|
Jenerala bere labirintoan Alvaro Mutisi, liburu hau idazteko ideia eman baitzidan opari.
Badirudi deabrua dabilela nire bizitzako gauzetan gidari. (Santanderri gutuna, 1823ko Abuztuak 14)
José Palacios, bere zerbitzari aspaldikoenak, flotatzen aurkitu zuen bainuontziko ur depuratiboetan, biluzik eta begiak zabalik, eta itoa zela uste izan zuen. Bazekien hura zuela gogoeta egiteko bere modu ugarietako bat, baina noraezean zetzaneko estasi-egoerak jadanik mundu honetakoa ez den batena ematen zuen. Ez zen ausartu hurbiltzera, baizik eta mintzo sorrez dei egin zion bostak baino lehen iratzartzeko aginduaren arabera lehen argiekin bidaiari ekiteko. Jeneralak liluratik azaleratu eta begi urdin eta gardenak ikusi zituen erdi-itzaletan, ile kizkurtua urtxintxa koloreko, bere maiordomoaren eguneroko maiestate patxadatsua eskuetan xikara zeukala mitxoleta eta gomazko infusioarekin. Jeneralak indarrik gabe heldu zien bainuontziaren heldulekuei, eta irten egin zen senda-uren artetik hain gorputz mazkartuan espero izatekoa ez zen gizurde-oldarrez. «Goazemak», esan zuen. «Airean, hemen ez gaitik inork nahi-eta». José Palaciosek hainbeste alditan eta hain aukera ezberdinetan entzuna zion esaten, non artean ez zuen egia izan zitekeenik sinetsi, nahiz eta zamariak prestaturik zalkortetan eta ahuku ofiziala biltzen hasia zegoen. Lagundu zion nolanahi lehortzen, eta eremuetako ruana ezarri zion gorputz biluzian, zeren gatilua klaskaka baitzeukan eskuen ikaraz. Hilabete batzuk lehenago, Limako gau babiloniarrez geroztik erabiltzen ez zituen gamuzazko fraka batzuk janzten ari zela, pisuz jaisten ari zen heinean kaizuz murrizten ari zela aurkitua zuen». Bere biluztasuna ere ezberdina zuen, ze gorputza zurbila eta burua eta eskuak xigortuak bezala baitzituen afrontuaren abusuaz. Aurreko uztailean berrogeita sei urte beteak zituen, baina jadanik bere karibetar kizkur latzak errautsezko bihurtuak zituen eta hezurrak desordenaturik zeuzkan sentontasun goiztiarrez, eta bera guztia hain ageri zen eskastua, non ez baitzirudien hurrengo uztailera arte iraungo zuenik. Hala ere, bere manera deliberatuek bizitzak gutxiago kaltetutako batenak ziruditen, eta atergabe zebilen ezerezaren inguruan. Edan zuen tisana bost zurrutada kiskalgarritan, zeinek gutxiz ez baitzioten mihia puslatu, behegaineko zerri tximatsuetan berak egindako urezko oinatzei iheska, eta berpizkundearen edabea hartzea bezala izan zen. Baina ez zuen hitzik esan harik eta auzoko katedral-dorrean bostak entzun ziren arte. «Hogeita hamargarren urteko maiatzaren zortzian, larunbatez, ingelesek Joana Arkuko geziztatu zuten eguna», iragarri zuen maiordomoak. «Euria ari du goizaldeko hiruretatik». «Hamazazpigarren mendeko goizaldeko hiruretatik», esan zuen jeneralak artean mintzoa asaldatua zuela loezinaren arnasa mingaitzaz. Eta serioski gehitu zuen: Ez diat oilarrik entzun». «Hemen ez dago oilarrik», esan zuen José Palaciosek. «Ez zagok ezer», esan zuen jeneralak, «Fedegabeen lurraldea duk hau». Ze Bogotako Santa Fen zeuden, itsaso urrunaren galgaren gain bi mila seiehun metrotara, eta horma idorreko logela eskerga, leiho gaizki egokituetatik iragazten zen haize izoztuen pean, ez zen aldekoena inoren osasunarentzat. José Palaciosek tokadoreko marmolean ezarri zuen bitsontzia, eta belus gorrizko kutxatila afeitatzeko tresnekin, guztiak metal urreztatuzkoak. Ezarri zuen palmatoria kandelarekin erlaitz batean ispilutik hurbil, hala jeneralak nahikoa argi izan zezan, eta hurbildu zuen txingarrontzia oinak bero zekizkion. Gero kristal koadrozko betaurreko batzuk eman zizkion zilar finezko armazoi batekin, berarentzat beti gerruntzearen patrikan erabiltzen zituenak. Jeneralak jantzi egin zituen eta labana ezkerreko eskuaren zein eskuinekoaren trebezia berdinaz gobernatuz afeitatu zen, zeren berezko bieskuina baitzen, eta minutu batzuk lehenago gatiluari eusteko balio izan ez zion pultsu beraren domeinu harrigarriaz. Azkenerako itsuka afeitatu zen gelan zehar birak emateari utzi gabe, ze ispilura ahalik eta gutxien begiratzen saiatzen baitzen bere begiekin topo ez egitearren. Gero tiraka erauzi zituen sudurreko eta belarrietako ileak, leundu zituen hortz perfektuak ikatz-hautsez zilar girtainarekiko eskuila zetazko batean, moztu eta leundu zituen esku-oinetako atzazalak, eta azkenik erantzi zuen ruana eta hustu zuen bere buruaren gainera kolonia-urezko flasko handi bat, bi eskuez gorputz osoan igurtziak emanez unaturik gelditu arte. Goizalde hartan garbitasunaren eguneroko meza ohi baino ankerkeria asaldatuagoz ematen ari zen, ahaleginak eginez gorputza eta arima hogei urtetako gerra alfer eta botere-desengainuetatik xahutzeko. Aurreko gauean hartu zuen azken bisita Manuela Sáenzena izan zen, maite zuen quitotar emakume jasekoarena, baina heriotzara arte segituko ez zuenarena. Han gelditzen zen, beti bezala, jenerala ongi informaturik edukitzearen aginduarekin bere absentzian gertatuko zen guztiaz, zeren aspaldidanik ez baitzen inorengan fidatzen emakume harengan izan ezik. Erlikia batzuk uzten zizkion zaintzeko bereak izandakoak izatearen beste baliorik gabeak, baita bere liburu preziatuenetako batzuk ere eta bi kutxa bere artxibo pertsonalarekin. Biharamunean, despedida formal laburrekoan, esan zion: «Asko maite haut, baina gehiago maitatuko haut, baldin orain inoiz baino zentzudunagoa bahaiz». Amodio irazekizko zortzi urtetan errendatu zizkion hainbat omenetako beste bat bezala ulertu zuen emakumeak. Bere ezagun guztietatik bera zen sinesten zuen bakarra: oraingoan egia zen bazihoala. Baina bera zen gutxienez zinezko zio bat zeukan bakarra ere itzuliko zela espero izateko. Ez zuten bidaia baino lehen elkar berriro ikusteko asmorik. Hala ere, doña Amalia, etxekoandreak, azken agur itzalgaizkako baten azken oparia egin nahi izan zien, eta Manuela zaldun gisa jantzirik sarrarazi zuen zalkortetako ataunditik tokiko komunitate argizari-jalearen aurreiritziei iruzur eginez. Ez maitale klandestinoak zirelako, zeren egun-argitan eta jendaurreko eskandaluarekin baitziren, baizik eta kosta ahala kosta etxearen izen onari garbi eustearren. Jenerala oraindik lotsorragoa izan zen, zeren alboko gelako atea ez ixteko agindu baitzion José Palaciosi, etxeko zerbitzarien ezinbesteko pasabidea zena, eta non guardiako edekanek kartetan jokatu baitzuten bisita amaitu eta handik puska batera arte. Manuelak bi orduz irakurri zion. Gaztea izana zen arestira arte, haragiak bere adinari irabazten hasi zitzaizkion arte. Marinel-pipa batean erretzen zuen, berbena-urez, militarren lozioa zenaz, lurrineztatzen zuen bere burua, gizon-jantzitan eta soldadu artean ibiltzen zen, baina bere ahots afonikoak on zirauen amodioaren erdi-itzaletarako. Palmatoriaren argi urritan ari zen irakurtzen, artean azken erregeordearen armarria zeukan besaulkian eserita, eta jeneralak ohean ahoz gora etzanik entzuten zion, etxean egoteko arropa zibilarekin eta bikuina-ruanaz estalirik. Arnasketaren erritmoak soilik adierazten zuen ez zegoela lotan. Liburuari zeritzon Lección de noticias y rumores que corrieron por Lima en el año de gracia de 1826, Noé Calzadillas perutarrarena zen, eta Manuelak autorearen estiloari oso ongi zihoazkion enfasi