Teosofoak
Denis Diderot

euskaratzailea: Pedro Diez de Ultzurrun
Infomart, 1998

 

TEOSOFOAK

(Filosofiaren historia)

 

        Horra menturaz filosofia-mota denik eta bitxiena. Beren buruak teosofotzat izan dituztenek gupidaz so egiten zioten giza arrazoimenari; konfiantzarik bat ere ez zuten haren leinhuru ilun eta engainagarrian; esaten zuten barruko hatsarri batek, naturaz gaindiko eta jainkotiarrak, argiturik zeudela. Hatsarri horrek haien baitan distiratzen zuen eta iraungi egiten zen tarteka, ezagumendu denik eta gorenetara goratzen zituen lanean hasten zenean, edo eta ergelkeriazko berezko egoerara erortzen uzten lanetik gelditzen zenean; bortizkeriaz jabetzen zen haien irudimenaz, durduzarazi egiten zituen, haiek hatsarria menperatu beharrean, hatsarriak zituen haiek bere menera biltzen, eta Jainkoari eta naturari buruzko aurkikuntzarik garrantzizko eta ezkutuenetara eramaten zituen: horra haiek teosofía deitu izan dutena.

        Teosofoek ero-aipua izan dute harako gizon lasai eta hotzen aldean zeinen arima pisu eta zentzudunak ezin izan baitezake ez bihotz-mugidarik, ez karrik, ez halako bulta horietarik zeinetan gizonak ez duen ikusten, ez sentitzen, ez juzkatzen, ez mintzatzen, bere ohiko egoeran bezala. Sokrates eta haren demonioaz esana dute ezen Greziako jakintsuak hartan sinesten baldin bazuen, burugabe bat zela, eta hartan sinesten ez baldin bazuen, filus bat.

        Hitz bat esan ahal izanen ote dut Sokratesen eta teosofoen demonioaren fagore? Denok izaten ditugu aurreusteak, eta aurreuste horiek hainbatenaz ere egokiagoak eta hainbatenaz ere zaluagoak izaten dira non zorroztasun eta aztura handiagoa izaten baitugu. Bat-bateko juzkuak izaten dira, eta horietara zenbait zirkunstantzia oso meheek eramaten gaituzte. Bat ere egitaterik ez da aldez aurretik zenbait gertaera izan ez dituenik eta haiekin batean agertzen ez denik. Nahi den bezain iheskor, instanteko eta meheak izanik ere gertaera horiek, sentiberatasun handi batez, dena harrapatzen duenaz, ezer aldentzen ez zaionaz, hornituriko gizonek horien eragina jasaten dute, baina horri inolako garrantziarik ematen ez dioteneko une batean askotan. Horrelako inpresioak barrastan jasotzen dituzte. Gertaeraren oroimena joan egiten da; baina inpresioarena, parada denean itzartuko da; halako gertakaria gertatuko dela esaten dute orduan; iruditzen zaie ahots sekretu bat dela haien bihotzaren zolatik mintzo deria eta ohartarazten diena. Goiak argiturik daudela uste dute, eta goiak argiturik daude egon ere, ez halako indar naturaz gaindiko eta jainkotiarren batek, zuhurtzia berezi eta ohiz besteko batek baizik. Bada zer da zuhurtzia, susmo bat ezik, bultz egiten diguna, aurkitzen garen era bateko eta besteko zirkunstantziak etorkizunean beldur izan zein itxaron beharreko ondorioen sorburu posibletzat begiratzera? Alabaina gertatu ohi da susmo horrek, zenbaitetan, guk ikusi, hauteman, sentitutako ezin konta-ahala gauza xehe hartzen dituela oinarri. Ezin dugu jadanik gauza horien berri eman, ez geronen buruei, ez besteei, baina ez pentsa hargatik, ez alferrikakoagoko ez indar gutxiagoko loturarik dutenik beldurra eta esperantza eragiten digunarekin. Atomo pila bat dira hautemanezinak bakarka, baina elkarturik pisu handia osatzen dutenak, pisu horrek makurtu egiten gaituela, kasik zergatik jakiteke. Jainkoak materiaren molekularik txikienean ikusten du unibertso osoaren ordena. Zenbait gizon abantailatsuren zuhurtzia piska bat Jainkoaren ezaugarri horri dagokio. Analogiarik urrunduenak hurbiltzen dituzte; lotura ia nahitaezkoak ikusten dituzte besteek aierurik ere nekez izanen duten tokietan. Grinek, bakoitzak bere fisionomia berezia du. Azpegiak aurpegian aldatzen dira grina horiek ariman bata bestearen ondotik agertu ahala. Gizon batek, beraz, mozorro desberdin andana erakusten dizkio ikusle ohartuari. Grinen mozorro horiek eite berezi eta berdinak izaten dituzte gizon guztiengan. Barruko errai ber-berak mugitzen dira bozkarioan, suminduran, haserrean, izuan, disimulazioaren, gezurraren, herraren ordua denean. Gihar ber-berak dira kanpoan laxatu zein tinkatu egiten direnak, alderdi ber-berak uzkurtu zein guritu egiten direnak; iraunkorra izanen balitz grina, fisionomia bera erakutsiko liguke beti, eta bere mozorroa gure aurpegian finkatuko luke. Zer da beraz fisionomilari bat? Gizon bat grinen mozorroak ezagutzen dituena, mozorro horien oso irudikapen garbiak dituena, gizon batek, bere zalantzak gorabehera, bere grina nagusiaren mozorroa daramala uste duena, eta gizonen izaerak ikusten dizkien ohiko mozorroen arabera juzkatzen dituena. Arte hau, hemen aztergai dugun igartzapen-suertearen adar bat dugu.

        Grinek beren fisionomia bereziak izaten baldin badituzte, izaten dituzte ere beren jestuak, beren doinua, beren agermoldea. Zergatik ez naiz harritu, urte luzeetan gizon prestutzat begiratu izan nuen gizon batek bapatean zirtzil baten jokamoldea erakutsi izanaz? Bada haren eginaren berri dakidanean, makina bat gauzatxo gogoratzen baititut, hori aurretik iragarria zidaten eta aintzakotzat hartu ez nituenak.

        Teosofoak kimikalariak izan dira denak, su bidezko filosofoak deitzen zituzten beren buruak. Alabaina bat ere zientziarik ez da izpirituari aieru mehe gehiago eskaintzen dizkionik, kimika baino analogia zorrotzagoez betetzen duenik. Une bat izaten da, analogia horiek guztiak samaldan agertzen zaizkionekoa kimikalariaren irudimenari; eraman egiten dute; horren ondorioz esperientzia bat egiten saiatzen da eta ongi ateratzen zaio bera; hark, orduan, bere arimak goragoko adimenen batekin izandako tratu bati egozten dio bere artean luzaz ihardun izanaren bapateko ondorio bat besterik ez dena. Sokratesek bere demonioa zuen, Parazeltsok berea; eta ez ziren ez bata eta ez bestea ez bi ero eta ez bi filus, baizik eta bi gizon zorroztasun harrigarrikoak, argialdi tupustekoak eta azkarrak izaten zituztenak, ulertzen ahalegintzen ez zirenak.

        Guk ez dugu apologia hau zabaldu nahi, lurretik zeruetarainoko bitartea gizonaren eta Jainkoaren arteko erdibideko izaiteez, obeditu egiten zietenez, bete eta lurrean aztikeriaren, astrologiaren eta kabalaren ameskeria guztiak famatu dituztenengana. Teosofo hauek, eman nahiko zaizkien epiteto guztien mende utziko ditugu.

        Teosofoen sektak jarraikile ugari izan ditu. Ospea erdietsi dutenez baizik ez dugu hitz eginen, hala nola Parazeltsoz, Valentinez, Fludd-ez, Boëhmius-ez, Van Helmontarrez eta Poiret-ez.

