarik. Haren ondoan errespetu xarmangarria sentitzen nuen, baita munduko harrokeriak eman dezakeen ezein arraitasun baino atseginagoa zen apaltasuna ere.

      Ene arimaren egoeraz jabeturik ere ez zuen hitz zakarrik atera. Agirika egin gabe arrazoiak eman zizkidan —eta egiatan sendoa haren arrazoibidea— handikeriarik gabe, lilia sortu eta irekitzen den bezalaxe. Prozesua naturaren bilakaerarekin bat zetorren: eztia, bat-batekoa, eutsiezina.

      Azkenean alde egin zuen. Haren abiatze hark nahigabetu eta txunditurik utzi ninduen. Haren mintzaldiak malko gozoak nola mikatzak isuri arazi zizkidan. Ezagutu ere egiten ez nituen barne-muinak ikututa, ene bihotza urduri zegoen. Larritasun hau, ordea, eramangarriagoa zen ordurarte ene buruaren jaun eta jabe izana zen bake sumin eta ozarra baino.

      Etxera orduko, umearen hilobi ondoan ikusia nuen gizon zuhur eta otzan berberarekin egona nintzela esan nion emazteari. Haren hitzak errepikatu nizkion, eta gogora nekartzan heinean hasi nintzen berriro malkoak isurtzen, eta negarrak iraun zuen artean zoriontsua izan nintzen.

      Orain ohartzen naiz hasiera batean halako fruitu mingotsa ekarri zuen ezbeharra on izan zitzaidala. Ene gogo errebelatua Jainkoarengan jartzera behartu ninduen, bihotzeko grina guztiak eragiten zizkidala. Zabarkeria, arinkeria eta buruederrespena, grina gaiztoen bortizkeria baino nekezago gaindi daitezkeen oztopoak ditugu. Errazago igarotzen da herratik amodiora, ezaxolatik baino. Aldaketa handi bat suertatzen ari zen ene baitan.

      Esan beharrik ez daukat zenbatetan elkartu nintzen berriro nire lagunarekin —horixe baitzen niretzat— ez dago zehazterik halako elkarrizketetan eman zizkidan sentipen eta arrazonaketa ugariak; aski izango da esatea erein zuen hazi ona maiz zaintzen zuela, eta haren ikaspide ederrak loratu egin zirela, sakonki erroztaturik, ordurarte txoil idor izana zen ene ariman.

      Arratsalde batez, egun bereko goizean aipatu solasaldi gozo eta etsigarri haietako beste bat entzun ondoren, oinez abiatu nintzen etxe aldera. Gau hotz eta lainotsua abaildu hurran egonik, inor gutxi zebilen estratetan.

      Banindoan, bada, bidetik, goiz berean entzundako autua buruan nerabilela, norbait ene heinera etorrita nire aurrean ibiltzen hasi zenean, bion erdiko tarte laburra gordez. Une berean bihotzeko hegoak erori egin zitzaizkidan eta izugarrizko laborriak hartu ninduen. Ene hausnarketagai atseginak aienatu ziren ziorik gabeko arrisku lainotsu batez ohartzen nintzelarik. Gora begiratu nuen. Zer zen nire aurrean zebilen hori? So geratu nintzaion zalantzak jota... bihotza taupaka hasi zitzaidan itolarrian; gelditu zen gero. Gure apopiloaren irudi bitxi eta nahastezina zen hura.

      Nik hari so egitearekin batera, burua itzuli egin zuen lepo gainetik begiratzen zidala. Aurpegia estalirik zeukan, beti bezala. Hazpegiak zehazki aztertu ezin izan banituen ere, sumindurazko begirada antzeman nion. Berehala alboratu zitzaidan; eta ene bihotza kokildu egin zen; nire soin-atalek uko egin zioten beren betebeharrari. Beldur zirrarak, haatik, ez ninduen geldiarazi, akuilatu baizik, pausoa azkar nezan.

      — Horra gizon elizkoia! Antza denez «lagun gaiztoek eragin onik ez dakartela» ikasi duzu azkenik, eta orain fedegabeko birao-egileak erabat beldurtzen zaitu, ezta?

      Ez nion erantzunik eman; izan ere, sobera aztoraturik nintzen hitz egiteko.

      — Kristau ederra izango zara, dudarik ez —berak aurrera—; bere giza legeak gogoan erabiliz hautatu eta tinko atxiki dituen izaki burujabeak, hartu duen sistemarekiko, zernahi dela ere, fideltasuna erakutsiko du. Ziur naiz filosofari iraunkorra izan zaren bezain kristau setatsua izango zarela. Zu ez zara sofista kalakari batek aise erabiliko lituzkeenetakoa. Proselitista batek ez liezazuke inoiz atzaparra egotz. Zu ez zara edozein dotrina hutsalen jostagarri, ezta belarrian isur diezazuketen zernahi sineskeriaren jopu ere. Ez, inolaz ere ez. Zuk baduzu endelegua, eta zeure kasa pentsatzeko gai zara, ezta?

      Erantzun ezinik, pausoa azkartu nuen, haren jazarpenari ihes egin nahika; baina orpoz orpo jarraiki zitzaidan.

      Elkarren ondoan ibili ginen denbora batez, haserredura gaitz batek hartuta bezala bere buruarekin marmarka entzuten niolarik.

