BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

 

            10

 

Hotzikaraz elkartuak

batera. — Gure ostatua!

 

Gure irla, tenplu gurea;

goizez hor ote garea? —

 

Jendaila! Uneko bikote! —

Gaur goizean meza ote.

 

Bedatsez lotan, salda behetan

garraztasunen bazarra...

Higuingarria dago kafea, —

oloa eta ur zakarra!

 

(Oloaz ohi dute otzandu

zaldien harrotasuna!)

Arabia zein urrun dagoen,

Arkadiako lurrinduna

 

gure ostatua...

 

Baina nolako irribarreaz,

gintuen jesarrarazi,

ile urdineko amoranteen

jakintzaz burua jantziz,

 

irribarrerik atseginenaz:

Ez zimel! Zaitezte bizi!

Zorotasunez, sosaren faltaz,

maitasun eta aharrausi, —

 

oroz gainetik — gaztetasuna!

funtsik gabeko barrea,

arrazoi gabe — irritan dago

bisaia — zimur gabea, —

 

oroz gainetik — gaztetasuna!

Pasioa klimatik gora!

Beste inondik dator haizea,

beste inondik borborka,

 

aspergarria dago ostatua:

— Tunisia eta txilaba! —

giharrak eta itxaropena

hari bako erridauaz...

 

(Laztana; ez dut deitoratzen ahal:

orbain azpiko orbaina!)

O, nola lagun egiten zigun

harizkoa buru gaina

 

Herbeheretako usainaz...

 

            * * *

 

Oroitzerik ez, ulertzerik ez,

festatik kanpora gaude...

— Gure kalea! — Ez da gurea... —

— Zenbat aldiz? — Hura gabe... —

 

— Biharko ekia mendebaldetik!

— Yahveh-ren kontrako David!

— Zein dugu lana? — Banandu ginen.

— Soilik zait esaten ari

 

zentzugabeko hitz absurdoa:

Apur — keta. — Ehun aldiz?

Lau silabako hitzaz bakarrik,

eta atzeko hutsaldiz.

 

Egon! Serbokroaziera ez al da?

Txekiera gutaz trufari?

Apur — keta. Apurrak banatuz...

Naturaz gaindi jostari!

 

Hotsez belarriak hautsi dira,

mugako ezinegona...

Apurka apurtzen — ez errusieraz!

Ez andreak! Ez gizonak!

 

Jainkotarrik ez! Ardiak gara

bazka ostean aharrausika?

Apurka apurtzen — bada halakorik?

Ez bila horren logika,

 

are soinuan! Hots barne-hutsa —

amets ebakitzen zerra.

Apurtzen — Khlebnikoven poesia

eskolan, lantuz eperra.

 

Zisnea lantuz...

                     Zer gertatu zen?

Urez gorputza guztiz idorra —

Airez! Soinua eskurik esku.

Apurtzen — trumoia horra

 

kaskazurrean... Uholdea ontzian!

Amaia Ozeanian!

Kale hauek — malkartsuegiak:

apurtzen — goian mendia

 

dugu... Bi zola pisuez ito...

Ahurrean iltzatuta!

Begibistan da argudioa:

apurtuta — banatuta,

 

gu biok — elkarlotuta...

 

 

BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016