Ilargi-errainua ILARGI-ERRAINUA Nik ez dakit berau ipuina ematen duen istorioa ala istorioa ematen duen ipuina ote den; esan dezakedana hauxe da: atzean egia bat daukala, oso egia tristea, nik nekez baliatuko dudana, nire irudimen-baldintzak direla eta. Ideia honekin beste norbaitek negar egiteko moduko filosofiazko liburuki bat egingo zukeen; nik berriz, kontakizun hau idatzi dut, atzean ezer topatzen ez diotenen dibertimendurako. I Noblea zen, armen burrunba artean jaiotakoa, eta gerra-turuta baten ustegabeko joaldiak une batez ere ez zion trobadore baten azken kantiga eskaintzen zion pergamino-paper ilunetik burua altxaraziko, ezta begiak alderaraziko. Hura aurkitu nahi izanez gero, ez zuten bilatu behar gazteluko patio zabalean, zaldizainek zaldikumeak bezatzen, morroiek belatzei hegan egiten irakasten, eta atseden egunetan soldaduak burdinazko lantzak harri baten kontra zorrozten zebiltzan tokian. Non dago Manrique, non dago zuen jauna? galdetzen zuen noizean behin haren amak. Ez dakigu erantzuten zuten zerbitzariek; baliteke Peñako monasterioko klaustroan egotea, hilobi baten ondoan, hildakoen elkarrizketetako hitzen bat harrapatzen ote duen adi; edota zubian, zubiko begien azpitik ibaiko olatuak bata bestearen atzetik pasatzen ikusten; edota haitz baten zuloan uzkurtuta eta zeruko izarrak kontatzen, hodei bati begiradaz jarraitzen edo aintziren gainaldea tximistak bezala zeharkatzen duten argi-txakurrak miresten entretenituta. Edonon egon daiteke, jende guztia dagoen lekuan izan ezik. Halaxe zen, Manriquek bakardadea maite zuen, halako moduz non batzuetan itzalik ez izatea ere nahi izan baitzuen, itzalak alde guztietara jarrai ez ziezaion. Bakardadea maite zuen; izan ere, egoera hartan irudimenari bidea egiten zion, fantasiazko mundua eraikitzen zuen, non izaki bakanak bizi baitziren, haren poeta-eldarnio eta ametsen kumeak; Manrique poeta baitzen; hainbeste, non bere pentsamenduak mugatzeko izan zitzakeen bideak inoiz ez baitzituen atsegin, eta inoiz ez zituen idazketaren bidez mugatu. Haren ustez, supazterreko txingar gorien artean mila koloredun suzko izpirituak bizi ziren, piztutako enborretan zehar intsektuen antzera lasterka, edo garren gainean erronda argitsuan dantza egiten baitzuten, eta orduak eta orduak ematen zituen kaxeta batean tximinia gotiko garaiaren ondoan eserita, mugigaitz eta begiak sugarretan finkaturik. Haren ustez, ibaiko olatuen azpian, iturriko goroldioen artean eta aintzirako lurrinen gainean, emakume misteriotsu batzuk, maitagarriak, silfideak edo ondinak, bizi ziren, auhenak eta zizpuruak botatzen edo kantatzen aritzen baitziren, eta uraren murmurio monotonoan barre egiten zuten, hura murmurio berori isilean entzun eta itzultzen saiatzen zen bitartean. Hodeietan, airean, basoen erdigunean, haitzetako pitzaduretan formak eta soinu misteriotsuak, naturaz gaindiko izakien formak, ulertu ezin zitzakeen hitz ulergaitzak antzeman uste zituen. Maitatzea! Maitasuna amesteko jaioa zen, ez sentitzeko. Emakume guztiak une batez maite zituen: halakoa, ilegorria zelako; harakoa, ezpain gorria zelako; hangoa, zumearena bezalako ibilera kulunkaria zeukalako. Batzuetan, gau osoa ere ematen zuen ilargiari begira, zilarrezko lurrin