Maizter misteriotsua
Sheridan Le Fanu

euskaratzailea: Luigi Anselmi
Erein, 1991

 

 

1. ATALA

 

      1822. urte inguruan etxe handi, zabal eta eroso batean bizi nintzen. Haren kokalekuaren berri zehatzik eman gabe ere, esan beharra daukat ez dagoela oso urrun Old Brompton-etik, Londres hiri ospetsutik gertu, edo hobe esan (Connemara-ko irakurleek ederki dakiketenez), haren mugakide dela.

      Lehen esan bezala, zabal eta erosoa izan arren, etxe hau ez zen batere ederra. Adreilu gorri-beltzez eraikitako hormetan leiho txikiak ageri ziren, zerrenda zuri eta lodien artean. Erdi usteldutako kalostra astunez osatu berunezko balkoiaz inguraturik —ez zuen etxeetako burnisare makala, harlan gorrasta beraren luzagarri sendoa baizik— atalondoak ilunpean atxikitzen zuen ordu oroz ate nagusia.

      Etxetzarra hesiturik zegoen, agian eraiki zuten pondutik zuhaixkak eta loreak hazten zireneko esparru batean. Zuhaixketarik batzuek arbola izena merezi zuten, hain ziren lerdenak. Atalondoaren alde bakoitzean hagin txiki ilun bana zegoen tente, sorgindutako gaztelu baten sarbidea zaintzen duten adur gaiztoko epotxa beltzaranak bailiran. Ene bizilekuari, ordea, ez zegokion konparaketa hau, ezta hurrik eman ere: inork ez zion ezagutzen etxe sorginduaren sonarik. Inoiz fantasmarik izatekotan inork ez zituen gogoratzen. Ez nuen haren historia ezagutzen: konplot, akelarre, faltsifikazio, suizidio odoltsu eta hilketa ankerren lekuko zitekeen, Gaiztakeriaren berri jakiteko lain urte baitzuen. Kalostra azpian eta aipatu dudan atalondoko uztaiaren gainean zegoen harlauza txiki batek 1672.eko data eta, beti gerorako utzi gabe eskailera hartu izan banu, noiznahi azter nezakeen erdiezabatutako armarri bat zeukan. Etxeari dagokionez, esan dezakedan guztia zera da: urtetsua zela, erosotasun aire goibel batekin; gela eta gordeleku ugari zituen; eta askoz ere garrantzitsuago zena, mahuka izugarria izana zen niretzat.

      Haren bakantasuna atsegin nuen. Gustokoa zitzaidan berez zenagatik, nola burura zekarzkidan aierupenengatik ere, harik eta beste aierupen mota gorrotagarri batzuk haren xarma lehenik lausotu, eta gero desegin zuten arte. Haren adreilu gorri ilun eta leiho zuri estuak ez nituen aintzakotzat hartu, barruko aurpegi alai, maitatuak zirela kausa: Adinak leuntzen zuen haren ezaintasuna; haren hostaia goibelak eta goroldioz estali harrizko lorepoteak beraien artetik ageri edo belar gainean zanbuluka ari ziren lili alai eta lirainen kolore biziek eztitzen zituzten.

      Etxe zahar hartan zegoen ene biziko altxorra! Bederatzi urtetako neskato maitagarria nuen eta beste ume maitagarri bat —mutikoa— lau urte besterik ez zuena; eta esangaitza bada ere, beste inor baino are maiteago nuen emaztea —Londres osoan zatekeen emaztetxorik politen, alaien eta onena—. Urteko gure diru-sarrerak 380 liberataraino nekez heltzen zirela esaten dizudanean ohartuko zara gure bizimodua ez zela oso oparoa; egiatan diotsut, ordea, lord asko baino hobeto bizi ginela eta nobleteria osoa baino are zoriontsuago.

      Zoriontasun honi, ordea, zerbait falta zitzaion. Honako hau berehala ulertuko du irakurleak, argi eta garbi jakitean, nituen dohain eta erosotasun guztiak gorabehera, fedegabea nintzela, aldi berean moralizatu asmoz inguru-minguru ibiltzetik gordetzen nauelarik.

      Ez nuen nik erlijio hezkuntzarik falta; aitzitik, neke handixeak hartu zituzten ene haurtzaroaz geroztik erlijioa ikas nezan. Ene aitak, herriko erretore zintzo eta lañoa, gogor ihardun zuen bera bezain zintzoa nendin entseiatuz; eta gutxienez lortu zuen aztura onak irakastea. Hala ere hamabi urte baino ez nuela hil egin zen. Askoz ere lehenago eraman zuen herioak ene ama, beronen itzal amultsua galdu nuelarik. Bizi izan nintzeneko barneskolan eta unibertsitatean inor ez bide zuen arduratzen ondasun zaharrak, hots, bizidenbora bete ondoren «agure on baten modura hiltzeak». Ene baliabideak erabili behar izan nituen, eta hauek, egia esan, ez ziren egokienak.

      Baliabideon artean Voltaire, Tom Paine, Hume, Shelley eta fedegabeen eskola osoa zegoen, neurtitzez zein hitz-lauz. Jarduera hau eta beronera estekatu ninduen birao antzeko su bizia, kontraekintza bezala har litezke neurri batean behintzat. Ene haur denboran zehaztasun eta laztura dorpe samar batek hertsiki lotuak zituzten urritasun eta goibeltasuna erlijio ideiari. Gorroto nion; hortaz, laster, adineko izatera heldu nintzenean, berarekiko neukan zor zaharra kitatzeari ekin nion neure erara. Bestalde, ezagutu ditudan fedegabe gazte guztiak bezala, handiputza nintzen neu ere. Azaleko ezagupen batzuk literaturaz —egiazko jakituriarik gabe— eta atxiki nuen doktrinaren ohizko hutsalkerien sail handi batek osatzen zuten ene sorta intelektuala. Nire gogaide gehienen antzera harro-harro nengoen fedegabe nintzelako; eta nire ezjakituria handian gogotik murgildurik uste izaten nuen elizara joan eta Biblia irakurri ohi zuenen artaldea baino askoz gorago nengoela; gainera harrokeria samurrez tratatzen nituen, bihozpera nintzelakoan.

      Ene emaztetxoa zintzoa zen oso, baita elizkoia ere. Ezkondua zen nirekin haren ustez ene arinkeria hura itxura hutsa izanik berehala desagertuko zelako, ene gogoaren gainean izatea espero zuen eraginez. Ene gaixoa! Bere burua engainatu zuen. Nahi zuen guztia egiten uzten nion, jakina, baina niri zegokidanez, erabateko sineskeriaren heinera ekarria nuen fedegabetasun hura. Fedegabe arrandia egiten nuen. Igandeetan elizan baino infernuan egotea nahiago nukeen; eta haurren buruetan bere arauak sartzetik emaztea ez gibelarazi arren, arreta handiz ekin nion neureak haien entzupideetan isurtzeari, ene laguntza zintzoak haien haur-buruxketan bere sineskeriaren hazi eztiak erein bezain laster, harrotzen ninduen aurreiritzi gabeko eszeptizismoarenak ereiten nituelarik. Arlo honetan ene zentzugabeko nahi gaiztoa bete ahal izatekotan seme-alabek ez zuketen erlijio hezkuntzarik batere hartuko, eta askatasun osoa emango zitzaien dauden sistema guztien artean —fedegabezia barne— aukera zezaten egokiena, halabeharrak, apetak edo interesak gidaturik.

      Gauzak horrela, pentsatzekoa da aipatu berri ditudanok egonezina ekarriko ziotela emazteari. Hala ere, biziki maite genuen elkar eta geure era apalean hainbeste ondasunen jabe ginen ezen erabat zoriontsu izateko erlijio kontuetan ere gogaide izatea besterik ez baikenuen behar.

      Baina nire familia txikia luzaroan poztu zuen joritasunak ez zuen betiko iraungo. Agindua izan zen gizon zuhurraren esaera zaharretako zenbait egia mingots frogatu beharko nuela eta batik bat honako hau dioena: «Ziurtasuna gorrotatzen duena ziurra da». «Lagun xalo m - - u' batek» nahastu ninduen (lehenago beste asko bezala) berrehun liberatik gorako iruzur batean. Informazio atsegin hau jakitera eman zidaten abokatu baten eskutitzaren bidez, bertan aholkatzen zitzaidalarik diru kopuru osoa astebeteko epean ordaintzea, ene aurkako neurri gogorragorik har zezaten nahi ez banuen behintzat. Eskatu izan balidate epe berean Pitt izeneko diamantea sortzea edo Buckingham lurraldeei dagokien titulua eskuratzea, eskakizunak ihardespen bera jasoko zukeen.

      Ez dut irakurlea gehiago aspertu nahi kezka ttiki honekin —niretzat handia bazen ere—; bakarrik esango dut lagun baten esku-zabaltasunak garaiz luzatutako aurrerapenak askatu ninduela legearen atzaparretatik. Aurrerapen hori, ordea, bi urteren buruan ordaindu beharko nuen. Konpromezu hau bete ahal izateko, emazteak eta biok, bilera batzuen ostean, erabaki bat hartu genuen, narrazio honen gaia osatzen duten ondorio bitxi eta tamalgarriak ekarriko zituena.

      Mantenu osoko apopiloa —edo mantenurik gabea— lortu beharrez egunkarian iragarki bat ipintzea erabaki genuen; gisa horretan une batez guk geure buruei agindutako ekonomi neurriak eta arrotzaren intrusioa jasanez gero, esandako epearen bukaeran zorra kitatuko genukeen.

      Beraz, astirik galdu gabe, iragarki bat idatzi genuen, bururatu zitzaigun fraseologia tentagarriena erabiliz, baina beti ere, Times egunkariaren zutabe lerroko kostuek iragarlearen erretorikan eragindako lakonismo ekonomikoa kontutan harturik.

      Zorigaitzekoak izan ginen nonbait, zeren hamabostaldi batean, iragarkia prentsan hiru aldiz zabaldu arren, bi eskaera baino ez baikenuen jaso. Bata osasun txarreko eliz-gizon batengandik —guk entzutez ezagutzen genuen debozio eta kaudimen handiko gizona bera, dagoeneko betiko atsedenera deitua izan dena—. Ene emazte maiteak biziki nahi zuen haren eskaintza onartzea, biok aldez aurretik ezarritakoaren azpitik bazegoen ere; gizonaren talentuak eta garrak ene bihotz fedegabe eta tematian eragin dohatsu bat izango zuelako esperantzak bultzatuta, zalantzarik ez. Nik, neure aldetik, ez nuen haren erlijio jite hori gogoko. Ez nuen seme-alaben buruak dogma mitikoz betetzerik nahi —horixe baitzen, hain zuzen, nire ustez gure Fede Deunaren dotrina— eta bai, ordea, behingoan alde egin zezala. Hortaz ez nuen haren eskaintza onartzerik izan; eta ordudanik behin baino gehiagotan uste izan dut ez nintzela behar bezain zuhurra izan horrela jokatzean. Beste eskaintza —nolabait esateko hain zen desegokia non ez baikenuen aintzakotzat ere hartu.

      Ordurako hasia nintzen benetan kezkatzen, gure proiektu txiki hark, kalkulatutako etekinak ekarri beharrean patrikak ia hutsik laga zizkidan; izan ere aipatu iragarkiaren kostuaz gain, eta etortzekoa zen apopiloa behar bezala hartu nahiz, beste zenbait gas tu txiki ere izan genituen, egoera normal batean inolaz ere hartuko ez genituzkeenak. Halaxe zeuden gauzak ene itxaropen flakatua laster berpiztuko zuen zerbait gertatu zenean...