      Ene etxeko atarira heldu ginen azkenean. Atakako krisketari eragin nion eta barneratu nintzen. Barruan geundelarik bete-betean bueltatu zen nireganantz eta, ikusi baino nolabait antzeman nuen aurpegi izugarriaz niri begira, zera esan zidan:

      — Azken finean, beraz, kristaua izan nahi duzu! Pentsa, ordea, zer nolako aukera traketsa egin duzun: utz, bada, Biblia bazterrera, bere sistemaren bitartez salbatu uste duten gizaseme fanatiko horientzat eta ikas ezazu Alkorana edo horren aszetiko ez den beste edozein liburu. Ez erori, gero, bere teoriaren zabaltzaileak ugaldu besterik nahi ez duen edozein esklabo elezuriren atzaparretan. Zergatik ez duzu, txepetx koldar alaen horrek, Biblia irakurtzen, altxor bat bailitzan besarkatu aurretik? Zergatik ez duzu, bada, irakurtzen eta ikasten kristautasuna fundatu zuenaren ahotik, barkamenik erdietsiko ez duen bekatu bakar bat dela, Izpiritu Sainduaren aurkako biraoa, alegia? Eta nik neuk entzun dizut birao hori egiten behin eta berriz nire gelan, aurrean zintudala. Gure arteko solasaldi libreetan entzun dizut birao hori egiten dozena bat bider. Bibliak berak mutuarazten du zure aurka urrikalmenduaren ahoa. Hau esanda etxe barrura lerratu zen. Astiro jarraiki nintzaion.

      Haren hitzak durrundaka ari ziren ene belarrietan. Txunditurik nengoen. Hark esandakoa egia izan zedin beldur nintzen. Izugarrizko etsipenak abaildurik ninduen. Ez nekien nola aurre egin infernu leize sakoneko gar batez argituz, gogora ekarri zizkidan oroitzapenei. Izan ere, egia zen sakratuak zirela orain onartzen hasia nintzen hainbat gain buruz fedegabeko ausarkeria gaiztoaz mintzatua nintzela. Eskuak dardarka, Biblia zabaldu nuen. Behin eta berriz leitu nuen Berrerosleak berak Izpiritu Sainduaren kontrako birao-egileei —gizateriatik baztertutako munstroak, kondenatu eta hilik daudenak, lur gainean oraindik badabiltza ere— agindu zien patu beltz, misterioz josia. Lanturuka, negarrez ahitu nintzen. Gaurdanik, pentsatu nuen, etsipenaren oroigarri izango dut Biblia. Eta ez nintzen irakurtzera ausartu.

      Ez zaitut aspertu nahi nire gogo-oinaze guztien berri emanez. Ene emazte gaixoak zerbait egin zuen nire penak eztitu nahian, baina, berriz ere, hainbeste zor nion lagun zerutiarrak hartu zuen ni lasaitzeko ardura. Behingo honetan inoiz baino luzeago, inoiz baino are benazago, mintzatu zitzaidan. Laster egin nuen topo berarekin berriro. Jainkoaren bideak azaldu zizkidan, baita erakutsi ere zein premiazkoa duten damua haren zerbitzariek. Atsekabean zenbat gupida datzan, eta zorionik preziatuena, seme-alabei bezala, guri ere zetorkigula malko eta intziriekin batera.

      Erakutsi zidan proba gogorrak ezartzen zaizkigula, ahots larderiatsu batez gure arreta deitzeko, munduko eta bekatuzko axolagabekeria hilkorretik alde egin dezagun. Eta egoera berri, hobe horretara behin itzuliz gero, gure eroapen eta fedea agertzeko.

      — Zenbat eta ezbehar gehiago suertatzen zaizun hainbat hurbilago duzu Jainkoa. Goibelaldietan datorkizu ikustera; eta goibeltasun hori alaitasuna bezalaxe, haren presentziaren erakusgarri duzu. Orduan beste nahigabe batzuk jo bazintzate, gogoratu hau: izan ezazu egonarri eta fedea, bedeinka ezazu Jainkoaren izena.

      Luze gabe proba gogor eta mingarriago bat pairatu beharko nuela banekien ere, zoriontsu eta kontsolaturik itzuli nintzen etxera.

      Artean etxeko guztiak apopiloarekiko beldur gaindiezin berberak harturik ginduzkan. Betiko ohitura bitxiak atxikitzen zituen eta zarata azalgaitz berberek egonezina sortzen ziguten. Haren ateari gaiztotasun eta herio hats bat zerion, gorrotoz eta ikaraz, gutako inor bertatik igarotzera ausartzen ez zelarik.

      Zilegi bekit orain albait laburren ene azken proba handiaren nondik norakoa kontatzea. Goiz batez, emaztea etxeko lanak burutzen ari zela, eta ni neu hiri aldera irtetekotan, egongelara sartu nintzen, eraman behar nituen gutun batzuen bila. Nekez adieraz dezaket sentitu nuen nahigabea, gelan barneratu, eta etxetiarra ikustean leiho ondoan eserita, gure alabatxo maitea altzoan zeukala.

      Ateari gibelaz itzulirik zegoen arren, aise konturatu nintzen arnasgailua ahotik kendua zuela, eta antiojo berdekara nazkanteak berriz, begien paretik goratuak. Eserita zegoen mugitzeke, eta aurpegia umearenetik hurbil zeukan.

      Zur eta lur geratu nintzen une batzuetan haiei begira. Nolabait ohartu bide zen ene presentziaz, zeren, nire etorreraz jakinaren gainean zegoela adierazteko, burua jiratu edo zirkinik ere ez egin arren, ahoa estali ohi zion lepokoa jantzi eta betaurrekoak zegokien lekuan jarri baitzituen.

      Haurra apopiloa bezain geldirik zegoen, honen belaunen gainean eserita; begitarteak, hilotz batena bezain zurbil eta zurrunik, izu lainotsu bat besterik ez zuen adierazten; eta begiak josiak zituen etxetiarraren aurpegian.

      Zirudienez, umea ez zen nirekin erreparatu. Eldarniatu, liluraturik zuen behakoa. Arnasarik ere hartzen ez zuela iruditu zitzaidan. Larritasunak eta lazturak gainditu zuten azkenik ene espantua.

      — Baina... baina zer da hau? —oihu egin nuen—, zer du ene umetxoak, ene ume maiteak?

      — Hori jakin nahi nuke nik ere —apopiloak, hotz eta motz—; hauxe gauza bitxia...

      — Zer dun, laztana? —galdetu nion berriro umeari, sutan oraingoan.

      — Ea zer duen? —apopiloak—. Argi dago, ene ustez: umea hilik dago...