teatrozkoekin irakurtzen zuen. Hurrengo ordu betean ez zen haren ahotsa besterik entzun etxe lokartuan. Baina azkeneko errondaren ondoren supituki gizon askoren aho batezko barre-algara batek leher egin zuen, kortako txakurrak aztoratuz. Jeneralak begiak ireki zituen, intriga baino artegatasun gutxiagorekin, eta Manuelak liburua itxi zuen magalean, erpuruaz orrialdea markatuz. «Adiskideak dituzu», esan zion. «Nik ez dinat adiskiderik», esan zuen jeneralak, «Eta agian bakarren batzuk geratzen bazaizkit, ez dun luzerako izango». «Izan ere hor kanpoan baitaude, hil ez zaitzaten erne», esan zuen emakumeak. Honela jakin zuen jeneralak hiri osoak zekiena: ez bat baizik eta atentatu banaka batzuk ari ziren gatzatzen beraren kontra eta bere azken aldekoak etxean zeuden itxaroten eragozteko ahaleginetan. Barne-lorategieko inguruan zeuden ezkaratza eta korridoreak husareek eta granadariek harturik zeuden, guztiak venezuelarrak ziren, Indietako Cartagenako portura laguntzera zihoazenak, non belaontzi bat hartu behar baitzuen Europarako. Beraietako bik logelako ate nagusiaren aurrealdean zeharretara etzateko beren petateak behean ezarriak zituzten, eta edekanak alboko gelan jokoan jarraitzekotan ziren, Manuelak irakurtzeari utzitakoan, baina garaiak ez ziren ezertaz seguru egotekoak jatorri badaezpadako eta zurri askotariko hainbeste tropa-jenderen artean. Albiste txarrengatik zirkinik egin gabe, jeneralak irakurtzen jarraitzeko agindu zion Manuelari eskuaren keinu batez. Beti eduki izan zuen heriotza arrisku profesional erremedio gabekotzat. Gerra guztiak arrisku-lerroan eginak zituen, harramazka bakar bat ere jasan gabe, eta arerio-suaren erditan mugitzen zen hain baretasun zentzugabez non bere ofizialak ere konformatu baitziren bere burua zaurtezintzat zeukalako azalpen errazaz. Bere kontra bilbatu ziren atentatu guztietatik kalterik gabe irtena zen, eta zenbaitetan bizia salbatu zuen bere ohean lotan ez zegoelako. Eskoltarik gabe ibiltzen zen, eta nonahi eskaintzen ziotenetik jaten eta edaten zuen inolako arretarik gabe. Manuelak soilik zekien bere axola-eza ez zela inkontzientzia ez fatalismoa, baizik eta ohean, hil behar zuelako ziurtasun melankoliatia, behartsu eta biluzik, eta esker on publikoaren bozkariorik gabe. Bezpera-gau hartako logabeziazko erritoetan egin zuen aldaketa ohargarri bakarra izan zen ohean sartu aurretik bainu beroa ez hartzea. José Palaciosek goiz prestatua zion sendabelarrezko urarekin gorputza birkonpontzeko eta karkaxaren jaurtiketa errazteko, eta tenperatura onean eutsi zion berak nahi zezanerako. Baina ez zuen nahi izan. Bi pilula libragarri hartu zituen bere ohizko idorreriaren kontra, eta Limako esamesa galanten zurrumurrutan lokartzeko prestatu zen. Bat-batean, itxurazko kausarik gabe, etxearen erroak kordokatu zituela zirudien eztulaldi batek eraso zion. Alboko aretoan jokoan ari ziren ofizialak noraezean geratu ziren. Beraietako bat, Belford Hinton Wilson irlandarra, logelara agertu zen behar baldin bazuten, eta jenerala zeharretara ahozpez ohean ikusi zuen. Manuelak beraren buruari eusten zion kanetaren gainean. José Palacios, atea jo gabe logelan sartzeko baimena zuen bakarrak, ohe ondoan ernetasunezko egoeran iraun zuen harik eta krisia pasatu zen arte. Orduan jeneralak sakon hartu zuen arnasa begiak malkoz beterik zituela, eta tokadore aldera seinalatu zuen. «Panteoi-lore horiengatik da», esan zuen. Beti bezala, zeren beti aurkitzen baitzuen bere ezbeharren errudun ustekabekoren bat. Manuelak, inork baino hobeki ezagutzen zuenak, keinuak egin zizkion José Palaciosi lorontzia eraman zezaten goizeko akara zimelduekin. Jenerala berriro etzan zen ohean begiak itxirik zituela, eta Manuelak lehengo doinu berberaz berrekin zion irakurtzeari. Lokartua zela iritzi zionean soilik ezarri zuen liburua gau-mahaiaren gainean, eman zion musu bat sukarrak kiskalduriko bekokian, eta xuxurlatu zion José Palaciosi goizeko seietatik azken despedidarako egongo zela Lau Kantoi izeneko tokian, non hasten baitzen Hondarako errege-bidea. Gero kanpaina-kapa batez estali zuen bere burua eta oin-puntetan irten zen logelatik. Orduan jeneralak ireki begiak eta mintzo mehez esan zion José Palaciosi: «Esaiok Wilsoni etxeraino lagun dezala». Agindua Manuelaren borondatearen aurka bete zen, izan ere bere burua hobeki lagunduko zuela bakarrik uste baitzuen lantzari-pikete batekin baino. José Palacios aurretik joan zitzaion kriseiluarekin gortaraino, barne-lorategi baten inguruan harrizko iturri batekin zegoeneraino, non hasten baitziren loratzen goizaldeko lehen akarak. Euriak pausaldi bat egin zuen eta haizeak txistu jotzeari utzi zuhaitz artean, baina ez zegoen izar bakar bat ere zeru izoztuan. Belford Wilson koronela kontrazeinuzko hitzak errepikatzen ari zen korridoreko zerrietan etzanik zeuden zentinelak lasaitzeko Areto nagusiko leihoaren paretik igarotzean, José Palaciosek etxeko nagusia adiskide talde bati kafea zerbitzatzen ikusi zuen; militar eta zibilak ziren, alde egiteko unera arte beila egiteko prestatzen ari zirenak. Logelara itzuli zenean, eldarnioaren menpean aurkitu zuen jenerala. Bakarrean sartzen ziren esaldi lokabeak esaten entzun zuen. «Inork ez zuen ezer ulertu». Gorputza kalenturaren sugarretan zeukan erretzen, eta uzker harritsu eta kiratsak jaregiten zituen. Jeneralak berak ere ez zekien esaten biharamunean lotan hitz egiten ari zen ala itzarrik zentzugabekeriak esaten, gogoratu ere ezin zuen egin. Nire eromen-krisia deitzen zuen. Zeinek ez baitzuten inor alarmatzen, zeren lau urte baino gehiago baitziren pairatzen zituela, ezein mediku arriskatu ez zelarik inolako argibide zientifikorik ematera, eta biharamunean errautsetatik berriro nola jaikitzen zen ikusten zen, arrazoi betean. José Palaciosek manta batean bildu zuen, utzi zuen kriseilua tokadoreko marmolaren gainean, eta irten zen gelatik atea itxi gabe, alboko aretoan beilan jarraitzeko. Bazekien egunsentiko edozein ordutan suspertuko zela, eta bainuontziko ur zurrunetan sartuko zela lokamutsen laborriak irentsiriko indarrak birbiztu nahiz. Egun astrapalatsu baten azkena zen. Zazpiehun eta laurogeita bederatzi husare eta granadariko goarnizio bat erreboltatua zen, hiru hilabetez atzeratutako soldatak erreklamatzearen aitzakiarekin. Egiazko arrazoia besterik izan zen: beraietako gehienak Venezuelakoak ziren, eta asko lau naziotako askapen-gerrak eginak ziren, baina azken asteetan hainbat laido eta kale-xaxaketa jasanak ziren, non beren etorkizunaz beldur izateko moduan baitziren jenerala herrialdetik irten eta gero. Gatazka konpontzeko bidekariak eta mila pisu urre ordaindu behar izan ziren, erreboltatuek eskatzen zituzten hirurogeita hamar milen ordez, eta berauek arratsean jatorrizko beren lurralderantz desfilatua zuten emakume zamarizko tropel-andana batekin, beren haur eta etxabereekin. Bonboen eta kobre martzialen zalaparta ez zen iritsi jendetzaren garrasiak isiltzera, zeinek xaxatzen baitzizkieten txakurrak eta jaurtikitzen narrazirrita-kordak ibilian traba egiteko, inoiz tropa arerio batekin egin ez zutenez. Hamaika urte lehenago, espainiar domeinuko hiru mende luzeren buruan, don Juan Sámano erregeorde uzua kale hauetatik