artean zeruan flotatzen baitzen, edota izarrei begira, harribitxien ¡sien antzera dar-dar aritzen baitziren. Loezin poetikozko gau luze haietan, hauxe esan ohi zuen: «Egia bada, Peñako prioreak esan didanaren arabera, hodeien gainean biraka dabilen nakarezko globo honetan balitekeela jendea bizitzea, nolako emakume ederrak izan behar duten lurralde argitsu horietakoek, eta nik ezin izango ditut ikusi, eta nik ezin izango ditut maitatu!... Nolako edertasuna izango ote dute?... Nolakoa izango ote da haien maitasuna?» Manrique artean ez zegoen mutikoak segika joan zekizkion bezain erotuta; baina bai bakarka hitz egin eta keinuka aritzeko bezainbat, eta hori hasteko modu bat da. II Dueroren gainean, Soriako harresietako harri ajeatu eta ilunak laztantzen igarotzen baita, hiritik Tenplarioen komentu zaharrera, zeinaren lurrak ibaiaren beste bazterrean zehar hedatzen baitziren, daraman zubi bat dago. Aipatzen ari garen garaian, ordenako zaldunek utziak zituzten beren gotorleku historikoak, baina artean beraien murruetako dorre zabalen hondakinek zutik zirauten; artean ikusten ziren, ia gaur egun bezala, hontzez eta ezkilalore zuriez estalita, klaustroko arku sendoak, arma-patioko ojiba-galeria luzeak, non haizea zizpuruka kexu antzean baitzebilen belar altuak astinduz. Baratz-lorategietan, zeintzuen zidorrak aspalditik ez baitzituzten lekaideen oinek zapaltzen, landaretzak, bere buruaz etsita, bere gala guztiak hedatzen zituen, ezein giza eskuk, ederragotzen ari zelakoan, moztua izateko beldurrik gabe. Landare igokariak igo egiten ziren, zuhaitzetako enbor zaharretan gora; adaburuak elkar joka eta nahastuta zituzten makaletako kale itzaltsuak belarrez estalita zeuden; basakarduak eta asunak bide hareatsuen erdian sortzen ziren, eta, erortzear zeuden lantegi zatietan, mendaskiak, gandor baten luma-apaingarriaren antzera airearen menpe, eta ezkilalore zuri-urdinek, beren zurtoin luze zolietan zabu batean bezala kulunkaturik, hondamendiaren eta aurriaren garaipena aldarrikatzen zuten. Gaua zen; uda gau epel, lurrin eta zurrumurru lasaigarriz betea, eta zeru urdin argitsu eta gardenaren erdian ilargi zuri narea zegoen. Manriquek, irudimena poesiazko zorabio baten gatibu zuela, zubia zeharkatu ondoren, zeinetik une batez zeruertzean bildutako zenbait hodei zuriska eta arinen aurrean gailentzen zen hiriaren zilueta beltza begietsi baitzuen, Tenplarioen hondakin mortuetan barrena egin zuen. Gauerdia iristear zegoen. Ilargia, poliki igotzen joan baitzen, zeruko punturik gorenean zegoen, Manriquek, eraitsitako klaustrotik Dueroren bazterrera zihoan zumardi ilunean sartzean, oihu ttiki isil bat bota zuenean, harridura, beldur eta bozkariozko nahasketa bitxia. Zumardi ilunaren amaieran gauza zuri bat mugitzen ikusi zuen, une batez flotatu eta iluntasunean desagertu baitzen. Emakume baten jantziaren orla, zidorra zeharkatuta hostoen artean ezkutatzen zen emakumea, kimera eta gauza ezinezkoen ameslari eroa lorategietan sartzera zihoan une berean. Emakume ezezagun bat...! Toki honetan...! Ordu hauetan! Horixe, horixe da ni bilatzen ari naizen emakumea esan zuen Manriquek, eta haren atzetik joan zen, gezia bezain azkar. III Emakume misteriotsua adarrartean galtzen ikusi