      — Ai ene errukarria! —oihu egin nuen erdi haserre, erdi izuturik—. Zeuk egin diozu deabrukeriaren bat! Zeuk ikaratu duzu. Emadazu ene haurra; Emadazu, ba!

      Hitz hauek garrasika esan nituen, ezin urduriago zorua ostikatzen nuelarik.

      — Lasai, gizona! —apopiloak, mespretxuzko irribarre ezain batez— umea artega dago, eta horrela jokatuz gero, are urduriago ipiniko duzu; egon isilik eta laster hasiko bide da hizketan. Belaunen gainean eduki dut puxka batez, baina txoriñoak ez dit esaterik izan zer duen.

      — Utzi haurra bakean —oihu egin nuen ihortziri mintzo batekin—; bakean uzteko!

      Hilotza bezain geldi zegoen haurra harturik, zutik jarri zuen leiho ondoan, bera ere zutunduz, hauxe baino esaten ez zuela:

      — Lasaitzen zarenean zernahi galdetzen badidazu, gogo onez erantzungo dizut. Umea gaixorik dago. Izutu duen zerbait ikusi duelakoan nago.

      Hau esanda gelatik irten zen. Amesgaitz ikaragarri baten erdian mintzatzen, ikusten eta ibiltzen ari nintzela iruditu zitzaidan. Haur laztana besoetan hartu eta amarengana eraman nuen.

      — Zer da hori? Jainkoaren izenean, zer gertatu da? —amak, garrasika, haut gaixoa bera bezain zurbil bihurtzen zelarik.

      — Egongelan aurkitu dut, eta gizon edo deabru horrek altzoan zeukan, begietara so egiten zion bitartean. Erabat izuturik dago.

      Ai ene Jainkoa! Bereak egin du... hilik dago! —esan zuen ama gaixoak zotinen artean, haurraren korderik gabeko aurpegi zuri eta gogohilari hegira.

      — Fanny, Fanny maitea, esagun gaixorik hagoen —nik oihuka, ikaraturik, neskatoa bihotzaren kontra estutzen nuela.

      — Esaion gaixorik hagoen heure amari, laztana! —emazte malerusak, oihartzun bat legez—. Ene haur laztana, arren, mintza hakio heure ama gaixoari.

      Dena alferrik. Begi handitu berberak erruki eske; aurpegi zurbil berbera, basa eta mutu. Leiho irekira inguratu genuen; ur hotza edanarazi; aurpegia busti... Gertu samar bizi zen botikariaren bila igorri genuen norbait, eta berehala azaldu zen, osagailu lasaigarri multzo bat aldean zekarrela. Guzti hauek ere, alferrik, ordea.

      Orduak joan, orduak etorri. Umeak so egiten zigun mintzatzeko edo negarrari emateko irrikan egongo balitz bezala, baina ez zuen tutik ere esaten. Noizbehinka arnasa luze hartzen zuen eta orduan bazirudien zerbait esateko prest zegoela, baina mutu zirauen ezinbestez. Maiz eskua jartzen zuen eztarri aldean, bertan minik edo trabaren bat bailuan.

      Bizi naizen artean ez zait inoiz ene alaba eriaren erretratu hits eta lazgarria osatzen zuten marratxoetako bat ere ahantziko. Suspertze zantzurik agertzen ez zenez, orduak pasa ahala emaztea eta biok artegatzen hasi ginen, azkenean umearen egoera larriak zeharo ikaratu gintuelarik.

      Gau aldean mediku bat ekarri genuen. Haurra nolabait ikaraturik izan zela esan genion, hori baitzen bururatzen zitzaigun arrazoi bakarra umea horrela egoteko.

      Esan beharra dago, izenik aipatuko ez diodan gizon hau, medikua, alegia, goi mailakoa zela ziharduen lanbidean, eta ez nuela beraz, aurrekoetan ederki frogatua zuen trebezia, zalantzan zer jarririk.

      Nahiz eta galdera ugari egin zigun, gure erantzunek galarazten bide zioten diagnosia egoki batetara iristea. Bazegoen ezohizko zerbait kasu honetan, dudarik ez, eta, argi nekusanez, kasuak bazituen medikua harritu eta txunditzen zuten zenbait ezaugarri.

      Hala ere, errezeta izkiriatu zuen azkenean, bederatzietan itzuliko zela agintzen zigularik. Okertzen ez banaiz, bazegoen zerbait haurraren bizkar hezurra igurzteko, hala nola beste osagarri batzuk.

      Baina sendabideok besteak bezain alferrak suertatu ziren. Lur jota eta aztoraturik, begira jarri ginen, medikuaren aginduak betez, umea ipini genuen ohe ondoan. Haren egoera aldagaitz hark erabat etsiturik gintuen. Abaildu berria zen egunak ez zuen inolako aldakuntzarik ekarri joaldi gaizto haren itxura beldurgarrian. Edozein aldaketa, txarrerako izanda ere, hobe zatekeen pairuzko egonaldi geldo eta etsigarri hura baino.

      Osagilea agindutako orduan itzuli zen. Bere errezetaren arrakasta eza ikusita, etsiturik zirudien oso. Umearen eskumuturra hartuz eta bi atzamarrekin oratuz, ardo xorta bat eman behar zitzaiola esan zuen. Azkenengoan ikusia zuenez geroztik, eriaren bizi indarrak oro txit ahulduak ziren. Begi bistan zegoen kasua bitxia bezain nekeza iruditzen zitzaiola.

      Ardoa edanarazi genion umeari, eta beronen taupadak areagotu ziren puska batez, baina laster makaldu ziren berriz ere. Medikua eta biok supazterrean geunden zutunik, haur laztanaren sintomei eta suspertzeko aukerei buruz ahapeka elkarrekin mintzatzen, umearen ohe ondotik inoiz ere aldendu ez zen ama gaixoaren deiadar larri batek isilarazi gintuenean; behingoan, garrasi hau negar-zotin mingotsa bihurtu zen.

