Jenerala bere labirintoan
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkar, 1990

 

 

        Ekainaren 16an, asteazkenez, jakin zuen kongresuak eman zion bizitzarako pentsioa gobernuak berretsia zuela. Mosquera presidenteari ironia gabea ez zen gutun formal batez erantzun zion, eta gutunaren diktaketa amaitzean esan zion Fernandori José Palaciosen plural maiestatikoa eta enfasi errituala imitatuz: «Aberatsak gara». 22an, asteartez, jaso zuen pasaportea herrialdetik irteteko, eta airean astindu zuen esanez: «Libreak gara». Handik bi egunetara, ordubete gaizki lo egin eta esnatzean, zabaldu begiak hamakan eta esan zuen: «Tristeak gara». Orduan berehala Cartagenara bidaia egitea erabaki zuen, egun goibela eta hozkirria aprobetxatuz. Bere agindu berezi bakarra izan zen bere ahukuko ofizialek zibilez eta armarik gabe bidaiatzea. Ez zuen inolako argitasunik eman, ez zuen inolako seinalerik egin bere zioak nabariarazteko aukeraren bat emanez, ez zion inorengandik despeditzeko astirik eman bere buruari. Guardia pertsonala prest jarri zen bezain laster alde egin zuen, eta karga gerorako utzi zuten ahukuaren enparauarekin.

        Bere bidaietan, jeneralak bidenabarreko geldialdiak egiten zituen bidean topatzen zuen jendearen arazoak ikertzeko. Guztiaz galdetzen zien: seme-alaben adina, gaixotasun-motak, negozioen egoera, guztiaz pentsatzen zutena. Orduan ez zuen hitzik esan, ez zuen urratsa aldatu, ez zuen eztulik egin, ez zuen neke-seinalerik adierazi, eta kopakada bat oportorekin bizi izan zuen eguna. Arratsaldeko laurak aldera La Popa muinoko komentu zaharra islatu zen horizontean. Letari garaia zen, eta errepidetik ikusten ziren erromes-lerroak inurri zamariak bezala erlaitz malkarrean gora. Handik gutxira urrunean harraparien orban betierekoa ikusi zuten biribilean hegaz merkatu publikoaren eta hiltegiko uren gainean. Murruak ikustean jeneralak keinu bat egin zion José María Carreñori. Honek heldu eta bere aztorezain-besomutur sendoa jarri zion irozkaitzat. «Konfiantzazko misioa dut zuretzat», esan zion jeneralak ahapeka. «Iritsitakoan, Sucre nondik dabilen jakidazu». Ohizko despedida-ahurkadatxoa bizkarrean eman eta amaitu zuen:

        «Gure artean, jakina».

        Montilla buru zuen ahuku ugari bat zain zeukan errepidean, eta jeneralak beharturik ikusi zuen bere burua mandeme alaizko uztarri batek tiraturiko espainiar gobernariaren antzinako karrozan bidaia bukatzera. Ordurako eguzkia beheraka hasita zegoen arren, mangle-abarreriak irakiten ziruditen beroarengatik hiriaren inguruko zingira hiletan, zeinen lurrun kiratsa jasangaitzagoa baitzen badiako urena baino, mende batez usteldurik baitzeuden hiltegiko odolaz eta soberakinez. Ilargi Erdiaren atetik sartu zirenean, harrapari uxatuzko haizetzar bat jaiki zen airepeko merkatutik. Artean izu-arrastoak zeuden amorrugaitzak jotako txakur batek goizean adin ezberdinetako zenbait pertsonari hozka egina zielako, haien artean Gaztelako emakume zuri bati ez zegokion tokian kuxkuxean zebilelako. Esklaboen auzategiko haur batzuei ere hozka egina zien, baina berek harrika hiltzea lortu zuten. Gorpua zuhaitzetik zintzilik zegoen eskolako atean. Montilla jeneralak errautsarazi egin zuen, osasunbidezko arrazoiengatik ez ezik, baita haren malefizioa afrikar aztikeriez araotzea eragozteko ere.

        Esparru murruduneko populazioa, bando presazko batez deiturik, kalera irtena zen. Arratsaldeak luzatuak eta gardenak izaten hasiak zeuden ekaineko solstizioan, eta bazeuden lore-girlandak eta manolaz jantziriko emakumeak balkoietan, eta katedraleko kanpaiak eta errejimendu-musikak eta artileri salbek itsasorainoko trumoi-hotsa ateratzen zuten, baina ezerk ez zuen lortzen estali nahi zuten miseria ibitzerik. Kotxe zaharkitutik kapelaz agurka, jeneralak derrigorrean zeukan bere burua lastimazko argipean ikusi beharra, harrera arlote hura 1813ko abuztuan Caracasen egin zuen triunfozko sarrerarekin, erramuz koroaturik hiriko dontzeila ederrenek tiraturiko karroza batean, eta negar-malkoz bustiriko jendetza batean erdian, zeinak egun hartan betierekotu baitzuen. «Askatzailea» bere aintza-izenaz. Caracas artean probintzia kolonialeko populazio urrundu bat zen, itsusia, tristea, motza, baina Avilaren arratsaldeak erdiragarriak ziren nostalgian.

        Hark eta honek ez zuten ematen bizitza bereko oroitzapenak zirenik. Zeren Indietako Cartagena txit zintzo eta txit heroikoa, zenbait alditan erregeordegoaren hiriburu eta mila bider munduko ederrenetarikotzat kantatua, ez baitzen orduan izandakoaren itzalik ere. Bederatzi setialdi militar jasanak zituen, lehorrez eta itsasoz, eta behin baino gehiagotan zakuratu zuten kortsarioek eta jeneralek. Hala ere, ezerk ez zuen independentzi borrokek adina erromestu, eta gero fakzioen arteko gerrek. Urrearen garaiko familia aberatsak ihes eginak ziren. Antzinako esklaboak jitoan geratu ziren askatasun alferrean, eta arloteriak harturiko markesen palazioek katuak bezain arratoi handiak jaregiten zituzten kaleetako sastegian. Felipe IIak El Escorialeko begiratokietatik bere largabistako aparatuez ezagutu nahi izan zuen gotorgune menperaezinezko gerrikoa, doi-doi imajina zitekeen sasi artean. XVII mendean esklaboen trafikoarengatik joriena izana zen merkataritza herexetan zeuden denda batzuetara mugaturik zegoen. Ezinezkoa zen aintza ataloi irekietako sundarekin adiskidetzea. Jeneralak hasperen egin zuen Montillaren belarrira:

        «Bai garestia kosta izan zaigula independentzia kakazu hau!»

        Montillak hiritarren floria bildu zuen gau hartan La Factora kaleko bere jauretxean, non malbizi izan baitzen Valdehoyoseko jaun markesa eta dirutu, andere markesa irinaren kontrabandoa eta esklaboen trafikoarekin. Bazko-argiak piztuak zeuden etxe nagusietan, baina jeneralak ez zuen ilusiorik egiten bere kautan, zeren bai baitzekien Kariben edozer eratako edozer kausa, heriotza-leinargi bat ere bai, parranda publiko baterako zio izan zitekeela. Izan ere, festa faltsu bat zen. Baziren zenbait egun papelutxa laidagarriak zirkulatzen ari zirela, eta kontrako alderdiak bere pandilak xaxatuak zituen leihoak harrikatu eta poliziarekin makilaka pelea zitezen. «Gaitz-erdi ia ez zaigula beirarik ere hausteko geratzen», esan zuen Montillak ohizko bere umoreaz, herri-sumina bere kontra areago zela jabeturik jeneralaren kontra baino. Errebortxatu zituen guardiako granadariak tokiko tropekin, kordondu zuen sektorea, eta debekatu egin zuen kaleak zeukan gerra-egoera bere ostariari kontatzea.

