BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

 

            1

 

Zerua eztainu herdoilez,

hatza harantz doa artez.

Betiko han da bere tokian,

patua bera han denez.

 

— Laurden gutxi da. Puntuan?

— Herio da atezuan. —

Guztia arin, arin badoa

goitutako kapeluan.

 

Betileek desafio,

ahoa estutuz dio.

Diosal horri buruaz behera

beheratzea dario.

 

— Laurden gutxi da. Seguru? —

Ahotsak hitza gezur du.

Bihotza estu: zer gertatzen da?

Argi!, burmuinen aburuz.

 

            * * *

 

Zantzu gaiztoak zeruan:

herdoila da eztainuan.

Betiko legez beti hantxe da.

Seietan beti: puntuan.

 

Hotsik gabea musua:

ezpaina dauka mutua.

Zaurtua — nola erreginari,

nola zenduei — zaurtua...

 

Hau presa bilauarena,

ukalondoaz eztena.

Neurriaz kanpo, ziztaka emaile,

uluka dago sirena.

 

Auhen — zakurren moduan,

uluka beti amorruan.

(Bizitza beti neurriaz beste

heriotzaren orduan).

 

Atzo — gorputz erdiraino,

gaur — izar buruetaraino.

(Oroz gaindiko ase beharrez

ezin asez oroz baino).

 

Barnez maitea dut txera,

zazpiak dira ostera.

Filma ikustera joango ote gara...

Leherketa: — Goazen etxera!

 

BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016