berauetatik alde egina zen erromes-jantziz mozorroturik, baina bere kofreak urrezko idoloz eta landugabeko esmeraldaz, tukan sakratuz, Muzoko tximeleten beiraleiho distirantez mukuru zituela, eta ez zen falta izan balkoietatik negar egin ez zionik eta lore bat bota ez zionik eta bihotz-bihotzez itsaso barea eta bidai ona opa izan ez zizkionik. Jenerala ezkutuan parte hartua zen gatazkaren negoziaketan, inork utzita bizi zeneko etxetik mugitu gabe, zeina gerra eta marinako ministroarena baitzen, eta azkenean tropa erreboltatuarekin José Laurencio Silva, bere ezkon iloba eta konfiantza handiko laguntzailea, bidalia zuen Venezuelako mugaraino zarramaltza berririk izango ez zelako bahituratzat. Ez zuen desfilea balkoipean ikusi, baina klarinak eta danborjoleak entzunak zituen, eta kalean moltsoturiko jendearen iskanbila, zeinen oihuak ez baitzuen ulertzerik lortu. Hain garrantzi txikia eman zien, non bitartean bere amanuentsearekin korrespondentzia atzeratua berrikusi eta gutun bat diktatu zuen don Andrés de Santa Cruz Mariskal Handia, Boliviako presidentearentzat, non jakinarazten baitzion boteretik baztertzera zihoala, baina ez zen oso ziur agertzen bere bidaia kanporakoa izango ote zen. «Ez dut beste gutunik idatziko neure bizitzaldiaren gainerakoan», esan zuen amaitzean. Geroago, siestako sukarraren izerdia zeriola, urruneko harrabotsen heiagorak sartu zitzaizkion loan, eta petardo-sail batek ikaraturik esnatu zen, zeinak berdin izan baitzitezkeen erreboltatuenak edo bolborarienak. Baina galdetu zuenean jaia zela erantzun zioten. Besterik gabe: «Festa da, ene jenerala». Inor, ezta José Palacios bera ere, zer festa ote zen azaltzera ausartu ez zelarik. Soilik Manuelak gaueko bisitan kontatu zionean jakin zuen bere etsai politikoen jendeak zirela, alderdi demagogokoak, berak zioenez, beraren kontra artisau-gremioak asaldarazten zebiltzala kalean, indar publikoaren onespenarekin. Ostirala zen, azoka-eguna eta horrek erraztu egin zuen plaza nagusiko desordenua. Ohizkoa baino euri biziago batek, tximista eta trumoiekin, sakabanatu zituen bihurrituak gautzean. Baina kaltea egina zegoen. San Bartolomé kolegioko estudianteak justiziako epaitegi gorenaren ofizinak erasoz hartuak zituzten jeneralaren kontra epaiketa publiko bat bortxatzeko, eta baionetaz deuseztatua eta jaurtikia zuten balkoitik tamaina naturaleko beraren erretratu bat armada askatzaileko banderadun ohi batek olioz pintatua zuena. Txitxaz mozkorturiko jendetzek Calle Realeko dendak eta garaiz itxi ez zituzten herbarrenetako txiribogak zakuratuak zituzten, eta plaza nagusian zerrauts-burkozko jeneral bat fusilatua zuten, zeinak ez baitzuen kasaka urdin urre-botoiduna behar mundu guztiak ezagutu zezan. Desobedientzia militarraren sustatzaile ezkutukotzat salatzen zuten, kongresuak ahobatezko botoz kendua zion boterea berreskuratzeko ahalegin berantiar batean». Bizitzarako presidentetza nahi izateaz salatzen zuten bere ordez europar printze bat uzteko. Kanporako bidaia baten itxurak egiteaz salatzen zuten, egiaz Venezuelako mugara zihoalarik, nondik baitzuen itzultzeko asmoa tropa matxinatuen buru zela boterea hartzeko. Agiriko hormak tapizaturik zeuden papelutxaz, zeina baitzen bere kontra inprimatzen ziren irainezko paskinen izen herritarra, eta bere aldeko nabarienak inoren etxeetan ezkutaturik egon ziren harik eta suminak baretu ziren arte. Francisco de Paula Santander jeneralari, bere etsai nagusienari atxikitako prentsak, bere egina zuen hainbat zaratarekin aldarrikatutako eritasun badaezpadakoaren zurrumurrua, eta bazihoalako alarde kalakariak, trikimailu politiko hutsak baizik ez zirela ez joateko erregutu ziezaioten. Gau hartan, Manuela Sánchez egun nahaste-borrastetsuko xehetasunak kontatzen ari zitzaizkiola, behin behineko presidentearen soldaduak apezpiku-palazioko horman ikatzez idatziriko letraune bat ezabatzen ari ziren: Ez joan eta ez hil». Jeneralak hasperen bat jaregin zuen. «Oso oker ibili behar dute gauzek», esan zuen, «eta nik gauzek baino okerrago, guzti hau hemendik etxe-sail batera gertatua izateko eta festa bat zela niri sinestarazteko». Egia esateko bere adiskiderik minenek ere ez zuten sinesten bazihoanik, ez boteretik eta ez herrialdetik. Hiri txikiegia zen eta bertako jendea nonzeberriegia haren bidaia badaezpadakoaren bi arrakala handiak ez ezagutzeko: ez zuela behar adina diru inora iristeko hain ahuku ugariarekin, eta errepublikaren presidente izan ondoren ezin zitekeela irten herrialdetik gobernuaren baimenik gabe, eta eskaria egiteko maleziarik ere ez zuela izan. Ekipaia egiteko agindua, nahi zuenak entzuteko moduan berak era nabarmenean eman zuena, ez zuen froga erabakigarritzat inork hartu, ezta José Palacios berak ere, zeren beste batzuetan etxe bat eranztearen muturreraino iritsia baitzen bazihoalako itxurak egiteko, eta beti izan zen maniobra politiko zehatza. Beraren laguntzaile militarrek desliluraren zantzuak nabariegiak zirela sentitzen zuten azken urtean. Hala ere, beste batzuetan ere gertatua zen, eta gutxien uste zen egunean adore berriarekin nola itzartzen zen ikusten zuten, eta lehen baino kemen gehiagorekin biziaren haria berrartzen. José Palaciosek, aldaketa aurreikusezin hauek beti hurbiletik jarraitu zituenak, bere erara esaten zuen: «Nire jaunak zer pentsatzen duen, nire jaunak soilik daki». Bere uko egite errepikariak herri-kantategian jasoak zeuden, antzinakoenetik hasita, zeinak esaldi anbiguo batez iragarri baitzuen presidentetza hartu zueneko hitzaldi berean: «Nire lehen bake-eguna izango da azken botere-eguna». Hurrengo urteetan hainbeste bider egin zuen uko, eta egoera hain ezberdinetan, non inork ez baitzuen gehiago jakin noiz zen ziurra. Guztietan zaratatsuena bi urte lehenagokoa izan zen, irailaren 25aren gauekoa, gobernu-etxeko logelan bertan asasinatzeko konjura batetik kalterik gabe ihes egin zuenean. Goizaldera bisitatu zuen kongresuaren batzordeak, berak sei ordu igaro ondoren babesik gabe zubi baten azpian, artilezko mantan bildurik aurkitu zuen eta oinak ur berozko plater batean zituela, baina ez hainbeste sukarrak abaildua nola deslilurak. Konjura ez zela ikertua izango iragarri zien, ez zela inor prozesatuko, eta Urte Berritarako aurreikusirik zegoen kongresua berehalatik bilduko zela errepublikaren beste presidente bat hautatzeko. «Honen ondoren», amaitu zuen, «alde egingo dut Kolonbiatik betirako». Hala ere, ikerketa burutu egin zen, burdinazko kodigoz zigortuak izan ziren errudunak, eta hamalau plaza nagusian fusilatuak izan ziren. Urtarrilaren 2ko kongresu eratzailea ez zen bildu hamasei hilabete geroago arte, eta inork ez zuen gehiago uko egiteaz hitz egin. Baina ez zen izan garai horretan bisitari atzerritarrik, ez halabeharreko solaskiderik ez pasabideko adiskiderik berak esan ez zionik: Nahi duten tokira joango naiz». Herio-eritasunez zegoelako albiste agerikoak ez ziren hartzen joan bazihoalako zantzu baliozkotzat. Inork ez zuen haren gaitzen zalantzarik. Alderantziz, hegoaldeko gerretatik azkenekoz itzuli zenez gero, lore-arkuen azpitik igarotzen ikusi zuen edonor hiltzeko bestetarako ez zetorrelako txundimenarekin geratua zen. Palomo Blanco, bere zaldi historikoaren ordez, zerrizko