        Raigecourt kondea gau hartan jeneralarengana joan zen esatera Boca Chicako gaztelutik begipean zegoela pakebote ingelesa, baina bera ez zihoala. Arrazoi publikoa izan zen ez zuela partekatu nahi ozeanoaren neurri gabetasuna ganbarote bakarrean mordoskaturik zihoazen emakume talde batekin. Baina egia zera zen, Turbacoko bazkari mundukoia gorabehera, oilartokiko abentura gorabehera, jeneralak bere osasunaren zorigaitzei gaina hartzeko egin zuen guztia gorabehera, kondea konturatzen zen ez zegoela bidaiari ekiteko eran. Pentsatzen zuen agian bere adoreak jasango zuela zeharbidea, baina baita bere gorputzak ere, eta ez zeukan heriotzari mesede egiteko gogorik. Hala ere, ez arrazoi hauek ez beste askok ez zuten balio izan gau hartan jeneralaren deliberamendua aldatzeko.

        Montillak ez zuen kuku egin. Goiz despeditu zituen bere gonbidatuak gaixoak atsedena hartu ahal zezan, baina artean puska luze batena eduki zuen barne-balkoian, neskatila nerabe mengel batek muselinazko tunika ia ikusezinean amodiozko zazpi erromantza harpan jotzen zizkien bitartean. Hain ziren ederrak, eta hainbesteko samurtasunez zeuden exekutatuak, non bi miliarrek ez baitzuten bihotzik izan hitz egiteko itsas brisak musikaren azken errautsak airetik garbitu ez zituen arte. Jenerala lozorroturik egon zen kulunkaulkian, harparen uhinetan flotatzen, eta bat-batean barrutik dardarizatu eta ahapeka kantatu zuen, baina aratz eta ongi doinuraturik, azken kantaren letra osoa. Azkenean harpajolearengana bihurtu zen arimatik irten zitzaion esker on bat murmurikatuz, baina harpa besterik ez zuen ikusi erramu zimelezko girlanda batekin. Orduan gogora etorri zitzaion.

        «Bada gizon bat preso Hondan homizidio justifikatuz», esan zuen.

        Montillaren barreak aurre hartu zion bere txinpartari:

        «Zer koloretakoak ditu adarrak?»

        Jeneralak ez zion jaramonik egin, eta xehetasun guztiekin argitu zion kasua, Jamaikan Miranda Lyndsayrekin izan zuen aurreko pertsonala izan ezik.

        «Hona lekuz alda dezatela eskatu behar du osasun-arrazoiengatik», esan zuen. «Hemen dagoenean indultua maneiatuko dugu».

        «Ba al liteke hori?», galdetu zuen jeneralak.

        «Ezin liteke», esan zuen Montillak, «baina egin egiten da».

        Jeneralak begiak itxi zituen, bat-batean aztoratu ziren gaueko txakurren eskandaluaz ohartzeke, eta Montillak pentsatu zuen atzera lokar hartu zuela. Gogoeta sakonaren ondoren berriro begiak ireki eta artxibatu egin zuen arazoa.

        «Ados», esan zuen. «Baina nik ez dakit ezer».

        Gero erreparatu zien soilik esparru murrudunetik zingira urrunduenetaraino uhin zentrukidetan hedatzen ari ziren zaunkei, non baitzeuden txakur trebatuak beren zaunka ez egitearen artean beren jabeak ez salatzeko. Montilla jeneralak kontatu zion kaleko txakurrak pozoitzen ari zirela amorrua zabal ez zedin. Esklaboen auzategien hozka egindako haurretako bi soilik lortu zuten harrapatzea. Besteak, beti bezala, gurasoek ezkutatu zituzten beren jainkoen pean hil zitezen, edo Marilabajako zingiretako basatien barrutietara eramaten zituzten, gobernuaren besoa iristen ez zen tokira, sugekari-arteekin salbatzen ahalegintzeko.

        Jeneralak ez zuen inoiz saiorik egin patuzko erritu haiek ezabatzeko, baina txakurren pozoitzeari ez zion giza kondizioarentzat duin iritzi. Zaldiak eta loreak adina maite zituen. Lehen aldiz Europarako ontzia hartu zuenean txakurkume pare bat eraman zuen Veracruzeraino. Hamar baino gehiago zeramatzan Andeak zeharkatu zituenean Venezuelako Lautadetatik laurehun lautadari oinutsen buru zihoala Nueva Granada askatzeko eta Kolonbiako errepublika sortzeko. Gerra beti eraman izan zituen. Nevado, ospetsuena, berarekin lehen kanpainetatik egon zena eta armada espainiarren hogei txakur sarraskigileko brigada bati bakarrik porrot eragin ziona, lantzakada batez hil zuten Caraboboko lehen batailan. Liman, Manuela Sáenzek zaindu zitzakeenak baino gehiago eduki zituen, La Magdalena landetxean zeuzkan era guztietako animalia ugariez gainera. Norbaitek esana zion jeneralari txakur bat hiltzen zenean beste berdin batez ordeztu behar zela izen berdinarekin bera zela sinesten jarraitzeko. Bera ez zegoen ados. Beti ezberdin nahi izan zituen, beren begietako jorana eta beren arnasaren artegarekin, eta beren heriotzek min eman ziezaioten. Irailaren 25eko gau txarra zinpetuek lepo egin zituzten bi ehiza-txakurrak kontarazi zituen asaltoaren biktimen artean. Orain, azken bidaian, geratzen zitzaizkion biak zeramatzan, ibaina jaso zuten tigrekara purtzilaz gainera. Montillak eman zion albisteak, lehen egunean soilik berrogeita hamar txakur baino gehiago pozoitu zituztelakoak, amodioaren harpak utzi zion aldarte-egoera erabat hondatu zion.

        Montillak benetan deitoratu zuen eta gehiago ez zela txakur hilik kaleetan izango agindu zion. Promesak baretu egin zuen, ez beteko zenik sinesten zuelako, baizik eta bere jeneralen asmo onek kontsolabide zituelako. Gauaren distira kargutu zen gainerakoaz. Patio argitutik gora jasminen lurruna zetorren, eta aireak diamantezkoa zirudien, eta zeruan inoiz baino izar gehiago zegoen. «Andaluzia apirilean bezala», esan zuen berak beste garai batean, Kolon gogoraraziz. Kontrako haize batek garbitu zituen zaratak eta usainak, eta olatuen trumoia soilik geratu zen murruetan.

        «Jenerala», erregutu zion Montillak. «Ez zaitez joan».

        «Ontzia portuan dago», esan zuen berak.

        «Izango dira beste batzuk», esan zuen Montillak.

        «Berdin dio», ihardetsi zuen berak. «Guztiak izango dira azkenak».

        Ez zuen zipitzik amore eman. Erregu galdu ugariren buruan, Montillari ez zitzaion beste irtenbiderik geratu gertakarien bezpera arte emandako hitzaren pean gordeko zuela zin egin zuen sekretua agertzea baino: Rafael Urdaneta jenerala, ofizial bolivaristen buru zela, estatu-kolpe bat prestatzen ari zen Santa Fen irailaren lehen egunetarako. Montillak espero zuenaz alderantzitara, jeneralak ez zirudien harritua.

