Metamorfosia
Metaformosia
Goiz batean, loaldi aztoragarriaren ostean, Gregorio Samsa zomorro zatar bihurturik esnatu zen. Oskol gogorraren kontra atzeraka etzanik zegoen eta, burua altxatzean, bere sabel borobil eta iluna ikusi zuen, zimurdura kiribilduez beteriko irtenune azaltsuez estalita. Haien gainean labain egin eta, bere tokian egon ezinik, lurrera erortzeko zorian zegoen oheko tapakia. Hanken lodiera normalarekin konparatuta harrigarriro iharrak ziren mila zango zerabilzkion dantzan, inolako harmoniarik gabe. —Zer gertatu zait? Ez zen ametsetan ari. Haren gelak, normala bestalde, nahiz eta txiki samarra izan, betiko itxura zeukan. Oihal-mostrarioa zegoen mahai gainean banatuta —Samsa merkataritzako biajantea zen—, eta aldizkari espezializatu batetik ebaki berria zirudien estanpa bat zegoen paretan zintzilika, urre-koloreko markoan sartuta. Larruzko txanodun emakumezko bat, aldi berean larruzko estola batean bildurik, azaltzen zen estanpan. Ondo buruzut azaldu ere, eta mangito handi bat, hau ere larruzkoa, ikusten zitzaion, ukalondo osoa estaltzen ziola. Gregoriok leihorantz begiratu zuen; lainoturik zegoen, eta leiho barreneko zinkaren gainean txist eta txost ari ziren euri tantak; horrek egundoko malenkonia sentiarazi zion. «Beno —pentsatu zuen—; eta oraindik puska batean lo segiko banu eta zorakeria guztioz ahaztuko banintz?» Baina ezinezkoa zen, izan ere eskuin aldearen gainean lo egiten ohiturik zegoen Gregorio eta oraingo izate berriak ez zion uzten postura hori hartzen. Egiten zituen ahaleginak egiten zituela, beti bizkarrez behera geratzen zen. Behin eta berriz saiatu zen, baina alfer-alferrik; begiak itxi zituen hanka-joko nahasi hura ez ikustearren; dantzak bere hartan segitu zuen harik eta saihetsean halakoxe mintxurri arin bezain zorrotza nabaritu zuen arte, hain zuzen ere ordura arte inoiz sentitu ez zuen min klasea. —Bai neketsua dela nik hautatu dudan lanbidea! —esan zion bere buruari. Beti bidaiatzen. Kezkak larriagoak dira kanpoan lan egiten denean; eta bidaiek berek sortzen dituzten nekeak ere ez dira gutxi: trenen ordutegia zaindu behar; otordu txarrak, orekarik gabeak; harreman guztiz aldakorrak, benetan jatortasun gutxikoak eta sentimenduentzat tokirik uzten ez dutenak. Txerrien askara dena! Sabelean hazkura arin bat sentitu zuen. Poliki-poliki, ohe-buru aldera luzatu zuen gorputza, burua hobeto altxatu ahal izateko. Zera ikusi zuen, hazkura zuen lekuan puntu txiki txuri bitxi batzuk zituela. Zango batekin hazkura egiten saiatu zen; baina atzera egin behar izan zuen, igurtziak hotzikara ematen baitzion. —Hain goiz jaikitzen tontaturik nago- esan zion bere buruari—. Ez dut behar adina lo egiten. Badaude hobeto bizi diren biajanteak. Goiz erdian, eskatutakoak apuntatzeko, fondara itzultzen naizenean, patxadan eseririk gosaltzen aurkitzen ditut. Nik, daukadan buruzagiarekin, hori egingo banu, segituan despatxatuko nindukete. Baina, seguru asko, horixe litzateke gerta lekidakeen gauzarik onena. Gurasoengatik izan ez balitz, horrezkero denborak ziren alde egin nuela. Zuzendariarengana joan eta pentsatzen dudan guztia esango niokeen. Mahai gainetik behera eroriko litzateke, gora igo eta langileei hitz egiteko esertzen den mahai gainetik behera, alegia; gorra denez, langileak izugarri hurbildu behar izaten zaizkio. Baina oraindik ez dut esperantza galdu. Gurasoei zorrak kitatzeko adina biltzen dudanean —oraindik beste bost edo sei urte—, entzun beharko dizkit epelak. Beno, baina oraingoz egin behar dudana da jaiki, trena bostetan ateratzen da eta. Baularen gainean tik eta tak zebilen iratzargailuari tinkatu zizkion begiak. —Jainko laztana!— egin zuen oihu bere golkorako. Sei eta erdiak jota zeuden, eta orratzak beren martxari jarraitzen zitzaizkion poliki-poliki. Egia esateko, zazpiak laurden gutxi ziren ia-ia. Erlojuak ez ote zuen jo? Ohetik garbi ikusten zen lauretarako zegoela ipinita; beraz, jo beharra zeukan derrigor. Baina posible ote zen lo segitzea, etxeko armairuak eta denak aztoratzeko moduko zarata ateratzen zuen eta? Loa ez zen lasaia izan. Baina, hain zuzen ere, horrexegatik egin behar zuen azken momentuan sakonago lo. Zer egin zezakeen orain? Hurrengo trena zazpietan ateratzen zen; hartu ahal izateko azkar ibili beharko zuen. Mostrarioa oraindik biltzeko zeukan, eta bera ere ez zegoen oso prest eta animaturik. Gainera, trena harrapatu arren, nagusiaren errieta ez zuen ebitatuko, izan ere almazeneko mutilak, bostetako trena hartuko zuelarik, jadanik bere absentziaren berri emana izango zuen. Almazeneko mutila, ez duintasun eta ez begirune, ipur-miaztaile hutsa zen, nagusiaren esanera lankideak nondik izorratuko. Eta gaixo dagoela esango balu, zer gertatuko litzateke? Baina horrek, beretzat aitzakia gustagarria ez izateaz gain, susmoak jaulkiko lituzke, izan ere lanean zeramatzan bost urte haietan inoiz ere ez zen gaixo egon Gregorio. Gerentea etxera etorriko litzateke Montepioko medikua hartuta. Gurasoen aurrean egundokoak esango lituzke, Gregorioren alferkeria ahotan harturik, eta medikuaren agiriari esker edozein arrazoi atzera botako luke, harentzat gizon guztiak sano baitaude; lanari dioten beldur itxuragabea da duten gaitz bakarra. Egia esateko, kasu honetan, bere diagnostikoan ez zatekeen hain oker ibiliko. Hain loaldi luzearen ondotik artean ere erabat ase ez zuen logura apurra kenduta, txit gose bazen ere, Gregorio aski ongi zegoen. Pentsamenduak buruan trumilka zerabilzkion eta jaikitzeko erabakia hartu ezinik zegoela, erlojuan zazpiak laurden gutxi ziren une berean, ate-joka etorri zitzaizkion; ohe-buru aldetik zeukan atea. —Gregorio —entzun zen amaren ahotsa—, zazpiak laurden gutxi dira. Ez al zenuen bidaian atera behar? Zeinen ahots gozoa! Aldiz, Gregorio zeharo izutu zen berea entzutean; betikoa zen, baina belarria zulatzen zion txistu-hots zorrotzarekin nahasi; hasieran hitzak garbi, baina gerora nahastu egiten ziren eta, azkenerako, zalantzan jartzen zen bat entzun ote zituen ere. Gregoriok pozik emango zukeen xehetasunez beteriko esplikazioa; baina bere ahots propioa entzutean, hauxe bakarrik esan zuen: —Bai, bai. Eskerrik asko, ama. Oraintxe jaikiko naiz. Egurrezko atean gaindi, ez zitzaion igartzen, nonbait, Gregorioren ahots-aldaketari; ama, behintzat, lasai geratu zen erantzunarekin eta itzuli egin zen. Baina elkarrizketa motx hark gauza bat utzi zuen nabarmen: uste zutenaren kontra, Gregorio artean ere etxean zegoela. Ondoren, aita ere etorri zen eta, atea arinki jorik, dei egin zuen: —Gregorio! Gregorio! Zer gertatzen da? Apur batean itxoin zuen eta, ahotsa indarturik, berriro egin zuen dei: —Gregorio! Bien bitartean, beste atearen atzetik, arrebak honela galde egiten zion emeki-emeki: —Gregorio, ez al zaude ondo? Zerbait behar al duzu? —Ondo nago —erantzun zien biei batera, hitzak garbi ahoskatzeko ahalegin handia eginez eta, bere ahots-soinu harrigarri hura disimulatzeko, geldi-geldi mintzatuz. Aitak gosariari heldu zion berriro, baina arreba ahopeka ari zitzaion: —Ireki, mesedez, Gregorio. Gregoriok ez zeukan irekitzeko asmo txikienik ere; aitzitik, bidaietan eskuraturiko zuhurtziagatik, hau da, nahiz eta bere etxean egon, gauetan logela ixteko ohituragatik, zorionak ematen zizkion bere buruari. Lehenik eta behin egin behar zuena zen patxadaz jaiki, inork molestatu gabe bainuko aldia egin eta, batez ere, gosaldu. Hori egin ondoren, eta orduan bakarrik, hasiko zen gaineratikoaz arduratzen, konturaturik baitzegoen ohean ezin zuela ezer pentsatu. Ohartzen zen behin baino gehiagotan sentidu izan zuela ohean halako ondoez arin bat, postura desegokiren baten erruz sortua, seguru asko, eta jaiki ostean berehala joaten zitzaiona. Jakin-min handia zeukan egun hartako bere irudipenak nola ihesten zitzaizkion ikusteko. Ahotsaren aldaketa ez zen laster bisitatuko zuen katarroaren abisua baino; merkataritza-biajantearen gaixotasun profesionala, bestalde. Tapakia alboratzea gauza erraza zen. Aski zuen apur bat kizkurtzea eta bera bakarrik eroriko zen. Baina zailtasuna Gregorioren neurriz kanpoko zabaleran zegoen. Zutik ipintzeko nahikoa zuen esku eta besoen laguntza; horien partez orain, ordea, gelditzeko konturik gabe dantzan zebiltzan zango mordoa zeukan eta ezinezkoa zitzaion kontrolatzea. Baina kuestioa zen zutitu egin nahi zuela. Luze-luze egin zen; azkenik lortu zuen bere zangoetako bat menderatzea; baina, bien bitartean, besteek han segitzen zuten beren astinketa anarkiko eta penagarrian. «Ez da ona ohean nagikerian egotea» pentsatu zuen Gregoriok. Gorputzaren behe-partea ateratzen saiatu zen lehenik. Baina behe-parte hura —oraindik ikusi gabea eta, beraz, nolakoa zen juxtu-juxtu ez zekiena— biziki nekosoa suertatu zen mugitzeko. Geldi-geldi ekin zion operazioari. Ahal zituen indar guztiak bildurik, lorrean jo zuen aurrerantz. Baina norabidea gaizki kalkulatu eta egundoko kolpea hartu zuen ohe-hanken kontra, eta ondorioz nabaritu zuen oinazeak zera nabarmendu zion: bere izaera berri hartan, beharbada, gorputzaren behe-partea zela minberena. Horrela bada, lehenik goi-partea ateratzen saiatu zen eta, kontu handiz, burua ohe-ertzerantz jiratu zuen. Inolako arazorik gabe egin zuen hau, eta, bere pisua eta zabalera gorabehera, gorputzak azkenik, poliki-poliki, buruak hasitako mugimenduari jarraitu zion. Orduan, alabaina, modu hartan aurrera jotzeko beldurra sartu zitzaion, izan ere gorputzari era hartan erortzen uzten bazion, zalantzarik gabe min hartuko zuen buruan; eta sekula baino premiazkoago zuen Gregoriok konortea ez galtzea. Nahiago zuen ohean geratzea. Baina, esfortzu ikaragarriarekin eta arnasestuka, mugimendu berberak alderantziz egin ondoren, berriro ere lehengo posizio berean aurkitzen zela eta ostera ere zangoak berebiziko abailan mugitzen zirela ikusi zuenean jabetu zen ez zezakeela beste gauzarik egin, eta berriro lehengoa pentsatu zuen: ez zuela ohean jarraitu behar eta jokamolderik zuzenena arriskatzea zela, nahiz eta onik ateratzeko posibilitateak oso txikiak izan. Segituan gogoratu zuen, ordea, erabaki drastikoak hartzea baino hobea zela patxadan gogoeta egitea. Haren begiak leihoan tinkatu ziren; baina, damurik, goiz hartako behe-lainoak zeharo estaltzen zuen kalearen bestaldeko partea, ez zion animo handirik eman. «Dagoeneko zazpiak —pentsatu zuen berriro erlojua aditzean—. Jadanik zazpiak, eta oraindik behe-lainoa nagusi!» Apur batean etzanda segitu zuen, mugitu gabe eta geldi-geldi arnasa hartuz, isiltasunak izaera normalera itzularaztea espero balu bezala. Baina handik gutxira pentsatu zuen: «Derrigorrezkoa da zazpiak eta laurden jo baino lehen jaikita egon nadin. Gainera, seguruenik almazenetik norbait etorriko da nire galdezka, zazpien aurretik irekitzen dute eta. Ertz batetik behera amilduta atera nahi izan zuen ohetik. Gorputza horrela botata, buruak, zut-zutik eustea pentsatzen zuelarik, seguru asko ez zuen minik hartuko. Haren bizkarrak fuertea zirudien eta ez zitzaion ezer gertatuko, alfonbra gainera jausiko baitzen. Bakar-bakarrik gauza batek dudarazten zion: atera behar zuen zaratotsak, horrek, zalantzarik gabe, familia osoa aztoratuko baitzuen. Baina ez zegoen arriskutan sartu beste erremediorik. Han zegoen Gregorio kasik gorputz erdia ohetik kanpora zuela (metodo berria joko baten antzekoa zen, bada bere burua atzeraka irauli baizik ez zuen egin behar), eta, norbait laguntzera etortzen bazitzaion, lortzea oso erraza izan zitekeela ohartu zen. Bi pertsona sendorekin aski zen (bere aita eta neskamearengan pentsatzen zuen). Bakar-bakarrik beren besoak sartu haren bizkar puztuaren azpitik, ohetik atera eta, pisuaren eraginez makurturik, lurrean luzatzen utzi, pentsatzekoa baitzen lurrean zangoak ongi baliatuko zirela. Baina, ateak giltzaz itxita zeudela kontutan hartu gabe ere, komeni al zen benetan laguntza eskatzea? Bere egoera larria gorabehera, ez zion eutsi ahal izan irribarreari. Hainbestexe aurreratuta zeukan operazioa, aski zuen aurrekoak baino kolpe indartsuago bat jotzea ohe-ertzean jirarazteko. Gainera, aurki ez zitzaion erabakia hartzea beste erremediorik geratuko, bost minutu soilik falta ziren-eta zazpiak eta laurdenetarako. Une horretantxe, hain zuzen, etorri zitzaizkion atejoka. «Almazenekoren bat izango da», pentsatu zuen Gregoriok, haren zangoak gero eta bizkorrago mugitzen ziren bitartean. Une batez isiltasun osoan murgildu zen. «Ez dute irekitzen», pentsatu zuen orduan, esperantzarik itsuenari atxikirik. Baina, hala ez gertatzea miraria izaki, neskamearen pauso-hots bortitzak entzun zituen atera hurbiltzen. Eta atea ireki egin zen. Nahikoa izan zuen Gregoriok bisitariari hitz bakarra entzutea nor zen agudo antzemateko. Gerentea, berbera, zen. Zergatik ote zegoen kondenaturik Gregorio absentziarik txikienak hainbesteko eta hain susmo makurrak sortarazten zituen enpresa batean lan egitera? Langile guztiak lotsagaldu batzuk ote ziren, bada? Ez ote zitekeen, bada, egon haien artean gizon fin eta zintzorik, goizean ohean ordu pare bat galdu ondoren, barrengo harrak jota erotu zelako ohetik jaikitzeko gauza ez zenik? Ez ote zen nahikoa galdetzera mutil bat bidaltzearekin (dena argitu behar horrek funtsik zuen kasuan, noski)? Gerenteak berberak etorri behar al zuen, preziso, hain arazo grabearen ikerketan parte hartzeko berak bakarrik zeukala aginpidea, familia errugabe bati, jakinaraztera? Eta Gregoriok, hartarako erabakia hartuta baino areago pentsamenduok aztoratuta, ohetik behera bota zuen bere burua sekulako indarrean. Kolpe lehor bat entzun zen, baina ez hain handia. Alfonbrak arindu zuen danbatekoa. Bere bizkarrak Gregoriok uste zuen baino elastizitate handiagoa zeukan eta, horri eskerrak, zaratotsa ez