furtsekiko mando ilegabe batean zetorren, buru urdinduarekin eta bekokia hodei alderraiz ildaskatua zuela, eta kasaka zikina eta mahuka josturatik askatua zekarren. Aintza gorputzetik atera zitzaion. Gau horretan gobernu-etxean eskaini zioten beilaldi hitzurrian bere baitan korazaturik iraun zuen, eta inoiz ez zen jakin makurkeria politikoz edo hutsegite hutsez diosala egin zion bere ministroetako bati bestearen izenaz. Ez ziren aski haren postrimeri kutsuak bazihoala uste izan zezaten, zeren azken sei urte hartan hiltzen ari zela esaten baitzioten, eta hala ere osorik eusten zion aginte-gaitasunari. Lehen albistea britainiar marinako ofizial batek eraman zion, zeinak ikusi baitzuen halabeharrez Pativilcako basamortuan, Limatik iparraldera, hegoaldearen askapenerako gerra betean. Kuartel nagusitzat inprobisaturiko txosna ziztrin batean aurkitu zuen lurrean jaurtikia, barraganezko kapote batean bildua eta buruan trapu estekatu bat zuela, zeren ez baitzuen jasaten hezurretako hotza eguerdiko infernuan, bere inguruan mokoka ari zitzaizkion oiloak uxatzeko ere indarrik gabe. Eromen-boladaz zeharkaturiko hizketa zail baten ondoren, dramatismo erdiragarriarekin esan zion adio bisitariari. «Zoaz eta kontaiozu munduari nola ikusi nauzun hiltzen, oilo-zirinez zipriztindurik hondartza gozakaitz honetan», esan zuen. Ziotenez basamortuko eguzki merkurialek eraginiko zinkada bat zuen gaitza. Ziotenez gero hiltamuan egon omen zen Guayaquilen, eta geroago Quiton, urdaileko sukar batekin, zeinaren zeinurik alarmagarriena munduarekiko axola-eza eta izpirituaren baretasun erabatekoa baitziren. Inork ez zuen inoiz jakin zer oinarri zientifiko zituzten albiste hauek, ze bera beti medikuen zientziaren kontrakoa izan baitzen, eta bere burua diagnostikatzen eta errezetatzen zuen Donostierren La médicine à votre manière-n oinarrituz, José Palaciosek gorputzeko edo arimako edozein nahaste ulertzeko eta sendatzeko noranahi eramaten zuen etxe-erremediozko frantses eskuliburuan. Nolanahi ere, ez zen izan berarena bezain agonia fruitukorrik. Zeren Pativilcan hil zela uste zen bitartean, beste behin gailur andetarrak gurutzatu baitzituen, menperatzaile gertatu zen Junínen, espainiar Amerika osoaren askapena osatu zuen Ayacuchoko azken garaitiarekin, Boliviako errepublika sortu zuen, eta artean zoriontsu izan zen Liman inoiz izan eta gehiago izango ere ez zen bezala aintzaren horditasunean. Halako moldez, non azkenik gaixorik zegoelako boteretik eta herrialdetik bazihoalako iragarpen errepikatuak, eta hori berretsi egiten zutela ziruditen egintza formalak, sinetsia izateko ikusiegia zen drama baten errepikapen biziotsuak baizik ez ziren. Itzuli eta handik egun gutxitara, gobernu-kontseilu garratz baten ondoren, besotik heldu zion Antonio José de Sucre mariskalari. «Zu nirekin geratuko zara», esan zion. Gidatu zuen bere despatxu pribatura, non oso hautatu gutxi batzuk soilik hartzen baitzituen, eta ia bere besaulki pertsonalean esertzera behartu zuen. «Leku hori jadanik zurea gehiago da nirea baino», esan zion. Ayacuchoko Mariskal Handiak, bere adiskide bihotzekoak, sakon ezagutzen zuen herrialdearen egoera, baina jeneralak kontu emate xehatua egin zion bere asmoetara iritsi baino lehen. Egun gutxi barru biltzekoa zen kongresu eratzailea errepublikaren presidentea hautatzeko eta konstituzio berria onartzeko, osotasun kontinentalaren amets urrezkoa salbatzeko ahalegin berantiarrean. Aristokrazia atzerakoi baten menpean zegoen Peruk berreskuraezina zirudien. Andrés de Santa Juana jeneralak kabestrutik zeraman Bolivia bere ibilbide berariazkotik. Venezuelak, José Antonio Páez jeneralaren manupean, bere autonomia aldarrikatu berria zuen. Juan José Flores jeneralak, hegoaldeko prefektu nagusiak, Guayaquil eta Quito elkartuak zituen Ekuadorreko errepublika independentea sortzeko. Kolonbiako errepublika, aberri mugagabe eta ahobatezkoaren lehen ernamuina, Granada Berriko erregeordego ohira mugaturik zegoen. Bizitza librean ozta-ozta hasitako hamasei milioi amerikar geratzen ziren tokiko beren buruzagien apetapean. «Labur esateko», amaitu zuen jeneralak, eskuekin egin dugun guztia oinekin barreiatzen ari dira beste batzuk». «Destinoaren burla da», esan zuen Sucre mariskalak. «Badirudi hain sakon erein dugula independentziaren ideala, non herri hauek orain bata bestearengandik independizatzen ari direla». Jeneralak bizitasun handiarekin erreakzionatu zuen. «Ez itzazu etsaiaren kirtenkeriak errepika», esan zuen, nahiz eta hori bezain adoitsuak izan». Sucre mariskala desenkusatu egin zen. Argia zen, txukuna, lotsorra eta sineskeriatsua, eta baztangaren orbainek gutxitzea lortu ez zuten eztitasuna zuen aurpegian. Jeneralak, hainbeste maite zuenak, izan gabe eratsua zelako itxurak egin zituela esana zuen berataz. Pichinchan, Tumuslan, Tarquin heroi izana zen, eta hogeita bederatzi bete berriak zituela Ayacuchoko bataila aintzatsuaren agintari izan zen, zeinak likidatu baitzuen azken erreduktu espainiarra Hego Amerikan. Baina meritu hauengatik baino gehiago garaitian izan zuen bere bihotz onarengatik zegoen nabarmendua, eta bere estatista-talentuarengatik. Une hartan bere kargu guztiei uko egina zien, eta inolako militar-infularik gabe zebilen, oihal beltzezko gaineko batekin, orkatiletaraino iristen zitzaionarekin, eta beti iduna jasota inguruko muinoetatiko haize izoztuen labanetatik bere burua hobeki babesteko. Nazioarekiko bere konpromiso bakarra, eta azkena, bere gurarien arabera, Quiton diputatu gisa parte hartzea zen kongresu eratzailean. Hogeita hamabost urte beteak zituen, harrizko osasuna zuen, eta maitasunez txoraturik zegoen doa Maríana Carcelén, Solandako markesa, ia nerabea zen quitotar neskatila eder eta bihurriarekiko, zeinarekin ezkondua baitzen bi urte lehenago poderioz eta zeinarekin baitzuen sei hilabeteko alaba. Jeneralak ezin zuen hobeki gaituriko beste inor imajinatu errepublikaren presidentetzan bere ondorengo izateko. Bazekien artean bost urte falta zituela arauzko adinerako, Rafael Urdanetak pasua ixteko ezarri zuen konstituziozko mugapen batengatik. Hala ere, jenerala diligentzia konfidentzialak egiten ari zen emendakina emendatzeko. «Onar ezazu», esan zion, «eta ni jeneralisimo gisa geratuko naiz, gobernuaren inguruan birak emanez zezena behitaldearen inguruan bezala». Itxura unatua zuen, baina bere erabakia sinesgarria zen. Hala ere, mariskalak aspaldidanik zekien ez zuela inoiz berea izango eserita zegoeneko besaulkia. Lehentxeago, aurreneko aldiz presidente izateko aukera eskaini ziotenean, esan zuen ez zuela inoiz gobernatuko gero eta sistema eta norabide gorabeheratsuagoak zituen nazio bat. Bere iritzian, garbikuntzarako lehen pausoa militarrak boteretik aldentzea zen, eta kongresuari proposatu nahi zion ezein jeneralek ez zezala izan hurrengo lau urteetan presidente izateko aukerarik, behar bada Urdanetari bidea ixteko asmoarekin. Baina emendakin honen kontrako indartsuenak indartsuenak izango ziren: jeneralak berak. «Ni nekatuegi nago brujularik gabe lan egiteko», esan zuen Sucrek. Gainera, Zure Gorentasunak nik bezain ongi daki hemen ez dela presidentea beharko errebolta-bezatzailea baizik». Parte hartuko zuen kongresu