        «Ez nekien», esan zuen, «baina erraza zen imajinatzen».

        Montillak orduan konspirazio militarraren xehetasunak agertu zizkion, zeina ordurako herrialdeko goarnizio leial guztietan baitzegoen, Venezuelako ofizialen akordioarekin. Jeneralak sakon pentsatu zuen. «Ez du zentzurik», esan zuen. «Benetan Urdanetak mundua konpondu nahi badu, moldatu dadila Páezekin eta berriro errepika dezala azken hamabost urteotako historia Caracasetik Limaraino. Hortik aurrerakoa paseo zibiko bat izango da Patagoniaraino». Hala ere, lotara alde egin aurretik ate bat erdi-irekita utzi zuen.

        «Sucrek ba al daki?», galdetu zuen.

        «Kontra dago», esan zuen Montillak.

        «Urdanetarekin duen auziarengatik, noski», esan zuen jeneralak.

        «Ez», esan zuen Montillak, «Quitora joatea eragozten dion guztiaren kontra dagoelako».

        «Dena dela ere, berarekin hitz egin behar duzue», esan zuen jeneralak. «Nirekin denbora galtzen ari zarete».

        Bere azken hitza zirudien. Hainbesteraino, non biharamunean goizean goizetik José Palaciosi ekipaia ontziratzeko agindua eman baitzion pakebotea badian zegoen bitartean, eta ontziaren kapitainari arratsaldean Santo Domingo gotorlekuaren aurrean ainguratu zezala eskatzera bidali zuen, berak etxeko balkoitik ikusteko eran. Hain xedapen zehatzak izan ziren, non berekin nortzuk bidaia egingo zuten ez esateagatik, bere ofizialek inor ez zuela eramango pentsatu zuten. Wilsonek urtarriletik akordaturik zegoenaren arabera jokatu zuen, eta inorekin kontsultatu gabe ontziratu zuen ekipaia.

        Bazihoala gutxien konbentziturik zeudenak ere despeditzera joan zitzaizkion, sei gurdi zamatuak badiako ontziralekura igarotzen ikus zituztenean. Raigecourt kondea, oraingoan Camillek lagundurik, ohorezko gonbidatu izan zen bazkarian. Emakumeak gazteagoa zirudien eta begiak ez ziren hain krudelak ilea motots batean tiraturik zuela, eta tunika berde eta kolore bereko etxe-zapatila batzuekin. Jeneralak ganteria batez disimulatu zuen bera ikustearen nahigabea.

        «Oso ziur egon behar du damak bere edertasunaz berdeak faboratzeko», esan zuen gaztelaniaz.

        Kondeak supituki itzuli zion, eta Camillek bere erregaliz-arnasaz etxe osoa ase zuen emakume librearen barrea jareginez. «Ez gaitezen berriro hasi, don Simón», esan zuen. Zerbait aldatua zen bien artean, ze bietarik inor ez baitzen ausartu lehen aldiko torneo erretorikoari berrekitera bestea mintzearen beldurrez. Camillek ahaztu egin zuen, gogara pinpilinpauxaka hau bezalako jazoeretan frantsesez mintzatzeko berariaz hezitako jendetza baten artean. Jenerala Fray Sebastian de Sigüenzarekin hitz egitera joan zen, zeina baitzen prestigio ongi merezia zuen gizon santu bat zero urtean hiritik igarotzean harrapatu zuen baztangaldian Humboldt tratatu zuelako. Fraidea bera zen garrantzirik ematen ez ziona. Jaunak berak deliberaturik dauka batzuk baztangaz hiltzea eta beste batzuk ez, eta baroia azken hauetakoa zen», esaten zuen. Jeneralak aurreko bidaian ezagutzea eskatua zuen, hirurehun gaixotasun ezberdin belarmintzezko tratamenduz sendatzen zituela jakin zuenean.

        Montillak despedidako parada militarra prestatzeko agindu zuen, José Palacios portutik itzuli zenean pakebotea atxearen aurrez-aurre bazkal ostean egongo zen mezuarekin. Ordu horretako eguzkitarako ekain betean, Santo Domingoko gotorlekutik jenerala ontziraino eramango zuten faluetan toldoak ezartzeko agindu zuen. Hamaiketan, etxea beroaz itotzen ari ziren gonbidatuz eta borondatezkoz mukuru zegoen, eta orduan zerbitzatu zuten mahai luzea tokiko sukaldaritzaren bitxikeria guztiekin. Camillek ez zuen lortu bere buruari argitzerik aretoa zotukatu zuen asalduaren kausa, harik eta ahots urratua bere belarritik oso hurbil entzun zuen arte: «Après vous, madame». Jeneralak denetik zerbait zerbitzatzen lagundu zion, izena, errezeta eta jaki bakoitzaren jatorria azalduz, eta gero bere buruari zerbitzatu zion anoa hobeki hornitu bat, bere sukaldariaren harrimenarekin, zeinari ordu bete lehenago arbuiatuak baitzizkion mahaian jarritakoak baino goxoagoak ziren gutizia batzuk. Gero, non eseri bila zebiltzan taldeen artean pasabidea irekiz, barne-balkoiko lore ekuatorial handizko bazterguneraino gidatu zuen, eta atarikorik gabe ekin zion.

        «Oso laket izango da Kingstonen elkar ikustea», esan zion.

        «Ez nuke ezer atseginago», esan zuen emakumeak, harridura-txistilik gabe. «Txoratu egiten naute Mendi Urdinek».

        «Bakarrik?»

        «Nornahirekin nagoela ere, beti egongo naiz bakarrik», esan zuen berak. Eta pikardiaz gehitu zuen: «Gorentasuna».

        Jeneralak irribarre egin zuen.

        «Hyslopen bitartez bilatuko zaitut», esan zuen.

        Hori izan zen guztia. Berriro aretoan zehar gidatu zuen aurkitu zuen tokiraino, kontradantzazko gur batez despeditu zen emakumearengandik, platerkada ukigabea leiho-erlaitzean utzi zuen, eta bere tokira itzuli zen. Inork ez zuen jakin noiz hartu zuen gelditzeko erabakia, ezta zergatik hartu zuen ere. Tormentaturik zegoen politikoengatik, tokiko liskarrez hitz egiten, eta bat-batean Raigecourtengana bihurtu, eta harira ez bazetorren ere esan zion guztiek entzun zezaten:

        «Arrazoia duzu, konde jauna. Zer egin behar dut nik hainbeste emakumerekin aurkitzen naizeneko egoera deitoragarri honetan?»

        «Hala da, jenerala», esan zuen kondeak hasperen batekin. Eta presaka esan zuen: «Aldiz, datorren astean iritsiko da Shannon, ganbara ona ez ezik mediku bikaina duen fragata ingelesa».

        «Hori ehun emakume baino txarragoa da», esan zuen jeneralak.

        Edozein modutan ere, azalpena aitzakia besterik ez zen izan, zeren ofizialetako bat prest baitzegoen bere ganbarotea Jamaikaraino uzteko. José Palacios izan zen arrazoi zehatza eman zuen bere epaitz hutsezinaz: «Nire jaunak pentsatzen duena, nire jaunak bakarrik daki». Eta inola ere ezingo zukeen bidaiatu gainera, zeren pakeboteak hondoa jo baitzuen Santo Domingoren aurrean jasotzeko nabigatzen ari zeia, eta kalte larria jasan zuen.