zen izan uste zuen bezain beldurgarria. Baina ez zuen behar beste arreta erabili buruari zutik eusten; min hartu zuen eta, oinazearen oinazez, alfonbraren kontra estutu zuen. —Zerbait gertatu da hor barruan —esan zuen gerenteak ezkerreko gelan. Ezinezkorik ez dagoenez, gerenteari ere egunen batean gauza bera gerta zekiokeela imajinatzen ahalegindu zen Gregorio. Baina gerenteak, Gregorioren pentsamenduari gogor erantzunez bezala, pauso batzuk eman zituen aldameneko gelan, txarolezko zapatei krasketako-hotsa ateraraziz. Ondoko eskuin-gelatik, arrebak isilka deitzen zion: —Gregorio, almazeneko gerentea dago hemen. —Badakit —erantzun zion Gregoriok ahul-ahul, ahotsari arrebak ozta-ozta entzuteko baino indar gehiago eman gabe. —Gregorio —esan zuen azkenik aitak ondoko ezker-gelatik—, gerente jauna etorri da eta estraineko trena zergatik hartu ez zenuen galdetzen du. Ez dakigu zer erantzun. Gainera, aurrez aurre hitz egin nahi du zurekin. Beraz, ireki ezazu atea, mesedez. Gelaren desordenarengatik ez arduratu, gure jaun honek konprenituko du horrenbeste. —Egun on, Samsa jauna! —sartu zen tartean amultsuki gerente jauna. —Ez dago ondo —esan zion amak gerenteari, aitak ate ondoan hizketan segitzen zuen bitartean—. Gaixo dago, sinets biezat. Bestela nola galduko zuen, bada, trena? Gregoriok ez du almazenean baizik pentsatzen. Gau bakar batean ere ez ateratzeak ia-ia molestatu egiten nau eta! Orain, adibidez, zortzi egun egon da hemen; eta jakin beza, gau bakar batean behar izanda ere ez da atera etxetik! Gurekin batera esertzen da mahai inguruan eta egunkaria irakurtzen du isil-isilik edota hurrengo irtenaldiko ibilbideak aztertzen aritzen da. Bere dibertimendu bakarra aroztegia da. Bi-hiru arratsaldetan markotxo bat tailatu du. Ikusten duzunean harrituko zara; zoragarria da. Bere gelan dago zintzilika; oraintxe ikusiko duzu, Gregoriok atea irekitzen duenean. Burugogorra da gero! Seguruenik ez dago ondo, nahiz eta lehen besterik esan duen. —Segituan naiz —esan zuen baju-baju Gregoriok, mugitu gabe, ari zuten elkarrizketa hartatik hitzik ez galtzearren. —Seguru zuk esan bezala direla gauzak, andrea —atera zuen hizpidea buruzagiak—. Ez ahal du ezer graberik izango! Nik hori espero dut, behintzat. Nahiz eta, bestalde, hau egia den: guk, merkatariok, sarritan egin behar izaten diegu fronte gorputzaldi txarrei, gauza guztien gainetik negozioak ipinirik. —Beno —galdetu zuen aitak, luzeiritzirik eta berriro atea joz—; sar al daiteke bisitari jauna? —Ez —erantzun zuen Gregoriok. Ezkerreko gela isiltasun mingarri baten menpe geratu zen, eta eskuinekoan negar-zotinka hasi zen arreba. Zergatik ez zuen besteekin elkartu nahi Gregoriok? Jakina, jaiki berria zen eta artean ez zen janzten hasi ere egingo. Baina zergatik zegoen negarrez? Beharbada anaia jaikitzen ez zelako, atea irekitzen ez zuelako, lana galtzeko arriskuan ikusten zuelako eta, kasu horretan, nagusiak berriro ere gurasoak gogor estutuko zituen aspaldiko zor haien kontura. Baina, momentuz, kezka hauek ez ziren arrazoizkoak. Gregorio han zegoen eta ez zuen, inondik inora, etxekoak abandonatuta uzteko asmorik. Alfonbra gainean zetzan, eta, zein egoeratan zegoen jakinez gero, ez zen amaren semerik buruzagi edo nagusi bati pasatzeko esango zionik. Baina deskortesia txiki hori, bere garaian behar bezala zurituko zuena, ez zen nahikoa motibu lantegitik despatxatzeko. Eta Gregoriok pentsatu zuen hobe zela, momentuz, sermoitzar eta arrangura-hitzez molestatu ordez bakean uztea. Baina Gregoriori buruz zegoen zalantza-giroak kezkatzen zituen besteak, eta haren portaera ez zuten gaitzetsi nahi. —Samsa jauna —esan zuen azkenik gerenteak, ahotsean harropuzkeria nabari zitzaiola—, zer da gero hau? Zure gelan babestu zara eta ez duzu erantzuten monosilabo gogaikarri horiekin ez bada. Inolako premiarik gabe ari zara gurasoak kezkatzen eta, bide batez esanda, almazeneko obligazioei paso eman diezu axolagabekeria handienarekin. Zure gurasoen eta enpresaren izenean ari natzaizu mintzatzen, eta arren eskatzen dizut garbi eta argi eman ditzazula esplikazioak segituan. Harriturik nago; nik uste nuen zu gizon zentzudun eta formala zinela, eta ez ditut ulertzen harrigarrikeria hauek. Egia esateko, zuzendari jaunak zer edo zer hurbildu nau zure absentzia ulertzeko klabera: bart kobratzeko agindu zitzaizuna. Nik esan nion neronek erantzungo nuela horren aurrean, eta horrelakorik pentsatu ere ez egiteko, mesedez; baina orain, zure portaera ulergaitz hau ikusita, ez dut zure alde erregutzen segitzeko gogorik. Zure egoera, halabeharrez, ez da hain sendoa. Nire asmoa guzti hau biok bakarrik ginela esatekoa zen; baina zuri, dirudienez, niri denbora galaraztea bost axola zaizunez, zure guraso onberek ez dute zertan ez entzunik. Azkenaldi honetan, lanean ez zara gehiegi saiatu. Egia da ez direla oso garai onak negozioetarako; hori geuk ere aitortzen dugu. Baina, Samsa jauna, ez dago garairik, ez luke egon behar behintzat, negozioak bertan behera uzteko. —Banoa —garrasi egin zuen Gregoriok, bere onetik aterata, aztoramenduaren erdian beste gaineratiko guztiaz ahazturik—. Segituan noa. Gaixotasun arin baten erruz ohean egon behar izan dut. Oraindik ere jaiki gabe nago. Baina ondo sentitzen naiz. Oraintxe jaikiko naiz. Momentu bat, mesedez! Oraindik ez nago uste bezain ondo. Baina hobeto nago. Ez dakit nola gertatu zaidan! Atzo osasun betean nengoen. Bai, eta nire gurasoek badakite hori. Hobeto esan, atzo arratsalderako nabaritu nituen lehen sintomak. Nolaz ez didate antzik eman? Zergatik ez ote nien almazenekoei esan? Izan ere, beti uste izaten dugu etxean geratzeko premiarik gabe jarriko garela ondo. Mesedez, izan iezaiezu begirune nire gurasoei! Ez dago esan dizkidazun guztiak aurpegira botatzeko arrazoirik; inoiz ez dit inork horrelakorik esan. Bistan da nire bezeroen azkeneko eskari-orriak ez dituzula ikusi. Gainera, zortzietako trenean aterako naiz. Bi orduko atsedenaldi hau ederki etorri zait indarberritzeko. Ez ezazu denbora gehiago galdu. Berehala joango naiz almazenera. Esplika ezazu nik esandakoa han eta zuzendariari eskatu barkazioa nire partetik. Hitzak irentsiz guzti hau zioen bitartean, Gregorio, ohean bereganaturiko trebeziari esker, baulera hurbildu zen zailtasun handirik gabe, eta, haren arrimuan, zutitzen saiatu zen. Atea ireki, gerentearen aurrean jarri eta hitz egin nahi zuen harekin. Jakin-min handia zeukan, ea zer esaten zioten hoska eta hoska isildu gabe ari zitzaizkion haiek, egoera hartan ikusten zutenean. Izutzen baziren, ez zen haren errua eta ez zeukan zertan beldurturik. Baina zeharo lasai geratzen baziren ere, hark ez zeukan zertan larriturik, eta, pixka bat mugituz gero, zortzietako egon zitekeen geltokian. Dexentetan egin zuen irrist baularen saihets-albo labaingarrien kontra; baina azkenean lortu zuen, horratik, zutitzea. Sabel-barreneko minak, nahiz eta gogorra izan, ez zuen kezkatzen. Ondoko sillaren besadarraren kontra bota zuen bere burua eta haretxen ertzei zangoez gogor oraturik geratu zen. Lasaitzea lortu zuenean isildu egin zen, gerenteak zer zioen aditzeko. —Hitzik ulertu al duzue? —galdetu zien honek gurasoei—. Ez ote da ari txoroarena egiten? —Jainkoa, arren! —egin zuen garrasi amak, negarrez. Litekeena da oso gaizki egotea eta gu, oraindik ere, zirika ari gatzaizkio. —Eta segidan dei egin zuen: —Grete! Grete! —Zer nahi duzu, ama? —erantzun zuen arrebak Gregorioren gelaren bestaldeko puntatik, handixe ari ziren-eta hizketan. Mediku baten bila joan behar duzu segituan; Gregorio gaixo dago. Zoaz korrika! Entzun al duzu nola hitz egiten zuen? —Ana! Ana! —dei egin zuen aitak, harreratokian zehar sukalde aldera itzulirik eta esku-zartadaka—. Zoaz segituan sarrailagile baten bila. —Animalia bat da— esan zuen gerenteak, amarekin konparatuta oso baju hitz egiten zuelarik. Korrika zetozen bi gazteen gona-hotsak entzun ziren harrera-gelan (nola jantzi ote zen arreba hain agudo?), eta etxeko ateak, kolpean irekitzean, atera zuen zarata bortitza. Baina ez zen entzun ate-kolperik. Ezbeharren bat gertatu ohi den etxeetan uzten den eran, atea irekita utziko zuten, nonbait. Gregorio, alabaina, askoz ere lasaiago zegoen. Haren hitzak ulergaitzak ziren, nahiz eta berari txit garbiak iruditu, lehen baino garbiagoak, alafede; belarria ohitzen ari zitzaiolako, dudarik gabe; baina garrantziduna zen besteak jabetu zirela ez-ohiko zerbait, normala ez zen zerbait, gertatzen zitzaiola eta bazihoazkion laguntzera. Hura zama kendu zuen gainetik, lehenengo neurriak zeinen bizkor eta nolako ahaleginez hartu zituzten ikusita. Berriro ere gizakien taldeko sentitzen zen, eta medikua nahiz sarrailagilearengandik aurrerabide harrigarriak bezain bikainak espero zituen. Aurki hasiko ziren elkarrizketa erabakigarri haietan ahalik gardenena izan zedin, eztarria garbitu zuen pixka bat, eztul txikika; kontu handiz egin zuen, beldur baitzen soinu hark ere ez ote zuen giza eztularen antzik gabeko zerbait emango, izan ere ez zegoen ziur zen bezala atzematen ote zuen. Bien bitartean aldameneko gelan isiltasun sakona entzuten zen. Agian gurasoak, mahaiaren inguruan gerentearekin elkarturik, ahapeka ari ziren hizketan. Beharbada, belarria ateari josita, entzuten zeuden. Gregorio, silaren laguntzaz, aterantz lerratu zen poliki-poliki; hara iristean sila baztertu egin zuen, paretik kendu; atearen kontra bota zuen bere burua eta zutik eutsi zion gorputzari, zangoen biskositateari esker atean erantsita. Egin zuen esfortzu izugarria arintzeko, horrelaxe hartu zuen atseden pixka batean. Gero ahoarekin giltzari eragitea intentatu zuen. Tamalez, hortzak esateko modukorik ez zeukan ahoan. Zerez heldu behar zion, hortaz, giltzari? Baina haren matrailezurrak, aldiz, fuerteak ziren eta haiei esker mugitu ahal izan zuen; min hartu zezakeela ohartu gabe, ordea; eta likido beltz bat atera zitzaion ahotik, giltzan barrena lerraturik lur-zoruraino tantaka joan zena. —Entzun ezazue —esan zuen gerenteak— giltzari buelta ematen ari da. Hitzok asko suspertu zuten Gregorioren animoa. Baina denek, aitak, amak... oihu egin behar zioten: «Aurrera, Gregorio!» Bai, oihu egin behar zioten: «Aurrera! Eman sarrailari!» Haren ahalegin eta esfortzuei zer-nolako irrikaz jarraituko zieten oharturik, burutik jota bezala, desesperazioz egin zion kosk giltzari. Giltzak sarrailan bueltak eman ahala, Gregorio, ahotik zintzilik, gora eta behera zebilen airean, borrokan jo ta ke, gorputzaren pisu guztiarekin giltzari beheraka bultza eginez. Sarrailak irekitzerakoan atera zuen burdin hotsak bere onera itzularazi zuen oso-osorik. «Beno» —esan zuen atsegin-zizpurua eginez; sarrailagilea etortzea ez da beharrezkoa izan, eta buruarekin krisketari eman zion, irekitzen bukatzeko. Atea irekitzeko metodo hau izan zen segituan ez ikusteko arrazoia. Gregoriok, emeki-emeki, ate-baldietako baten kontra eman behar izan bueJta, kontu handiz, bizkarrez behera eror ez zedin. Eta beste ezertan pentsatzeko betarik gabe, oraindik ere eginkizun gaitz hori burutzen ari zela, haizearen txistu-hotsaren moduko garrasia egin zuen gerenteak, eta ate ondoan ikusi zuen eskuaz ahoa estaltzen eta astiro-astiro atzeraka jotzen, indar ikusezinen batek eragin izan balio bezala. Amak —gerentearen presentzia gorabehera, apaindu gabe eta ileak zeharo banatuta— Gregoriori begiratu zion, eskuak bilduta, bi pauso eman zituen gero harenganantz, eta azkenik zerraldo erori zen, gonak bere inguruan zabal-zabal banaturik, burua bular gainean zuela. Aitak, ukabila altxaturik eta haserre-keinu nabarmenarekin, mehatxu egin zion, Gregoriori gelaren barne aldera bultza egin nahi izan balio bezala; gero burua jiratu zuen, duda-mudako pausoa zeraman, harrera-gelarantz jo zuen, eta bi eskuez begiak estalirik negarrari eman zion, zotinak haren bular sendoa gogor astintzeraino. Gregorio ez zen, bada, bere gelatik atera; ate-baldiaren kontra jarraitu zuen, gorputzaren goi-partea bakarrik ikusten zitzaiola eta burua alde batera zuela, han bildutakoei begira. Euria atertzera egina zen, eta kalearen handiko aldean etxe beltz baten zatia garbi-garbi ikus zitekeen. Ospitalea zen, leiho berdin-berdin eta ugariez hesituriko bere fatxada monotonoarekin. Tanta handi eta bakanetan egiten zuen orain euria, lurrera nola iristen ziren garbi-garbi ikusten zirela. Gosari tresnak zeuden mahai gainean; aitarentzat huraxe zen eguneko otordurik printzipalena; egunkariak irakurriz gosaltzen zuen, berandutxo arte luzatuz. Gregoriok, aurrealdeko horman, soldaduzkako bere argazkia zeukan zintzilika, tenientearen uniformearekin, eskua ezpataren heldulekuan zuela, kezkarik ezaren barrea zeriola eta bere jarrera eta uniformearentzat begirunea eskatuko balu bezala. Gela honek harreratokirantz ematen zuen; irekia zegoelarik, ate hartatik etxebizitzakoa, hau ere irekia, eskailburua eta lehenengo eskailera-mailak, beheko etxebizitzara zihoazenak, ikusten ziren. —Beno —esan zuen Gregoriok, patxada eta lasaitasunari eutsi zion bakarra bera zela konbentziturik-. Segituan jantziko naiz. Mostrarioa hartu eta banoa. Bidaian ateratzen utziko didazue, ezta? Konturatuko zara, noski, gerente jauna, ez naizela burugogorra eta pozik lan egiten dudala? Bidaiatzea nekagarria da, baina ez dakit nola biziko nintzatekeen bidaiatu gabe. Nora zoaz? Almazenera? Bai? Gertatu den bezala, zuzen, kontatuko al duzu? Batek izan dezake momentuko erorraldia; baina, hain zuzen ere, orduantxe oroitu behar dute buruzagiek zeinen premiazkoa izan den bat, eta, momentuko oztopoa gainditu ostean, lehen halako bi saiatuko dela lanean pentsatu. Ni, zuk ondo asko dakizun moduan, eskertsu nagokio zuzendari jaunari. Bestalde, gurasoak eta arreba nire kargura