      Umetxo gaixoak beso-zangoak luzatu zituen bat-batean eta azken hatsa eman. Heriotzaren hazpegiak nahastezinak dira: mintzez estalitako begia eta matelezur eroria aise antzematen dira behin ikusiz gero. Noizbait, ordea, egia latza zein den ongi jakinda ere, itxaropenari eusten diogu; eta amak, bere senetik at, dei egiten zion medikuari, harrizko irudi bat mugiaraz zezakeen eroaldi batean, bere haur laztana ez zegoela hilik esateko —ez guztiz hilik, bederen—; artean zerbait egin zitekeela; ezinezkoa zela dena amaiturik egotea. Osagileak isilean ulertarazi zion ez zegoela jadanik bizi izpi bat ere soin tipi hura inarrosten zuenik.

      — Dena amaitu da —esan baino, xuxurlatu egin zuen; eta nire eskua maitekiro estutuz zera erantsi zuen: «kontsola ezazu zeure emazte gaixoa». Isilune baten ondoren gelatik irten zen.

      Ustekabe kolpe honek txunditu egin ninduen. Ume hilari so egin nion; gero ama dohakabeari. Oinazea eta gupida nahastu ziren kalte eta hondamena besterik ez zekarkigun izaki higuingarri hura etxean egoteak gogoan sortzen zizkidan sumindura eta korromioaz. Herra gobernagaitza hazi zen ene bihotzean; lipar batez grina sutsu hauek berarekiko ohizko beldurra estali zuten. Isilean kandela bat hartu eta eskaileratan gora abiatu nintzen. Katu madarikatuak atalondoa azkar zeharkatzen ikusteak, hala nola beranduegi izateak duda-mudatan eduki ninduten une batez. Dena dela, hain urrun joan nintzen non ahalkeak adore eman baitzidan aurrera jotzeko. Ikaraldi laburra gainditu eta luzaro izutua ninduen eragin hari erronka egiteko erabaki sendoa harturik, atea kax-kax-kax jo eta aldi berean bultzada batez zabalduz, apopiloaren gelan barneratu nintzen.

      Barruan kandela pizturik ez zuenez, bertako argi bakarra leihotik sartutako «iluntasun ikusgarria» zen. Eskuan heltzen nuen kandelak nekez argitzen zuen egoitza handia; baina apopiloaren mamu-antzeko irudia ibiltzen baino gora eta behera igeri ikusi nuen leiho ondoan.

      Inoiz baino gorrotagarriago zitzaidan arren, aurrean nuelarik berezko beldur hura etorri zitzaidan atzera. Buruz buru jarri eta hurbiltzen hasi zitzaidan mintzatu barik. Bazen zerbait izugarri bezain adiera ezina niganantz hurreratzen bide zuen erakarpen isil hartan, Pixka bat atzera egin behar izan nuen zera esan aurretik:

      — Badakizu zergatik etorri naizen. Umea hilik dago!

      — A, hilik al dago? —esan zuen iseka tonu nazkante batez.

      — Bai, hilik! —oihu egin nuen hezur-muinak berak izoztu zizkidan zirrara batez—; eta zeuk hilarazi duzu, bestea hilarazi zenuen bezala.

      — Nola? Neuk hilarazi? Bai zera! —berak, gero eta hurbilago.

      — Bai; zeuk hilarazi duzula esan dut —nik berriz, oihuz eta soin-atalak oro dardarka, baina inoiz gizonak, gogoz beste, beraien burua suntsi dezaten eskatzera behartzen dituen eromen itsuaz—. Ukatu, nahi baduzu, baina zeu izan zara ene haurraren hiltzailea. Madarikatu hori! Deabru hori! Ez da harritzekoa, gero, umeak ez bazuen infernuaren beraren hats eta dirdira jasaterik izan!

      — Eta zu al zara zeure Egilearen onespenik gabe txolarre bat ere lurrera ez dela erortzen sinesten duten horietakoa? —esan zuen sarkasmo hormatuaz—; hau al da etsipen kristauaren eredu? niri, gizarajo bat besterik ez naizen honi, leporatzen didazu Jainkoaren ekintza hau; irainez estaltzen nauzu, deabrua engainatu asmoz Zeruko aginduen aurka jazartzen zarelarik. Infernuaren hats eta dirdira, ezta? Esan nahi duzu erantzi nituela hau eta hauek (aho-estalkia eta begietakoak hurrenez hurren ikutuz) oraintxe bertan egingo dudan legez, ikus dezazun ez dela bat ere kaltegarria.

      Begi bistakoa zen azken hitz hauetan zegoen mehatxu kutsua.

      — Hiltzaile eta gezurtia besterik ez zara burutik oin-puntetara. Hementxe nauzu, desafiatzen zaitut! —oihu egin nuen izuak eta gorrotoak eroturik, zorua bortizki ostikatzen nuela.

      Hau esandakoan, ene begien aurrean maizterra ilundu eta handitzen zela iruditu zitzaidan. Ene zentzumenak, pentsamenduak eta sena nahaspilatu ziren erabat, borondate arrotz eta boteretsu bat nire burmuinaren eginkizunez jabetu izan balitz bezala. Ez nekien herioak, zoramenak edo deabruak, zeinek hartuko ote ninduen; baina nolabaiteko hondamen izugarria gertatzear zegoen. Guzti hori gainean zetorkidala ikusita, deiadar egin nuen agoniatan, Hirutasun Sainduaren izenean hagorandu ez nazala eskatuz.

      Zurturik, txunditurik, mozkorraldian eroritako gizon bat altxatzean bezala, hozkirri eta hatsik gabe nengoen leku berean, ene begietarako Lurtarra ez zen eitea hartua zuen gela aldera so. Smith jauna kikildu eta uzkurturik zegoen itzalpean, leihotik gertu, eta isilune baten ostean ezohizko menekotasuna adierazten zuen karranka sumindu batean hitz egin zidan.

