Abner judua eta gizon-tximinoa TXIMINOA GIZON MODUAN Ene Jauna! Ni alemaniarra naiz jaiotzez, eta ipuin persiar bat edo sultan eta bezirren istorio barregarri bat kontatu ahal izateko, ez dut oraindik berorren lurretan denbora nahikoa igaro. Horregatik, nere sorterriko istorio bat kontatzea baimendu beharko dit, ziur bainago atsegina ekarriko diola. Zoritxarrez, ez dira gure kontakizunak zuenak bezain dotoreak, hau da, ez dago haietan sultanik edo erregerik, ez bezirrik ezta pasharik ere, horiek gure artean justizia eta finantza ministro edo herri-kontseilari deitzen dira baizik eta, soldaduen istorioak ez badira, herri xeheko gizakien artean gertatzen diren jazoerak dira normalean. Alemaniako hegoaldean badago herri txiki bat, Grünwiesel izena duena, zeinetan hezi eta hazi bainintzen. Besteak bezalako herri txiki bat da; herriaren erdian merkatuko plaza dago erdian, iturri bat plazaren alde batean, udaletxe txikitxo bat eta parean bake-epailearen etxea. Plazaren inguruan merkatari adeitsuenen etxeak daude eta gainerako herritarrak ondoko kale estuetan bizi dira. Denek ezagutzen dute elkar, denek dakizkite beste herritarren nondik norakoak, eta herriko erretoreak, alkateak edo herriko medikuak inoiz mahaian plater bat gehiago izan behar badu, bazkaltzean herri guztiak jakingo du horren berri. Arratsaldean, emakumeak elkartu egingo dira batak besteari bisitaldia egitera, esaten den bezala. Kafe fuerte eta pastel gozoaren inguruan berri garrantzitsu hori izango dute hizketagai. Azkenean; erretoreak seguraski loterian jokatu eta ezmoralki diru asko irabazi izango zuen, edo alkatea erostera etorriko zen baten bat, edo medikuak errezeta garestiak egiteagatik botikariaregandik urrezko txanpon batzuk jasoko zituela erabakitzen zuten. Imajina dezake Jaunak, Grünwiesel bezalako herri txiki batentzat zein latz izan daitekeen euren artera gizon bat etortzea, zeinetaz inork ezer ez baitaki; jendeak ez zekien ez nondik zetorren, ez zer nahi zuen han, ezta bizimodua nondik ateratzen zuen ere. Alkateak ikusia zuen haren pasaportea, gure lurraldeetan denek eraman behar duten papertxoa da hori... «Zuen sultanaren idazki bat izan behar duzue denok lapurrak arrestoan sarturik izateko!» moztu zion Xekearen esklabu nagusiak, «horren arriskutsuak al dira kaleak zuenean?» «Ez, Jauna,» jarraitu zuen kontalariak «Paper hauek ez dira lapurrentzat bakarrik, ordenuagatik egiten da. Leku guztietan, une oro, batek aurrean zein duen jakiteko» Hortaz, alkateak pasaportea begiratu zion eta agerian, pasaportea zuzena zen; Berlindik Grünwieseleraino, bazituen bisa beharrezkoak. Baina normaltasun horren atzean zerbait arraroa bazegoela esan zuen alkateak, susmagarri itxura hartu baitzion etorriberriari. Alkatea herriko pertsonarik adeitsuena zen; horregatik, ez da harritzekoa ordutik aurrera atzerritarra morroi susmagarria izatea denentzat. Gizonaren ohitura garbiek ere ez zuten uste horretatik apartatzen jendea. Arrotzak, urrezko txanpon batzuen truke, etxe bat hartu zuen alokairuan. Gailu arraro pilo bat sartu zituen han: labe bat, sutegi txikiak, eltze eta lapiko handiak, eta abar. Bakar-bakarrik bizi zen han, janariak ere berak prestatzen zituen eta ogia, barazkiak eta haragia ekartzen zizkion grünwieseldar zahar bat izan ezik ez zen inor hurreratzen etxe hartara. Eta hura ere sarreraraino bakarrik gertura zitekeen, han jasotzen baitzituen atzerritarrak erositakoak. Nik hamar urte nituen orduan eta oraindik gogoan dut atzo gertatu izan balitz bezala. A zer nolako zalaparta ekarri zuen gizon hark gure herrixkara! Arratsaldeetan ez zen joaten beste gizonak bezala bolatokira, ezta tabernara hurbiltzen ere arratsetan, tabako pipa erretzera eta eguneko berriez hitz egitera. Alferrik gonbidatzen zuten bazkaltzera edo kafea hartzera, batak bestearen atzetik alkateak, bake epaileak, medikuak edo erretoreak. Ezin etortzeagatik desenkusatzen zen beti. Horregatik, batzuek eroa zela zioten, beste batzuek judua, eta talde batek argudio astunez defendatzen zuen azti bat zela. Hemezortzi eta hogei urte bete nituen eta gizon hari , artean ere, gizon arrotza esaten zioten herrian. Egun batez, ordea, komediante talde ibiltari bat ailegatu zen herrira. Beste lurraldeetako animaliekin herriz herri beren antzezpenak egiten ibiltzen diren tropa horietako bat zen; gamelu bat zuten, dantza egiten zuen hartz bat eta zenbait zakur eta tximu, zeinek jantzi koloretsuez hornituta dantza eta komedia ugari egiten baitzuten. Jende haiek herriko kaleetan zehar doaz, plaza eta kale kantoietan gelditu eta danborra eta txirula batez soinu zakar kirrinkari bat egiten dute, orduan animalien tropak bere antzezpenak egiten ditu, nagusiek etxez etxe dirua jasotzen duten bitartean. Grünwieselgo talde honen berezitasuna Orang-utang tximino izugarri bat zen, ia ia gizon baten adinakoa; bi hanken gainean ere ibil zitekeena; gainera, era askotako abilidade harrigarriak zituen. Zakur eta tximinoen talde hori arrotzaren etxera ere heldu zen bere antzerkia