Antologia
Manuel Bandeira

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Pamiela, 1999

 

Mila esker Rofolfo Francotiradori

 

AINTZIN-SOLASA

Kaleitxitik Pasargadara

 

        Behin batean bazen mutiko bat Sao Paulora arkitektura ikastera joan zena; han birikietatik gaixotu eta, berehala hilgo zelakoan, arkitektoa izateko asmoak utzi behar izan zituen. Eguraldi hobearen bila Suitzara igorri zutenean, denbora heriotzaren zain ematen zuen artean poesia egiten hasi zen. Fatu txarrak haruntz-honunzka ibili zuen arren, heriotza ez zitzaion berehala etorri eta poesia, hori bai, ugari idatzi zuen, orduan eta gero. Espero zuen heriotzari, Brasilgo jendeari eta eguneroko bizimoduari buruzko poema ederrak izkiriatzeko estilo apal bat ere moldatu zuen. Horrela, metaforak asmatuz mutilzahar zahartu zen.

        Bere poesiaren bilakaera, Brasilgo poesiaren bilakaera lakoa izan zen. Manuel Bandeira parnasiano eta sinbolisten belaunaldikoa zen era bere lehen liburua, A cinza das horas (1917), ondo nehurtua, malenkoniatsua, udazkenkoia, arras sinbolista zen. Gaztaroa suntsitu zion eritasunak poema asko kutsatu zizkion heriotzaren larritasunaz:

 

                Eu faço versos como quem morre.

 

        Etsipen haretatik, hilurrenaren bakardade haretatik jalgitzeko ahalegina izango zen bigarren liburua, Carnaval (1919), ihauteri subjetiboa, malenkonia umorez tartekatuarekin, erritmo askeagoekin, eta hala ere garratza:

 

                ... meu Carnaval sem nenhuma alegria.

 

        Carnavalean Brasildar modernismoaren lehen zantzuak igartzen ziren, apo parnasianoen satira esate baterako. Sasoi batetako poesia botanika eta fauna parnasianoz beterik zegoen, batez ere beltxargez, eta Manuel Bandeira ere beltxargari lepoa okertzera zetorren dudarik gabe.

        O ritmo dissoluto (1924), izenak berak abisatzen zuenez, modernismoranzko transizio liburua zen. Akademizismoaren kontra, modernistek erritmo nahastua eta lizuna proposatzen zuten, Brasil benetakoa imajina poetikotan erretratatzeko, bizikizun arrunten samurtasuna atzemateko:

 

                ... E em torno do homem loquaz os rnenininhos pobres

                fazem um círculo inamovível

                de desejo e espanto.

 

        Modernismoak literaturtasunaren eremua aldatu zuen batipat, ordura arte poetikotzat hartu izandako gaiak eta formak guti batzu ziren; harrezkero gai eta forma guzietara zabaldu zen poetikotasunaren bilaketa:

 

                A poesia é o éter em que tudo mergulha e que tudo penetra.

 

        Kalera irtenez gero kausitzen zen Brasil izeneko herria ordura arte ez zen batere poetikoa, modernistak kalera irten eta benetako brasiltasunaren bila hasi ziren.

        Brasiltasuna bilatzeko lehen pausoa, bidenabar, hizkerarena zen. Ordura arte, herriaren hizkera ez zitzaien batere poetikoa iruditu akademiko eta literatoei, Brasilgoa portuges oker eta murdukatua iruditzen zitzaien. Idazle berriek, ostera, a fala brasileira jendeak hitz egiten zuen bizitasunarekin idatzi nahi zuten.

        Forma literarioen aldetik, halaberean, jeneroak, metrikak eta eredu estilistikoak finkoak eta hestuegiak ziren, benetako poesia egiteko. Hiri handi modernoen erritmoak eta Brasil zabal eta nahastuaren errealitateak, derrigorrez, idazmolde askeagoak eskatzen zituzten.