      Neurriz gaineko morrontzarik ez geneukanez, gure umeak oso goiz hasi ziren beren kasa ibiltzen, eta ene alabatxoak, orduan bederatzi urte baino ez zuenak, bere zuhurtzia eta egoera berdintsuan egoteagatik berarekin olgetan aritu ohi zen jolaskide andana bat zituen zaindari bakarrak. Udako arratsalde eder batean laguntxoekin ohi bezala kaleratu ondoren, espero genuen baino lehenago etxeratu zen berriro, eta itzultzean arnasestuka zegoen, baita pozik ere.

      — Aita —esan zuen— oso agure on eta maitagarri bat ikusi dut, eta esan dit zuri esateko leku lasai batean ostatu hartu nahi duen halako lagun bat duela, eta bere ustez gure etxea erabat egoki izango zaiola, eta holako beste gauza pilo bat; hona zer eman didan!

      Eskua zabalduz subirano bat erakutsi zidan.

      — Honek ez du itxura txarrik —esan nuen nik emaztearekin begirada arrai bat elkar-trukatu ondoren.

      — Eta zer motatako gizona zen, laztana? —galdetu zuen ene emazteak— Dotore jantzirik al zegoen? Nolakoa zen?

      — Ez zuen ezagutzen ditudanen artean inoren antzik —erantzun zuen neskatoak— baina arropa polit eta berriak zeramatzan soinean, eta sekula ikusi ditudan gizonik lodienetakoa zen; ziur naiz gaixorik dagoela, oso zurbila baita, aldamenean makulu bat duelarik.

      — Hori harrigarria! —hots egin zuen ene, emazteak, umeak kontatutakoan, egia esan, harritzekorik ez bazen ere.

      — Segi aurrera —nik—; entzun dezagun den-dena.

      — Zera, bada, gizonak hori koloreko gerrontze eskerga zeraman —umeak berriz— eta eserita zegoen, edo etzanda agian, ezin dut orain gogoratu, bidexka berdearen ertzean; atseden hartzen, nonbait, agure gizarajoa makalik dagoela ematen baitu.

      — Eta zer dela eta hasi haiz hizketan harekin? —ene emazteak.

      — Haren ondotik iragan garenean gutako inork ez du ikusi, baina egingo nuke entzun diela besteei nirekin mintzatzen eta nire izena aipatzen; izan ere, «Fanny, Fanny tipia —ze hori dun hire izena, ezta?— hator hona, galdera bat egin behar dinat eta» esan du.

      — Eta hi joan al haiz? —nik.

      — Bai —jarraitu zuen umeak—, dei egin dit eta harengana joan naiz, gehiegi hurbildu gabe baina, hasieran haren beldur nintzen eta.

      — Haren beldur! eta zergatik ote haren beldur? —nik.

      — Haren beldur nintzen ematen zuelako oso zahar eta espantagarria zela, min eman nahi balit bezala.

      — Zer zuen, bada, horren zahar eta espantagarria izateko? —nik.

      Isildu egin zen, eta ixtant batez gogoetan egon ondoren zera erantzun zidan:

      — Haren aurpegia zabal eta zurbila zen, gora begira zegoela. Oso haserre dirudi, pentsatu dut, baina beharbada minak eragiten dio haserre hori; batzuetan aurpegiaren alde bat ikara eta dardaraka zuen minutu batez, gero berriro erabat geldi zegoela; eta mintzatu zaidan denbora osoan ez dit behin ere so egin, aurpegia eta begiak gorantz zituelarik; baina ahotsa eztia zuen, eta Fanny ttipia deitu nau, eta libera hau eman dit jostailuak erosteko; beraz, berehala galdu dut beldurra eta orduan mezu luze bat bidali dizu, aita, esanez joko ninduela ahazten banuen; baina nik banekien txantxetan ari zeta, eta horrek ere ez nau izutu.

      — Eta zein da mezu hori, ume? —galdetu nion, bere buru ederrean xera batzuk eginez.

      — Ea oso-osorik gogoratzen zaidan —neskatoak, hausnarketan—, birritan esan dit eta. Galde egin dit ea gela hutsen bat ote zegoen etxearen goiko partean. Egon badago, beraz baietz esan diot; hark deskribatu duen bezalako gela bat gainera. Orduan esan du bere lagunak berrehun libera urtean ordainduko zuela gela horren truke, mantenu eta garbiketa barne direla. Eta eskatu dit zuei galdetzeko eta elkar ikusten dugun hurrengoan zuen erantzuna emateko.

      — Berrehun libera! —oihu egin zuen ene emazte gaixoak—. Baina hori espero genuenaren bi halako da!

      — Eta ez ote du esan bere laguna gaixorik zegoela edota oso zaharra zela? Aipatu al du jaten eman behar zaion morroiren bat daukan? —nik.

      — Ez horixe! Haren buruaz arduratzeko gai zela esan dit, eta asma pixka bat edo antzeko zerbait besterik ez zeukala; inolako arazorik ez zuela sortuko eta ikustera etorriko zitzaion edozein lagun etxean barik, lorategian ikusiko zuela.

      — Lorategian —errepikatu nuen, barreari eutsi. ezinik.

      — Bai, horixe bera esan du; eta baita erantsi ere ehun libera emango zuela etortzean, eta gainerantzeko ehunak sei hilabeteren buruan, eta abar —neskak berriro.

      — Alajaina! une erdikoa aldez aurretik; hainbat hobe —nik.

      — Agindu dit baita ere, haren izaeraz galdetuko bazenit, erantzuteko etxejabea bezain zintzoa dela —erantsi zuen neskak— eta hori esatean barre pitin bat egin du.

      — Aldez aurretik ehun libera ematen badigu —ihardetsi nuen emaztearenganantz bihurtuz— seguruan jokatuko dugu, zeren lapurtzeko asmotan etorriz gero ere, etxe osoan aurki ditzakeen zilar eta bitxi guztiek horren erdia ez baitute balio. Beraz txantxetako gauza ez bada, ituna ez egiteko arrazoirik ez dut nik ikusten. Zer deritzozu, maitea?

      — Erabat ados nago —emazteak—. Zinez erakargarria da, Jainkoaren oparia dirudi.

      — Jainkoaren oparia! ene itsu ezti hori! —errepikatu nuen irribarre batekin—. Beno, hala bedi. Nik zorionezko deitzen dut soilik; baina beharbada zoriontsuagoa zara zu zeure fedearekin, ni neure filosofiarekin baino. Bai, zuk eskerrona erakusten duzu, ni xinpleki pozten nauen zoriaren aurrean. Zuk hartzen duzu maitasun gozo eta jainkotiar baten froga bailitzan, nik, berriz, ustekabe bat bezala. Maiz amets hutsak egia bera baino zoragarriagoak dira.

      Eta hori esanda, musu batekin uxatu nuen haren kopetatik ixtant batez ilundua zuen itzal goibela.

      — Aita, gizonak erantzun bat eskatu dit berriz elkar ikusiko dugunerako —umeak berriro—. Zer esan behar diot galdetzen didanean?

      — Esaion bere proposamena onartu dugula, edo egon pixka bat —nik, emaztearengana zuzenduz—. Ez ote da zuhurrago izango umeak esandako guztia idaztea, era horretan haren eskaintza onetsiz? Horrela ez genuke elkar gaizki ulertuko, neska agian tronpatu baita.

      Emaztea ados zegoelarik, ohar txiki bat izkiriatu nuen esanez prest nengoela apopilo bat hartzeko Fanny ttipiak azaldutako baldintza petan; eta baldintza hauek argi eta garbi zehaztu nituen, abokatuek ahozko hitzarmena deitzen dutenaren zehazgabetasunak sor zitzakeen okerrei itzuri beharrez. Garrantzi handiko memorandum hau ene alabatxoaren eskuetan ipini nuen gerrontze horiko agureari eman ziezaion berarekin topo egin orduko. Eta konponbide hauek eginik, arazo honen irtenbidearen zain geratu nintzen, bildu ahal izan nuen bezainbat egonarriz. Bizkitartean emaztea eta biok etengabe mintzatzen ginen horretaz, eta bera, ene bihotz goxoa, kasik hiltzeraino ahitu zen espero genuen apopiloaren gelako altzari eta apaingarriak behin eta berriz lekuz aldatuz. Egunak joan, egunak etorri, itxaro egunak aurrera zihoazen, irrika eta gogaitasuna zerizkiela. Berriro etsitzen hasiak ginenean, goiz batean gure alabatxoa gosaltokian korrika sartu zen, aurrekoan baino are urduriago, gerrontze horiko gizonarekin elkarrizketatzetik zetorrelarik. Bat-batean egin zuen topo berarekin, lehenengoan ikusia zuen lekutik gertu, eta, ondorioz, gizonak irakurri zuen aipatu dudan ohar txiki hori. Oraingoan nahi zuen umeak aditzera eman ziezagun haren laguna, Mr. Smith, arratsalde hartan berean hartuko zuela ostatu nik eskainitako geletan, aldez aurretik biok onartutako baldintza petan.

      — Gaur arratsaldean! —hots egin genuen aho batez emazteak eta biok. Nik biharamuneko lehen ordainketa besterik ez nuela buruan; emazteak, berriz, oraindik egin behar zuen hamaika prestaketa.

      — Eta Smith du izena, ezta? Horrek ez digu gauza handirik esaten —nik—; baina non topatu duzu zeure laguna aldi honetan? Zenbat denbora da ikusi duzula?

      — Aingerulore bidexkaren kantoitik gertu (horixe baitzen holako landare lurrintsu ugari zeukan paraje bati ematen genion izena); labanaz nire izena idatzi zenuen zuhaitz zaharraren kontra zeukan bermaturik bizkarra, besapean makulua zuela.

      — Baina zenbat denbora da ikusi duzula? —nik, berriro.

      — Oraintxe bertan izan da; albait lasterren etorri bainaiz etxera —erantzun zuen neskak.

      — Ai ene, tuntun hori, hasieran esan beharko zenidan hori —oihu egin nuen kapela harturik tximista bezain azkar gerrontze horiaren bila etxetik irteten nintzela; eta normaltzat jo behar duzue haren ezaguerak egin nahi izatea, batez ere gogoan izanik bere etxean bertan luzaro geratu asmoz arrotz bat lehenengo aldiz hartzen zuen gizon bat nintzela, eta hartaz nekien berri bakarra Smith, haren izena, zela.

      Aipatutako lekua, esan ohi den bezala, atariko atean zegoen; eta gerrontze horikoa gizena eta makuluduna zenez, erraz harrapatuko nuela uste nuen. Usteak erdi ustel, baina; makulu, gerrontze eta guzti aienatua zen. Hesiaren gainera igo nintzen holako goilekutik batera eta bestera behatuz ikusiko nuelakoan, baina alferrik. Berriro etxeratzean ene zoritxarra, umearen baldarkeria eta agure gizenaren bizkortasuna madarikatu nituen.

      Esan beharrik ez dago Mr. Smith-ek nonbait izango zituen ohiturek, izaerak, itxurak eta diruak oso mintzagai oparo eta interesgarria eskaini zigutela bazkalorduan. Zenbat idurizko Mr. Smith —altu eta baxu, sendo eta argal, gibel oneko zein kaskar; nola aberats eta agurgarri, hala arras arriskutsu zitezkeen merkatari, espioi, faltsifikadore, dirudun eta iruzurgile— ez ote genituen hara-hona ikusiko geure ametsezko labirinto amaigabeetan, ziur aski gizonaren etorrerak berak moztu behar zuen bazkalondo kezkatsu hartan.