        Beraz geratu egin zen, Montillatarren etxean ez jarraitzeko baldintza bakarrarekin. Jeneralak hiriko politentzat zeukan, baina umelegia gertatzen zitzaion bere hezurrentzat itsasoaren hurbiltasunarengatik, neguan batez ere, maindire zopatuekin esnatzen zenean. Esparru murrudunekoak baino heraldikotasun gutxiagoko aireak eskatzen zizkion osasunak. Montillak luzaroan geratuko zenaren zantzu bezala interpretatu zuen, eta lehenbailehen atsegina egiten saiatu zen.

        La Popa muinoaren hegietan olgeta-herbarren bat zegoen 1815ean cartagenatarrek berek su eman ziotena hiria birkonkistatzera zetozen tropa erregetiarrek non kanpaturik izan ez zezaten. Sakrifizioak ez zuen ezertarako balio izan, zeren espainiarrek ehun eta hamasei eguneko setioaren buruan esparru gotortuaz jabetu baitziren, zeinetan zehar setiatuek zapaten zolatarainokoak jan baitzituzten, eta sei mila baino gehiago hil ziren gosez. Hamabost egun geroago, arratsaldeko ordu bietako eguzki duinezaren menpe jarraitzen zuen lautada kiskaliak. Berreraikitako etxe gutxietako bat Judah Kingseller merkatariarena zen, egun haietan bidaian zebilenarena. Jeneralari begia bete zion Turbacora iritsi zenean, palmazko sabai ongi zaindua eta jai-koloretako hormengatik, eta fruitarbolezko baso batean ia ezkutaturik zegoelako. Montilla jeneralak uste zuen oso etxe apala zela apopiloaren mailarako, baina honek gogorarazi zion berdin lo egin izan zuela dukesa baten ohean edota bere kapan bildurik txertoki bateko zoruetan. Beraz akuran hartu zuen denbora zehaztugabez, eta gehikarga batekin ohea eta ikuztontzia, aretoko sei artixel larruzko, eta artisau-alanbrikeagatik, zeinean Kingseller jaunak destilatzen baitzuen bere alkohol pertsonala. Montilla jeneralak belusazko poltrona bat eraman zuen gainera gobernu-etxetik, eta baharekezko estalpe bat eginarazi zuen guardiako granadarientzat. Etxea freskoa zen barrutik eguzki handieneko orduetan, eta beti ere Valdehoyosko markesarena baino umeltasun gutxiagokoa, eta lau lotoki zituen erabat haizebegi nondik paseatzen baitziren iguanak. Loezina ez zen hain idorra goizaldera, guanabana helduen supituko eztandak entzunez zuhaitzetatik erortzean. Arratsaldetan, eurite handiko garaietan, pobreen ahukuak ageri ziren beren itoak eramanez komentuan beila egiteko.

        Pie de la Popara lekuz aldatu zenetik, jenerala ez zen hiru aldiz baino gehiago esparru murrudunera itzuli, eta Antonio Meucci, Cartagenan bidenabar zegoen pintalari italiar batentzat posatzeko bestetarako ez zen izan. Hain ahul sentitzen zen, non eserita posatu behar izaten baitzuen markesaren egoitzako barne-terrazan, basa-lore eta txorien barbuileri artean, eta edozein modutara ere ezin zen ordu bete baino gehiago geldi egon. Erretratua atsegin izan zuen, nahiz eta begi-bistakoa izan artistak erruki gehiegiz ikusia zuela.

        José María Espinosa pintalari granadatarrak Santa Feko gobernu-etxean pintatua zuen iraileko atentatua baino zerbait lehenago, eta erretratua hain iruditu zitzaion bere buruaz zeukan imajinaz bestelakoa, non ezin izan baitzion eutsi Santana jenerala orduko bere idazkariarekin asaskatzeko bulkadari.

        «Ba al dakizu noren antza duen erretratu horrek?», esan zion. «Olaya zahar harena, La Mesakoarena».

        Manuela Sáenz, jakin zuenean, eskandalizaturik agertu zen, ze ezagutzen baitzuen La Mesako agurea.

        «Uste dut zeure burua oso gutxi maite duzula», esan zion emakumeak. «Olayak ia laurogei urte zituen azkeneko aldiz ikusi genuenean, eta ez zen zutik egoteko gauza».

        Bere erretratuetan zaharrena miniatura izengabe bat zen, hamasei urte zituela Madrilen pintatua. Hogeita hamabirekin beste bat egin zioten Haitin, eta biak leialak zitzaizkion bere adinari eta bere aiurri karibetarrari. Odol afrikarrezko lerro bat zuen, esklabo batekin semea izan zuen aitaren aldetiko berraitona batengatik, eta hain zen nabaria bere fakzioetan, non Limako aristokratek El Zambo deitzen batzioten. Baina bere aintza handitzen ari zen neurrian, pintalariek gero eta gehiago idealtzen zuten, odola garbituz, mitifikatuz, harik eta oroimen ofizialean bere estatuetako isla erromatarrarekin ezarri zuten arte. Aldiz, Espinosaren erretratuak ez zuen inoren antzik berea izan ezik, berrogeita bost urterekin, eta heriotza-bezperetara arte ezkutatzen eta bere buruari ezkutatzen saiatu zen gaixotasunak korromiatua.

        Euri-gau batean, Pie de la Popako etxean loaldi ekurugaitz batetik esnatzean, jeneralak izaki ebanjeliozko bat ikusi zuen logelaren zoko batena eserita, kongregazio laiko bateko kalamu-ehun gordinezko tunikarekin eta ilea kokuio argitsuzko koroa batez apaindurik. Kolonialdian, europar bidaiariak harritu egiten ziren kokuioz beteriko flasko batez bidea argitzen bertakoak ikusteaz. Hauek gerora moda errepublikar izan ziren, girlanda irazeki bezala, argizko diadema bezala bekokian, brotxe fosforeszente bezala paparrean erabiltzen zituzten emakumeena. Gau hartan logelan aurkitu zuen neskatxak ile-zapi batean josiak zeuzkan, zeinak argitzen baitzion aurpegia distira mamuzko batez. Zanil eta misteriotsua zen, ilea erdi-urdindua zuen hogei urterekin, eta berak berehalakoan aurkitu zituen emakumearengan gehien estimatzen zuen bertutearen distirak: findu gabeko adimena. Edozer gauzaren truk bere burua eskainiz iritsia zen granadarien kanpamendura, eta txandako ofizialari hain bakana iruditu zitzaion, non José Palaciosi bidali baitzion jeneralarentzat interesatzen bazitzaion. Berak alboan etzatera gonbidatu zuen, baina ez zen besoetan hamakaraino eramateko bezain indartsu sentitu. Neskatxak ile-zapia erantzi zuen, gorde zituen kokuioak aldean zeraman azukre-kanabera zati baten barruan, eta alboan etzan zitzaion. Hizketaldi barreiatu baten ondoren, jenerala ausartu zitzaion galdetzera ea zer pentsatzen zuten beratzaz Cartagenan.

        «Zure Gorentasuna ongi dagoela diote, baina gaixoarena egiten duzula urrikia izan diezazuten», esan zuen.

        Jeneralak lotako atorra erantzi eta kriseilu-argitan azter zezala eskatu zion neskatxari. Orduan honek arrabetez arrabete ezagutu zuen pentsa zitekeen gorputzik hondatuena: sabela zargaila, saihetsak azalpean, beso-zangoak hezur hutsetan, eta guzti hura hildako-zurbiltasuna zuen larruazal bizargabe batean bildurik, afrontuaren zailtze-lanarengatik beste batena zirudien buru batekin.