 

        Manuel Bandeiraren laugarren obra, Libertinagem (1930), bere libururik hoberena da seguru asko. Sentimendu sakona baina sentimentalismorik gabe, heriotzaren aurkezpena umorismo ironikoarekin nahastua, behin betirako metaforak kausitzeko:

 

        Katutxoa:

                — É a única criatura fina na pensaozinha burguesa.

 

        Kaktoa:

                — Era belo, áspero, intratável.

 

        Pneumotorax:

                — Nao. A única coisa a fazer é tocar

                um tango argentino.

 

        Poetika:

                —Nao quero mais saber do lirismo que nao é libertaçáo.

 

        Kuia:

                —O meu poiquinho-da-india foi a minha primeira namorada.

 

        Recife, haurtzaroaren oroimina, izan zatekeena baina harrezkero izan ez zena:

 

                Recife morto. Recife bom. Recife brasileiro

                como a casa de meu avô.

 

        Enara:

                Passei a vida à toa, à toa...

 

        Pasargada, ohizko bizimoduan posible ez den eta imajinazioz eta bizitzeko gogo hutsez atzeman daitekeen paradisua:

 

                Vou-me embora pra Pasárgada.

 

        Azken poema:

 

                ... a paixao dos suicidas que se matan sem explicaçao.

 

        Azken lerro batzu baino ez dira izan.

 

        1936 urtean Estrela da manha argitaratu zen. Gustagarriak dira Manuel Bandeiraren lerroak:

 

                Que se passou do outro lado?

 

        1940 urtean Lira dos cinqüent'anos liburuan heriotza sarritan azaltzen zen berriro, poema guziak eresiak ziren, ez zuen ez maitatu ez maitatua izan nahi, ez zuen burruka egin ez soldado izan nahi:

 

                Quero é a delícia de poder sentir as coisas

                mais simples.

 

        Berrogeita hamar urtetako lirikan, kantiga paralelistiko batzu, ezagutu berri zituen cantiga galaiko-portuges zaharren tankeran, eta errima inglesezko sonetoak ere idatzi zituen: abab defe fgfg hh.

 

        1948 urtean Belo belo heldu zen, joerak eta ardurak errepikatzera, poetika berriak poetika zaharra sakontzen baitzuen. Amodiozko poemak ere bazekartzan, singleak eta gogoangarriak:

 

                Deixa teu corpo entender-se com outro corpo.

 

        1952an Opus 10 argitaratu zen, idi hil famatuarekin.

 

                Boi mosto, boi morto, boi morto.

 

        Gero Mafuá do malungo ere argitaratu zen, lekuan lekuko poemekin, joko onomastiko, anekdotiko eta gorazarrezkoak gehienak.

 

        Manuel Bandeirak, bere autoerretratuan bere burua tisiko profesional kalifikatu zuen. Hamazazpi urteko zelarik heriotzera kondenatuak laurogei betetakoan gauzak esan ditzakeen irribarrearekin.

        Testamentuan, aitak nahi bezala arkitektoa ezin izan zuela izan idatzi zuen, eta barkamena eskatzen zuen egindakoagatik:

 

                Sou poeta menor, perdoai!

 

        Poète mineur, baina, poeta apalaren zentzuan, Manuel Bandeirak bizimoduko gauza sinpleak atzeman eta, handiuste eta harrokeriarik gabe, samurtasunez adierazten zituelako. Beste zentzuan, Manuel Bandeira Brasilgo poeta handienetako bat da.

        Sarritan izkiriatu zuen hiltzeaz, guziz hiltzeaz:

 

                Morrer tao completamente

                Que um dia ao lerem o teu nome num papel

                Preguntem: Que foi?...

                Morrer mais completamente ainda.

                — sem deixar sequer esse nome.

 

        Ez da hainbesteraino hil. Eta bere poemak zabaltzen diren artean behintzat ez da guziz hilgor: irakur dezanak ez du haren izena luzaroan ahaztuko.

 

Antologia
Manuel Bandeira

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Pamiela, 1999