daude. Egia da gaur estuasunean aurkitzen naizela. Baina, lan eginda, aterako naiz zulo honetatik. Ez iezazkidazu gauzak, lehenaz gainera, zaildu. Lagun iezadazu. Badakit biajanteari gutxi nahi izaten zaiola. Dirua, ezer askorik egin gabe, saskika irabazten duela uste dute denek. Ez dago inolako arrazoirik aurreiritzi hau desager dadin; baina zu gaineratiko lankideak baino jakitunago zaude gauzak nola diren, baita zuzendaria bera baino ere; nagusia izanik, sarritan epaitzen ditu oker langileak. Zuk badakizu biajantea, urteko egunik gehienak almazenetik kanpo pasatzen dituenez, erraz hartzen dela ahotan eta aise botatzen zaizkiola aitzakiak inolako oinarririk gabe; eta ez da erraza horien kontra defenditzea, gehienetan interesatuaren belarrietara ez dira-eta iristen; lanetik leher eginda itzuli ondoren hasten zara norbaitek, zer eta nola ez dakizula, zure kontra esandakoek izan duten eragin negatiboaz jabetzen. Ez zakizkit joan arrazoi ematen didazula erakusten duen mostratxoren bat utzi gabe; bai, arrazoi, osotara ez bada ere. Baina Gregorioren lehen hitza entzun orduko jiratu zuen burua gerenteak eta bizkar gainetik zehar-begiraka ari zitzaion, higuin-seinale nabarmeneko aurpegia zuela. Gregorio hizketan ari zela, ez zen une batean ere geldi egon. Ate alderantz jo zuen Gregoriori begirik kendu gabe, geldi-geldi, indar misteriotsuren batek eutsi izan balio bezala. Azkenik, heldu zen harreratokira eta azken pausoak txinparta gainean hanka-hutsik ibili izan balitz bezalako ziztuan eman zituen. Eskailerarantz luzatu zuen eskuin besoa, han askatasunaren miraria zain izango bailuen. Gregorio oharturik zegoen ez zeukala uzterik gerenteari tamaina hartan ihes egiten, bestela almazeneko lanpostua galtzeko arrisku bizian zegoen eta. Gurasoek ez zuten hala ikusten, zeren eta, urteen buruan, ziurtasun honetara iritsi ziren: Gregoriok enpresa hartan zainak eginak zeuzkala eta haren egoera ez zegoela inolaz ere koloka; gainera, momentuko gorabehera larrien erruz zuhurtziatik aldenduta zebiltzan. Ez, ordea, Gregorio; ez zitzaion burutik kentzen zeinen garrantzitsua zen gerenteari joaten ez uztea eta lasaiaraztea. Horren baitan zegoen bere eta etxeko guztien etorkizuna. Arreba han balego, sikira! Oso azkarra zen; negarrez aritu zen Gregorio artean ere bere bizkar gainean zetzala. Seguru Gretek gerentea, gizon adeitsua, konbentzituko zuela. Hark etxeko atea itxiko zukeen eta harreratokian hura lasaitzen saiatuko zatekeen. Baina han ez zegoen arreba, eta Gregoriok berak bakarrik moldatu beharko zuen. Mugitzeko ahalmen berriak artean ez zituela ezagutzen ohartu gabe, normalena ez ulertaraztea zelarik, helduta zegoen ate-orria utzi eta bestea irekitzean formatu zen zirriztuan zehar labaindu zen, gerentearenganaino ailegatzeko asmoz; hau han zegoen, eskailburuko barandilari figura xelebrean oraturik. Baina Gregorio segituan erori zen lurrera, bere zango ugari bezain txikien gainean gorputzari eutsi ezinik, nahiz eta ahalegin handiz horretan saiatu; zizpuru txiki bat egin zuen. Orduantxe sentitu zen, egun osoan lehenengo aldiz, gustura, barrena asebeterik: zangotxoei, lurrean erantsirik, nahi zuena eginarazten zien. Pozik ohartu zen hark esandako lekura eramaten zutela; sufrimenduak amaitu zireneko sentsazioak jo zuen. Baina Gregorio, orain okertu eta gero zuzendu, zoru gainean, ezarian-ezarian, aurreraka hasi zen unean, amarengandik aski hurbil zela, honek, hasierako txorabioa gainditu ostean, sekulako saltoa jo zuen eta garrasika ekin zion, besoak luzatu eta eskuak irekita. «Sokorro! Jainkoa arren! Sokorro!» Gregorio hobeto ikusteko-edo, burua makurtzen zuen; baina bat-batean, iritzi hau gezurtatu nahi izango balu bezala, luze-luze erori zen atzeraka, mahai gainera, eta hantxe eserita geratu zen, nahiz ez zen jabetzen mahaia ipinita zegoela; era berean, ez zen konturatzen iraulitako kafeterari kafea zeriola eta alfonbra gaina bustitzen ari zela. —Ama! Ama! —egin zuen hasperen Gregoriok, behetik gora begira. Une batez zeharo ahaztu zen gerenteaz; eta, kafea erorita ikusi zuenean, ezin izan zuen etsi bi-hiru aldiz, haizeari koskaka, matrailezurrak ireki eta itxi gabe. Ama, mahaitik ihesi, berriro garrasika, aitaren besoetan babestu zen, aita bera ere bidera atera baitzitzaion. Baina Gregorio ez zegoen gurasoekin denbora galtzeko; gerentea eskaileran zegoen eta, okotza barandilari ezarrita, eszena hari azken begirada botatzen ari zen. Gregoriok indar-kolpe bat egin zuen, gerentearenganaino iristeko asmoz, baina hark igarri egin zion, nonbait, Gregorioren intentzioari; zirt-zart batean lauzpabost eskailera-maila jaitsi eta desagertu egin zen, eskailera osoan barrena oihartzuna hedatzen zela, txilioka. Eta dena errematatzeko, bazirudien buruzagiaren ihesak zeharo nahastu zuela burutik aita, ordura arte gauzak nahiko patxadan hartu bazituen ere; iheslariari segitu ordez edo Gregoriok segi ziezaion utzi partez, eskuineko eskuan gerentearen bastoia hartu zuen —sonbrailua eta gabana bezalaxe, aulkian ahazturik, jaso gabe utzi baitzituen— eta, mahai gainean zegoen egunkaria beste eskuan bildurik, lurrean ostikada handiak emanez, bastoia eta paperarekin uxaka, Gregorio bere gela barrura itzul zedin ahalegindu zen. Deus ez zioten balio izan erreguek, aitak ez baitzizkion ulertu; eta, nahiz eta burua leial makurtu, ez zuen lortu aita oraindik ere gehiago aztoratzea baino. Amak, eguraldi txarra egin arren, leiho bat ireki zuen, eta gorputza kolpe batez handik kanpora erdi ateran, aurpegia eskuez estaltzen zuen. Kaleko eta eskailerako aireak elkarturik, izugarrizko korrontea formatu zen; leihoetako gortinak puztu egin ziren; mahai gaineko egunkariak dantzan hasi, eta orri solte batzuk hegan altxatu ziren lurretik. Aitak, bereari gogor eutsiz, zakar eta bufaka astintzen zituen eskuak, Gregorio atzerarazi nahian. Baina honek oraindik praktika gutxi zeukan atzeraka ibiltzen, eta gauzak oso astiro zihoazen. Gorputza jiratu ahal izan balu sikira! Aitaren batean itzuliko zatekeen. Baina beldur zen, mugitzeko astirotasun haren erruz, aita ez ote zen urduri jarriko-, eta bastoiarekin saihets-hezurrak hautsi edo buruan haska egin ziezaiokeen. Azkenik, haatik, ez zuen izan itzuli beste erremediorik, amorruz bazen ere, ikusi baitzuen atzeraka ibiltzean ezin zuela kontrolatu norabidea. Beraz, atsekabe-aurpegiarekin aitari begirik kendu gabe, ahalik eta azkarren buelta ematen hasi zen, hau da, oso astiro. Aita ohartu bide zen Gregorioren borondate onaz, zirikatzeari utzi egin baitzion, eta, urrundurik, bastoi puntarekin mugimendu egokia seinalatu eta itzulbidea erakusten zion. Uxa eta bufaka jarduteari utziko balio sikira! Horixe zen Gregorio gehien urduritzen zuena. Jira-buelta amaitzera zihoala, aitaren pufada berriak nahastu egin zuen eta pixka bederen atzera egin zuen. Azkenik lortu zuen ate aurrera heltzea. Baina orduan beste gauza batez konturatu zen: haren gorputza zabalegia zen bere hartan atetik pasatzeko. Aitari, aztoramenduaren aztoramenduz, ez zitzaion bururatu beste ate-baldia ireki eta tokia egitea. Obsesionaturik zegoen ideia honekin: Gregoriok lehenbailehen sartu behar zuen bere gelan. Zutitu eta, horrela, atetik pasatzeko behar zituen preparatibo luzeetan hasten ere ez ziokeen utziko Gregoriori. Inolako problemarik ez balego bezala, gero eta erretxindunago, eragiten zion. Aitarena izatea ezinezkoa iruditzen zitzaion ahotsa entzuten zuen Gregoriok atzealdetik. Ate markoan trabatuta geratu zen. Aldameneraka aurreratu zen eta atal hegalean trabeska geratu, saihetsa zaurituta. Makula higuintsuak azaldu ziren atean. Gregorio han geratu zen ez aurrera eta ez atzera, mugimendu txikienik ere egiteko modurik gabe. Alde bateko zangotxoak airean zintzilika geratu zitzaizkion, bestaldekoak modurik mingarrienean zoruaren kontra estuturik zeuzkan bitartean... Bat-batean, atzealdetik etorririk, bultzada indartsu bat eman zion aitak; haretxek salbatu zuen, laster zen gela barruan, odola borborka zeriola. Gero bastoiarekin atea itxi zuen eta, noizbait, baretu ziren gauzak. Gregorio, ondoezaren gisako lopisuan murgildurik, gauera arte ez zen esnatu. Mugitzen, bere kasa ere, ez zukeen askorik luzatuko, lorik aski egin baitzuen, baina urrats arrotzek eta bakarren batek emeki itxi zuen harreratokiko atearen hotsak esnatu zutela iruditu zitzaion. Tranbiaren errainuak argi-zirrindarak proiektatzen zituen logelaren sabaian eta mobleen gainaldean; baina beheran, Gregorio zegoen tokian, arrunt ilun zegoen. Zeharo geldi eta oraindik ere oso dorpe, haien baliagarritasunaz orduantxe ohartu zelarik, antenekin bazterrak miatuz, ate ondoraino lerratu zen, zer gertatu ote zen ikusteko. Zauri luze bezain higuingarria zeukan ezkerreko saihetsean. Behin zango-ilara baten gainean, behin bestearenean, nolabait ere bazihoan aurrera; zango haietako bat, goizeko istripuan zauriturik, lorrean zeraman, hilik; besteei, harrigarriro, ez zitzaien ezer gertatu. Atera iristean jabetu zen erakarri zuena jangairen baten usaina zela. Azukrez gozaturiko esnez beterik, kazuela handi bat aurkitu zuen, ogi puskak igeri zirela. Pozaren pozez barre egiteko zorian jarri zen, goizean baino ere goseago baitzen. Burua esnetan sartu zuen ia-ia begietaraino; baina segituan atzeratu zuen, haserre bizian, izan ere ez bakarrik ezkerreko saihetseko zauriak oztopatzen zion eginkizuna (jateko, gorputz osoa zeukan mugitu beharra), baizik eta, gainera, esnea, ordura arte gogokoen izan zuen edaria —horregatik ipini ere ipintzen zion arrebak, zalantzarik gabe-, ez zitzaion batere gustatu. Nazkak jota bezala aldendu zen kazuelatik eta berriro ere gelaren erdi alderantz egin zuen. Jangelan argia pizturik zegoela ikusi zuen atearen zirrikitutik. Baina aita ez zen ari, bestetan bezala, ama eta arrebari arratsaldeko egunkaria ozenki letzen. Ez zen txintik entzuten. Arrebak bere gutunetan hainbat aldiz aipatu izan zion ohitura, beharbada, alde batera utzia zeukaten. Isiltasuna zen nagusi, nahiz eta, inolako zalantzarik gabe, etxea hutsik ez zegoen. «Bai bizimodu lasaia gure familiarena!» pentsatu zuen Gregoriok. Haren begirada itzalunetan ezkutatzen zela, harrotasun haize apur bat igo zitzaion burura, guraso eta arrebarentzat halako patxadako bizimodua lortu eta hain giro gozoko etxea prestatu ahal izan zielako. Baina bat-batean, beldurrez itota, lasaitasun hura, ongizate hura, amaitzera zihoala, ez zela parte onekoa, pentsatu zuen... Pentsamenduotan hondoraino ez murgiltzearren, nahiago izan zuen ibiliari ekin eta lorrean luzatu zen logelan zehar. Gauean ate-baldiek, behin batak behin besteak, itxi-ireki bana egin zuten: norbaitek sartu nahi zuen. Hura ikusirik, Gregorio jangela aldera ematen zuen atearen kontra jarri zen, zalantzan zebilen bisitariari barrura eragiteko edo, gutxienez, nor zen jakiteko. Baina atea ez zen berriro ireki eta alferrik egon zen zain. Goizean, atea itxita zegoela, jendea sartu nahian ibili zen; orain propio berak ate bat ireki (bestea ere ziur irekirik egon zela egunez) eta ez zen inor etortzen, eta giltzak sarrailaren kanpo aldetik ipinirik zeuden. Gaua oso aurrera zihoan jangelako argiak itzali zirenean. Arreba eta gurasoak adi-adi egon zitzaizkiola ordura arte esan nahi zuen hark Gregoriorentzat. Hanka-puntan nola zihoazen sumatu zuen. Hurrengo goizera arte, seguru asko, gehiago ez zen inor sartuko Gregorio ikustera: denborarik aski bazeukan, inork zirikatu gabe, bere etorkizunaz lasai pentsatzeko. Baina logela hotz eta tetxo hain altuko hark, ahozpez jarrita hantxe egon beharko zuelarik, beldurtu egin zuen; baina ez zuen ulertzen zergatik beldurtu, bere logela baitzen joan deneko bost urtetan. Kolpean eta apur bat lotsaturik, sofaren azpian sartu zen; nahiz eta, burua altxatzeko lekurik gabe, estuegi zegoen, laster ohitu zen hara, gorputz osoa barruraino sartu ezin zuelako kexu bazen ere. Horrela igaro zuen gau osoa, erdi lo erdi esna, eta tarteka itsumustuan esnatzen zen, kezkek astindurik eta esperantza hari batetik zintzilik; azkenean beti konklusio berdinera iristen zen: patxada eta pazientzia ezinbestekoak ziren eta behar-beharrezkoa zen haren egoeraz familia ohar zedin eta neurriz gain sufri ez zezan. Oso goiz, oraindik ere eguna argitu baino lehen, erabakiak martxan ipintzeko egokiera aparta izan zuen Gregoriok. Arrebak, ohiko apainketa pertsonalaren ondotik, harreratokira ematen zuen atea ireki eta bi begiak betean hasi zen Gregorioren bila. Hasieran ez zuen ikusi, baina sofa azpian ikusi zuenean —nonbait egon beharko! Ez zen hegaka joango!