        «Orain falta zaidan bakarra hiltzea da», esan zuen berak.

        Neskatxak ekin egin zion.

        «Jendeak dio beti izan dela horrela, baina orain besteek jakitea komeni zaizula».

        Ez zen begi-bistakoa zenera errendatu. Bere gaixotasunaz froga erabakigarriak emateari jarraitu zitzaion, emakumea tarteka loaren menpe erortzen zen bitartean, eta lotan erantzuteari jarraitzen zitzaion bitartean elkarrizketaren haria galdu gabe. Berak ez zuen ukitu ere egin gau osoan, baina aski zuen haren adoleszentziaren eguzki babestua sentitzeaz Bat-batean, leihoaren ondoan bertan, Iturbide kapitainak kantatzeari ekin zion: Galernak jarraitzen badu eta zirimolak jotzen, heldu nire lepoari itsasoak irents gaitzan». Antiolako kanta bat zen guayaba helduen gogorarazpen-ahalmen izugarria eta ilunpetan emakumeak zuen gupida-gabezia urdailak artean jasaten zituen garaikoa. Jeneralak eta neskatxak elkarrekin entzun zuten, ia debozioarekin, baina hau lokartu egin zen hurrengo kantaren erdian, eta jenerala handik gutxira lozorro sosegu-gabean erori zen. Musikaren ostean isiltasuna hain zen garbia, non txakurrak aztoratu egin baitziren neskatxa oin-puntetan jaiki zenean jenerala ez iratzartzeko. Haztamuka morroiloa bilatzen ari zela entzun zuen.

        «Birjina hoa», esan zion.

        Neskatxak jai-giroko barre batez erantzun zion:

        «Ez da inor birjina Zure Gorentasunarekin gau bat igaro ondoren».

        Joan egin zen, guztiak bezala. Zeren bere bizitzatik igaro ziren hainbeste emakumeetarik, ordu laburrez haietako asko, ez zen bat ere izan berarekin irauteko asinoa iradoki zuenik. Bere maitasun-presatan mundua aldatzeko gauza zen haien bila joateko. Ase ondoren aski izaten zuen haiena zela oroimenean sentitzen jarraitzearen ilusioarekin, beraiengana urrunetik entregatuz gutun gartsutan, opari abailgarriak bidaliz ahazmenduaz defendatzeko, baina zipitzik ere konprometitu gabe maitasunarena baino banitatearen antz handiagoa zeukan sentimentu batean.

        Bakarrik geratu zen bezain laster gau hartan, Iturbiderekin elkartzeko jaiki zen, zeinak beste ofizialekin hizketan jarraitzen baitzuen patioko suaren inguruan. Egunsentira arte kantarazi zion José de la Cruz Paredes koronelak gitarraz laguntzen zuela, eta guztiak konturatu ziren bere aldarte-egoera txarraz eskatzen zituen kantetatik.

        Europarako bere bigarren bidaiatik suharturik itzulia zen modako kupleekin, eta ahots guztiaz kantatzen eta grazia gaindiezinaz dantzatzen zituen Caracaseko mantuarren ezteietan. Gerrek gustua aldatu zioten. Bere lehen maitasunen zalantzazko itsasoetan barna eskutik eraman zuten herri-inspiraziozko kanta erromantikoak valtz ikustetsuz eta martxa triunfozkoz ordeztuak izan ziren. Cartagenako gau hartan berriro gaztaroko kantak eskatu zituen, eta batzuk hain ziren zaharrak, non irakatsi egin behar izan baitzizkion Iturbideri, zeren hau gazteegia baitzen gogoratzeko. Entzuleria urrituz joan zen jenerala barrurantz odolusten ari zen neurrian, eta bakarrik geratu zen Iturbiderekin suaren hauskaldarren ondoan.

        Gau bakana zen, zeruan izarrik gabea, eta umezurtz-lantuz eta urrin ustelez kargaturiko itsas haizeak jotzen zuen. Isiltasun handitako gizona zen Iturbide, errauts izoztuei begira egunsentira arte begiei keinurik eragin gabe egon zitekeena, gau oso batez pausaldirik gabe kanta zezakeen inspirazio beraz. Jeneralak, sutegia ziri batez kitzikatzen zuen bitartean, lilura hautsi zion:

        «Zer diote Mexikon?»

        «Ez daukat inor han», esan zuen Iturbidek. «Erbesteratu bat naiz».

        «Hemen guztiok gara», esan zuen jeneralak. Sei urtez bakarrik bizi izan naiz Venezuelan hau hasi zenetik, eta gainerakoa mundu erdian barna moxalei aurre hartzen joan zait. Zuk ezin duzu imajinatu ere zer emango nukeen nik orain okela gizenezko lapikoko bat San Mateon jaten egoteagatik».

        Pentsamenduak benetan ihes egin bide zion haurtzaroko boluetara, zeren isilune sakon bat egin baitzuen hiltamuko suari begira. Berriz hitz egin zuenean atzera lur tinkoan ezarria zeukan oina. «Txarrena da espainiar izateari utzi geniola eta gero harat-honat ibili garela, egun batetik bestera izenez eta gobernuz hainbeste aldatzen diren herrialdetan, ezen ia ez baitakigu non arraiotakoak garen ere», esan zuen. Luzaroan errautsei begira egon zen, eta beste tonu batez galdetu zuen:

        «Eta mundu honetan hainbeste herrialde daudelarik, nolatan bururatu zitzaizun hona etortzea?»

        Iturbidek itzulinguru handi batez erantzun zion. «Kolegio militarrean gerra paperean egiten irakasten ziguten», esan zuen. Berunezko soldadutxoekin peleatzen genuen igeltsuzko mapetan, igandetan alboko zelaietara eramaten gintuzten, behien eta mezatatik etxera zihoazen andreen artera, eta koronelak kanoikada bat disparatzen zuen leherketaren sustora eta bolboraren usainera ohituz joan gintezen. Pentsa ezazu maisurik ospetsuena zaldietatik hilik erortzen irakasten zigun ingeles elbarritu bat zela».

        Jeneralak eten egin zion.

        «Eta zuk benetako gerra nahi zenuen».

        «Zurea, jenerala», esan zuen Iturbidek. Baina bi urte betetzera noa onartu nindutenetik, eta oraindik jakin gabe jarraitzen dut nolakoa den hezur eta haragizko gudu bat».

        Jeneralak artean aurpegira begiratu gabe jarraitu zitzaion. «Bada huts egin duzu destinoz», esan zion. «Hemen ez dira izango batzuek besteen kontrako gerrak besterik, eta horiek ama hiltzea bezalakoak dira». José Palaciosek itzaletik gogorarazi zion eguna argitzeko zoria zela. Orduan barreiatu zituen errautsak ziriaz, eta Iturbideren besoari heldurik zutitzen ari zen bitartean, esan zion:

        «Nik, zure lekuan, ospa egingo nuke hemendik, airean, desohoreak harrapatu baino lehen».

        José Palaciosek heriotzara arte errepikatu zuen Pie de la Popako etxea parte txarrekoek hartua zegoela. Artean instalatzea amaitu gabe José Tomas Machado itsasontzi-tenientea iritsi zen Venezuelatik, zenbait kantoi militarrek men ez ziotela egin gobernu separatistari, eta jeneralaren aldeko alderdi berri bat indarra hartzen ari zelako albistearekin. Honek bakarrean hartu zuen eta arretaz entzun zion, baina ez zen oso suhar agertu. «Albisteak onak dira baina berantiarrak», esan zuen. Eta niri dagokidanez, zer dezake elbarritu gaixo batek mundu oso baten aurka? Instrukzioak eman zituen mandataria ohore guztiekin aloia zezaten, baina ez zion inolako erantzunik agindu.