egitera. Arrotza leihotik begira agertu zen danborra eta txirula entzutean; hasieran ezkutuka, lotsati samar, kortinen artetik, baina berehala kanpora ere ausartu zen, denen harridurarako, eta keinu zabalez egin zuen barre Orang utang haren graziak ikusita. Gero dibertimenduagatik zilarrezko txanpon handi bat eman zuen. Herri guztiak pasadizo hori zuen elkarrizketagai. Hurrengo goizean animalien taldeak bere bidea jarraitu zuen hurrengo herrira. Gameluak otarre handi batzuk zeramatzan, haietan zakur eta tximuak zeutzan eroso. Pertsonak eta tximino handia, aldiz, atzetik zihoazen oinez. Alde egin zutenetik ordu gutxira, jaun arrotzak, postariaren harridurarako, gurdia eskatu zion eta animaliek hartutako herriko irteera beretik abiatu zen laster. Herriko guztiak larri zeuden, ez baitzekiten nora joana zen. Arrotza itzuli zenean ilun zen jada. Beste pertsona bat zetorren berarekin; kapelua begietaraino zuen buruan sarturik eta aho-belarriak zapi batez estalirik zituen. Mugazainak pasaportea eskatzea zuela eginbehar erabaki zuen, baina jaun arrotz berriak zakarki erantzun zuen marmarka, hitz motz ulertezin batzuekin. «Nire iloba da» esan zuen gizon arrotzak eta zilarrezko txanpon batzuk pasatu zizkion eskua eman zionean. «Nire iloba da eta oraingoz alemanieraz gutxi ulertzen du. Barkaizkiozu bere hizkeran esan dituen biraoak. Izan ere, hemen zergatik geldiarazten gaituzten ez du ulertzen.» «Beno, zure iloba baldin bada;» erantzun zuen mugazainak «orduan, pasaporterik gabe bada ere, sar daiteke; dudarik gabe, zure etxean biziko baita, ez da?» «Bai noski,» esan zuen arrotzak «seguraski luzaroan geldituko da gainera nirean.» Mugazainak ez zuen galdera gehiagorik eta jaun arrotza eta bere iloba herrian sartu ziren. Alkatea eta herritarrak ez ziren hala ere oso konforme mugazainaren jokabidearekin. Arrotzak hitz egiten zuen hizkuntzaren berri behintzat jaso zezakeen. Horrela erraz jakingo zuten nongotarrak ziren arrotza eta bere iloba. Mugazainak ziurtatu zuen ez frantsesa, ezta italiera ere ez zirela; berak ingelesaren antza hartu zien ilobaren hitzei eta bere ustez, oker ez bazebilen, arrotz gazteak «god dam!» hitzak esan zituen. Modu honetan, mugazainak estualditik atera ahal izan zuen eta, aldi berean, gizon gazte etorriberriari izena eman zion. Ordutik aurrera, Grünwieselen ingeles gazteaz besterik ez baitzen hitz egiten. Ingeles gaztea, bere osabaren antzera, ez zen herrian agertzen, ez zen joaten ez tabernara ezta bolatokira ere. Beste arrazoi bategatik zen, ordea, iloba gaztea hizketagai: ordurarte hain lasaia izan zen arrotzaren etxean, artean garrasi eta zarata izugarriak entzuten ziren; jendea pasatzean gelditu egiten zen eta jende multzo handiak osatzen ziren etxearen aurrean. Barrenean zer gertatzen ote zen ikusten saiatzen ziren. Ingeles gaztea orduan leihoetan zehar zen ikusgarri: Frak gorri batez jantzia, galtza berdeak eta ile luze harrotuekin zihoan lasterka gelaz gela, izugarri azkar. Arrotz nagusia, lotarako ator gorri batekin, atzetik zihoakion zartailu batez astinduz, askotan erratzen zuen, baina zenbaitetan kolpea bere helburura heltzen zela ere entzuten zen;orduan, etxearen parean biltzen ziren ikusnahi, kuxkuxero taldekoek min eta beldur oihuak aditzen zituzten. Jokabide mesprezagarria zen, gizon gaztea tratatzeko modu erdeinagarri harri buruz bazuten herriko emazteek esatekorik eta beren bileretan luze deliberatu ondoren, alkatearekin hitz egin zuten eta zerbait egin zezala eskatu zioten. Hark eskutitz bat idatzi zion arrotzari eta hitz nahiko zakarrez jakinarazi zion ilobari emandako tratamendua ez zuela inolaz ere onesten, eta mehatxu egin zion esanaz, jokaera zuzentzen ez bazuen, gaztea bere babespean hartuko zuela. Denetan harrituena, ordea, alkatea bera izan zen, arrotza bera udaletxeko bulegora etortzen ikusi zuenean. Lehen, aldiz, hamar urtetan! Arrotz zaharrak barkamena eskatu zuen bere jokabideagatik, baina gaztearen gurasoek tratamendu berezi hori agindu omen zioten, heziketa zorrotz baten beharrean zegoelako bere ikaslea. Gaztea azkarra eta abila bazen ere, hizkuntza arras zail gertatzen zitzaion. Ilobari hizkuntza alemana zuzen eta aho ederrez erakusteko oso gogotsu ari omen zen, gero hark aukera izan zezan Grünwieselen gizarteratzeko. Hizkuntzaren bereganatzea gogorra egiten zitzaion gazteari eta gogortasun hori biguntzeko, zigorrarekin ekitea beste aukerarik ez omen zitzaion geratzen. Alkatea azalpen honekin pozik geratu zen, baina aurrerantzean irakaskuntza metodoak leuntzen ahalegintzea aholkatu zion. Arratsean, tabernan hitz ederrez esplikatu zuen alkateak arrotza bezain gizon artetsu eta ikasirik gutxitan ikusi zuela. «Pena da, ordea,» gaineratu zuen «Hain gutxitan egotea gure artean. Hala ere haren ilobak alemaniar hizkuntza menderatzen duenean geure lagunartea gehiagotan bisitatuko dituela uste dut.» Gertakari honen bitartez, herritarren artean arrotzari buruzko iritzia zeharo aldatu zen. Gizon jatorra zela uste zen orduan orohar, denak