        Philippus Aureolus Theophrastus Parazeltso Bombastus von Hohenheim Suitzan jaio zen 1493an. Kalumnia-suerterik ez dago haren etsaiek bere kontra erabili ez dutenik. Esan dute, soldadu batek testikuluak moztu zizkiola Carinthian, hantxe ari baitzen antzarak gobernatzen. Zalantza barik dakiguna da, haren bizitzako lehen urteak lasaiak izan zirela, eta sekula ez zuela emakumeenganako gusturik izan. Zelibatua gorde zuen. Aitak berak hartu zuen bere esku haren hezkuntzaren ardura. Humanitateak erakutsi zizkion, eta medikuntzaren hatsarriak irakatsi; baina jeinu harrigarri batez hornitu eta jakiteko irrikak jandako ume hau ez zen luzaro egon aitaren hegalpean. Adinik gurienean ekin zien bidaiarik luze eta nekezenei, bat ere gizonik eta jakintzarik mesprezatzeke eta nola txikiekin hala handiekin solas eginez, haiengandik jakitateren bat aterako zuela uste izanez gero. Asko sufritu zuen; hiru aldiz sartu zuten presondegian; soldadugoa egin zuen; giza izaeraren miseria guztien mende egon zen: Hala eta guztiz ere, horrek ez zion eragotzi bere karraren bulkoari jarraikitzerik, eta Europako, Asiako eta Afrikako ia herrialde guztiak kurritzerik. Karra da gauza handi guztien, on zein txarren, ernamuina. Nork begiratuko du bertutea zain dauzkan nahigabe eta ezbeharretan, karrik gabe? Nor lotuko da osotara ikaskuntzaren atergabeko lanari, karrik gabe? Nork sakrifikatuko dio bere atsedena, bere osasuna, bere zoriona, bere bizitza, zientzia eta arteen aurrerakuntzari eta egiaren bilatzeari, karrik gabe? Nor errekaratuko da, nor hilko da bere adiskideagatik, bere seme-alabengatik, bere herriarengatik, karrik gabe? Parazeltso hogei urteko zela Alemaniako mehategietara jaitsi zen; Errusian barrena abiatu zen; Tartariako mugetaraino iritsi zen; norbait sekreturen baten jabe zela jakinez gero, norbait hori edozein heinetakoa zela ere, lurreko edozein bazterretan apartaturik zegoela ere, hura bisitatzera joaten zen. Kimikalarien obrak biltzeaz arduratzen zen bereziki, monasterioen barrenbarreneraino joaten zen, lan horiek, harren, arratoien eta hautsaren hatzaparretatik ateratzera; gau eta egun iharduten zuen Raimon Lull eta Arnaud de Villeneuveren idazlanen arakatzen; destainarik gabe aritzen zen solasean berriketa-zaleekin, zaharrekin, artzainekin, nekazariekin, mehatzariekin, langileekin; mailarik printzipaleneko gizonekin, apaizekin, abateekin, apezpikuekin. Esaten zuen, gehiago ikasi zuela munduak ezjakinak deitzen dituenengandik, Galenoren eskola guztiak zekiena baino; jaramon gutxi egiten zien lehengo aurkile zaharrei; garai onez utzi zion haiei irakurtzeari; haren ustez, gehiago zen haiekin gal zitekeen denbora, beraiengandik bil zitezkeen egiazko ezagumenduak baino. Mesprezurik handiena, batez ere, bera baino lehenagoko medikuen aldera erakusten zuen. Bere garaiko medikuek ez zioten hori barkatu. Basilean Avizenaren idazlanak erre zituen jendaurrean; «— natura eta neure burua, horiek beste inor ez ditut nagusitzat onartzen,» esan ohi zuen. Galenoren botikako preparazio kimikoak ordeztu zituen. Kasurik etsienetan lortu zuen arrakastak ezin sinetsizko sona ekarri zion. Tipografiaren artea asmatzeagatik ez bada, hura hobekitzeaz behinik behin hilezkortu zen Jean Frobenius-ek sekulako oinazeak pairatzen zituen, hezueria zela kausa, eskuineko oinean; manatzen zizkioten erremedioek gaitza gaiztoagotu besterik ez zioten egiten; medikuak oina ebakitzeko menean zeuden; Parazeltsok ikusi eta sendatu egin zuen. Van Helmonti sinestera, legenarra, asma, gangrena, paralisia, epilepsia, harria, hidropisia, hezueria, minbizia eta gure medikuak etsiarazten dituzten eritasun horiek guztietatik bat bera ere ez zitzaion jazartzen. Basileako bizilagunek berengana deitu zioten eta fisikaren katedrarako izendatu. Bere irakasgaiak hizkuntza arruntean eman zituen, eta entzuleriarik handiena bildu. Grekeraz ez zekien; Lazioko mintzairaz ere ez zekien gauza handirik; bestalde, hainbeste eta hainbeste ideia zeuzkan, berak asmatutakoak eta inongo hizkuntzatan, antzinako nahiz garaikoetan, izenik ez zeukatenak, non hizkuntza berezi bat sortu beharra izan zuen. Artearen teoriari eta jakintzari baino askoz ere gehiago eman zen medikuntza-gaiak ikasteari, kimikan aritzeari, eritasunak ezagutu eta sendatzeari. Hala ere, azkeneko alderdi horiek ez zituen erabat bazterreratu. Laudanoa, haren eskolan erremedioen erremedioa deitzen ziotena, harrigarriro erabili zuen. Azoeaz, Lignum at Linea vitae bezala definitu zuenaz, sarri hitz egiten du bere lanetan. Azoe hori denetarako erremedioa omen da, filosofoen harria, alegia. Basilean gizonen begiruneaz eta atsedenaz gozatu ahal izanen zuen, bizitzako bi ondasun handienez, alegia; baina bazuen, ordea, bere kideen ezjakinkeriaren eta beste bizioen berri, eta gupidarik gabe iharduten zuen horri buruz. Haren artamenduek zauritu egiten zituzten; haren aurkikuntzek umiliatzen; haren desinteresak zikoizkeria aurpegiratzen geldigabe; ezin izan zuten jasan gizon bat hain merezimendu samingarrikoa; hura mortifikatzeko paradaren bila ibili ziren. Parazeltso zuhurgabe eta harroak parada hori eskaini zien; Basileako kalonje bat sendatzeari ekin zion; sendatu ere egin zuen; magistratuek hari eman beharreko lansaria erabaki zuten, baina kopuruaren urriak Parazeltso haserrarazi egin zuen; samintasunez kexatu zen horretaz; bere kexuaren zuhurtzia faltak estuasunean jarri, eta Basileatik alde egin beharra izan zuen Altsazian aterbetzeko. Hemen, haren gaitasunak ohoratu eta sariztatzen jakin zuten gizonak aurkitu zituen. Oporinus-ek, haren dizipulu eta haren laboratorioaren zuzendari zenak, sendagaiak prestatzen zituen, Parazeltsok eman egiten zituen; baina gizon hau bizitza alderrai eta arlotearen gustua hartua zen. Altsazia utzi zuen, atzera Suitzara etorri, eta hamaika urtez aienatu zen. Esaten zuen, ez zela egokia gizadiaren minak arintzeko sorturiko gizon batentzat lurreko toki jakin batean finkatzea, ezta naturaren liburuan irakurtzen zekienarentzat beti orrialde berbera begipean zabalik edukitzea ere. Austria, Suitza, Bavarian gaindi ibili zen, gorputzak osatzen eta arimak berak eraikitako teologia-sistema bereziaz kutsatuz. Salzburgon hil zen 1541ean.

        Merezimendu eta harrokeria miragarriko gizona izan zen; pairamen gaiztoz eramaten zuen, hortaz, bera Luther-ekin konpara zezatela eta heresiarka horren dizipuluen artean sar zezatela. «Bere egitekoa egin dezala, esan ohi zuen, eta niri neurea egiten utz diezadala; berriztu beharrekoak berrizten hasiz gero, hark baino hobeki eginen nituzke gauzak: gu hondatzeko baizik ez gaituzte lotzen.» Metalak bestelakatzeko jakitatea ba omen zuen; farmazia kimikoaren sortzailea dugu; medikuntzan ihardun zuen arrakastarik handienarekin; gizadiaren laudorioak merezi izan ditu, bai, eritasunak sendatzearen artea joritu duten bere preparazioengatik. Bere etsaiek plagioa egotzi zioten aurpegira; Parazeltsok erronka jo zien, zeinek erakutsiko, edozein aurkilerengan, haren aurkikuntzarik apalenaren aztarnarik txikiena, eta isilik geratu ziren; esaten zituenen ankerkeria eta bere iluntasuna aurpegiratu zioten, baita arrazoiez aurpegiratu ere. Gizon jainkotiarra ere ez zen izan; jende xehearekin sarritan ibiltzeko ohiturak zantar bilakatu zuen; bihotzeko minek, lasaikeriak eta gaubeilek burua nahasi zioten; aztia ere izan omen zen, eta haren garaikideak ergelak zirela esan nahi du horrek gaur egun. Teologoekin nahastekatu zen; bere buruz pentsatzeko eta haiekin ez nahastekatzeko bidea bera? Asko idatzi zuen; epaitzen duten gehienek, nahiz asmo onez, nahiz asmo txarrez, haren obretako lerro bat bera ere ez dute irakurri; hamaika dizipulu utzi zituen gaizki irakatsiak, ausartegiak; beren maisuaren izen onari kalte egin diote haren erremedioak aurrera eramatean erakutsi duten moldegaizkeriagatik.

        Oporinus ikasle, idazkari eta adiskide izan zuen. Adam de Bodestan aurrenekoa izan zen, haren doktrina jendaurrean bere egin zuena. Doktrina hori Jacques Gohoryk eman zuen ezagutzera Parisen. Gérard Dornéek haren metodoa eta prozedura kimikoak azaldu zituen. Michel Toxite haren hitz ilunak zermugatzen ahalegindu zen. Oswald Crolliusek sistema bihurtu zuen Parazeltsismoa. Henri Khunrathek eta Joseph Francois Burrusek egiazko eta garrantzitsutik zegoena bertantxe utzi eta teosofismoan amildu ziren.

        Honatx Parazeltsoren doktrinaren axioma nagusiak, hain aurkile ilun eta nahasi batengandik bil daitezkeen neurrian bederen.