        «Ez dut osasunik espero aberriarentzat», esan zuen.

        Hala ere, Machado jenerala despeditu zuen orduko, jenerala Carreñorengana bihurtu eta galdetu zion: «Topo egin al duzu Sucrerekin?» Bai: maiatzaren erdi aldera Santa Fera joana zen, presaka, huts egin gabe bertan egoteko bere santu-egunean emaztea eta alabarekin.

        «Garaiz zihoan», amaitu zuen Carreñok, ze Mosquera presidentea Popayángo bidean gurutzatu baitzen berarekin»

        «Nola gero!», esan zuen jeneralak, harriturik. «Lehorrez joan al da?»

        «Hala joan da, ene jenerala».

        «Pobreen Jainkoa!», esan zuen berak.

        Bihozkada bat izan zen. Gau hartan bertan hartu zuen albistea Sucre mariskala enboskatua eta atzealdetik balaz asasinatua izan zela Berruecoseko paraje goibela gurutzatzen ari zela, joan zen ekainaren 4ean. Montilla albiste txarrarekin etorri zen jeneralak gaueko bainua hartzea amaitu zuenean, eta ozta-ozta entzun zuen osorik. Ahurkada gogor bat eman zion bekokiari, eta afaritako baxera artean zeukan zamauari tira egin zion, bere suminaldi biblikoetako batez zoraturik.

        «La pinga!», oihu egin zuen.

        Artean astrapala-oihartzunen durundia zegoen etxean, bere buruaren jabetasuna berreskuratu zuenean. Aulkian amildu zen, orroka: «Obando izan da». Eta askotan errepikatu zuen: «Obando izan da, espainiarren soldatapeko asasinatzailea». José María Obando Nueva Granadako hego-mugan dagoen Pastoren buruzagiaz ari zen, zeinak modu hartara gabetzen baitzuen jenerala bere ondorengo posible bakarraz, eta bere buruarentzat segurtatzen baitzuen errepublika laurdenkatuaren presidentetza Santanderri eskuratzeko. Zinkideetako batek bere oroitzapenetan kontatu zuen krimena hitzartu zeneko etxetik irtetean, Santa Feko plaza nagusian arimako zirrara bat sentitua zuela Sucre mariskala arratseko laino izoztuan ikustean, oihal beltzezko gainekoa eta pobre-kapelarekin, eskuak patrikan zituela bakarrik paseatzen katedralaren atarian.

        Sucreren heriotzaren berri izan zuen gauean jeneralak odol-goitika izan zuen. José Palaciosek isildu egin zuen, Hondan bezala, non ustekabean harrapatu baitzuen makurturik bainugelako zorua esponjaz garbitzen. Berak eskatu gabe gorde zizkion bi sekretuak, pentsatuz gauza ez zegoela beste albiste txar batzuk gehitzeko ordurako hainbeste zeuden tokian.

        Hura bezalako gau batean, Guayaquilen, jenerala bere zahartzaro goiztiarraz jabetua zen. Artean sorbaldarainoko ile luzea zerabilen, eta garondoan lotzen zuen xingolaz gerra eta amodioaren batailetan erosotasun handiagorako, baina orduan konturatu zen ia erabat zuritua zeukala, eta aurpegia zimeldurik eta triste. «Ikusiko baninduzu, ez nindukezu ezagutuko», idatzi zion adiskide bati. «Berrogeita bat urte ditut, baina hirurogeiko zaharra ematen dut». Gau hartan ilea moztu zuen. Handik gutxira, Potosín, atzamarren artetik iheska zihoakion gaztaro iheskorraren haizetzarra gelditu nahian, bibotea eta patilak afeitatu zituen.

        Sucreren asasinatzearen ondoren jadanik ez zuen tokadore-artifiziorik izan zahartasuna disimulatzeko. Ofizialek ez zuten gehiago jokatu, eta gauak beilan ematen zituzten, patioan hizketan berandu arte eltxoak uxatzeko su atergabearen inguruan, edo logela komunean, maila ezberdinetan esekitako hamakatan.

        Jeneralak bere mingostasunak tantaka-tantaka destilatzeari ekin zion. Bere bizpahiru ofizial hautatzen zituen zoriz, eta esna edukitzen zituen bere bihotzeko usteltokian zeukan txarrena erakutsiz. Beste behin entzunarazi zien bere armada disoluzio-zorian egonak zireneko lelo betikoa, Santander, Kolonbiaz karguturiko presidente izaki, zikoizkeriaz kontra egiten ziolako tropak eta dirua bidaltzeari Peruren askapena amaitzeko.

        «Lukurra eta zikoitza da izatez», esaten zuen, «Baina arrazoiak oraindik aldrebesagoak zituen: kaskoak ez zion ematen muga kolonialez haraindi ikusteko».

        Milagarren aldiz errepikatu zien integrazioaren kontrako herio-kolpea Estatu Batuak Panamako Kongresura gonbidatzea izan zelako istorioa, Santanderrek bere kontura arriskura egin zuenez, Amerikaren batasuna aldarrikatzea helburu nagusitzat zuenean.

        «Katua saguen festara gonbidatzea bezala zen», esan zuen. «Eta guztia Estatu Batuek kontinentea Aliantza Santuaren kontrako estatu herritarrezko liga bat bihurtzen ari ginela salatzearen mehatxua egiten zigutelako. A zer ohorea!»

        Beste behin errepikatu zuen bere laborria Santander bere asmoen azkeneraino iristen zeneko odol hotz pentsaezinarengatik. «Arrain hila da», esaten zuen. Milagarren aldiz errepikatu zuen Santanderrek Londresetik hartu zituen maileguen diatriba, eta zeinen atseginki babestu zuen bere adiskideen usteldura.«Gogora ekartzen zuen bakoitzean, pribatuan zein publikoan, tanta bat gehiago jasateko gai ez zela zirudien giro politiko bati beste pozoi-tanta bat gehiago gehitzen zion.

        «Hala hasi zen bukatzen mundua», zioen.

        Hain zen zehatza diru publikoen maneiaketan, non ez baitzuen lortzen arazo honetara senetik irten gabe bihurtzerik. Presidente zela herio-zigorra dekretatua zuen hamar peso baino gehiago malbertsatu edo lapurtu zezan ofizial ororentzat. Aldiz hain zen eskuzabala bere ondasun pertsonalekin, non urte gutxitan gastatu baitzuen independentzi gerran aurrekoengandik jarauntsi zuen ondasun-parte handi bat. Soldatak gerrako alarguntsa eta elbarrituen artean banatzen ziren. Ilobei bolu jarauntsiak oparitu zizkien, arrebei Caracaseko etxea oparitu zien, esklabotza abolitua izan aurretik askatu zituen esklabo ugarien artean banatu zituen bere lurrik gehienak. Limako kongresuak askapen-euforian eskaini zizkion milioi bat peso arbuiatu zituen. Monserrateko landetxea, bizitzeko toki duina izan zezan gobernuak adjudikatu ziona, estutasunean zebilen adiskide bati oparitu zion berak karguari uko egin baino egun banaka batzuk lehenago. Apuren hamakatik jaiki eta bakar bati oparitu zion sukarra izerditu zezan, eta berak zoruan lotan jarraitu zuen kanpaina-longainan bildurik. Hezitzaile kuakeroari bere dirutik ordaindu nahi zizkion hogei mila peso duroak ez zituen bere zor estatuarenak baizik. Hainbeste maite zituen zaldiak bidenabar aurkitzen zituen adiskideei uzten zizkien pixkanaka, Palomo Blanco, ezagunen eta aintzatsuenarenganaino, zeina Bolivian geratu baitzen Santa Cruz mariskalaren korta-buru. Beraz mailegu malbertsatuen gaiak kontrolik gabe zitalkeriaren muturretaraino arrastatzen zuen.