— hainbestexe ikaratu zen, indar batean itxi zuen berriro atea. Segituan damutu zen, ordea, erreakzio hartaz eta bigarren aldiz atea ireki eta hanka punttan sartu zen, gelan gaixo grabe edo harrotzen bat balego bezala. Gregorio begi-begira zegokion, sofapetik burua apur bat aterata. Jabetuko ote zen esnea ez zuela probatu ere egin eta, gose ezagatik ez ziola muzin egin oharturik, ekarriko ote zio janari egokiagorik? Baina ekartzen ez bazion, nahiago zuen eskatzen hasi baino goseak hil, nahiz eta egundoko gogoa zuen sofa azpitik irten eta jateko moduko zerbait ekar ziezaion erregutzeko. Baina arreba, harriturik, berehala konturatu zen kazuela ikutu gabe zegoela; esne pixka bat erorita zegoela, horixe bakarrik. Bildu zuen, eskuarekin barik trapuarekin, eta eraman egin zuen. Gregorio jakin-min handiz zegoen esnearen ordez zer ekarriko ote zion, bata eta bestea pentsatu. Baina inoiz ez zitzaiokeen bururatuko arreba onbera hark eskaini ziona. Zer gustatzen zitzaion ikusteko, handik eta hemendik nahasi, janari klase guztietatik ekarri eta egunkari zahar baten gainean zabaldu zizkion: atzera utzitako egoskari erdi ustelduak; bezperako afarian soberaturiko arrautzak, mamituriko saltsatan igeri; mahaspasa eta almendrak; bi egun lehenago Gregoriok berak janezintzat utzitako gazta pusketa; ogikoskor gogor bat; beste bat mantekilatan bustita; eta beste bat gehiago mantekila eta gatzarekin. Berriro ekarri zuen, dirudienez, aurrerantzean, Gregorio beste jaberik izango ez zuen kazuela hura, baina oraingoan urez beterik. Eta, adeitsu (bai baitzekien bera aurrean zela Gregoriok ez zuela jango), lehenbailehen gelatik atera eta sarrailari giltza eman zion, Gregoriok jakin zezan inork ez 2tiela molestatuko. Jaterakoan, halako dardarizo batzuek astindu zituzten Gregorioren antenak. Bestalde, bazirudien zauriak sendatuak zituela, ez zuen behintzat inolako molestiarik sentitzen; gauza horrek dezente harritu zuen, izan ere duela hilabete baino lehen labanarekin ebakitako hatzak oraindik egunaren bezperan bertan min ematen ziola gogoratu zuen. «Lehen baino sentsibilitate gutxiago ote dut?» pentsatu zuen, gazta harrapazka jaten zuen bitartean; hain zuzen horixe gustatu zitzaion gehien. Pozezko malkoetan bustirik, aitaren batean ezkutatu zituen, hurrenez hurren, gazta, egoskariak eta saltsa. Janari freskoek, ordea, ez zioten graziarik egin: haien usainak bakarrik ere erasan egiten zion, jan nahi zituen gauzak freskoen ondotik kentzera behartzeraino. Bazen aldi bat bukatu zuela eta mugitu ere egin gabe bertan geratu zen nagiketan, luza-luza eginik. Arrebak astiro-astiro eragin zion giltzari, propio, altxatzeko denbora izan zezan. Erdi lo egon arren, asaldaturik jaiki zen Gregorio korrika bizian ezkutatu zen sofaren azpian. Nahiz eta arrebak denbora asko ez pasatu gelan, sofaren azpian egoteko oraingoan esfortzu handia egin behar izan zuen, izan ere hainbeste janda haren gorputza puztu egin zen, toki txiki hartan arnasa hartzeko lanik asko bazuelarik. Nahikoa itolarriturik eta begiak tokiz kanpo begiratzen zuen arreba, gertatzen zitzaionaz ohartu gabe, nola ari zen jan hondarrak ez ezik ikutu gabe utzitakoak ere garbitzen, gehiago ezin aprobetxatu izango balira bezala. Era berean, ikusi zuen baita dena baldera bota eta pertza egurrezko taparekin ixten ere. Arreba pertzarekin joan orduko atera zen Gregorio gordelekutik; nagiak atera eta arnasa hartu zuen, sakon. Horrelaxe iristen zitzaion Gregoriori janaria egunik egun: aurrena goizean goiz, gurasoak eta neskamea jaiki aurretik; eta hurrena bazkalondoan, aita eta ama siestara eta neskamea arrebak agindutako enkarguren bat egitera joaten zen bitartean. Egia esan, gurasoek ere ez zuten nahi Gregorio gosez hil zedin; baina seguruenik ez zuketen jasango otordu haietako espektakulua, eta hobe zen haren berri arrebaren bidez bakarrik izatea. Baliteke sufrimendu gehiagorik gurasoei eman nahi ez izatea ere. Gregoriok ez zuen jakin ahal izan mediku eta sarrailagileari, lehen goiz hartan, zein aitzakia ipini ote zieten, atzera bidaltzeko. Inork ulertzen ez zionez, inork ez zuen uste, ezta arrebak ere, Gregoriok besteei uler ziezaiekeenik. Arreba, koartoan sartzen zenean, zizpuru eta arrenkuratsu ikustearekin zeukan, bada, konformatu beharra. Geroago, arreba egoera hartara pixka bat jarri zenean (ez zegoen pentsatu ere egiterik erabat ohitzea, noski), Gregorio arrebarengan halako gozotasun aztarna apur batzuk nabaritzen hasi zen. «Gaur bai gustatu zaiola» esan zuen, emandakoak, Gregoriok, irentsi zituenean. Alderantzizko kasuetan, gero eta maizago noski, honela esaten zuen, atsekabeturik: «Alajaina, gaur dena utzi du». Nahiz eta Gregoriok ez zezakeen berririk zuzenean izan, beti adi zegoen aldameneko geletan gertatzen zenaren peskizan, eta garrasiren bat entzun orduko korrika joaten zen zegokion ate ondora eta han ateari itsatsita geratzen zen. Hasieran, hizpide guztiak hari buruzkoak ziren, erdi zeharka bada ere. Bi egunez, otordu guztietan eztabaidatu zen aurrerantzean zer egin. Otorduetatik kanpo ere gauza bera zen mintzagai; inork ez zuen etxean bakarrik geratu nahi, baina abandonaturik ere utzi nahi ez zutenez, beti zeuden etxean gutxienez bi pertsona. Hasteko, lehen egunean neskameak —ez dakigu zenbateraino zegoen gertatzen zenaz jakitun— segituan despatxa zezala eskatu zion amari, eta alde egin eta ordu laurden bat barru, inork agindu gabe eskerrik beroenak emanik, zin egin zuen ez ziola inori ezer kontatuko. Arrebak amari sukaldean lagundu behar izan zion; dena dela, ez zeukan lan handirik, bada oso gutxi jaten zuten, ia-ia batere ez. Gregoriok sarritan sumatzen zituen, jateko, nola ari ziren elkar animatzen, baina alferrik. «Eskerrik asko, nahikoa jan dut» eta gisako esaldiak izaten ziren hitzetik hortzerako eta betiko erantzunak. Edan ere kasik ez zuten egiten. Askotan galdetzen zion arrebak —aitari ea zerbeza nahi zuen, joango zela bila. Aita isildu egiten zen, eta nahiago baldin bazuen atezaina bidaliko zutela. Baina azkenean aitak ezezko borobila ematen zion proposamenari ez zen gehiago hitzik ateratzen asunto haren gainean. Aitak lehenengo egunetik beretik planteatu zizkien ama eta arrebari familiaren egoera ekonomikoa eta gerorako perspektibak. Noizbehinka mahaitik altxatzen zen, duela bost urteko kiebratik libraturiko diru-kutxa txikian ea paper edo apunte libururen bat aurkitzen ote zuen. Sarraila gogortuak ireki eta berriro ixterakoan ateratzen zituen krasketako hotsak entzuten ziren, aitak, bila zebilena, aurkitu ostean. Esplikazio hauek dira itxitura hartatik Gregoriok entzun zituen lehen notizia atseginak. Uste izan zuen, beti, aitari ez zitzaiola ezertxo ere geratzen lehengo negozio hartatik. Aitak ez zion sekula ere adierazi gauzak bestela zirenik, horri buruz Gregoriok berak ere inoiz ez ziola ezer galdetu egia den arren. Garai hartan nahikoa zeukan Gregoriok desesperaziorik handienean murgilarazi zituen oker ekonomiko hura familiak lehenbailehen ahantz zezan ahalegintzearekin. Horregatik hasi zen lanean jo ta ke, dependiente xotil bat izatetik merkataritza-biajante ospetsu, denbora laburrean, bihurtzeraino, dirua irabazteko posibilitate handiekin, eta haren arrakasta profesionalak komisio ederrak eskuratzea esan nahi zuen, eta diruak familian banatzea, etxekoen harridura eta pozerako. Egun zoriontsuak izan ziren. Baina ez ziren errepikatu, ez behintzat lehen bezainbateko distirarekin, nahiz eta Gregoriok irabazten zuen etxeko karga guztiei berak bakarrik aurre egiteko adina. Gregorioren dirua eskertsu jasotzen ohitu zen familia, eta Gregorio, berriz, atseginez entregatzen. Ohitzeak horixe du, eta orain ez zen nabaritzen hasierako poz eta harridura bizirik. Arrebak bakarrik iraun zuen Gregoriorekin harreman estuetan uztarturik; Gregorio ez bezala, oso musikazalea zen eta biolina egundoko suhartasunez jotzen zuelarik, hurrengo urtean kontserbatoriora bidali ahal izatea espero zuen, horrek ekarriko zizkion gastuak handiak baldin baziren ere; aurkituko zuen aurre egiteko modua. Gregoriok etxekoekin egiten zituen egonaldi laburretan, «Kontserbatorio» hitza sarritan izaten zen hizpide arrebarekiko solasaldietan, baina beti ere amets zoragarri gisan irudikaturik, hori egia bihurtzea amestezina bazen ere. Gurasoek ez zituzten begionez ikusten proiektu injenuo horiek; baina Gregoriorentzat oso arazo serioa zen, eta Gabon gauean iragartzeko asmoa zuen. Pentsamendu hauek, orain batere garrantzigabeak baziren ere, buruan bueltaka zerabilzkion, aldameneko gelan zertaz mintzatzen ziren jakin nahian ateari josita zegoen bitartean. Noizbehinka, nekeak galarazi egiten zion entzuten jarraitzea, eta, akiturik, atearen kontra erortzen zitzaion burua. Baina segituan altxatzen zuen berriro, mugimendu horrek eragindako zarata txikiak ere adi ipintzen baitzuen familia, eta kolpean isiltzen zen. —Zer egiten ari ote da? —hasten zen segituan aita, atera begira, jakina. Eta, unetxo baten ondotik, lehen eteniko hizketaldiari lotzen zitzaizkion berriro. Horrela jakin zuen Gregoriok —aita esplikazio luzeetan luzatzen zen, izan ere arazo haietaz arduratu ez zela hainbeste denbora zelarik, atzenduta zegoen, eta amak, bestalde, denbora asko behar gauzak ulertzeko—, ezbeharra gorabehera, oraindik diru lipar bat geratzen zitzaiela; askorik ez, egia esan, baina apurka-apurka beti ere gora egin zuen harrez geroztik, pilarako utzitako interesei esker. Gainera, Gregoriok, beretzat kantitate txiki bat utzita, hilero entregatzen zuen dirua ez zuten zeharo xahutzen, eta diru mordoxka txiki bat bazuten aurreratua. Gregoriok, ate atzetik, gora eta behera burua astinduz ematen zuen oniritzia, ustekabeko erreserba haiek ernarazitako satisfazioa nabari zitzaiola. Egia zen, soberakin haiekin, aitak nagusiari zor ziona pixkana-pixkana ordain zezakeela eta kate horretatik lehenago libratu; baina gauzak zeuden bezala, hobe horrela. Dena dela, diru hori urriegia zen familia handik bizitzen hasteko; gehienez ere urtebete edo biko sostengua, baina»ez gehiagorako. Beraz, kapital hura ez ikutzea hobe; beharrik izanez gero hartarako gordetzea komeni zen. Egunero bizitzeko dirua irabazi egin behar zen. Baina aita, nahiz eta osasunez ondo egon, zaharra zen eta bost urte zeramatzan lanik egin gabe; beraz, alferrik zen hari begira egotea. Porrot egin arren, langile porrokatua, eta azkeneko bost urteak zituen, bizitza osoan, deskantsuzko lehen bost urteak; urteotan erruz gizendu zen eta oso nagi eta astun zegoen. Eta amak nola egingo zuen, bada, lan, asma zeukan eta? Etxean bertan pauso bat eman orduko arnasestuka jartzen zen eta, itoko ez bazen, etengabe sofan etzan behar izaten zuen, leihoa zabal-zabal. Hortaz, arrebak hasi beharko ote zuen lanean? Hamazazpi urteko neskatxa haren ordura arteko izateari nork ez ziokeen inbidia hartuko? Bere burua zaindu, nahi zuen arte lo egin, etxeko lanetan lagundu, dibertsio xotilen batean parte hartu eta, batik bat, biolina jo, horixe zen. Elkarrizketa dirua irabazi beharrari buruzko ardatzean kateatzen zenean, Gregorio atetik aldendu eta, lotsa eta penak nahasturik, larruzko sofa freskoaren azpian sartzen zen. Frankotan han ematen zuen gau osoa, esna, orduak eta orduak larruari aitzimurka. Batzuetan berebiziko esfortzua egiten zuen, leiho ondora eramateko, siloiari bultzaka eta, leiho kantoiari heldurik, zutik jartzen zen eserlekuan, leihoaren kontra, pentsamenduetan murgildurik, bada lehen ere sarritan egoten zen handik begira. Pixkanaka, argia gero eta ilunago ikusten zuen. Jada ez zuen bereizten aurreko ospitalea, hainbeste atsekabetzen zuen ikusmira, hain zuzen; eta hiri erdiko kale batean, nahiz eta hiri lasaia, bizi zela jakin izan ez balu, berdin pentsa zezakeen leiho hark basamortura ematen zuela, non zerua eta lurra nahasten baitziren, biak ere grisak. Arrebak, beti adi, bi aldiz bakarrik ikusi zuen siloia leiho ondoan zegoela. Handik aurrera, logela apaintzean, berak inguratzen zuen siloia. Oraindik areago: lehen kristal bikoitzak irekita uzten zituen. Gregoriok arrebarekin hitz egin ahal izan balu sikira; harengatik egiten ari zenagatik eskerrak eman ahal izan balizkio, txikiagoak irudituko zitzaizkiokeen arrebari ematen zizkion lanak, baina modu honetan asko sufriarazten zioten. Dudarik gabe, arrebak ahalegin guztiak egiten zituen egoera mingarri hura arindu eta gozatzeko, eta, denborak aurrera egin ahala, ari zen lortzen, logikoa zenez. Baina Gregoriok ere, egunak pasa ahala, argiago zeukan egoera. Arrebaren bisitak beldurgarri bihurtu ziren Gregoriorentzat. Gelan sartu orduko, barruko berri inork jakin ez zezan lehen bezala aldez aurretik atea itxi ere egin gabe, korrika joan leihora eta zakarki irekitzen zuen, itotzeko zorian balego bezala; eta hotza izugarria zenean ere hantxe egoten zen aldi batean, grinatsu arnasa hartzen. Aztoramendu horrek egunean bi aldiz izutzen zuen Gregorio; nahiz eta bazekien arrebak pozik ebitatuko zizkiokeela molestia haiek baldin eta gelan leihoak itxita egon ahal izan balitz; Gregorio dardarka egoten zen sofaren azpian, bisitak irauten zuen denbora guztian. Egun batean —metamorfosi ondorengo lehen hilabetea osatua zegoen, beraz ez zeukan zertan harriturik Gregorioren itxuragatik— ohi baino goizxeago etorri zen arreba eta leihora begira, geldi-geldi, harrapatu zuen. Arreba ez sartzeak ez zukeen harrituko Gregorio, izan ere, zegoen tokian egonda, leihoa irekitzea galarazten zion. Ez sartzea bat, baina, ez sartzeaz gain, atzeraka egin eta atea itxi zuen ziztu bizian: modu hartan erreakzionatzen inork ikusi izan balu, Gregoriok eraso bortitzen bat egin nahi ziola pentsatuko zukeen. Gregorio segituan sartu zen sofaren azpian; baina eguerdira arte ez zen itzuli arreba, ohi baino urduriago etorri ere. Bere presentzia jasanezina zela arrebarentzat konpreniarazi zion Gregoriori intzidente horrek; sofaren azpian bistan geratzen zitzaion gorputz zatia ikustean korrika alde egiten ez bazuen, bere barrenari eragindako esfortzu ikaragarriari esker lortzen zuela hori. Arrebak parte txikienik ere ikus ez ziezaion, egun batean, bizkarrean harturik, maindire zuria eraman zuen sofaraino; portzierto, lau ordu behar izan zituen horretarako; egoki moldatu zuen gorputza zeharo estali eta arrebak, gehiena makurturik ere, ikus ez zezan. Neurri hau egokia iruditu ez balitzaio, arrebak berak kenduko ziokeen maindirea, erraza zen, bada, isolatzea, Gregoriorentzat, ez zela batere atsegina antzematea. Baina arrebak zegoen bezala utzi zuen maindirea, eta Gregoriok, jantzi berriak zer-nolako harrera izaten ote zuen jakiteko, izkina batetik buruarekin kontu handiz altxatu zuenean, senide gaztearengan esker-onezko begirada sumatu ote zuen iruditu zitzaion. Lehen bi asteetan gurasoak ez ziren ausartu ikustera sartzen. Maiz entzun zien arrebaren portaera laudatzen, ordura arte, aitzitik, ia-ia inutiltzat