        Egiazko filosofia eta medikuntza ez dira ikasten ez Antzinakoengandik, ez gizakiagandik, Jainkoagandik heldu dira; bera da arkanoen aurkile bakarra; hura da izaki bakoitza bere berezitasunez jantzi dituena.

        Medikua naturaren eta graziaren argitik sortzen da, barruko eta ikustezinezko gizonarengandik, gure baitan dagoen aingeruarengandik, irakasten dion maisuaren funtzioa (harekiko) betetzen duen naturaren argitik, arierak du hobera eraman eta sendotasuna ematen; Jainkoaren eta naturaren eskutik ekarria izan da.

        Ez dira gizonen amets hutsalak, filosofia eta medikuntza, honen oinarriak moldatzen dituztenak, ezpada Jainkoak bere hatzarekin ilargiaren azpiko gorputzetan, baina batez ere metaletan, ezarri duen izaera: Jainkoarenganaino joan beharra dago, beraz, haien jatorriaren bila.

        Sendakintza hori, sendagai natural hori, jitezko hazi hori, azufrearen baitan dago, natura osoaren altxorraren baitan, alegia; landareen izerdi edo baltsamua du oinarri, zeinaren gain eman beharra baita naturan egiten diren ekintza guztien hatsarria, eta zeinaren indarrez bakarrik senda baitaitezke eritasun guztiak.

        Gizonaren harreman edo egokitasuna, zein jende xeheak jende handiarekiko duena, da zientzia honen zimendarria.

        Astronomoa eta filosofoa behar da izan sendakintza hau aurkitzeko; batak lurraren eta uraren indarrak eta berezitasunak irakasten dizkigu; besteak, ortziaren eta airearen indarrak eta berezitasunak.

        Filosofiak eta astronomiak dute barruko eta ezin hobeagoko filosofoa egiten, makrokosmoan ez ezik, mikrokosmoan ere bai.

        Makrokosmoa aita bezalakoa da, eta mikrokosmoa, edo gizona, haurraren modukoa; bata besteari akomeatu behar dira egokiro.

        Barruko mundua jende xeheak, edo gizonak, bere buruari erreparatzen dion ispilu bat bezalakoa da; kanpoko itxuragatik edo gorputzeko substantziagatik barik, bertuteengatik eta indarrengatik aditzen dute elkar; bat eta bera dira esentziari eta barruko itxurari dagokionez; kanpoko itxuragatik baizik ez dira bereizten.

        Zer da bada jitezko argia, ageri den mundu horrek gorputz mikrokosmikoarekin duen halako analogia bat baizik?

        Barruko mundua gizonaren irudia da; gizona ezkutuko mundua da, ezen munduan ageri diren gauzak ikustezinak dira gizonagan; eta gizonagan ikustezinak diren horiek ageriko bihurtzen direnean, eritasunak sortzen dira.

        Gizonaren materia lau elementuren estraktu bat izaki, elementu guztiekiko eta haien fruituekiko sinpatia izan behar du bere baitan; ezin lezake bizirik iraun edo bizi haiek gabe.

        Hutsa galarazteko, Jainkoak lau elementuetan izaki bizidunak, baina arimagabeak, edo arima intelektualik gabeak, sortu ditu; lau elementu badaudenez, oinarrizko lau bizilagun-suerte badira; Jainkoaren irudira sortutako gizonarengandik desberdinak dira, adimenduan, zuhurtasunean, arieretan, ihardueretan eta egoitzetan.

        Urek badituzte beren ninfak, beren lamiak, beren melozeniak eta beren munstro edo bastartak, elementu berean bizi diren sirenak.

        Lurrek badituzte beren ingumak, beren lemureak, beren silfoak, beren montainak, beren zonnetak, eta haien munstroak pigmeoak dira.

        Aireak baditu bere iratxoak, bere basajaunak, bere satiroak, eta haren munstroak jiganteak dira.

        Suak, edo ortziak, baditu bere sumenditarrak, bere pennateak, bere arrabioak, bere nagusiak, eta haien munstroak zundelak dira.

        Bihotz makrokosmikoa suzkoa, airezkoa, urezkoa eta lurrezkoa da.

        Zeruetako armonia barruko andere nagusi edo eta zuzendaria bezalakoa da; bakoitzak badu bere zerua, bere eguzkia, bere ilargia, bere planetak eta bere izarrak; goiko gauzak astrologiakoak dira; beherekoak kimiologiakoak.

        Jainkoaren probidentziaren eta ontasunaren egitez, bateko, beste elementuen astro ikustezinek beren irudikapenak izan zituzten elementurik gorenean ageri diren espezieetan eta, besteko, mugimenduen legeak eta denboren ekoizpenak bertan izan ziren aditzera emanak.

        Badira bi zeru: kanpoko zerua, edo gorputz guztien eratxekia ortzian; barrukoa, edo astro ikustezina, astro bakoitzaren gorputz sentigaitza; hau munduaren edo naturaren izpiritua da; hylecha; astro guztietara hedaturik dago, edo eta moldatu egiten ditu, hobeki esan; osatu egiten ditu.

        Dena barrutik dator, eta ikustezin eta ezkutukoetatik sortzen da; halatan, gorputzetako substantzia agerikoak gorpuzgabeetatik datoz, izpirituzkoetatik, astroetatik, eta astroen gorputzak dira; egonlekua astroetan dute; biluziak astroetan daude.

        Hortik ateratzen da ezen bizi den guztia, hazten den guztia, naturan dagoen guztia, markatua dela, astroen eragina jasaten duen izpiritua duela, nik zerua, astroa, langile gordea deitzen diodana, denari bere irudia eta bere kolorea ematen diona eta haren erakuntza zuzendu duena; ernamuina eta bertutea da hori.

        Aurrekoa ez da ulertu behar astroek ortzian duten agerizko zein ikustezinezko gorputzari dagokionez, gauza bat bederaren berezko astroari dagokionez baizik; hau da, eta ez bestea, gauza horrengan eragina duena.

        Barruko astroek ez diote gizonari eragiten eta ez daukate haren beharrik, gizona da hobeki esan, astroei eragin eta bere irudimenaren magiaz erasotzen diena.

        Zeru bakoitzaren ibilgoa bere-eskukoa da; batak ez du bestea gobernatzen .

        Hala ere, astroen fruituek, edo eta zeru, aire, ur, lurreko haziek, lagundu eta bakarra den errepublika bat osatzen dute; probintzia bereko hiritarrak dira; elkarri laguntzen diote eta elkarri mesede egiten; Platonen eraztuna da, Homeroren katea, edo Jainkoaren Probidentziaren meneko gauzen segizioa, sinpatia unibertsala, eskala orokorra.

        Gauzek hiru hatsarri dituzte; konposatu guztietan daude: isurkai edo merkurioa, azufre edo olioa, eta gatza.

        Hirutasun santuak hitz egin du; haren hitz bakar eta hirukoitza, hura egin dadila, esana izan da, eta dena bakar eta hirukoitz izan da sortua; aitortzen du azterketa espagirikoak.

        Hura izan dadila esan du Jainkoak, eta lehen materia izan da; haren hiru hatsarriak aintzat hartuz, hirukoitza izan zen; ondoren, barruan zeuzkan hiru espezie horiek banandu egin ziren, eta lau gorputz edo elementu mota izan ziren.

        Egiazko elementu izpiritualak materia guztien kontserbatzaileak, elikatzaileak, egoitzak, matrizeak, mehategiak eta gordetegiak dira; izakien, edozein direla ere, esentzia, izatea, bizitza eta ekintza dira.

        Esfera bitan banatuak daude, bata, goikoa, sua da, edo ortzia eta airea, arraultzaren zuringoari edo koskolari konpara daitekeena; bestea, behekoa, ura eta lurra da, gorringoarekin aldera daitekeena.

        Kreatzaileak, hitzaren indarrez, batasunean zegoen elemenia eta urek garraiatzen zuten izpiritu hori garatuz, gorputzen hatsarriak konbinatuz edo munduko eszenara agertzeko imini behar zuten soinekoaz jantziz, eta bakoitzari bere tokia izendatuz, lau izatasun gorpuzgabe, bizigabe, huts eta hutsal horiei argia eta gauzen arrazoi seminalak, Jainkoaren bedeinkazioaz bete dituzten eta sekula iraungiko ez zaizkienak, eman zizkieten.

        Gauzen haziak, lotzen dituzten astroak, gauzen elementuetan ezkutaturik daude hondarrik gabeko leize batean bezala, non materia hasi zenez geroz agerikoak ikustezinen bidez egiten diren, muturrek elkar ukitzen duten eta elkarrengana bil, dena epe zehaztuetan sorrarazten den; elementuek ongi orokorraren fagore iharduten dute; hala dirau bizirik sinpatia unibertsalak; elementuek mundua zuzentzen dute, betierekoa izan dadin aski dira.

        Ernamuinek, edo gauzen, hatsarriek, Hitzarengandik jasoa dute sortzeko eta ugaltzeko bertutea.