        «Casandro garbi irten zen, irailaren 25ean bezala, noski, aztia baita itxurak gordetzeko», esaten zion entzun nahi zionari. «Baina adiskideek berriro Ingalaterrara zeramaten ingelesek nazioari prestatu zioten zilar bera, lehoi-erredituekin, eta beren onetan biderkatzen zituzten lukurrero-negozioekin».

        Guztiei erakutsi zien, gau osotan zehar, arimako hondorik arreenak. Laugarren egunaren goiznabarrean, krisiak betierekoa zirudienean, krimenaren albistea hartu zuenean jantzirik zeukan arropa berarekin agertu zen patioko atera, dei egin zion bakarrean Briceño Méndez jeneralari, eta berarekin hizketan ari izan zen lehen oilarrak arte. Jenerala bere hamakan eltxotakoarekin, eta Briceño Méndez José Palaciosek alboan eseki zion beste hamaka batean. Agian ez bata eta ez bestea ez zeuden jabeturik zenbateraino atzean utziak zituzten bakearen ohitura sedentarioak, eta egun gutxitan kanpamenduetako gau ziurrezetara atzera eginak zirela, Hizketaldi hartatik garbi geratu zen jeneralarentzat José María Carreñok Turbacon adierazitako nahiak ez zituela bereak soilik, baizik eta venezuelar ofizial gehienek partekatzen zituztela. Hauek, granadatarren berauekiko portaeraren ondoren, inoiz baino venezuelarrago sentitzen ziren, baina integritatearen alde hiltzeko prest zeuden. Jeneralak Venezuelan peleatzera joateko agindua eman izan balu, zalapartaka joango ziratekeen. Eta Briceño Méndez inor baino lehenago.

        Egunik txarrenak izan ziren. Jeneralak hartu nahi izan zuen bisita bakarra Micieslaw Napierski koronel poloniar, Friedlandeko batailako heroi eta Leipzigeko hondamendiko biziraunarena izan zen, zeina egun haietan iritsia baitzen Poniatowski jeneralaren gomendioarekin Kolonbiako armadan sartzeko.

        «Berandu iritsi zara», esana zion jeneralak. «Hemen ez da ezer geratzen».

        Sucreren heriotzaren ondoren ezereza baino gutxiago geratzen zen. Hala adierazi zion Napierskiri, eta hala adierazi zuen honek bere bidai egunkarian, zeina poeta granadatar handi batek erreskatatuko baitzuen historiarako ehun eta laurogei urte geroago. Napierski Shannon ontzian iritsia zen. Ontzi-kapitainak jeneralaren etxera lagundu zuen, eta honek Europara bidaiatzeko bere nahiez hitz egin zien, baina bietarik bate ere ez zuen berarengan ontziratzeko benetako prestutasunik ohartu.

        Nola fragatak eskala bat egingo zuen La Guayran eta Cartagenara itzultzekoa zen Kingstona itzuli baino lehen, jeneralak gutun bat eman zion Aroako meatze-negozioan bere boteredun venezuelarra zuenarentzat, itzuleran diru apurren bat bidaliko zion itxaropenarekin. Baina fragata erantzunik gabe itzuli zen, eta bera hain abaildurik agertu zen, non inork ez baitzuen pentsatu ba al zihoan galdetzerik.

        Ez zen izan kontsolamenduzko albiste bakar bat ere. José Palacios, bere aldetik, ahalegindu zen hartzen zirenak ez larriagotzen, eta ahalik eta gehien berandutzen saiatzen zen. Ahukuko ofizialen kezkagarri, eta jeneralari ezkutatzen ziotena erabat ez hilduratzeko zera zen: guardiako husare eta granadariak blenorragia hilezkor baten suzko hazia ereiten ari zirela. Hondako gauetan goarnizio osoa birpasatu zuten bi emakumerekin hasia zen, eta soldaduek sakabanatzen jarraitua zuten beren amodio txarrekin nonahitik igarotzen zirelarik. Une hartan ez zegoen salbu tropa zenbakietarik bat ere, nahiz eta ez egon frogatuko gabeko medizina akademiko edo trukumun-artifiziorik.

        Ez ziren hutsezinak José Palaciosen ardurak bere jaunari mingostasun alferrak eragozteko. Gau batean, menbrete gabeko eskela bat ibili zen eskuz esku, eta inork ez zuen jakin nola iritsi zen jeneralaren hamakaraino. Berak betaurreko gabe irakurri zuen, besabetera, eta gero kandelaren sugarretan jarri zuen eta atzamarrez eutsi zion iraungi zen arte.

        Josefa Sagrariorena zen. Astelehenean iritsia zen senarra eta seme-alabekin, Monpoxerako bidean, jenerala kargutik kendua eta herrialdetik bazihoalako albisteak adoreturik. Berak ez zuen inoiz agertu mezuak zer zioen, baina gau osoan erakutsi zuen artegatasun handia, eta egunsentian adiskidetze-proposamen bat bidali zion Josefa Sagrariori. Emakumeak gogor egin zien erreguei eta bidaia jarraitu zuen aurreikusirik zegoenez, ahulezi une bakar bat gabe. Bere zio bakarra, José Palaciosi esan zionez, jadanik hildakotzat jotzen zuen gizon batekin bakeak egiteak ez omen zeukan inolako zentzurik.

        Aste hartan jakin zen Santa Fen atzera gordintzen ari zela Manuela Sáenzen gerra pertsonala jeneralaren itzulerarako. Bizitza ezinezko egin nahirik, barne arazoetako ministrotzak bere zaingopean zeuzkan artxiboak entregatzeko eskatua zion. Manuelak ezetz esan zuen, eta gobernua onetik ateratzen ari zen probokazio-kanpaina bat abiarazi zuen. Eskandaluak sustatzen, foiletoak banatzen zituen jenerala loriatuz, ikatzezko letrauneak ezabatzen zituen horma publikoetatik, bere mirabe gerrarietako bik lagundurik. Guztiek zekiten koronel-uniformearekin sartzen zela kuarteletan, eta era barean parte hartzen zuen soldaduen jaietan eta ofizialen konspirazioetan. Zurrumurrurik bortitzena zen Urdanetaren itzalpean errebolta armatu bat sustatzen ari zela jeneralaren botere absolutua berrezartzeko.

        Zaila zen sinesten hainbesterainoko indarrak izan zitzakeenik. Arratseko sukarrak gero eta ordukoago gertatu ziren, eta eztula erdiragarri bihurtu zen. Goizalde batean, José Palaciosek oihuka entzun zion: «Aberri puta!». Supituki sartu zen logelara, jeneralak bere ofizialei itsusten zien esklamazioak alarmaturik, eta masaila odoletan bustirik zuela aurkitu zuen. Ebaki bat egina zuen afeitatzean, eta ez zegoen hain sumindurik ezbeharrarengatik berarengatik, nola bere baldarkeriarengatik baizik. Sendatu zuen botikariak, Wilson koronelak presaka eramanak, hain etsiturik aurkitu zuen non belladonna-tanta batzuekin baretzen saiatu baitzen. Berak tanpez gelditu zuen.