      Emazteak eta biok burua urratzen genuen auzia argitu asmoz, eleberri frantses baten amaiera izango balitz bezala; eta azkenik biok batera erabaki genuen Smith gerrontze horiko agure mazala berbera izango zela, umorista bat, agerian zegoenez, eta milioiduna ere bai, zalantzarik gabe; nik espero eta ene emaztea ziur zegoenez, ez zuen seniderik izango eta gure Fanny tipiari erakutsiko zion atxikimendua; umearen burua laztandu nuen nolabait harroturik, zain zuen etorkizun liluragarri bezain urrutiaz pentsatzen nuelarik.

      Bizkitartean orduak joan orduak etorri... Udazken arrasti ederra zen, eta sartuz zihoan anbar koloreko eguzkiaren argia ezari-ezarian jausten zen hagin eta filien gainean, aire erdi goibel, erdi alaia ematen ziela adreilu gorribeltzezko zutoinei. Belarrez estali harrizko ontzi arraildu bana zegoen zutoin bakoitzaren buruan eta inguruan inork zaintzen ez zituen aihenbelarren hostoak. Sarbide goibelera jotzen zuen xendra labur eta zabalean barna irritsan zebiltzan ene begiok etengabe; baina ez zaratotsik krisketean, ez kosketarik atean, ezerk ez zuen bisitariaren berri ematen, eta txilinak ere isilik zirauen dilindan huntz hostoen artean.

      — Noiz etorri behar du? Gerrontze horikoak gaur arratsaldean etorriko zela agindu zuen. Orain ordu bete t'erdi arratsaldea hasia da, eta azaldu ez. Noiz etorriko ote? Iluntzear dago, amaitzear dago arratsaldea... Etorriko ote da?

      Holako gogoeta larriek kezkaturik ginduzkaten. Sartaldeko eguzkiaren argia gorri-ilunagotuz joan zen, gau lainoan goibeldu arte. Arratsaren ostean ilunpeak, eta, hala ere, inor ez zetorren, inork ez zuen atea jo. Emazteari ere ez nion agertu nahi nire egonezin handia. Gehiagorik jasan ezinik kapela hartu eta ate alderantz abiatu nintzen; han, errepidearen ondoan erne egon nintzen, hurbiltzen ziren kotxe eta pertsona guztien zelatan. Honek ere ez zidan gehiegi lagundu, errepideak bestetan baino are huts eta mutuago baitzirudien. Zentinela baten gisara, ordu erditik gora zain egon ondoren muturturik itzuli nintzen, etortzeko den apopilo baten puntualtasunaz, neskameari leihoak gortinez estaltzeko eta ate nagusia ongi ixteko agindu eta emaztearekin batera etsiturik eseri nintzen te kikararen aurrean. Aldean izango ziren hamarrak, eta biok isilik geunden eserita: emaztea lanean, ni umore txarrez egunkariari beha. Gutako inork ez zuen jadanik espero etsipenaz bestelakorik etorriko zitzaigunik, baina bat-batean norbaitek taka-taka jo zuen leihoko beirakian gure gogoetatik atera araziz.

      Ez dakit lehen esan dudanentz, geure egongelak, behe-solairukoa izaki, leihoa belazetik gertu zuela. Gortinak alde batera jarri eta leihoa ireki nuen berpiztutako itxaropenaz; eta kanpo aldera begira, arropaz ia guztiz estalitako giza irudi altu eta argal bat ikusi nuen nigandik metro batera edo, buru eta esku espantu artegaz ate nagusia seinalatzen zuela. Gau argi izan arren ez zegoen ilargirik eta, hortaz, gorputzaren soslai beltza baino ez nuen ikusi, keinuka ari zitzaidan itzal txinatar baten irudia bailitzan. Luze gabe ate nagusian nengoen, kandela eskuan; arrotza barneratu zen: atzamar luzeek fermuki inguratzen zuten maletaren oralekua, eta atzetik, herrestan, poltsa bat zekarren.

      Argia haren gainean erortzen ari zen orain. Gaizki egindako beroki beltz luzea zeraman soinean, botoiak trabeska loturik, haren soin irudi luze eta mehearen inguruan hamaika zimur egiten zituena; kapela ez zen onenetakoa, zabalegia hegal aldean; artilezko lepoko zuri lako zerbaitek estaltzen zuen haren aurpegiaren behealdea; larruz hesitutako betaurreko berde pare batek tapatzen zizkion erabat begiak; berez gizon bati dagokionez, kopeta horiaren zatiño bat eta halaber hori ziren sudur eta masailaren zeharreko zerrenda bat besterik ez zuen aurkitu morroi umil honen ikusminak.

      — Zera... zu... suposatzen dut zu zarela... —hasi nintzen, duda-mudan bainengoen.

      — Mr. Smith bera, hain zuzen. Erakutsiko al didazu, mesedez, ene logelarako bidea —esan zidan arrotzak supituki; ahoa estaltzen Zion lepokoa gorabehera, zoli eta zakarra zen haren tonua.

      — A, Mr. Smith zara, ezta? Gauza guztiak zure gustokoak izatea espero dugu... Hitzalditxo bat egitekotan nengoen, baina buru makurtze arin batek galarazi zidan, eskuaz eskailera aldera seinalatzen zuelarik. Argi zegoen etorri berriak ez zituela zeremoniak gogoko.

      Hortaz, elkarrekin igo ginen eskaileratan gora, hark oraindik isilpean ekipaia zeramala; eta gelara iritsitakoan kapela erantzi zuen, itxura txarreko ilorde latz eta beltza agerian utziz. Gero ahoa eta kokotsa estaltzen zizkion artilezko tapauka izugarria askatzen hasi zen.

      «Ederki —pentsatu nuen—, azkenean zure aurpegiaren zati bat ikusi ahal izango dugu».

      Zati hau, ordea, txiki baino txikiago suertatu zen, tapaukaren azpian gorbata nasaia baitzeraman kokotsaren aurrean, eta aho gainean arnasgailua; zertarako balio ote zezakeen ere ezin dut esan.

      Aho gainean eta betaurreko itzelen azpian zeraman tramankulu ezezagunaren itxura hain zen bitxi eta harrigarria non uste baitut barre egiteari ekingo niola, beltzez jantzirikako hilotz irudi bular-mehe eta zango-luze horren zerbait berezi eta aldi berean ezatseginak galarazi ezean. Izan ere, segundo batzuetan elkarri begira geratu ginen.

      — Eskerrik asko, jauna —esan zuen azkenean zakar—. Utziko al didazu kandela hori? Gaurkoz ez dut besterik behar.

      Nik baietz, eta berak, hiztunago bihurtuz, zera gaineratu zuen:

      — Ezindua izanik ere nire kasa bizitzea gustatzen zait. Gainera, filosofari ikutu bat daukat: ni naiz

      neure morroi bakarra, baita nire jabe bakarra ere. Gorputz zein gogo arazoak ene buruaren ardurapean soilik uzten ditut. Maila berean dauzkat sailkaturik apezak eta morroiak, hots, gorputz eta gogoaren nagikeriatik bizi diren izakiak hain zuzen. Ni luxurik gabeko Voltaire nauzu; Bibliarik gabeko Robinson Crusoe; sineskeriarik gabeko eremutarra. Laburbilduz: nire lasaikeria asketismoa da, eta nire fedea fedegabezia. Beraz, ez ditut zuen morroiak nekaraziko nire txilinarekin ezta zuek ere nire berbaldiaz. Bere buruaz arduratzen dakien maizter arrazoiduna nauzue.

      Hitzaspertu hau egiten zuelarik, gaizki zegozkion eskularru beltzak eranzten ari zen, eta amaitutakoan, zer gerta ere, beraien azpian gorderik egona zen diru papera esku-ahurrean azaldu zitzaion.

      — Nire plazer urrietakoa duzu puntualtasuna, jauna —esan zuen—. Utziko al didazu orain edukitzen? Ordain-agiria bihar eman diezadakezu. Ez nuke lasai lorik egingo zuk hartu ezean.

      Atzamar kolorge eta hezurtsuak luzatu zizkidan, txartela nire eskuan utziz. Alajaina! ehun liberatako diru-papera zen hura.

      — Ez esan, otoi, hitzik orain, jaun agurgarri hori —jarraiki zuen, xaloagotzen zelarik—. Hitzartuaren arabera ari naiz jokatzen. Laster hobeto ezagutuko bide dugu elkar, eta orduan konturatuko zara beti izaten naizela orain bezain puntuala. Oraingoz nirekin aski lan hartu duzulakoan nago; beste premiarik ez dut. Gabon! Nik ere agurtu egin nuen, haren atea itxi eta haztamuka abiatu nintzen eskaileratan behera. Atarira orduko, ordea, ohartu nintzen ahaztu zitzaidala gure apopilo berriari galdetzea ea zein ordutan nahi zuen deitzea goizean; hortaz, haztamuka berriro ere atzera jo nuen. Haren gelak ematen zuen korridorera heldu bezain laster argi zerrenda luze bat antzeman nuen ertirekitako ateari zeriola. Barruan Mr. Smith zegoen, utzi berri nuen giza irudi bitxi berbera, alegia, eta korridoreko oholen gainean gamuza koloreko katu buruhandi erraldoi bat ari zen poliki harenganantz lerratzen. Inoiz ez nuen lehenago ikusi orain arrotzaren ate mugaraino iritsi, bizkarra makurtu eta zutoinaren aurka bere burua makurtzen ari zen animalia itsusi hura. Tupustean nire presentziaz ohartu zen eta purrustadaka gela barrura jauzi.

      — Zer nahi duzu orain? —galde egin zidan apopiloak zakar ate aurrean zutunik zegoela.

      Ene hutsa azaldu egin nion.

      — Ni neu arduratuko naiz horretaz —izan zen haren erantzun bakarra; eta abegikortasun handirik erakusten ez zuen danbada batez itxi zuen atea.

      Maizterraren aldarteak ez ninduen gehiegi kezkatzen. Ene gerrontzeko patrikan diru-paperak sortzen zuen kirrizka isilak haren ahotsaren tonurik latzenak ere ezti zitzakeen bere doinuaz, bihotza alaitasunez betetzen zidalarik. Eta gizon hura bitxi samarra bazen ere, oro har oso pozik nengoen egin berri nuen mahukagatik.

      Hurrengo egunean gure apopiloak ez zuen txilina jo eguerdirarte. Oso gutxi jan zuen eraman zitzaion gosaritik, bidenabar morroiari esaten ziolarik harrez geroztik egunero esne eta ogi puska ate aurrean jartzeko, beste otordurik ez zuela beharko. Gainera nahi zuen etxera itzuli orduko jakin arazi ziezadaten bederatziak inguruan bere gelan ikusi gogo ninduela. Bitartean inork ez molestatzeko agindua eman zuen. Heldu nintzenean, Mr. Smith-en jan-urritasun eta buru-ixteak erabat harriturik zeukaten ene emaztetxoa. Bestalde, maizterrak nirekin eduki nahi zuen elkarrizketaren zioa zein ote zitekeen jakin minez zegoen. Bederatzietan azaldu nintzen haren gelara.