hura ezagutzeko irrikitan zeuden, eta zuzen iruditzen zitzaien, batzuetan, etxe apartatu hartan, zenbait min-garrasi entzuten bazen. «Ilobari alemaniar hizkuntzaren zirrikituak erakusten dizkio» zioten berekiko eta iada ez ziren etxe aurrean gelditzen. Hiru hilabeteren buruan, gutxi gora behera, alemaniera eskolek amaiturik ziruditen, zaharrak pauso bat areago egin baitzuen gaztearen heziketan. Bazen herrian frantziar fin, mengel bat, gazteei dantza eskolak ematen ziena. Arrotzak maisua bere etxera ekarrarazi eta esan zion ilobak dantzan ikastea nahi lukeela. Ikasle ona omen zen orokorrean baina dantzan bereziki, nahiko burugogorra eta diziplina falta nabaria omen zuen. Lehen beste irakasle batekin ikasi omen zuen, eta jirabira eta zilipurdi arraro batzuk egiten omen zituen, bertako jendarterako oso egokiak ez zirenak. Ilobak bere burua dantzari handitzat jotzen zuen, ordea, eta itzulipurdi hauetaz harro zegoen, nahiz horiek dantza-arte ederrekin inongo antzik ez izan, Baltsa ala galloppa, eskozesa ala frantsesa (Nire herrialdean ohiko diren dantzak, jaun agurgarri hori!). Zilarrezko txanpon bat eskaini zion eskola bakoitzaren truke eta dantza-maisuak pozik hartu zuen ikaslearen burugogorkeria zuzentzeko lana. Ez zegoen munduan dantza eskola hauek baino gauza bitxiagorik. Iloba gizon gazte mehar ederra zen, soilik hankak zituen agian motzegiak. Frak gorri batez agertzen zen, ilea ondo orrazturik, galtza berde zabalak eta eskularru apain batzuekin. Hitz gutxikoa zen eta hitz egiten zuenean azentu arrotza oso nabarmena zen. Hasieran, nahiko jatorra zirudien, baina eskola aurrera joan ahala, jauzi arraroak egiten hasten zen, itzulipurdi harrigarriak egiten zituen airean eta astakerietan, dantza-pauso bitxietan olgatzen zen. Maisua, ikaraturik, zer egin ez zekiela geratzen zen. Bere onera ekartzen saiatzen bazen, gazteak dantzatzeko zapata dotoreak kentzen zituen eta frantziarrarari burura botatzen zizkion, gero gelan zehar bueltaka hasten zen lau hanketan. Zarata entzuten zuenean; zaharra, lotarako ator gorri zabal batekin, ondoko gelatik etortzen zen eta zartakiaz bortizki astintzen zuen bizkarrean. Ilobak, orduan, garrasi izugarriak jaurtiz, mahai eta armairuen gainera salto egiten zuen eta hitz arrotzez egiten zuen birao. Jantzi gorridun zaharra ez zen, ordea, kikiltzen eta hankatik helduz gogoz astintzen zuen. Lasaitzen zenean, larruzko lepokoa zulo bat estutzen zion eta iloba, berriz, mantso eta jator portatzen zen dantza eskola jarrai zezaten, eten gehiagorik gabe. Geroago, eskoletan, musikarekin ere dantzan hasteko gai zela erabaki zuten, gaztea aldaturik antzean baitzegoen, fin eta artetsu. Herriko musikari bat ekarri zuten eta egongelako bazter batean, mahaiaren gainean eseri behar zuen jotzeko. Maisuak damaren errola hartzen zuen; zaharrak zetazko gonaz eta txal indiar batez janzten zuen, ilobak dantza eskatu eta baltsean hasten ziren. Gaztea dantzari arin eta nekaezina zen, eta maisua bere beso indartsuen artean hartu eta ez zuen askatzen. Nahiz minez kexati ibili, dantzan jarraitu behar zuen, harik eta, nekearen nekeaz, lurrera erori arte, edo biolin-joleari besoak nekatzen zitzaizkion arte. Maisu frantziarra ia ia ilobira eraman zuten dantza eskola hauek, baina nagusiak puntualki ordaintzen zuen txanpona eta ardo ona ematen zion nekatzen zenean. Hortaz, berriz joaten zen hurrengo egunean, nahiz aurrekoan erabakia izan azkeneko aldia egina zuela eroetxe hartan. Grünwielseldarrek ez zuten kontua frantziarrak bezala ikusten. Entzundakoarengatik uste zuten arrotz gazteak gaitasun oso bereziak zituela gizarte multzorako eta herriko neska ezkongabeak pozik ziren; aurki, hurrengo neguan, oso dantzari arina izango baitzuten beraien artean. Herriko mutil gazteen artean oso dantzari on gutxi baitzegoen. Goiz batez, merkatari ahaltsuen neskameak gertakari zoragarri baten berriekin zetozen merkatutik bueltan. Herriko etxe bitxi famatuan kristalezko karroza bat ikusi zuten, zaldi ederrez tiratua. Uniforme ederraz jantzitako zerbitzari batek karrozako atea irekirik mantentzen zuelarik, etxe bitxi hartako ateak zabaldu ziren eta jantzi ederreko bi gizon dotore irten ziren; bata arrotz zaharra zen, bestea alemanierako ikasle txar bezain dantzari gazte abila zen seguraski. Biak karrozara igo bezain laster, zerbitzaria karrozaren atzealdeko apalean eseri eta karroza zuzen-zuzen alkatearen etxera abiatu omen zen. Etxekoandreak, neskameen ahoetatik berria entzun bezain laster, mantala eta etxeko arropak kendu eta apaintzen hasi ziren. «Heldu da bai garaia !» esaten zieten familiakoei hautsez beteta zuten bisitarien gela arinki ordenatu eta garbitzen zutelarik. «Ziur nago arrotzak orain bere ¡loba gizartera aurkeztu nahi duela. Gizon txoroa hamar urte luzeetan ez da nahikoa dezente izan, gure etxera hurbiltzeko. Baina ilobagatik den-dena barkatuko diogu, gazte xarmanta izango baita bera seguraski!» Seme eta alabei apain jaztea agintzen zieten; arrotzak agertzen zirenean, burua gora