jotzen zuten. Aita eta amak Gregorioren gela aurrean itxaron ohi zuten arrebak txukundu bitartean, eta irteten zenean koartoa nola zegoen, Gregoriok zer jan zuen, nola portatu zen, hobera egiten ari zen seinalerik ba al zuen... kontarazten zioten. Amak berehala bisitatu nahi izan zuen Gregorio, baina arreba eta aitak atzerarazi egin zuten, Gregoriok arretaz entzun eta guztiz onetsi zituen argudioak emanda. Geroago indarrez galarazi behar izan zioten, eta «Utz iezadazue Gregorio ikusten! Seme errukarria! Ez al duzue ulertzen hil ala bizikoa dela, niretzat, ikustea?» oihuka ekin zionean, Gregoriok pentsatu zuen hobe izango zela, agian, ama sar zedin; ez egunero, baina bai astean behin edo horrela. Arreba baino askoz ere konprentsiboagoa zen ama; arreba, izan ere, nahiz eta adore handia erakutsi, ume-moko bat baino ez zen; eta, beharbada, bere ume-inkonszientzia horri esker hartu zuen bere gain hain langintza nekagarria. Laster bete zen Gregorio ikusteko amaren desioa. Egunez, gurasoenganako begirunea zela medio, ez zen leihora ateratzen, eta gelako bi metro karratuko sail librean ia-ia ezin zen mugitu. Gauez ere nekez har zezakeen, lasai, deskantsu. Luzaro baino lehen, janak ez zion plazerrik ematen, eta, entretenitzeko, paretetan gora eta sabaian barrena zeharka-meharka ibiltzeari eman zion. Sabaian egoten zen gustuen: hura lurrean etzanda egotearen aldean ona zen; arnasa hobeto hartzen zuen, eta dardarizo xuabe-xuabeak sentitzen zituen. Egun batean Gregorio, ez kezka ez bestelako, kasik zorion beteko, harriduraz gainezka, sabaitik behera erori zen. Baina oso zailduta zeukan gorputza, eta, kolpea izugarria izan arren, minik ez zuen hartu. Arreba berehala ohartu zen Gregorioren entretenimendu berriaz —agian, igotzerakoan, adur arrastoak utziko zituen-, eta ahalegin guztiak egin nahi izan zituen haren ibilmodua errazteko, oztopo ziren mobleak paretik kendurik, batez ere baula eta idazmahaia. Bakarrik ezin zuen egin eta aitari laguntza eskatzera ez zen atrebitzen; neskameari ere ez zeukan deitzerik; hirurogeiren bat urteko andere jatorra, animoso ari zen aurrekoak utzitako lekua betetzen, baina sukaldeko atea beti itxirik edukitzen utzi eta deitzen ziotenean bakarrik irekitzeko baimena eskatu zuen. Hortaz, aitaren isilean amari laguntza eskatzea zen posibilitate bakarra. Ama adoretsu abiatu zen, baina mutu geratu zen ate aurrera iristean. Arrebak begiratu zuen dena ordenan ote zegoen eta orduan aurrerarazi zuen ama. Gregoriok bestetan baino beheratuago zeukan maindirea, tolestura eta zimurdura handiekin, maindirepean kasualitatez balego bezala. Oraingoan ez zuen maindirepetik begiratu; uko egin zion ama ikusteari, baina zoriontsu gelan sartzera behingoz ausartu zelako. —Pasa, pasa, ez da ez ezer ikusten —esan zuen arrebak, seguru asko ama eskutik zuela. Gregoriok han sumatu zituen bi emakumetxoak baul zahar eta astuna mugitu nahirik; beti bezain animoso, arrebak egiten zuen esfortzurik handiena, amaren esanei jaramonik egin gabe; amak uste zuen arreba nekeak jota geratuko zela. Ordu laurden bat pasa ondoren, amak zioen hobe izango zela baula zegoen toki berean uztea, izan ere oso pisua baitzen eta ez , zuen espero aita itzultzerako amaituko zutenik; gainera, baula gelaren erdian ipinita, Gregoriori pasoa itxiko ziokeen; azkenik, bazitekeen mobleak kentzea Gregoriori ez gustatzea, alderantzizkoa baizik. Hormen biluztasunak deprimitu egiten zuen. Aspalditik koartoaren itxura hartara ohiturik, zergatik ez zitzaiokeen Gregoriori beste horrenbeste gertatuko? Ez al zen abandonaturik sentituko gela hustuan? —Mobleak kentzean —jarraitu zuen ahots isil-isilez, kasik ahopeka, Gregoriok entzuteko beldurrez bezala, non zegoen juxtu-juxtu ez baitzekien, hitzak ez zituela ulertzen pentsatzen zuen arren ahots-soinuari buruz ez zeukan-eta ziurtasun bera—, ez al luke emango hobera egin dezakeen esperantza guztiak galduta bezala ari garela jokatzen, eta hor konpon zeure historiekin esaten ari gatzaizkiola? Nik uste dut koartoa lehen bezala uztea izango dela onena, Gregoriok, bere onera itzultzen denean, guzti-guztia lehen bezala aurkitu eta parentesi makur hau errazago ahantz dezan. Amaren hitz hauek aditzean, Gregoriori iruditu zitzaion, inolako giza erlaziorik gabeko izate hark batetik eta bizitza berriak eraginiko monotoniak bestetik, burutik egin izango zutela bi hilabete haietan, bestela nola esplikatu gela husteko sentitzen zuen desio hura? Nahi ote zuen, gero!, moble ezagun bezain kuttunez hornituriko gela lasai eta dotorea basamortu bihur zedin, nahiz eta gora eta behera, igo eta jaitsi, bere gogora inolako oztoporik gabe ibili ahal izan? Horrela, oso denbora laburrean, gizakia zela ere ahaztuta ez al zen geratuko? Hain zuzen, ahazteko zorian zegoen, eta eskerrak amaren ahotsak, hura ere aspaldian entzun gabe, erreakzionarazi zion. Ez, ez zen komeni ezer kentzea; lehen bezalaxe gera zedila; moble haien presentziak on egiten zion eta ez zeukan gabetzerik, nahiz eta libreago mugitzeko traba egin; hori, gainera, kaltea baino areago abantailatzat hartu beharko zukeen. Tamalez, arreba ez zen iritzi berekoa, eta Gregoriori zegozkion gauzetan —ez motiburik gabe, noski— bere burua familiako aditutzat jotzen ohitu zenez, amaren argudioak banan-banan birrindu ondoren, hasieran uste ez bezala, baula eta idazmahaia ez ezik, ezinbestekoa zuen sofa utzita, beste moble guztiak ere kentzea erabaki zuen. Haren jokaera ez zen gazte baten burugogorkeria edota egoerak eraginik kolpean lortu zuen bere buruarenganako konfiantzaren ondorioa, baizik eta ikusia zeukan, Gregoriok arrastaka eta gora eta behera ibiltzeko leku handia behar izateaz gain, mobleak ez zituela ezertarako ere erabiltzen. Beharbada, adin horretan izaten den gogo eta zerbaitetarako balio zuela demostratu nahiaren ondorioz, batere ohartu gabe, desio zezakeen Gregorioren egoera oraindik ere gogorrago bihur zedin, haren alde egiten zuena baino gehiago egin ahal izateko. Izan ere, Gregorio gelan, pareta zuri artean, bakar-bakarrik egonda, Grete izan ezik beste inor ez zen inor ausartuko, seguru aski, hara sartzera. Amak ez zuen, bada, alaba ideiez aldaraztea lortu, eta gela hartan berebiziko egonezina sentitzen zuenez, berehala isildu eta, bere indar guztiez, arrebari laguntzen hasi zen: baula ateratzen. Beste erremediorik ezean, Gregorio baulik gabe molda zitekeen, baina idazmahaiak han geratu behar zuen derrigor. Bi emakumeak, arnasestuka eta baula tatarrean zutela, logelatik irten bezain laster, Gregoriok, sofa azpitik burua atera zuen, delikadezarik handienarekin eta ahalbait kontuzen nola jokatu aztertzeko. Talamez, ama bera itzuli zen aurrena, Gretek, aldameneko gelan, baultzarraren borrokan ziharduen bitartean, nahiz ez zuen lortzen tokiz aldatzea. Ama ez zegoen ohituta Gregorioren bisitarekin eta izugarrizko inpresioa egin ziezaiokeen; hori dela eta, Gregorio, ahalbait arinen atzera egin eta, sofaren beste puntaraino joan zen; baina estaltzen zuen maindirea apur bat mugi zedin ezin ebitatu izan zuen, eta horixe aski ama aztoratzeko. Kolpean lurrari erantsita geratu zen eta, une batez zalantzan egon ondoren, berriro ere Greterengana itzuli zen. Nahiz eta Gregoriok bere buruari beste munduko gauzarik ez zela gertatuko sinestarazi nahi, moble batzuk tokiz aldatzea baino ez zela, emakumeen joan-etorri eta ibilerak —moble garraioan— egonezin handia sortu zioten. Burua eta hankak ahal bezainbat kiribildu eta sabela zoruari josita, azkar jabetu zen ezin izango zuela tamaina hartan luzaro iraun. Haren koartoa husten ari ziren, maite zuen guztia kentzen: zerra eta beste lanabes batzuk gordetzen zituen baula eramana zioten, eta orain idazmahaia mugitzen ari ziren, zoruan sendo itsatsirik zegoena hain zuzen; komertzio karrera ikasten ari zela, eskolara joaten zenean bezalaxe, hantxe egin izan zituen ariketak. Ez zeukan minuturik ere galtzeko, baldin eta ama eta arrebaren asmo oneko jardun hura geldiarazi nahi bazuen; bestalde, hauek zirenik ere kasik ez zen gogoratzen, izan ere, nekeak menderatuta, isiltasun osoan murgildurik ari ziren lanean, beren urrats nekatuen oihartzun ahulak baino entzuten ez zirela. Emakumeak, aldameneko gelan, arnas apur bat hartzeko, idazmahaiaren kontra gelditu ziren bitartean, Gregorio supituki atera zen ezkutalekutik; lautaraino aldatu zuen norabidea: ez zekien nondik ekin. Bat-batean, horma biluztuan, larru artean babesturiko emakumearen erretratuak eman zion atentzioa. Arrapaladan bertaraino igo eta kristalari atxiki zitzaion, non ikutu hotz hark Gregorioren sabeleko erresumina arindu baitzuen. Gorputzarekin erabat estaltzen zuelarik, estanpa hura, behintzat, ez zioten kenduko. Jangelako ate aldera jiratu zuen burua, sartzen zirenean emakumeak ikusteko. Ez zuten atseden handirik hartu; berehalaxe itzuli ziren; Gretek besoa luzatzen zion amari gerri-jiran, erori gabe eutsi nahi izan balio bezala. —Zer eramango dugu orain? —galdetu zuen Gretek, ingurua miatuz. Une horretan haren begirada Gregoriorenarekin gurutzatu zen. Ama han zegoelako, bestela ez zuen lortuko Gretek bere burua kontrolatzea; haren aldera makurtu zen, Gregorio ikus zezan galarazteko, eta, zeharo ikaratu eta dardarti, hala esan zuen: —Atoz, goazen apur batean jangelara. Gregoriorentzat, Greteren asmoak garbi baino garbiago zeuden: ama libratu sufrikario hartatik, eta gero hormatik behera bota. Intentatzea asko zuen, atrebitzen bazen! Hark estanpari gogor helduta segitzen zuen, ez zuen amore emango. Nahiago zuen Greteri aurpegira salto egin. Baina Greteren hitzek ez zuten lortu ama larriagotzea baizik. Aldamenera pixka bat mugitzen da, mantxa ilun handi hura ikusten du koartoko horma papereztatuaren gainean eta, hura Gregorio zela konturatzeko ere betarik gabe, ahots biziaz egin zuen garrasi: —Jainko laztana! Jainko laztana! Sofa gainera erori zen zerraldo, besoak zabal-zabal zituela, bere indar guztiek ihes egin izan baliote bezala, eta hantxe geratu zen mugimendurik gabe. Eta txorabiatu egin zen. —Gregorio! —egin zuen oihu arrebak, ukabila jaso eta gaitzespen begiradarekin batera. Hura zen, metaformosi ondorenean, zuzenean hitz egiten zion lehen aldia. Grete aldameneko gelara joan zen, ama erreanimatzeko zerbaiten bila. Gregoriok pozik lagunduko ziokeen —koadroa salbatzeko bazegoen astia—, baina kristalari erantsita zegoen, eta tiraizo bortitz bat jo behar izan zuen handik libratzeko. Gero alboko gelara joan zen korrika, oraindik ere, lehen bezalaxe, arrebari aholkuren bat eman ahal izan balio bezala. Baina haren atzean geldi egoterekin konformatu behar izan zuen. Grete, hainbat fraskoren artean, bila eta bila ari zen; burua jiratu zuenean hura sustoa!; botila txiki bat lurrera erori eta puskatu egin zitzaion, eta printzaki batek Gregorio zauritu zuen, aurpegian zehar likido korrosibo bat hedaturik. Grete, begira geratu gabe, ahal izan zituen frasko guztiak hartu eta Gregorioren gelan sartu zen, hankarekin atea itxirik. Gregorio, beraz, amarengandik zeharo aparte aurkitzen zen orain; hain zuzen ere ama, bere erruz, agian hilzorian egon zitekeen. Ez zeukan sartzerik arreba kanpora bota gabe, baina amarentzat ezinbestekoa zen arreba ondoan izatea; ez zeukan, bada, itxoitea beste erremediorik. Barren harrak eta kezkak erasanik, paretan gora, moble gainetik jiran eta tetxoan barrena ekin zion, harik eta mareaturik sentitu eta mahai gainera, desesperaturik, erori zen arte. Denborak aurrera egin zuen. Gregorio han zetzan luzean zeharturik, akituta; etxean isiltasuna zen jaun eta jabe; hori, apika, seinale ona zen. Deitu egin zuten. Neskamea, beti bezala, sukaldean zegoen, eta Gretek atera behar izan zuen irekitzera. Aita zen. —Zer pasa da? Hauek izan ziren haren lehen hitzak. Greteren espresioak garbi adierazia zion dena. Gretek aitaren bularrean ezkutatu zuen aurpegia, eta hala esan zuen, itolarriz: —Amari ondoeza egin zaio, baina hobeto dago. Gregoriok ihes egin du. —Banekien —esan zuen aitak—. Abisatu nizuen; baina zuek, emakumeok, ez duzue inoiz kasurik egiten. Greteren komentarioa aitak ez zuela zuzen interpretatu deliberatu zuen Gregoriok, eta oker handiren bat egina zela uste zuela. Beraz, aita baretu beharrean aurkitzen zen; ez zeukan, bada, ez astirik eta ez modurik gertaturikoa argi ziezaion. Gelako atera joan eta haren kontra estutu zuen gorputza, aitak, sartzen zenean, jakin zezan gelara berehala itzultzeko asmo biziarekin zebilela eta ez zeukala bultza egin beharrik, baizik eta aski zuela atea irekitzea, instantean barrura sartzeko. Baina aita ez zegoen sutilezia guztiok atzemateko moduan. —Ah! —egin zuen zizpuru ahots haserre bezain mehatxatzailearekin. Gregoriok burua atetik jaiki eta aitarenganantz jiratu zuen. Azken boladan, hormetan zehar ibiltzeko teknika perfekzionatzen zeharo murgildurik, etxean gertatzen zenaz lehen bezala kezkatzeari utzita zegoen; hortaz, jakin beharko zukeen gauzak erabat aldatuta aurkituko zituela. Alabaina, benetan ote zen hura haren aita? Lehenago, Gregorio negozio bidaian irtetera zihoala, ohean arras jota zegoen gizon hura bera ote zen? Etxera itzultzean, bata jantzita, butakan jausirik aurkitzen zuen gizon hura bera ote?, eta altxatzeko indarrik ez eta semearen itzulerak zemaion poza adierazteko besoak jaso baino egiten ez zuen hura bera? Igande eta jaiegun batzuetan, elkarrekin ematen zituzten paseo bakan haietan, Gregorio eta amaren tartean, pausoa pausoari eman ezinik, gabana zaharrean bilduta, makuluaz baliaturik, poliki eta aldiko pixka aurreratzen zuen gizon hura bera ote zen?, eta zerbait esan nahi zuen guztietan gelditu eta ondokoak geldiarazten zituen hura bera? Orain, solamente, zindo eta buruzut zegoen, botoi doratudun