      Bezperan, ni partitzean, zeraman janzkera berean topatu nuen, hots, betaurreko berde berberak, aho estalki berbera —oraingoan sudurraren behealdea ere ezkutatzen zion zeta beltzezko zapi bat, lepo inguruan nasaiki tolestua, zeinen helburu bakarra aurpegia begi-bistatik gordetzea baitzen—. Begi bistan zegoen oraingoan ere ez nuela haren aurpegitik.ikusiko aurrekoan erakutsi nahi izan zigun baino alde handiagorik. Bazirudien aurpegiaren behealdean zauri edo mintzarra izango zuela. Sartutakoan bere eskuaz itxi zuen atea, burua pixka bat makurtu, eta eseri egin zen. Mintzatzen noiz hasiko ote zen zain geratu nintzen, baina isilunea hain izan zen luzea non azkenean berba egiteko premia sentitu bainuen.

      Besterik ezean esan nion espero nuela bardako katuak zirika ez zezan.

      — Zein katu edo katu ondo? —galdetu zuen supituki— Zertaz ari zara?

      — Beno, zera, ziur naiz bart katu bat ikusi dudala zure gelan sartzen —nik.

      — Dena dela, zure amets bat besterik izan ez delakoan nago, baina ikusi izan bazenu ere, bost axola niri; ni ez naiz katu baten beldur, eta zu? —moztu zidan sumindurik.

      Orduantxe purrusta antzeko miao apala entzun zen eserita geunden gela aldameneko ganbaratik zetorrela.

      — Deabrua aipatu eta bertan agertu —nik, ganbara seinalatuz. Ene lagunak, begitartea ezertan ere aldatu barik, kopeta zimurtu eta are itxura beldurgarriagoa hartzen zuela iruditu zitzaidan; ixtant batez sineskeriazko izua sentitu nuen eta ez nintzen izan besterik esateko gauza.

      Agian Mr. Smith ere ohartu zen honetaz, zeren ni lasaitu asmoz-edo esan baitzuen:

      Jauna, esan beharra daukat oso pozik nagoela gela honekin; ezin egokiago deritzot eta seguraski hasiera batean esan nizun baino denbora luzeagoz izango nauzu apopilo.

      Eskerrak eman nizkion.

      Orduan hizketan hasi zitzaidan, nolabait bezperako hariari jarraiki, bere pentsaera eta ohiturei buruz. Sineskeria mota eta izen guztiak baztertzen zituen hizkera mordoilo ozpintsu, erraz bat zerabilela. Eta hizkera mordoilo hau hain zitzaidan gatibagarri ezen laster, azken ahalke izpiak galdurik, adi-adi berari entzuten aurkitu bainuen neure burua, hala nola noizbehinkako iradokizunak egiten —gehienetan adostasuna erakusteko; inoiz zerbaitekin bat ez nentorrela esaten ausartu arren—. Baina ene ezadostasuna agertzera ausartzen nintzenetan esaldi batzuk erabiliaz baztertzen zituen nire eritziak, halako moldez non haren sofisteriak (orain hori baizik ez zela uste baitut) izugarri azkar lotu eta nahasten ninduenak, min handia egingo baitziokeen ene hantusteari, nigan harekiko mirespen itsua piztu ezean.

      Bizkitartean ganbara barruko katuaren purrustada eta marruak gero eta ozenagoak ziren. Azkenean hots hauek eta ate harramaskadak hain zoli bihurtu ziren non esaldi baten erdian gelditu bainintzen, ondokoa esaten nuela:

      — Zalantzarik ez, badago katu bat hertsirik ganbara horretan.

      — Bai ote? —hots egin zuen etxetiarrak, harriturik bezala—; ez, nik ez dut ezer entzuten.

      Supituki jaiki eta ate aldera hurbildu egin zen. Bizkarraz harengana banengoen ere, ohartu nintzen ordurarte begi estalgarri erabilitako betaurrekoak goratu egiten zituela ganbarako ate aldera arreta handiz so eginez. Soinu zakarrak isilduz joan ziren purrustada luze, apal bihurtuz erabat desagertu aurretik. Gizona, momentu batez jarrera berean egon ondoren, itzuli egin zen.

      — Ez dut ezer entzuten —esan zuen bere lekuan berriro eseriz; eta patrika zabaletik liburu bat ateraz, lehenago ikusi ote nuen galdetu zidan. Nik ezetz, eta honek harritu egin ninduen, harro-harro bainengoen Ingalaterran azken berrogeita hamar urteetan argitaratu eta biok gogoko genuen filosofiaren aldeko liburu guztiak, izenez behintzat, ezagutzen nituelakoan. Aipatu liburua, gainera, bitxia zen oso, izenburuak eta aurkibideak erakusten zutenaren arabera.

      Honetaz mintzatzen ari ginelarik ohartu nintzen soinu berri batzuk sortzen zirela ganbara berberetik. Argi entzuten zen oinots zogi, nekor bat, makila muturra bezain gogor eta astun datekeen zerbaitek zorua jotzean sortzen duen takadarekin batera. Susmakor eta artega sentitzen hasi nintzen. Zarata, isildu beharrean, gero eta entzungarriago bihurtzen ari zenez bat-batean Mr. Smith jaiki, ganbarako atea bere kandela lako gorputza sartzeko lain ireki, eta barneratu egin zen segundo batzuez. Ez nuen izan hantxe egin zuena ikusterik. Ziur nintzen kide bat zeukala bertan ezkutaturik; eta begiak liburutik ez altxatu arren, erne egon nintzen ea arretazko hitzen bat edo aditzen ote nuen. Alferrik ordea, Mr. Smith bueltatu egin zen, eta niganantz pauso pare bat emanez zera esan zuen:

      — Ganbaratik zetorren soinu bat entzun uste izan dut, baina ez dago ezer, ezer ere ez. Ekar ezazu kandela hori, biok hobeto behatu ahal izateko.

      Nolabait asaldaturik bete nuen haren agindua, sarkina ikusiko nuelakoan, ordu erdi batez nire belarriek haren berri zehatza eman baitzidaten. Elkarrekin sartu ginen ganbaran. Bertan aulki batzuk eta hanka luze bakarreko mahaitxo bat besterik ez zen. Gela atzean artilezko oihal zati arre bat zegoen, azpian zerbait ezkuta zezakeena. Fidagaitz, so egin nion; baita pentsatu ere giza itxura zuela; baina, zena zela, ez zen zirkinik ere higitzen.

      — Nire jantzi urrietako batzuk —murmurikatu zuen, bere atzamar mehea toki hartarantz zuzenduz—. Katu bat ematen zuen, ezta? —marmar egin zuen, eta ene erantzunaren zain gelditu gabe esku zartaka hasi zen, mitxina, mitxina oihukatuz.

      Ehiza, haatik, edozein izanda ere, ez zen atera. Hala ere, sartzerakoan, makulu handi bat ikusi nuen ate aurreko pareta txokoan bermaturik. Aipatu dudanez gain, hauxe zen gela osoan ezezagun egiten zitzaidan gauza bakarra. Gutaz landa han ez zegoen izaki bizidunik; ez itzalik horma biluzietan, gureak izan ezik; ez oinik zoru ezerosoan, gureak salbu.

      Ordurarte inoiz ez nuen dastatu halako sentsazio bitxi eta desatsegina.

      — Gelan ez dago ezohizkorik, makulua salbu —nik.

      — Zein makulu edo makulu oste, hi, lerdo hori? Nik ez dut makulurik ikusten —oihu egin zuen bat-bateko haserreari nekez eutsita.

      — Bada, horixe, hain zuzen —erantzun nuen (zergatik ez dakidala, ez nuen haren bortizkeria sentitu, mindu ere ez ninduen egin), itzuliz, seinalatuz ikusia nuen leku aldera. Desagertua zen, ostera! Ez. Han ez zegoen, ezta beste inon ere. Txakur ametsa izango zen, zalantzarik gabe, harrigarri samarra, baina. Hala eta guztiz orain ere zin egingo nuke bihotz zimikorik gabe sekula ez dudala ezer ikusi zorioneko makulu hori ikusi berria nuen bezain argi.

      Ene laguna marmarka ari zen bere golkorako irten ginenean; haren presentziak, lasaitu gabe, izutu egiten ninduen. Ene laztura ikara gorria bihurtu zen eskaileratan behera nindoalarik, bere hilotz antzeko irudi beltzaren gainean kandelari eutsiz, ate aurrean zutik, zurrumurru batean esan zuenean:

      — Zu bezalako filosofaria ez banintz, zure etxe hau sorginduta dagoela esango nuke. Ha! Ha! Ha!...

      — Zurbilegi zaude, laztana —esan zidan emazteak, nire zain luzaro egon zeneko aretoan sartu nintzenean—. Ustekaberen bat gertatu al da?

      — Ez, ez, benetan. Zurbilegi! Zurbil al nago, bada? —ihardetsi nuen— lagun onak gara, zinez. Desadostasunik txikiena ere ez da ageri gure artean; aitzitik, agian ongiegi moldatzen gara elkarrekin, zuk esango zenukeen bezala: izan ere, gogaideak gaituzu espekulatze arazoetan. Ederra benetan biok izan dugun solasaldia; inoiz ere ez dut honen gizon jakintsu eta treberik topatu.

      — Damu dut, laztana —emazteak, goibel—. Holako eritziak izanik, zenbat eta buru azkarrago, orduan eta lanjerosagoa haren adiskidetasuna.

      Laster, haatik, beste gai alaiago batzuetara jo genuen, eta berandu arte ez ginen oheratu. Ez dakit harrotasuna izan zenentz (edo hantustea, agian), baina nolanahi dela ere, nire izaeraren sen eragozle eta temati batek galarazi zidan arrotza bisitatzean suertatutako gertakari bitxi eta harrigarrien berri emazteari ematea. Ezin nuen aitortu —edo lotsa nintzen— hutsalkeria batek kezkatua ninduenik; ez eta batik bat ene eszeptizismo gora eta aratzaren gardentasun hormatua, ixtant batez sineskeriaren itzalaz lausotu zezakeen ezer zegoenik ere.

      Ia egunero ageri omen. zen maizter harrigarriaren xelebrekeria berriren bat. Hasiera hasieratik ogi-esneak soilik osatzen zuten haren janari aspergarri eta aldagaitza. Haren ohea astebetez kasik egona zen jantzi gabe. Aipatu berri dudan nire bisitaldiaz geroztik inork ez omen zuen haren gelan sartzeko baimenik izan. Bera ere ez zen inoiz gelatik jaitsi edo kaleratu ilundu aurretik. Orduan batzuetan irristatu ohi zen zuhamuxka-hesian barrena, eta bestetan geldirik geratzen zen, lasai, arreta handiko jarreran bailegoen. Horretan ordubete inguru eman ondoren isilean itzuliko zen logelara, non bere burua hertsiko baitzuen biharamuneko gau arteino, edo, apika, beste egun bat igaroko zen txango bitxi hori berriro egin baino lehen.

      Haren ohiturek, xelebreak izanda ere, ez ziguten inolako eragozpenik egiten. Alde batetik, ez zuen morroitzarik behar; eta gainera noizbehinka burutzen zuen gaueko ibilaldi hark ere ez zien gure ekanduei enbarazurik egiten, beti etxeratzen baitzen ate nagusia giltzatzeko ordua jo aurretik.

