Jenerala bere labirintoan
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkar, 1990

 

 

ESKERGINTZA

 

        Urte luzetan entzun nion Alvaro Mutisi Simón Bolívarrek Magdalena ibaian zehar egin zuen azken bidaia idazteko zuen proiektua. El Ultimo Rostro argitara eman zuenean, liburuaren atal aurreratu bat zena, hain kontakizun heldua iritzi nion, eta bere estilo eta bere tonuari hain araztuak, non aldi laburrean osoa irakurtzeko prestatu bainintzen. Hala ere, bi urte geroago, ahazmendura bota zuen inpresioa izan nuen, hainbeste idazleri gertatzen zaigunez geure ametsik maiteenekin, eta orduan soilik ausartu nintzaion eskatzera idazteko baimena eman ziezadala. Atzaparkada doia izan zen hamar urte ataizean egin ondoren. Beraz nire lehen eskergintza berarentzat da.

        Pertsonaiaren aintzak baino gehiago interesatzen zitzaidan orduan Magdalena ibaia, txikitan ezagutzen hasia nintzena, karibetar kostaldetik bidaiatuz, non izan bainuen jaiotzeko zorte ona, Bogotako hiri urrun eta arreraino, non beste inon baino arrotzago sentitu bainintzen lehen alditik. Neure ikasle-urteetan hamaika bider korritu nuen bere bi zentzuetan, Mississippiko ontzioletatik nostalgiara kondenaturik irteten ziren bapore-ontzi haietan, eta ezein idazlek kontra egin ez liezaiokeen bokazio mitikoarekin.

        Bestalde, oinarri historikoek gutxi kezkatzen ninduten, zeren ibaiz egin zuen azken bidaia baita Bolívarren bizitzako aldirik gutxien dokumentatua. Hiruzpalau gutun besterik ez zituen idatzi orduan —hamar milatik gora diktatu bidez zituen gizona izaki— eta bere laguntzaileetako inork ez zuen oroitzapen idatzirik utzi zorigaitzeko hamalau egun haietaz. Hala ere, lehen kapitulutik egin behar izan nuen noizean behin kontsultaren bat bere bizimoduaz, eta kontsulta horrek beste batera igorri ninduen, eta gero beste batera eta beste batera, gehiago ezin arte. Bi urte luzetan hondoratuz joan nintzen dokumentazio jori baten hondar mugikorretan, kontraesankorra eta sarritan badaezpadakoa zenean, hasi Daniel Florencio O’Learyren hogeita hamalau liburukietatik eta gutxien uste izandako egunkari-ebakinetaraino. Ikerketa historikorako neukan erabateko esperientziarik eta metodorik ezak are gaitzago bihurtu zituen nire egunak.

        Liburu hau ezinezkoa zatekeen nire aurretik, mende eta erdiz, sail horiek landu zituztenen laguntzarik gabe, zeinek errazagotu baitzidaten dokumentazio tiranikoa duen bizitza bat kontatzearen ausardia literarioa, nobelaren foru demasei uko egin gabe. Baina nire eskergintza oso bereziki doa adiskide talde batentzat, zeinek, zahar eta berri, beren arazo propio eta garrantzi handikotzat hartu baitzuten ez nire zalantzarik larrienak soilik —Bolívarren benetako pentsamendu politikoa bere kontraesan gordinen artean— baita hutsalagoak ere —oinetakoan erabiltzen zuen zenbakia bezalakoak. Hala ere, ahazmendu nardagarriz eskertuen zerrenda honetan aurkitzen ez direnen barkaberatasuna baino gehiago ez dut ezer estimatuko.