eratzailean, jakina, eta haren presidente izateko ohorea bera ere onartuko zuen eskainiz gero. Baina besterik ez. Hamalau urtetako gerrek irakatsia zioten bizirik egotea baino garaitia handiagorik ez zegoela. Boliviaren presidentetzak, esku zuhurrez fundatu eta gobernatu zuen herrialde hedatsu eta ezezagunarenak, boterearen aldaberakeriak irakatsiak zizkion. Bere bihotzaren argitasunak irakatsia zion aintzaren alfertasuna. «Beraz ez, Gorentasuna», amaitu zuen. Ekainaren 13an, San Antonio egunean, Quiton egotekoa zen emaztea eta alabarekin, beraiekin onomastiko hura ospatzeko ez ezik baita etorkizunak ekarriko zizkion guztiak ere. Ze beraientzat bizi izateko erabakia, eta beraientzat soilik maitasunaren gozamenetan, hartua baitzegoen arestiko Eguberrietatik. «Besterik ez diot bizitzari eskatzen», esan zuen. Jenerala zurbil zegoen. Nik uste nuen jadanik ez neukala zertaz harriturik», esan zuen. Eta begietara begiratu zion: «Zeure azken hitza al duzu?» «Azken aurrekoa dut», esan zuen Sucrek. «Azkena Zure Gorentasunaren ontasunengatiko nire esker on betierekoa da». Jeneralak eskutada bat eman zion izterrean bere buruari loaldi erredimiezinetik esnatzeko. «Tira», esan zuen. «Neure ordez zeuk hartu didazu bizitzako azken erabakia». Gau hartan bere uko egitea erredaktatu zuen behazuna baretu nahiz okasiozko mediku batek agindu zion okeraginkari baten ondorio desmoralizatzailearen menpean. Urtarrilaren 20an kongresu eratzailea ezarri zuen adiozko hitzaldi batekin, zeinean bere presidentea, Sucre mariskala, laudorioztatu zuen jeneralik duinentzat. Laudorioak txaloaldi bat erauzi zion kongresuari, baina Urdanetarengandik hurbil zegoen diputatu batek txutxu-putxuka belarrira esan zion: «Zu baino jeneral duinago bat badagoela esan nahi du». Jeneralaren esaldia, eta diputatuaren makurkeria, bi iltze irazeki bezala geratu ziren Rafael Urdaneta jeneralaren bihotzean. Bidezkoa zen. Nahiz eta Urdanetak ez izan Sucreren meritu militar neurrigabeak, ez zegoen arrazoirik duintasun gutxiago zuenik pentsatzeko. Beraren baretasun eta iraumena jeneralak berak goratuak izan ziren, berarenganako fideltasun eta atxikimendua ongi baino hobeki frogaturik zeuden, eta mundu honetan gizon gutxi zeuden bera bezala jeneralari ezagutzeak beldurra ematen zion egiak aurrez aurre esatera ausartzen zirenak. Bere arreta-gabeziaz oharturik, jenerala saiatu zen inprimategiko frogetan emendatzen, eta jeneralik duinena jarri ordez, bere eskuz eta letraz zuzendu zuen: «duinenetariko bat». Konponketak ez zuen herra ibitu. Handik egun batzuetara, jeneralak diputatu adiskideekin izan zuen bilera batean, Urdanetak egotzi zion alde egitearen itxurak egiten ari zela ezkutuan berriro hautatua izan nahian zebilen bitartean. Hiru urte lehenago, José Antonio Páez jeneralak indarrez hartua zuen boterea Venezuelako departamenduan, Kolonbiatik banatzeko lehen ahalegin batean. Jenerala Caracasera joan zen orduan, bozkariozko kantu eta kanpai-dandara artean jendaurreko besarkada batean Páezekin onezkoak egin zituen, eta neurrien gaineko salbuespen-erregimen bat fabrikatu zion bere gogara agintzeko aukera ematen ziona. «Hor hasi zen hondamena», esan zuen Urdanetak. Ezen onespen hark granadarrekiko harremanak erabat pozoitu ez ezik, banakuntzaren izurriaz kutsatu baitzituen. Orain, amaitu zuen Urdanetak, jeneralak aberriari egin ziezaiokeen zerbitzurik hoberena agintzearen bizioari inolako luzamendurik gabe uko egitea zen, eta herrialdetik irtetea. Jeneralak suhar berberaz erantzun zuen. Baina Urdaneta gizon tatxagabea zen, hitz erraz eta sutsukoa, eta adiskidetasun handi eta aspaldiko baten hondamendiaren lekuko izanaren inpresioa utzi zuen guztien baitan. Jeneralak errepikatu egin zuen ukoa, eta don Domingo Caycedo izendatu zuen behin-behineko presidentetzat kongresuak titularra hautatzen zuen bitartean. Martxoaren lehenean gobernu-etxetik alde egin zuen zerbitzu-atetik, bere ondorengoari xanpain kopa batekin adiguri egiten ari zitzaizkion gonbidatuekin topo ez egitearren, eta inoren karrozaz joan zen Fuchako landetxera, hiriko itauzuretan bake-leku idilikoa zenera, zeina behin-behineko presidenteak prestatu baitzion. Hiritar arrunta besterik ez izatearen ziurtasun hutsak okeraginkariaren itxesa larriagotu egin zuen. Eskatu zion José Palaciosi, esna ametsetan, bere oroitzapenak idazteko bitartekoak presta ziezazkiola. José Palaciosek tinta eta berrogei urtetako oroitzapenentzat sobera zen adina eraman zion, eta berak aurre-gaztigu egin zion Fernandori, bere iloba eta amanuentseari, bere zerbitzu onak eskain ziezazkion hurrengo astelehenean goizaldeko lauretatik hasita, hura baitzuen bere ordurik hoberena herrak haragi gordinetan zituela pentsatzeko. Ilobari sarritan esan zionez, bere oroitzapen antzinakoenetik hasi nahi zuen, San Mateoko haziendan, Venezuelan izan zuen amets batetik, hiru urte bete eta handik gutxira. Amets egina zuen urrezko hortzadura zuen mando beltz bat sartua zela etxean eta areto nagusitik jakitegietaraino korritua zuela, parean aurkitu zuen guztia presarik gabe janez familia eta esklaboak siestan zeuden bitartean, harik eta jan zituen arte jantokiko gortinak, alfonbrak, lanparak, lorontziak, baxerak eta mahai-tresnak, aldareetako santuak, arropategi eta arkoiak barruan zeukaten guztiarekin, su aldeko eltzeak, ateak eta leihoak beren orpo eta aldabekin eta altzari guztiak ataritik logeletaraino, eta ukitugabe utzi zuen gauza bakarra, espazioan flotatzen, bere amaren tokadoreko ispiluaren obaloa izan zen. Baina hain ongi sentitu zen Fuchako etxean, eta airea hain zen emea hodei bizkorreko zerupean, non ez baitzuen gehiago oroitzapenez hitz egin, baizik eta egunsentiak sabanako zidor perfumatuetan zehar ibiltzeko aprobetxatzen baitzituen. Hurrengo egunetan bisitatu zutenek suspertua zelako inpresioa izan zuten. Militarrek batez ere, adiskiderik leialenek, zeinek presidentetzan irautera eragiten baitzioten nahiz eta kuartel-kolpe batez izan. Berak desadoretu egiten zituen indarraren boterea bere aintzaren duin ez zelako argudioaz, baina ez zirudien kongresuaren erabaki legitimoak berretsiko zuen esperantza baztertzen zuenik. José Palaciosek errepikatzen zuen: «Nire jaunak zer pentsatzen duen, nire jaunak soilik daki». Manuelak San Carlos palaziotik, presidenteen etxea zenetik, urrats gutxitara bizitzen jarraitzen zuen, kaletiko ahotsetara belarria erne zuela. Astean bizpahiru aldiz agertzen zen Fuchan, eta sarriago zerbait presazkorik izanez gero, komentuetako mazapan eta gozokiz kargaturik, eta kaneladun txokolate-barrekin lauretako askarirako. Gutxitan eramaten zituen egunkariak, zeren jenerala hain sentikor bihurtu baitzen kritikarekiko, ezen edozein ohar hutsalek atera baitzezakeen bere onetik. Aldiz politikaren letra xehearen berri ematen zion, saloi-maltzurkeriak, gezurtokietako augurioak, eta berak tripak bihurriturik entzun behar izaten zituen nahiz eta kontrakoak izan, ze Manuela baitzen egia baimentzen zion pertsona bakarra. Elkarri esateko handirik ez zutenean korrespondentzia arakatzen zuten edo irakurri egiten zion, edo edekanekin kartetan jokatzen, baina beti bakarrik bazkaltzen zuten. Quiton ezagutu zuten elkar zortzi urte lehenago, askapena ospatu