      Guzti honek jakingura piztu egin zuen, bereziki eta neurri handi batean, ene emaztearengan. Izan ere, gure apopilo xelebrea ikusteko zelatan egon arren, gogo bizi hori ez zuen orain arte betetzerik izan zenbait gertakizun mingots dela kausa. Gaueko hamarrak aldean egongelan eserita geundelarik, atea jo zuten. Smith harrigarriaz mintzatu berriak ginen eta momentu batez bururatu zitzaidan bera izango zela ateaz bestaldean eta, agian, berari buruzko hainbat iruzkin iraingarriz betetako gure mintzaldi osoa entzungo zuela.

      — Sartu barrura —oihu egiten ahalegindu nintzen, eta etxetiarraren irudi luzexka gelan barneratu zen. Ene emaztea zinez beldurturik zegoen, zutik, errezelo begirada batekin hari so; eta atzera apur bat eginez, eskutik heldu zidan.

      Gure apopiloa, ordea, ez zen gizabide handikoa, antza: buru-makurtze baldarra egin zuen nik aurkezpenak murmurikatzen nituelarik. Gero inork eskatu gabe eseri eta hizketan hasi zen aise zerabilen iseka antzeko tonu bitxi eta ozpindu horretan, ezin adieraz dezakedan gisan liluratzen gintuena.

      Ene emaztea baretuz joan zen, eta bisitariaren aurrean oraindik fidakaitz agertu arren, haren solasaldia entzuteari ekin zion laster, gogoz beste baina, gustatzen ere hasi zitzaiolarik. la ordu erdi batez egon zen han apopiloa. Baina nahiz eta mintzagai sorta zabala erabili, ez zuen erlijioarena ikutu. Handik aldendu bezain agudo, emazteak hari buruzko bere eritzia eman zuen aditzera: atsegina zela onartu behar zuen baina orobat ezohizko izaki ikaragarria. Gainera, bere ustez, haren jardueran bazegoen ezin adieraz zitekeen zerbait beldurgarria; haren ahotsaren tonua arrotz eta nardagarria zen eta, oro har, lasaiago geratu zen apopiloak alde egindakoan.

      Handik zenbait egunetara etxera itzuli nintzenean oso urduri eta uzkur aurkitu nuen emaztea. Mr. Smith bisitatzera etorri zitzaion irakurtzen aritua omen zen liburu bat zekarrela; bertan Bibliari buruzko aipamen batzuk agertzen zirenez, eskatu zion, arren, beraien zentzu sakon eta ezkutua azal ziezaion. Emaztea horretan albait hobekien ahalegindu zen, eta etxetiarrak, haren azalpen egokia biziki eskertzen ziolako planta eginez, erregutu zion Idazteunak irakurtzerakoan sortu zitzaizkion kezka eta zalantza batzuk argitzeko. Haietarik zenbait berri samarrak ziren ene emazteño gaixoarentzat, eta izutzeraino harritu egin zuten. Gai beraren hariari jarraiki zion, bere ezbaiak zuritu nahi zituelako itxurak eginez, baina, egia esan, emaztearen barne-bakea uxatuko zuten lehen haziak ereiteko asmoz. Ordu laurden batez egon ziren doi-doi elkarrekin, eta, hala ere, denbora labur horretan etxetiarrak lortu zuen, gero emazteak egun askotan hausnartuko zituen hainbat gai eta arazo aurrean paratzea. Azti boteretsu honek osinetik altxarazi zituen zalantzek asaldatu eta ikaraturik topatu nuen. Ez zekien gainera aurpegia nola eman zalantza hauei, ezta nola itzuri ere.

      — Haren galdera engainagarriek lur jota utzi naute. Lehen sekula ez nuen haietaz pentsatu eta, ai ene! erantzuna aurkitu ezinean nabil. Zer egingo ote dut? Ene lasaitasuna joan da. Ez naiz inoiz berriro zoriontsu izango.

      Egia esan, erabat lur jota zegoen, eta iruditu zitzaidanez, neurriz gain artegaturik; horrexegatik hain zuzen, ez zegokidan eginkizuna izan arren, pozik lagunduko niokeen zalantza haiek argitzen, hala nola arimaren lasaitasun eta konfiantza ohiak berreskuratzen, horretarako behar beste jakituria eduki izan banu. Zinez erruki nintzaion, aldi berean Mr. Smith infernura joan zedin desiratzen nuelarik.

      Handik aurrera ene emaztearen izpiritua ez zela inoiz baretzen ikusi ahal izan nuen. Iraunkor egin zen haren kezka eta gure etxetiarrak iradokitako ezbaiak baino astunago zatekeen zerbaitek bihotza estutzen ziola pentsatzera iritsi nintzen.

      Arratsalde batean, bata bestearen ondoan eserita geundela, itsumustuan eta isilune luze baten ondoren eskua pausatu zuen ene besoaren gainean esanez:

      — Oi, Richard, laztana! Aizeneza otoitz egin nire alde.

      Hain zegoen artega, are ikaraturik, esango nuke nik, non zeharo hunkitu baininduen. Barrua husteko erregutu nion orduan.

      — Zu ez zakizkidake erruki; ezin didazu lagundu; zuk ez duzu ene oinazeaz gupidatzerik. Oi, Richard, ene maiteen hori! Eragin gaizto bat joan da ene bihotzaz nagusitzen, ene sineskizunak hoztu eta suntsituz, ene maitagunerik kutunenak hilez, eta ene burua guztiz eraldatuz. Txunditurik egiten diot so ene barruari, izuturik, ai ene Jainkoa! benetan etsiturik.

      Hau esanda, belauniko jarri eta negarrez urtuz hasi zen bere burua ene magalean pausaturik.

      Ene maite gaixoa! Odoletan neukan bihotza penak urraturik, eta, hala ere, zer egin? zer esan niezaiokeen?

      Gogoan neukana, besterik ezin nuen esan, hots, gaizki zegoela, histerikoa, bere buru maiteaz ardura gehiago hartu behar zuela. Bere sentimendu aldaketa hori amets hutsa zela, ez egiazkoa; eta egun gutxi barru berreskuratuko zituela lehenagoko osasuna, aldarte ohia eta baretasuna.

      — Eta batzuetan —aurrera egin zuen, bere belarrietan antzu suertatu arren, kontsolatzeko asmoz esanak nituen hitzak bukatu eta gero— halako pentsamendu gaizto beldurgarriak etortzen zaizkit burura nahi eta nahi ez; etorri eta geratu eta berriz itzuli, aurka egiten badiet ere; eta ezin ditut errezatuz uxatu. Borondate independiente baten indarrez nagusitzen zaizkit; eta hura laztura! hura ikara! Jainkoa beraren aurka egiten dute birao; errege-aulkian eserita dagoen Ahalguztiduna larderiatzen dute, eta nik ez daukat haien kontra otoitz egiterik; badago zerbait nire baitan otoitz egitetik gibelarazten nauena. Ene bizikide samurraren larritasun hartan bazegoen egiazko atsekabe izugarri bat, bihotza bera estutzen zidana, haren aitorpenak ezertan ez hartzeko ahaleginak egiten nituen arren. Sekula ez nintzen lehenago halako barne-gatazka baten lekuko izan, eta ikusiak txunditurik ninduen.

      Azkenean baretu egin zen apur bat. Aldez edo moldez lasaiaraztea lortu nuen. Gogor egin zion aurka goibelaldiari eta, joandako alaitasunaren puska bat berreskuratu zuen antza.

      Luze gabe, haatik, laino beltzak itzuli ziren berriro. Triste, kopetilun bihurtu zen, asaldaketa joan zitzaion baina; eta arren eskatu, edo hobeki esan, erregutu egin zidan mesede berezi bat, maizterraren lagungoari uko egitea, alegia.

      — Lehen —esan zidan— nekez ulertu ahal nuen Faustoko Margarita gaixoa Mefistorengandik ihes egitera bultzatzen duen beldurra. Orain nik neuk sentitzen dut. Hasieran gizon horri —Smith edo dena delakoari— nizkion antipatia eta mesfidantza ezinikusi eta ikara gorri bihurtu dira. Gorroto diot —haren beldur naiz—, bihotz estura zer zen ere ez nekien hura hona azaldu arte. Alde egingo ahal du hemendik!

      Arrazoika aritu nintzaion, musuka, barrez; baina alferrik; guztiz ezinezkoa zitzaion ezabatzea momentu hartan seguraski logela bakartian metafisika liburu bat ikustatzen ariko zen filosofari herbail gaixoari zion izu ikaragarri eznatural hori.

      Orain aipatuko dudan pasadizoak jakin araziko dizue bihotz dardara hauek zenbateraino atera zuten bere senetik ene emaztea. Gau hartan deiadar erdiragarri batek iratzarri ninduen. Jauzi batean eseri egin nintzen eta emaztea ikusi nuen, zutik ohe ondoan, elurra bezain zuri izu-ikara zela eta. segundo batzuk iragan ziren, txunditurik bainengoen, laztura horren kausaz galdetu aitzin. Bere atzamar izoztuez eskumuturretik heldu zidan, eta dardara bortitz batean ohean sartu zen. Behin eta berriz egin nizkion erreguak gorabehera, luze iraun zuen sor eta lot. Azkenik, ordea, esan zidan luzaro logaldurik egon ondoren tupustean sentitu zuela otoitz egin zezakeela; asmo horrekin kandela piztu zuen, ohetik jalgi eta belaunikatu egin zen. Baina jarrera hau hartu bezain laster baten batek eutsi ziola gogor besotik, eskumutur aldean, aldi berean zemai biraogarri batzuk aditu zituelarik. Ahapeka esan zizkioten mehatxuok belarrian, eta entzun orduko ahaztua zuen haien esanahia. Bat-bateko etenaldi ikaragarri honek eragin zion eztarrian gora ni iratzarri ninduen oihua; handik aurrera gau osoa nola eman zuen ikusteak nerbio-sistemaren eritasun baten eraginpean zegoelako susmoak egiaztatu zizkidan.

      Zalantzarik gabe, asmamenak eragindako gertakizun honen ostean errezatzeko beldurrak zegoen, haren malura eta etsipena neurri berean hazten zirelarik.

      Handik labur, premiazko afera batek eraman ninduen hirira lan orduez kanpo. Ongi samar utzi nuen ene emazte maitea, eta gainera Fanny tipia berarekin egotekoa zen ni itzuli arte. Emaztea eta alaba tipia gure apopilo bitxia heldu zeneko gau oroigarrian eserita geunden gela berean ziren. Eskuarki oso ume bizia izanda ere, gau hartan, tamalez, Fanny erdi lo zegoen. Amak ohera bidaliko zukeen, bakarrik egon beldur izan ez balitz. Bakardadeari zion beldurra garaitu ezinik, ez zen ohera eramaten ausartu, baina, hala ere, ez zen ume gaixoa lokartzetik gibelarazten ahalegindu.

      Hortaz Fanny tipia laster lozorro gogorrean geratu zen, bere amak aldamenean lanean jarraitzen zuelarik. Agian hamar bat minutuz egonak ziren honela, ene emaztea leihoa kanpotik poliki goratzen ari zirela ohartu zenean. Esku hezurtsu batek zokoratu zituen gortinak eta Mr. Smith-ek burua agertu zuen.

      Txunditurik geratu zen emaztea mamu hau ikustean, halako moldez non espero bezala apopiloa gelan barneratu izan balitz ere, emazteak ez baitzuen tutik ere esango, ezta zur eta lur zegoen lekutik higitu ere.