        Eugenio Gutiérrez Celys, historialari kolonbiarrak, orrialde askotako galdekizun bati erantzunez, txartel-artxibo bat landu zuen niretzat zeinak datu harrigarriak inguratu ez ezik —haietako asko XIX. mendeko prentsa kolonbiarrean barreiatuak— lehen argiak ere eman baitzizkidan informazioaren bilaketa eta ordenamendurako metodo baterako. Gainera, Bolívar Día a Día bere liburua, Fabio Puyo historialariarekin lau eskutara idatzia, nabigazio-karta bat izan zen idaztekoan, pertsonaiaren garaietan barna lasaitasun osoz mugitzeko aukera eman zidana. Fabio Puyo berak izan du nire larritasunak baretzeko bertutea Paristik telefonoz irakurtzen zizkidan dokumentu analgesikoz, edo telexez edo telefaxez izaera presazkoarekin bidaltzen zizkidanez, hil edo biziko sendagaiak bailiren. Gustavo Vargas historialari kolonbiarra, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko irakaslea, nire telefonoaren irispidean egon da zalantza larri eta xeheak argitzeko, batez ere garaiko ideia politikoekin zerikusia zutenak. Vinicio Romero Martinez historialari bolivartarrak Caracasetik lagundu zidan Bolívarren ohitura pribatuei buruz ezinezkotzat jotzen nituen aurkikundeekin —batez ere bere mintzamolde zakarraz—, eta bere ahukuaren izaera eta destinoari buruz, eta datu historikoen berrazterketa gupidagabe batekin azken bertsioan. Berari zor diot nik egotzi izan nion haur-gozamenaz Bolívarrek mangoak jan ahal izan ez zituelako ohar probidentziala, artean mangoa Ameriketara iristeko zenbait urte falta zirelako arrazoi onarengatik.

        Jorge Eduardo Ritter, Panamaren enbaxadari Kolonbian eta gero bere herrialdeko kantzilerrak, zenbait hegaldi presazko egin zituen bere liburu aurkiezinetariko batzuk ekartzeko soilik. Bogotako Francisco de Abrisqueta gidari tematua izan da Bolívarri buruzko bibliografia nahasi eta hedatsuan. Belisario Betancur presidente-ohiak zalantza sakabanatuak uxatu zizkidan urtebete osoz telefonozko kontsultez, eta Bolívarrek buruz aipaturiko bertso batzuk José Joaquín Olmedo poeta ekuadortarrarenak zirela finkatu zuen niretzat. Francisco Pividalekin hastapenetako elkarrizketa astitsuak izan nituen La Habanan, zeinek idatzi behar nuen liburuari buruz ideia argi bat mamitzeko aukera eman baitzidaten. Roberto Cadavid (Argos), Kolonbiako hizkuntzalari sonatu eta zerbitzarienak, lokalismo batzuen zentzua eta adina ikertzearen mesedea egin zidan. Nire eskariz, Kubako Zientzi Akademiako Gladstone Oliva geografoak eta Jorge Pérez Doval astronomoak ilargi beteen inbentarioa egin dute joan den mendeko lehen hogeita hamar urteetan.

        Aníbal Noguera Mendoza aspaldiko nire adiskideak —Puerto Príncipen duen Kolonbiako bere enbaxadatik— bere paper pertsonalen kopiak bidali dizkit, askatasun osoz beraietaz baliatzeko bere baimen eskuzabalarekin, nahiz eta bera gai beraz idazten ari zen estudio baterako ohar eta zirriborroak izan. Gainera, jatorrizkoen lehen bertsioan dozena erdi bat faltsukeria mortal eta anakronismo suizida aurkitu zituen, nobela honen doitasunaz zalantzak sortuko zituzketenak.

        Azkenik, Antonio Bolívar Goyanesek —protagonistaren zehar-ahaide eta Mexikon geratzen ari diren usadio zahar oneko agian azken tipografoa denak— nirekin jatorrizkoak berraztertzeko adeitasuna izan zuen, kontrazentzu, errepikapen, inkontsekuentzia, errore eta errakuntzazko ehiza milimetrikoan, eta hizkuntza eta ortografiaren miaketa porrokatuan, zazpi bertsio agortu arte. Honela harrapatu genituen ustekabean jaio aurretik batailak irabazten zituen militarra, bere senar maitearekin Europara joan zen alarguntsa, eta Bolívar eta Sucreren arteko bazkari adiskidekorra Bogotan, beraietako bat Caracasen eta bestea Quiton aurkitzen ziren bitartean. Hala ere, ez nago oso ziur azken bi laguntza hauek eskertu behar ote ditudan, zeren horrelako aldrebeskeriek gogoz kontrako —eta agian nahigarriak diren— umore-tanta batzuk ezarriko baitzituzketen liburu honen laborrian.

G.G.M.

Mexiko hiria, 1989ko urtarrila

 

Jenerala bere labirintoan
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkar, 1990