zeneko galako dantzaldian, bera artean James Thorne doktorea, erregeordegoaren azken garaietan Limako aristokrazian erroturiko mediku ingelesaren emaztea zela. Emaztea, hogeita sei urte lehenago hil zitzaionetik, maitasun jarraitua izan zueneko azken emakumea izateaz gainera, bere konfidente, artxiboen zaindari eta irakurlerik hunkigarriena ere bazen, eta bere estatu nagusiraturik zegoen koronel-graduarekin. Urrun zeuden orain zelu-liskar batean hozkadaz ia belarria kentzeko zorian egon zeneko garaiak, baina bere hizketa hutsalenak maitasun handien gorrotozko eztandez eta kapitulazio samurrez bururatzen ziren oraindik ere. Manuela ez zen lotarako geratzen. Nahikoa astiarekin alde egiten zuen gauak bidean harrapa ez zezan, batez ere ilunabar iheskorrezko urtaro hartan. Liman, La Magdalenako landetxean gertatzen zenaz bestetara, non jeneralak aitzakiak asmatu behar izaten baitzituen urrun edukiarazteko bera dama leinargiekin, eta hainbestekoak ez ziren beste batzuekin olgetan zebilen bitartean, Fuchako landetxean ezin zela bera gabe bizi erakusten zuen. Manuelak etorri beharreko bideari so geratzen zen, amorrarazten zuen José Palacios une oro ordua galdezka, besaulkia lekuz aldatzeko eskatuz, tximinia suspertzeko, itzaltzeko, berriro pizteko, urduri eta aldarte txarrean, harik eta mendi-lepoen atzetik kotxea agertzen ikusten eta bizitza argitzen zitzaion arte. Baina urduritasun bera erakusten zuen bisita uste baino gehiago luzatzen zenean. Siestakoan ohean sartzen zen atea itxi gabe, arropak erantzi gabe eta lokartu gabe, eta behin baino gehiagotan egin zuten azken maitasun baten ahalegin-errakuntza, ze berak ez baitzuen ordurako behar adina gorputz arimari atsegina emateko, eta uko egiten zion hori onartzeari. Bere logabezia hisitiak desordenua erakutsi zuen egun haietan. Lokarturik geratzen zen edozein ordutan esaldi baten erdian korrespondentzia diktatzen ari zela, edo karta-saio batean, eta berak ere ez zekien oso ongi logura-boladak ote ziren edo zorabio pasakorrak, baina etzaten zen bezain laster argitasun-krisialdi batek itsuturik sentitzen zen. Doi-doi lortzen zuen erdi-lo basatsu bat izatea egunsentian, harik eta zuhaitz arteko bakearen haizeak berriro esnatzen zuen arte. Orduan ezin izaten zion aurre egin beste goiz batez bere oroitzapenen diktaketa atzeratzeko tentazioari, bakarrean ibilaldi bat egiteko, batzuetan bazkalordura arte luzatzen zena. Eskoltarik gabe joaten zen, bataila-zelaietan ere batzuetan lagun zituen bi txakur leialak gabe, bere zaldi epikoetako bat ere gabe, zeinak salduak izan baitzitzaizkion husareen batailoiari bidaiarako diruak gehitzeko. Alboko ibaira joaten zen lertxundi amaigabeen orbel ustelezko estalkiaren gainetik, sabanako haize izoztuetatik bikuina-pontxoaz, barrutik artile gordinez forraturiko botez, eta zeta berdezko txanoaz, lehen lo egiteko soilik erabiltzen zuenaz babesturik. Luzaroan egoten zen hausnarketan eserita ohol soltezko zubitxoaren aurrean, sahats atsekabetuen azpian, noiz edo noiz gizonen destinoarekin erkatu zuen uraren norabideetan sorgorturik, gaztaroko irakasle izan zuen don Simón Rodríguezek oso berea zuen erretorika-simil batean. Bere eskoltako batek agertu gabe jarraitzen zion, harik eta ihintzez blaiturik itzultzen zen arte, eta atariko mailadirako ozta-ozta iristen zitzaion hats-hari batekin, mazkar eta zozorbaturik, baina zoro zoriontsuaren begiekin. Hain ongi sentitzen zen ebasiozko paseo haietan, non guardia ezkutatuek zuhaitz artean soldadu-kantak kantatzen entzuten zuten bere aintza legendario eta porrot homerikoen urteetan bezala. Hobeki ezagutzen zutenek bere aldarte onaren arrazoiaz galdetzen zuten, Manuelak berak ere zalantzak zituen ez ote zuen beste behin errepublikaren presidentetzarako berretsiko berak miresgarritzat jo zuen kongresu eratzaileak. Hautapen-egunean, goizeko paseoaldian, jaberik gabeko erbi-txakur bat ikusi zuen sastraka artean galeperrekin olgetan. Morrosko-txistu bat egin zion, eta animalia tanpez gelditu zen, bilatu zuen belarriak tente, eta ruana ia arrastaka eta florentziar pontifize-txanoarekin aurkitu zuen, Jainkoaren eskuetatik bertan behera utzirik hodei iraduen eta lautada baztergabearen artean. Patxadaz usnatu zuen, berak zarpa eri-mokoez laztantzen zion bitartean, baina gero bat-batean aldendu zen, begiratu zion bere urrezko begiez, jaregin zuen larderiazko marmuka bat eta izuturik alde egin zuen. Bidezidor ezezagun batetik jazartzen ari zela, jenerala noraezean kalexka lokazturiko eta adobezko etxe teilatu-gorriekiko herbarren batean aurkitu zen, zeinen patioetan igotzen baitzen esne-eraisketaren lurrina. Bat-batean, oihua entzun zuen: «Longanizo!» Ez zuen izan astirik ukuiluren batetik jaurtiki zioten bekorotzari iskintxo egiteko eta paparraren erdian lehertu zitzaion eta aurpegia zipriztindu zion. Baina oihua izan zen, behi-kakaren eztanda baino gehiago, presidenteen etxea utzi zuenetik aurkitzen zeneko baldiduratik iratzartu zuena. Ezaguna zuen granadatarrek ezarri zioten goitizena, utileriako bere uniformeengatik kaleko zoro ospetsu batek zuena bera zen. Beren buruak liberaltzat zeuzkaten senatarietako batek ere horrela deitu zuen kongresuan, bere absentzian, eta bi besterik ez ziren altxa protesta egiteko. Baina ez zuen inoiz haragi bizian sentitu. Aurpegia ruanaren ertzaz garbitzeari ekin zion, eta artean amaitu ez zuela ikusi gabe jarraitzen zion jagolea zuhaitzen artetik sortu zen ezpata biluziarekin laidoa zigortzeko. Berak sumin-bristada batez kiskali zuen. «Eta zuk zer arraio egiten duzu hemen?», galdetu zion. Ofiziala koadratu egin zen. «Aginduak betetzen ditut, Gorentasuna». «Ni ez naiz zure gorentasuna», ihardetsi zion. Bere kargu eta tituluez hainbesteko aiherraz gabetu zuen, non ofiziala pozik geratu baitzen botere gehiago ez izateagatik errepresalia uzuago baterako. José Palaciosi berari ere, hainbeste ulertzen zuenari, lanak eman zizkion bere zorroztasuna ulertzeak. Egun txarra izan zen. Goiza etxean biraka eman zuen Manuelari itxaroten zion artegatasun berarekin, baina mundu guztiak igarri zion oraingoan ez zegoela Manuelarengatiko agonian baizik eta kongresutiko albisteengatik. Minutuz minutu saiatzen zen sesioaren zertzeladak kalkulatzen. José Palaciosek hamarrak zirela erantzun zionean, esan zuen: Demagogoek aharrantza egiteko gogo handia badute ere, honez gero hasi bide dira botoa ematen». Gero, gogoeta luze baten ondoren, ahots goraz galdetu zuen: «Nork jakin lezake zer pentsatzen duen Urdaneta bezalako gizon batek?» José Palaciosek bazekien jeneralak bazekiela, zeren Urdanetak atergabe aldarrikatu baitzituen alderdi guztietan bere herraren zioak eta tamaina. José Palacios pasatu zen une batean, jeneralak oharkabean galdetu zion: Noren alde emango duela Sucrek botoa uste duk? José Palaciosek berak bezain ongi zekien Sucre mariskalak ezin zuela botorik eman, zeren egun haietan Venezuelara bidaian joana baitzen Santa Martako apezpikua zen monseñor José María Estévezekin batera, kongresuaren misio batean banaketa-terminoak negoziatzeko. Beraz ez zen gelditu erantzuteko: Inork baino hobeki dakizu zerorrek, jauna». Jeneralak lehendabiziko aldiz egin zuen irribarre paseo nardagarritik itzuli zenetik. Bere