uniforme serioa, bankuetako ordenantzek eramaten duten modukoa, jantzita. Uniformearen lepo estu eta altuaren tartetik paparra ikus zekiokeen; bekain iletsuen azpian, begi beltzek begirada bizi eta arretatsuaz zegiten dir-dir; eta ile zuria, ordura arte beti banaturik ibiltzen zuena, distiratsu ageri zen, arraia eta guzti, ezin hobeto orraztuta. Intsignia doratudun kapela —seguru aski Bankuren batekoa— sofa gainera bota zuen, eta, buelta bat emanik, Gregoriorengana joan zen, etsai espresioarekin, eskuak galtzen poltsikoan zituela, eta lebitadun uniformearen hegal luzeak atzeraka bilduta. Aitak ez zekien zer egingo zuen; ibiltzerakoan ohi baino gorago jasotzen zituen hankak, eta Gregorio harriturik geratu zen haren oinetako zoruen tamaina ikusita. Haatik, ez zitzaion oldartu, bazekien-eta, bizitzaren lehenengo egun beretik jakin ere, aitak zorroztasun handienez jokatuko zuela harekiko gauza guztietan. Korrika abiatu zen aitaren aurretik; hau geratzen zenean hura ere geratu egiten zen; eta berriro korrikari ekiten zion mugimendurik egiten ikusi orduko. Gelan barrena jira-buelta batzuk eman arren, ez zen ezer gertatu; joko honek, geldialdi luzeei esker, ez zeukan pertsekuzio itxurarik ere. Gregoriok lurrean geratzea erabaki zuen, beldur zen, paretan gora edo tetxoan zehar ihesari ematen bazion, aitak ez ote zuen hartuko joko makurtzat. Luze gabe ohartu zen Gregorio egoera hark ez zezakeela askorik iraun, bada aitak pauso bat ematen zuen bitartean hark mugimendu sail handia zeukan egin beharra, eta arnasestuka hasia zen. Nahiz eta egia zen aldaketa izan aurreko egoera hartan ere ez zitekeela askorik fida birikekin. Ezinak jota geratu zen, berriro ere ihesari ekiteko indarrak bildu nahirik. Doi-doi zeuzkan begiak zabalik; hain zegoen izuturik, korrika jarraitzea beste pentsamendurik ez zuen buruan, paretan gora hasteari uko eginik; dena dela, punta zorrotz eta angelu arriskutsudun moble tailatuz josita zeuen hormak. Bat-batean, intentzio osoz jaurtikitako zerbait erori zitzaion ondora eta pirikan igaro zitzaion aurretik; sagarra zen; eta honen ondotik beste bat gero. Gregorio, zeharo ikaraturik, ez zen mugitu; alfer-alferrik zen korrika segitzea, aita bonbardeo batean ari baitzitzaion. Komoda gaineko frutontzitik hartu eta patrikak bete-bete egin ondoren, bata bestearen atzetik botatzen zizkion, nahiz eta momentuz jotzerik ez lortu. Sagar gorriak han zebiltzan lurrean pirikan, elektrizatuta bezala, bata bestearekin talkaka. Haietako bat, zuzenago tiratua nonbait, Gregorioren bizkarra ikutuz pasatu zen, baina ez zion minik eman. Hurrengoak, ordea, txit betaro harrapatu zuen. Gregorio ahalegin osoan saiatu zen korrika, tokiz aldatzeak oinaze ikaragarriaren atzaparretatik libratu ahal izango bailuen; baina bertan iltzez josi izan balute bezala zen, eta han geratu zen, urrikalgarri, inolako babesik gabe, inguruan zer gertatzen ari zen ere konturatzen ez zela. Konortearen azken zantzuekin, gelako atea kolpean irekitzen ikusi zuen, eta ama korrika, arreba eta haren garrasi hotsen aurretik, kamisoi-hutsetan —bada Gretek, bere onera itzul zedin, erantzi egin zuen—; gero ama ikusi zuen, bidean gonak bata bestearen atzetik galdurik, estropozoka iritsi eta senarraren besoetan jausi eta hura besarkatzen. Gregoriok, jada bista lausoturik, amak aitari, lepotik oratuta, mesedez semea ez hiltzeko nola esaten zion entzun zuen azken-azkenik. Sendatzen hilabete baino gehiago tardatu zuen zauri hark —gertatutakoaren seinale nabarmen gisa haragian sartuta geratu zitzaion sagarra kentzera inor ez zen ausartu— gauza bat gogorarazi zien, baita aitari ere: Gregorio, zeukan itxura higuingarria gorabehera, etxekoa zela eta ez zuketela etsai moduan tratu beharko, aitzitik begirune handienez baizik, eta familiaren obligazio baztertezina zela nazkari aurre egin eta gauzak pazientziaz hartzea. Nahiz eta zauri larri hura zela medio asko murriztu, beharbada betiko, mugitzeko ahalmena; nahiz eta orain, edadeko elbarri baten gisa, minutu luzeak behar izan gela batetik bestera gurutzatzeko eta paretan ibiltzea pentsatu ere ezin egin, bere egoeraren okerreragotze hartan konpentsazioa ere izan zuen Gregoriok: arratsaldez, ordubete edo bi lehenago begiak hantxe tinkaturik izaten zituelarik, jangelako atea ireki egiten zen, eta Gregoriok, bere koarto ilunean etzanda, beste guztientzat ikusezin izaki, familia ederki ikus zezakeen, argiz beteriko mahaiaren jiran, baita solasa entzun ere mahaikideen onarpen osoarekin. Jakina, ez zegoen garai bateko konturik; solaskideak ez ziren orduan bezain animatu aritzen hizketan; Gregorio —biajante zebilela— ostatuetako gela kaxkarretan, ohe arrotzeko maindire umelduen gainean bildurik, hamaika aldiz egon zen etxeko elkarrizketa eta gozoaren miran. Orain afalosteak, ia-ia beti, monotono eta tristeak ziren. Afaldu eta berehala, aita lo geratzen zen butakan, eta ama eta arreba ez ziren isiltzen gelditzen keinua elkarri egiten. Amak, argiaren kontra jarrita, dendarako lentzeri gauzak josten jarduten zuen, eta arreba, dendan lan egiten zuelarik, estenografia eta frantsesa ikasten aritzen zen gauetan, oraingoa baino lanpostu hobea lortzeko asmoarekin. Noizbehinka aita esnatu egiten zen eta, lo egon zela ohartu izan balitz bezala, amari esaten zion: «Josi eta josi, ez daukazu beste konturik!» Eta berehalaxe hartzen zuen berriro ere lo; bien bitartean ama eta arrebak, nekeak jota, irribarrea eskaintzen zioten elkarri. Aitak, egosgogor, ez zuen inondik inora, ezta etxean ere, bere ordenantza-uniformea kendu nahi izaten. Eta bata, jada ezertarako zerbitzen ez ziona, kakoan eskegitzen zuen bitartean, zeharo uniformaturik egiten zuen lo, beti prestatuta egon nahi izan balu bezala eta etxean ere buruzagiren baten agindua entzutea espero bailuen. Horrela uniformea, lehen ere berria ez izaki, segituan ajatu zen, nahiz eta arreba zein ama zaintzen gogotik saiatu. Gregoriok orduak eta orduak ematen zituen traje dotore hari begira; hori bai: mantxaz betea, baina beti ere botoi doratuak distiratsu zirela, eta haren barrenan aita oso deseroso, baina lasai, lo. Hamarretan, ama, aita esnatzen ahalegintzen zen, oheratu eta behar den moduan lo egin zezan ea konbentzitzen ote zuen, izan ere oso beharrezkoa zuen hori, goizeko seietan sartzen baitzen lanera. Baina aitak, ordenantza kargua hartu zuenetik erakusten zuen burugogorkeriari loturik, mahaiko egonaldia nondik luzatuko ibiltzen zen, nahiz eta jakinekoa zen bertan lo hartuko zuela eta butakatik ohera aldaraztea erruz kostatzen zitzaiela. Ama eta arrebaren argudioei entzungor eginik, han segitzen zuen begiak itxirik, lo kuluxka bikainak eginez. Amak zamarra-besotik tiratzen zion, belarrira hitz eztiak jaulkitzen zizkion bitartean; arreba, ari zen lanari utzirik, amari laguntzera joaten zen. Baina ez zuen ezertarako serbitzen; oraindik ere etzanago jartzen zen butakan eta ez zituen begiak irekitzen harik eta bi emakumeek besapetik heltzen zioten arte. Orduan lehenengo batari eta gero besteari begiratzen zien, eta garrasi jakina zeukan: —Hau bizimodua, hau! Azken urteen hondarrean ere lasai egoterik ez, alajaina! Eta egundoko pisuak zapalduko balu bezala, nekez baino nekezago zutitzen zen, ama eta arrebari helduta; ateraino laguntzen ziotenean, keinu egiten zien: haien beharrik ez zuela; eta bakarrik segitzen zuen aurrera, baina, lanari utzirik, berriro harengana itzultzen ziren bi emakumeak, laguntzen jarraitzeko. Familia hartan, lanak hainbesterainoxe menperaturik, nork dedika ziezaiokeen behar-beharrezkoa baino denbora gehiago Gregoriori? Etxeko eskuartea behera egina zen nabarmen. Neskamea despatxatu egin zuten, eta, lanik gogorrenetan laguntzeko, emakume handi eta hezurtsu bat hartu zuten; ilezuridun andrea goizez tarte bat, eta arratsaldez beste bat, etortzen zen, eta amak, jostearekin gutxi ez zuela, gaineratiko etxeko lanei ere heldu behar izan zien. Ez hori bakarrik, beste garai batzuetan, festa eta bileretara joateko, amak eta arrebak jantzi eta hain harro erakutsi ohi zituzten hainbat bitxi saldu beharrean aurkitu ziren. Salmentan lortutako irabaziei buruz mintzo zirelarik, gauetan familian izaten zituzten hizketaldi haietako bati esker jakin zuen Gregoriok hori. Baina nahigabe eta arrangura-motiburik handiena, itxura batera, etxez aldatu ezina zen, ez baitzegoen Gregorio eramateko modurik; oraingo etxea, berriz, handiegia jotzen zuten zirkunstantzia haietan bizitzeko. Alabaina, Gregorio ederki jabeturik zegoen bera ez zela aldaketarako oztopo, ondo asko eraman zitekeen-eta kaxoi batean, arnasa hartzeko zuloak eginda. Ez aldatzeko benetako arrazoia beste hau zen: ezagun eta familiartean ordura arte sekula gertatu ez zen ezbehar ikaragarri bezain harrigarriak erasan ziela guztiz onartzera behartzen zituen horrek. Zorigaitzak jo zituen denak: aitak Bankuko langile apalaren gosariaren bila joan behar, ama arrotzentzat arropa josten ari zen, eta arrebak mostradore atzean ematen zuen eguna, bezeroen gutizien menpe. Familia, indarrak ahiturik, ezinaren ateetan zen aurki. Eta bizkarreko zaurian mina berritzen sentitzen zuen Gregoriok, ama eta arreba, aita ohera eraman ostean, jangelara itzuli eta, nork bere lana bertan behera utzirik, elkarren ondoan, bekokiz bekoki, esertzen zirenean. Amak, Gregorioren gela seinalaturik, esaten zuen: —Grete, itxi ate hori! Eta Gregorio, berriro ere, ilunaren menpe murgildu zen, bi emakumeak aldameneko gelan negar-isilka ari zirelarik, edota, hitzik trukatu gabe, begi lehorrak mahaiari itsasten zizkioten bitartean. Gregoriok, ez gauez eta egunez, ia-ia ez zuen lorik egiten. Gelako atera ireki egingo zela pentsatzen zuen batzuetan, eta ostera ere, lehenago bezalaxe, familiako arazoez bera arduratuko zela. Denbora luzearen ondotik, berriz ere, almazeneko zuzendari eta gerenteaz gogoratu zen, eta denda-mutil eta ikastunaz, ordenantza gatz gabeko hartaz, beste komertzio batzuetan zituen bizpahiru lagunez, eta herrixka bateko fondako neska zerbitzariaz, eta... Sonbrailu denda bateko kutxazainaren oroitzapen eztia bezain iheskorrak eraso zion gero; bere garaian formalki gorteiatua zuen Gregoriok neska hura, nahiz eta enpeino handiegirik ez zuen ipini. Pertsona guztiok eta aspaldi ahazturiko beste estrainio batzuk buruan nahasi zerabilzkion; baina inork ez ziezaiokeen lagun, ez hari eta ez etxekoei. Antzemanezinak ziren, eta a ze lasaitua hartzen zuen haien oroitza burutik kentzea lortzen zuenean! Gero, familiaz kezkatzeari ere uko egiten zion, eta, eskaintzen zion arreta eskasa bide, harenganako amorrua baino ez zuen sentitzen. Ez zegoen benetan gogoko zuen ezer; alabaina, planak egiten aritzen zen: despentsara joan eta, goserik ez bazuen ere, eskubide osoz tokatzen zitzaion guztiaz jabetu. Jadanik arreba ez zen arduratzen haren gustuko janariak bilatzeaz; lanera joan aurretik, nola goizean hala arratsaldean, hankarekin bultza eginik, zerbait botatzen zion gela barrura, eta gero, lanetik itzultzean, Gregoriok janaria probatu baizik egin ote zuen —hain zuzen ere horixe zen normalena— begiratu gabe, edota ikutu ere ez zuela egin erreparatzeke, hondarrak bildu ohi zituen erratzarekin. Gelaren txukunketa ere, beti gauez noski, presaka batean egiten zuen. Hormak zikinkeriaz beterik zeuden, eta hautsa eta hondakinak bazterretan pilatzen ari ziren. Hasieran, arreba sartzean, Gregorio, hain zuen ere, zikinik gehien zegoen txokoan baztertzen zen. Baina orain, asteak eta asteak bertan egonda ere, arreba ez zatekeen gehiago saiatuko; Gregoriok bezain ongi ikusten zuen zikina, baina, zirudienez, ez zuen biltzeko asmorik. Irudikortasun guztiz berriak erasanik, aldi berean familia osoarengana hedatu zena, ez zuen ametitzen gelaren txukunketaz beste inor ardura zedin. Behin batean, amak egundoko garbitua eman nahi izan zion koartoari; horretarako, ura pertzaka erabili behar izan zuen; Bien bitartean Gregorio han zetzan sofaren azpian, mugigaitz eta erretxinduta, humedadearekin hozkiturik. Baina arreba, lanetik itzultzean, gelan izandako aldaketez ohartu orduko, biziki hobendua sentitu zen; jangelan sartu eta, amaren esplikazioak aditzeko betarik gabe, negarrari eman zion; hain gogor eta halakoxe atsekabez eman ere, aita eta ama ikaratu egin ziren. Aitak, amaren eskuinetara, Gregorioren gelaren ardura osoa arrebari utzi ez ziolako, errietan eraso zion; arrebak, ezkerretara, aurrerantzean garbiketarekin jarraitzea ezinezkoa izango zitzaiola adierazi zuen. Amak logelara eraman nahi zuen, ez baitzen baretzen; arreba, negar-zotinka, mahai gainari ukabilka ari zen, eta Gregoriok, amorruaren amorruz, txistu-joka ziharduen; izan ere, ez zen inor gogoratu, espektakulu mingarri hura ebitatzeko, atea ixteaz. Baina arreba, nekeak akiturik, Gregorio zaintzeaz gogaiturik baldin bazegoen, amak ez zeukan zertan ordezkaturik, eta Gregoriok ere ez zeukan abandonatuta zertan sentiturik: horretarako zegoen asistentea. Urteetan aurreraturiko alargun harentzat, bere gorpuzkera hezurtsuari esker, bizitza honetan ez zen izan jasan ezinezko mingotsik; ez zuen sentitzen Gregoriorenganako inolako higuinik. Inolako Jakin-min edo morborik gabe, noski, behin batean Gregorioren koartoko atea ireki zuen; hau, ezusteak asaldaturik, nahiz inork ez pertsegitu, alde batetik bestera hasi zen korrika; alabaina, emakumeak mudakaitz jarraitu zuen, eskuak sabel gainean tolesturik. Handik aurrera, goiz eta arratsaldero, atea isilka ireki eta zirrikitutik Gregoriori begira egoten zen. Hasieran deitu ere egiten zion, bere ustetan hitz goxo eta eztiekin gainera, honela: «Etor hadi hona, deabruaren zomorrotzar hori!» Gregoriok ez zien erantzuten dei hauei: mugitu ere egin gabe jarraitzen zuen, atea ireki