        «Utz nazazu nagoen bezala», esan zion. «Etsipena da galduen osasuna». Arreba Mara Antoniak Caracasetik idatzi zion. «Guztiak kexu dituk desordenu hau konpontzera etorri nahi izan ez dualako», zioen. Herrietako apaizak erabat bere alde zeuzkan, armadako desertzioak kontrolaezinak ziren, eta mendiak jende armatuz beterik zeuden bera besterik ez zutela nahi esanka. «Hau zoro-fandango bat duk beren iraultza egin dutenek ere ez baitute elkar ulertzen», zioen arrebak. Ze batzuek beraren alde aldarrika ari ziren bitartean, herrialdeko erdiko hormak goizetan irainezko letraunez pintaturik agertzen ziren goizetan. Bere familiak, zioten paskinek, deuseztatua izan behar zuen bosgarren belaunaldira arte.

        Venezuelako Kongresuak eman zion grazi kolpea, Valenzian bildurik, zeinak koroatu baitzituen bere akordioak behin-betiko banakuntzaz, eta Nueva Granada eta Ekuadorrekin konponbiderik izango ez zelako aitorpen solemnearekin jenerala kolonbiar lurraldean zegoen bitartean. Gertakariak berak adina mindu zuen irailaren 25eko zinkide ohi batek, heriotartzeko etsaiak, Mosquera presidenteak barne-ministro izendatzeko erbestetik itzularazi zuenak Santa Feko ohar ofiziala igorria izatea. Esan beharra daukat hauxe izan dela neure bizitzan gehien erasan nauen jazoera», esan zuen jeneralak. Gaua beilan eman zuen, amanuentse zenbaiti erantzun bererako bertsio ezberdinak diktatuz.. baina hainbestekoa izan zuen amorrua non lokar hatu baitzuen. Egunsentian, loaldi aztoratu baten amaieran, José Palaciosi esan zion:

        «Ni hilko naizen egunean kanpaiek dandara joko dute Caracasen».

        Izan zen gehiagorik. Heriotza-albistea jakitean, Maracaiboko gobernariak idatziko zuen: «Lehenbailehen jazoera handi honen berria ematera noa, ezin konta ahala on sortuko baitizkio askatasunaren kausari eta herrialdearen zoriontasunari. Gaitzaren jeinu, anarkiaren ilinti, aberriaren zanpatzailearenak egin du». Iragarpena, hasieran Caracaseko gobernuari berri emateko zena, azkenean proklama nazional bihurtu zen.

        Egun zorigaitzeko haietako laborriaren erdian, José Palaciosek bere urtemugaren data kantatu zion jeneralari goizeko bostetan: «Uztailaren 24a, Santa Kristina, birjina eta martiriaren eguna». Berak begiak ireki zituen eta beste behin ondikoaren hautatua zelako kontzientzia izan bide zuen.

        Ez zuen urtemuga ospatzeko ohiturarik, onomastikoa baizik. Hamaika San Simón zeuden santutegi katolikoan, eta berak nahiago zukeen Kristori bere gurutzea garraiatzen lagundu zion zirinetarraren arabera izendatua izatea, baina astruok beste Simón bat suertarazi zion, Egipto eta Etiopiako apostolu eta predikaria, zeinaren data urriaren 28a baita. Horrelako egun batez, Santa Fen, festakoan erramu-koroa bat ezarri zioten. Berak gogo onez erantzi zuen, eta bere malezia guztiaz Santander jeneralari ezarri zion, zeinak ikararik egin gabe bereganatu baitzuen. Baina bere bizitzako kontua ez zeraman izenez urteez baizik. Berrogeita zazpiek esanahi berezia zuten beretzat, zeren aurreko urteko uztailaren 24ean, Guayaquilen, alderdi guztietako albiste txar guztien artean eta bere sukar kaltegarrien eldarnioan, presagio batek dardarizatu baitzuen. Bera, presagioen errealitatea inoiz onartu ez zuen hura. Seinalea garbia zen: hurrengo urtemugara arte bizirik irautea lortzen bazuen jadanik ez zen hura hiltzeko heriorik izango. Orakulu sekretu honen misterioa zen ordura arte darda gainean eutsi zion indarra arrazoi ororen kontra.

        «Berrogeita zazpi urte dagoeneko, arraioa», marmar egin zuen. «Eta bizirik nago!»

        Agondu zen hamakan, indar suspertuekin eta gaitz guztitik salbu egotearen ziurtasun miresgarriak bihotza asaldaturik. Briceño Méndez deitu zuen, Kolonbiaren integritatearen alde borrokatzera Venezuelara joan nahi zutenen buruxkila, eta bere urtemugaren kariaz bere ofizialei emandako grazia jakinarazi zion.

        «Tenienteetatik gora», esan zion, Venezuelara peleatzera joan nahi duen guztiak, bere corotoak errolda ditzala».

        Briceño Méndez jenerala izan zen lehena. Cartagenako goarnizioko beste bi jeneral, lau koronel eta zortzi kapitain lotu zitzaizkion espedizioari. Aldiz, Carreñok jeneralari bere aurreko promesa gogoratu zionean, esan zion:

        «Zu helburu goitarragoetarako erreserbaturik zaude».

        Abiatu baino bi ordu lehenago José Laurencio Silva joan zedila erabaki zuen, ze susmoa baitzuen errutinaren herdoila begiengatiko obsesioa larriagotzen ari zitzaiola. Silvak ez zuen onartu ohorea.

        «Aisia hau ere gerra da, eta gogorrenetakoa», esan zuen. Beraz hemen geratzen naiz, nire jeneralak besterik agintzen ez badu».

        Aldiz, Iturbide, Fernando eta Andrés Ibarrak ez zuten lortu onartuak izaterik. Zu joatekotan beste norabait izango da», esan zion jeneralak Iturbideri. Andrési aditzera eman zion zio ohiez batez Diego Ibarra jenerala ordurako borrokan zegoela, eta bi anaia gehiegi zirela gerra berean. Fernandok ez zuen bere burua eskaini ere egin, zeren ziur baitzegoen betiko erantzun bera lortuko zuela: «Gizona osorik joaten da gerrara, baina ezin du ametitu bere bi begiak eta eskuina joaterik». Erantzun hura zentzu batean nabarmentze militar bat zelako kontsolamenduaz nahikotu zen.

        Montillak baliabideak ekarri zituen onartuak izan ziren gau berean bidaiari ekiteko, eta jeneralak bakoitza besarkada batez eta esaldi batez despeditu zitueneko zeremonia soilean parte hartu zuen. Banaturik eta bide ezberdinetatik joan ziren, batzuk Jamaikatik, beste batzuk Curazaotik, beste batzuk la Guajiratik, eta guztiak jantzi zibiletan, armarik eta beren identitatea sala zezakeen ezer gabe, espainiarren aurkako egintza klandestinoetan ikasia zutenez. Egunsentian, Pie de la Popako etxea kuartel desmantelatua zen, baina jenerala geratu egin zen gerra berri batek behialako erramuak birberdetuko zituen itxaropenak sostengaturik.

 

Jenerala bere labirintoan
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkar, 1990