      — Ha, ha —esan zuen eztiro etxetiarrak— ustekabean eta era bitxi honetan hona azaltzea barkatuko didazulakoan nago; baina banekien hemen aurkituko zintudala eta abagunea aprobetxatu nahi izan dut lipar baten leihoa goratuz famili irudi gozo hau ikusi eta zurekin mintzatzeko. Aditu dudanez, oso kezkaturik omen zaude, otoitz egiterik ez duzulako; zure fede deitzen duzun hori hil, desagertu bide delako, baita, zure ustez, burutasun txarrak direnak gogora etengabe datozkizulako ere. Guzti hori zentzugabekeria duzu. Ezinezkoa bazaizu sinetsi edo errezatzea, zer atera behar duzu hortik? Argi eta garbi dago zure Sistema Kristau hori ezin dela egiazkoa izan; Fede eta Otoitza dira edonon grazia, onarpen eta salbamendua atzemateko baldintzak; eta hala ere zure Kreatzaileak ez dizu sinesten uzten, ezta otoitz egiten ere. Sistema Kristaua, egia esan, debaldeko dohaina da eta, haatik, zu eta hura sortu zintuzten horrek erabat gibelarazten zaitu onartzetik. Ba ote da —zure esperientziagatik galdetzen dizut—, ba ote da debaldeko dohainik? Eta ezin tronparazi zaitzakeen zure esperientzia horrek baldin badio, nonbait, hau gezurra dela, zergatik, sen onaren izenean, jarraitzen duzu sinesten? Nik zinez diot birao hutsa dela pentsatzea Izpiritu Onak sortua denik. Sistema horrek esaten dizu baldintza batzuk bete ezean hemendik aurrera hagorandua izango zarela su eternalaren irudiak adierazten duen moduan (gogor samarra, ezta?). Eta sistemaren arabera hain dira kunplierrazak baldintza hauek ezen egiazko plazera baita betetzea. Eta, hala ere, zuk ezin. Ba al da hori egia eta urrikalmendua? Ala iruzur eta krudelkeria? Berrerosleari ba al dagokio holakorik, ala tirano gezurti oinazemaileari?

      Ordurarte ene emaztea geldi egona zen, arnasari eutsiz, lokamutsaren katalepsian entzuten aspaldian gogotik ezin ken zezakeen arrazoikeria dongearen oihartzunari. Esaldiaren azken hitzok ebakitzean, apopiloaren ahotsa latz eta dardarati bilakatu zen; haren keinu guztiek ene emazteari ezin burura zekiokeen bezalako gorroto gorde izugarria islatzen zuten.

      Batek daki zergatik, baina tupustean liluramendua aienatuta bere senera etorri zen emaztea. Zutundu egin zen eta oraindik izuak hormaturik bazegoen ere, agoniazko garrasi zoli batekin, Jainkoaren izenean, eskatu zion Mr. Smith-i alde egiteko. Honek irudi zuen gorputz osoa ilundu zitzaiola; isilean atzera egin zuen; gortinak hasieran zeuden lekura itzuli ziren; behera etorri zen berriro leihoa, igoa zen bezain epaiska; eta ene emaztea bakarrik geratu zen gelan, amaren larritasun oihu latzak supituki iratzarri zuen gure ume txikiarekin. Tentatzaile, hondarazle eta deabru hitz ikaragarriak belarriei atxikirik, izututa zegoen haurra, amaren eskuari eutsiz eta negar minak isuriz.

      Uste dut ez dagoela deus ere sineskeriazko izuetan ageri ohi den urduritasun mota hori baino kutsagarriagorik. Inolaz ere onartzerik ez banuen ere, ia konturatu gabe baina fermuki hasia nintzen konpartitzen emazte eta etxeko beste guztiek etxetiarrari zioten gaitzerizkoa. Bestalde, nire emazte gaixoaren buru egoerak serioski kezkatzen ninduen. Apopiloa gurekin egoteak zekarzkigun ekonomi abantailak eta beste kontutan harturik ere, ez ziren aski, ordaindu ahal izateko egonaldi luze hark alai ohi zen ene etxeari ekarriak zizkion oinaze eta tristezia. Beraz, istilu honi, zor edo lor, amaiera ematea erabaki nuen. Eta egin ahal edo ezin genuenari buruzko zenbait eztabaida emaztearekin izan ondoren bat etorri ginen puntu honetan, hots, haren bost asteko egonaldiagatik 100 liberetatik zati eder bat kenduta, gainerako diru guztia itzuliko geniokeen maizterrari, bere gelak behingoan uzteko hitzean. Bat-batean jasanezinezko pisu batetik libratu berri den gizon batek bezala, berriro, lasai arnasa hartzen nuela, gure xedeak konplitzeko gertu nengoen.

      Erabakia betez, Mr. Smith-engana abiatu nintzen. Oraingo honetan goizean egin nion bisita, bederatziak aldean edo. Bere ate aurrean hartu ninduen, zutik, beti bezala, bere soin luzexka ozta-ozta kabitzen zeneko irekigune meharrean. Hantxe zegoen, arnasgailu eta betaurrekoak aldean zeramatzala, jantzirik baino bildurik bere arropa beltzez.

      Nahiz eta negozio bisitaldia zela esan nion, bazirudien ez zidala apartamenduan sartzen utziko, beraz nengoen lekutik beretik aditzera eman behar izan nuen ene manatua. Eta denbora dexente kolokan eta marmarka aritu ondoren, emazteak eta biok hartutako erabakia argi eta garbi azaltzea lortu nuen.

      — Ezta pentsatu ere... Nik ezin dut ordaindu nizun diru kopurutik zati bat hartu —esan zidan hotz eta zakar.

      — Ezezko horrek, Mr. Smith, goresten zaitu, eta, egiatan diotsut, behar bezala eskertu ere egiten dizut —erantzun nion—. Oso eskuzabala izanik ere, guztiz ezinezkoa zait hartzeko eskubiderik ez dudana onestea, eta, hortaz, kontu hori berriro aipa ez dezazun eskatu behar dizut.

      — Eta zergatik hartu beharko nuen, bada —itaundu zuen Mr. Smith-ek.

      — Ehun libera ordaindu dituzulako sei hilabetez egotearren eta epea amaitu baino ia bost hilabete lehenago joan behar duzulako —ihardetsi nuen—. Besteek nirekin zintzo jokatzea espero dut, eta halaxe jokatzen dut nik beti.

      — Baina nork arraio esan du horren azkar joango naizenik? —Mr. Smithek aurrera, lehenagoko tonu zakar, eztenkaria zerabilela—. Nik ez dut halakorik esan... holako asmorik ez dudalako sinple-sinple esanda; ordaindu dizkizudan egun guztiak hemen eman nahi ditut. Ez dut ene gelak husteko asmorik, zeuk joan nadila diozulako bakarrik. Ez naiz zurekin hizka-mizka hasiko. Inoiz ez naiz inorekin hizka-mizka aritzen. Beti bezain laguna nauzu, baina desobeditu gogorik izan gabe ere, ezin dut hori egin; ezin dut, benetan. Besterik nahi al duzu?

      Inolaz ere aurrikusia ez nuen kinka larri hartan plan guztiak pikutara joan zitzaizkigun. Gure etxetiar kaltegarri hura berehala joango zela erabat sinistuta nengoen eta ustekabeko ezezko hark txunditu egin ninduen momentu batez. Nik, ordea, berriro ekin nion: arren eskatu, erregutu eta ia-ia suplikatu egin nion gela utzi eta etxetik joan zedila. Esan nion, atzera, oso-osorik emango niola ordaindua zidan diru kopurua, gurean egondako denboragatik sos bat ere kendu barik. Etxearen desabantaila guztiak eman nizkion aditzera. Arrazoi,k aldatu nituen eta esan nion ene emazteak gelak behar zituela; haren adeitasunera jo nuen, haren gizabidera, haren ekonomi senera; laburbilduz: alde guztietatik eraso egin nion, baina alferrik; lehen esandakoa ere ez zuen errepikatu. Ez zuen amore eman ez zen haserretu ere egin; hauxe esan zuen soilik:

      — Ezin dut. Hemen nago eta hemen geratuko naiz urte erdia pasa arte. Maizter bat nahi zenuen eta orain badaukazu: eduki zenezakeen pertsonarik isilen, merkeen eta buruhauste gutxien emango dizuna, alegia; eta zure etxeak morroi eta altzaririk onenak ez baditu ere ez nau kezkatzen. Ene eginkizun eta atsegin xumeak betetzea dut helburu bakarra.

      Hau esanda imintzio bat egin zuen eta atea itxi.

      Beraz, hurrengo egunean hartaz libratu beharrean, espero genuen bezala, kasik bost hilabete gehiagoz izango genuen gurekin; halako etorkizunak gorrotoz eta beldurrez bete gintuen emaztea eta biok, hurrenez hurren. Desilusio honek goibel eta guztiz ikaraturik utzi zuen emaztea, eta haro artega eta dohakabe bihurtu zen, non erabaki bainuen bera eta umeentzako lojamendu berri baten bila hastea —halako erabakia gure aurrezte-asmo guztien aurka bazihoan ere—, etxe osoa Mr. Smith eta zerbitzarientzat bakarrik utziz haren egonaldiak zirauen bitartean. Zenbait gertaerek, ordea, gibelarazi gintuzten asmo hau burutzetik. Bizkitartean nire emaztea egunean baino egunean goibelago eta urduriago zebilen. Bazirudien morroi eta neskameek partitzen zituztela gurekin beldur eta tristura haiek; umeak berak ere herabe eta izukor bilakatu ziren, zergatia inork ez zekiela. Ikara eta zalantza aire batek kutsatzen zuen etxe osoa. Zaharretxe edo ziega batek alai iduriko luke, lurtarrak ez ziren alarma eta susmoz betetako gure etxe sorginduaren aldean. Porrotaz landako edozein sakrifizio egingo nukeen etxekoak askatzeko oharkabez gure gainean ezarritako gogo eta moralezko menpekotasun nardagarri hartatik, irrikaz eta definiezinezko ikaraz betetzen gintuena.

      Noizbait, orduan, amets batek ene emaztea atsekabetu egin zuen erabat; hala ere ezinezkoa zitzaion bete-betean azaltzea haren balizko esanahia, holakoak azaltzeko erabili ohi diren arauez baliaturik.

      Hona hemen nolako ikusketa izan zuen

      Amets egin zuen oso lanpeturik geundela aurretiaz pentsatua genuen etxe aldaketa burutuz, eta ni sartu nintzela bera zenbait gauza apaintzen ari zen egongelan, tarrapataka esaten niolarik gurdia etorria zela umeen bila. Hortaz, bera atarirantz abiatu zen Fanny tipia eta mutikoa —edo ninia, artean deitzen genuen bezala— esku banatatik helduta zeramatzala eta ia lazturaren heinera iristen zen izugarrizko goibeltasuna sentitzen zuelarik. Umeak ere, haren ustez, izuturik eta negar bezperatan bide zeuden.