eta tente, adeitsu izatea eta hizkuntza egokia erabiltzea. Herriko emakume bizkorrek, ez zuten, ez, aholku txarrik ematen, arrotz zaharra eta bere iloba etxez etxe joan baitziren. Arrotz zaharrak iloba gaztea Grünwieselgo gizarteari aurkeztu zion, hark herrikoen ohiturak ikas zitzan. Den-denak pozik zeuden haien bisita zela eta, pena apur bat zuten soilik, pertsona atsegin haiek lehenago ezagutu ez zituztelako. Arrotz zaharra gizon adeitsu zentzuduna bezala ageri zen. Hitz egiten zuenean, ordea, irribarre arin bat zuen ezpainetan eta ezin zen jakin serioski mintzatzen zen ala ez. Baina eguraldiaz edo herriaren inguruko arazoez mintzatzen zen oso zentzudun, eta udaran, ardandegian, zein ondo egoten zen hain egoki azaltzen zuen, ezen denak sorgindurik bezala baitzituen. Ilobak ere denak txoro-txoro eginda zituen, denen bihotzak irabazi zituen aldi berean. Bere itxuraz, ordea, aurpegiz ederra zenik ezin esan; okotseko aldea apur bat kanpokaldera zuen eta azalaren kolorea ilunegia; gainera, keinu bitxiak egiten zituen noizbehinka; begiak ixten zituen batbatean eta hortzak zurrupatzen zituen mingainaz. Baina denei oso interesgarri iruditu zitzaien haren hazpegiaren nolakotasuna. Haren gorpuzkera osoa eta mugimenduak baino gauza harrigarri eta prestuagorik ez zegoen. Arropak beharbada zabalegi zituen soinean, baina haren dotorezia nabaria zen. Biziki eta arin sartzen zen etxeko geletan, den-dena ikusmiratzen zuen; sofaren gainean etzan, gero besaulkian eseri eta hankak luzatzen zituen. Beste gazte batengan guztiz hezigabe eta zabar izango zena, ilobarengan jeinutasun antza zuen. «Ingelesa da,» esaten zuten «horrelakoak dira horiek; ingelesek sofan etzan eta lo hartu dezakete hamar andere zutik egon behar badute ere. Haiei ezin zaie ezer gaizki hartu.» Zaharra, ordea, aita bezalakoa zen harentzat; berarekin adeitsua eta jatorra zen beti. Adibidez, gelan zehar saltoka edo besaulkien gainean zutik jartzen hasten bazen, atsegin zuen moduan, zaharrak begirada zakar bat botatzen zion eta berehala zetorren bere onera. «Nire iloba oraindik pixka bat zakarra da eta hezigabea, baina jendarte egokienean dago, eta zuen artean ondo ikastea espero dut. Aurki, egoera berezi eta finenetan ere egoki portatzeko gai izango dela ziur nago.» Horrela suertatu zen ilobaren barneratzea Grünwieselgo munduan. Ez zegoen egun haietan beste mintzagairik herrian. Baina horiek ez ziren arrotz zaharraren azken jokaldiak izan; bere bizitzeko eta pentsatzeko era guztiz aldatu zituela baitzirudien: Arratsaldeetan, ilobarekin irteten zen mendira Felsenkeller, harkaitzetako tabernara, non Grünwieselgo gizon adeitsuenak garagardoa edan eta bola-jokoan ibiltzen baitziren gustura. Jokoa maisuki menderatzen zuela erakutsi zuen ilobak, bost edo sei birla baino gutxiago ez baitzuen inoiz botatzen; aingeru begiralea beti berarekin izango balu bezala zirudien. Oso jokalari orijinala zen gainera; adibidez bururatu zekiokeen, bola hartu eta korrika, birlen azpira bere burua botatzea, zurrunbilo handia eginez; eta koroea ala erregea botatzen zuenean, buruaren gainean jartzen zen eta hankak airean zabaltzen zituen. Orga bat pasatzen bazen handik, lasterka joaten zen atzetik; kotxearen gainera jauzi eta inor konturatu baino lehen, keinu eta oihu izugarriak egiten zizkien begiraleei; pixka bat aurrerago, salto batean jaisten zen eta korrika zetorren bueltan. Eszena horien ondoren, zaharrak alkateari eta beste gizonei barkamena eskatzen zien, ilobak jendartean ondo portatzen ez zekielako. Baina haiek barrezka erantzuten zioten gaztea zela, eta ulertzekoa zela; haiek gazte izan zirenean hura bezain buru arinak izan omen ziren; gazte txoroa guztiz onartzen eta atsegin zuten. Zenbaitetan, ordea, haserretu ere egin behar zuten haren txorakeriak zirela eta, baina ezer esateko adorerik ez zuten, ingelesa entendimendu eta formazio handiko eredu zela ezaguna baitzen. Arrotz zaharra arratsetan ilobarekin Urrezko Oreinera, herriko tabernara, joan ohi zen. Iloba artean gizon gaztetxoa bazen ere, nagusia zirudien bere edariaren aurrean esertzen zenean; betaurreko izugarri batzuk jartzen zituen, pipatzarra atera eta erretzen hasten zenean kea barra-barra botatzen zuen. Eguneko berriez, gerraz ala bakeaz hitz egiten zutenean, medikuak bere iritzia ematen zuen, gero alkateak berea; eta denak oso miresturik zeudenean, esandakoaren jakituri politiko sakonagatik, ilobari aurkako ikuspegia izatea bururatu ziezaiokeen. Eta eskularrudun eskuaz mahaia kolpatuz, argi asko azaltzen zien medikuari eta alkateari, gaiaz ezer ez zekitela; berak oso bestelakoak entzun omen zituen, ikuspegi zabalago eta sakonagoa baitzuen berak. Alemaniera zabar batez, bere iritzia azaltzen zuen, zeina, alkatearen haserrerako, denek zuhurrena eta zehatzena zela sinisten baitzuten; ingeles adituak gai horietaz arrazoia izan behar zuen eta. Medikuak eta alkateak orduan xake partida bat hasten bazuten haserrea ahazteko, iloba harro inguratzen zitzaien eta alkatearen bizkarraren