ere ez balitz bezala. Hobe izango zatekeen, halako pixka batez ere, alfer-alferrik molestatu ordez, egunero koartoa garbitzeko agindu izan balitzaio zerbitzariari. Behin batean, goizean goiz, —udaberriaren berehalako etorrera iragartzen zuela zirudien euriak kristalei bortizki erasotzen zien bitartean— zerbitzariak betiko modutsuan inkordiatu zuen; hainbesterainoxe haserretu zen Gregorio, jiratu eta han doa emakumearengana, aski geldi baina erasotzeko itxura osoarekin. Alabaina emakumea, ikaratu ordez, ate ondoan zegoen silla gora jaso, eta, ahoa den adina zabal, han jarri zen zain, eskuetan zuen silla Gregoriori bizkarrean erantsi gabe ixteko inolako asmorik ez zuela garbi adieraziz. —Ez al duk etorri behar, eh? —esan zuen Gregoriok atzera egin zuela ikustean. Eta lasai-lasai, berriro ere silla bazterrean utzi zuen. Gregoriok kasik ez zuen jaten. Eramaten zizkioten janarien ondotik pasatzerakoan mokaduren bat hartu, orduak eta orduak ahoan eduki eta, azkenean, ia-ia beti, bota egiten zuen. Hasieran uste izan zuen jateko gogorik eza gelaren egoerak sortzen zion malenkoniaren ondorioa zela; baina honen itxura berrira laster ohitu zen. Gaineratiko tokietan traba egiten zuten tresnak han sartzeko ohitura hartu zuten; eta, egia esan, gauza asko, izan ere etxeko koartoetariko bat hiru ostariri alokatu zieten. Hiru gizaseme zintzo —hirurek zuten bizarra, behin Gregoriok ate zirrikitutik ikusi ahal izan zuenez— eta euren gelan ez ezik etxe osoan ere, batik bat sukaldean, ordena eta txukuntasuna nagusi izan zitezen erruz saiatzen ziren. Tresna zaharrak ezin zituzten ikusi ere egin, eta are gutxiago zikina. Gainera, moblerik gehienak beraiek ekarri zituzten; ondorioz, lehengo moble batzuk alferrikakoak ziren; ezin saldu, ordea, eta samsatarrek, berriz, botatzerik ere nahi ez. Eta gauza guztiok Gregorioren koartoan pilatuak zeuden, hauts-biltzeko eta zaborrontziarekin batera. Erabiliko ez zituzten gauzak asistenteak berehala botatzen zituen Gregorioren koartora; honek, zorionez, gehienetan behintzat, objektua bera eta eusten zion eskua baino ez zituen ikusten. Baliteke geroago gauza haien bila itzultzeko asmoa izatea asistenteak, edota denak batera botatzea pentsatzen zuen; baina egia bakarra zen han segitzen zutela, utzitako tokian, baldin eta Gregoriok, ditxosozko tresna horietakoren batek lorrean ibiltzeko lekua jaten ziolako edo amorru hutsez, haren kontra jaiki eta tokiz aldatzen ez bazuen, nahiz eta garraiaketa haren ondotik zeharo goibel eta guztiz nekaturik geratu eta mugitzeko batere gogorik gabe orduak eta orduak eman. Batzuetan ostariek etxean, jangelan, afaltzen duten; hori dela eta, Gregorioren gelara ematen zuen atea itxirik egoten zenbait gauetan; baina Gregoriori jada ez zion horrek askorik axola; bada, atea irekirik egoten zen gau batzuetan ere ez zuen parada aprobetxatu, ate ondotik aldendu egin zen baizik, familia ohartu ere egin gabe, eta koartoko izkinarik ilunenenean ezkutatu. Behin batean zerbitzariak erdi irekirik utzi zuen jangela aldeko atea, eta horrelaxe zirauen gauean ostariak sartu eta argia piztu zutenean. Mahaian eseri ziren, antzina aita, ama eta Gregorio jartzen ziren tokietan, serbiletak zabaldu eta goilare-tenedoreak eskuetan. Ama azaldu zen aurrena, fuentekada bat haragirekin; eta honen atzetik arreba, ontzia patataz beterik. Lurruna zerien ontzi beteen gainera makurtu ziren ostariak, platerera atera aurretik probatu nahi izan balute bezala. Halaxe zen; denen erdian eserita zegoenak, buru egiten zuela zirudienak, fuentean bertan ebaki zuen haragi zatia, ezbairik gabe nahikoa samurra zegoen ikusi eta sukaldera itzuli beharrik ez zela ziurtatzeko. Ondo zegoela adierazi zuen, eta ama eta arrebak, probaketa hura zertan amaitzen zen adi-adi egon zirelarik, lasai hartu ahal izan zuten arnasa eta irribarrea loratu zen haien ezpainetan. Familiak sukaldean jaten zuen. Aita, hara baino lehen, jangelan sartu zen; erreberentzia egin eta, kapela eskuan zuela, mahaira inguratu zen. Ostariak altxatu egin ziren, zerbait murmurikatzen zuten bitartean. Gero, bakarrik geratu zirelarik, ia-ia hitzik ere trukatu gabe jan zuten. Gregoriori arrotz suertatzen zitzaion jateak bereak zituen zarata haiez gain, mastekatzean hortzekin ateratzen zutena, hortzak, jateko, ezinbestekoak direla demostratu nahi izan baliote bezala, eta masailezurrik ederrenak ere ez duela batere zerbitzen horretako gogoratu nahi bailioten. «Hau gosea» —pentsatu zuen Gregoriok berekiko, arrunt kezkaturik—. «Baina ez dira hauek nik desio ditudan gauzak. Hori da jatea, ostari horiena! Eta ni, bien bitartean, goseak hiltzen!» Gau hartan —Gregoriok ez zeukan denboraldi guzti hartan biolina entzundako errezelorik— sukaldean entzun zuen. Ostariek afaria amaitua zuten. Erdian zegoenak kazeta bat atera zuen eta beste biei orri bana eman, eta hirurak erre eta irakurtzen ari ziren, eserlekuan zehar-etzanean jarrita. Biolina entzutean, jaiki eta hanka punttan joan ziren harreratokiko ateraino, eta han zeuden geldiari josita, elkarri erantsita. Baina sukaldekoek entzun egin izango zien, aitak hala esan baitzuen: —Musika ez al dute gogoko gure ostari agurgarriek? Horrela bada, berehala isilduko da. —Ezta pentsatu ere —aurreratu zen hiruretan gehien agintzen zuenak—. Gaizki irudituko ote litzaioke gure andereńori hemen jotzea? Askoz eta eroso eta atseginago izango litzateke. —Bai, gizona! —erantzun zuen aitak, biolin jolea bera balitz bezala. Ostariak jangelara itzuli eta zain jarri ziren. Laster heldu zen aita, atrila eskuan zuela; gero ama, partiturekin; eta, azkenik, arreba, biolinarekin. Gretek puntu-puntuan ipini zuen dena jotzen hasteko. Gurasoak, logela alokaturik sekula izan ez zutelarik, eta ostarienganako kortesia ezin handiagoan murgildurik, ez ziren au-; sartzen beren butaketan esertzea ere. Aita ate kontra geratu zen, uniforme itxiaren botoi tarte batean eskua sartuta; ostarietako batek butaka eskaini ziolarik, ama bazter batean eseri zen; eserlekua ez zuen mugitu, jaun hark kasualitate hutsez ipini zuen lekutik. Arreba hasi zen, bada, jotzen, eta aitak eta amak, nork bere egonlekutik, haren eskuen mugimendu guztiei jarraitzen zieten. Gregorio, musikak erakarririk, aurreraxeago jotzea ausartu zen eta burua jangelan zuela zegoen. Ez zen kasik harritzen azkenaldian besteenganako zeukan begirune urriaz; lehen, ordea, begirune hori zuen urguilurik handiena. Bestalde, inoiz baino motibu gehiago zuen ezkutatzeko; izan ere, gelaren egoera zela bide, edozein mugimendu kaxkarrek hautsezko hodeiak harrotzen zituen inguruan, eta bera ere, jakina, hautsez estalirik zebilen, eta hari-puskak, ileak eta jan-hondarrak zeuzkan saihets-bizkarretan erantsita. Atzeraka etzanik alfonbra gainean bizkarra ferekatzen zuenean baino askoz ere handiagoa zen, orain, beste guztienganako indiferentzia. Zegoen moduan egonik ere, ez zen tutik lotsatzen jangelako zoru ezin garbiagoan arrastaka ibiltzea. Egiarik bazen, inork ez ziola begiratzen zen bat. Familia biolinarekin txora-txora zegoen; eta ostariak, hasieran, eskuak praka-poltsikoetan zituztela, notak irakurri nahian, nahiz eta arrebari oztopo egin, atrilaren ondoan jarri baziren ere, luze gabe erretiratu ziren leiho ondora, eta, buruari apur bat behera eraginik, ahapeka ari ziren maixiaketan, aita begira zutela; ostarien jarrera honek nabarmen atsekabetzen zuen aita, bistan baitzen musika ona entzuteko esperantza guztiak ezerezean gelditu eta aspertzen hasiak zirela, eta kortesia zela han iraunarazten zien bakarra. Batez ere, aho edo sudurretik zigarro kea botatzeko moduan antzeman zitekeen zer-nolako urduritasuna zuten. Zeinen ondo jotzen zuen, ordea, Gretek! Aurpegiari apur bat albora eraginik, arretatsu bezain goibel jarraitzen zion pentagramari. Gregoriok arrastada bat gehiago egin zuen aurreraka eta burua zoruaren kontra zuela segitzen zuen, bere begiradarekin arrebarena atzemateko irrikaz. Musikak hainbeste hunkitzen zuelarik, munstroa ote zen, bada? Irrika biziz gutiziatzen zuen janari ezezagun baten aurrera zeramakeen bidea ireki izan balitzaio bezala zen. Prest zegoen oztopoak gainditu eta arrebarenganaino iristeko, hari gonatik tira egin eta biolinarekin bere koartora joan zedin konbentzitzeko, haren musika ez baitzuen berak bezainbat inork estimatzen. Bizi zen arte ez zuen lanik handik alde egiten! Behingoz, zerbitu behar zion zerbaitetarako bere forma beldurgarriak. Aldi berean ate guztietan egon ahal nahiko zukeen, arrebari erasotzera ausartzen zirenen gainera jauzi egiteko. Baina arreba, bere ondoan, borondatez egon zedin desio zuen, ez indarrez; arreba, sofan, bere ondoan eser zedin nahi zuen, beregana makur zedila; eta huraxe izango zen sekretua belarrira kontatzeko momentua: kontserbatoriora bidaltzeko erabaki sendoa hartua zuela, eta, ezbeharrak menpean hartu izan ez balu, Gabonetan —Gabonak pasata zeuden, ezta?— gurasoei esango ziekeen, kontrakorik onartzeke. Eta konfidentzia hau aditzean, arrebak, hunkiturik, negarrari emango ziokeen, eta Gregoriok, haren sorbaldara pareraino jaiki eta, musu emango ziokeen lepoan; dendara joaten zenetik, hain zuzen, estali gabe eramaten zuen. —Samsa jauna —esan zion aitari buru egiten zuela zirudienak. Eta beste hitzik gabe hatz erakuslea luzatu zuen, poliki-poliki aurreraka zihoan Gregorio seinalatzeko: biolina kolpean isildu zen, eta jaun hark irribarre egin zien lagunei, burua astinduz, eta berriro ere Gregoriori begiratu zion. Zirudienez, Gregorio handik botatzea baino premiazkoagoa iruditzen zitzaion aitari ostariak lasaitzea, baina hauengan ez zen inolako urduritasunik sumatzen, eta, gainera, bazirudien Gregorio agertzeak biolinak baino gehiago dibertitzen zituela. Haiengana hurbildu eta, besoak zabaldurik, euren gelarako bidean bultza egiten zien, gorputzarekin Gregorioren silueta estaltzeaz batera. Haiek, orduan, ezin izan zuten haserrea ezkutatu, nahiz eta oso zaila zen jakitea zergatik jarri ziren hala: edota aitaren jokabidearengatik, edota, batere jakin gabe, gisa hartako izakiarekin bizi izan zirela ohartu zirelako. Aitari esplikazioak eskatu zizkioten, besoak zerurantz jaso zituzten, bizarra igurzten zuten urduri amorratu; gelarako bideari ekin zioten, bai, baina oso geldi. Bien bitartean, halabeharrez, arrebak lortua zuen hain kolpeko etenaldi bortitzak sorturiko larria gainditzea. Besoak erorita egon zen une batez, arkuari eta biolinari ganora gabe atxikirik, eta begirada partiturari josita, oraindik ere jotzen ari bailitzan. Eta bat-batean lehertu egin zen: arnasa kostata hartzen zuela, butakan eserita segitzen zuen amaren magalera instrumentua bota eta aldameneko gelara, ostarien gelara, joan zen korrika; ostariak, aitak bultzaturik, gero eta azkarrago ari ziren hurbiltzen. Nolako abileziaz astindu zituela, gero!, tapakiak eta burukoak!, eta ostariak gelan sartu orduko oheak egin eta alde egina zen. Aita hain zegoen bere onetik aterata, ostariei zor zien begirunerik apurrena ere ez zuen errespetatzen, eta, itsumustuan, haiei bultzaka segitzen zuen. Ondo-ondoraino iristean, buru egiten zuela zirudienak ostikoa jo zuen lurrean, eta, bertan geldiarazirik, barreneko indar oroz hala esan zuen: —Jakinarazi nahi dizuet —hau esatean eskua jaso eta behakoarekin ama eta arreba ere bilatu nahi izan zituen— etxe honetan gaineratu zaizkigu zirkunstantzia higuingarriak ikusirik —hona iristean txistua bota zuen lurrera—, oraintxe berean banoa hemendik. Jakina, ez dut zentimorik ere utziko hemen bizi izan naizen egun horien truke; aitzitik, ondo pentsatu beharrean nago ea ez ote nukeen kalte-ordainik eskatu beharko, hori justifikatzea erraz askoa balitzateke. Isildu eta inguruan erreparatu zuen, erantzunen baten zain balego bezala. Eta, esan eta izan, bere bi lagunak instantean solidarizatu ziren harekin, zera ziotelarik: —Gu ere bagoaz. Ondoren, aurrena hitz egin zuenak krisketari eragin eta kolpe batez itxi zuen atea. Aita, pauso baldanean, eskuak gidaritzat harturik, butakaraino joan eta han bere burua bota zuen, blasta! Bazirudien gaueroko kuluxka egitera zihoala, baina burua ipintzeko erak, hildako posturan erorita, garbi erakusten zuen ez zegoela lo. Gregorio isilik zegoen aspaldi hartan, ostarien begiek harrapatu zuten tokitik mugitu gabe. Planaren porrotak sorturiko dezepzioak, eta, beharbada, goseak eragindako ahuldadeak jota, mugimendu txikiena egiteko ere ez zen gauza. Arrazoi osoz, noski, pentsatzen zuen une batetik bestera sor zitekeela bere kontrako erreakzioa orokorra, eta zain zegoen. Eskuetako dardarizoa zela medio amaren magaletik erori zelarik, biolinak atera zuen zaratots izugarriak ere ez zuen asaldatu. —Guraso maiteok —esan zuen arrebak, sarrera moduan mahai gainean sekulako ukabilkada emanez—, honek ez dezake horrela jarrai. Zuek ikusi nahi ez baduzue ere, nik bai! Munstro honen aurrean ez dut anaiaren izena aipatu ere egin nahi; eta, beraz, hauxe bakar-bakarrik: libratu egin behar dugula honengandik. Pertsonak egin lezakeen guztia egin dugu zaindu eta agoantatzeko, eta ez dut uste inork ezer aurpegira diezagukeenik. —Arrazoi osoa duzu —esan zuen aitak. Amak, oraindik ere arnasa ondo hartu ezin zuelarik, eztulari eman zion, lehertu beharrean, eskua bularrean eta begiak, eroaren moduan, bere tokitik aterata. Arreba korrika beregana joan eta burutik heldu zion. Bazirudien arrebaren hitzek gogoeta eragin ziotela aitari. Butakan, baina jaikita zegoen orain. Ordenantza-kapelarekin jostatzen ari zen, ostarien afariko plater tartetik jiran, eta noizbehinka Gregoriori luzatzen zion begirada, izu barik. —Bistatik kendu beharra dago —errepikatu zion, azkenik, arrebak aitari; amak, eztul soinu harekin, ezin zuen ezer entzun—. Egoera