Teosofoak
Denis Diderot

euskaratzailea: Pedro Diez de Ultzurrun
Infomart, 1998

 

 

SAR-HITZA

 

        Teosofiak eta teosofoek, Jainkoaren eroak ere deituak izan direnek, irudi eta burutazioa franko sortzen digute: Jainkoarenganaino heldu nahia, oso ortodoxoak ez diren zenbait medio erabiltzea (alkimia, ikuskariak, esoterismoa eta abar). Filosofo-suerte bitxi hauek (filosofo izena okerreko samarra izan ahal badaiteke ere teosofo askorengan) Jainkoa ezagutu nahi dute, beraz, eta hartarakotzat, beren dotrinan, esperentzia mistikoak, telepatia, magia, sendakintza, nahastekatzen dituzte harengana ailegatzeko.

        Esan behar da, hortaz, teologia zientzia den bezala, teosofiak barneko bizitza lantzea eta izpiritua goratzea duela helburu ortodoxiaren bide meharretatik ihesi. Horregatik, iruditzen zait oso jende interesgarria izan daitekeela egun, hain zuzen ere aztiapena, okultismoa, esoterismoa, kabalistika eta antzeko hainbat alor puri-purian dabilzkigun honetan, haiek zabaldu eta urratutako bideak zer irakatsi asko izan baitezakete oraingo jende larrituentzat.

        Gizakia ez da pozik bizi daukanarekin, sendatzearen zientziak, medikuntzak, gorputzeko zauriak eta matxurak antola diezaizkioke, baina ez burukoak. Gaur eguneko gizakia, mendebaldeko gizartean bederen, etengabeko hersturan bizi da (stress esan behar omen da); egunoro aurre egin beharreko norgehiagoka, azkenik ez duena da; lehian egin beharra daukagu denekin, zerbait izatera iritsiko bagara. Ingurumari honetan jendeak barrurantz begiratu nahi izaten du gero eta gehiago, etorkizunaren berri jakin, mundu eta bizitzatik haratagokoak ezagutu; eskumenean ez daukanak izutzen du, zulo beltzaren aitzinean zabaltzen zaion ilunbeak asaldatzen, denen eta ororen beldur den seinale, naski.

        Gutxienezko segurtamenik ezean, sorgin, azti eta berritsuengana jotzen du,barruko ezinegonaren sendagarri, horien sakelak mozkin ederrez gizenduz. Ez haatik pentsa, honen haritik, garai bateko Parazeltso eta gainerakoen heinean ematen ditudanik, ezta hurrik eman ere. Bihia lastotik bereizi beharra den bezala, hala behar ditugu guk ere elkarrengandik banandu gizakioi Teosofiaren bidez aurrerapen handiak ekarri zizkiguten teosofoak eta sabelzuri hutsak, iaio bezain perilosak, izan zirenak.

        Bukatzeko, ene irudiko bederen, haien elementu oinarrizkoak zinez oinarrizko eta ezinbestezko begitantzen zaizkit, eta hala izanen bide da mundua mundu deino: sua, ura, lurra eta airea. Balia zaitez zu ere haietaz, irakurtzaile, teosofoek egin zuten bezala, naturarekin bat egin eta lehian aritu behar erogarri honetatik apur bat pausatzeko.

 

Pedro Diez de Ultzurrun Sagalá

 

Teosofoak
Denis Diderot

euskaratzailea: Pedro Diez de Ultzurrun
Infomart, 1998