gainetik begiratzen zuen; medikuaren jokaldi hori ala bestea txar-txarrak zirela zioen eta aurrerantzean nola jokatu behar zuen esaten zion. Bi gizon nagusiak are haserreago ziren, orduan alkateari beste partida bat jokatzeko erronka jotzen zion, jokaldi gutxitan matea egingo ziola eta; Phillidorren ondorengoa ere omen zen gure ilobatxoa. Une hartan, zaharrak larruzko lepokoa estutzen zion eta iloba, kontzentraturik, mantsotu egiten zen eta matea egiten zion alkateari. Ordurarte, tabernan gurutze erdia jokatzen zen kartetan; ilobak, ordea, hori gutxiegi zela zioen eta koroeak ala dukatuak jartzen zituen mahai gainean; bera bezain jokalari finik ez omen zegoen munduan. Iraindutako gizonezkoak lasaitu egin ahal ziren, ordea, gazteak dirutza handiak galtzen baitzituen jokoan. Gainera, ez zitzaien batere axola harengandik hainbeste diru jasotzea «Ingelesa da, beraz, etxe aberatsekoa nahitaez!» zioten, eta dukatuak poltsikoratzen zituzten. Horrela, denen errespetua bereganatu zuen iloba gazteak denbora gutxian. Grünwieselen, horrelako gizon gazte abila ikusi izana ez zuen inork gogoan, han inoiz egondako tiporik bitxiena zen hura. Aitzitik, ezin zen esan ilobak dantzan baino beste ezer ondo egiten zekienik: ez zuen inongo lanbiderik ikasi, latina eta grekera txinera bezalakoak ziren harentzat, esan ohi den bezala. Behin, alkatearen etxean, talde-joku batean argi geratu zen, alemanieraz, bere izena ere ezin zuela idatzi, eta geografian akats nabarmenak egiten zituen: berdin zitzaion Alemaniako hiri bat Frantzian kokatzea edo Danimarkako bat Polonian. Ez zuen ezer irakurria, ezta zientziarik estudiatu ere; apaizakk buruari eragiten zion mesprezioz, gaztearen ezjakintasuna ikustean. Hala ere, esaten zuen edo egiten zuen guztiak egokia zirudien; izan ere, lotsagabe galanta zen eta hizketaldi bakoitzaren bukaeran beti esaten zuen: «Badakit nik zertaz ari naizen eta arrazoi osoaren jabe naiz!». Negua iritsi zen eta ilobak, orduan, are eta arrakasta handiagoa izango zuen. Berak parte hartzen ez zuen bilera oro oso aspergarria gertatzen zen; gizon jakintsu batek ezer bazioen, denak aharrausika hasten ziren; baina iloba gauzarik zoroena alemaniar zabarrez esaten hasten bazen, denek entzuten zioten adi. Azkeneko berria zen gazte arrakastatsua poeta ere bazela; ia bilera guztietan heltzen zen unea, non ilobak paper bat ateratzen baitzuen poltsikotik eta soneto ederrenak errezitatzen baitzituen. Entzuleetako batzuek poesiak txarrak baino txarragoak zirela zioten, beste batzuek nonbait idatzita ikusi omen zituzten soneto horiek, baina iloba ez zen horregatik kikiltzen eta irakurtzen jarraitzen zuen; bertsoen edertasuna azpimarratu nahian, keinu nabarmenez eta laudorioko hitzez betetzen zitzaion ahoa aurkezpenetan. Ondoren, jendeak amorru biziz txalotzen zuen. Baina ilobaren espezialitatea dantzaldiak ziren: inor baino arinago eta jarraiago dantzatu zitekeen eta bere jauzi arin, abil eta lerdenak ezin zituen inork imitatu. Osabak azken boladako jantzirik luxukoenak erosten zizkion eta nahiz jantziak gorputzean ez oso egoki izan, denek uste zuten gizon gazte bizkorra eta dotorea zela. Beste gizon gazteak apur bat iraindurik zeuden ilobak dantzaldietan ibiltzen zituen moduak zirela eta: ordurarte, alkateak pertsonalki irekitzen zuen dantzaldia eta herriko gazte adeitsuenek lehenik dantza eskatzeko eskubidea zuten. Gazte arrotza etorri zenean ordenu hau uztera behartu zituen denak; inori galdetu gabe, neskarik ederrena hartzen zuen eskutik, dantzalekuaren erdira irteten zen eta gogora etortzen zitzaion moduan egiten zuen dantzan, dantzaldien maisu eta nagusi zen beti. Nesken ustez, modu hauek oso egoki eta atseginak zirenez, mutilek ezin zuten aurka ezer egin eta ilobak lotsagabeki hartutako ohoreari eusten zion.. Gizon zaharra dantzaldi hauetan denetatik gehien dibertitzen zela zirudien. Ez zuen ilobarengandik begirada apartatzen, berekiko irribarrez agertzen zen beti. Jendea beregana hurbiltzen zenean, eta zein jator, lerden eta abila zen iloba adierazten ziotenean, ezin zuen atsegina ezkutatu; barrez lehertzen zen zaratatsu, eta ero bat balitz bezala, gehiegiko keinuak egiten zituen. Grünwieseldarrek eraso hauek ilobarenganako maitasunarengatik zirela pentsatzen zuten, eta horregatik, normala zela esaten zioten batak besteari. Zenbaitetan, aitzitik, aita baten agintea ere erabili behar zuen ilobarekin; dantza geldi lasai delikatuenaren erdian gerta baitzitekeen iloba musikarien tribunara igotzea, kontrabaxua hartu, hango musikaria aulkitik botaz eta instrumentua harramazkatzen hastea zarata izugarria eginaz, edo beste dantza baten erdian estiloa aldatu eta eskuen gainean dantzan hastea, hankak airean ipiniz. Orduan, osabak bere iloba bazter batera eramaten zuen, erritan egiten zion zakarki eta lepokoa estutzen zion. Ondorenean, mantso eta lasai izaten zen. Horrelakoxea izan zen iloba arrotz haren kasua Grünwieselgo gizartean. Askotan gertatzen den bezala, ohitura txarrak onak baino askoz ere