      — Zilegi al deritzozu jaun baten logelara gau beranduan sartu eta horrela oldartzea, berbarik lizunenekin irain egiten diozula? Ene aurkako salakuntzarik egin behar baduzu, egizu, bada; auzitara joko dugu. Uste baldin baduzu zorigaiztoko afera honetan erruduna naizena, epaileari deitu, auzia aztertu eta argi dezan; argitzekorik balego, bederen. Bizkitartean ardura zaitez zeure gauzetaz eta utzi niri gauza bera egiten. Dena dela, badakit zein den zure asmoa: zure etxetik joan nadin nahi duzu, eta horrexegatik saiatzen zara leku hau gorrotagarri gerta dakidan. Alferrik zabiltza, ordea; eta ene aurka halako salaketa kriminalak egiten jarraitzekotan, kontuz ibili, gero; zeren joko horretan bi lehiakidek har baitezakete parte.

      Isilpeko zinkurin bat zegoen guzti honetan, lehenagoko tonu hotz eta mehatxugarriaren aldean bitxi samar suertatzen zena.

      Hitz bat ere erantzuteke ihes egin nion, eta nire emazte gaixoa negarrez zegoen gelan berriro sartuta ere, ez nintzen lasai sentitu.

      Izu eta nahigabeturik eman genuen hurrengo gaua. Gure haurra galtzea ordurarte pentsatzera ere ausartu ez ginen ezbeharra zen. Alegiazkoa zirudien, ametsezko zerbait. Denbora pasa ahala, leherrak egin behar izan nituen egia ikaragarria, huraxe zela onartzeko; artean bizirik eta gelaz gela korrika ari zeneko sentsazio zaharra burutik kendu ezinik nerabilen; edozein unetan haren ahots eta urratsak entzun ondoren, umea gelara sartzen ikusiko nuela iruditzen zitzaidan. Hala ere, sakonean zeharo asaldatua eta izulaborriak hartua nengoen, jasotako zartadaren ondorioz. Eta gainera hortxe zegoen nekadura neurrigabe hura, obsesiozko amets batetik itzultzen den gizonarena bezalakoa, eta galdera: «nola gertatu ote da ezbehar hau?», eta erantzuna! erantzun erraz eta izugarri hura, alegia. Guzti honen erdian ene buruan maizterraren irudi goibel eta handitua ageri zen, gau hartan bere botere dongeaz aurre egin zidan gisa berean. Azaldu ahala hotzikara batez uxatzen nuen irudi hura; baina orain ere honenbeste denbora igarota, ezinezkoa zait izkiriatu berri ditudan orriotan adieraztea zer sentitzen dudan haren hazpegi higuingarriak oroitzen ahalegintzen naizenean.

      Ez nion emazteari ikuskizun gorrotagarri honen berri eman, beronek sortutako lazturak sobera gertaberriak baitzitzaizkidan. Narrazio izugarriari ekiteko ausardia falta nuen. Beraz, haren ondoan eseri nintzen, beraren eskua nirean gorderik: nion amodioa zen eskaini niezaiokeen kontsolamendu bakarra.

      Azkenean, negarrak ahiturik, ume baten antzera hartu zuen loak; atsekabe handiak ematen duen lozorro hits eta gogorra egiteko. Niri zegokidanean, arimaren ezinegonak hain izugarri eta sakona izanik, galarazi egiten zidan atsedena. Halabeharrez ene begiek jo zuten mahai gainean zabalik, goizean utzi bezala, zegoen Liburu Saindua. Eta topatu zituzten lehen hitzak hauexek izan ziren: ... zeren gure damu tipiak, lipar bat baino irauten ez duenak, neurriz gaineko loria eternala baitakarkigu». Esaldi dohatsu honek ene arreta erakarri zuen, bihotzera bozkario xirripa isurtzen zidala. Gau goibel hura ia osorik eman nuen kontsolamendu eta jainkotiar zuhurtzia biltzen goitik argitutako iturburu beretik.

      Biharamunean herioaren jopu eta hornitzaileak ohi diren erostari, zerraldogile eta ehorzleen bisita gorrotagarria suertatu zen. Zergatik ez ditu zibilizazioak itxurakeria higuingarri hauek desagerrarazi? Zer egin dezake gorpu gaixoak apaingarri, burko, zapi eta azken bidaia egiteko ematen zaion gainerantzeko ekipaiarekin? Ba al dago hildakoa maite zutenen dolu eta penaren aurkako laido handiagorik; moralaren kontrako fartsa eta iseka gordinagorik?

      Aspaldi luzean haur-txokoa deitu ohi genuen gelan, orain mutu eta desolaturik, hilkutxa zabalik zegoen, beztitutako gure haur maitea barruan zetzala. Oheratu baino lehen bisitatxo bat egin genion. Hurrengo goizean tapakiak estaliko zuen aurpegi ezti hura nebaren aldamenean nola ipintzen zuten ikusiko nuen. Luzaro so egin genien herioaren bake paregabeak ederragotzen zituen hazpegi ezagun eta maitatuei, zer goxo eta politta zegoen zotinen artean elkarri xuxurlatuz; gero negar batean lehertu ginen.

      Ordu luzeetan zehar solas eta negarretan aritu ginen elkarrekin harik eta, azkenean, neka-neka eginda, loak hartu gintuen arte. Emazteak iratzarri ninduen esanez:

      — Uste dut hileta-gizonak etorri direla...

      Artean ilunpean egonik, ez nuen erlojua ikusterik; baina goizean goiz etortzeko ziren eta negua izateagatik gauak luzeak zirenez gero, ez zatekeen harritzekoa ordurako helduak izatea.

      — Zergatik uste duzu hori? —galdetu nion.

      — Ziur naiz haur-txokoan entzun ditudala —berak erantzun—. Oi, Fanny, Fanny maitea! Ez utzi, arren, zerraldoa ixten, ene haur laztana berriro ere ikusi arte!

      Ohetik jaiki eta jantzi batzuk ipini nituen bizkor asko soinean. Atea zabaldu eta adi-adi geratu nintzen. Mailu-hots motel baten antzeko zerbait zetorren haurtxokotik.

