Metamorfosia
Franz Kafka

euskaratzailea: Rufino Iraola
Hiria, 2000

 

 

Kafka nirea

 

      Kafkaren «Metamorfosia» itzuli dut, eta hitzaurrea egiteko obligazioa neureganatua dut horrekin. Ez da egin dudan lehen itzulpena, baina bai argitaratuko den estrainekoa. Besteak entsegu edo praktikatze aldera egindakoak dira, eta asko eta askok aspaldi hartu zuten paperontzirako bidea. Zergatik iraun ote dut tinko, etsi gabe, «Metamorfosiarekin», amaiera arte? Horixe da neuk ere osotara argituko ez dizudan galdera, irakurle.

      Nik esango nuke «Metamorfosiaren» itzulpena aitzakia izan dela, benetan interesatzen zitzaidana Kafka bera zela edo, hobeto esan, haren pentsamendua. Ni, autore baten obran murgildu eta, utzi ezinik, lapatuta bezala geratzen naizenean, «maitemindu» egiten naiz autore horretaz, eta ez dut izaten hari buruz ahal dudan guztia jakin arteko onik. Horixe gertatu zitzaidan Franz Kafkarekin.

      Ez pentsatu, ordea, ohiko biografia luze eta aspergarri horitako batera joan behar izan nuenik. Ezta haren obra guztiak irakurri beharrik ere (nahiz eta batzuk irakurri ditudan) Kafka berezia dela ohartzeko, haren pentsamoldea inoiz ez dela modatik pasatzen garbi ikusteko.

      Haren pentsamoldea kafkianoa da, noski. Hori, jakina, esaldi taulogiko bat baino ez da. Hala ere, «kafkiano» hitzak gure artean hartu duen indarra ikusita, horrelaxe adierazten da errazen. Alegia, absurdoaren bidez benetan gertatzen dena azaltzeko zuen zorroztasunik ez diot nabaritu beste inoren lumari. Kafkaren pentsamenduaren paradigma «Legearen aurrean» (hori ere hementxe aurkituko duzu itzulita) ipuinean aurkitzen da. «Zuretzat ziren» esanez ukatzen zaizkio gauzak pertsonari.

      Kafkaren idatzi bakoitza masaileko bat da, lotatik esna gaitezen. Haren hitzak etengabe pentsatzera bultzatuko zaitu, eta hori da nik idazle bati eskatzen diodana, estetitak estekita. Bera eta bere ingurunearen artean etena nabari da, eten hori islatzen saiatzen da eginahalean. Eta hori gizartea antolatzeko sistemaren kontrako salaketa bipila da. Horrek ere egiten du erakargarri Kafka. Hitz batean esanda, bizitza ikusteko eta ulertzeko ispilu berezi eta paragabea da Kafkaren lana.

      «Metamorfosia» bera, fantasiazko ipuin soiletik urrun dago. Estamendu guztien kontrako kritika du barrenean: familia, gizartea, lan baldintzak, jauntxokeria, saldukeria... Bakar-bakarrik, mundu osoaren aurka altxatzen da, bere pertsonaia harrigarrien bidez. Bakardade horretatik hitz egiten du Kafkak eta mendi bat amilduko balitz bezalako soinua sentiarazten dizute barrenean haren hitzek.

      Aukeratzen dituen pertsonaiak hunkigarriak dira, errugabeak eta injenuoak. Horrez gain, bere izaera apur bat ezagutuz gero, oraindik hunkigarriago eta, aldi berean, indartsuago iritsiko zaizu haren mezua.

      Haren liburuak irakurrita, Kafkarekin ez identifikatzea, bihotzean sentiberatasun apur bat duenarentzat, oso zaila da. Beraz, buruari eragin eta bihotzari sentiarazten baldin badie, ez dago gehiago eskatzerik.

      Nireak orain artekoak; hortik aurrera zeuk atera zeure ondorioak.

 

Rufino Iraola

Zaldibian, 2000ko uztailaren 23an

 

Metamorfosia
Franz Kafka

euskaratzailea: Rufino Iraola
Hiria, 2000