Isolazionistak ala isolatuak?
Monique Wittig

euskaratzailea: Itxaro Borda
armiarma.eus, 2013

 

     Batzuek diote norbere arteko injustizia ez dela injustizia eta hobe dela hiri honetan joa izatea, besteetan ez joa baino. Badira erraten dutenak norbere artean ez dela krimarik gertatzen ahal eta norbere artean den ber eginiko kalteaz pozten dabiltzanak. Bakea gorrotatzen zuten haiekin bizi izan nintzen luzaz: zorigaitz enea hiri horretan egotera behartua nintzelako, ihauterian kabitzera. Zorigaitz enea gezurretan ari diren ezpainetarik, engainatzen duten mihietarik gerizatua ez zegoela nire izpiritua, oraindik ere atsedena aurkitzen ez duelako. Bakearen alde nago baina mintzo naizenean gerraren alde dira. Hainbat gaizto otsoekin batera hurrubiatzen ez dutenentzat, setiatuak dira, ehizatuak, min guztietaz zamatuak, tirania leporatzen zaie eta aipatzen ez ditudanak. Zorte gabedun horietarik bat ikusten dudan bezain laster ahalik urrutienetik oihutzen diot: artoski ezkutatu ezan pentsatzen dunana. Oroz gainetik ez hitz soil bat ahoskatu. Erraten diot: kontuz ibili, hik ditunala hiltzen erranez salbaiki erasoko haute. Negarrak ahotsean lepoa bihurdikatuko dinate. Eta mateletan lerratuko zaizkien malkoek goratik frogatuko dute haiek direla sufrituak eta hi haizela borreroa. Eta gorotzez beteriko zulo batean sartuko haute arrosa urezko bainua dela alegiatuz, itoko haute, hatsa bahituko dinate, trenkatuko. Azkenean lurraren sakonean sakatuko haute, desagertaraziko eta hori aski ez bailitzan estaliko hauen eta oskiez zapalakatuko duten lurraren gunean seinale bat landatuko diten: hemen ez dago nehor.

 

Isolazionistak ala isolatuak?
Monique Wittig

euskaratzailea: Itxaro Borda
armiarma.eus, 2013