      — Bai laztana —esan nuen—, etorri direla uste dut. Zuk umea ikusi arte itxaron dezaten eskatzera joango naiz.

      Eta hau esanda azkar abiatu nintzen gelatik.

      Gure logela eskailera buruko atalondotik hasita, korridore labur baten amaieran zegoen, eta haurtxokoa atalondo berberaz beste aldera jotzen zuen pasabidearen azkenean. Hara hurbiltzen nintzela, argiago entzun ahal izan nituen aipatutako hotsak. Artean argi-zirrinta piztu ez arren, ilargiaren dirdira leihoetan barna sartzen zen. Sinesgaitza iruditzen zitzaidan goiza hasiera batean uste izan genuen bezain aurreratua izatea; hala ere, orain gezurra badirudi ere, inolako susmo txarrik hartu gabe, haur-txokoaren ateraino joan nintzen. Apretak jantzirik neramatzanez ez nuen oinotsik sortu: atea ertirekia egoteak argi eta garbi erakusten zuen gu joan ginenetik norbait sartua zela. Barneratu egin nintzen. Atarian laborriak geldiarazi ninduen.

      Hilkutxa zurkaitz baten gainean jarririk zegoen gelaren atzean, oinak ate aldera begira. Aldameneko leiho zabalari zerion ilargi printzak bete betean isurtzen ziren zerraldo eta inguruko altzarien gainean.

      Hilkutxaren oinetan gure maizterraren irudi baldarra zegoen zutik. Gorpuaren aurpegiari tinko begiratzen zion, antza, apur bat makurturik, eta noiz behinka hilkutxaren ertzak joka hasten zen, lozorro dagoen norbait iratzarri nahi denean bezala. Umearen gorputz gainean, zoratu gisa pausaturik, sarri askotan aipatu dudan piztia nardagarria, katua, alegia, musturka ari zen hil-zapien artean.

      Talde bitxi honi une batez beha gelditu ondoren, ikaraz beterik egin nuen deiadar.

      Hotsean apopiloak alde batera egin zuen salto, txunditurik bezala; baina katu zantarrak gorpuaren gainean iraun zuen niri so, deabru zelatari baten antzera, lepoa konkortu eta begiak dizdiz, marraka ari zelarik.

      Bat-batean apopiloa bizkor hurreratu zitzaidan; mekanikoki obeditu nion bazter nendin agintzen zidan keinuari eta gelatik alde egin zuen.

      Gaixorik eta zorabiatuta itzuli nintzen logelara. Aitortu behar dut ez nuela adorerik izan infernuko piztiari aurre egiteko, ume hilaren gelan, jaun eta jabe geratu zelarik.

      Ez nion gertaera honen berri emazteari jakinarazi denbora luze samarra igaro arte. Eta laster suertatuko zen jazoera mingarri batekin ene buruan elkarturik ez balego, ez nukeen hemen aipatuko.

      Goiz hartan, lekuko nintzela, ene haur maitearen ehorzketa izan zen. Goibel eta nahigabeturik nuen bihotza. Baina bertan on guztien izpirituak soilik eragin dezakeen aldaketa nabaritu nuen, eta nire neurriz gaineko eskerrona eman nion gertaerak oro apailatzen dituenari. Jainkoarenganako amodio eta beldurra, sendo haziak ziren ene baitan; apalki makurtu nintzaion haren borondate izugarriari; pena itzel hura igorri zidan haren ontasun, zuhurtzia eta gupidan uste osoa nuen. Baina ezbehar honi lotutako ustekabe batek laster ipiniko lituzke proba gogorrean ene konfiantza eta eroapena.

      Artean goiz zen, elizkizun goibelak buruturik, etxeratu nintzenean. Emazteak, gero jakin nuenez, ohe gainean jarraitzen zuen. Baina norbait nuen zain etxe aurrean eta atea jo aurretik ireki zidan. Nor eta maizterra.

      — Zure aiduru izan nauzu, onuragarri suerta lekizukeen zerbait esateko asmoz, baina dagoeneko beranduegi ez ote den beldur naiz. Penagarria, benetan, zu honen odolbero eta astigabea izatea; ziur naiz ez zenidala entzun nahi izango gaur goizean. Ez dakizu ze haserrekor eta zakar zaren saindu bihurtuz geroztik: baina hori zure arazoa da, ez nirea. Gaur goizean alabatxoa lurperatu duzu. Elkarren aurkako legearen arabera gauzak oro neurtuz, maltzurkeriak asma ditzakeen gaitzik ankerrenetan ontasuna besterik ez da ikusten besarkatu duzun fedeaz. Hartaz ederki baliatu beharko duzu borondate ona eta errukia ikusteko, emaztea eta zu, arrazoirik gabe, jo berri zaituzten ezbehar krudel eta ikaragarrian. Nekez onartu ahal izango duzu esan behar dizudan hau, segurtasun osoz esan ere: ha! ha! barregarria litzateke bihotz-erdiragarria ez balitz. Izan ere, zure alabatxoa bizirik ehortzi dute, ulertzen duzu? Bizirik. Ene bizitzaren gainean zin dagizut ez zegoela hilik hilkutxan zetzanean.

      Banekien izaki madarikatu hura pozarren zegoela murgilarazi berri ninduen lazerian ikusita. Ez dakit zergatik, baina bere ezpainez iragarritako edozein hondamenek egiazkoa izan behar zuela iruditzen zitzaidan. Berak sortutako laborrizko arnasesturak menderaturik, beldurrez edo agian itxaropenez bihotza taupaka, atzera itzuli nintzen albait azkarren, ene laztana zetzaneko hilerri urrutira.

      Bide bihurgunean hiri aldera astiro zihoan zalgurdi batera igo nintzen itsumustuan, eta ***ko elizara abia zedila eskatu nion, gidariari, ordainez zernahi eskaintzen niolarik. Gizona harriturik zegoen, berarekin zoro edo gaizkileren bat ez ote zeraman duda-mudan. Nola edo hala agindutako saria gogoan zuelako edo, zaldia akuilatu zuen gogor; nik, zalantzek gainartu eta ziztua biziagotu zezan, oihuka promes berriak egiten nizkiolarik.