        Ezin dira hazi edo ernamuinak elementuetatik bereizi; ezta gorputzaren hatsarriak naturaren legeetatik ere.

        Ekoizpen eta hazirik txikienek armonia unibertsalari jarraitu eta, laburbildurik, elementu eta hatsarrien analogia orokorra erakusten dute.

        Elementuak denean daude, konbinaturik daude, eta konbinazioa baltsamua eta tindura erradikala medio kontserbatzen da.

        Kreatura guztiak daude elementuez osaturik: airearen gain ematen da animalien ekoizpena, lurraren gain landareena, uraren gain mineralena; suak den guztiari ematen dio bizitza.

        Elementuen goputza gauza bat hila eta ilunbezkoa da; izpiritua bizitza da; izpiritu hau astroetan banaturik dago eta astro horiek beren ekoizpenak izan eta beren fruituak ematen dituzte; arimak beregandik gorputza bereizi eta han bizi den bezala, izpirituzko elementuek, erakuntza orokorrean, gorputz agerikoak bereizi dituzte berengandik, eta hantxe bizi dira.

        Suzko gorputzetik astro agerikoak bereizi dira; urezko gorputzetik metalak; gatzezko gorputzetik, mineralak; lurrezko gorputzetik, landareak.

        Bi lur badira: kanpoko eta ageriko lurra, elementuaren gorputza dena, azufrea, gatzaren merkurioa; eta barrukoa eta agerikoa ez den lurra, zeina baita elementua, bizitza, izpiritua, non lurreko astroak baitaude, lurrezko gorputzaren bidez hazten den guztia ekoizten dutenak, alegia: lurrak, beraz, ororen ernamuinak eta arrazoi seminala ditu bere baitan.

        Gauza bera esan behar da beste elementuez; edo gorputzak, eta hiru hatsarri horiez osatutakoak dira; edo elementuak, bakar eta izpiritu, dira eta astroak edukitzen dituzte, elementuen fruituak astro horietatik sortzen direlarik itsaso batetik edo leize batetik bezala.

        Gure sua ez da elementua, dena suntsitzen du, dena hiltzen da hura medio; baina sua, lehen eta laugarren elementua dena, gauza guztiak edukitzen dituena, koskolak arraultza biltzen bezala, zerua da.

        Elementu bat ez da eta ez daiteke beste ezein elementutatik bereizia izan; elementuen konbinazio guztietan dago.

        Elementuen astroak ernamuinak dira; lau elementu badira; bi gauza badira beti bat eginik egoten direnak, gorputza eta astroa, edo agerikoa eta ikustezina; gorputza astraletik sortu eta handiagotzen da, agerikoa ikustezinetik; harengan geratzen da; eta horrela hedatzen eta ugaltzen dira ahal edo bertute ikustezinak, haziak, astroak; ezin konta-ahala itxura diferenteren pean banatzen dira; ezin konta-ahala izakirengan agertzen, ageriko gorputzaren bidez.

        Hazi bat, ernamuin bat edo astro bat hil edo bere matrizean usteltzen denean, berehala beste gorputz batera pasatu eta ugaldu egiten da: izan ere, usteltze guztiak sortzapen baten sorburu dira.

        Horra zergatik baliatu diren kimikalariak ustelketaz; horrela lortzen dute birsortzapena, zeinean hiru elementuak beren ezkutupeko berezitasun guztiekin agertzen diren.

        Lehen hiru elementuak gorputz guztietan bat eginik daude; bat egite hori da gorputz sanoa osatzen duena; osasuna bat egitearen tenperatura da; osasunik ez dagoen edo aldatzen den tokian, eritasuna sartzen da, eta harekin batean heriotzaren sustraizko hatsarria.

        Eritasunak oinarrizkoak, ala astralak edo ortzikoak dira; hauek gizonaren ortzi edo zerutik sortzen dira; haiek, berriz, gizonaren ernamuinetik edo astroetatik.

        Gizonak, bere gorputzaren eretzean, magnetismo bikoitza dauka; zati batek astroak bereganantz erakartzen ditu eta haietaz elikatzen da, handik heldu dira zuhurtasuna, zentzuak, pentsamenduak; parte batek bereganantz elementuak erakarri eta haiekin osatzen da, handik heldu dira haragia eta odola.

        Ortzia gizonarengan berezko eragina duen jitezko argi hori da.

        Astroek edo elementuek, izpiritu baitira, ez dute kualitaterik; kualitatea duen guztia ekoizten dute ordea.

        Eritasunak ez dira aurkakoen bidez sendatzen; egin beharrekoa ez da gizonarengandik elementurik bidaltzea. Beharrezkoa da arkanoen jabe izatea; beharrezkoa da astroak eskumenean izatea; beharrezkoa da kimikaren bidez ikasi izana haiek azken materiatik lehen materiara bihurtzen.

        Astroek ez dute ez hotz ez bero oraingorik. Jainkoaren izpiritua gure bihotzen erdian bizi da.

        Ezein jakitate ez da betierekotz ariman egonen, barrura isuri eta adimenduaren barnean bizi dena izan ezik. Funtsezko jakitate horrek ez dagokio ez odolari, ez haragiari, ez irakurtzeari, ez irakasteari, ez arrazoiari; grina bat da; Jainkoaren egitate bat, izaki mugagabeak izaki mugadunarengan eragindako inpresioa.

        Gizona naturako eta naturaz gaindiko abantaila guztien jabe izan da; baina jainko-izaera hori bekatuagatik ilundua da. Irten zaitezte bekatutik, eta garbitzen zareten hein berean estaliko duzue bekatu hori.

        Gauza guztien oinarrizko ezaguera geure izatearekin batean jaso dugu; dena da izpirituaren barne-barnean; izpiritua bekatuaren estalkietatik askatu beharra dago, eta haren oinarrizko ezaguerak argitu egingo dira.

        Izpiritua zientzia guztiekin jantzirik dago, baina, zein gorputzekin bat egin zuen, gorputz haren azpian leherturik dago; alabaina pisu horren kontra egiten dituen ahaleginez estaltzen du bere argia.

        Ezagutu dezagun ongi geure izaera eta geure izpiritua, eta zabal diezaiogun sarrera gure bihotzeko atea jotzen duen Jainkoari.

        Nork bere burua ezagutzetik Jainkoaren ezagutza sortzen da.

        Jainkoak berak irakatsiko dionak baizik ez du unibertsoaren egiazko ezagutzaraino altxatzerik izango. Antzinakoen filosofia faltsua da; Jainkoaz idatzi duten guztia hutsala.

        Eskritura santuak dira egiazko filosofia ororen oinarri; hau Jankoagandik jalgitzen da eta berarengana itzultzen. Gizonaren berpizkundea beharrezkoa da arteen perfekzioarentzat; alabaina kristaua baizik ez da egiatan biziberritua dena.

        Bere burua ezagutzen duenak, dena ezagutzen du beregan inplizituki, eta gizonaren gainean dagoen Jainkoa, eta Jainkoaren alboan dauden aingeruak, eta azpian dagoen mundua, eta osatzen duten kreatura guztiak.

        Gizona munduaren esteka da. Lurraren lohiaz osaturik dago, edo unibertsoaren makinaren esentzia mehe-meheaz, espagirista handiak atera eta gorputz itxuraren pean bildutakoaz, alafede.

        Gizonak, bere gorputza medio, makrokosmo sentikor eta aldi batekoa irudikatzen du; bere arimaren bidez, arketipo handia. Bere baitan animalien, landareen eta mineralen berezitasunak izan zituenean, Jainkoaren hatsak arima erantsi zuen haren gainean.

        Jainkoa erdigunea eta zirkunferentzia da, edo ekoiztu duen guztiaren batasuna; dena dator Jainkoarengandik; dena konprenitzen, dena zulatzen du. Gizona, Jainkoaren eredura, erdigunea eta zirkunferentzia da, edo kreaturen batasuna; dena haren eretzekoa da, haren gainera isurtzen ditu bere berezitasunak.

        Gizonak kreatura guztiak biltzen ditu bere baitan, eta berekin atzera darama iturburu betierekora handik hastapenean etorritako guztia.

        Gizonarengan badira bi izpiritu: bata ortzikoa eta astroen eraginpekoa; bestea Guztiz-Ahaltsuaren hatsa edo arima dena.

        Gizona gorputz hilkorraz, astroen eraginpeko izpirituz eta arima hilezkorraz osaturiko zera da. Arima Jainkoaren irudia da, bai eta hark gizonagan duen bizilekua ere.

        Gizonak bi aita ditu, bata betierekoa, bestea hilkorra; Jainkoaren izpiritua eta unibertsoa.

        Ez dago gorputz-atalik gizonarengan, elementu bati, planeta bati, adimen bati, izari bati, arrazoi bati ez dagokionik arketipoan.

        Gizonak, elementuetarik, gorputz agerikoa du, arimaren azal eta egoitza; zerutik edo ortzitik, gorputz ikustezina, arimaren ibilgailu, gorputz agerikoarekin duen lokarria.