honek biok garbituko gaitu. Guk egin beharra daukagun bezala lan egin behar denean, ez dago, horrez gain, honelako tortura jasaterik. Nik ere ezin dut gehiago. Hain gogor eman zion negarrari, malkoak amaren masailera erori ziren; mekanikoki garbitu zituen eskuarekin. —Alaba maitea —esan zuen aitak, errukiz eta harrigarrizko argitasunez—, zer egin dezakegu? Arrebak sorbalda altxatu zuen, lehenxeago harturiko erabakia ahazterainokoxe nahasmena ekarri ziola negarrak adieraziz. —Ulertuko baligu, sikira! —esan zuen aitak, tonuari galdera kutsua emanez. Baina arrebak, negarrari utzi gabe, gogor astindu zuen eskua, halakorik pentsatu ere ez zela egin behar aditzera emanez. —Ulertuko baligu, sikira! —errepikatu zuen aitak, begiak itxita, berak ere posibilitate hura ezinezkotzat jotzen zuela esan nahi izan balu bezala—, apika akordio batera irits gintezke. Baina egoera honetan... —Alde egin behar du —esan zuen arrebak—. Ez dago beste erremediorik, aita. Aski duzu Gregorio dela burutik kentzea. Hainbat denboran hori sinestu izana da, hain zuzen, gure ezbeharraren motibua. Nola izango da, bada, Gregorio? Hala izan balitz, horrezkero, aspaldi konprenitu zuen gizakiak ez daitezkeela bizi horrelako bitxo batekin. Eta bere kabuz joango zatekeen. Anaia galduko genukeen, baina bizitzen segitu ahal izango genuen, eta oroitzapenak gure artean iraungo zukeen betiko. Horrela, berriz, animalia honen erasopean bizi gara, bezeroak etxetik bota dizkigu eta garbi dago etxea osoaz jabetu eta kalera bota nahi gaituela. Begira, aita —egin zuen garrasi—, hasi da berriro ere! Gregoriori ulertezina egiten zitzaion izuikarak jota, arreba butakatik altxatu egin, Gregorioren ondoan egon baino ama abandonaturik utzi nahiago izan balu bezala, eta aitaren atzean babestu zen, korrika arinean; hau, halaber, arrebarenak aztoraturik, zutik jarri zen, Greten aurrean besoak zabaldurik, babesle itxuran. Gregoriok ez zuen inor izutu nahi, eta are gutxiago arreba. Egin zuen gauza bakarra buelta ematen hasi izan zen, bere gelara itzultzeko, eta horixe zen besteak inpresionatu zituena; izan ere, bere egoera negargarria zela bide, mugimendu zail hura egiteko, lurrean apoiaturik, buruarekin laguntzen zion gorputzari. Gelditu eta ingurumarian begiratu zuen. Zirudienez, familia ohartu bide zen haren asmo onez; beraz, momentuko sustoa baino ez zen izan. Orain, triste eta pentsati begiratzen zioten denek. Amak butakan segitzen zuen, hankak bata bestearen gainean luzaturik eta begiak, nekearen nekez, erdi itxita. Arreba aitaren ondoan eserita zegoen, besoa haren lepoan bilduta. «Agian mugi naiteke» pentsatu zuen Gregoriok, berriro ere mugimendu neketsuetan indarka. Ezin zien zizpuruei eutsi, eta, tarteka, atseden hartu behar izaten zuen. Baina inork ez zuen estutzen; gauzak lasai eta patxadan egin zitzan utzi zioten. Buelta eman zuenean, zuzen-zuzenean ekin zion itzulerari. Harritu zen gelarainoko distantzia hain handia zela ikusita. Ez zuen konprenitzen, halako ahulezian egonda, nola arraio korritu ahal izan zuen, aurre hartan bertan, distantzia hura bera batere nabaritu gabe. Ahalik eta azkarren itzultzea beste kezkarik gabe, ez zen ohartu ere atzetik ez ziola eragiten, ez hitzez eta ez oihuka. Ate parera iristean, burua jiratu zuen, gehiegi ere ez, noski, bada lepoan halakoxe gogortasuna sentitzen zuen; ez zen ezer aldatu. Bakar-bakarrik, arreba zutik jarri zela. Azken behakoa amari bota zion; lo zetzan. Gelara sartzearekin batera, atean kolpean itxi eta giltza hotsa entzun zuen. Golpe itzel hark hainbesterainoxe izutu zuen, zangoak doblatu egin zitzaizkion. Arreba zen han hain bizkor zebilena. Zutik itxoin zion entzerratzeko uneari. Gregoriok ez nabaritu hurbiltzen. —Azkenean ere! —egin zuen oihu arrebak, giltzarekin sarrailari eragitean. «Eta orain?» galde egin zion Gregoriok bere buruari, inguruaren ilunpetan beltzean begirada galdurik. Berehala ohartu zen ezin zela mugitu ere egin. Horrek ez zuen harritu: aitzitik, ordura arte egin zuen moduan, hanka single haiekin ibili ahal izatea zen normala iruditzen ez zitzaiona. Osterantzean, nahikoa gustura zegoen. Gorputz osoan min bazuen ere, oinazea, pixkanaka, arintzen ari zitzaiola iruditzen zitzaion, eta laster pasako zitzaiola erabat pentsatzen zuen. Kasik ez zituen nabaritzen bizkarrean erantsita zeukan sagar ustela eta hautsez zuritako infekzioa. Etxekoez pentsatzen zuen, karino eta emozioz beterik. Arreba baino ere konbentzituago zegoen desagertu zeukala egin beharra. Pentsaketa gozo bezain sakonean murgildurik egon zen elizako erlojuan goizeko hirurak jo zuten arte. Artean ez zuen ikusten ahal kristaletan zehar argitzen ari egunsentia. Gero, bere gogoaren kontra, buruari erortzen utzi zion eta azken zizpuru ahul bat atera zen haren aho-sudurretatik. Hurrengo goizean, asistentea sartu zenean —halakoxe ate kolpeak jotzen zituen, hura iristean ez zegoen han lo egingo zuenik, eta hori zaratarik ez ateratzeko maiz esan zitzaiolarik—, Gregoriori ohiko bisita egitera, ez zuen harengan aparteko ezer nabaritu. Pentsatu zuen, jarrera hartan, mugitu gabe alegia, apropos zegoela, estimazio bila zebilela, ez baitzuen uste, inolaz ere, burua galdua zuenik. Halabeharrez, destorniladorea zeraman eskuan, eta kilimak egin zizkion atetik. Ez zela mugitzen ikustean, haserre bizian jarri zen eta zirika ekin zion, eta bultza egitean erantzunik jaso ez zuelarik, orduan jabetu zer gertatu zen; begiak zituen adina zabal, harridurak eraginda, txistu hotsak egin zion ihes. Ondoren, gurasoen logelako atea indarrean ireki eta oihu egin zuen ilunpetan: —Hil egin da! Samsa jaun-andreak, ohean, eseri egin ziren. Dezente kostatu zitzaien sustoa gainditzea, eta ez zuten berehala konprenitu asistenteak esaten ziena. Baina egoeraz ohartu zirenean, nor bere aldetik, ahalik eta azkarren jaiki ziren ohetik. Samsa jaunak ohe-tapakia hartu zuen bizkarretik; Samsa andrea kamisoi-hutsean zihoan; horrela sartu ziren Gregorioren gelan. Jangelako atea ere berehala ireki zuten; han, ostariak etorri zirenetik, arrebak egiten zuen lo. Grete erabat jantzita zegoen, gau osoan lorik egin izan ez balu bezala; haren aurpegiaren zurbiltasunak ere horixe bera adierazten zuen. —Hilda? —galdetu zuen Samsa andreak, asistenteari galdera eta begirada zuzendurik, nahiz eta berak ere froga zezakeen, eta inolako froga beharrik gabe garbi asko ikusi ere bai. —Halaxe da —erantzun zion asistenteak, erratzarekin, egia zioela erakutsi nahian edo, Gregorioren gorpuari mugitu dezentea emanik. Samsa andreak, erraztuna geldi zedin-edo, halako mugimendu bat egin zuen, baina ez zuen geldiarazi. —Beno! —esan zuen Samsa jaunak—, eskerrak eman diezazkiogun Jainkoari. Aitaren egin zuen, eta, hari jarraiki, hiru emakumeek ere bai. Gretek ez zion begirik kentzen gorpuari. —Zeinen ihar dagoen —esan zuen. Denborak ziren mokadurik probatzen ez zuela. Ikutu ere egin gabe uzten zuen beti jana. Egia. Gregorioren gorputza, hain zuzen, zabal bezain idor ageri zen. Orduan ohartzen ziren horretaz, zangotxo txikiek eusten ez ziotenean. Denak begira zeuzkan. —Grete, zatoz apur bat —esan zion Samsa andreak, ezpainetan irribarre hits bat zuela. Eta Grete, gorpuari begiratzeari utzi gabe, gurasoen atzetik joan zen haien gelara. Asistenteak atea itxi leihoak ireki zituen, zabal-zabal. Oraindik oso goiz zen, baina airea ez zen hain hotza. Martxo hondarrean zeuden. Hiru ostariak gelatik atera eta gosariaren bila zebiltzan. Erabat ahaztuta zeuzkaten. —Eta gosaria —galdetu zion, haserre, asistenteari, buru egiten zuenak. Baina asistenteak, isiltasun eske hatz erakuslea ezapainetan ipinita, eta hasperenka, Gregorioren gelan sartzera gonbidatu zituen. Sartu ziren, bada, eta han egon ziren halako mespretxu espresio bat zeriela, eta zarpailduriko txakeen patriketan eskuak botata. Orduan, logelako atera ireki eta Samsa jauna azaldu zen, uniformea jantzita, beso batetik emaztea eta bestetik alaba zituela. Negar apur bat egindako itxura zuten hirurek ere, eta Gretek, tarteka, aitaren besoaren kontra ezkutatzen zuen aurpegia. —Alde egizue segituan etxe honetatik —esan zuen Samsa jaunak, atea seinalatuz, baina emakumeak libratu gabe. —Zer esan nahi duzu horrekin —galdetu zion buru egiten zuenak, nahastu samar eta irribarre-nahia ezpainetan zuela. Bestek biek eskuak atzean tolesturik zituzten, eta igurtzika ari ziren, liskarrerako prest eta pozik, horrek ondorio onak ekarriko zizkielakoan. —Esan dudan horixe esan nahi dut, ez besterik —epaitu zuen Samsa jaunak, bi emakumeekin batera, zuzen-zuzen, ostariarengana joz. Hau, une batez, isil eta lasai geratu zen, begirada lurrari atxikirik, pentsamenduak ordenatzen ari bailitzan. —Hortaz joan egingo gara —esan zuen, azkenean, Samsa jaunari begiratuz, derrepenteko indarren batek, horretarako ere, baimena eskatzera bultzatu izan balu bezala. Samsa jaunak ez zuen egin begiak itxuragabeki zabaldu eta burua, baiezka, hiruzpalau aldiz mugitzea baino. Segidan ostaria, pauso luzeak emanez, harreratokirantz abiatu zen. Beste biak, jada, ez ziren ari esku igurtzika, eta buru egiten zuenaren ondotik haiek ere atera egin ziren, Samsa jauna harreratokira azkarrago iritsi eta gidarekin elkartzea galarazteko beldur izan balira bezala. Harreratokira iritsi zirelarik, nork bere sonbrailua pertxa-gakotik hartu, aterkiontzitik bastoiak jaso, makurtu, eta, isil-isilik, etxetik atera ziren. Inolaz ere justifika ez zitekeen mesfidantzaren menpe, Samsa jauna eta bi emakumeak eskailburura atera ziren eta, barandila gainean jarririk, hiru ostariak eskailera luzean barrena, patxadan baina geldialdirik gabe, pisu bakoitzeko bihurgune parean ezkutatu eta handik segundo batzuetara berriro azalduz, nola jaisten ziren begira egon ziren. Jaitsi ahala, Samsa familiaren ardura, ostarienganako interesa, gutxitzen ari zen, eta haiekin, saskia buruan zuela, harategi bateko banatzailea gurutzatzean, Samsa jauna eta emakumeak barandilatik bereizi eta, lasaitu ederra harturik, berriro etxera sartu ziren. Egun hura atseden eta paseorako hartzea erabaki zuten: ongi merezia ez ezik, ezinbestekoa ere bazuten atsedenaldi hura. Mahaian eseri ziren, bada, eta nork bere gutuna idatzi zuen, jokabide haren motibuak azaltzeko: Samsa jaunak bere gainetik zegoenari; Samsa andreak dendako nagusiari, eta Gretek enkargatuari. Idazten ari ziren bitartean, asistentea sartu zen goiz hartako lana amaitua zuela eta bazihoala esatera. Hirurak idazten segi zuten arreta handirik eskaini gabe; buruarekin baiezkoa ematea besterik ez zuten egin. Baina ez zuela alde egiten ikasi zutenean, haserre jaiki zituzten begiak. —Zer da? —galde egin zuen Samsa jaunak. Asistentea irribartsu zegoen ate ondoan, berri onen bat eman behar izan balu bezala, baina jokabide harekin garbi adierazten zuena zera zen: behar zen errespetuarekin galdetzen ziotenean esango ziela. Sobrailuko luma zutia, Samsa jauna emakume hura etxe hartako zerbitzuaz arduratu zen une beretik molestatu izan zuena, dantzan zerabilkion batera eta bestera. —Beno!, zer nahi duzu? —galdetu zion Samsa andreak; hain zuzen, huraxe zen asistenteak gehien errespetatzen zuena. —Ez daukazue —hasi zen eta barreak ez zion uzten jarraitzen—, ez daukazuela arduratu beharrik ondoko hori hortik nola kendu. Dena konponduta dago. Samsa andrea eta Grete berriro ere beren gutunetara makurtu ziren, idazten jarraitzeko bezala, eta Samsa jauna, asistentea den-dena xehetasunez kontatzeko prest zegoela oharturik, harengana eskua indarrez luzatu eta bertan eutsi zion. Asistenteak, prestatuta zekarrena kontatzen ez ziotela uzten ikusirik, alde egin zuen, zakar baino zakarrago. —Egun on! —esan zuen, nabarmen ofendi- turik. Buelta hartu eta, amorru biziz, ikaragarrizko ate kolpea jo ondoren, alde egin zuen etxetik. —Gaur arratsaldean bertan despatxatuko dut— esan zuen Samsa jaunak. Baina ez zuen erantzunik jaso, ez emaztearengatik eta ez alabarengandik; bazirudien hainbeste kostaturik lortu berria zuten patxada hura lapurtzeko prest zegoela asistentea. Ama-alabak jaiki eta leihora jo zuten; han egon ziren elkar besarkaturik. Samsa jaunak butaka hara begira ipini eta haiei erreparatzen egon zen une batez, lasai-lasai. Eta gero esan zuen: —Benga, benga! Ahaztu, behingoz, gertaturiko gauzak. Izan nitaz ere gupida apur bat. Bi emakumeek instantean obeditu zioten, harengana hurbildu eta besarkatu egin zuten biek; eta gero gutuna amaitu zuten. Ondoren, hirurak elkarrekin atera ziren; hilabeteak ziren horrelakorik egin ez zutela; tranbia hartu zuten kanpoaldeko aire garbia dastatzeko. Beraiek ziren eguzkiaren argi beroak betetzen zuen tranbia hartako bidaiari bakarrak. Beren jarlekuetan zeharretzanik, txit eroso, etorkizunaren gainean jardun zuten solasean, eta, ondo begiratuta, ez zela hain beltza deliberatu zuten, zituzten lanbideak —horietaz oraindik ez ziren garbi mintzatuak— oso onak baitziren eta, batez ere, gero eta hobeto izateko itxaropen osoa zeukaten; laster, gainera. Momentuz egin zezaketen gauzarik onena etxez aldatzea zen. Etxe txikiagoa komeni zitzaien, eta merkeagoa eta, batik bat, hobeto kokatua eta oraingoa baino erosoagoa; hau Gregoriok aukeratua zen. Solasean ari zirela, Samsa senar-emazteak kasik aldi berean ohartu ziren alaba, nahiz eta hainbeste kezkaren erruz azkenaldi hartan kolorea apur bat galdua zuen, neurri-neurrian hazi eta bizitzaz beteriko gazte lirain bihurturik zegoela. Hitzik trukatu gabe, begiradarekin elkar ulerturik, senar on bat aurkitzeko tenorea iritsia zela esan zion batak besteari. Ibilaldiaren amaierara iristean, alaba bera altxatu zen lehenik eta, zutitzean, haren gorpuzkera lirainak gurasoen proiektu eta asmo onak baieztatzea baino ez zuen egin.
Metamorfosia |