      Azkenik, ia etsipeneraino luzetsi nuen arren, oso denbora laburraren buruan xedera heldu ginen. Orain beste hilobi batean lanean ari zen ehorzlea deitu eta nire atzetik ekarri nuen. Nik neuk hartu nuen beste aitzur bat, eta ehorzleak, nire agindu arrenkuratsu eta amorratuak betez, inoiz ez bezala egin zuen lan. Lur xehea hegaldatuz zihoan azkar zulotik, hilobi estua gero eta sakonagotzen zelarik. Azkenean hasperen egin nuen —Eskerrak Jainkoari!— zerraldoaren goialdea azaltzen ikusitakoan. segundo batzuk beranduago nire ondoan zegoen, belardiaren gainean, eta ehorzleak eta biok, palen ahoak erabiliz, erauzi genion estalkia.

      Hortxe zegoen hilotza —baina ez azkenengoan ikusia nuen irudi lasai harekin—: belaunak altxaturik zituen, eta esku txikietako bat tinko itxirik eztarritik gertu, estalkia gainetik kentzeko alferrik burruka makal bezain etsigarrian aritu balitz bezala. Azkenengoan itxirik ikusi nituen begiak zabal-zabalik zeuden, eta lehenagoko aurpegi zurbil eta barea, ubel eta bihur bilakatua zitzaion.

      Guzti hau une batez besterik ez nuen ikusi ahal izan, hurrena, konortea galdurik, ene begi-bistatik desagertu baitzen.

      Senera etortzean sakristiara eramana nindutela ohartu nintzen. Hilkutxa eliza barnean zetzan, jende multzo batez inguraturik. Jaun osagileak arreta handiz aztertu zuen gorputza, guztiz hilda zegoela baieztatuz. Deskribaezinak dira hartu ninduten laborri eta larridurak. Ene haurraren hiltzailea nintzela sentitzen nuen. Nahiz eta inolaz ere ez zela biziko etsiturik egon, orduan Londresen lanean ziharduten aipu handiko hiru sendagileren bila bidali nituen mezulariak. Denak bat etorri ziren: haurra hilerriko gorpurik zaharrena bezain hilotz zegoen.

      Haatik, berriro lurperatu zezaten baimena ukatu nien hainbat egunetan, harik eta, usteltze aztarna nahastezinak agertuta, irudimenik sukartienak ere zalantzak oro baztertu arte. Kontakizun honen bukaera aldera hurbiltzen naizelarik, esan beharra daukat bidenabar, aipatu dudan gertaera hau bere garaian lau haizeetara zabaldu zela, jendearengan berebiziko hunkipen eta zirrara sortuz.

      Etxerako bide erdia zalgurdiz egin nuen. Gero gidariari ordaindu eta oinez ibili nuen gainerakoa. Bidean, nekez deskriba dezakedan bihotz-ikaraz, hainbat zor nion izaki onberarekin egin nuen topo. Korrika abiatu nintzen harengana, eta haren oinetara makurturik lurra musukatu behar nuela iruditu zitzaidan. Mintzoaz bihotza ematu eta kontsolatzera zetorkidala jakinarazi zidan bere jainkozko begitarte ederrak.

      Umiltasun eta eskerronez edan nituen haren ele zuhur eta sainduak. Ez dut hemen aipatuko nire gogo makala berotu eta suspertzeko erabili zuen hitz etorri gozoa, Jainkoaren jite eta borondate ezkutua azaltzen zizkidan bitartean. Ene bihotzari arraitasun berezia, bakea eta konfiantza zerizkion. Bertan estura eta hondamena, aurreko goibeltasuna galdurik, distiratan ari ziren orain, ilunabarreko izpi eztiek argitu hiri hondakizunak bailiran.

      Elkarrizketa honetan ordurarte beste guztiei gordetakoa agertu nion, hots, adur gaiztoko maizterrak nigan sortzen zuen beldur neurrigabea —hitzon zentzurik zabal eta izugarrienean—, hala nola etxetik joan zedin ene irrika bizia. Lagunak zera ihardetsi zidan:

      — Aipatu duzun gizakia ezagutzen dut. Horrek ez dizu zuri, ez beste inori ere, gauza onik opa. Berak ere ezagutzen nau, eta aditzera eman diot honez gero bakean utzi behar zaituela; ez zaituela berriro bisitatu behar. Izan zaitez sendo eta adoretsua, fida zaitez Jainkoaz beronen semearen bitartez, soldadu on bat bezala, eta hori baino are ahaltsu eta gaiztoago den etsaia ere garaituko duzu: gizateriaren etsai ikusezina, alegia. Ez da beharrezkoa berriro ikus dezazun zeure apopilo errebesa, edo eta berarekin mintza zaitezen. Dei egiozu ataritik eta agindu Jainko Sakratuaren izenean arratsalde honetan bertan alde egin dezan etxetik, dagokion guztiarekin batera. Badaki joan behar duela eta zure agindua beteko du. Baina zeuk ere hustu beharko duzu etxea lehen-bait-lehen, nekez aurkituko baituzu bertan bakerik. Zeure oroitzapenek erasan egingo dizute eta gainera beste zenbait izpirituk ere babeslekutzat hartu dituzte haren gela eta hormak. Misterio kutsua hartu nien hitz hauei.

      Zilegi bekit orain, nire gomuten narrazioa burutu aurretik, hitz pare bat esatea gertakizun higuingarri hauek suertatu zireneko etxeari buruz, zeinetan harrez geroztik, ez bainintzen luzaro bizi izan. Bada, geroago etxe hartaz ikasi nuenak esplika ditzake nolabait hitz hauek.