azkarrago zabaltzen dira eta moda barregarri eta txoroena bada ere, erakargarria gertatzen da gazteentzat, zeintzuk zer diren eta zertarako biziko diren munduan ez baitute artean oso argi. Horrelaxe gertatu zen ilobarekin eta haren ohitura berri zabarrekin. Gazteek horrelako tipo bat ikusi zutenean: bere gorpuzkera zatarrarekin, keinu eta iritzi zakarrekin, nagusiei erantzun txarrak ematean, errita ordez, laudorioa jasotzen zuena. Gainera, jokabide hori zela eta begirunez tratatzen zuten! Orduan, berekiko, honela pentsatu zuten: «Zertarako saiatuko naiz ikasten, ezer jakin gabe, bururatzen zaizuna esanda, hobea izango banaiz?» Liburuak utzi eta kalera irteten ziren denborapasa egotera. Ordurarte, zintzo eta diziplinatsu izan ziren: galdetzen zieten arte itxaroten zuten ezer esateko, ondoren, jator eta umilki erantzuten zuten. Artean, gizon nagusiengana hurbiltzen ziren, haien elkarrizketetan sartu eta beren iritzia ozen eta lotsagabeki azaltzen zieten denei. Alkateak esandakoaz barre egiten zuten, baita haren aurrean ere. Eurek arrazoia zutela eta nagusiak baino azkarragoak zirela uste zuten. Lehen, grünwieseldar gazteek portaera zakar eta txarrak arbuiatzen bazituzten. Anartean, kanta eta hitz gaiztoak ibiltzen zituzten ahotan, pipa izugarri handietatik erretzen zuten etengabe, eta taberna galgarrietan ibiltzen ziren. Ondo ikusi arren, betaurreko handiak erosten zituzten, eta haiekin sudur gainean, nagusi eta jakintsu zirela uste zuten, iloba famatuaren antza hartzen baitzioten beren buruei. Nahiz etxean, nahiz bisitan zeudelarik, zapata zikinekin sofaren gainean etzaten ziren, aulkietan atzeko bi hanken gainean jarri eta balantzaka ibiltzen ziren, bisitarien aurrean ukalondoak mahai gainean jarri eta aurpegia eskumuturren artean jartzen zuten. Oso «txisposo» itxura hartzen zioten antza. Alferrik esaten zieten beren guraso eta lagunek itsusia zela eta ergela jarrera hura; orduan, ilobaren eredua aipatzen zuten gazteek. Ez zuen zertarako balio esatea ilobatxoari, ingeles gazte bati, bere naziokoen zatartasuna barkatu behar zitzaiola. Gazteek ingelesek bezala «txisposo» jazteko eta jokatzeko eskubidea aldarrikatzen zuten. Penagarria zen ikustea nola hain denbora gutxian, ilobaren exenplu txarra zela eta, ohitura onak eta tradizioak galtzear ziren Grünwieselen. Baina gazteen bizitza zatar eta independentearen pozak ez zuen luze iraun, zeren hurrengo egunetan izango zen gertakariak egoera guztiz aldatuko baitzuen. Neguko dantzaldien garaiak kontzertu handi batekin bukatu behar zuen. Herriko bandako musikariek, herriko beste zenbait musikari iaiorekin batera, kontzertua eman behar zuten. Alkateak biolontxeloa jo behar zuen, medikuak fagota, maisutasunez, eta botikariak, abilidade handirik ez bazuen ere, txirula hartu zuen. Grünwieselgo zenbait neskatxa gaztek, aldiz, aria batzuk ikasi zituzten. Den-dena prest zegoen kontzertu handirako. Arrotz zaharrak, ordea, dueto bat zegoela faltan esan zuen. Kontzertu egokia izango bazen dueto bat behar beharrezkoa omen zen. Jakina, kontzertu preziatu batean dueto bat ezin zen falta! Hori ez jakiteagatik, lotsa ezin ezkutatuz, antolatzaileek alkatearen alaba erresinula bezala kantatzeko gai zela aipatu zuten. Baina berarekin kantatzeko, zein mutil gaztek egingo ote zion itzal? Organista zaharra proposatu zuten, ahots baju egoki batez lagunduko omen ziona, baina arrotzak ez zela beharrezkoa izango esan zuen, ¡loba gaztea kantari handia baitzen. Harritu egin ziren denak; gazte arrotza hori ere ondo egiteko gai ote zen? Froga bat egin zioten eta zenbait forma eta bariazio bitxiez aparte, zeinei ingelesen eraren antza hartu baitzieten, aingeru bat bezala abesteko gai zen gaztea. Duetoa laster ikasi zuen. Eta azkenean, kontzertuaren eguna heldu zen; denen entzumenarentzat atsegina, eta Grünwieseldarren loria izan behar zuen kontzertuaren eguna. Arrotz zaharrak, tamalez, ezin izan zuen ilobaren garaitza ikusi, gaixotu egin baitzen. Eta alkateari, kontzertu famatua zela eta, ilobari buruzko zenbait aholku eman zizkion: «Mutil jatorra da berez nire iloba,» hasi zen, «batzuetan, ordea, gauza bitxiak bururatzen zaizkio eta nerbio-eraso bortitzak izaten ditu. Ni nagoenean, eraso horiek kontrolpean mantentzen ditu, ondo daki berak zergatik. Bere alde, esan beharra dago ez duela nahita eta izorratzeagatik egiten, baizik eta gorputzak eskatzen diola asaskatzea, bere natura basatia dela eta. Kontzertuan horrelako erasoren bat izango balu ez naiz ni han egongo nire ilobatxoa lasaitzeko. Horregatik, arduratuta nago. Alkate jauna! Zerbait eskatu behar dizut mesedez: gertatuko balitz agian, kontzertuan, nire ilobatxoa atrilean eseri nahi duela, edo kontrabaxua jo nahi duela, edo nerbio-eraso antzeko bat izango balu; lasaituiozu mesedez lepokoa, horrela mantsotuko baita, eta hala ere ez bazaio pasatzen erasoa, lepokoa guztiz kendu ere egin zenezake. Hori eginaz, guztiz mantsotu eta zintzotzea lortuko duzu.» Alkateak eskerrak eman zizkion gaixotutakoari, emandako