jangura alderraia gorabehera, ia beti hamaikak aurretik esertzen zen mahaira arrautza epel bat jateko oporto kopakada batekin, edota gazta-azalari pitinka ekiteko, baina egun hartan terrazatik bidea zaintzen geratu zen besteak bazkaltzen ari ziren bitartean, eta hain sorgorturik egon zen non José Palacios bera ere ez zen gaitzi izatera ausartu. Hiruak pasatu ondoren salto batez zutitu zen, mandoen trosta hautematean mendi-lepotik Manuelaren zalgurdia agertu baino lehen. Lasterka joan zitzaion bila, ireki zion atea jaisten laguntzeko, eta aurpegia ikusi zion unetik jakin zuen albistea. Don Joaquín Mosquera, Popayángo etxe leinargi bateko lehensemea, izan zen errepublikaren presidente hautatua ahobatezko erabakiz. Bere erreakzioa ez zen ez amorruzkoa ez desengainuzkoa izan, txundimenezkoa baizik, zeren berak iradoki baitzion kongresuari don Joaquín Mosqueraren izena, onartuko ez zuelakoan ziur. Gogoeta sakonean murgildu zen, eta ez zuen hitz egin askarira arte. Boto bakar bat ere ez niretzat?», galdetu zuen. Ezta bakar bat ere. Hala ere, geroago bisita egin zion diputatu atxikiz eraturiko delegazio ofizialak, azaldu zion bere aldekoak ados jarri zirela boto-ematea ahobatezkoa izan zedin, lehia parekatu batean bera galtzaile bezala ager ez zedin. Hain zegoen bera gaitziturik, non ez baitzirudien maniobra galant haren sotiltasuna preziatu zuenik. Aldiz, pentsatzen zuen bere aintzarentzat duinago izango zatekeela lehendabiziko aldian auko egin zuenean hartu izan baliote. «Azken finean», hasperen egin zuen, «demagogoek irabazi dute berriro, eta partida bikoitzez». Hala ere, ongi zaindu zuen bere burua aurkitzen zeneko asaldura-egoera nabari ez zekion, atarian adio esan zien arte. Baina artean zalgurdiak ez ziren bistatik galdu eta eztul-krisi batek jota erori zen, eta honek landetxea dardara gainean eduki zuen ilunabarrera arte. Ahuku ofizialeko kideetako batek esan zuen kongresua hain zuhurra izan zela bere erabakian, non errepublika salbatu zuen. Berak ez zion jaramonik egin. Baina gau hartan, Manuelak katilukada bat salda hartzera behartzen zuen bitartean, esan zion: Ezein kongresuk ez du inoiz errepublikarik salbatu». Oheratu baino lehen bere laguntzaileak eta zerbitzuko jendea bildu zituen, eta bere uko egite susmagarrien ohizko solemnetasunez iragarri zien: «Bihar bertan noa herrialde honetatik». Ez zen biharamunean bertan izan, baina lau egun geroago izan zen. Bitartean galdutako neurritasuna berreskuratu zuen, adio-proklama bat diktatu zuen, zeinean bihotzaren ajeei ez baitzien nabarmentzen uzten, eta hirira itzuli zen bidaia prestatzeko. Pedro Alcántara Herrán jenerala, gobernu berriaren gerra eta marina ministroak, La Enseñanza kaleko bere etxera eraman zuen, ez hainbeste ostatu emateko, baizik eta gero eta beldurgarriago bihurtzen ari ziren herio-mehatxuetatik babesteko. Santa Fetik alde egin baino lehen baliozko gauza gutxiak saldu egin zituen bere diru-kutxak hobetzeko. Zaldiez gainera Potosíko garai oparoetako zilarrezko baxera bat saldu zuen, eta Moneta Etxeak balio metaliko soilean tasatua baitzuen ez bere artisautzaren apainduria ez bere meritu historikoak kontutan hartu gabe: bi mila eta bostehun peso. Azken kontuak atera ondoren, eskudirutan hamazazpi mila eta seiehun peso eta hirurogei zentabo zeramatzan, zortzi mila pesotako librantza bat Cartagenako altxor publikoaren kontra, kongresuak izendatu zion bizitzaldi osorako pentsio bat, eta seiehun ontzako urre pasatuxe kutxa ezberdinetan banatuak. Hauxe zen ondasun pertsonalen saldo tamalezkoa, jaio zen egunean Ameriketako aberatsenetakotzat jotzen zena. José Palaciosek presarik gabe bidaiaren goizean atondu zuen ekipaian bera janzketa amaitzen ari zen bitartean, asko erabilitako barne-arropazko bi aldagarri besterik ez zituen, jantzi eta erantzirako bi alkandora, gerrako kasaka botoi-zerrenda bikoitzarekin ustez Atahualparen urreaz forjatuak zirenak, zetazko lo-txanoa eta kapelu gorri bat Sucre mariskalak Boliviatik ekarri ziona. Oinetan janzteko etxeko pantuflak eta aldean eramango zituen txarolezko botak besterik ez zuen. José Palaciosen kutxa pertsonaletan, botikina eta balioko beste gauza banaka batzuekin, Rousseauren Contrato Social, eta Raimundo Montecuccoli, jeneral italiarraren El Arte Militar zeramatzan, Napoleon Bonaparterenak izandako eta bere edekanaren aitak, sir Robert Wilsonek opari egindako bi bitxi bibliografiko. Gainerakoa hain zen urria, non den-dena soldadu-zakuto batean inbututurik kabitu baitzen. Berak ikustean, ahuku ofiziala itxaroten zeukan aretora irteteko prest, esan zuen: «Sekula ez genukeen sinetsiko, ene José maitea, hainbeste aintza zapata baten barruan kabi zitekeenik». Bere zazpi mando zamarietan, hala ere, bazihoazen beste kaxa batzuk domina eta mahai-tresna urrezkoekin eta balio pixka bateko gauza ugarirekin, paper pribatuzko hamar kutxa, bi liburu irakurriz beteak eta bosten bat gutxienez arropazkoak, eta zenbait kaxa era guztietako gauza on eta txarrez beteak, inork zenbatzeko egonarririk izan ez zuelarik. Hala ere, hiru urte lehenago Bolivia eta Kolonbiako presidente eta Peruko diktadore botere hirukoitzaz jantzirik, Limatik itzuli zeneko ekipaiaren itzala ere ez zen hura: hirurogeita hamabi kutxa eta laurehun kaxa baino gehiagoko zamari saila, balioa ezarri ez zitzaien ezin zenbatu ahala gauzarekin. Ordukoan seiehun liburu baino gehiago utziak zituen Quiton, eta inoiz ez zen berreskuratzen saiatu. Ia seiak ziren. Lanbro milenarioak pausaldi bat egin zuen, baina munduak arre eta hotz jarraitzen zuen, eta tropak harturiko etxeari kuartel-sunda zerion. Husare eta granadariak tropelean jaiki ziren korridorearen barrenetik jeneral isiltia bere edekanekin hurbiltzen ikustean, berde goiznabarreko erlantzean, ruana bizkarrean zeharretara zuela eta oraindik aurpegiko itzalak gehiago iluntzen zizkion ginbail hegal-handi batekin. Kolonia-uretan blaituriko mukizapi batez estaltzen zuen ahoa, Andeetako sineskeria zahar baten arabera, aire txarretatik babesteko brauki afrontura irteteagatik. Ez zerabilen bere mailaren intsigniarik eta ez zitzaion behialako aginpide neurrigabearen aztarna txikienik ere geratzen, baina boterearen halo magikoak bestelako bihurtzen zuen ofizialen segizio zaratatsuaren erdian. Bisita-aretora jo zuen, barne-lorategia inguratzen zuen zerriz tapizaturiko korridoretik astiro ibiliz, parean pasatzean koadratzen zitzaizkion guardiako soldaduekiko axolagabe. Aretoan sartu aurretik mahukaren eskumuturrean gorde zuen mukizapia, ordurako elizgizonek soilik egiten zutenez, eta soinean zekarren kapela edekanetako bati eman zion. Etxean beilan egon zirenez gain, beste militar eta zibil batzuk ari ziren etortzen egunsentiaz geroztik. Kafea hartzen ari ziren talde sakabanatutan, eta janzkera goibel eta ahots mozalduek giroa solemnetasun hitsez arraroturik zeukaten. Diplomatiko baten ahots zorroztua gailendu zen bat-batean txutxu-putxuen gainetik: «Hileta ematen du honek». Esan zuen orduko, aretoko klima ase zuen koloni uraren lurrina hauteman zuen bere bizkarraldetik. Orduan bihurtu egin zen kikarakada kafe ke-jariotsua erpurua eta erakuslearen artean zuela, eta artegatu egin zuen sartu berria zen fantasmak