      Herrixka batean ez da zail ulertzen zergatik sorgindutako etxe batek eusten dion fermuki bere jite beldurgarriari. Auzo txikiak eskandaluzaleak dira; eta halako lekuetan ospe ona galtzen duen etxeak, emakumeak bezala, ez du berriro osorik inoiz berreskuratuko. Londres zabalean, aldiz, bestela suertatu ohi da; hortaz, goian aipatu guztia jazo zeneko etxetik gu joan eta bost urtetara ez ninduen gutxi harritu honako hau jakiteak, hots, bertara aldatu zen familia errespetagarri batek alde egin behar izan zuela, aspaldiko gure maizterraren gela iturburutzat zeukaten zarata esplikagaitz batzuk zirela medio. Deskribatutako soinuen artean, oinotsak ziren, etengabe, makulua lagun, gela-zorua zeharkatzen zutenak.

      Pasadizo honek biziki kezkatu eta akuilaturik, ikerketak egiten hasi nintzen arazo hau argitu asmoz. Ondorioak, ostera, ezer gutxi gehitu zion aurretiaz nekienari, salbu eta, susmatzen nuen legez, gure aspaldikoak ere —katuak, alegia— parte hartzen zuela kontu horretan; ezen gela hartan lo egin behar zuen zerbitzariak aditzera eman zuenez, bazen sartu-aterak egiteaz gain, ohe oinetan gora eta behera ilunpean zebilen zerbait. Zerbitzari berberak egun argiz ere entzuten zituen zapatetako zirrizarrak eta arropetako firfirak; eta sekula deusik ikusi ez arren, hain zegoen ikaraturik non etxearekin batera lanbidea ere uzteko erabaki sendoa hartua baitzuen.

      Soinu hauei erreparatu zietenetik taigabe aditzen zituzten: gelan zeharreko ibilera neurtua, ate ireki-ixteak eta makuluaren tapa-tapa desatseginak, alegia. Zarata guzti hauek behin eta berriz entzuten zituzten, harik eta, azkenean, aspertu, kezkatu eta beldurturik, etxetik aldegitea erabaki arte.

      Lau bat urte beranduago, hiriburua bisitatzeko parada izan nuelarik, Old Brompton-en barna paseatzera joan nintzen, ea oraindik etxea hutsik ote zegoen. Alferrik bilatu nuen han eta hemen, baina azkenean lehen egona zen lekua atzeman nuen: haren ordez adreiluzko bi etxe berri eta txukun zeuden, lorategi polit bana zeukatela. Antza, gure bizileku zaharraren aztarnak oro ez ezik, maizter misteriotsuarenak ere zeharo aienatuak ziren.

      Baina bil dezagun berriz istorio honen haria utzi genuen puntuan.

      Zerutiar arazoez ari ginela, lagun maitagarriak ene etxeko kanpo ateraino lagundu zidan. Sartzeko eskatu nion, atseden har zezan, baina ene gomitea errefusatu zuen; eta aldendu aurretik, familia eta biok bedeinkatu gintuen.

      Hau eginda, joan zen. Ene begiak jarraiki zitzaizkion desagertu arte, eta orduan etxe aldera bihurtu nintzen. Emazte maitea egongelako leihotik begira zegoen. Haren aurpegiak, herioa bezain aratz eta zurbilak, irribarre aingerutarra zeukan. Seriotasun dohatsu batez so egiten zigun. Joaterakoan, arrotzak bidali zidan bedeinkapenak eragin ezti eta saindua izan zuen ene bihotzean. Egongelara abiatu nintzen, emaztearen aldera: orain, umerik gabe, ni ninduen lagun bakarra.

      Zoraldi batean bezala altxatu zituen eskuak eta eskerroneko irribarre garbi berberaz besarkatu ninduen, hauxe esaten zuelarik:

      — Ikusi egin dut —bera da— ateraino lagundu dizun gizona, joan aurretik bedeinkatu gaituen hori. Ametsetan ikusi nuen berbera duzu ongi zainduko zuela eta oso-osorik atzera emango zidala esanez, mutikoa ene besoetatik jaso zuen berbera, esan nahi dut.

      Ordudanik mende laurden bat baino gehiago iragan da; Jainkoak beste seme-alaba batzuk eman dizkigu, sehaskatik heldu arora zorionez bete eta harroarazi gaituztenak. Zenbait nahigabe eta zorigaitz ere jasan ditugu inoiz; baina, oro har, dohatsuak izan gara neurriz gain. Joritasunak aspaldi xahutu zituen res angusta domi-ren ardura guztiak, lagun hurkoari laguntzeko gure ahalmena indartzen zuelarik. Jainkoak emana da eta Jainkoa da, guk uste, sari banaketa horren aztertzailea. Jainko ongileak seme-alaba eta —nork esango?— iloba ugariz hornitu gaituenez, amodiozko dohainak nori eman eta nondik jaso ere badugu. Familia eta etxea maitagarriago bihurtu zaizkigu beste ezer baino, ez bada Kristau guztiok osatu beste familia handia elkartuko den etxe bedeinkatu hura.

      Ene aspaldiko minkide eta maitaide kutuna oraindik bizi da, Jainkoa bedeinkatua izan bedi! Biziaren arrats-beherako margoak harengan pausatu dira dagoeneko; baina antzinako amodio-oroitzapenen kariaz aldakaitz izaten zait haren edertasuna. Zeure morroi apal honi dagokionez, izatez zein itxuraz, emaztea baino askoz zaharkituago dagoela esan behar. Denborak ikatz koloreko kizkurrak ebatsi dizkit, haien ordez elur adatsa eman didalarik. Baina lehen esan bezala, inoiz baino maitatzenago, eta, nik uste, mirestenago ere dugu elkar emazteak eta biok. Eta maiz ikusi ditut seme-alaba helduak irribarre maltzurrak elkar-trukatzen, gu haiei so ez geundelakoan, seguraski, zer amorante bikote ederra osatzen dugun pentsatuz.

 

 

Maizter misteriotsua
Sheridan Le Fanu

euskaratzailea: Luigi Anselmi
Erein, 1991