konfidantzarengatik; estuasun egoeran, berak agindu bezala jokatuko zuela esan eta bere hitza eman zion. Aretoa bete-beterik zegoen kontzertu handiaren egunean. Grünwieseldar guztiak eta inguruko herritako jende gehienak elkartuak ziren hantxe. Hiru orduko itzulinguruko ehiztari, apaiz, funtzionari eta laborari guztiak beren familiekin inguratu ziren Grünwiesela, halako gertakizun aparta grünwieseidarrekin batera ospatzeko asmoz. Herriko bandakoek egoki bete zuten bere partea kontzertuaren lehen saioan. Ondoren, alkatearen txanda izan zen; honek, botikariaren txirularen akonpainamenduarekin, ederki jo zuen biolontxeloa. Gero, elizako organistak baxu-aria bat kantatu zuen, baita txalotze luzea jaso ere. Medikuak, aldiz, ez zituen txalo gutxiago ukan, bere fagot bakar-saioan. Kontzertuaren lehen zatia amaitua zen eta denak urduri zeuden bigarrenaren zain. Bigarren zatian, arrotz gazteak dueto bat kantatuko zuen alkatearen alabarekin batera. Iloba jantzi eder distiratsu batekin agertu zen eta denen arreta bereganatu zuen hasiera-hasieratik: inori ezer galdetu gabe, sartu bezain laster, zuzen-zuzen abiatu zen besaulkirik erosoenera, zeina ondoko herriko kontesa batentzat gorderik baitzegoen. Hankak zabal-zabal eginik, betaurreko handien gainetik, katalox ikaragarri batzuk erabiltzen zituen eta inguru guztian begiratzen zion jendeari. Nahiz zakurrak aretoan sartzea debekatua izan, artzakur handi bat ekarri zuen, eta harekin jolasean zebilen lasai-lasai. Gonbidatutako kontesa etorri zenean, inguratu egin zitzaion ea altxatzen zen; baina ilobak, altxatu ordez, zabalago jarri zituen hankak eta besoak. Ez zen inor ilobari ezer esatera ausartu, eta dama ospetsuak zumezko aulki apal batean eseri behar izan zuen herriko beste emakumeen artean. Seguraski ez zen ez oso pozik egongo kokaleku berriarekin. Bai alkatearen saioak iraun zuen bitartean, bai organistak bere aria kantatu zuenean, baita medikuak fagotean bere fantasiak jo zituenean ere; entzule guztiek, arnasa ere hartu gabe, adi-adi entzuten zuten. Baina gure ilobatxoak, ixiltasuna hautsiz, sudurzapiarekin xixatzen zion zakurrari eta komentarioak egiten zizkion ondokoari ozenki. Artean, ezagutzen ez zuten denak harriturik zituen bere hezibide kaskarra zela eta. Ez zen harritzekoa, ondorioz, jende guztia nola kantatuko ote zuen entzuteko irrikitan egotea. Kontzertuaren bigarren zatiari hasiera eman zitzaion; orkestrak sarrera saio bat jo zuen. Gero alkatea, bere alabarekin, gaztearen ingurura etorri zen, eta partitura bat luzatzen ziolarik, hala galdetu zion: «Monsieur, duetoa entzuteko atsegina emango al zeniguke orain?» Gazteak hortzak erakutsi zituen pailazoen moduan, eta ozenki barre eginaz, zutik jarri eta salto batean tauletara igo zen. Beste biek atrilaren aurrera jarraitu zioten. Han bildutako jendeen artean, ezinegona nabaria zen, kantaldia hasteko irriki bizitan zeuden. Organistak erritmoa markatu eta hasteko keinua egin zion ilobari. Hark bere betaurrekoen atzetik begiratzen zion partiturari eta txilio altu, zatar, mingarriak atera zituen zintzurretik. «Bi tonu baxuago jauna! Sol da jauna, sol kantatu behar duzu!» adierazi zion organistak. Bi tonu jaitsi ordez, iloba makurtu egin zen, zapata kendu eta burura bota zion organistari. Haren ileordeko hautsak airean inguru guztian zabaldu ziren. «Hara!, eraso fisiko horietako bat etorri zaio orain.» pentsatu zuen alkateak. Azkar, inguratu egin zitzaion, besotik heldu eta lasaiago ipini zion lepokoa. Baina horrela, okerrago jarri zen gizon gaztea; hizkuntza bitxiren baten hitzak esaten zituen ozenki, eroa bezala, eta salto izugarriak egiten zituen taulen gainean. Alkateak, egoera desatsegin hartan, ez zekien zer egin; gazteak nerbio atake latz batek jota egon behar zuen. Gehiegi pentsatu gabe, lepokoa guztiz kentzea erabaki zuen. Lepokoa esku artean zuela, harriduraz, aho zabalik geratu zen lekuan; giza azala izan ordez, gizon gazteak larru beltzarana baitzuen lepoko azpian. Gaztearen saltoak artean bortitzagoak ziren taulen gainean; eskularrudun eskuak burura eraman eta ileak kendu eta airera jaurti zituen. Ene amatxo maitea!, haren ile ederrak ileorde bat besterik ez ziren eta! Orduan, ileordea alkatearen buruaren gainean erori zen. Gaztearen burua larru marroiez estalirik ageri zen. Atrila hartu eta jendartera bota zuen, jauzi egin, eta orkestraren gainean, biolin eta klarineteak zanpatzen zituen, eta bazihoan, mahai eta eserlekuak botaz, jendartean, lasterka kanpoaldera. «Harrapatu, harrapatu!» zioen alkateak bere onetik aterata, «eroturik dago, harrapatu ezazue!» Ez zen, ordea, lan erraza, eskularruak kendu eta atzazal zorrotzak baitzituen; haiekin, entzule saiatuen aurpegiak harramazkatzen zituen. Azkenik, ehiztari kementsu batek lortu zuen harrapatzea. Besoak lotu zizkion atzean eta hankak bakarrik mugi zitzazkeen lurrean, barre eta irrintzi izugarriak egiten zituela. Jendea inguratu eta gizon gazte bitxiari begira-begira, jada ez zuen gizakiaren itxurarik. Ondoko herriko