        Arima gorputz ikustezinaren bidez, Jainkoaren ordenaren ondorioz, adimenek lagunduta, bihotzaren erdira igarotzen da, eta handik gorputzeko beste alderdi guztietara hedatzen.

        Gorputz etereo eta mehe horrek zeruaren izaeraren kutsua du; bere ibilian ortziarena imitatzen du; bereganantz erakartzen ditu haren eraginak. Hala, zeruek gizonarengana isurtzen dituzte beren berezitasunak, haietaz zulatu eta gauza guztiak ezagutzeko ahalmena ematen diote.

        Gizonarengan hirutasuna eta batasuna badaude, baita Jainkoarengan ere; gizona bakoitz da pertsona gisa; hirukoitz funtsez: Jainkoaren hatsa edo arima, astroen eraginpeko izpiritua eta gorputza daude bertan.

        Hiru zeru ere badaude gizonarengan; hiru munduri dagokiena da, edo hobeki esan obra handiaren ala gauzen erakuntza orokorraren eredu denik eta perfektuena da.

        Hiru mundutako hiritar, arketipoarekin, aingeruekin, elementuekin dago harremanetan.

        Jainkoarekiko harremanak harengandik bildu duen hatsaren bidez egiten ditu. Hats horrek bere etorkiaren ernamuina utzi du han; horregatik deus ez da gizonaren baitan jainko-izaerarik ez duenik.

        Aingeruekikoak gorputz ikustezinaren bidez egiten ditu; haien eta haren arteko balizko harremanetarako tokia da.

        Unibertsoarekikoak bere gorputz agerikoaren bidez egiten ditu. Elementuen irudiak ditu; elementuak ez dira aldatzen. Gizonak haietaz dituen irudien eitea aldaezina da; horrela finkatzen da landare eta mineralei buruz duen oinarrizko ezaguera.

        Astroen eraginpeko gorputza gizonaren jeinua da, haren etxeko jainkoa, haren demonio ona, haren barruko adexa, haren ebestrea, susmozko jatorria, profeziaren iturria.

        Astro osoan, gorputz ikustezin edo izpirituak, arrazoimenik ez duen arren, irudikatzen eta informatzen dihardu; orobat gizonarengan.

        Irudimena gorputzezkoa da; hala ere, fedeak kitzikaturik, beroturik, aztiapenaren oinarria da. Astroaren izpirituari kalterik egiteke, gorputz agerikoak sorraraz, ekar ditzake, eta, han egon zein kanpoan egon, giza adimenaren gaineko gauzak egin. Horra magia naturalaren jatorria, arteak lagundu diezaiola nahi duenarena; gordean egin dezake naturak agerian egiten duen guztia.

        Gizona makrokosmoaren funtsaren funtsa da; zerua imita dezake beraz, baita hura mendera eta gida ere. Haren arimaren mugimenduaren, enerjiaren, nahiaren menean jarria dago. Arketipoaren indarra da gure baitan bizi dena, harengana goratzen gaituena, eta zeruetako gauzen kreatura eta katea geure menera biltzen dizkiguna.

        Berezko fede isuriak izpirituekin parekatzen gaitu; magiako ihardueren hatsarria da, irudimenaren enerjiarena eta mirari guztiena.

        Pentsatutako gauzarekiko duen indar erakargarriaren ondorioagatik baino ez du eraginkortasunik irudimenak. Beharrezkoa da indar hori lehendabizi ¡hardunean izan dadila; beharrezkoa da gauzaren eredura egindako espektru bat ekoizteaz ernal dadila. Espektru hori segidan zertzen da; hori da arte kabalistikoa deritzona.

        Irudimenak, arte kabalistikoa medio, munduan ikusten dugun guztia ekar dezake.

        Arte kabalistikoaren hiru bitarteko nagusiak dira izpiritu kreatua izpiritu kreatugabeari batzen dion otoitza, berezko fedea eta irudimenaren kitzikamendua.

        Gizon irudimen tristeko eta txepelak izpiritu doilorrak tentatuak eta gidatuak dira.

        Otoitzak garbituriko arima tximistaren antzo jausten da gorputzen gainera; estaltzen dituzten ilunbeak uxatu eta barna-barnatik argitzen ditu.

        Eritasun materialen egiazko eta berariazko sendakintza bertute sekretu bat da, hitzak, gauza guztietan, haiek kreatuz, ezarri duena. Ez dagokio ez astroei, ez atomoen partaidetzari, ez gorputzen itxurari, ez haien nahasturari.

        Beheko izaera guztiak hiru sail nagusitan banatu behar dira: landareak, animaliak eta mineralak.

        Erreinu horietako bakoitzak baliabide ezin konta-ahala baliabide eskaintzen dio medikuntzari.

        Axioma horietan kimikaren teoriaren lehenengo ernamuina aurkitzen dugu; elementuen bereiztea; nahastuen erakuntza; haiek desegitearen zaila; kualitate fisikoen jatorria; haien kidetasunak; bat eginik ezer ez diren elementuen izaera, ostekako konbinazioak behar duen guztia, eta beste egia batzuk, Parazeltsoren ondorengoek ederki baliarazi dituztenak. Baina gizon hau bere irudimenaren mende zegoen; etengabean egongo da inguraturik konparazioz, sinboloz, metaforaz, alegoriaz; zientziaren sortzaile eta, haiek izendatzeko hitzak falta zituen arren, ideia berriz josirik, ezin definitu-ahala asmatzen du. Bere lehenengo aurkikuntzen arrakastak hartaraturik, deusik ez da, bere lanarekin erdiestea espero ez duenik. Nola egia frogatuei hala konparazio baten ingurukoei ekiten die. Antzekotasunak ugaltzearen ugaltzez, bitxikeri suerterik ez da asmatuko ez duenik. Irudimenaren espektruak egiazko ekoizpentzat hartuko ditu azkenean. Eroa da, eta erotzeko modua ere aginduko du zinez eta benaz; eta horri deitzen dio: Jainkoarekin, aingeruekin, bat egitea, eta naturari jarraitzea.

        Gilles Gushmann eta Jules Sperber Parazeltso baino haratago joan ziren. Ikustazue lehenengoak ondorengo tituluaren pean argitaratu zuen obra: Revelatio divinae majestatis, qua explicatur quo pacto in principio omnibus sese Deus creaturis suis, et verbo, et facto manisfestaverit, et qua ratione opera sua omnia, eorumque virtutem, attributa, et operatienes scripto brevi eleganter comprehenderit, atque primo homini ad suam imaginem ab ipso condito tradiderit. Eta bigarrenaren idazkia Isagoge in veram triunius Dei et naturae cognitionem tituluaren pean agertu zenas. Pentsamendu platoniko-pitagoriko-peripatetiko-parazeltsiko-kristauen sistema bat da.

        Valentin Weigelek, hamabosgarren mendean agertu zenak, teosofiazko obra batzuk utzi zituen, hamaseigarrenan eta hamazazpigarrenean hots handia atera zutenak. Defendatzen zuen ezen jakitateak ez zitzaizkiola gizonari kanpotik heltzen; gizonak jaiotzearekin batean ekartzen zituela haien jitezko ernamuinak; gorputza urezkoa eta lurrezkoa zela; arima, airezkoa eta suzkoa; eta izpiritua, substantzia astralezkoa. Haren zortea zeruen eraginen menean ematen zuen; esaten zuen ezen Errebelazioaren argiaren bidez bi kontraesan konbina zitezkeela. Leibnizek, jeinua bazuela aitortzen zionak, spinozismo piska bat leporatzen dio.

        Robert XVII. mendean izan zen, Parazeltso XVI.ean izan zena. Sekula ez zen inor ere hain zentzugabe ibili hainbesterainoko talentu, jeinu, sakontasun eta hainbeste jakitaterekin. Hau aztiapenari, kabalari, astrologiari, eman zen osoki; haren obrak anabasa handi bat dira fisikaz, kimikaz, mekanikaz, medikuntzaz, latinez, grekoz eta jakinduriaz osaturikoa; baina hain dago ongi irabiaturik, non irakurtzailerik setatiena ere galtzen baita.

        Boehmius abelzain, zapatagin eta teosofoa izan zen bata bestearen ondotik; honatx paratu zituen hatsarriak; esaten zuen:

        Jainkoa esentzien esentzia da; dena harengandik heldu da; mundua sortu aitzin, haren esentzia zen, izan zen gauza bakarra; hartaz egin du dena; ez da izpirituan beste ahalmenik sortzen goratu, hondoratu, poliki sartu, barruratu, mugitu eta ugaltzekoak baino. Hiru sortzapen-modu badira, garmina, garratza eta beroa; haserreak eta amodioak hatsarri ber-bera dute; Jainkoa ez da ez garmina, ez samina, ez beroa, ez ura, ez airea, ez lurra; gauza guztiak dira hatsarri horien ondorio, eta hatsarri horiek Jainkoarenak; Jainkoa ez da ez heriotza eta ez infernua; ez daude haren baitan; berarenak dira. Gauzak azufreak, merkurioak eta gatzak ekarriak dira; izpiritua, bizitza eta ekintza bereizten ditugu hor; gatza arima da, azufrea materia lehena.