ez esatekoa entzun ote zion. Baina ez: nahiz eta jeneralak Europara egindako azken bisita hogeita lau urte lehenago izan, oso gazte zela, europar oroiminak sarkorragoak ziren bere herrak baino. Beraz diplomatikoarengana hurbildu zen lehenik ingelesekiko zuen konplimendu apartekoarekin agur egiteko. «Aurtengo udazkenean ez ahal da izango laino askorik Hyde Parken», esan zion. Diplomatikoak ezbai-une bat izan zuen, zeren azken egunetan entzuna baitzuen jenerala hiru toki ezberdinetara zihoala, eta bat ere ez zen Londres. Baina berehala baitaratu zen. «Ahaleginak egingo ditugu gau eta egun eguzkia egon dadin Zure Gorentasunarentzat», esan zuen. Presidente berria ez zegoen bertan, ze kongresuak absentzian hautatu baitzuen eta hilabete baino gehiago beharko zuen Popayándik iristeko. Haren izenean eta tokian Domingo Caycedo jenerala zegoen, presidenteorde hautatua, zeinaz esan baitzuten errepublikako edozein kargu estu zetorkiola, zeren errege baten portaera eta prestatutasuna baitzituen. Jeneralak adeitasun handiarekin agurtu zuen, eta burla-airez esan zion: «Ba al dakizu ez dudala baimenik herrialdetik irteteko? Esaldi hau barre-algara batez hartu zuten guztiek, bahiz eta guztiek jakin ez zela txantxa bat. Caycedo jeneralak agindu zion Hondara bidaliko ziola hurrengo postaz pasaporte baliagarri bat. Ahuku ofiziala hiriko artzapezpiku, presidente kargudunaren anaiak, eta beste gizon behinen eta goi-mailako funtzionarioek osatzen zuten beren emazteekin. Zibilek zamarroak zerabiltzaten eta militarrek zaldi-botak, zeren proskribatu txit argia zenbait legoaz laguntzeko asmoa baitzuten. Jeneralak muin egin zien artzapezpikuaren eraztunari eta andreen eskuei, eta samurtasunik gabe estutu zituen zaldunenak, zeremonial gantzutsuaren maisu guztizko, baina hiri bikun haren izaeratik erabat kanpo, zeinaz behin baino gehiagotan esana baitzuen: «Hau ez da nire teatroa». Agurtu zituen guztiak aretoko ibilian aurkitu zituen ordenuan, eta bakoitzarentzat delibero osoz urbanitatezko eskuliburuetan ikasitako esaldi bat izan zuen, baina ez zion inori begietara begiratu. Ahotsa metalezkoa zuen eta sukarrez arrakalatua, eta bere karibetar mintza-doinua, hainbeste bidai urtek eta gerra-aldaketak otzandu ez zutena, gordinago sentitzen zen andetarren ahoskera biziotsuaren aurrez aurre. Diosalak amaitu zituenean, behin-behineko presidentearengandik granadar prestu ugarik sinaturiko plegu bat eman zion, zeinek adierazten baitzioten herrialdearen esker ona hainbeste urtetako bere zerbitzuarengatik. Guztien isiltasunarekin irakurtzen ari zelako itxura egin zuen, zeren ez baitzukeen ikusi ahal izango betaurreko gabe hura baino ere kaligrafia handiagoa ere. Guztiarekin ere, amaitu zuelako itxura egin zuenean esker onezko hitz labur batzuk zuzendu zizkion ahukuari, hain egokiak abagunerako, non inork ez baitzukeen esango dokumentua irakurri ez zuenik. Azkenik bistaz aretoa korritu zuen, eta artegatasun apur bat ezkutatu gabe esan zuen: «Ez al da etorri Urdaneta?» Behin-behineko presidenteak jakinarazi zion Rafael Urdaneta jenerala tropa erreboltatuen atzetik joana zela José Laurencio Silva jeneralaren aurre-zainketazko misioa indartzeko. Norbaiten ahotsa entzun zen orduan beste ahotsen gainetik: «Sucre ere ez da etorri». Ezin zuen jaramonik egin gabe pasatu eskatu gabeko albiste hark zeukan intentzio-karga. Haren begiek, ordura arte itzali eta uzkurrek, leinuru sukartsuz distiratu zuten, eta nori jakin gabe ihardetsi zuen: «Ayacuchoko Mariskal Handiari gaitzi ez izatearren ez zaio bidai ordua jakinerazi». Agi zenez, ez zekien orduan Sucre mariskala bi egun lehenago iritsia zela Venezuelako bere misio porrot eginaren aurretik, non bere lurraldera sartzea debekatu baitzioten. Inork ez zion jenerala bazihoanik jakinarazi, behar bada inori burura ezin zekiokeelako hori jakiten lehena ez zenik. Jos Palaciosek une txar batean jakin zuen, eta gero ahaztua zuen azken orduetako kalapitetan. Ez zuen saihestu, noski, abisatu ez zitzaiolako Sucre mariskala mindurik egon zitekeelako ideia txarra. Alboko jantokian, mahaia zerbitzaturik zegoen gosari kriollo bikainerako: orrizko marrakukuak, arrozezko odolkiak, arrautza nahasiak kazolatan, ogi-gozozko aukera oparoa puntilazko oihaletan, eta tupinak txokolate kiskalgarri eta trinkoz beteak urai perfumatua bailitzen. Etxeko jabeek atzeratu egin zuten gosaria ea berak buru izatea onartzen zuen, nahiz eta jakin goizean ez zuela ezer hartzen mitxoleten ura eta arabiar goma izan ezik. Nolanahi ere, doa Amaliak konplitu egin zuen mahaiburuan gorde zion poltronan esertzera gonbidatu zuenean, baina berak uko egin zion ohoreari eta irribarre formal batekin zuzendu zen guztiengana. «Nire bidea luzea da», esan zuen. «On egin». Zutitu zen behin-behineko presidentearengandik despeditzeko, eta honek besarkada eskerga batekin erantzun zion, zeinak guztiei jeneralaren gorputza zeinen txikia zen egiaztatzeko aukera eman baitzien, eta adio esateko orduan zeinen babesgabe eta ahul agertzen zen. Gero guztien eskuak estutzeari ekin zion berriro, eta andreen eskuei muin egiteari. Doña Amaliak ahaleginak egin zituen atertu arte eradukitzeko, nahiz eta jeneralak bezain ongi jakin ez zuela atertuko mendeari falta zitzaion enparauan. Gainera, hainbeste igartzen zitzaion lehenbailehen alde egiteko gogoa, non berandutzen ahalegintzeari aldrebeskeria baitzeritzon. Etxejabeak zalkortetaraino gidatu zuen lorategiko lanbro ikusezinaren pean. Ahalegindua zen laguntzen besotik eramanez hatzen erpinekin, beirazkoa balitzen, eta harritu egin zuen larruaren azpitik zirkulatzen zuen energi tentsioak, gorputzaren errumeskeriarekin inolako zerikusirik ez zuen erreka ezkutua bezala. Gobernuaren, diplomaziaren eta indar militarren ordezkariek, orkatiletarainoko lokatza eta euriaz zopaturiko longainekin, itxaroten zioten bere lehen ibil-egunean laguntzeko. Inork ez zekien ziur esateko, hala ere, nortzuk laguntzen zuten adiskidetasunez, nortzuk babesteko, eta nortzuk benetan bazihoala ziur egoteko. Berarentzat apartaturik zegoen mandoa espainiar merkatari batek bere koatrero-sumarioa deuseztatzearen truke gobernuari eman zizkion ehun zamarietarik hoberena zen. Jeneralak palafrenariak eskainitako barreran zeukan jadanik bota, gerra eta marinako ministroak dei egin zionean: «Gorentasuna». Berak ez zuen zirkinik egin, oina barreran zuela, eta zelari bi eskuez eusten ziola. «Gera zaitez», esan zion ministroak, «eta egizu azken sakrifizioa aberria salbatzeko». «Ez, Herrán», ihardetsi zion berak, «jadanik ez dut aberririk haren alde sakrifikatzeko». Azkena zen. Simón José Antonio de la Santísima Trinidad Bolívar y Palacios betiko zihoan. Espainiar domeinuari erauzia zion Europak baino bost bider hedatuagoa zen inperioa, hogei urtetako gerrak gidatuak zituen libre eta baturik eusteko, eta esku irmoz gobernatua zuen aurreko astera arte, baina alde egiteko orduan sinesten zioten kontsolamendurik ere ez zeraman. Zinez bazihoala, eta nora zihoan jakiteko adina argitasun izan zuen bakarra, diplomatiko ingelesa izan zen, zeinak idatzi baitzion bere gobernuari txosten ofizialean: «Geratzen zaion denbora ozta-ozta izango du hilobira iristeko adina».
Jenerala bere labirintoan |