Abner judua eta gizon-tximinoa
Wilhem Hauff

euskaratzailea: Feliciano Peláez Arregi
Infomart, 1998

 

HITZAURREA

        Ali Banu, Alexandriako Xekea, oparotasunean da Alexandriako agintari. Denetarik du zoriontsu izateko. Bere zerbitzurako bizi diren esklabu ugari ere baditu. Baina ondasunek eta botereak leundu ezin dioten mina du bihotzean: Frankiarrek Alexandria menderatzeko egin zuten saiakeran, Kairam, zeukan seme bakarra lapurtu zioten eta itsasoaz bestaldera eraman zuten. Emaztea ere handik gutxira hil zitzaion bihotzeko minez. Ali Banuk alferrik bilatu zuen bere seme galdua lurralde urrun haietan; esklabu omen zen hango handiki baten mendean. Garai latzak ziren han eta etxera itzultzea gomendatu zioten bizitza salbatu nahi bazuen. Ordutik, ona eta gizabidetsua izan da beti menpean dituen esklabuekin. Eta semea berriz ikusteko itxaropena gordetzen du bihotzean. Bihotzak ozen esaten baitio, semea oraindik bizi dela; gorteko esklabuen antzeko gizon sendo bat izango da orain. Behin, azti batek semea itzuliko zela esan zion; eta agertu ere, desagertu zen garai eta egun berean egingo omen zuen. Horregatik, Ali Banuk, urtero, zoritxarreko egun hartan jaialdi handi bat antolatzen du gortean eta hamabi esklabu uzten ditu libre. Jaialdi horretan, esklabu bakoitzak istorio bat kontatu behar du libre izan baino lehen, haien bizitzaren eta pentsamenduaren berri izatea atsegin baitu Alik.

        Itxaropena eta pazientzia galtzen ez dituenak eta bihotzean duen izpirituari, arimari, kasu egiten dionak jasotzen du azkenean bere saria, hain luzaro itxaron duena. Kairam, Alexandriako Xekearen semea, libre izan behar duen hamabigarren esklabua da, Ali Banun gortean dago jadanik; eta bere bizitzaren istorioa kontatzen duenean, Ali Banuk semea ezagutzen du; itzuli da azkenean aitaren etxera.

 

 

ABNER JUDUA ETA GIZON-TXIMINOA

 

        Hauek Wilhelm Hauffen laneko, Xekearen 2. eta 5. esklabuen kontakizunak dira.

        Abner eta tximinoa pertsonaia arrotzak dira, gizarte itxi batean bizi direnak, eta ez dira horietan integratzen. Gizakiok arrotzak behar ditugu geure burua ezagutzeko; zer garen eta zer ez garen argi ikusteko. Arrotzaren ergelkerian geure bizkortasuna dakusagu eta arrotza baztertuz, barre egin ahal izango diogu. Gertatzen bada, ordea, arrotzak, bere modu bereziez, geu ergel uzten gaituela; agian ikasi egingo dugu pixka bat, baina gero sutsukiago baztertuko dugu. Nola izango gara gu, ba, arrotzaren parekoak?

        Judua eta tximinoa arrotz zaien gizartera egiteko estrategia ezberdinak erabiltzen dituzte, bakoitzak bere ahalmenen arabera. Batek arrakasta du, besteak gutxiago, baina biek lortuko dute beren gaitasunak eta berezitasunak gizarteari erakustea eta gizarte horretan garatzea. Ipuin hauek erakusten digute, gizartean, adimentsuena ez dela beti hobekien moldatzen dena; izan ere, badaude beste ahalmenak, adimena baino garrantzitsuago direnak.

 

Feliciano Peláez Arregi

 

Abner judua eta gizon-tximinoa
Wilhem Hauff

euskaratzailea: Feliciano Peláez Arregi
Infomart, 1998