        Aurkile honen gainerako ideiak indar berekoak ditugu, eta ez dugu irakurtzailea haiek irakurtzera behartuko: hauxe dugu inolaz ere toki egokia esateko ezen erorik ez dagoela, bera miresten duen eroagokoren bat aurkitzen ez duenik. Boehmiusek jarraikileak izan zituen, eta horien artean Quirinus Kuhlman, Jean Podage eta Jacques Zimmermann aipatu behar ditugu.

        Denek ere defendatzen zuten ezen Jainkoa garatutako mundua besterik ez zela; Jainkoa bi itxuren pean eta bi garaitan kontsideratzen zuten: kreazioaren aurretik eta kreazioaren ondotik; kreazioaren aurretik, dena Jainkoagan zegoen; kreazioaren ondotik, Jainkoa denetan zegoen; idazki bat bildua zein zabaldua zen; ideia bitxi horiek ez ziren berriak.

        Jean-Baptiste Van Helmont Bruselan jaio zen 1474an letrak, matematikak, astronomia ikasi zuen; haren gogoa, zientzia eta arte gehientsuenez axaletik zaletu eta gero, medikuntzan eta kimikan finkatu zen; naturarengandik zorroztasuna bilduta zegoen; inork ere ez zuen hobeki jakin denboraren prezioa; une bat ere ez zuen galdu; bere laboratorian pasatu zituen medikuntzan iharduteari eman ez zizkion memento guztiak; kimikan harrigarrizko aurrerakuntzak egin zituen; ezin sinetsizko arrakastaz baliatu zuen eritasunen sendatzeko artea; haren izena Bacon, Boyle, Galileo eta Descartesenen ondoan imini da. Horra haren filosofiaren hatsarriak:

        Sorburu fisiko eraginkor guztiak ez dira kanpokoak, baizik eta barrukoa, funtsezkoa berez.

        Osatzen duena, diharduena, barruko sorburua, arkeoa deitzen dut. Berezko gorputz batek, edozein dela ere, gorputzezko hasikinak besterik ez du behar; hasikin horiek une bateko gorabeherak jasa beharra izaten dute.

        Naturan ez dago gabeziarik.

        Ez da imajinatu behar han materia bat zehaztugabea, biluzia, lehena; materia hori ezinezkoa da.

        Bi sorburu baizik ez dira, eragilea eta materiala.

        Gauza bereziek mami bat orotarikoa eta hatsarri bat seminala, eragilea, sortzailea suposatzen dute; definizioak bi elementu horiek baizik ez ditu bildu behar bere baitan...

        Ura gauza guztien egituran dagoen materia da.

        Hartzigarri seminal eta sortzailea gauza guztiak hasi eta egiteko behar den hasikina da.

        Hasikina edo ernamuina, gauza bera dira.

        Hartzigarri seminala ernamuinaren sorburu eragilea da.

        Bizitza ernamuinaren ekartzearekin hasten da.

        Hartzigarria izaki kreatua da; ez da ez substantzia, ez akzidentea; neutroa du izaera; bere eskumendeko eremuak harturik dauzka munduaren hastapenetatik; haziak prestatzen ditu; kitzikatu egiten ditu; haien aitzinean joaten.

        Hartzigarriak kreatzaileak eginak izan dira; mendeen bukaerara arte iraunen dute; birsortu egiten dira; beren hazi bereziak badituzte eurek ekarri eta urarekin kitzikatzen dituztenak.

        Lekuek antolamendu bat badute, arrazoi bat Jainkoak izendatutakoa eta zenbait ondorio ekartzera destinatutakoa.

        Ura gauzen sorburu material bakarra da; kualitate abiarazlea du bere baitan; garbia da; bakuna; askagarria eta gorputz guztiak bihur daitezke bere hartara, azken materia batera bezala.

        Sua suntsitzera destinatua izan da, eta ez sortzera; jatorria ez du seminala, berezia baizik; izaki bakar, bakan eta alderaezin sorturiko gauzen artean dago.

        Jitez eragileak diren gauzen artean, batzuk eraginkorki eragileak dira, besteak egiazki; haziek eta haien izpiritu antolatzaileek lehenengo mota osatzen dute; gordetegiek eta bihien ondorengo organoek, materia kanpoaldean darabilten hartzigarriek, palingenesiek bigarrena osatzen dute.

        Eragile natural guztiek duten helburua da, izan ere, beren mende daukaten materia xede ezagun eta, sortzapenari dagokionez behintzat, zehaztutako bat lortzeko erabiltzea.

        Nahi bezain opako eta gogorrak izan badaitez ere gauzak, antz ematen diogun sendotasun hori aitzin izaten zuten, bada, lurrun bat hazia ernaltzen zuena eta bertan ondoriozko sortzapenaren lehen lineamendu fin eta meheak egiten zituena. Lurrun hori ez da sortutakoagandik aldentzen; eszenatik eskutatzen den arte segitzen dio; barruko sorburu eragile hori arkeoa da.

        Haziaren aurak, materia gisa, haziaren irudiarekin edo haziaren emankortasunaren hatsarria egin eta edukitzen duen barruko muin izpiritualarekin bat egitea da arkeoa osatzen duena; ageri den hazia arkeoaren silikua besterik ez da.

        Sortzapenaren egile eta sustatzaile den arkeoak gorputzezko estalki bat janzten du laster; izaki bizidunetan, bere haziaren tolesduretan sartzen da; hango ingurumari eta hutsune guztietan zehar ibiltzen da; materia eraldatzen hasten da, bere irudiaren entelekiari jarraiki, eta han gelditzen da ondorioen apailatzaile, nagusi eta barruko antolatzaile, hondarreko suntsiketara arte.

        Konklusio batek iritzi bat eratzen du. Eta ez frogapen bat.

        Lehendik ere badago nahitaez gure baitan silogismoan konparaturiko terminoen egokitasunaren ezagutzarik konklusiora heldu aitzinetik; halako moldez non eskuarki aldez aurretik jakiten bainuen konklusioan jasota dagoena, eta konklusio horrek aipatu, argitu eta garatu besterik egiten ez duena.

        Frogapenaren bidez jasotzen dugun ezagutza lehenago ere bazegoen gure baitan; silogismoak argiagotu besterik ez du egiten, baina zalantza ez da sekula osoki garbiturik egoten, konklusioa premisen alde ahulari jarraikitzen zaiolako.

        Su bat errautsaren azpian bezala, hala egoten da zientzia adimenduan, su horrek bere kabuz aparta dezakeelarik errautsa, silogismoaren bideak eta moldeak erabili gabe,

        Konklusioaren ezagutza ez da derrigorrez premisen barruan bildurik egoten.

        Silogismoak ez darama zientziak asmatzera; zientziak estaltzen dituzten ilunbeak barreatu besterik ez du egiten.

        Egiazko zientziak frogatu ezinezkoak dira; ez dira frogapenetik etortzen.

        Logikarien metodoa jakiten denaren laburpen soil bat besterik ez da.

        Metodo horren helburua, beraz, entzuten digunari bere iritzia argi eta garbi helaraztera mugatzen da, baita harengan oroitzapena erraz iratzartzera ere, loturaren indarragatik.

        Ezjakintasuna eta errakuntza baino ez dago Aristotele-ren eta Galien-en teorian; hatsarri sendoagoak baliatu behar dira.

        Zerua, lurra eta ura geroko izaki guztien materia izan dira hastapenean; zeruak ura eta lurrun ernalgarria edo arima edukitzen zituen.

        Sua ez da elementuen artean sartu behar; ez du ezagun gauza kreatua denik.

        Lurra ez da nahasturaren parte; ez da gorputzaren ama, matrizea baizik.

        Aireak eta urak ez dute deus aire eta ur bihurtzen.

        Hastapenean lurra etenik gabea zen, zatirik gabea; iturburu bakarrak ureztatzen zuen; Uholdeak zati batean baino gehiagotan banandu zuen.

        Airea ez da ur bihurtzen eta ura ez da aire bilakatzen.

        Globoa, urez eta lurrez osatua, biribila da; sortaldetik sortaldera doa sartaldean barna; biribila da bere mugimenduaren norabidean, eliptikoa gainerakoan. Gasa eta blasa bi hasikin fisiko dira Antzinakoek ezagutu ez zituztenak; gasa uraren hasperen bat da, merkurioaren hotzak altxatutakoa eta azufrearen lehortzapenak gero eta indargabetuagoa; blasa izarrek tokian-tokian eta aldizka izaten duten mugimendua da: horra meteoroaren bi sorburu abiarazleak.

        Airea hutsunez josirik dago; suaren bidez ematen dugu haren frogapen mekanikoa.

        Airearen porositateak egun ezein materiaz husturik baldin badaude ere; bada hargatik izaki bat kreatua eta egiazkoa; ez da toki hutsa; baizik eta izpirituaren eta materiaren arteko erdibideko gauzaren bat, ez dena ez akzidentea eta ez substantzia, neutro bat, nik magnalea deitzen diot.