zuen lekura iritsi zen. Desagertua zen. Nondik? Urrunean, oso urrunean, zuhaitzen enbor gurutzatuen artetik mugitzen ari zen argitasun bat edo forma zuri bat ikusi uste izan zuen. Hura da, hura da, oinetan hegoak ditu eta itzal baten antzera ihesi doa esan zuen, eta haren bila abiatu zen, makalen artean tapiz baten gisa zabaltzen zen huntz sarea eskuez alderatuz. Sasitza eta landare parasitoen artean, zeruaren argitasunak argitzen zuen zelaigune batera iritsi zen... Inor ez! Oi!, hemendik, hemendik joan da esan zuen orduan. Haren urratsak entzuten ditut orbelaren gainean, eta baita haren jantziaren karraska ere, lurrean arrastaka eta sasietan marruskatzen. Eta korrika zihoan, korrika zihoan ero baten moduan harat-honat eta ez zuen ikusten. Baina haren urratsak entzuten ditut oraindik murmurikatu zuen berriro; hitz egin duela uste dut; ez dago dudarik, hitz egin du... Adarren artean zizpuruka dabilen haizeak; ahopeka otoitz antzean ari diren hostoek zer esan duen entzutea galarazi didate; baina ez dago dudarik, hortik doa, hitz egin du... Zein hizkuntzatan? Ez dakit baina atzerriko hizkuntza bat da... Eta berriro hasi zen haren atzetik korrika. Batzuetan, ikusten zuela uste zuen; beste batzuetan, entzuten zuela pentsatzen zuen; ezkutatzen zuten adarrak mugitzen zirela nabarituz; hondarrean haren oin ttikien oinatza antzeman zuela imajinatuz; gero, aldian behin usaintzen zuen lurrin berezi bat sasitza itxi haien artean iheska atsegin hartzen zuen eta trufaka zebilkion emakume harena zela guztiz sinetsirik. Harat-honat ibili zen ordu batzuez, bere onetik aterata, entzuteko geldituz, zein belarraren gainean konturik handienaz irristatuz, zein lasterketa frenetiko eta etsian. Aurreraka, ibaiaren bazterrean zehar zeuden lorategi handietan zehar aurreraka, azkenean San Saturio baseliza altxatua dagoen haitzen oinetara iritsi zen. Beharbada talaia honetatik norabidea aurkitu ahal izango dut labirinto honetan bila segitu ahal izateko esan zuen bere aiztoaren laguntzaz haitzetan gora igotzen ari zela. Tontorreraino iritsi zen, eta bertatik hiria urrunean eta Dueroren zati handi bat ageri dira; ibaiak, haren oinetan sigi-saga eginez, espetxeratzen duten bazter bihurrien artean korronte oldartsu eta iluna darama. Manriquek, haitzen tontorrean zegoela, inguru osoa begiztatu zuen, baina begiratzean eta azkenik begia puntu batean finkatzean, ezin izan zion birao bati eutsi. Ilargiaren argiak dir-dir egiten zuen arraunaldi azkarrez beste bazterrerantz zihoan txalupa batek bere atzean utzitako uharan. Txalupa hartan forma zuri lirain bat, dudarik gabe emakume bat, antzeman uste izan zuen; Tenplarioetan ikusitako emakumea, beraren ametsetako emakumea, beraren itxaropenik eroenen gauzatzea. Jaitsi zen haitzetan behera adarzabal baten arintasunaz, bota zuen lurrera kapelua, zeinaren luma biribil luzeak korrika lasterketa galaraz baitziezaiokeen, eta belusezko longaintxo zabala erantziz, zubirantz joan zen tximista bezala. Hura zeharkatu eta hirira iritsi nahi zuen txalupa beste bazterrera heldu baino lehen. Eromena! Manrique arnasestuka eta izerditan blai sarrerara iritsi zenerako, Duero ibaia San Saturio aldetik zeharkatu zutenak Sorian sartzen ari ziren harresiko