      Ate nagusitik hain gertu argia kentzen zuela ibilgailu bat zegoen; hartatik ez zen ezer ikusten salbu eta zabal-zabalik zeukan atea eta barruko beltz-beltza. Umeek atzera jo zuten beldurrez, eta berak mintzatu behar izan zien sar zitezen konbentzitzeko, etxe berri batera zihoazela esanez. Beraz, luze gabe Fanny tipia hurbildu zen ibilgailura; baina orduan norbait agertu zen bat-batean atzetik, eta mutikoa bere eskuetan hartuz bortizki esan zuen: «Ez! Ninia aurrena»; eta gurdi gainean ipini zuen. Pertsona hau Mr. Smith, gure maizterra zen, eta agertu ahala desagertu egin zen. Ene emazteak ametsean ere ez zuen ezer egin edo esaterik izan; baina umea zalpurdi ateraino altxatua izatean, gupida eta samurtasun ederraz betetako aurpegia zeukan gizon bat orga barnetik azaldu zen mutikoa hartzeko; eta honek, atzera so egin zion amari irribarre arraro batez, besoak arrotzarengana luzatzen zituela.

      — Salburik dago nirekin, eta emango dizut atzera zatozenean.

      Gizonak hitzok esan zituen emazteari begira, umea jasotzen zuelarik, eta segituan zalpurdiaren atea itxi egin zen, eta ate danbadak iratzarri zuen emaztea lokamutsetik.

      Amets-gaitzak biziki atsekabetu zuen eta niri ere bazetorkidan behin eta berriz burura. Hala ere, guk inori ere ez esatea erabaki genuen arrotzari buruzko gure aurreuste eta beldurrak ez zabaltzearren. Ez genituen zerbitzariak eta umeak kutsatu nahi jadanik nire emazte gaixoaz eta, egia esateko, nitaz ere neurri handi batean, jabetuak ziren beldur horiekin. Baina arreta hau, nik uste, ez zen beharrezkoa zeren nolabait lehen esan dudan bezala, Mr. Smith-ekin teilatu berberaren azpian bizi zen edonor, tristura ikaragarri eta beldur berberek hartzen baitzuten.

      Eta orain hasten da ene bizitzako atal ilun bat. Laster larriagotuko zen marfundi txar batek gure Fanny tipi gaixoa hartu zuen. Bizia galduko ez ote zuen beldurrez geunden, eta sendabideei dagokienez, denak eman genizkion. Haren ama nekaezina zen eta ez zuen momentu batean ere bakarrik uzten; eta denboraldi batez etsipenez beterik bizi izan ginen denok, sendatuko ez zelakoan.

      Gau batean, umea inoiz baino larriago zegoenean, ama gaixoa hainbat bihotz laino urratu egiten dituzten sukar zinkurinei ordu luze eta goibel asko ohe alboan eman ondoren, luzaro falta izan zuen kemena bere etsipenetik bertatik atereaz, ume gaixo eta maitearen ohe ondoan belaunikatu zen, eta otoizka hasi, senda zedin.

      Eskuak elkarri loturik, hilzoriraino erregutuz, otoi egin zion Jainko urrikaltsuari bere haurtxoa salba zezan. Arren, pazientziaz eta samurtasunez jokatzeko puntu honetan, egia bazen ere berak —amak— Jainkoaren eskuak eman ziezaiokeen zigorrik mingarriena merezi zuela. Negar anpulu saminak isuri egin zituen gupida-aulkiaren aurrean... bihotza zabaldu eta aitortu zion bere itxaropen bakarra Jainkoaren errukia zela; honen faltan, berak bazekien bere ume maitea soilik jaikiko zela zetzan ohetik hilobira joateko.

      Erregua puntu honetara heldu zen unean, gero eta urduriago agertzeaz gain gero eta sumindura handiagoz aieneka eta marmarka ari zen umea eserita jarri zen bat-batean ohantzean eta ahots ikaragarri batez oihu egin zuen

      — Ez! Ez!... Ninia aurrena!

      Ezkutuan luzaro hagorandu zuen esaldi misteriotsu hau ume eldarniagarri eta apika hilzorikoak kemen eta seriotasun preternaturalez tupustean esateak geldiarazi zituen amaren otoitzak, ikara gorriaren antzeko dartada batek hormatzen zuelarik.

      — Ixo, ixo, laztana —esan zuen amak ia haserre bizian, ume gaixoaren gorputz xumea bi besoen artean estutzen zuela—. Ixo, laztana, ez egin negarrik honen ozenki. Oba, oba maite hori.

      Zirudienez umeak ez zuen ikusten, ez entzuten ere; eserita zegoen mugitu gabe, masailak sukarretan, begiak distiratsu eta zalantzakor, ezpainek adiezinezko hitzak ebakitzen zituzten bitartean.

      — Etzan hadi moñoñoa; etzan hadi heure amagatik —esan zuen—; nekatzen bahaiz ez dun sendatzerik izango, eta hire ama gaixoak galdu egingo hau.

      Hitz horiekin neskatoak garrasi egin zuen berriro bat-batean, lehengo ahots sendo ozen berberez: «Ez! Ez! Ninia aurrena!», eta aurrera abaildu zen bet-betan, eta, gaixo zegoenetik estreinako aldiz lo lasai batek hartu zuen.

      Ene emazte zintzoak negarrari eman zion ohe ondoan. Umea hobeto zegoen; eta hori zoragarria zen, zalantzarik gabe. Bazen, ordea, amets gaitzean errepikatutako hitzetan emaztea haren esanahi ezkutua azaltzen ausartu ez zen iragarle txar bat, bere burmuinaren zuntz guztiei burdinazko kateaz loturik zegoena.

      — O, Richard —oihu egin zuen bere besoak nire lepo inguruan jarriz— erabat izuturik nago mundu ikusezinezko zemai honen aurrean. Oi, ene nini gizarajo maitea, galdu egingo haut; ziur nauk galdu egingo haudala. Lagun iezadazu, maitea, esadazu ez dela hilko.

      Eta lagundu egin nion. Bururatu zitzaizkidan argudio guztiak erabili nituen haren larritasunaren zioak funsgabeak zirela sinestarazteko. Mutil txikia ondo zegoen oso, eta arreba baino lehen hilko bazen ere, zergatik ez zuen horrek gertatu behar, kasu, hirurogeita hamar urte beranduago? Hala eta guztiz ere ezinbestekoa zitzaidan ikustea bazela zerbait arraro eta desatsegina abagunean; eta nire emazte gaixoa hain urduri eta minbera bihurtu zen non susmorik txikienak ere asaldatuko baitzuen.

      Bitartean, gure apopiloaren presentziak iradokitzen zuen izu azalgaitza gero eta handiagoa zen. Ikusi besterik ez zegoen gure neskametarik batek nolako beldurra zion gure maizter berezi hari eta inguruka zebilzkion zer estrainioei. Esan zuen —eta haren lankideak baieztatu egin zuen— Mr. Smith-ek lagun bat bide zuela gelan; eta sekula hizketan entzun ez bazieten ere, etengabe aditzen zituztela gela barruan elkarrekin zebiltzan bi pertsonaren oinotsak; eta zehaztasun osoz deskribatu zuten zoru joka aritzen zen makila edo xanka baten hots berezia, neure belarriek ere entzuna zeukatena. Lehen aipatu dudan katu handi eta beldurgarria ere ikusia zuten maiz lerratzen gela barrura edota handik kanpora; eta ohartu ziren halaber gure alabatxoa arriskurik handienean zegoelarik ilundu ondoren animalia higuingarria gaixoaren gela inguruan zebilela etengabe herrestan, gorputza bihurrituz eta losentxak eginez. Erabat konbentziturik zeuden adur gaiztoko piztia hau deabrua bera zela, eta egia aitortzekotan, neuk ere, —eszeptikoa izan arren— ezin nuen sinetsi hura «kaltegabeko katu beharrezko bat» besterik ez zela. Albiste hauek eta antzekoek —kontatzen zituztenek arras sinisturik— nekez aiena zitzaketen gure etxean nagusi ziren larritasun eta ezinegona.

      Ordurako arratsaldeak askoz laburragoak ziren, eta sarritan tea hartzeko asmoz eseri aurretik iluntzen zuen. Aipatu berri dudan garai honetan bertan, alabatxoa suspertzen eta azkartzen hasi ondoren, jangelan nengoen behin eserita mutikoa lotan belaunen gainean neukalarik; zertaz pentsatzen ari nintzen ere ez dakit, baina ene emaztea, beti bezala, goiko gelara joana zen Fanny tipiaren alboan jesartzera. Horrela, bakar-bakarrik eserita nengoela ilunpea sartu zitzaigun oharkabean.

      Tupustean, ukalondoa mahai gainean eta beste besoa lokartutako umearen inguruan nituelarik haize-laster batek kopeta emeki laztantzen zidala iruditu zitzaidan. Burua jaso nuen eta nire besoa zegoen mahaiaren beste puntan begitzar berdin bi ikusi nituen niri so. Ez nuen besterik ikusterik izan, baina behingoan erabaki nuen katu nardagarri harenak zirela. Gorroto eta zirrararen bulkadari eutsi ezinik, ene eskutik gertu zegoen urontzia hartu eta haren aurka jaurtiki nuen ezin bortizkiago. Kale egin bide nuen, zeren begi distiratsu haiek zeuden lekuan berean iraun baitzuten une batez, eta gero hasi ziren nireganantz pixkanaka lerratzen. Mahai gainean haustean godaletaren kraskakoak barrura erakarri zuen ate ondotik igarotzen ari zen otseina. Honek kandela bat zeraman eskuan eta, beharbada, argi horrexek uxatu egin zuen piztia gorrotagarri hura, zeren neskamea sartu ahala desagertu baitzen.

      Era lainotsu batean nik susmatzen nuen nolabait katuaren hurbiltze horrek bazeukala zerikusirik lotan zegoen umeari gertatuko zitzaion ezbeharren batekin. Zalantzarik gabe bi begi berde, zabal eta itsugarri horiek argi eta garbi ikusi egin nituen. Ez nekien, ordea, nora jo ote zuen animalia madarikatu hark: agian atetik egin zuen hanka neskameak zabaltzean, baina gutako inork ez zuen ikusi; eta hain urduri eta artega geundenez gero, gertakizun hau ere markaturik geratu zen geure esperientzia zalantzagarrien zerrendan.

      Alaigarria zen benetan gure Fanny tipi maitea egunean baino egunean sendoagotuz zihoala ikustea, arriskutik kanpo gertatu zen arte: hura poza eta zoriona! Lagungarri ere bazitzaigun jakitea gure apopiloaren egonaldiko lehen bi hilabeteak joanak zirela jadanik; hala nola aurrikustea abiatuko zeneko lasaitasun eta atsedena.

      Ene emaztea umearen suspertzeaz profitatzen ahalegindu zen ni federa erakartzeko; baina beldur zirrarak laster desagertzen dira eta erlijiozko eskerronak sortutakoak erlijiozko fedearen ondorioak izan ohi dira. Beste guztia harkaitzaren gainean hazia ereitea bezala da.

      Fanny tipia oso azkar sendatuz bazihoan ere, ahul zegoen oso, eta amak maiz ematen zuen arratsalde gehiena haren logelan... umeak batzuetan ezinegonik eta artega igarotzen baitzuen gaua. Garai honetan Fannyren ohe ondoan eserita zegoela, suertatu zitzaion biziki kezkatuko zuen zerbaiten lekuko izatea.

      Neskatoa, dirudienez, logale zen eta geldo zetzan, begiak ertirekirik, gertatzen ari zenari erreparatu gabe, antza. Hala ere, bat-batean izurik bortitzena aurpegian islaturik, soin-atalak kizkurtuta kikildu egin zen ohe buruan zerbaiti so; eta umearen begi mugimendua aintzakotzat hartuz gero, zer hau ate ondoko hormatik hurbilduz zihoakion.