        Magnalea ez da argia, halako itxura bat baizik, airearekin bat egindakoa da, nahastuak ur hutsezko produktu materialak dira, ez dago beste elementurik: ken ezazue hazia, eta merkurioa ur geza bilakatuko da; haziak, konkretuen antzeko parteak, gatz, azufre eta merkurio bihurtuko dira.

        Orea haziz markatzen duen hartzigarriak ez du inolako gorabehera seminalik jasaten.

        Bi hartzigarri-suerte badira naturan; batek bere baitan dauka aura isurgarria, arima bizidunaren egoerara jotzen duen arkeo seminala; bestea mugimenduaren gauza bat gauza batengan sorraraztearen hatsarri abiarazlea da.

        Ezerezetik dena egin duenak, oraindik ere sortzen du bidea, jatorria, bizitza eta perfekzioa denetan; bigarren sorburuen ondorioa partziala baizik ez da.

        Jainkoak ezerezetik sortu zituen gizonak.

        Jainkoa ororen esentzia egiazko, ezin hobeagoko eta oraingoa dugu. Gauzen esentziak gauzak dira, ez dira Jainkoa.

        Sortzapena hasten denean, arkeoa ez da argidun; aura bat da non sortzailearen itxura, bizitza, arima sentikorra iluna baita, harik eta sortzapenaren aitzinamenduan argitu eta gauzari bere distiraren bestelako irudi bat inprimatzen dion arteraino.

        Aura horrek daitezkeen bide guztietatik jotzen du bai gorputza antolatzera bai gorputz horri bere argia eta haren baitatik dauden kualitate guztiak helaraztera; aldian baino aldian sutzenago da; sutsuki bermatzen da gorputzean; haren informatzera eta biziaraztera ahalegintzen da; baina ondorio hori bizitza, egia eta argia denaren partaidetzaren bidez baizik ez da etorriko.

        Izaki batek arkeoa sortu duenean, harengan dago bizitzaren jagolea, transmutazioen sustatzailea lehenbizikotik hasi eta azkenekoraino.

        Badago egokitasunik arkeoen artean, haien bizikualitate amankomunagatik eta haien distiragatik; ez dute alabaina batak bestea hartzen, ez dute alabaina elkar nahasten beren antolamenduan eta beren barrutian.

        Jitezko aldakortasuna ez da materiaren ondorioa, suarena baizik.

        Usteldura da materiaren halako disposizio bat, su gidaria iraungi izanaren ondoriozkoa; ez da gabezia hutsa, sorburuak positiboak ditu.

        Hartzigarri arrotzak dira usteldura sartzen dutenak; haietxen bidez hasten da, aurrera joaten eta amaitzen.

        Gauzen artean, jitezko baltsamua barreatzen delako hiltzen dira batzuk, ustelduragatik besteak.

        Naturak ez ikusi-irudi egin eta ez du bere nahiaren kontrako ezer onartzen.

        Bi blas badira gizonarengan, bata berez higitzen da, bestea bere borondatez.

        Beroa ez da liseriketaren sorburu eragilea, beroak kitzikatu besterik egiten ez duenarena, alegia. Estomakako hartzigarria da liseriketaren sorburu eragilea.

        Jainkoaren beldurra da zuhurtasunaren hastapena.

        Arima ez da ezagutzen ez arrazoimenaren bidez ez irudien bidez; esentziaren egia eta adimenduaren egia batasunean eta nortasunean nahasten dira elkarrekin; horra zergatik den adimendua izaki hilezkorra.

        Bizitzazko argi-suerte bat baino gehiago badira. Arimaren argia substantzia izpirituzko da, materia bizitzazko eta argitsua.

        Gure nortasuna Jainkoaren neurrigabetasunarekin nahasten dutenak, eta osotasun horren partetzat hartzen gaituztenak, ateoak dira.

        Adimendua funtsez eta muinez dago borondatearekin elkarturik, eta hau ez da ez ahala eta ez akzidentea, ezpada argia, esentzia izpirituzkoa, zatigabea, abstrakziozko adimendua ez bezalakoa.

        Ariman hirugarren kualitate bat behar da onartu, amodioa edo atsegin izateko desira. Ez da ez borondate hutsaren egina, ezta adimendu hutsarena ere, baizik eta batarena eta bestearena batera.

        Izpiritua da egitate bat soila, bakuna, erazkoa, homogeneoa, zatigabea, hilezkorra, Jainkoaren irudia, ezin konprenituzkoa, non haren izaerari egoki zaizkion berezitasun guztiak batasunean elkarturik baitaude.

        Adimendua izpirituaren argia da, eta izpiritua adimendu argitua; konprenitu, ikusi, ihardun, gorputzetik bananduta egiten du.

        Adimendua gorputzeko organoei lotua dago; arima sentikorraren ekintzen mende jarria dago: batasun horren bitartez janzten da, irudimena deritzon kualitateaz.

        Deusik ere ez da irudimenean lehenago sentsazioan izan ez denik; espezie intelektualak objektu sentikorretatik heldu dira denak.

        Indar adimentsua arima sentsitiboaren fantasiazko ahalmenarekin lehiatzen da, organoaren izaeraren gainean, eta menekoa zaio.

        Arimak estomakaren goialdeko ahoan du bere egoitza berezia; oroimenak burmuinean du bere egoitza.

        Adimendua funtsezkoa zaio arimari; borondatea eta oroimena bizitza sentsitiboaren ahalmen zaharkituak dira.

        Adimenduak buruan dirdiratzen du, baina arimak gorputzarekin duen lotura baten eta izpiritu etereoen meneko argi baten bidez.

        Asmakuntzatik eta julgamendutik sortzen den adimena estomakaren ahotik burmuinera egiten den irradiazio baten bitartez pasatzen da.

        Estomakaren ahoa halako erdigunea da eta arimak handik baliatzen du bere enerjia, zentzu guztietan.

        Arimak, Jainkotasunaren irudi, ez du ezer pentsatzen nagusiki, ez du ezer barna-barnatik ezagutzen, ez du ezer benetan ikusten Jainkoa ezik, edo lehen batasuna, gainerako guztia eaokitzen zaiona.

        Gauza bat zentzuaren edo arrazoimenren bidez erdiesten bada, ez da oraindik ere abstrakzio huts eta osoa izanen.

 

       

        Abstrakzio huts eta osora iristeko bidea urruti dago oso; beharrezkoa da kreatutako gauza guztienganako arretatik bereizirik egotea, baita kreatugabeenganako arretatik ere; beharrezkoa da arimaren iharduera bere kasara utzia izan dadila; ez dadila izan inolako solasketarik ez barrukorik ez kanpokorik, inolako ekintza aurretiaz asmaturik, inolako soegite zehazturik; beharrezkoa da arimak ihardunik ez izatea, atseden sakon batean itxaron diezaiola goiko eragin dohanekoari; inolako irudipenik geldi ez dakiola berarengana eramanen duenik; bere burua osoki ahantzia izan dezala; hitz batez, beregaindurik egon dadila ez-izaite batean, ahanztura batean, erabat ilaun eta geldo utziko duen halako suntsiketa-suerte batean.

       

 

        Ezerk ez darama efikazkiroago eta ezin hobekiago larrutze horretara, isiltasun horretara, argi arrotzik gabe egote horretara, oharkabetzerik ez orotariko horretara, otoitzak, haren isiltasunak eta haren gozotasunek baino: ihardun ezazue adorazio sakonean.

        Adorazioko sakontasun horretan arima galdu eginen da, zentzuak etenda egonen, estaltzen duten ilunbeek atzera eginen, eta goiko argia bere hartan islatuko da: orduan amodioaren sentimendua besterik ez zaio geratuko eta oso-osorik beteko du.

        Autore honen obretatik ateratako beste hainbat eta hainbat proposamen erants genitzake orain arte emandakoei, baina ez lituzkete gauzak gehiago argituko. Van Helmont honek, gainera, gauzak hain era ilun eta zakarrean adierazten ditu gauzak non, bateko, bati berehala ahitzen baitzaio hari jarraikitzeko gogoa eta, besteko, bat sekula ez baitaiteke segur izan hari zehaztasunen batez ulertzeaz. Zer ote da haren blasa, haren gasa eta haren arkeo argitsua? Zer ote da, bada, Jainkoarekin bat egitekotz abretu, aurkikuntzetara iristekotz norbere jakiteak erantzi eta biziago pentsatzekotz sorgortu beharraren metodo hori?