ateetariko batetik, garai hartan almena arreak islatzen ziren ibaiaren bazterreraino luzatzen baitzen. IV San Saturioko ateskatik sartutakoak harrapatzeko itxaropena galdua zuen arren, gure heroiak ez zuen galdu hiriko zein etxetan ostatu hartuko zuten jakitekoa. Ideia hori buruan finkatuta, hirian sartu zen, eta San Juan auzorantz joanik, bertako kaleetan noraezean ibiltzen hasi zen. Soriako kaleak estuak, ilunak eta bihurrituak ziren orduan, eta halakoak dira gaur egun ere bai. Isiltasun handia nagusitzen zen bertan, zakur baten urruneko zaunkak, zein ate baten itxi-danbadak, zein, putinka, lur azpiko zalditegiko askara lotzen zuen kateari zarata sorraraziz zaldi batek botatako irrintziak bakarrik hauts zezaketena. Manriquek, belarria gaueko soinu horiei adi, batzuetan kalezulo bakarti baten azken izkina hartutako pertsonaren baten oinotsak, bestetzutan, atzetik hitz egiten entzuten zuen eta berehala ondoan ikustea espero zuen jendearen ahots nahasiak baitziruditen, alde batetik bestera noraezean lasterka egin zuen ordu batzuez. Azkenean, harrizko etxetzar ilun eta zahar-zahar baten aurrean geratu zen, eta geratzearekin batera begiek bozkariozko adierazpen deskribaezinez distira egin zioten. Jauregi dei genezakeen haren ojiba-leiho altuetariko batean, argi-errainu epel gozoa ikusten zen, arrosa koloreko zetazko zintzilikario arin batzuetan zehar iragaziz, aurreko etxeko hormatzar beltzeska eta pitzatuan islatzen baitzen. Ez dago dudarik; hemen bizi da nire ezezaguna murmurikatu zuen gazteak ahapeka eta begiak leiho gotikotik une batez ere kendu gabe; hemen bizi da. San Saturioko ateskatik sartu zen...; San Saturioko ateskatik auzo honetara etortzen da...; auzo honetako etxe batean, gauerdia pasata, lo egin gabeko jendea dago oraindik... Lo egin gabe? Nor egon daiteke lo egin gabe ordu hauetan hura ez bada, gaueko ibilaldietatik itzuli berria? Kitto: hauxe da haren etxea. Sinesmen tinko horretan, eta buruan irudimenik ero eta fantastikoenak nahasian zituela, goiztiriaren zain geratu zen leiho gotikoaren aurrean, non gau osoan ez baitzen argirik falta izan, ezta hark une batez handik begirik aldendu ere. Egun argia iritsi zenean, etxetzarreko sarrerako arkuko ate sendoak, zeintzuen gainean jabearen blasoiak zizelkaturik baitzeuden, astunki mugitu ziren beren erroen gainean, kirrinka luze zorrotz batez. Ateburuan ezkutari bat agertu zen giltza sorta bat eskuan, begiak igurtziz eta aharrausi egitean krokodilo bati inbidia emateko moduko hortz kutxa bat erakutsiz. Ikusi eta berehala, Manrique atean zegoen: Nor bizi da etxe honetan? Nola deitzen da emakumea? Nongoa da? Zertara etorri da Soriara? Badauka senarrik? Erantzun, erantzun, piztia horrek. Horixe izan zen, besoari bortizki helduz, ezkutari gaixoari zuzendu zion agurra; azken horrek, tarte luze batez begi harritu eta ergelez so egin ondoren, hauxe erantzun zion ustegabeak etendutako ahotsez: Etxe honetan don Alonso Valdecuellos jaun zintzoa bizi da, gure jaun erregearen basozain nagusia, zein, mairuen aurkako gerran zauritua izan ondoren, hiri honetan baitago, indarrak berritzen. Baina, eta haren alaba? moztu zion gazteak, pairugabe; eta haren alaba, edo arreba, edo emaztea, edo dena delakoa? Ez