zientzilari bat, zeinek natura kabinete bat eta animali disekatu ugari baitzituen, jendartetik irten zen; izaki hura etsaminatu eta harriduraren harriduraz, honela hitz egin zuen: «Jainko maitea! jaun andere agurgarriok! Nolatan ekartzen duzue animali bat jende dotoreen artera?! Hau tximu bat da, Homo troglodites linnaei motakoa, sei zilarrezko txanpon ematen ditut nire natura kabineterako, eramaten uzten badidazue, larrutu egingo dut eta disekatu.» Grünwieseldarren harridura eta ikara aurpegiak deskribaezinak ziren; «Horrelakorik entzun behar ere!, tximu bat gure artean!? Gazte arrotza tximu arrunt bat besterik ez al da?!» zioten, eta ergel aurpegiz begiratzen zioten elkarri, harriduraz. Ez zuten sinistu nahi, entzundakoa gezurra zela sinistu nahi zuten. Gizonezkoek gertuagotik etsaminatu zuten animalia, baina ez zegoen dudarik, tximu arrunt bat besterik ez zegoen han, eta tximu arrunt bat besterik ez zen izan lehen ere. «Baina, nola da posible?,» esan zuen alkatearen emazteak «ez dizkit, ba, niri hainbat alditan poesiak irakurri? Guretako bat izango balitz bezala, egongelako mahaian bazkaldu du eta!!» «Nolaa??,» egiten zuen deiadar medikuaren emazteak «ez al du, ba, askotan gurekin kafea hartu eta nire senarrarekin, pipa errez, zientziaz mintzatu?» «Ezinezkoa da!,» zioten gizonezkoek «Gurekin bola-jokoan ibili da Felsenkellerren, baita, guretako beste bat bezala, politikataz diskutitu ere!» «Ezin da izan!,» egiten zuten denek protesta «ez al zen, ba, dantzaldietan, gure artean, dantzak lehen-lehenik eskatzen zituena?» «Aztikeria maltzur bat da hau, deabruaren trikimailu zikin bat!» zioen alkateak, eta tximinoaren lepoko zapia eskutan zuela: «Ikusi!, zapi honetan dago sekretua, honen bitartez lortzen zuen izaki horrek gure artean itxuroso agertzea!»pergamino elastiko zati luze bat zen. Zeinu ulergaitz batzuk zituen izkribaturik barrengo aldean. «Eskuizkribu latindar bat dela uste dut, inork irakurri al dezake?» Herriko erretorea gerturatu zen, gizon ikasia bera, nahiz xakean askotan tximinoarekin galdu izan. Pergaminoa begiratu eta honela esan zuen ozenki: «Inolaz ere!, letra latindarrak besterik ez dira, honela dio: Tximua da animali benetan dotorea Hori entzun behar ere!!, amarru zikin bat da, sorginkeria motaren bat!,» jarraitu zuen «zigor zentzugarria merezi du!!» Alkatea iritzi berekoa zen eta arrotzaren etxerantz abiatu ziren; ziurrenik, azti maltzur bat izango zen hura. Sei soldaduk tximinoa eramaten zuten atzetik, itaunketa berehala egin behar baitzioten arrotzari. Gizaki multzo handi batez inguraturik heldu ziren etxe bitxi, apartatu hartara; denek ikusi nahi baitzuten nola jarraitzen zuen historiak. Atea jo, ateko kanpaia jo behin eta berriz, baina alferrik, ez zen inor agertzen. Alkateak orduan, amorraturik, atea botatzeko ordenua eman zuen eta arrotzaren ganbaretan barneratu zen. Etxe normal bateko ohiko trasteak besterik ez zeuden han, gizon arrotzaren arrastorik ere ez. Egongelako mahaiaren gainean lakraz itxitako gutun handi bat zegoen, alkateari zuzendutakoa, eta honek segituan irakurri zuen denen aurrean: «Grunwieseldar maiteok!,» hasten zen, gutun hau irakurtzen duzuenerako ez naiz jadanik zuen herritxoan egongo eta jada jakingo duzue zer klasetakoa eta nongotarra den nire ilobatxo maitea. Zuei txantxa bat jokatzeko etrebentzia hartu dut, baina txantxa hau ikasketagai bat balitz bezala hartzea gomendatzen dizuet. Hurrengoan jakin dezazuen zuen artean bere kontura bizi nahi duen atzerritar bat zuen gizartera behartzea ez dela egokia. Nik neuk zuen gizarterako onegia nintzela uste nuen; zuen hika-mika etengabea ezin bainuen jasan, ezta edonon muturra sartzeko ohitura lazgarria ere, edo zuen bizitzeko modu eta ohitura barregarriak. Horregatik, «Orang utang»gazte bat hezi nuen, zuen artean neure ordezkari modura hainbeste arrakasta izan duen ber-bera. Ondo bizi, eta ikasketagai hau probetxurako izango duzuela espero dut! Grünwieseldarrek ez zuten ez artean lotsa gutxi, beste herritakoen artera azaltzeko. Haien aringarri bakarra den-dena naturaz gaindiko aztikeriaz egina izan zela sinistea zen. Grünwieselgo gazteak ziren lotsa handien jasan zutenak, haiek batez ere imitatu baitzituzten tximinoaren ohitura eta forma lazgarriak. Anartean, ez zituzten ez ukalondoak mahai gainean ezartzen, ez ziren ez aulkian balantzaka ibiltzen; baizik eta, ixiltasuna gordetzen zuten umilki galdetzen zieten arte, modako betaurreko handiak kaxoian gorde zituzten eta zintzo eta gizabidetsu ziren berriz. Inoiz, edonorrek jarrera bitxiak bazituen, edo lotsagabeki jokatzen bazuen, honela esaten zuten: «Hori bai tximua!». Tximino orijinala, berriz, ordurarte gizon gazte berezi baten errola izan bazuen ere, artean kabinete naturalean bizi zen beste animalien artean. Ondoko herriko zientzilari hark egoki ematen zion jaten, eta noizbehinka etortzen ziren bisitariei ikusten uzten zien, bitxikeria gisa. Gaur ere, ikusi nahi duenarentzat, bertan da ikusgarri. Abner judua eta gizon-tximinoa |