Metamorfosia
Franz Kafka

euskaratzailea: Rufino Iraola
Hiria, 2000

 

 

Legearen aurrean

 

      Legearen ate aurrean zaintzailea dago. Nekazari bat hurbiltzen zaio eta sartzen uzteko eskatzen dio. Oraingoz ez daukala pasatzen uzterik esaten dio zaintzaileak. Gizonak, pentsatu eta pentsatu, ea geroago utziko al dion galdetzen dio.

      —Litekeena da —erantzuten dio zaintzaileak—, baina orain ez.

      Legearenganako atea, ohi bezala, irekita dago. Zaintzailea alboratzen denean, nekazaria makurtu eta barrenera begira jartzen da. Zaintzaileak ikusi egiten du eta barre eginez esaten dio:

      —Horrenbesteko gogoa baduzu, nire debekua gorabehera, saia zaitezke sartzen. Baina oroi zaitez gogorra naizela. Eta hori, azkeneko zaintzailea baino ez naizelarik. Saloi bat eta hurrengoaren artean zaintzaile bana daude, zein baino zein ahaltsuago. Hirugarren zaintzailea, behintzat, beldurgarria da; hain beldurgarria, ezin jasan dut haren begirada.

      Nekazariak ez zuen pentsatzen hainbeste zailtasun egon zitekeenik; baina zaintzailearen itxura beldurgarria ikusirik, hobe zela itxarotea komentzitu zen. Zaintzaileak aulkia ematen dio eta albo batean eser dadin uzten. Han dago egunak joan eta eguna etorri, urteak joan eta urteak etorri. Behin eta berriz ahalegintzen da sartzen eta etengabe erregutzen dio zaintzaileari. Zaintzailea sarritan aritzen da nekazariarekin hizketan, galdera asko egiten dizkio haren herriari buruz eta beste gauza askoren gainean; baina garrantzirik gabeko galderak dira, eta azkenean, beti, gauza bera esaten dio, oraindik ez diezaiokeela sartzen utzi. Nekazariak, bidaiarako, berekin hainbat gauza eraman duelarik, duen guztia eskaintzen dio zaintzaileari, baita baliorik handieneko gauzak ere, hura sobornatu nahian. Opariak onartzen dizkio, noski, eta esaten dio-.

      —Ez zarela saiatu pentsa ez dezazun onartzen dizkizut.

      Urte luze horien buruan ia-ia begirik ez dio kendu zaintzaileari: beste guztiez ahaztu eta hura dela legearengandik bereizten duen oztopo bakarra iruditzen zaio. Bere zorte txarra madarikatzen du, aurreneko urteetan disimulurik gabe eta ozenki; geroago, zahartu ahala, ahapeka. Ume itxura hartu du nekazariak, eta, zaintzailearen zain igarotako urte luzeetan, haren larruzko txamarra-lepoko arkakusoak ezagutzeraino iritsi delarik, arkakusoei erreguka hasten da, lagun diezaioten eta zaintzailea komentzitu dezaten. Azkenik, bista ahultzen hasten zaio, jada ez daki benetan argi gutxiago dagoen ala begiek engainatzen duten. Baina ilunaren erdian, distira handi bat nabaritzen du, legearen atetik datorren distira itzalezina. Denbora gutxiko bizia geratzen zaio. Hil aurretik, oraindik egin ez duen galdera baten inguruan biltzen zaizkio buruan urte luze horietako esperientzia guztiak. Keinu egiten dio zaintzaileari, gertura dakion; heriotzaren hurbiltasuna dela medio, gorputza gogortzen ari baitzaio. Zaintzaleak asko markutu behar du harekin hitz egin ahal izateko, izan ere estatura aldetik, denborarekin, bien arteko diferentzia areagotu egin da.

      —Orain zer duzu? —galdetzen dio zaintzaileak—. Aseezina zara gero!

      —Denak ahalegintzen dira legearengana iristen —esaten du gizonak—; nola daiteke, bada, hainbeste urteren buruan sartzen ni bakarrik saiatu izana?

      Zaintzailea ohartu da gizona hiltzera doala eta, bere hitzak entzuten dituela ziur egoteko, belarrira hitz egiten dio izugarrizko ahotsez:

      —Ez zitekeen inor ahalegindu hemen sartzen, zeren eta ate hau zuretzat bakarrik zen. Orain itxi egin behar dut.

 

Metamorfosia
Franz Kafka

euskaratzailea: Rufino Iraola
Hiria, 2000