dauka inolako emakumerik bere ondoan. Ez dauka emakumerik...! Nork egiten du lo orduan logela hartan, gau osoan argi bat piztuta ikusi dudan hartan? Han? Don Alonso nire jaunak egiten du lo han, gaixo dagoenez, eguna argitu artean lanpara piztuta izaten baitu. Bat-batean oinetara tximista bat erori balitzaio, ez zuen hitz haiek baino gehiago harrituko. V Aurkitu behar dut, aurkitu behar dut, eta, aurkituz gero, ia ziur nago ezagutuko dudala... Zertan?... Horixe da esan ezin dudana...; baina ezagutu behar dut. Haren oinotsen oihartzuna edo berriro entzundako haren hitz bakar bat; haren jantziaren muturra, mutur soil bat berriro ikusiz gero, nahikoa izango zait lortzeko. Gau eta egun ikusten ditut neure begien aurrean oihal garden eta zuri-zurizko izurrak; gau eta egun entzuten ditut hemen barruan, buruaren barruan, haren jantziaren karraska, haren hitz ulergaitzen zurrumurru nahasia... Zer esan zuen...? Oi, zer esan zuen jakingo banu, akaso...! Baina jakin gabe ere, aurkitu egingo dut..., aurkitu egingo dut; bihotzak hala esaten dit, eta nire bihotzak inoiz ez nau atzipetu. Egia da jadanik Soriako kale guztiak alferrik ibili ditudala; gauak eta gauak pasatu ditudala atari zabalean, izkina baten zutoin eginda; urrezko hogei dobla baino gehiago xahutu ditudala ugazaba andre eta ezkutariei hitz eragiten; San Nikolasen ur bedeinkatua eman diodala bere anaskotezko mantuan dotoreziaz bildurik jainkosa bat iruditu zitzaidan atso bati; eta matutietako gau batean kolegiatatik irtetzean, tonto bat bezala artxidiakonoaren literaren atzetik joan naizela, beraren gona luzearen muturra nire ezezagunarena zelakoan. Baina berdin dio... Aurkitu behar dut, eta haren jabe izateko loria, ziurrenik haren bila ibili izanaren nekea baino handiagoa izango da. Nolakoak izango ote ditu begiak...? Urdinak bide dira, urdinak eta hezeak, gaueko zerua bezalakoak; hain gustuko ditut kolore horretako begiak! Hain dira adierazgarriak, hain dira malenkoniatsuak, hain dira... Bai..., ez dago dudarik; urdinak bide dira; urdinak dira, ziurraski. Eta adatsa beltza, oso beltza eta luzea, flota dadin...; gau hartan jantziarekin batera flotatzen ikusi nuela iruditzen zait, eta beltza zen...; ez nabil oker, ez; beltzak ziren. Eta zein ondo egokitzen zaizkion begi urdinak, oso zabal eta logaletuak, eta adats askea, flotakor eta iluna, emakume garai bati... Izan ere... garaia da, garai eta liraina, gure basiliketako atarietako aingeru horiek bezalakoa, zeintzuen granitozko erreselen itzalek aurpegi obalatuak ilunabar misteriotsuz inguratzen baitutuzte! Haren ahotsa...! Entzun dut haren ahotsa...; ahots eztia dauka, makaletako hostoetan haizeak eragindako zurrumurrua bezalakoa; eta haren ibilkera, egoki eta dotorea, musika baten kadentzien antzekoa. Eta emakume hori, nire nerabe-ametsik ederrena bezain ederra baita, nik bezala pentsatzen baitu, nire antzera atsegin baitu, nik gorrotatzen dudana gorrotatzen baitu, izpiritu bat baita, nire izatearen osagarri baita, ez ote da hunkituko ni aurkitzean? Ez ote nau maiteko nik maite dudan bezala, nire bizitzako indar guztiekin, nire arimako ahalmen guztiekin? Goazen, goazen lehen eta azken aldiz ikusi nuen tokira... Nork daki, ni bezain apetatsu, bakardade