      Neskatoak oihu apal bezain ikaragarria egin zuen amaren eskuari heltzen ziola, eta begitartea beldurrak atezatu eta zurbildurik, gero eta kikilduago atzerantz eginez, astiro jarraiki zitzaion begiekin mamu ikusezinaren ibilaldi isilari.

      — Zer dun? Non? Zerk beldurtzen hau, laztana? —galdetu zuen ama gaixoak, beldurraren beldurrez alferrik bilatzen zuelarik haren umea onetik atera bide zuen agerkundea.

      — Egon nirekin... salba nazazu... ez utzi hurbiltzen... begira, begira ezazu... niri keinadak egiten... ez utzi minik egiten niri... haserre dago... O, ama, salba nazazu, arren, salba nazazu!

      Hau zioen bitartean umea amari loturik zegoen bi eskuez, ikara gorriak hartuta bezala.

      — Lasai, lasai laztana —esan zuen nire gaixo emazteak—, ez izan beldurrik; gela honetan hire neba txikia eta ni, heure ama, beste inor ez zegon; beste inor ere ez, benetan, beste inor ere ez.

      — Amatxo, amatxo, ez mugitu; ez hurbildu harengana —esan zuen oraingoan bortizki umeak—. Orain bizkarra ikusten zaio soilik; ea ez den guganantz bueltatzen berriz; bere zapia askatzen ari da. O, nebatxoa, nebatxoa, ene neba txikia hilko du! Gauza berde horiek kentzen ari da begietatik; ez al duzu ikusten? Amatxo, amatxo, zergatik etorri da hona? O amatxo, neba gizarajoa! Nini txiki gizarajoa!

      Neskak ikara begiez so egiten zion nebaren oheari, haren aurrez aurre zeukan eta gainean mutil txikiak ezti eta bare lo egiten zuen.

      — Ixo, ixo ene kuttuna —esan zuen nire emazteak bat-bateko negarrari nekez eusten ziolarik—; Jainkoaren izenean ez hitz egin horren gogor, ene laztan maitea... ea, ea ez izan beldurrik, gero! ea, laztana, ea.

      — O! Nini gizarajoa... Nini txiki gizarajoa, —neskak aurrera, lehen bezala—; ez al du inork salbatuko... esan gizon madarikatu horri alde egiteko... Ai ene, ama, ez diozu utziko hori egiten, ezta?... Ziur ezetz. Ez diozu nebatxoa hiltzen utziko... Baina zergatik uzten diozu horrela makurtzen niniaren gainera? Salba ezazu nebatxoa! O, neba maitea, esna zaitez... Gizon horren burua zure aurpegian dago.

      Hau esanda ahotsa goratu zuen, haren durundiak gela osoa beteko zuen izu etsigarrizko oihua bihurtzeraino.

      Oihua baino intziria izan zen hura, ene belarrietara heldu zen egongelan bakarrik irakurtzen ari nintzela, eta ez dakit zeren beldur izanik logelara oldartu nintzen; iritsi aurretik soinua apaldu egin zen zotin mengel eta bortitza bilakaturik; eta atera ailegatu orduko ene oinen ondoan marraka luze eta basati bat entzun nuen, baita erlaitza igurzten ari zen zerbait ere. Ilunpean nengoen arren, ikara eta gorrotoa elkarrekin nahasten zituen dartada batez ostikatu eta jo egin nuen piztia hura, alferrik baina. Berehalaxe sartu nintzen logelan eta Fanny tipiari entzun nion, negar zotinka zera zioela:

      — O, nini gizarajoa hilik dago... gizon madarikatu horrek hilarazi du. Bere aurpegia agertu du, eta nebaren gainean jarri, eta ohe gainera makurtu da, eta mutil txiki gizarajoa hil. Banekien hiltzera etorria zela. Ai, aita, aitatxo, zergatik ez zara etorri berak alde egin aurretik?... Orain joana da, ene neba gizarajoa hilarazi ondoren alde egin du.

      Ene larritasuna ezkutatu ezinik zera galdetu nion emazteari:

      — Izan al da bera, Smith, hemen?

      — Ez.

      — Zer gertatu da orduan?

      — Neskatoak norbait ikusi omen du.

      — Baina nor ikusi du? Nor egon da hemen?

      — Nik ez dut ikusi ahal izan... Baina ziur naiz umeak bera, zeuk aipatu berri duzun pertsona hori, ikusi duela... ikusi uste izan duela esan nahi dut. O, Jauna, urrikal zaitez gutaz eta libra gaitzazu... Ai ene! zer egingo dut, ba, zer egingo dut?

      Hau esanik ene emazte gaixoak negarrari eman zion, bihotza urratzera balihoakio bezala eta zotinen artean erregutu zidan umeari begiratzeko; berak ninia hilik edo lotan zegoenentz ikusteko adorerik ez zuela erantsiz.

      — Hilik? —oihu egin nuen— Tira, tira, laztana; baztertu behar dituzu halako irudipen belaxkak... Ninia oso ongi dago, hemendik ikus dezaket nola hartzen duen arnasa; —eta hau esanda gure semetxoa zetzan ohe aldera urreratu nintzen. Lozorroan zegoen; hala ere loa astunegia iruditu zitzaidan eta gorriturik zituen masailak.

      — Lo dago lasai asko, laztana... lozorro lasaian; eta gainera bere masailek kolore ederra dute —esan nuen haren ohazala berrapainduz, eta umeari begiratzen nion bitartean, arnasari eutsirik, eserita egon zen emaztearengana itzuli nintzen.

      — Eskerrak Jainkoari... eskerrak Jainkoari, —esan zuen ahapeka; eta negarrez hasi berriro; gero zutitu egin zen eta umearen ohe aldera joan.

      — Bai, bai... bizirik; Jainkoari esker; baina arnasestuka ari dela iruditzen zait, nekez edo; eta badirudi... ez al dirudi bero eta sukartsu dagoela? Bai, beroa dago oso; ikutu iezaiozu esku txiki hau... ikutu iezaiozu lepoa; ai ene! kiskaltzen ari da!

      Eta halaxe zen benetan: ohi ez bezain lehor eta bero zuen azala; bihotza taupaka ari zitzaion abiada bizian.

      — Nire ustez —esan nuen ene beldurrak ezkutatu nahian—, nire ustez sukarti dago apur bat, bai, baina askotan egon da horrela; eta ziur naiz goizerako guztiz ondo egongo dela berriro. Gehiago dena: Fanny tipiaren ametsagatik izan ez balitz ziur naiz ez ginela ohartuko.

      — O, maitea, maite, maitea! —esan zuen hipaka emakume gaixoak, eskuak elkarri loturik, ohe aldera makurtuz, etsipenez beteta—. O, maitea, zer gertatu zaik? Itxura ederrean hengoen arratsaldean ohean sartu haudanean, eta horra hor ene laztantxoa, gaitzak jota. O, ez duk, ezin duk hire ama gaixoa bakarrik laga.

      Zalantzarik gabe, umeak etsituta zeukan ene emaztea gaixorik zegoela ikusi zuenez geroztik. Izan ere, amaren aurresentipena erabat profetikoa suertatu zen. Botikariak esan zuenez umearen gaixotasuna elgorria izan zen; sendagileak tifusa deitu zuen. Hari buruzko segurtasun bakarra ondorioa izan zen: Umea herioak eraman zuen.

      Ez dut gauza askorik ikusi hil atorraz jantzitako umetxo bat baino eder eta hunkigarriago. Errugabeko aurpegi txikiak hain du ematen laño eta fidakorra heriotzaren izu hotzen artean, hain hoben eta beldur gabea... Izan ere, gutxi dira herioaren itzalpea bakarka zeharkatu ondoren haren misterioak ikertu eta argitu ahal izan dituzten hilkorrak. Bertan dago herioaren irudirik goitiar eta garbiena: gorrotoak, itxurakeriak, konfiantza ezak edo etorkizunari buruzko kezkak ez zuten inoiz aurpegi txiki hura goibeldu; herioa maitekiro etorria zen haren gainera; haren garaipenean deus ez zen krudel edo ankerra. Egia esan, ez dago amodio-irrika itotzerik; zeren berriketa, irribarreak eta oso gogoeta ederrez osatutako mundu txiki hura aienatu baitira betirako. Izua ere jabetuko da gutaz haren aurrean herioari so egiten baitiogu; baina bidaiari bakarti eta txikiak ez du gure beldurra sortzen, ezen umea joan baita xalo eta fidakor orojakile den Aitaren aurrera; eta, dakigunez, haiena da Zeruetako Erresuma.

      Eta halaxe aldendu zen gugandik mutiko gizarajoa. Haren inudea eta biok barruan zerraldo txikia zeraman hilkotxean abiatu ginen goizean goiz ***ko hilerrira. Arranguraturik zegoen ene bihotza zerraldo txiki horren atzetik hilobirantz nindoala. Hilerrian sartu ginenean beste ehorzketa bat burutu berri zuten, eta erostariak multzoka zeuden hobiaren inguruan ehorzleak barrura lurra botatzen zuen bitartean.

      Gure eliz arauek agintzen dituzten otoitz goren eta hunkigarriak buruhas entzuten ari nintzela, niregana hurbildurik, saihetsean nuen gizon bati erreparatu nion. Ez nuen burua harenganantz bueltatu, harik eta lurrak ene ume maitearen gorpua erabat estalia zuen arte; orduan baztertu egin nintzen apur bat, bakarrik egon beharrez, eta begiak xukatuz, hilarri baten gainean jarri nintzen ea nire buruko nahaste-borraste hura xahutzen ote zen.

      Halako amets mingarri batean murgildurik nengoela, hilobian alboan izana nuen gizona ikusi nuen berriro nire ondoan. Arrotzaren begitartea polita zeta ezin esan badezaket ere, ikusgarria zen oso; haren eitea imajina nezakeen sotilen eta argiena zen, eta bertan islatutako urrikaltasun paregabeak ederreztatzen zuen.

      — Zergatik nahigabetzen zara esperantza gabea bazina bezala? —esan zuen eztiro.

      — Esperantzarik ez dudalako —nik.

      — Ez, horixe. Zuk baduzu esperantza —hark berriz—, eta ziur naiz luze gabe handiagotuko zaizula. Negar eragiten dizun haurtxo hori bizitzaren neke eta arriskuei itzuri zaie; haren gorputza hil egin da; baina azkenean bizitzaren koroa irabaziko du. Garaipen goiztiarra eman dio Jainkoak.

      Ez dakit zer, baina gizon honi entzuten nion bitartean, harengan zegoen zerbaitek errieta egiten zion ene harrokeria ilunari, aldi berean goibeldu eta apalarazten ninduelarik. Beltz-jantzia zeraman soinean, eta inoiz ikusi dudan itxurarik lasaien, sotilen eta eztiena zeukan. Gaztea zen gainera, lehen esan bezala, eta bozaren soinua ozen eta gozoa zuen. Luzaro mintzatu zitzaidan, eta nahigabe izanik ere begirunez aditu nion. Azkenean, haatik, bakarrik laga ninduen, esanez maiz ikusia ninduela hirirako bidean; bera hortik ibili ohi zen ordu bertsuan, eta berriz ikustekotan elkarrekin joan gintezkeela, eta gauza guzti hauen gainean solas egiterik bagenuela.

      Berandu zelarik itzuli egin nintzen jagoiti doluetxe besterik izango ez zen geurera.

 

 

Maizter misteriotsua
Sheridan Le Fanu

euskaratzailea: Luigi Anselmi
Erein, 1991