        Nago bada gizon hauen, jitez goibel eta malenkoniatsu zirenen, zorroztasun ohiz kanpoko eta kasik jainkotiar hori, tarteka hautematen zitzaien eta halako ideia noiz horren ero noiz horren sublimeetara eramaten zituena, alegia, makinaren aldian behingo nahasmenduren batetik baizik ez zetorrela. Orduan, goiargiturik zeudelako ustetan, burutik eginda egoten ziren: haien aldikada horiek halako abretze-suerte bat izaten zuten aitzindari, jitezko galdukeriaren pean dagoen gizonaren egoeratzat begiratzen zutena bera. Letargia horretatik beraien baitan altxatzen ziren humoreen bapateko arramantzak iratzarririk, pentsatzen zuten Jainkoa zela jaisten zena, bisita egiten ziena, inarrosten zituena; lehenengoz bizi eman zien hats jainkotiarra bapatean biziberritu eta lehengo eta jatorrizko bere enerjiaren zati bat hartzen zuela berriro, eta han hasten ziren aginduak ematen, artifizialki abiatzeko, orgasmo eta orditasuneko egoera horretarantz non beren buruen gainetik kausitzen baitziren eta zeina faltan sumatzen baitzuten, hain zuzen ere opioaren usantzak irudimenera eta zentzuetara daraman xarma eta eldarnio gozoa dastatuak dituztenen antzera; zoriontsuak orditasunean, ergelak atsedenean, unatuak, lehertuak, gogaituak, bizitza arrunta higuingarri zuten; hasperen egiten zuten, bero-aldia, inspirazio-aldia, alienazio-aldia igarotakoan. Lasai ala asaldaturik, gizonekiko harremanen ihesi ibiltzen ziren, nola beuren buruekiko hala besterekiko ezin jasanak izaki. Oi zeinen elkarrengandik hurbil dauden jeinua eta eromena! Zeruak ongian eta gaizkian markatu dituenak sintoma horien mende egoten dira gutxi edo aski: maizago zein bakanago, bortitzagoak zein bareagoak izan ohi dituzte. Giltzapera sartzen dituzte eta kateaz lotzen, edo eta estatuak goratzen dizkiete: profetizatu egiten dute zein tronutik zein teatroetatik zein pulpituetatik; badakite gizonen oharmena eteten; gizonek egiten diete entzun, miretsi, jarraitu, edo eta iraindu, laidoztatu, harrikatu; zortea ez daukate beuren eskumende, kanpora agertzen direneko ingurumarien esku baizik. Ezjakintasuneko eta hondamendi handiekiko denborak dira haiek sorrarazten dituztenak: orduan, Jainkoak jazartzen diela uste duten gizonak honetariko burugabe-klaseen inguruan elkarretaratzen dira, eta hauek nahi dutena egiten dute beraiekin. Sakrifizioak manatzen dituzte, eta sakrifizoak egiten dira; otoitzak, eta otoitz egiten da; baraurak, eta baraur egiten dute; heriotzak, eta jendeari lepoa mozten diote; alegrantzia eta bozkariozko kantikak, eta lorezko koroak paratzen dituzte eta dantzan eta kantan ibiltzen; tenpluak, eta tenpluak goratzen dituzte; sailik etsienak, eta arrakastaz eramaten dituzte aitzinera; hiltzen dira, eta adoratuak izaten dira. Klase honetan behar dira sartu Pindaro, Eskilo, Mahoma, Shakespeare, Roger Bacon eta Parazeltso. Alda itzazue garaiak, eta poeta izan zena aztia, edo profeta, edo legegilea, izan zatekeen. Oi naturak irudimen handi eta aparteko hori eman dien gizonok, oihu egiten duzuenok, jendea zerorien menera biltzen duzuenok, burugabetzat zein zuhurtzat jotzen zaituztegunok, nork gaztiga dezake zuen zortea? Lurraren txaloen ala laidoen artean ibiltzeko jaio zineten, herriak zorionera ala zorigaitzera eramateko eta zeuen ondotik goretsi zein gaitzetsi beharra uzteko.

        François-Mercure Van Helmont, Jean-Baptisteren semea, 1518an jaio zena; ez zuen izan ez aitak baino jeinu gutxiagorik, ez jakitate gutxiago. Antzinako zein egungo hizkuntzak meneratu zituen, ekialdekoak zein Europakoak. Oso-osorik eman zen kimikari eta medikuntzari, eta izen eta entzute gaitza lortu zuen bere aurkikuntzengatik eta bere sendaketengatik. Itsutuki eman zen bai kabalari eta bai teosofiari. Katolikoa sortzez, kuakero egin zen. Ez da, menturaz, bat ere obrarik munduan haren Ordo seculorumek adin paradoxa biltzen dituenik. Emakume batek hala eskaturik moldatu zuen, zeinak haren esanera idatzi baitzuen.

        Pierre Poiret Metzen jaio zen 1546an guraso pobre, baina prestuengandik. Osasunak utzi bezainbat ikasi zuen. Bata bestearen ondotik, sinkretista, eklektikoa, kartesiarra, filosofoa, teologoa eta teosofoa izan zen. Eritasun arriskutsu batek erasanik, agindu zuen ezen, sendatzen baldin bazen, erlijioaren alde idatziko zuela, ateoen eta sinesgogorren kontra. Gorabehera horri zor diogu Cogitationes rationales de Deo, anima et malo izenburuaren pean argitara eman zuen liburua. Hambourgen Antoinette Bourignon ospetsua ezagutu zuen hertsi-hertsiki, honek bere sentimendu mistikoetarantz eraman zuela. Hortaz, andere famatuaren antzera, bera ere argitze pasiboari begira jarri eta arimaren isiltasun sakratuaren eta zentzuen etetearen apologista bilakatu zen, baita filosofiaren eta arrazoimenaren gaitzesle ere. Holandan hil zen hirurogeita hiru urteko zela, bere bizitzako azkeneko urteak bakartasunik handienean igaro eta gero; aitortzen zitzaizkion bihotz eta izpirituko dohainen artean, zuen jasankortasuna gorets dezakegu. Erlijioaz zituen aburuei lotuta oso egon zen arren, onartu egiten zuen erlijioaren aurkako iritziak ere askatasunez defendatzea; berez nahikoa izan baitzen hori gizon prestua eta izpiritu ona agerrarazteko.

        Garai hartan hain zuzen, XVII. mendearen lehenengoetan, eratu zen Arrosa-Gurutzeen elkargo famatua, fundatzaile izan zuenaren izenagatik horrela deitutakoa; fundatzaile hori Rosen Kreuz delako bat izan zen, 1388an Alemanian jaiotakoa. Gizon horrek bidaia bat egin zuen Palestinara, eta han ikasi zuen magia, kabala, kimika eta alkimia. Bazkideak egin eta bere sekretuen berri eman zien. Ehun eta hogei urte zituela hil zela ere gaineratu zuten. Elkargoak hura hil ondoren segitu zuen. Bazkideak goiko argiak irakatsirik omen zeuden, hala esaten zuten behintzat. Hizkera berezi bat zuten, arkano batzuk haiek beste inork aditzen ez zituenak; hein eta egoera guztietako gizonen ohituren eraberritzea zuten helburu, baita zientziaren eraberritzea ere dituen adar guztietan; harri filosofalaren eta tindura edo sendakintza unibertsalaren sekretuaren jabe ziren. Iragana jakin ahal zezaketen eta etorkizuna iragarri.

        Haien filosofia parazeltsismoaren eta teosofiaren halako nahaste bat zen, Haietaz esaten zituzten miragarritasunek jarraikile asko ekarri zizkieten, batzuk iruzurgileak, gizagaixoak besteak. Haien elkargoak, lur guztian barna hedaturik, ez zeukan erdigunerik. Descartes denetan ibili zen Arrosa-Gurutzeen bila, eta ez zuen aurkitu. Hala ere, haien estatutuak argitaratu ziren; baina Arrosa-Gurutzeen historia hain da geroztik ilundu, non gaur egun ia aintzakotzat hartzen baitira bestorduz ipuin soiltzat jotzen zirenak.

        Aurrekotik ateratzen da teosofoak irudimen sutsuko gizonak izan direla; teologia usteldu dutela, filosofia ilundu, eta gehiegikeriaz erabili beren jakintza kimikoak; halaber, zaila dela esaten mesede baino kalte gehiago egin ote zioten giza ezagumenduen aurrerakuntzari.

        Gelditzen dira oraindik ere teosoforen batzuk gure artean. Jende erdi eskolatuak dira, antzinako jakinduria guztia eta filosofia berri guztia Eskritura Santuei lotzen egoskorturik daudenak; Errebelazioa laidoztatzen dutenak beren eskubideak babesteko erakusten duten bekaizgo ergelagatik; ahal duten guztia mendratzen dutenak arrazoimenaren nagusitasuna, gogara debekatuko bailigukete hartaz baliatzea; beti prest egoten direnak ezein hipotesi berriri heresia epitetoa eransteko, gogotik mugatuko luketenak edozein jakintza erlijioaren ezagutzara eta edozein irakurketa Testamentu Zahar eta Berriaren liburuetara, non haietan ez dagoen guztia ikusten baitute eta dagoenetik ezer ez; filosofia eta filosofoak begitan hartuak dituztenak eta lortu egingo luketenak, halaber, aurkikuntzen eta bilaketen izpiritua gure artean iraungitzea eta gu atzera barbarokerian hondoraraztea, gobernuak babes eman baliezaie, haiek galde egiten bezala.

 

Teosofoak
Denis Diderot

euskaratzailea: Pedro Diez de Ultzurrun
Infomart, 1998