eta misterio zale, arima ameslari guztiak bezala, ez ote du gustuko gaueko isiltasunean hondakinen artean ibiltzea? Bi hilabete joan ziren don Alonso de Valdecuellosen ezkutariak Manrique inozoari itxaropena kendu zionetik; bi hilabete haietan, orduero, gaztelu bat eraikitzen zuen airean, errealitateak putzaldi batez desagertarazia izateko; bi hilabete haietan alferrik aritu zen emakume haren bila, zeinarenganako maitasuna ariman handituz baitzihoan, irudimenik zentzugabeenen eraginez, ideia horietan murgildurik Tenplarioetara daraman zubia zeharkatu ostean maitemindutako gaztea bertako lorategietako zidorretan galdu zenean. VI Gaugiro nare ederra zegoen; ilargiak bere osotasunean eta zeruaren gorenean distira egiten zuen, eta haizea zizpuruka ari zen zuhaitzetako hostoen artean bere zurrumurru ezin gozoagoaz. Manrique klaustrora iritsi zen, inguruan begiratu zuen eta baita arkuetako zutabe sendoetan zehar ere... Hutsik zegoen. Bertatik atera zen, urratsak Duerora daraman zumardi ilunerantz zuzendu zituen, eta artean zumardira sartu gabea zen, ezpainetatik bozkariozko oihu bat atera zitzaionean. Jantzi zuriaren muturra, bere ametsetako emakumearen jantzi zuriarena, jadanik ero baten gisa maite zuen emakumearena, une batez flotatzen eta gero desagertzen ikusi zuen. Badoa, badoa haren bila; desagertzen ikusi duen lekura iritsi da; baina hara iristean gelditu egin da; begi izutuak lurrean iltzatu ditu, tarte batez mugigaitz dirau; dardara arin batek besoak astindu dizkio; handituz doan dardara bat, handituz doa eta benetako konbultsio baten sintomak erakutsi ditu, eta azkenean barre algara bat bota du, barre algara ozen, zaratatsu, izugarria. Gauza zuri, arin, flotakor hark haren begien aurrean distira egina zuen berriro; baina haren oinetara distira egin zuen, une batez besterik ez. Ilargi-errainu bat zen, haizeak adarrak mugitzen zizkienean, zuhaitzen ganga berdetik aldizka sartzen zen ilargi-errainua. Urte batzuk joan ziren. Manrique, bere gazteluko tximinia gotiko garaiaren ondoko ohorezko aulkian eserita, ia mugigaitz eta ergel batena bezalako begirada lauso eta kezkatua zuela, nekez egiten zien kasu amaren laztan eta zerbitzarien kontsolamenduei. Gaztea haiz; ederra haiz ziotson hark; zergatik ari haiz bakardadean ahitzen? Zergatik ez duk bilatzen maite duan norbait, hi maitatuz zoriontsu egingo baihau? Maitasuna...! Maitasuna ilargi-errainu bat da murmurikatzen zuen gazteak. Zergatik ez zara lozorro horretatik esnatzen? ziotson ezkutarietariko batek. Burutik oinetaraino burdinaz jantzi, zure izandun-zutoihala airean zabalarazi eta gerrara joango gara; gerran loria aurkitzen da. Loria! Loria ilargi-errainu bat da. Nahi duzu kantiga bat esatea, mosen Arnaldok, trobadore proventzarra, moldatutako azkena? Ez! Ez! oihu egin zuen gazteak ohorezko aulkitik sumindurik altxatuz. Ez dut ezer nahi...! Hobeto esanda, bai..., loriak..., zoriontasuna... Dena gezurra! Geure irudimenean osatzen eta geure nahierara janzten, eta maitatzen, eta pertsegitzen ditugun mamu antzuak! Zertarako? Zertarako? Ilargi-errainu bat aurkitzeko. Manrique erotuta zegoen. Behintzat, hala uste zuen jende guztiak. Niri, berriz, senera itzulia zela iruditzen zait. Ilargi-errainua |